Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2018ko abenduaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
6173

AGINDUA, 2018ko azaroaren 28koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, diru-laguntzetarako deialdi bat egiten da, ikasle etorkinentzat kulturartekotasuna sustatzeko programak eta ikasle hasi berrien hizkuntza indartzeko programak garatzeko (L2. Hezkuntza inklusiboa eta aniztasunerako arreta).

Hezkuntza Sailak, hezkuntza kultura anitzeko testuingurura egokitu behar dela ohartuta, kulturarteko hezkuntza-eredu bat garatu nahi du, euskal hezkuntza-sisteman berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua lortzeko. Funtsezkoa da ikastetxeetan kultura-aniztasuna onartzea benetako kulturarteko gizarteak lortzeko.

Hezkuntza-sisteman sartu berriak diren ikasle etorkinei laguntzeko, ezinbestekoa da hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna hobetzea eta ikastetxeetan kulturartekotasuna sustatzeko programak ezartzea.

Hizkuntza indartzeko programen xedea da laguntza ematea hasi berriak diren ikasleei, zehazki Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ez jakiteagatik komunikazio-zailtasun nabarmenak izan eta hizkuntza indartzeko plangintza baten premia dutenei. Hortaz, laguntzak emateko, ezinbesteko baldintza da ikasle sartu berriak izatea, eta halakoak zenbatzeko, aintzat hartuko da ikastetxe bakoitzeko ikasle bekadunen ehunekoa, hain zuzen ere ikastetxeetan nolako errealitatea dagoen argitze aldera.

Kulturarteko dinamizazioko programaren helburua da ikastetxeak hausnarketako eta hobekuntzako prozesu bat abiatzea kultura aniztasunaren inguruan, eta, testuingurua eraldatzeko prozesuak egiten ari diren ikastetxeen kasuan, baliabideak integratzea eta haien eragingarritasuna optimizatzea. Asmoa izango litzateke programa hau, hemendik eta denbora batera, ikastetxearen proiektuaren beraren barruan sartzea, ohiko baliabideak baliatuz.

Ikasle etorkinak etengabe eta ausaz heltzen dira ikastetxeetara ikasturtean zehar, eta, hortaz, ikastetxeek beharrezkoak eta atzeraezinak diren sendotze-ekintzak abiaraz ditzaten, deialdi honek estaldura eman behar die halako ekintzei, ikastetxeek segurtasun juridikoa izan dezaten, hain zuzen ere. Hori dela eta, gastu-espedienteen aurretiazko izapidetze-araubide berezia baliatuko da, deialdia indarrean egon dadin 2018-2019ko ikasturtearen zatirik handienean, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.

Honako xedapen hauek hartu dira kontuan: Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapitulua –Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko diru-laguntzak erregulatzeari buruzkoa–; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; lege horren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena, eta aplikatu daitezkeen gainerako xedapenak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aurrekontu-zuzkidura.

1.– Agindu honen xedea da ikastetxeei emango zaizkien diru-laguntzen oinarriak ezartzea eta laguntza horietarako deialdia egitea. Diru-laguntza horiek ikastetxeetan kulturarteko ikuspegia koordinatzeko eta hasi berri diren ikasle etorkinentzat hizkuntza indartzeko programak egiteko dira; halako ikasleek komunikatzeko gabezia handiak izan behar dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ez jakiteagatik, eta 2018-2019 ikasturtean hizkuntza indartzeko plan baten premia izan.

Ikasle hasi berriak dira Euskal Hezkuntza Sisteman unibertsitateaz kanpoko ikasketak egiteko 2017ko urtarrilaren 1az geroztik lehen aldiz matrikulatu direnak. Diru-laguntza jasotzeko eskubidea izateko, 6 urtetik gora izan behar dute 2018-2019 ikasturtean, eta 18 urte beteak ez izan ikasturtea amaitu baino lehen.

2.– Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzak finantzatzeko, milioi bat seiehun eta laurogeita hemezortzi mila euro (1.698.000) bideratzen dira.

2. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte diru-laguntza eman edo ez ebatzi arteko izapideak eta justifikazio-izapidea. Hala xedatzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta E-Administraziorako -PLATEA- Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.

2.– Honako egoitza elektroniko honetan zehazten da nola izapidetu eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak:

https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/kulturarte-itunpekoa/y22-izapide/es/

Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

3. artikulua.– Eskabideak eta inprimakiak aurkeztea.

1.– Hilabete egongo da eskabideak aurkezteko, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta euskadi.net egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoak erabiliz: https://www.euskadi.eus/

2.– Eskabide-eredua eskuragarri egongo da egoitza elektroniko honetan egongo da: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/kulturarte-itunpekoa/y22-izapide/es/

3.– Erakundeek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Deialdi honen onuradun izan daitezke Lehen eta/edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan itundutako unitateak dituzten ikastetxe pribatuen pertsona edo erakunde titularrak eta Oinarrizko Lanbide Heziketa emateko Hezkuntza Sailaren diru-laguntzak jasotzen dituzten ikastetxe pribatuen edo udal titulartasunekoen pertsona edo erakunde titularrak. Ikastetxe horiek guztiek Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dute, eta 7. artikuluan deskribatzen diren diruz lagundu daitezkeen jarduerak egin behar dituzte.

5. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Erakunde eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

– Indarrean dauden xedapenek zergen eta gizarte segurantzaren arloetan ezartzen dituzten betebeharretan egunean egotea. Onartu den diru-laguntza guztiz ordaindu arte eutsi beharko zaio eskakizun horri.

– Ordainduta izatea diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak. Onartu den diru-laguntza guztiz ordaindu arte eutsi beharko zaio eskakizun horri.

2.– Ezin izango dira onuradun izan honako egoeraren hauetan dauden erakundeak:

– Diru-laguntzei buruzko 2013ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenak.

– Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zigor administratiborik edo penalik dutenak, bai eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik dutenak ere, batez ere sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak badira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenari jarraikiz.

6. artikulua.– Erakunde eskatzaileak zenbait betekizun egiaztatzea.

1.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela laguntzak eskatzen dituzten erakundeek; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Diru-laguntzei buruzko erregelamendu orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

2.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), alderdi hauek egiaztatuko dira:

– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso dituztela adierazi beharko dute, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Eskabidea egiten duen pertsonak edo erakundeak ez du diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren ildotik.

– Ordainduta izatea diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Eskatzailea ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzak direla-eta hasitako edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan.

– Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa ez eskatu izatea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat ez jo izatea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitua ez izatea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

– Kausaren batean erruduntzat jotzearren, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa emanda ez egotea.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude honako lege hauetan jasotako kasuren batean: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta abenduaren 26ko 53/1984 Legea, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo, ez dira Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

– Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

– Era berean, erakunde eskatzaileak adieraziko du eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz lagunduko dira:

a) Lehen Hezkuntzan eta/edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan hezkuntza-itunak dituzten ikastetxeetan kulturartekotasuna sustatzeko programak prestatu, zuzendu eta kudeatzeko jarduerak. Ikastetxe horiek 6 eta 16 urte bitarteko ikasleentzat matrikula-ildo bat baino gehiago izan behar dute, eta etorkinak % 17tik gora izan behar dira. Baliabide hau hiru urtez edo gehiagoz erabili duten ikastetxeak kanpoan geratuko dira.

Proposamen guztietan erabili beharko da ikuspegi inklusiboa, hau da, ikastetxeko ekintza-plan baten barruan egongo da, ikasle eta irakasle guztiei zuzendutakoa izango da, beste eragile batzuek (familiartekoek, talde sozialek,...) parte hartzeko eta kolaboratzeko aukerarekin, eta eskola-arrakasta eta -errendimendua hobetzeko helburu orokorrari lotuta.

b) Ikasle etorri berrien hizkuntza indartzeko ekintzak.

2.– Diru-laguntza jasotzeko eskubidea edukitzeko, aurreko paragrafoan zehazturiko jarduerak gauzatu behar dituzten irakasleek indarreko araudian eskatzen den titulazioa izan beharko dute Lehen edo/eta Bigarren Hezkuntzan euskara irakasteko, eta, irakaskuntza hori emateko ardura izateaz gain, helburuak, edukiak, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak izango dituen programazio didaktikoa egiteko ardura ere izango dute.

a) Kulturartekotasuna sustatzeko programetan, honako funtzio hauek beteko dituzte:

– Ikastetxean, ikasgeletan eta erabiltzen diren materialetan eta baliabideetan, eskola-komunitatea osatzen duten kultura guztiak kontuan har daitezen lan egitea, protagonistek eurek egindako ekarpenak bereziki baloratuz.

– Ikasle etorkinak eta gutxiengo etnikoetako ikasleak ikasgelan integratu eta haiei hezkuntza-arreta emateko estrategia, prozedura eta baliabideei buruzko irakaskuntza-esperientziak bildu eta irakasleen artean ezagutaraztea, eta irakasleei horiek abian jartzen laguntzea.

– Laguntzea harrera-plan bat diseinatzen, martxan jartzen, eta haren jarraipena eta ebaluazioa egiten. Ikasle guztiak eta haien familiak hezkuntza-sistemako kide izatea izango da planaren helburua.

– Zuzendaritza-taldearekin eta irakasleekin lankidetzan aritzea ikastetxea familiengana hurbiltzeko, ikasle etorri berrien familiengana bereziki, eta familia horiek eskola-elkartean parte hartzera bultzatzeko.

– Zuzendaritza-taldearekin lankidetzan jardutea ikastetxerako prestakuntza-plan bat sortzeko. Planak errealitate berria aintzat hartuko du, hau da, iritsi berri diren ikasleak daudela.

– Ikastetxeko proiektuetako gainerako arduradunekin koordinatzeko guneak eta denborak ezartzea. Horren helburua izango da baliabideak biltzea eta haiei ahalik eta etekin handiena ateratzea, lehentasunezko jarduerak finkatzea eta haien lankidetzazko jarraipen bat egitea.

b) Ikasle hasi berrien hizkuntza indartzeko programetan, berriz, ekintzek honako hau esan nahi dute orokorrean:

– Hizkuntza indartzeko gelako programazioa egitea, betiere ikasleen beharretara egokituta.

– Banakako esku-hartze plan bat egitea ikasle horientzat, tutorearen laguntzarekin.

– Irakaskuntza antolatzea, hizkuntza indartzeko:

○ Ikasleak ezagutzea.

○ Ikasgela antolatzea.

○ Material didaktikoak aztertzea, antolatzea eta prestatzea.

○ Dagokion hezkuntza-errefortzua ematea.

– Hizkuntza indartzeko irakasleek, ikasle etorri berrien tutoreekin batera, eginkizun hauek beteko dituzte:

○ Gainerako irakasleekin koordinatzeko prozesu bat ezartzea, lanerako plan pertsonala prestatzeko eta plan hori gauzatzearen jarraipena egiteko.

○ Iritsi berri diren ikasleen harrera eta integrazioa erraztea, haien gaitasunak gara ditzaten laguntzea, eta ikastetxeko jardueretan parte har dezaten sustatzea.

○ Ikasleen aurrerapenak eta ikasketak ebaluatzen parte hartzea.

○ Materialak eta edukiak egokitzea.

– Halaber, hizkuntza indartzeko irakasleek, eskola-komunitateko kide diren heinean, honako funtzio hauek beteko dituzte gainerako irakasleekin batera:

○ Hizkuntzak irakasteko jardueren plangintza egitea.

○ Hezkuntza-prozesuan kulturarteko ikuspegia txertatzeko jarduerak diseinatzea.

8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Hizkuntza indartzeko:

– Ikastetxean hizkuntza indartzeko garatzen diren programak deskribatzea (inprimaki normalizatua: hizkuntza indartzeko programak deskribatzea. II. eranskina), honako hauek zehaztuta:

○ Eskatutako aldian programan arituko diren irakasle espezializatuak, irakasleen arduraldien ehunekoak, irakasleek programarengatik jasoko dituzten banakako ordainsarien zenbatekoak, eta irakasle bakoitzak zenbat denbora emango dion programako irakaskuntzari.

○ Parte hartzen duten ikasleen izen-abizenak, maila eta jatorrizko herrialdea.

○ Programaren programazio didaktikoa, honako hauek zehaztuta, besteak beste: hizkuntza indartzea zer egunetan ezarri zen, ordutegiak, helburuak, edukiak, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak.

– Ikastetxeko eskola-kontseiluaren edo organo eskudunaren ziurtagiria, programa gauzatzeko eta diru-laguntza eskatzeko hartutako erabakiaren berri emango duena.

– Diru-laguntzaren helburu den programan inplikatutako irakasle espezializatuen titulazioen eta indarrean diren lan-kontratuen kopiak, salbu eta dokumentazio hori jadanik Administrazioaren esku badago. Kasu horretan, irakasle bakoitzeko zer dokumentu mota den adieraziko da (titulazioa, euskara titulua eta/edo indarrean den lan-kontratua), bai eta zer prozeduratan aurkeztu ziren ere.

b) Kulturartekotasuna sustatzeko programak:

– Ikastetxean kulturartekotasuna sustatzeko garatu nahi den programa deskribatzea (Inprimaki normalizatua: kulturartekotasuna sustatzeko programa deskribatzea. III. eranskina); eskema honi jarraituko zaio:

○ Eskatutako aldian zer irakasle espezializatu arituko diren programan, irakasleen arduraldien ehunekoak, irakasleek programarengatik jasoko dituzten banakako ordainsarien zenbatekoak, eta irakasle bakoitzak zenbat denbora emango dion programako irakaskuntzari.

○ Ikastetxearen hasierako egoera.

○ Garatu beharreko proiektuaren plangintza:

▪ 2018-2019 ikasturterako helburuak.

▪ Jarduerak eta tenporizazioa.

▪ Ebaluazioa eta lorpen-adierazleak.

– Kulturartekotasuna sustatzeko ardura duten irakasleen titulazioen eta indarrean diren lan-kontratuen kopiak, salbu eta dokumentazio hori jadanik Administrazioaren esku badago. Kasu horretan, irakasle bakoitzeko zer dokumentu mota den adieraziko da (titulazioa, euskara titulua eta/edo indarrean den lan-kontratua), bai eta zer prozeduratan aurkeztu ziren ere.

– Izendatzen den dinamizatzailearen konpromisoa, dinamizatzaileak berak sinatua. Han, hitzemango du ez duela bere esperientzia partekatzeko eragozpenik izango, Hezkuntza Sailak hala eskatzen dionean, eta, hasierako prestakuntzarik eta prestakuntza jarraiturik antolatzen bada, parte hartuko duela (inprimaki normalizatua: dinamizatzailearen konpromisoa. IV. eranskina).

– Iazko ikasturtean ikastetxeak kulturartekotasuna sustatzeko programa gauzatzeko diru-laguntza jaso bazuen, ikasturte horri dagokion memoria soilik erantsi beharko du, eskema honi jarraituz:

○ Egindako proiektua deskribatu, honako hauek azalduta:

▪ Gauzatutako jarduera nagusiak.

▪ Proiektua aplikatzearen ondorioz, curriculumarekin edota ikastetxearen antolaketarekin zerikusia duten hitzarmen nagusiak, halakorik balego.

▪ Proiektua garatzean gertatutako jazoerak, halakorik balego.

▪ Garrantzizkotzat jotzen diren beste alderdi batzuk.

○ Helburuen lortze-maila. Proiektuan zehaztutako helburu bakoitzaren analisia, eta helburu hori lortu den balioestea. Helbururen bat lortu ez bada, horretan eragin duten arrazoiak aipatuko dira.

○ Parte hartu duten aholkulariek –horrelakorik izan bada– egindako ekarpenen balorazioa.

○ Parte hartu dutenek proiektuan izan duten parte-hartzearen eta inplikazioaren balorazioa, eta garatutako edukien eta hartutako erabakien zer aplikazio praktiko egitea aurreikusten den.

○ Eskatutako aldian programan arituko diren irakasle espezializatuak, irakasleen arduraldien ehunekoak, irakasleek programarengatik jasoko dituzten ordainsari gordinen zenbatekoak, eta irakasle bakoitzak zenbat denbora emango dion programako irakaskuntzari.

○ Ondorioak eta jarraipena emateko proposamenak.

2.– Agiriak eta inprimakiak aurkezteko jarraibideak eskuragarri egongo dira, euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan: URL https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/kulturarte-itunpekoa/y22-izapide/es/

9. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako eskabidean edo dokumentazioan akatsen bat edo zehaztasunik eza dagoela ohartuz gero, eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea izango du akatsak zuzentzeko. Halaber, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, ebazpen bat emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan jasotakoaren arabera.

10. artikulua.– Balioespena.

1.– Eskolatzeko Lurralde Batzordeek kulturartekotasun-programaren arduradunari helaraziko dizkiote kulturartekotasuna sustatzeko programan jasotako eskabideak, 7. artikuluan ezarritakora egokitzen direla egiazta dezan. Arduradun horrek, halaber, koordinatzailearen identitatea eta titulazioa egiaztatuko du. Balioespena aldekoa bada, organo kudeatzaileari proposatuko dio ikastetxeari diru-laguntza esleitu diezaiola.

2.– Eskabideak egiteko epea amaitzean, kasu bakoitzean eskudun diren Eskolatzeko Lurralde Batzordeek adieraziko dute zenbat diren ikasle hasi berriak. Batzorde horiek egiaztatuko dute, halaber, ikasle hasi berrien hizkuntza indartzeko programari dagozkion eskabideak 7. artikuluan aurreikusitakora egokitzen diren ala ez, eta balioespena aldekoa bada, organo kudeatzaileari proposatuko diote ikastetxeari diru-laguntza esleitu diezaiola.

3.– Kasu bakoitzean eskudun diren Eskolatzeko Lurralde Batzordeek ofizioz eguneratuko dute ikasle hasi berrien kopurua, goragoko apartatuan aipatutakoa, 2019ko urtarrilaren 31n eskura dituzten datuekin.

4.– 4. artikuluan zehaztutako mailei dagokienez, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kalkulatuko du ikasle bekadunen ehunekoa, hain zuzen ere eskabideak egiteko epea amaitzean, Hezkuntza Saileko Estatistika Zerbitzuan diren datuekin.

11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Ikastetxe bakoitzak 17.460 euro jaso ahal izango ditu kulturartekotasuna sustatzeko programak betetzearren.

2.– Ikastetxe bakoitzak hizkuntza indartzeko programak gauzatzeko jaso ahal izango duen diru-laguntzaren zenbatekoa, berriz, honako formula honen bidez kalkulatuko da:

Laguntza = ikasle hasi berriak*(1+ ikasle bekadunen %)

Adibidez: ikastetxe batek 10 IHB baditu eta ikasle bekadunak % 20 badira, hau jasoko du: 10*700*(1+0,20)=8.400 euro. Beste ikastetxe batek ikasle hasi berrien kopuru berdina badu eta ikasle bekadunak % 80,19 badira, honako hau izango da laguntza: 10*700*(1+0,8019) = 12.613,30 euro.

3.– Ikasle hasi berri 1 edo 2 bakarrik dituzten ikastetxeek ez dute jasoko diru-laguntzarik.

4.– Irizpide horiek aplikatu ondoren eman beharreko laguntzetan ateratzen den guztizko kopurua 1. artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua baino handiagoa bada, onuradun bakoitzari kalkulatu zaizkion zenbatekoak proportzioan murriztuko dira, laguntzen guztizkoa aipatutako mugara egokitu arte.

5.– Diruz laguntzeko moduko guztizkoa ez da inolaz ere ikastetxeak eskatutako zenbatekoa edo benetan egindako gastuak baino handiagoa izango. Eskatutako zenbatekoa txikiagoa baldin bada artikulu honetako 1. eta 2. apartatuetan xedatutakoaren arabera dagokion diru-laguntza baino, eskatutako zenbateko horrek ezarriko du diru-laguntzaren muga. Azkenean justifikaturiko gastuak txikiagoak badira emandako diru-laguntza baino, ebazpena aldatu egingo da, eta ebazpenaren zenbatekoa justifikatutako zenbatekoari egokituko zaio.

12. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak bateraezinak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk proiektuan diharduten irakasleen langile-kostua finantzatzeko eman dezakeen beste edozein diru-laguntzarekin.

13. artikulua.– Kudeaketza, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazpen-modua eta publikotasuna.

1.– Pedagogia Berriztatzeko Zerbitzuari dagokio agindu honetan ezarritako prozedura kudeatzeko lanak egitea.

Zerbitzu horretako arduradunak ebazpena helaraziko dio Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari (ebazteko organo eskuduna da zuzendari hori), eta, han, adieraziko du zeini eman diru-laguntza (erakunde onuradunak eta emango diren zenbatekoak zehaztuta) eta zeini ukatu (eskatzaileen zerrenda eta ukatzeko arrazoiak adierazita).

2.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ebazpena emango du, non zehaztuko baitu zer diru-laguntza emango diren, zein diren erakunde onuradunak eta zenbat diru emango zaien; orobat, ukatutako diru-laguntzak jakinaraziko dira, eskatzaileen zerrenda eta ukatzeko motiboak zehaztuta.

3.– Onuradunei laguntzak hauek eman edo, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, itzulketa- edo zigor-prozedura orok amaituta egon behar du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko beste laguntza batzuen esparruan hasi eta oraindik ere izapidetze-fasean dagoena.

4.– Sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko dira laguntzak, deialdia argitaratzen denetik aurrera. Ebazpen hau argitara emango da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/eu), eta argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak. EHAAn ere argitaratuko da, publikotasun-ondorioak izan ditzan.

5.– Aipatutako epea bukatu ondoren, aurreko apartatuan ezarritako eran ebazpenik jakinarazi ezean, interesdunek interpretatu ahal izango dute beren eskabidea ezetsi dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko ezartzen dion betebeharra.

6.– Deialdiko diru-laguntzak esleitzeko prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetako diru-laguntzen erakunde onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte, eta finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, hala ezarrita baitago Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 18. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan. Horretaz gainera, honako betebehar hauek izango dituzte.

a) Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Ildo horretan, erakunde onuradunek, hamabost egun naturaleko epean –deialdiari buruzko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera–, berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

b) Diru-laguntza eman den xederako erabili behar dute.

c) Hezkuntzako Ikuskatzailetzari ikastetxean garatzen diren programei buruz eskatzen duen informazio eman behar diote.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen duten informazioa eman behar diete.

e) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinarazi behar diote edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik xede bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu dituztela, eta, diru-laguntza eman zenean zeuden baldintzak aldatu badira, horren berri eman.

2.– Administrazioak laguntzak eta diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren hirugarrenen erregistroan egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailak ematen du, helbide honetan: http://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/-/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Zatika ordainduko zaizkie ikastetxe onuradunei diru-laguntzak, bi epetan:

a) Lehenengoa, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren % 80koa, deialdia ebatzi ostean, agindu honen 14.1.a) artikuluan aipatzen den epea amaituta gero, baldin eta tartean berariazko uko egiterik izan ez bada.

b) Ondorengo paragrafoan aipatzen den dokumentazioa dagokion epean jaso ondoren, diru-laguntzaren likidazioa egingo da. Ateratzen den guztizko emaitzari –inoiz ez da ebazpenean onartutakoa edota egindako guztizko gastua baino handiagoa izango- kendu egingo zaio lehen ordainketaren zenbatekoa, eta, behar izanez gero, aldea ordaindu edo erreklamatu egingo da.

2.– Diruz lagundutako ikastetxeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 2019ko irailaren 15a baino lehen, https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak helbidean:

a) Hizkuntza indartzeko garatutako programa bakoitzaren memoria deskriptiboa, formulario normalizatuekin bat datorrena: arrazoiak emateko memoria (V. eranskina) eta parte hartzen duten ikasleen zerrenda (VI. eranskina), besteak beste zehaztapen hauekin: ikasleak zein diren, irakasleak zein diren, irakasle bakoitzak zenbat eskola-ordu eman dituen, guztira zenbat ordu erabili diren eta zer emaitza lortu diren.

b) Memoria horrekin batera, agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

– Hizkuntza indartzeko programetako pertsonal-gastuen ziurtagiria, formulario normalizatuaren araberakoa: indartze-programetako iraskasle-kostuari buruzko ziurtagiria (VII. eranskina), non jasoko baitira, banan-banan, inplikatutako irakasleen kostuak.

– Kulturartekotasuna sustatzeko programan diru-laguntzarik jaso bada: pertsonal-gastuen ziurtagiria, inprimaki normalizatuaren araberakoa: kulturartekotasuneko irakasle-kostuen ziurtagiria (VIII. eranskina), non jasoko baitira, banan-banan, inplikatutako irakasleen kostuak.

– Eskola Kontseiluaren edo ikastetxeko organo eskudunaren aldeko ziurtagiria, egindako programa onesteko dena.

– Langile horien Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egiaztatzeko agiriak –TCak edo pareko beste agiriren bat-, zein egoera laboraletan dauden egiaztatzearren.

Artikulu honetako agiriak aurkezteko eredu normalizatuak eskuragarri daude euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan: URL https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/kulturarte-itunpekoa/y22-izapide/es/

16. artikulua.– Ez-betetzeen araubidea.

1.– Diru-laguntzen erakunde onuradunak, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubidearen mende egongo dira, eta –Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– honako kasu hauetan itzuli beharko dute, partez edo osorik, eman eta jasotako zenbatekoa, bai eta diru-laguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa ere:

– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan jasotako itzulketa-kausaren bat badago.

– Diru-laguntza erabiltzen ez bada hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako.

– Diru-laguntza eragin zuen jarduera burutzen ez bada.

– Diru-laguntza zertarako eman zen, helburu zehatz horrexetarako erabili dela justifikatzen ez bada.

– Oro har, betetzen ez badira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko VI. tituluan ezarritako obligazioak, agindu honetan ezarritakoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

17. artikulua.– Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen direnean, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da, baldin eta diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada. Hori dela eta, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak likidazio-ebazpen bat emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berregokituko dira.

18. artikulua.– Datu pertsonalak.

Deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok fitxategi batean sartuko dira («Hizkuntza Indartzea eta Kulturartekotasuna» deritzonean, hain zuzen), diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta haren deialdira biltzen direnei deialdiaren bilakaeraren berri emateko (deialdi honen helburua da ikasle etorkinentzako kulturartekotasuna sustatzeko programak eta ikasle hasi berrientzako hizkuntza indartzeko programak garatzea). Hori guztia honako xedapen hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 216/679 Erregelamendua (EB), Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan jasotzen dena betetzearren, agindu honetako laguntzak ebazteko baldintza izango da 2019. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetako diru-laguntzak honako arau hauetan xedatutakoaren arabera arautuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta oinarrizko araudia, hau da, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra eta horren erregelamendua onesten duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 28a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
Eskabidea
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
IKASTETXEAN HIZKUNTZA INDARTZEKO GARATU NAHI DIREN PROGRAMEN DESKRIBAPENA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
IKASTETXEAN KULTURARTEKOTASUNA SUSTATZEKO GARATU NAHI DEN PROGRAMAREN DESKRIBAPENA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
DINAMIZATZAILEAREN KONPROMISOA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
JUSTIFIKAZIO-MEMORIA – HIZKUNTZA INDARTZEKO PROGRAMAK
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
2018-2019 IKASTURTEAN HIZKUNTZA INDARTZEKO PROGRAMETAN PARTE HARTU DUTEN IKASLEEN ZERRENDA
(Ikus .PDF)
VII. ERANSKINA
HIZKUNTZA INDARTZEKO PROGRAMETAKO IRAKASLEEN KOSTUAREN ZIURTAGIRIA
(Ikus .PDF)
VIII. ERANSKINA
IRAKASLEEN -BERARIAZKO LAGUNTZA-PROGRAMAREN- KOSTUAREN ZIURTAGIRIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala