Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2018ko abenduaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
6169

181/2018 DEKRETUA, abenduaren 11koa, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari EITBNET, SA sozietate anonimo publikoaren kapital zabalkuntzan partaidetza izateko baimena ematen diona, eta, ondorioz, sozietatearen estatutuak aldatzen dituena.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak hau ezartzen du 110. artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana; eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du eragina.

Baltzuaren estatutuen arabera, sozietatearen helburua honako hau da: informazioaren gizartearentzako edukiak ekoitzi, erreproduzitu, argitaratu, erosi, merkatuan saldu eta ustiatu eta banatzea, bereziki zerbitzu- eta komunikazio-euskarri berrietarako elkarreragileak eta multimediakoak eta sarekoak; euskarri berrietan, hau da, gaur egungo telebista digitala, teletestu, internet, telefonia mugikor eta etorkizunean garapen teknologikoek gauzatzen dituzten komunikazio- eta zerbitzu-kanalak martxan jarri eta mantentzea; arlo horretako berrikuntza-proiektuetan zentro teknologikoekin elkarlanean aritzea; euskal ikus-entzunezkoen sektorearen garapena eta beste merkatu batzuetara hedatzea sustatzeko, enpresa-proiektu eta -aliantza estrategikoetan parte hartzea.

EITBNET, SA sozietate anonimo publikoak, 2018ko azaroaren 12ko Batzar Orokor Unibertsal Ezohikoan, honako erabaki hau hartu zuen: kapital soziala hirurogeita hemezortzi mila eta hogei euro (78.020) gehitzea; eta, horretarako, hamar (10) euroko balio nominala duten zazpi mila zortziehun eta bi (7.802) akzio berri jaulkitzea, hurrenez hurren 30.501etik 38.302ra zenbakituak, biak barne.

Euskal Irrati Telebista erakunde publikoa da aipatu erakundearen akziodun bakarra; horrenbestez, sozietate horretan bazkide izateari dagozkion eskubideez baliatuko da, akzio berriak eskuratzeari buruzko erabakia hartzearren. Halaber, lehenengo paragrafoan azaldutakoarekin bat, Gobernu Kontseiluaren baimena behar da akzio berriak eskuratzeko.

Azkenik, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko ente publikoa Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago.

Horren ondorioz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2018ko abenduaren 11n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari baimena ematea EITBNET, SA sozietate anonimo publikoaren kapitalaren gehikuntzan parte hartzeko, hain zuzen ere, hirurogeita hemezortzi mila eta hogei eurotan (78.020); eta, horretarako, hamar (10) euroko balio nominala duten zazpi mila zortziehun eta bi (7.802) akzio berri jaulkitzeko.

Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak zabalkuntzaren % 100ean parte hartuko du. Hortaz, aipatutako kapital-zabalkuntzaren ondoren, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak honako partaidetza hau izango du: 383.020 eurokoa, 38.302 akzio berdinetan banatuta, bakoitzak 10 euroko balioa duela. Hau da, sozietatearen etorkizuneko kapitalaren % 100ari dagokion partaidetza.

2. artikulua.– EITBNET S.A. sozietate publikoaren estatutuen 6. artikulua aldatzea, honela idatzita geratzeko: «Sozietatearen kapital soziala hirurehun eta laurogeita hiru mila eta hogei euro izango da (383.020), 38.302 akzio izendunetan banatuta. Akzio bakoitzak 10 euroko balio nominala du, 1etik 38302ra arteko zenbakiak (biak barne) dituzte hurrenez hurren, eta Euskal Irrati Telebista erakundeak guztiz harpidetu eta ordainduko du.»

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko abenduaren 11n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala