Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2018ko abenduaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
6141

AGINDUA, 2018ko azaroaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2018-2019ko ikasturterako laguntzetarako deialdia egiten duena, zero eta hiru urte bitarteko umeentzako haur-eskolen titular diren toki-korporazioentzat.

2004ko azaroaren 19an argitaratu zen azaroaren 16ko 215/2004 Dekretua, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri, eta abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren artikulu batzuk indarrean iraunarazten dituena; hain zuzen ere, 2., 3., 4., 5., 6. eta 11.a, eta lehen, bigarren, hirugarren, seigarren eta zazpigarren xedapen gehigarriak. Azken dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen 2002-2003ko eta 2003-2004ko ikasturteetan. Hain zuzen ere, abenduaren 17ko 297/2002 Dekretu horretan finkatzen diren lehentasun-irizpideen artean daude adin-tarte horretako eskaintza estaltzea eta titulartasun publikoko haur-eskolak sustatzea, gaur egungo eskaintza finkatzearren. Irizpide horiei jarraituz, honako hau ematen da aditzera 297/2002 Dekretu horretako bigarren xedapen gehigarrian: «Gaur egungo udal-titulartasuneko haurtzaindegien eta haur-eskolen eskaintza sendotu ahal izateko, dekretu hau indarrean sartu baino lehen, hezkuntzako Administrazioak hitzarmenak egingo ditu haur-eskolak edota haurtzaindegiak sortu dituzten toki-korporazioekin».

Bigarren xedapen gehigarriak, era berean, ezartzen duenez, «xede horrekin, ikasturte bakoitzaren hasieran Hezkuntza Sailak deialdi bat egingo du 0-3 urte arteko haurrei arreta eskaintzen dieten haur-eskoletako arduradunak diren toki-korporazioekin lankidetza-hitzarmenak sinatzeko; bertan zehaztuko dira finantzaketaren kantitateak, horretarako aurreikusitako kontu-sailaren kontura izango direnak. Hitzarmen horien indarraldia ikasturte osoan luzatuko da, eta urtero berrituko dira. Finantzaketa jasoko duten kantitateak zehazteko, Haur Eskolan betetako plazak hartuko dira kontuan, bai eta ikasturtean izandako plazen bariazioa ere».

Xedapen horiek betetzeko, agindu honen helburua izango da Hezkuntza Sailaren eta haurtzaindegien eta/edo haur-eskolen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalen artean lankidetza-hitzarmenak garatzea, kostuak murriztu eta, bestalde, zero eta hiru urte arteko haurrentzako udal-titulartasuneko haur-eskolen gaur egungo eskaintza 2018-2019ko ikasturtean sendotzeko.

Hezkuntza Sailak hitzarmena sinatzen duen udal bakoitzari egingo dizkion ekarpen ekonomikoak udal-titulartasuneko haur-eskolan okupatutako postuen arabera finkatuko dira. Okupatutako plaza bakoitzarengatik emango den kantitatea zehaztutako moduluaren balioaren % 60 izango da 0-1 eta 1-2 tarteen kasuan, eta % 100, berriz, 2-3 tartearen kasuan.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsiak, bere VI. tituluan xedatu duenarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eremuko diru-laguntzak arautu ditu, eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoari eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenei jarraiki.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusien kargutan egiteko den gastu espedienteen tramitazio aurreratua arautzen duen Ogasun eta Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa oinarritzat hartuta.

Honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen helburua da 0 eta 3 urte arteko haurrentzako haur-eskolen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak diruz laguntzea. 3.500.000 euro banatuko dira deialdiaren bitartez. Halere, artikulu honen bidez ezartzen den diru-zenbatekoa gehitu egin daiteke, indarrean dagoen legerian ezarritako kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldarazpenaren araubidearen bitartez. Hala egiten bada, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen Ebazpenaren bidez jakinaraziko da, deialdi hau erabaki baino lehen.

2. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Pertsona edo erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte, prozedura honen izapideak eskatu, kontsultatu eta burutzeko.

2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Teknologiako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

3.– Eskaerak eta erantzukizunpeko adierazpenak modu elektronikoan zelan egin jakiteko eta ereduak eskuratzeko, jo helbide elektroniko honetara: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/haurmuni/y22-izapide/eu

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3. artikulua.– Helburua.

Agindu honi dagozkion diru-laguntzak zero eta hiru urte arteko haurrentzako udal-titulartasuneko haur-eskolen mantentze-kostuak finantzatzeko laguntza gisa emango dira.

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Haurtzaindegi eta/edo haur-eskolen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalek hartu ahal izango dute parte deialdi honetan, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen Haur Eskolak arautu dituen abenduaren 17ko 297/2002 Dekretua indarrean jarri aurretik sortutako haurtzaindegiak eta/edo haur-eskolak badira. Bere garaian Gizarte Laguntzako Institutu Nazionalak eskualdatutako haurtzaindegien titular diren udalek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta eskaerak aurkezteko epea hasten denerako Haurreskolak Partzuergora bildu ez badira.

2.– Laguntzarik eman edo ordaintzeko, amaituta egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiak emandako izaera bereko laguntzak edo diru-laguntzak direla-eta hasi eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta haren erakunde autonomiadunak oraindik izapidetzen ari diren edozein itzultze- edo zigor-prozedura.

3.– Agindu honen bidez araututako laguntzetan ezingo dute parte hartu zigor-arloko zehapena edo administrazio-zehapena dela-eta diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten erakundeek, ezta horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioagatik zigortutakoak barne, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.

4.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege orokorraren 13.artikuluko 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenak.

5. artikulua.– Betebeharrak, baldintzak eta haien akreditazioa.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 52. artikulua betez, izapidetze elektronikoaren bitartez laguntzak eskatu dituen pertsonak edo erakundeak Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egon behar duela dioen baldintza betetzen duela organo kudeatzaileak egiaztatuko du automatikoki, behar bestetan.

2.– Eskabideetan jasota egongo da eskatzen duen pertsonak edo erakundeak onartzen ez duela organo kudeatzaileak dokumentu horiek lortzea edo egiaztatzea. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu dokumentuak.

3.– Ez da berriro aurkeztu behar lehenagoko deialdietan Administrazioan aurkeztutako dokumentaziorik.

4.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betebehar hauek egiaztatuko dira:

a) Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso badira edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik, hala adieraztea.

b) Erakunde eskatzailea ez dagoela zigortuta ez administratiboki ez penalki diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko, edo ez duela laguntzarik jasotzea eragozten dien inolako lege-debekurik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen bidez zigortutako sexuagatiko bereizketak barne.

c) Bete beharreko itzulketa-prozedura guztiak bukatuta egotea azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak esaten duen bezala.

d) Eskatzailea ez dagoela diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege orokorraren 13. Artikuluko 2. eta 3. Zenbakietan jasotako egoera batean.

Ogasuna eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan erregistratuta egon ezean, edo erregistro horretan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

6. artikulua.– Plaza bakoitzari esleituko zaion diru-kopurua.

Okupatuta dagoen postu bakoitzeko zenbatekoa agindu honetako 6. artikuluan ezarritako moduluaren % 60 izango da 0-1 eta 1-2 tarteen kasuan, eta % 100, deialdi honetan ezarritako salbuespen eta baldintzen arabera.

7. artikulua.– Plaza-kopurua.

1.– Haur-eskolan okupatutako postuen kopurua zehazteko, 2018ko azaroaren 15ean inskribatuta dauden haurren kopurua hartuko da aintzat. Hori dela-eta, udalak data horietan inskribatuta dauden haurren zerrenda zehatza igorriko du, jaiotza-urtea adieraziz, eta horretarako udalaren edo organo eskudunaren idazkariak ziurtagiria igorriko du. Dena den, Hezkuntza Ikuskapenak bidezko egiaztapenak egin ahal izango ditu.

2.– Irailaren 15ean lau hilabete edo gehiago dituztela matrikulatutako haurrek ikasturte osoko diru-laguntza jasotzeko eskubide izango dute.

3.– 2018ko azaroaren 15ean matrikulatutako gainerako haurrek diru-laguntza jasotzeko eskubidea emango dute, lau urte baino gutxiago badituzte. Eskala honen arabera emango dira laguntzak:

a) Maiatzaren 16tik ekainaren 15era bitartean jaiotakoek, 2018ko urritik 2019ko uztailera bitartean.

b) Ekainaren 16tik uztailaren 15era bitartean jaiotakoek, 2018ko azarotik 2019ko uztailera bitartean.

c) Uztailaren 16tik abuztuaren 15era bitartean jaiotakoek, 2018ko abendutik 2019ko uztailera bitartean.

d) Abuztuaren 16tik irailaren 15era bitartean jaiotakoek, 2019ko urtarriletik uztailera bitartean.

e) Irailaren 16tik urriaren 15era bitartean jaiotakoek, 2019ko otsailetik uztailera bitartean.

f) Urriaren 16tik azaroaren 15era bitartean jaiotakoek, 2019ko martxoaren uztailera bitartean.

8. artikulua.– Moduluak haur bakoitzeko.

1.– Honako hauek dira 2018. eta 2019. urteetarako moduluak haur bakoitzeko eta adin-tarte bakoitzeko:

(Ikus .PDF)

2.– Lehenengo atalean ezarritako zenbatekoa nahikoa ez bada egin diren eskaera guztiei erantzuteko eta handitzerik ez balego, ateratzen den zenbatekoa berdindu edo hainbanatu egingo da, guztizko zenbateko hori ezarri den mugari egokitzeko.

9. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Deialdi honetan parte hartzeko eskabide-orriak bide elektronikoa erabiliz aurkeztu beharko dira, euskadi.net egoitza elektronikoan sartuta (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/haurmuni/y22-izapide/eu)

2.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta horri erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Era berean, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2 a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea).

3.– Deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

4.– Eskaerarekin batera, honako agiriak ere aurkeztu behar dira:

a) Haur-kopuruaren laburpena, adinaren arabera: 0-urtebete artekoak; 1-2 urte artekoak eta 2-3 urte artekoak zenbat diren 2018ko azaroaren 15ean.(I. eranskina).

b) Agindu honetako 7. artikuluan ezartzen diren datetan eta baldintzetan matrikulatuta dauden 2018. urtean jaiotako haurren zerrenda zehatza (II. eranskina).

c) Agindu honetako 7. artikuluan ezartzen diren datetan eta baldintzetan eskolatuta dauden 2017. urtean jaiotako haurren zerrenda zehatza (III. eranskina).

d) Agindu honetako 7. artikuluan ezartzen diren datetan eta baldintzetan eskolatuta dauden 2016. urtean jaiotako haurren zerrenda zehatza (IV. eranskina).

e) 2018-2019ko ikasturtean eskatutako eta/edo jasotako laguntzen zerrenda (V. eranskina).

f) 2018-2019ko ikasturtean zerbitzua garatu ahal izateko, udalak haur-hezkuntzako eskolari esleitu dion aurrekontu-esleipena. Bereizi egin behar dira sarrerak (familiek jartzen dituzten kuotak barne) eta gastuak, eta adierazi egin beharko da jardueraren ondorioz sortzen den defizita (VI. eranskina).

g) Haur-eskolako hezkuntza-langileen zerrenda (VII. eranskina).

5.– Hezkuntza-proiektua haur-eskolan gordeko da, eta agindu honen 16. eta 17. artikuluetan ezarritako jarraipen-batzordearen esku geratuko da. Hezkuntza-proiektu horrek honako hauek hartuko ditu bere baitan, besteak beste:

a) Haur-kopurua, adinaren arabera, taldekatzeko irizpideak, unitate-kopurua, adinaren eta hizkuntza-ereduaren arabera.

b) Unitate bakoitzeko haur-hezitzaileen zerrenda, ondokoak jasoz: lan-egoera, titulazioa eta hizkuntza-gaitasuna. Laguntza-langileen zerrenda ere jasoko da.

c) 0-3 urterako haur-eskolaren egutegi-ordutegiak eta eskainitako zerbitzuak: jantokia, mediku- eta osasun-laguntza, laguntza psikologikoa, gurasoen eskola...

d) Jarduketak hezkuntza-eremuan dituen balio, helburu eta lehentasunen definizioa.

6.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Haur hezkuntzako diru-laguntzak» izena duen fitxategi batean sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau, bai eta deialdira biltzen diren udalei deialdiaren garapenaren berri emateko ere. Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza da fitxategiaren arduraduna. Datuak aurkaratu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza erabili ahal izango dira. Horretarako, Hezkuntza Sailera jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari baimena ematen diote, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko.

10. artikulua.– Prozedura aurrera ateratzea eta eskaeren zuzenketa.

1.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak eramango du aurrera prozedura.

2.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak eskabidean hutsik edo akatsik topatzen badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango, huts edo akats horiek zuzentzeko. Hamar egunak igarota zuzentzen ez baditu, eskatzaileak eskaerari uko egin diola ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan, aurreikusitako moduan idatzi beharreko ebazpena eman ondoren.

11. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Hezkuntzako sailburuordeak emango du deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko ebazpena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilabete baino lehenago. Ebazpen hori udal eskatzaileei jakinaraziko zaie, eta, denek jakiteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Epea amaitu eta interesdunei ebazpenik jakinarazi ezean, eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango da.

3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera.

12. artikulua.– Hitzarmenak.

Onartutako eskabideak Hezkuntza Sailaren eta laguntza jaso duten udalen arteko hitzarmenaren bidez gauzatuko dira, ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean. Hitzarmen hori agindu honetako VIII. eranskinean jasota dago.

13. artikulua.– Laguntzak jaso eta dagozkion frogagiriak aurkeztea.

1.– Diru-laguntza bi epetan ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketa, % 30ekoa, 12. artikuluan aipatzen den hitzarmena sinatu ondoren gauzatuko da.

b) Bigarren ordainketa, % 70ekoa, diru-laguntzaren onuradunak 2018-2019ko ikasturtean izandako gastu eta diru-sarreren agiri bidezko justifikazioa aurkeztu ondoren egingo da; justifikazio hori udal-idazkariaren edo kontu-hartzailearen ziurtagiri bidez egingo da (IX. eranskina). Inprimaki-eredua https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/haurmuni/y22-izapide/eu egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.

Frogagiri horiek baliabide elektronikoz aurkeztu behar izango dira, web gune honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

2.– Frogagiriak aurkezteko epea 2019ko uztailaren 1etik 31ra arte izango da eta Hezkuntza Sailaren Ikastetxe eta Plangintzaren Zuzendaritzan aurkeztuko dira.

3.– Ikasleen datuak aztertu eta gero, Administrazioak eskubidea izango du Hezkuntzako sailburuordeak emandako kitapen-ebazpenean onuradunei emandako diru-kopuruak doitzeko, beti ere onuradunari entzun eta gero. Emandako laguntza gutxitzea beharrezkoa bada, 698/1991 abenduaren 17ko Dekretuaren prozedurarekin bat egingo da.

4.– Ikastetxeek 2018-2019ko ikasturtean egindako ekintzei buruzko txostena Jarraipena Batzordearen eskura izango dute. Txosten horrek atala hauek izango ditu gutxienez.

a) 2018-2019ko ikasturtean egindako ekintzen garapena.

b) Hezkuntza Proiektuan adierazitako helburuak zein neurritan lortu diren.

c) Emaitzen azterketak, programak nola egokitu edo aldatu behar diren proposatuz.

14. artikulua.– Bateragarritasunen araubidea.

1.– Deialdi honen bidez lortutako diru-laguntza bateragarria izango da hezkuntza-arloan eskumenik ez duten herri-administrazioen menpe dauden organoen edo entitate pribatuen bidez lortutako beste edozeinekin. Alabaina, diru-laguntza guztien batura ezin izango da gastuaren % 100 baino gehiagokoa izan. Halakorik gertatzen bada, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera dagokion diru-laguntzari.

2.– Dena dela, diru-laguntza hartzen duen udalak nahitaez eman beharko dio xede bererako lortu duen beste edozein laguntzaren berri diru-laguntza eman dion administrazioari, horrela xedatzen baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA).

15. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluko 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz):

1.– Eska daitekeen beste edozer, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 paragrafoan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

2.– Era berean, diru-laguntzaren onuradunak nahitaez lagundu beharko du administrazio emaileak egiten dituen egiaztapen-ekintzetan eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako kontrol-ekintzetan, hala agintzen baitu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu horretako 50.2 artikuluak.

3.– Udal onuradunak emandako diru-laguntza onartu beharko du, diru-laguntza ematen zaion jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epearen barnean, diru-laguntzari espresuki eta idatziz uko egiten zaionean izan ezik. Halakorik gertatzen ez bada, beraz, onartu egiten dela ulertuko da.

4.– Orobat, hala eskatzen zaionean, udal-onuradunak jarraipen-batzordeari laguntza jasotzen duen proiektuaren garapenari buruzko informazio eskainiko dio.

16. artikulua.– Jarraipen-batzordea.

Hezkuntza Sailak eta kasuan kasuko udalak izenpetu behar duten eta 12. artikuluan aipatzen den hitzarmena behar bezala gauzatzen dela bermatzeko, jarraipen-batzorde bat eratuko da. Honako kide hauek izango ditu batzordeak:

– Ikastetxe eta Plangintza zuzendaria edo haren ordezkoa, presidentea izango dena.

– Hezkuntzako ikuskatzaile bat, ikuskatzaile nagusiak izendatua.

– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzako teknikari bat, Idazkari jardungo duena.

17. artikulua.– Jarraipen-batzordearen funtzioak.

1.– Jarraipen-batzordeak, berak finkatutako prozeduraren arabera, hitzarmena eta hezkuntza-proiektua (haur-eskolak gordeko duena) noraino betetzen diren ikuskatu ahal izango du.

2.– Horretarako, jarraipen-batzordeak, 13.1 artikuluan aurreikusitako bigarren ordainketa egin baino lehen, udalek eskaerarekin batera aurkeztutako datuak aztertu ahal izango ditu. Batzordeak, hala behar izanez gero, bere egitekoak betetzeko beharrezko deritzen dokumentuak eskatu ahal izango dizkie udalei. Dokumentu horien arabera egin ahal izango du bidezko txostena. Txosten hori Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzara bidaliko da, eta aldekoa izanez gero, azken ordainketa egingo da. Nolanahi ere, txosten hori udal bakoitzaren eskura egongo da.

18. artikulua.– Ez-betetzea eta itzultzeko prozedura.

Laguntza emateko ezarri diren baldintzak betetzen ez badira, jasotako kopuruak eta berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza nagusiari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Eta batez ere kasu hauetan:

a) Justifikatzeko obligazioa ez betetzea.

b) Laguntza zertarako eman, horretarako ez erabiltzea.

c) Behar diren baldintzak bete gabe lortzea laguntza.

d) Agindu honen 15. artikuluan ezarritako obligazioetariko bat ez betetzea.

e) Jardueraren kostua behar baino gehiago finantzatzea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

2007ko apirilaren 26ko Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuaren aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura diren gastu-espedienteen aldez aurreko tramitazioa arautzen duenak, 5.3 artikuluan xedatzen dituen ondorioetarako, agindu honen diru-laguntzak ebaztea 2019. urterako Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan kreditua egotearen menpe egongo da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENGOA

Prozedura-gaietan agindu honek arautzen ez duenerako, osagarri gisa, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoa jarraituko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari baimena ematen zaio agindu hau betetzeko beharrezko diren jarraibide guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 20a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
Eskabide elektronikoa HAURMUNI
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
HAUR-KOPURUA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
2018AN JAIOAK
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
2017AN JAIOAK
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
2016AN JAIOAK
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
2018-2019 IKASTURTERAKO ESKATUTAKO EDO JASOTAKO LAGUNTZEN ZERRENDA
(Ikus .PDF)
VII. ERANSKINA
2018-2019 IKASTURTERAKO AURREKONTUA
(Ikus .PDF)
VIII. ERANSKINA
HEZKUNTZA-LANGILEEN ZERRENDA
(Ikus .PDF)
IX. ERANSKINA
EUSKO JAURLARITZAKO HEZKUNTZA SAILAREN ETA «UDALA» UDALAREN ARTEKO HITZARMENA, ZERO ETA HIRU URTE ARTEKO UDAL-TITULARTASUNEKO HAUR-ESKOLAK FINKATZEKO
(Ikus .PDF)
X. ERANSKINA
UDAL TITULARTASUNEKO 0-3 URTEKO HAUR ESKOLENTZAKO LAGUNTZEEN JUSTIFIKAZIOA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala