Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

236. zk., 2018ko abenduaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
6028

AGINDUA, 2018ko azaroaren 14koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako 2019ko deialdia.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak gazteria-politikaren arloan eskumen osoa du. Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenaren eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenaren bidez, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari egokitzen zaio, besteak beste, gazteriari buruzko egitekoak eta jardun-arloak.

Euskadiko gazteen artean elkartasuna indartzeko xedearekin, eta kontuan hartuta Euskadiko garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek azken urteotan hegoaldeko herriak garatzen laguntzeko bultzatu dituzten lankidetza-jarduerak, egokitzat jo da 1993. urtean eratutako Euskadiko Gazteak Lankidetzan programari jarraipena ematea, Gazteria Zuzendaritzaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez.

Euskadiko gazteak garapenerako elkarlanean sentsibilizatzea da aipatutako programaren xedea. Aurtengo ekitaldi honetan ere, Euskadiko gazteak lankidetzaren kontzeptura hurbiltzeko helburuari eutsiko dio gastu espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko araubideari lotutako deialdi honek, era berean, ekintza horiek nola burutzen diren bertatik bertara ezagutzeko aukera emanez. Horretaz gainera, esperientzia hori informazio eta orientazio jardunaldi batzuen bidez zabaldu eta osatuko da.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako 2019ko ekitaldiko deia egitea eta bertan parte hartzeko modua arautzea. Programa horren bidez, 1989. eta 1997. urteen artean –bi urteok barne– jaiotako 100 pertsona gehienez hautatutako herrialde eta lankidetza-proiektu jakinetara joateko erraztasunak eman nahi dira. Pertsonok Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako 2019ko proiektuak aurkezteko garapen-lankidetzarako erakundeei dei egiteko Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2018ko azaroaren 7ko Aginduan xedatutakoari jarraikiz hautatu ziren.

2.– Programaren kudeatzaile den Gazteria Zuzendaritzak izapidetuko ditu onuradunarentzako laguntzari dagozkion bidaia-txartelen kontratazioa eta gainerako prestazioak.

2. artikulua.– Zuzkidura.

Deialdi honetara, 175.000 euro bideratuko dira. 12. artikuluan zehaztutako gastuak osorik hartuko ditu programak bere gain.

3. artikulua.– Bete beharreko baldintzak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri bateko erroldan inskribatuta egotea oinarri hauek EHAAn argitaratu aurretik edo, bestela, euskal izaera politikoa izatea, Autonomia Estatutuaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– 1989. eta 1997. artean jaio izana –bi urteok barne–.

3.– Jarduera egingo den herrialdean hitz egiten duten nazioarteko hizkuntza jakitea.

4.– Adingabeekin harremana izatea ekarriko duten jarduerak aurreikusten dituen proiektua bada, ez dela sexu-arrazoiengatik kondenatua izan. Hori egiaztatzeko, halakorik ezeztatzen duen sexu-delitugileen erregistro zentralaren berariazko egiaztagiria beharko da, edo, atzerritarren kasuan, haren jatorrizko herrialdeak emandako pareko agiria. Halakorik existitzen ez bada, aurrekari penalen egiaztagiria, zeinetan sexu-delituei buruzkorik ez baita jasotzen.

5.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona fisiko zein juridikoek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenik ere, sexu-bereizkeriaren ziozko zigor administratibo edo penalak barne hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez (II. eranskina).

6.– Erakunde onuradunei diru-laguntzak emateko eta, hala dagokionean, horiek ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik ere izapidean den itzultze- edo zehapen-prozedura orok amaituta beharko du. Halaber, jasotako diru-laguntza bere diru-sarreren artean berriz sartu ez izana, itzultze-prozedura bat bukatutakoan, berriz ez sartzeko agintzen duen ebazpen bat eman bada, ezingo da diru-laguntza onartu, eta hala badagokio, ordaindu.

7.– Era berean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako baldintzak bete behar ditu.

4. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea berrogei egunekoa izango da, agindu hau indarrean sartzen den egunetik hasita.

5. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira eta www.gazteaukera.euskadi.eus atari gaztean aurki daitekeen formulario elektronikoa bete beharko da.

2.– Aurre-hautatutako pertsonek, hautaketa-faseko topaketa baino lehen, agirien bidez egiaztatu beharko dituzte izen-emateko eskabidean zehaztutako merezimenduak, eta erantzukizunpeko adierazpena (II. eranskina).

6. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren agiri batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari hutsegitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta, halaber, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu, haren eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; dagokion ebazpena emango da aurrez, betiere.

7. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

1.– Parte-hartzaileen aurre-hautaketa proposatzeko eta, ondoren, azken hautaketa-proposamena egiteko, Hautaketa Batzordea eratuko da. Hauek izango dira kideak:

– Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteriako arduraduna, Batzordeburua izango da, eta, kalitateko botoa izanik, gerta litezkeen berdinketak ebatziko ditu.

– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako teknikari bat, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak izendatua.

– Euskadiko GGKEen Koordinakundeak proposatutako pertsona bat, Gazteria zuzendariak izendatua.

– Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak proposatutako pertsona bat, Gazteria zuzendariak izendatua.

– Garapenerako lankidetza-programetan diharduten Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek proposatutako hamar pertsona, gehienez, Gazteria zuzendariak izendatuak.

– Gazteriako teknikari bat, idazkari gisa jardungo duena hitzarekin baina botorik gabe, Gazteria zuzendariak izendatua.

2.– Batzordekideak abstenitu egingo dira edo errefusatu egin daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

3.– Hautaketa Batzordearen osaera Gazteria zuzendariaren berariazko ebazpen baten bitartez jakinaraziko da, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita.

4.– Hautaketa Batzordeko kideek, 1. paragrafoaren arabera izendatuak, Euskadiko GGKEko Koordinakundeak, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak eta garapenerako lankidetza-programetan diharduten Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek proposatuta, konpentsazio ekonomikoa jasoko dute Hautaketa Batzordearen bileretara joateko. Eguneko 100,00 euroko konpentsazioa izango da.

8. artikulua.– Hautaketa prozedura.

1.– Hautaketa prozedurak hiru fase ditu: aurre-hautaketa, hautaketa eta informazio-eta orientazio-aldia.

Batzordeak, aurre-hautaketa fasean, gehienez 220 parte-hartzaile proposatuko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Euskadiko Gazteak Lankidetzan 2019ko programarako proiektuak aurkezteko garapen-lankidetzarako erakundeei dei egiten dien Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2018ko azaroaren 7ko Aginduan xedatutakoari jarraikiz hautatu diren proiektuei gehien egokitzen zaizkien profilak dituztenak, hain zuzen. Aurre-hautatutako pertsona horiek bigarren fasean parte hartuko dute.

Batzordeak 50 ordezkari ere proposatuko ditu, bigarren fasean parte hartzeko aurre-hautatu diren pertsonek zeregin horri uko egin diotenerako. Norbaitek zereginari uko egiten badio, uko egin duen pertsonaren profila daukan eta puntu gehien duen ordezkoak parte hartuko du bigarren fasean.

Batzordeak honako ezaugarri hauek balioetsiko ditu:

a) Eskatzaileen titulazio akademikoetatik, lanbide kualifikazioetatik eta bestelako ikasketetatik, aurre-hautatutako lankidetza-proiektuei gehien egokitzen zaizkienak, % 30 gehienez.

Nahiz eta lanbide-eremu bat edo bestea baztertzailea ez den, hauek dira lankideek parte hartuko duten garapen proiektuetarako egokienak:

– Informatika.

– Ekonomia.

– Kontabilitatea.

– Medikuntza.

– Farmazia.

– Erizaintza.

– Erizaintzako zaintza osagarriak.

– Pedagogia.

– Monitoreak/Gizarte-heziketa.

– Sistema-ingeniaritza.

– Industria-ingeniaritza.

– Agronomia.

– Psikologia.

– Elebitasunean espezializatutako heziketa.

– Albaitaritza.

– Tornu/mekanika.

– Elektrizitatea.

– Zurgintza.

– Iturgintza.

– Gizarte lana.

– Industria-diseinua.

– Nutrizioa.

b) Garapen-lankidetzarekin lotutako prestakuntza: % 20, gehienez.

c) Garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bateko borondatezko kide izatea, % 20, gehienez.

d) Gazte-elkarte batekoa zein helburu soziala duen beste erakunde bateko borondatezko kide izatea, % 30, gehienez.

Batzordeak, egoki iritziz gero, elkarrizketa pertsonala egin diezaieke hautagaiei aipatutako gai horiei buruz eta bakoitzak aurkeztutako dokumentazioaren arabera.

2.– Bigarren fasea edo hautaketa-fasea aurre-hautatutako pertsonekin egin beharreko topaketa da. Topaketa hiru egunekoa izango da, eta barnetegi batean egingo da, Gazteria Zuzendaritzak ezartzen dituen baldintzetan; derrigorrezkoa da aurre-hautatutako pertsonentzat. Topaketa horretan, Batzordeak gehienez 100 lagun hautatuko ditu, haien puntuazioaren arabera, hirugarren fasera pasa daitezen.

Beste 50 ordezko ere hautatuko dira, norbaitek uko egingo balu ere. Norbaitek bere plazari uko egingo balio, uko egin duenaren profil bera duen eta puntu gehien duen ordezko batek hartuko du titulartasuna. Hautaketaren hirugarren fasea amaitu ondoren egingo balio uko plazari, fase horretan parte hartzetik salbuetsita egongo litzateke ordezkoa.

Fase honetan, honako ezaugarri hauek baloratuko dira:

a) Aurre-hautatutako pertsonaren egokitasuna, burututako dinamiken emaitza aintzat harturik, eta topaketa horretan egindako elkarrizketa, % 50 gehienez. Gaitasun hauek baloratuko dira:

– Autogestiorako gaitasunak, % 20 gehienez: ekimena eta autonomia; malgutasuna; arazoak aztertu eta ebaztea; ikasteko eta negoziatzeko gaitasuna. Pertsona mugitzen den inguruan lan eraginkorra, antolatua eta baikorra garatzea ahalbidetzen diote gaitasun-mota horiek pertsonari.

– Komunikazio- eta harreman-gaitasunak, % 20 gehienez: pertsona arteko komunikazioa; talde-lana; trebetasuna eta zuhurtzia. Gogobeteko harreman pertsonalak eta profesionalak izatea ahalbidetzen diote boluntarioari bere egitekoetan diharduela, eta, halaber, egoera konplexuak edo zailak kudeatzea ahalbidetzen diote besteekiko interrelazioan.

– Antolaketa-gaitasunak, % 10 gehienez: fidagarritasun teknikoa eta pertsonala; ekimenetan buru izateko gaitasuna; antolaketa eta plangintza. Norbere lanaren eraginkortasunarekin eta inguru konplexuago, zabalago bateko eta besteei eragiten dien kudeaketa-lanarekin zerikusia duten gaitasunak dira.

b) Aurre-hautatutako pertsonaren profila zenbateraino egokitzen zaien Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2018ko azaroaren 7ko Aginduaren babespean hautatutako lankidetza-proiektuen ezaugarriei, barne hartuta ekintzotan integratzeko duten astia, % 50 gehienez.

3.– Hirugarren fasea edo informazio-eta orientazio-fasea hautatutako pertsonekin egin beharreko topaketa da. Topaketa bi egunekoa izango da, eta barnetegi batean egingo da, Gazteria Zuzendaritzak ezartzen dituen baldintzetan; derrigorrezkoa da hautatutako pertsonentzat. Bertan, programan esku-hartzen duten GGKEen parte-hartzea izango da, eta lankide boluntario moduan burutuko dituzten lankidetza-proiektuen gaineko informazioa eta orientazioa emango zaie hautatutako pertsonei.

4.– Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu topaketa horietan sor litezkeen ostatu- eta mantenu-gastuak; aitzitik, ez ditu ordainduko topaketetara joateko eskaintzen dituen garraiobide eta ibilbideak erabiltzen ez dituzten pertsonen garraio-gastuak.

9. artikulua.– Aurrehautaketa fasearen ebazpena.

1.– Batzordeak egindako aurre-hautaketarako proposamena ikusita, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria zuzendariak ebazpena emango du zazpi egun balioduneko epean, Batzordeak dagokion aurre-hautaketarako proposamenaren berri ematen dionetik hasita. Ebazpen horretan, hautaketa-fasea egiteko aurre-hautatu ez diren eta aurre-hautatu diren parte-hartzaileen zerrenda jasoko da, baita fase hori burutzeko eguna eta lekua ere.

2.– Aurre-hautatutako pertsonen zerrendak www.gazteaukera.euskadi.eus atari gaztean jarriko dira ikusgai. Ulertuko da zerrenda horietan agertzen ez diren pertsonak ez daudela aurre-hautatuta.

10. artikulua.– Hautaketa prozeduraren ebazpena.

1.– Hautaketa-prozeduraren bigarren fasean aurreikusitako topaketa bukatuta (aurre-hautatutako pertsona guztiei zuzendua), Batzordeak bere iritziz egokienak diren gazteak proposatuko dizkio Gazteria zuzendariari. Gehienez, 100 gazte hautatuko dira, baita 50 ordezko ere, 8.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Batzordearen proposamena jasota, Gazteria zuzendariak ebazpena emango du; bertan, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako lankidetza-ekintzetan parte hartzeko hautatutako gazteen zerrenda adieraziko du. Ebazpen horretan, hautatu ez diren gazteen zerrenda ere agertuko da.

2.– Lankidetza jarduera, ahal dela, uztailetik aurrera egingo da, eta hiru bat hilabeteko iraupena izango du, salbu eta aparteko kasuetan, jardueraren tutore den GGKE bakoitzarekin adostutako baldintzen arabera.

3.– Gazteriako zuzendariak emandako ebazpena, non jasotzen baita Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako lankidetza-ekintzetan parte hartzeko hautatu diren eta hautatu ez diren pertsonen zerrenda, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera sei hilabeteko gehienezko epean. Epe hori pasata ez bada ebazpenik jakinarazi, eskaerak ezetsi zaizkiela ulertu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gorako errekurtsoa jar dakioke Enplegu eta Gazteriako sailburuordeari, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

5.– Hautatutako pertsonen zerrenda www.gazteaukera.euskadi.eus atari gaztean jarriko dira ikusgai.

11. artikulua.– Lankidearen konpromisoak.

Garapen lankidetzako jardueran parte hartzeko aukeratutako gazte bakoitzak, aldez aurretik, Gazteria Zuzendaritzan aurkeztuko duen agirian, honako hauek beteko dituela hitz emango du:

a) Destinoko herrietan esperientzia hasi aurretik, GGKE tutoreak antolatutako prestakuntza-fasean parte hartuko du.

b) Bete beharreko jarduerak eskatzen duen bizimodura moldatuko da.

c) Jarduera egin behar den herrialdean egongo da, esperientzia-aldia bukatu arte.

d) Osasunari buruz emandako aholku guztiak beteko ditu.

e) Esperientzia-aldia bukatu ondoren, balorazio txostena aurkeztuko du; bertan, bizi izandako jarduera nolakoa izan den eta nola burutu den azalduko du, eta, aurrerantzean antolatzen diren beste proiektu batzuetarako, akatsak eta hutsuneak nola konpon daitezkeen zehaztuko du.

f) Aurtengo egitasmoa amaitu ondoren, esperientzia bakoitzaren eta programaren garapenaren ebaluazio-jardunaldietan parte hartuko du.

g) Urtebetez, GGKEek nahiz Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Gazteria Zuzendaritzak antolatutako sentsibilizazio-jardueretan parte hartzeko prest egongo da.

h) Gutxienez 30 ordu eskainiko dizkio GGKE tutoreari, lankidea bueltan iritsi eta biharamunetik hasita 30 eguneko epean.

i) Aplikatzekoak zaizkion Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotzen diren betebeharrak beteko ditu.

12. artikulua.– Ordainduko diren gastuak.

Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu destinoko herrialdeko garapenerako gobernuz kanpoko erakundearekin elkartu arteko joan-etorriko bidaia-gastu guztiak, herrialde horretara joateko behar den bisa barne. Halaber, Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu hautatutako parte-hartzaile bakoitzarentzako aseguruak: erantzukizun zibilari eta istripuei aurre egiteko asegurua eta bidaiako laguntzako asegurua.

13. artikulua.– Arauak onartzea.

Esperientzia honetan parte hartzeak berari dagozkion arau guztiak onartzea dakar. Boluntarioaren partaidetza, batez ere, berari egokitutako proiektuan garatzen diren zereginetan gauzatuko da, baita itzulitakoan ere, zeren eta 11. artikuluan ezarritakoaren arabera, GGKEek nahiz Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Gazteria Zuzendaritzak antolatzen dituzten ekintzetan parte hartuko baitute.

14. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzeko prozedura.

Dirua itzultzeko arrazoi izango da onuradunek ez betetzea agindu honetan aurreikusitako eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako baldintzak.

Holakoren bat ikusten bada, jasotako kopuruak eta sortutako berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari, hala agintzen baitute azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena–.

15. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako bestelako diru-laguntza edo diru-sarrerekin, baldin eta gainfinantzaketarik eragiten ez badu. Hona gainfinantzaketatzat zer ulertzen den: aurreikusitako gastuak gainditzen dituzten aurreikusitako diru-sarrerak (helburu bererako jasotako diru-laguntza edo diru-sarrera guztiak barne). Gainfinantzaketa gertatuz gero, eman beharreko diru-laguntzatik murriztu egingo da dagokion kopurua, gehienezko mugara iritsi arte.

16. artikulua.– Kudeaketa.

Gazteria Zuzendaritzari dagozkio agindu honen bidez deitutako programa kudeatzeko lanak.

17. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

1.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera eta 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin –pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez–, deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak «Boluntario eta Kooperanteen Kudeaketa» fitxategian sartuko dira, honen helburua Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa kudeatzea izango da.

2.– Fitxategi horren organo arduraduna Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria Zuzendaritza da. Sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan jasotakoak, baliatu ahalko dituzte interesdunek. Horretarako, idazkia bidali beharko dute Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailera: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Aurre-hautatutakoen eta hautatutakoen zerrendak Gazteria Zuzendaritzaren webgunean argitaratuko dira (www.gazteaukera.euskadi.eus), Euskadiko Gazteak Lankidetzan 2019ko programaren kudeaketarako eta dagozkion errekurtsoak gauzatzeko beharrezkoa den adinako epean.

3.– Bildutako datu pertsonalak kontaktuen fitxategi batean sartuko dira, eskatzaileak horretarako baimena ematen badu. Fitxategi horren arduraduna Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria Zuzendaritza da, eta bere programei eta zerbitzuei buruzko informazioa igortzeko baino ez ditu erabiliko.

4.– Deialdi honetara biltzen direnek baimena ematen diote Gazteria Zuzendaritzari datu pertsonal horiek programan parte hartzen duten GGKEei jakinarazteko, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa kudeatze eta egikaritze aldera. Era berean, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartuko duten lagunek baimena ematen diote Gazteria Zuzendaritzari euren datu pertsonalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Osasun Ministerioko Kanpo Osasuneko Zuzendariordetza Nagusiari jakinaraz diezazkien, preskribatutako txertoak emate aldera bakarrik.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egoki egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetan aipatzen diren laguntzen ebazpena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 14a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala