Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

236. zk., 2018ko abenduaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
6023

EBAZPENA, 2018ko azaroaren 9koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez aholkularitza-erakundeentzako deialdi bat egiten baita gizon eta emakumeen berdintasunaren arloan enpresa eta erakundeei laguntza teknikoa emateko homologazioa lor dezaten.

Ekainaren 8ko 105/2004 Dekretuaren bidez, arautu zen nola homologatu gizon eta emakumeen berdintasunaren arloan enpresa eta erakundeei laguntza teknikoa ematen dieten aholkularitza-erakundeak, hain zuzen ere erakunde horien aholkularitza-zerbitzuen kalitatea, eraginkortasuna eta profesionaltasuna bermatzeko. Dekretu horren 4. artikuluak xedatzen duenez, deialdian zehaztuko da zein den xedea, non eta nola aurkeztu behar diren eskabideak, zein den eskabide-eredua eta zer dokumentu erantsi behar zaizkion.

Lehenengo deialditik 14 urte igaro direnez gero, ezinbestekoa da deialdiaren edukia eta diseinua egokitzea. Lehenengo eta behin, beharrezkoa baita teknologia egokitzea: ezinbestekoa da plataforma elektroniko bat izatea, herritarren eskaerak bideratuko dituena. Eta, bigarrenik, testua egokitu behar baita indarrean jarri diren lege ugarietara, hala nola administrazio-prozedura arautzen duten legeak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, edo otsailaren 11ko 11/2014 Dekretua, «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea» aitorpena arautzen duena.

Aipatutako 105/2004 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, adierazitako homologazioaren deialdia egin behar da.

Hori dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da deialdi bat egitea, aholkularitza-enpresa eta -erakundeen homologazio-prozesua bideratzeko, enpresa eta erakunde horiek homologatutako aholkulari bihur daitezen eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan laguntza teknikoa eman diezaieten beste enpresa eta erakunde batzuei, betiere ekainaren 8ko 105/2004 Dekretuari jarraituz (dekretu horren bidez, arautu zen nola homologatu gizon eta emakumeen berdintasunaren arloan enpresa eta erakundeei laguntza teknikoa ematen dieten aholkularitza-erakundeak).

2. artikulua.– Eskabideak aurkezteko tokia eta modua.

1.– Bide elektronikoz nahiz presentzialez aurkeztu ahal izango dituzte interesdunek eskabideak, bai eta prozedura honetako kontsultak eta izapide guztiak ere, zuzenean Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan (Manuel Iradier 36, 01005 Vitoria-Gasteiz), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16 artikuluan aurreikusitako organoetan.

Pertsona juridiko interesdunek, administrazio publikoekiko harremanak bide elektronikoz izatera behartuta dauden gainerako guztiek bezala, bide elektronikoa erabiliz aurkeztu beharko dituzte eskabideak, hala adierazten baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan.

Interesdunek, eskabideekin batera, NANaren kopia aurkeztu beharko dute, edo, halakorik ezean, baimena eman beharko diote Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari datuak bil ditzan elektronikoki. Interesdunek ez dute zertan Eusko Jaurlaritzaren esku dauden datuak eta agiriak aurkeztu. Eskubide horretaz baliatzen direnean, baimena ematen diote Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari datu edo dokumentu horiek dauden organoetatik eskuratzeko. Bitarteko elektronikoen bidez ere baliatu ahal izango da eskubide horretaz.

Gainera, onartutako egiaztagiri elektroniko bat izan behar dute interesdunek, prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izateko. https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/y22-izapide2/eu/

Posta-bulegoaren bidez aurkezten diren eskabideak kartazal irekian jarri behar dira, egiaztatu aurretik posta-zerbitzuko funtzionarioek eguna eta zigilua jartzeko. Hala egin ezean, eskabidea dagokion bulego publikoan noiz sartzen den, egun horretan aurkeztutzat joko da.

– Eskabideak bide elektronikoz aurkezteko, euskadi.eus-eko egoitza elektroniko hau erabili beharko da: https://www.euskadi.eus/baimena/aholkulari-homologatuak/y22-izapide/eu

– Honako egoitza elektroniko honetan eskuratu daitezke argibideak, jakiteko nola izapidetu modu presentzialez nahiz bide elektronikoz eskabide-eredua, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak: https://www.euskadi.eus/baimena/aholkulari-homologatuak/y22-izapide/eu

– Eskaeraren ondorengo izapideak, bide elektronikoz, helbide honetan egingo dira: https://euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, presentziala edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen bide bera erabiltzera aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko –salbu eta bide elektronikoa erabiltzera behartuta egonez gero–, eta edozein momentutan ere alda daiteke aukeratutako bidea.

3.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten moduan. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, hala xedatuta baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.

4.– Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko lana aitortzeko aurkezten diren hautagaiek –erakunde zein pertsona– ez dute izan behar zigor penal edo administratiborik sexu-bazterkeriagatik, eta ez dute egon behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean, bereziki sexu-diskriminazioagatik gertatutakoa bada.

5.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, beharrezkoa dela iritziz gero, informazio gehiago eska dezake.

3. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Eskabideak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari zuzendu behar zaizkio, eta, haiekin batera, agiri, erantzukizunpeko adierazpen eta baimen hauek aurkeztuko dira:

a) Erakundea edo enpresa identifikatzeko datuak: izena, helbide soziala, legezko ordezkaria, lantokiak, telefonoa eta helbide elektronikoa.

b) Pertsona juridikoen eta, oro har, erakundeen txartelaren kopia.

c) Eskatzaileak ematen dituen zerbitzuen katalogoa.

d) Memoria bat, 105/2004 Dekretuaren 2.b) artikuluan jasotako arloetan aholkularitza-lanak egiten izandako ibilbidea eta esperientzia bilduta, erreferentzia-zerrenda batekin batera.

e) 105/2004 Dekretuaren 2.c) artikuluan zehazten diren langileen lan-kontratuen kopia, eta Gizarte Segurantzako kotizazio-buletinen kopiak, eskaera egiten den egunaren aurreko bi hilabeteei dagozkienak. Zehaztu beharko da, halaber, langile horiek zer toki duten enpresaren edo erakundearen organigraman. Eskatzaileak, pertsona fisikoa baldin bada, Gizarte Segurantzaren eta Ogasunaren alta-agiria aurkeztu beharko du.

f) Dekretuaren 2.c) artikuluan aipatzen diren langileen zerrenda eta curriculum vitaea, prestakuntza eta esperientzia egiaztatuta.

g) Esku hartzeko proiektua, 105/2004 Dekretuaren 2.f) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Hartan, zehaztuko da nolako laguntza eta aholkularitza-lana garatuko den beste enpresa batzuekin, nola bultzatu eta garatuko diren ekintza positiboko neurriak eta nola txertatuko den genero ikuspegia bai pertsonak kudeatzeko politikan, bai produktu eta zerbitzuen garapenean.

Proiektuan argi eta zehatz azalduko dira, batetik, enpresa batean emakume eta gizonen berdintasuneko diagnostiko bat egiteko laguntza prozesuaren deskribapena, gutxienez honakoak bilduko dituena: helburuak, metodologia, erabili beharreko teknikak, aztertu beharreko aldaerak, beharrezko baliabideak, tenporizazioa eta aurreikusitako aurrekontua; eta, bestetik, berdintasun-plan bat diseinatzeko, ezartzeko eta ebaluatzeko laguntza prozesuaren deskribapena, gutxienez, honako hauek barnean hartuta: helburuak, metodologia, erabili beharreko teknikak, beharrezko baliabideak, ebaluazio irizpide eta tresnak, tenporizazioa eta aurreikusitako aurrekontua.

h) «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea»ren aitorpena lortu ez duten enpresa eta erakundeek langile-egituraren organigrama nominala aurkeztu beharko dute, eta, han, honako hauek zehaztu: lanpostua, kontratu-mota, antzinatasuna eta titulazio akademikoa.

i) Erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita berdintasun-printzipioa betetzen dela barne-antolamenduan eta zerbitzuen prestazioan, eta aurrerantzean ere betetzen jarraitzeko konpromisoa dutela.

j) Erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen direla dioena.

k) Berariaz baimena ematea administrazio publikoaren esku dauden dokumentuak kontsultatzeko, baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan jasotako eskubidea baliatu nahi bada.

2.– Dokumentazio horren jatorrizko agiriak –eskaneatuak eta elektronikoki izenpetuak– web-orri honen bidez bidaliko dira: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Ez da beharrezkoa izango dagoeneko aurkeztuta dagoen dokumentazioa aurkeztea, baldin eta adierazten bada noiz eta zer prozeduratan aurkeztu zen eta, gainera, berariaz baimena eman bada dokumentazio hori kontsultatzeko.

4. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Homologaziorako eskabideak behar bezala betetzen ez badira, edo 3. artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek interesdunari eskatuko dio falta den agiria aurkezteko edo atzemandako hutsa zuzentzeko, eta, horretarako, hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Horrez gainera, interesdunari ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa bete ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta, horretarako, aurretiaz, ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

5. artikulua.– Ebazpena.

1.– Ebaluazio Batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak, eta, horretarako, oinarri hartuko du ekainaren 8ko 105/2004 Dekretuaren 5. artikuluan xedatutako irizpideak; ondoren, proposamena helaraziko dio Emakundeko zuzendariari. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie eskatzaileei. Halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, horren berri denek izan dezaten.

2.– Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe horretan enpresari edo erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskaera ezetsi dela ulertu beharko da, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan.

3.– Erregistroan inskribatuko beharko dira homologazio-ebazpenak, haietan bildutako datuak eta homologazioei buruzko gorabehera aipagarri guztiak jasota.

6. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen fitxategi automatizatu batean sartuko dira; xedapen hauen arabera arautuko da fitxategi hori: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa eta datu pertsonalak babesteari buruzko 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra), eta Lehendakariaren otsailaren 25eko 8/2016 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baitira Lehendakaritzaren eta zenbait erakunde autonomoren (Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua) datu pertsonalak.

Emakundek sustatzen dituen deialdiak kudeatzeko baino ez da erabiliko fitxategi hori, botere publikoen jardunari dagokion eginkizun bat betetzeko. Interesdunek datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, mugatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, eta erregelamenduan jasotako beste edozein; horretarako, idazki bat bidali beharko dute Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundera (Manuel Iradier kalea 36, 01005 Gasteiz). Datuok ez zaizkio hirugarrenei emango, legeak horretara behartu ezean, eta ez dira hirugarren herrialdeetara transferituko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan aipatzen diren homologazioak xedapen hauen bidez arautzen dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta ekainaren 8ko 105/2004 Dekretua, zeinaren bidez arautu baitzen nola homologatu gizon eta emakumeen berdintasunaren arloan enpresa eta erakundeei laguntza teknikoa ematen dieten aholkularitza-erakundeak (abenduaren 28ko 348/2010 Dekretuaren bidez aldatu zen 105/2004 Dekretua, zeinaren bidez arautu baitzen nola homologatu gizon eta emakumeen berdintasunaren arloan enpresa eta erakundeei laguntza teknikoa ematen dieten aholkularitza-erakundeak).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 9a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.


Azterketa dokumentala