Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2018ko abenduaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
6006

158/2018 EBAZPENA, azaroaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu zerbitzuaren eta Izenpe SA ziurtapen eta zerbitzu enpresaren arteko lankidetza-akordioaren Aldaketa- eta luzapen-eranskina, datu biometrikoen atzipenean oinarritutako identifikazio-bitarteko elektronikoen proiektu pilotua hedatzeko.

Lanbide-Euskal Enplegu zerbitzuak akordio hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Izenpe SA ziurtapen eta zerbitzu enpresaren artean sinatutako lankidetza-akordioaren Aldaketa- eta luzapen-eranskinaren testua, datu biometrikoen atzipenean oinarritutako identifikazio-bitarteko elektronikoen proiektu pilotua hedatzeko. Honen eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 27a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 27KO 158/2018 EBAZPENARENA
ALDAKETA- ETA LUZAPEN-ERANSKINA, LANKIDETZA-AKORDIO EDO -HITZARMEN HONENA: LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREN ETA ZIURTAPEN ETA ZERBITZU ENPRESA-EMPRESA DE CERTIFICACIÓN Y SERVICIOS, IZENPE, S.A.–REN ARTEKOA, DATU BIOMETRIKOEN ATZIPENEAN OINARRITUTAKO IDENTIFIKAZIO-BITARTEKO ELEKTRONIKOAK MARTXAN JARTZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 15a.

HONAKO HAUEK ELKARTU DIRA:

Alde batetik, Beatriz Artolazabal Albeniz andrea, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoko presidente gisa, organismo horren izenean eta hura ordezkatuz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 9 c) artikuluan ezarritakoaren arabera esleitutako eskumenak baliatuz.

Aurrerantzean, Lanbide.

Bestetik, Izaskun Urrestarazu Amondarain andrea, Ziurtapen eta Zerbitzu Enpresa-Empresa de Certificación y Servicios, Izenpe, S.A-ren izenean eta hura ordezkatuz.

Zuzendaria delako ditu ahalmenak, 2016ko martxoaren 21ean Gasteizko notario Alfredo Pérez Ávila jaunaren aurrean (bere protokoloko 773 zenbakiarekin) emandako ahalorde-eskritura betez (behar bezala inskribatua Arabako Merkataritza Erregistroan, 1541. liburukian, 79. folioan, VI-8926 orrian).

Aurrerantzean, Izenpe.

Bi aldeek aitortu diote elkarri hitzarmen hau izenpetzeko gaitasun juridikoa, eta, hala,

HAU AZALTZEN DUTE:

1.– 2017ko urriaren 26an, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Izenpek lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten datu biometrikoen atzipenean oinarritutako identifikazio-bitarteko elektronikoak martxan jartzeko. Horren bitartez, Lanbide Izenperen Erregistro Erakunde bihurtu zen B@K eta B@K Q sinadura elektronikoko eta identifikazio digitaleko bitartekoak igortzeko.

2.– Hitzarmen horren hirugarren klausulan ezarritakoarekin bat etorriz, hitzarmenak urtebeteko iraupena du, eta aldi bererako luza daiteke (gehienez beste lau urtez) aldeak ados jarriz gero. Luzapenak hitzarmenaren indarraldia amaitu baino lehen formalizatu beharko dira.

3.– Hamaikagarren klausulak hitzarmena aldatzeko aukera ematen du, indarrean dagoen bitartean, eta eginiko aldaketak hitzarmenean sartu behar dira, eranskin gisa.

2018ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena (Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra; aurrerantzean, DBEO). Horri jarraikiz, zazpigarren klausularen idatzia araudi berrira egokitu behar da.

4.– Lanbidek eta Izenpek 2017ko urriaren 26ko hitzarmena luzatzeko eta aldatzeko eranskin hau formalizatu nahi dute. Hain zuzen, urtebetez luzatu nahi dute, ezarritako lankidetzarekin jarraitzeko.

Hori horrela, bi aldeek hau

ADOSTEN DUTE:

Lehenengoa.– Datuak babesteari buruzko zazpigarren klausula aldatzea. Hain zuzen, honela idatzita geratuko da:

1.– Izenpe izango da identifikazio-bitartekoen eskatzaileak helarazitako datuen tratamenduaren arduraduna, eta zerbitzu hori identifikatzen du tratamendu honen arloan:

– Tratamendua: faktore biometrikoetan oinarritutako identifikazio-bitartekoen kudeaketa.

– Tratamenduaren helburu diren datuak: Identifikazio-datuak. Datuen kategoria bereziak: datu biometrikoak.

– Gordetzeko aldia: 7/15 urte, kualifikatu gabeko/kualifikatutako identifikazio-bitartekoaren arabera, eskaera formalizatzen den unetik.

2.– Lanbidek Erregistro Erakunde gisa jarduten duenean, eskatzaileak helarazitako datu pertsonalen tratamendu-eragilea izango da.

Tratamendu hori izango da datuak jasotzea eta baliozkotzea, eta, ondoren, Izenperi bidaltzea.

Zerbitzu hori emateko, Izenpek beharrezkoak diren aplikazioetarako sarbidea emango dio Lanbideri.

3.– Lanbidek eta haren langileek honako betebehar hauek hartzen dituzte:

a) Tratamenduaren helburuko datu pertsonalak, edo sartzeko biltzen dituztenak, hitzarmen honen xederako soilik erabiltzea.

Inolaz ere ezingo dira erabili xede propioetarako.

b) Datuak Izenpek zehaztutakoaren arabera tratatzea.

Lanbidek irizten badio instrukzioetakoren batek urratzen duela DBEO edo Europar Batasuneko edo estatu kideetako datuak babestearen arloko beste xedapenen bat, horren berri emango dio berehala Izenperi.

c) Sekretua gorde beharrari eustea hitzarmen honen bidez eskuratutako datu pertsonalei buruz, bai eta helburua edo xedea amaitu ondoren ere.

d) Bermatzea datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsona guztiek konpromisoa hartzen dutela, berariaz eta idatziz, konfidentzialtasuna errespetatzeko eta segurtasun-neurriak betetzeko. Horretarako, neurri horien berri eman beharko zaie, era egokian.

e) Izenperen eskura jartzea aurreko apartatuan ezarritako eginbeharra betetzen dela egiaztatzen duten agiriak.

f) Bermatzea datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek badutela datu pertsonalen babesaren arloan beharrezkoa den prestakuntza.

g) Gaiak ukitutako pertsonek zenbait eskubide –datuak eskuratzea, zuzentzea, baliogabetzea eta aurkaratzea, datuen tratamendua mugatzea, datuak lekualdatzea eta erabaki indibidualizatu automatizatuen xede ez izatea– baliatzen dituztenean tratamendu-eragilearen aurrean, azken horrek hori komunikatu beharko du, posta elektronikoz, helbide honetara: info@izenpe.com

Jakinarazpena berehala egin behar da eta inoiz ez eskaera jasotzen den egunaren hurrengo laneguna baino geroago. Horrekin batera, hala badagokio, eskaera ebazteko garrantzitsuak izan daitezkeen beste informazio batzuk ere bidali beharko dira.

Izenperi dagokio, ziurtagiriaren eskaera-formularioen bitartez, informazio-eskubidea erraztea datuak biltzeko unean.

h) Datuen segurtasuna urratu izanaren jakinarazpena.

Tratamendu-eragileak tratamenduaren arduradunari jakinaraziko dio, bidegabeko atzerapenik gabe, eta nolanahi ere 24 orduko gehieneko epea igaro aurretik (info@izenpe.com helbidearen edo 902 542 542 telefono-zenbakiaren bitartez), ardurapean dituen datu pertsonalen segurtasunaren urraketak, halakoren baten berririk badu, segurtasun-intzidentzia dokumentatzeko eta jakinarazteko garrantzitsua den informazio guztiarekin batera.

Jakinarazpena ez da beharrezkoa izango, baldin eta gertagaitza bada segurtasun-urraketa hori pertsona fisikoen eskubide eta askatasunetarako arriskutsua izatea.

Honako informazio hau emango da gutxienez, horrelakorik izanez gero:

– Datu pertsonalen urraketaren izaeraren deskribapena, bai eta, ahal bada, ukitutako interesdunen kategoriak eta gutxi gorabeherako kopurua eta ukitutako datu pertsonalen erregistroen kategoriak eta gutxi gorabeherako kopurua ere.

– Datuak babesteko ordezkariaren izena eta harremanetarako datuak, edo informazio gehiago eman dezakeen beste harremangune batenak.

– Datu pertsonalen segurtasuna urratzeak izan ditzakeen ondorioen deskribapena.

– Datu pertsonalen segurtasunaren urraketa konpontzeko hartu diren edo proposatu diren neurrien deskribapena; neurri horien artean egongo dira, hala badagokio, urraketaren ondorio negatiboak gutxitzeko neurriak.

Informazio guztia batera ematea ezinezkoa bada, eta ezintasun horren neurrian, informazioa mailaka emango da, atzerapen bidegaberik gabe.

Tratamendu-eragileari dagokio datuen segurtasunaren urraketak Datuak Babesteko Agintaritzari komunikatzea.

Komunikazioak honako informazio hau izango du gutxienez:

– Datu pertsonalen urraketaren izaeraren deskribapena, bai eta, ahal bada, ukitutako interesdunen kategoriak eta gutxi gorabeherako kopurua eta ukitutako datu pertsonalen erregistroen kategoriak eta gutxi gorabeherako kopurua ere.

– Datuak babesteko ordezkariaren izena eta harremanetarako datuak, edo informazio gehiago eman dezakeen beste harremangune batenak.

– Datu pertsonalen segurtasuna urratzeak izan ditzakeen ondorioen deskribapena.

– Datu pertsonalen segurtasunaren urraketa konpontzeko hartu diren edo proposatu diren neurriak; neurri horien artean egongo dira, hala badagokio, urraketaren ondorio negatiboak gutxitzeko neurriak.

Informazio guztia batera ematea ezinezkoa bada, eta ezintasun horren neurrian, informazioa mailaka emango da, atzerapen bidegaberik gabe.

i) Izenperi laguntza ematea kontrol-agintaritzari aurretiazko kontsultak egiteko, hala dagokionean.

j) Izenperen eskura jartzea eginbeharrak betetzen dituela frogatzeko behar den informazio guztia, bai eta arduradunak berak edo hark baimendutako beste auditore batek auditoriak edo ikuskapenak egiteko behar dena ere.

k) Segurtasun-neurri hauek ezartzea:

– Identitatea hasiera batean baliozkotzea.

– Izenpetzailearen identitatea ziurtatzea eta egiaztatzea ziurtagiriaren eskaerak zehatzak, baimenduak eta osoak direla, jasotako ebidentziaren edo identitatearen lekukotasunaren arabera.

– Igorpena, berritzea edo baliogabetzea kudeatzen zaien ziurtagiriei buruzko informazio eta dokumentazio osoa gordetzea.

– Izenperi jakinaraztea, behar besteko diligentziarekin, ziurtagirien baliogabetze-eskaerak, azkar eta modu fidagarrian.

– Izenperi baimena ematea artxiboetarako eta prozeduren auditoretzarako irispidea izan dezan bere funtzioak betetzean eta funtzio horietarako beharrezkoa den informazioa mantentzean.

– Hauen berri ematea Izenperi: igorpen- eta baliogabetze-eskaerak, bai eta hark igorritako ziurtagiriei eragiten dien beste edozein alderdi ere.

– Ziurtagirien igorpena, berritzea edo baliogabetzea kudeatzeko funtzioak egitean Izenpek eta indarrean dagoen legediak arlo horretan ezarritako prozedurak betetzea.

– Segurtasun-araudia eta -estandarrak betetzea (DBEO, ISO, ETSI).

– Ziurtagiri-eskaerak prozesatzea.

– Erregistro-datuak modu seguruan trukatuko dira eta soilik aitortutako erregistro-zerbitzuen hornitzaileekin, baldin eta horien identitatea autentifikatuta badago.

– Langileen kontrolak.

– Operadoreek eragiketen fidagarritasuna babesten dutela bermatzea.

– Eskainitako zerbitzuen arabera, beharrezkoa den ezagutza, fidagarritasuna, esperientzia eta kalifikazioa duten eta datu pertsonalen segurtasunari eta babesari buruzko arauei buruzko informazioa jaso duten langileak erabiliko dira.

– Eragiketen segurtasuna.

– Sistema eta produktu fidagarriak erabiliko dira, aldaketen aurka babestuta egongo direnak eta eusten dieten prozesuen fidagarritasuna eta segurtasun teknikoa ziurtatzen dutenak.

– Sistemen osotasunak eta informazioak babestuta egon behar du birus, software gaizto eta ez baimenduen aurka.

– Sistemetan erabilitako bitartekoak era seguruan maneiatu behar dira, kalteen, lapurreten, baimendu gabeko sarbideen eta zaharkitzearen aurka babesteko.

– Prozedurak zehaztu eta aplikatu beharko dira honako hau bermatzeko:

1.– Segurtasun-adabakiak zentzuzko denbora-tarte batean aplikatzen direla, eskuragarri egon ondoren.

2.– Segurtasun-adabakiak ez direla aplikatzen horiek aplikatzearen onurak gainditzen dituzten ahulezia edo ezegonkortasun gehigarriak sartzen badituzte.

3.– Segurtasun-adabakirik ez aplikatzeko arrazoiak dokumentatzen direla.

– Sare-segurtasuna.

– Sarea eta sistemak babestuko dira erasoetatik.

– Datu pertsonalak baimenik gabe edo legez kanpo tratatzearen aurka eta datu pertsonalak istripuz galtzearen edo suntsitzearen aurka neurri tekniko eta antolakuntza-neurri egokiak hartuko dira.

Nolanahi ere, helburu hauek lortzeko mekanismoak ezarri beharko dira:

– Tratamendu-sistemen eta -zerbitzuen konfidentzialtasun, osotasun, erabilgarritasun eta erresilientzia iraunkorra bermatzea.

– Intzidente fisiko edo teknikorik izanez gero, datu pertsonalak berriro erabilgarri eta irispidean azkar jartzea.

– Aldian-aldian egiaztatzea, ebaluatzea eta baloratzea tratamenduaren segurtasuna bermatzen duten neurri tekniko eta antolatzaileen eraginkortasuna.

– Datu pertsonalak pseudonimizatzea eta zifratzea, hala badagokio.

l) Datuen norakoa.

Datuak suntsitzea, zerbitzua bete ondoren.

Datuak suntsitu ondoren, Izenpek idatziz ziurtatu beharko du datuak suntsitu dituela, ziurtagiria entregatuz tratamenduaren arduradunari.

Nolanahi ere, Izenpek kopia bat gorde dezake, datuak behar bezala blokeatuta, zerbitzua gauzatzetik erantzukizunak erator daitezkeen bitartean.

Bigarrena.– Urtebetez luzatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Izenperen arteko lankidetza-hitzarmena, datu biometrikoen atzipenean oinarritutako identifikazio-bitarteko elektronikoak martxan jartzeko. Horren bitartez, Lanbidek Izenperen Erregistro Erakunde gisa jarduten du B@K eta B@K Q sinadura elektronikoko eta identifikazio digitaleko bitartekoak igortzeko.

Luzapen honek 2018ko urriaren 26tik aurrera izango ditu ondoreak, eta egun horretatik hasi eta urtebeteko iraupena izango du. Hitzarmena berriro luzatzeko eta/edo luzapen hau amaitzeko, lankidetza-hitzarmenaren hirugarren klausulan ezarritakoa bete beharko da.

Eta ados daudela erakusteko eta dagozkion ondoreak izan ditzan, luzapenari buruzko eranskin hau sinatzen dute hasieran adierazitako lekuan eta datan.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko presidentea,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Ziurtapen eta Zerbitzu Enpresa-Empresa de Certificación y Servicios Izenpe, S.A.,

IZASKUN URRESTARAZU AMONDARAIN.


Azterketa dokumentala