Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

232. zk., 2018ko abenduaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5939

AGINDUA, 2018ko azaroaren 21ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, EAEko landa- eta itsasertz-eremuak dinamizatzeko gizarte-ekitaldietarako 2018. urterako laguntzak iragartzen dituena minimis araubidearen barnean.

Nekazaritza- eta arrantza-jarduerak alde batera utzi dira eta landa- eta itsasertz-eremuek ez dute belaunaldi-erreleborik; horiek behar bezala jorratu beharreko gaiak dira, lurralde horietan bizi diren herritarren premiei eragiten dieten eremu guztietan. Zentzu horretan, oso garrantzitsua da landa- eta itsasertz-eremuak biziberritzeko gizarte-ekitaldiak egitea.

Gizarte-ekitaldiek zeharkako izaera eskaintzen diote landa- eta itsasertz-eremuari, eta gizarte- eta ekonomia-arloak zeharkatzeko gai diren energia endogenoak sortzeko eta askatzeko gai dira. Horregatik, behar-beharrezkoa da gizarte-kohesioa eta identitatea, eta herri edo landa- edo itsasertz-eremu bateko kide izatearen sentimendua azpimarratzea, eta gizarte-ekitaldiak elementu intrintseko eta aglutinatzaile bat dira. Hori dela-eta, oso garrantzitsua da landa- eta itsasertz-eremua dinamizatzeko gizarte-ekitaldiak sustatzea nekazaritza-jarduera alde batera utzi eta belaunaldien erreleborik eza aukeraren terminoetan jorratzen diren bitartean, arazoari aurre egiteko modu berriak ahalbidetzeko, gizarte-arloan oinarrituz; antolakuntza-diseinu malgu batean oinarritzen diren eredu ekonomiko berrien barnean egin behar dira, ekimena eta lidergo pertsonala (ekintzailetza) eta sare irekiak (Internet, lankidetza-plataformak) konbinatuz.

Laguntzen programa berri honen bitartez, landa eta itsasertzeko udalerriei bizia eman eta horietan jarduerak egin daitezela sustatu nahi da, orain arte, ekitaldi gehienak hiri-eremuetan egin baitira; horregatik, oso garrantzitsua da ahalegin bat egin eta ekitaldi horiek landa eta itsasertzeko eremuetara eramatea. Era berean, landa-garapenerako laguntzak areagotzeko aukera bat izango litzateke, diziplina anitzeko ikuspuntu berri batetik. Landa- eta itsasertz-eremuetan bizi-kalitate altua mantentzearen helburu estrategikoan kokatuko litzateke zerbitzuei eta ekipamenduei dagokienez.

Horrela, bada, Agindu honen xedea da, 2018rako, gizarte-ekitaldiak sustatzeko laguntzak bideratzea, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) landa- eta itsasertz-eremuak dinamizatzeko.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei. Era berean, Agindu honetan aipatutako diru-laguntzak honako hauetan xedatutakoaren menpe egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia, azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

Bestalde, 1/2011 Legegintzako Dekretuak eta 5/2017 Legeak ahalbidetu egiten dute aurtengo ekitaldirako laguntzetarako deialdia egitea (maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren bitartez, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen da, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatuko zaien aurrekontu-erregimena arautzen da; abenduaren 22ko 9/2015 Legearen bidez, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dira).

Horien arabera:

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da, 2018rako, gizarte-ekitaldiak sustatzeko laguntzak bideratzea, Euskal Autonomia Erkidegoan landa- eta itsasertz-eremua dinamizatzeko, betiere honako helburu hauetakoren bat lortzen laguntzen badute:

a) Sektore pribatuaren eta publikoaren partaidetza sustatzea landa- eta itsasertz-eremuko gizarte-ekitaldiak finantzatzeko orduan.

b) Gizarte-ekitaldi berriak sustatzea eta landa- eta itsasertz-eremuan inpaktu positibo esanguratsua dutenak finkatzea.

Bigarrena.– Pertsona onuradunak.

1.– EAEko landa- edo itsasertz-eremuetan gizarte-ekitaldiak sustatzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko pribatuek edo publikoek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek.

2.– Laguntza hauen onuradun izateko, eskabidea egiten duten pertsona fisikoek edo juridikoek honako betekizun orokor hauek bete beharko dituzte:

– Diruz lagundutako jarduera EAEko landa- edo itsasertz-eremu batean garatzea, Agindu honetako I. eranskinean zehaztutako G1etik G6ra eta L1etik L7ra arteko landatartasun/itsasertzekotasun-mailako eremuen arabera.

– Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

– Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez. Hala bada, laguntza ematen duen erakundearen identitatea eta laguntzaren zenbatekoa jakinarazi beharko dira.

Era berean, jakinarazpen horrekin batera berariazko adierazpen bat egin beharko da aurreko bi zerga-ekitaldietan eta abian den ekitaldian zehar jasotako gainerako minimis laguntzei dagokienez.

– Pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea eta dagokion Erregistroan inskribatuta egotea.

3.– Onuradun izan ezin daitezkeenak:

– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean daudenak.

– Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen epai irmoren batekin zigortuta edo kondenatuta daudenak, eta horretarako legezko debekuren bat egiten dutenak, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

– Konkurtso-deklarazioa eskatu dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo direnak edo konkurtsoan deklaratuta egon direnak, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean badaude edo desgaitu egin badira, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza izan, kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean sartuta daudenak, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat izatea, horietan ezarritako baldintzetan.

– Zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean dutenak.

– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan aipatzen diren arau-hausteen zigorra ezarri zaienak eta Eusko Legebiltzarraren emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan jasotako egoerak betetzen ez dituztenak.

– Krisialdian dauden enpresak, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

– Berreskuratze-agindu baten menpe daudenak, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

– Elkarteen kasuan, elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta daudenak. Eta inskribatzeko administrazio-prozedura eten ez izana, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzeagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, harik eta ebazpen judizial irmoa egon arte; kasu horretan, dagokion inskripzioa egin ahal izango da, dagokion erregistroan.

Hirugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira gizarte izaerako ekitaldiak, horiek nekazaritza-jarduerarekin lotuta ez badaude eta landa-eremuan eragin dinamizatzailea badute. Diru-laguntza horietatik kanpo geratuko dira mota guztietako azokak. Honako ekitaldi hauek diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte: lehiaketek, jardunaldiek, eztabaidek, tailerrek, txapelketek, konferentziek eta erakusketek.

2.– Deialdi honen babespean, ekitaldi batek bakarrik jaso ahal izango du diru-laguntza eskatzaile bakoitzeko, eta eskatzaile bakar batek ekitaldi bakoitzeko.

3.– Diruz lagundu ahal izango dira deialdi honen laguntzak jaso dituzten jardueretan egin diren gastuak, 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra.

Diruz laguntzeko moduko gastu gisa hartuko dira laguntzaren xede diren jarduerak gauzatzeko zuzenean sortu diren gastu guztiak, betiere jardueraren exekuzio-epean zehar. Horiek modu egokian zerrendatu eta kuantifikatu beharko dira, eta justifikazio-epea amaitu baino lehen ordainduta egon behar dute. Izaera enuntziatiboz eta ez murriztailez, honako hauek gaineratzen dira:

a) Aurkeztutako jarduerarekin berariaz lotuta dauden langileen gastuak.

b) Ekitaldia eta jarduerak gauzatzeko zerbitzu profesionalen errentamendua.

c) Lokalen alokairuak (erakunde onuradunaren egoitza sozialaren alokairua kanpo).

d) Ekitaldiak eta jarduerak gauzatzeko zerbitzu teknikoak.

e) Laguntzaren xede diren ekitaldien publizitatearekin eta hedapenarekin lotutako gastuak.

4.– Jarduerarekin lotutako kapital-inbertsioak edo -gastuak, zergak eta tributuak ez dira inola ere diruz laguntzeko moduko gastuak izango.

5.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

Laugarrena.– Diruz lagundutako jarduera azpikontratatzea.

1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araubidea onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, ulertzen da onuradun azpikontratatzaileak hirugarrenekin hitzartzen duela diru-laguntzaren helburua eratzen duen jardueraren exekuzio osoa edo partziala. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen dira onuradunak diru-laguntza jaso duen jarduera bere kontura gauzatu ahal izateko egin behar dituen gastuak.

2.– Onuradunaren aurrean baino ez daude behartuta kontratistak, eta onuradunak osorik bereganatuko du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen ardura.

3.– Aurreko zenbakian jasotakoa betetzeko, pertsona onuradunei dagokie ziurtatzea, diruz lagunduko den jarduera gauzatzea hirugarrenekin hitzartuz gero, dekretu honek ezarritako mugak berdin errespetatuko direla diruz lagundu daitezkeen gastuen zenbatekoari eta izaerari dagokienez; kontratistek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluan adierazitako lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituztela behar bezala egiaztatzeko aukera eman.

4.– Onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueren exekuzio osoa edo partziala hitzartu azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan gaineratutako debekuekin loturaren bat duten pertsonekin.

Bosgarrena.– Diru-laguntzen zenbatekoa, mugak eta bateragarritasuna.

1.– Laguntza horien zenbatekoak ez du jardueraren kostu osoaren % 70 gaindituko, eta ez da 20.000 eurotik gorakoa izango.

2.– Laguntza bakoitzaren zenbatekoa zehazteko orduan, Seigarren Ebazten dut atalean lortutako puntuazioaren eta pertsona onuradunak eskatutako kantitatearen arteko proportzionaltasun zuzena hartuko da kontuan, betiere honako taula honetan zehaztutako mugak errespetatuz:

(Ikus .PDF)

3.– Diru-laguntzaren zenbatekoak –nazioko edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuen edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuen laguntzekin edo diru-laguntzekin batera– ezin izango du onuradunak egin beharreko jardueraren kostua gainditu.

4.– Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei.

5.– Laguntza horiek bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuek helburu berarekin ematen dituztenekin, guztien artean diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada. Hala izanez gero, Agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak laguntzaren xede den jardueraren kostu errealera gutxituko dira.

Dena den, ez dira bateragarriak izango Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak deitutako gainerako laguntzekin.

6.– Era berean, laguntza hauek batu ahal izango zaizkie beste administrazio publiko batzuek, Agindu honetakoak ez diren xedeekin, onuradun berdinei emandako minimis laguntzei; halere, guztien artean ez dute 200.000 euroko laguntza gaindituko, onuradun bakoitzeko eta 2016ko, 2017ko eta 2018ko zerga-ekitaldietan, 1407/2013 Erregelamenduak ezarritakoari jarraikiz. Hala izanez gero, Agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak gutxituko dira gehieneneko atalase horretara egokitu arte.

Seigarrena.– Finantzaketa eta emateko prozedura.

1.– Agindu honen arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura, 2018ko ekitaldian, eman beharreko laguntzen zenbateko maximoak 200.000 euro egiten ditu.

2.– Laguntza horiek emateko prozedura segidako konkurrentzia bidezkoa izango da eta, beraz, espedienteak eskaerak aurkeztu diren ordenaren arabera aztertu eta izapidetuko dira; horiek behar bezala formulatu eta osatu diren ordenaren arabera ebatziko dira.

3.– Laguntza horietara xedaturiko aurrekontua agortuz gero, egoeraren berri emango da Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

Dagoeneko aurkeztu diren eta izapide-fasean dauden eskaerak, esleitutako aurrekontu-zuzkidura agortzeagatik erantzun ezin direnak, ezetsi egingo dira arrazoi hori dela eta, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpenaren bidez.

4.– Aurkeztutako jarduera bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoa zehazteko orduan, aurkeztutako eskaerak baloratuko dira. Horiei hurrengo apartatuan aurreikusitako irizpideak eta balorazioa aplikatuko zaizkie.

Aurkeztutako eskaerak baloratzeko, honako puntuazio-baremo hau aplikatuko da:

(Ikus .PDF)

Zazpigarrena.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Laguntza-eskaerak Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariari bideratuko zaizkio eta aurkezteko epea Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta ondorio horietarako bideratu den aurrekontua agortzen den momentuan amaituko da. Kasu horretan, Ebazten dut honen artikuluko 6. apartatuan xedatutakoa errespetatu beharko da. Edonola ere, eta aurrekontua izanda ere, laguntza-eskaerak aurkezteko epea 2018ko abenduaren 21ean amaituko da. Eskaerari Ebazten dut honetako 7. apartatuan aurreikusitako agiriak gehitu beharko zaizkio.

2.– Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak:

– Modu presentziala: eskabideak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat.

– Modu elektronikoa: eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira, ebazpen honen 4. apartatuan adierazitako helbideen bidez.

Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak (elektronikoa zein presentziala izan) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.

3.– Pertsona juridikoek baliabide elektronikoz aurkeztuko dituzte eskabideak, ebazpen honen 4. apartatuan adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

4.– Eskaerak Agindu honetako II. eranskinean aurreikusitako ereduaren arabera aurkeztuko dira. Edonola ere, horiek izapidetzeari buruzko eskaerak eta adierazpenak, eta behar diren gainerako ereduak edo memoriak, modu presentzialean nahiz elektronikoan, eskura egongo dira euskadi.eus orriko egoitza elektroniko honetan: http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/.

Eskabidea egin osteko izapideak helbide elektroniko honen bidez egingo dira: http://www.euskadi.eus/micarpeta eta http://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

5.– Eskabidea ordezkari bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.

6.– Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera:

– Aurrekontuak eta/edo proformako fakturak.

– Jardueraren memoria, Agindu honetako III. eranskinean aurreikusitako ereduaren arabera. Memoria horretan, landa- eta itsasertz-eremuen dinamizazioaren justifikazioa, exekuzio-epeen aurreikuspen bat, eta honako alderdi hauei buruzko datuak gaineratu beharko dira: finantziazioa, kokapena, enpleguaren sorrera, bideragarritasun ekonomikoa, genero-ikuspegiaren inklusioa, aurreikusitako inpaktuaren justifikazioa eta hedapena, hau da, partaide kopurua eta aurreikusitako publikoa, sexuen arabera bereizita, eta neurketa-sistemaren azalpen labur bat.

– Jardueraren laguntza publikoari edo pribatuari dagozkion beste diru-laguntza edo diru-sarrera batzuen ziurtagiria (adibidez: Udala / Foru Aldundia / Eusko Jaurlaritza / beste batzuk).

– Honako hauei buruzko erantzukizunpeko adierazpena: aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla; deialdi Agindu honek eskatutako betekizun guztiak betetzen dituela; ETEtzat hartzen dela Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoarekin bat etorriz; krisialdian dagoen enpresa ez izatea, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutakoaren arabera (2014/07/31ko 2014/C 249/01); konpromisoa hartzen duela beharrezko agiri guztiak Eusko Jaurlaritzaren, Europako Batzordearen edo kontrol-organoen esku jartzeko, laguntza eman eta ordaintzeko baldintzak eta betekizunak betetzen dituela egiaztatze aldera; ez dagoela diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion inolako legezko debekuren eraginpean, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz; eta diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan aurreikusitako egoeretan ez egotea.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko betebeharrak egunean dituela egiaztatzeari dagokionez, diru-laguntza eskatzean, eskatzaileak baimena emango dio organo kudeatzaileari horien egiaztapena ziurtagiri telematikoen bidez zuzenean egin dezan. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, adierazitako ziurtagiria aurkeztu beharko du.

Zortzigarrena.– Organo Kudeatzailea eta Ebazpena.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari dagokio.

2.– Aurreko apartatuan aurreikusitako proposamena jaso ondoren, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak ebazpena emango du eta, bertan, eskatzaileari eskatutako laguntza eman edo ukatuko zaio gehienez ere lau hilabeteko epean, laguntza-eskaera aurkezten den egunetik kontatzen hasita.

3.– Artikulu honetan ezarritako epean berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ezean, eskabideak onetsitzat joko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen baten bidez EHAAn argitaratuko da emandako diru-laguntzen eta laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda, baita diruz lagundutako gizarte-ekitaldiak eta horiei dagozkien zenbatekoak ere, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen.

Bederatzigarrena.– Justifikazioa eta ordainketa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko landa- eta itsasertz-eremuetan garatuko diren gizarte-ekitaldietarako laguntzak 2018ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra gauzatu ahal izango dira, eta gastuaren exekuzio zuzena honako hauen bitartez egiaztatuko da:

Egindako jarduketen justifikazio-memoria bat. Bertan, laguntzaren xede den jardueraren exekuzioari buruzko informazioa jasoko da, batez ere publikoari dagokionez aurreikusitako inpaktuari erreferentzia eginez. Inpaktuaren informazioa neurtzeko orduan, jardueran parte hartuko duten pertsonak eta antolatzaileak sexuaren arabera bereiziko dira.

Fakturen edo froga-balio bereko agiriak aurkeztea; horiek jatorrizkoak izan beharko dute, laguntzaren onuradun den pertsonaren izenarekin. Horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da, non zehaztuko baita fakturak eta froga-balio bereko agiriak ez direla aurkeztu diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko. Aitzitik, baldin eta diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko aurkeztu badira agiri horiek, zehaztu beharko da zein diren programak eta, faktura edo justifikazio-agiri bakoitzari dagokionez, zein den jasotako diru-laguntzaren ehunekoa.

Pertsonifikaturiko erakunde bat eratzearen baldintzapean badago laguntza, eraketa-akta, estatutuak eta dagokion erregistroan izena emanda egotearen ziurtagiria.

Laguntza jasotzeko, manuzko baimenak eta lizentziak aurkeztu behar badira eta laguntza-eskabidea egitean eman gabe badaude, haiexek aurkeztu beharko dira.

2.– Laguntzen onuradunek jarduerarekin lotutako gastu guztiak justifikatu beharko dituzte, eta ez jasotako laguntzari dagokion zatia bakarrik. Justifikazio hori 2019ko otsailaren 28an egin beharko da beranduenez.

3.– Ordainketa bakarra egingo da, aurreko apartatuan aurreikusitako ziurtagiriak egiaztatu ondoren.

4.– Edonola ere, eskatzaileei ez zaie laguntzarik ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako gisa bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitako itzultze- edo zigor-prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek amaitu gabe badaude.

Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

Hamargarrena.– Onuradunen betebeharrak.

Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuen kalterik gabe, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak eta Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoen kalterik gabe, Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun diren pertsonek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako laguntza onartzea. Hala, bada, laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta 10 eguneko epean enpresa edo erakunde onuradunak berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badio, laguntza onartutzat joko da.

b) Diru-laguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.

c) Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku jarri behar dituzte gastuak egin direla egiaztatzeko behar diren agiri guztiak.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari laguntzak nola erabili diren eta laguntzen helburuak bete diren egiaztatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

e) Administrazio baten edo erakunde publiko zein pribatu baten beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortuz gero helburu bera betetzeko, horren berri ematea idatziz Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, baita 2017 eta 2018ko ekitaldietan zehar jasotako beste minimis laguntza batzuen kasuan ere.

f) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatuz gero, objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri ematea idatziz Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.

Hamaikagarrena.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat aldatuz gero edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo diru-laguntzaren bat emanez gero, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta daiteke horren ondorioz diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, Agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 49.12 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Ondorio horietarako, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak behar den aldaketa-ebazpena emango du, eta, bertan, diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doituko dira; horretarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura aplikatuko da.

Hamabigarrena.– Uko egitea.

Onuradunak automatikoki galduko du ebazpenaren bidez aitortutako eskubidea, bai eta laguntza osoa edo haren zati bat jasotzeko eskubidea ere, baldin eta laguntzari berariaz uko egiteko idazki bat aurkezten badu; Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak uko-egitea onartu beharko du, ebazpen bidez.

Hamahirugarrena.– Ez betetzeak.

1.– Onuradunek ez badituzte betetzen Agindu honetako betekizunak edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako dirua itzuli egin beharko dute, osorik edo zati bat, diru-laguntzen arloan behar diren berandutze-interesekin batera. Hori guztia, hauetan xedatutakoarekin bat: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

Hamalaugarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Hamabosgarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 21a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala