Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2018ko azaroaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5902

AGINDUA, 2018ko azaroaren 19koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinen bidez baimentzen baita txipiroia (Loligo spp) argi artifiziala erabiliz arrantzatzea Euskal Autonomia Erkidegoko barne-uretan.

Arrantza egokitzat eta arrazionaltzat hartzen da, legez baimendutako bitarteko edo tresnen bidez eginda, jardueraren errentagarritasun ekonomikoaren eta itsasoko baliabide eta ekosistemen babesa eta kontserbazioaren arteko oreka eutsia bermatzen badu.

Itsasertzeko arrantzako zenbait arau ezartzen dituen Nekazaritza eta Arrantza Saileko 1985eko azaroaren 27ko Aginduaren bidez, debekatzen da erakarpen-elementu gisa argi artifiziala erabiliz molusku zefalopodoak arrantzatzea.

Debeku hori kirol-arrantzan aritzen direnei zein arrantzale profesionalei aplikatzekoa da. Hala ere, Kantauri itsasertzeko beste autonomia erkidegoetako kanpo- zein barne-uretan, zenbait ontziri baimena ematen zaie erakarpen-elementu gisa argia erabiliz txipiroia arrantzatzeko.

Agindu horren xedea da artisau-arrantza egiten duten neurri txikiko zenbait ontziri baimena ematea erakarpen-elementu gisa argi artifiziala erabiliz txipiroia arrantzatzeko, baina zenbait baldintza ezartzen dira, bateragarri egiteko lehenago aipatutako errentagarritasun ekonomikoaren eta itsasoko baliabide eta ekosistemen kontserbazioaren arteko oreka-printzipioa. Halaber, xedapen honen bidez, arrantza-jarduna dibertsifikatzeko aukerak zabaldu nahi dira Euskal Autonomia Erkidegoan artisau-arrantzan diharduten ontzientzat.

Arautze honek izaera esperimentala du, eta, emaitzak urtero ebaluatzeko eta gisa honetako arrantza xedapen iraunkorrago baten bidez arautzea, hala behar bada.

Azaldutako guztiagatik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da ontzi profesionalentzat baimentzea eta arautzea erakarpen-elementu gisa argi artifiziala erabiliz txipiroia (Loligo spp) Euskal Autonomia Erkidegoko barne-uretan arrantzatzeko baldintzak.

Bigarrena.– Modalitatea.

Euskal Autonomia Erkidegoko barne-uretan arrantzatzeko baimenaren titular diren ontzi profesionalek soilik arrantzatu ahal izango dute txipiroia (Loligo spp) argi artifiziala erabiliz, eta ontziok tresna txikiko arrantzaren erroldan egon beharko dute, eta modalitate honetarako prestatuak izan.

Salbuespenez, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak baimena eman ahal izango die tresna txikiko arrantzaren erroldan ez dauden ontziei.

Hirugarrena.– Tresnak.

Txipiroia (Loligo spp.) potera edo arrain artifizialen bidez arrantzatuko da.

Eskuzko txirrikak, hidraulikoak eta elektrikoak erabili ahal izango dira.

Laugarrena.– Eguneko gehieneko arrantza.

Egunean 30 kg arrantzatu ahal izango ditu gehienez erroldatutako eskifaikide bakoitzak.

Bosgarrena.– Argiak erabiltzea.

Azaleko argiak soilik erabili ahal izango dira, eta debekaturik dago urpeko argiak erabiltzea.

Ez dira urpeko argitzat hartuko potera edo arrain argitsuak edo fosforeszenteak.

Seigarrena.– Merkaturatzea.

Arrantzatutakoa lehen salmenta eta arrantza produktuen merkaturatzea arautzen duten arauak errespetatuz merkaturatuko da. Horretarako, eta aplikatzekoak diren gainerako arauei kalterik eragin gabe, lehen salmenta lonjetan edo baimendutako establezimenduetan egingo da, eta salmentaren oharra helaraziko da.

Zazpigarrena.– Neurriak bertan behera uztea eta aldatzea.

Agindu honetan araututako neurriak bertan behera utzi eta aldatu ahal izango ditu behin-behinean Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, arrazoi biologikoek edo teknikoek hala agintzen dutenean.

Zortzigarrena.– Tresna txikien araudia.

Agindu honetan aurreikusi gabeko guztian, gainerako indarreko araudia aplikatuko da, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzean tresna txikiekin egiten den arrantza erregulatzen duten arauak.

Ontzia ez bada tresna txikiekin egiten den arrantzaren modalitatekoa, agindu honetan aurreikusi gabeko guztian, ontzia deneko modalitatea erregulatzen duten arauak aplikatuko dira.

Bederatzigarrena.– Urteroko txostena.

Baimendutako ontzi bakoitzak Arrantza eta Akuikulturako Zuzendaritzari igorriko dio, urtarrilean, aurreko den urtean argia erabiliz eginiko txipiroi harrapaketen informazioa.

Datu horiekin eta arrantza-baliabidearen egoeraren gaineko txosten batekin baloratuko da, urtero, ondokoen egokitasuna: arrantza mota hau bertan behera uztea, agindu hau indarrean mantentzea, edo erakarpen-elementu gisa argi artifiziala erabiliz txipiroi-arrantza arautzea behin betiko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ahalmena ematen zaio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari agindu honetan xedatutakoa gauzatzeko behar diren neurriak har ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko aukerako errekurtsoa jarri ahal izango dute interesdunek Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 19a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala