Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2018ko azaroaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5901

155/2018 EBAZPENA, azaroaren 21ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako hitzarmena, «Justizia konponarazlea: bitartekaritza ikuspegi berriak» urteko ikastaro osagarria antolatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako hitzarmena, «Justizia konponarazlea: bitartekaritza ikuspegi berriak» urteko ikastaro osagarria antolatzeko. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 21a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 21EKO 155/2018 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, «JUSTIZIA KONPONARAZLEA: BITARTEKARITZA IKUSPEGI BERRIAK» URTEKO IKASTARO OSAGARRIA ANTOLATZEKO

Vitoria-Gasteizen, 2018ko urriaren 30ean.

BILDURIK:

Alde batetik, Maria Jesús Carmen San José López andrea, Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justizia sailburua, haren eskumen bertutez, zeinak eman baitzaizkio Lan eta Justizia sailburua izendatzen duen azaroaren 26ko Lehendakariaren 36/2016 Dekretuan eta Lan eta Justizia Sailburuaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuan.

Bestetik, Jon Zarate Sesma jauna, Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea, Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean eta haren ordezkari gisa jardun dena.

Alde biek, beren ordezkaritzaren bertutez, dagozkion eskumenak beteta eta aipatutako ordezkaritzatik eratorritako ahalak eta beharrezkoa den lege ahalmena elkarri aitortuta, haien erantzukizun esklusiboz adierazitakoaren arabera,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak, bere 10.14 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusibo gisa onartzen du espetxeen eta gizarteratze erakundeen antolakuntza, araubidea eta funtzionamendua. Bestalde, 12.1 artikuluak zigor eta espetxe legedia exekutatzeko eskumena ematen dio.

Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren arabera, Justizia Zuzendaritzari dagokio Justizia Konponarazlea eta gatazken konponbide alternatiboa sustatzea eta garatzea, justizia administrazioaren esparruan.

Euskal Autonomia Erkidegoan Justizia Konponarazlearen sistema baten sorrera, Eusko Jaurlaritzak hobetsitako orientazio politiko kriminal konponarazlearekiko proposamen koherentea izateaz gainera, zigor sistema beraren behar bat da, baita epe ertaineko agindu bat ere, Europar Batasunaren esparruan. Zentzu horretan, biktimak zigor prozesuan duen estatutuari buruz Europar Batasunaren Kontseiluak martxoaren 15ean emandako Oinarrizko Erabakia (2001(220/JAI) gogoratu behar dugu, non honako hau adierazten baitzen: «Estatu kideak bitartekaritza bultzatzen saiatuko dira zigor auzietan (...). Bitartekaritzaren bidez biktimak eta inkulpatuak hartutako akordioa aintzat har daitekeela zainduko dute (...). Estatu kideek aurreikusitakoa betetzeko beharrezkoak diren lege xedapenak jarriko dituzte indarrean, beranduenik 2006ko martxoaren 22an» (10. eta 17. artikuluak).

Orain dela gutxi, Europar Batasunean delituetako biktimen eskubideei, laguntzari eta babesari buruzko gutxieneko arauak ezartzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko urriaren 25eko 2012/29/UE Zuzentarauak (2012ko azaroaren 14an, L315/57 DOUEn argitaratua) eta hura garatzen duen Delituaren Biktimaren Estatutuaren apirilaren 27ko 4/2015 Legeak beren konpromisoa berretsi dute justizia konponarazlearen zerbitzuekin eta bitartekaritzarekin, gatazkak konpontzeko prozedura gisa, eta haien aplikaziorako printzipio orokorrak ezarri dituzte, biktimen eskubideak zaintzen direla bermatuta.

Justizia Konponarazleak gizarte harremanen errestaurazioan, baketzean, erreparazioan eta erantzukizunean oinarritutako justizia kontzepzio baten alde egiten du; justizia bat, gatazkan dauden pertsonen beharrak aintzat hartzen dituena eta komunikazio espazioak sortzen dituena, non alderdi hauek bultzatzen baitira: gatazkak elkarrizketen bidez bideratzea, biktimek jasandako mina erreparatzea, biktimarioaren gizarteratze positiboa izatea eta komunitatean gatazkak baketzea.

2007. urtearen amaieran, Euskal Autonomia Erkidegoan, Justizia Konponarazlearen printzipioetan oinarrituta, Auzitegi Barruko Bitartekaritza Zerbitzua (hasiera hartan Zigor Bitartekaritza izenez) sortu zen, Barakaldoko eta Vitoria-Gasteizko barruti judizialetan, eta Espainiako estatuan izandako lehen esperientzietako bat izan zen. 2008. urtean, Bilboko eta Donostiako barruti judizialetara hedatu ziren. 2011. urtean, zerbitzua EAEko barruti judizial guztietara hedatzeko asmoz, Herri Administrazio eta Justizia Sailak lurraldeko hitzarmenak sinatu zituen hainbat erakunderekin, herritarrei zerbitzua jasotzeko erraztasunak emate aldera. Amaitzeko, 2013. urtean, homogeneotasun handiagoa lortze aldera, hitzarmen bakarra sinatu zen erakunde batekin, EAE osoko Auzitegi Barruko Bitartekaritza Zerbitzuak kudeatzeko. Era berean, haren jarduera jurisdikzio zibil-familiarraren esparrura hedatzea erabaki zen, seme-alaba adingabeak beren ardurapean dituzten familietako banaketa eta dibortzio auzietan bitartekaritza egiteko.

2018ko abuztuaren 28an abian jarri zen Justizia Konponarazlearen Zerbitzu berria. Zerbitzu honek jarraituko du bitartekaritza eskainiz arlo zibilean, banaketa eta dibortzio kasuetan, betiere seme-alabak badaude tartean. Horrez gain arlo penalean bitartekaritzaz gain zirkuluak eta batzarrak ere eskainiko ditu. Azken horiek (zirkuluak eta batzarrak) Europan hedatutako teknikak dira erakutsi dutenak gaitasun gehiago gizartea baitan hartzeko gatazkak konpontzean, bai eta biktimarioaren erantzukizunari begira eta biktimaren erreparazioari begira ere. Zerbitzu berri honen bitartez Euskadi aitzindaria da Europan auzi barruko arlo penalean mota hauetako zerbitzu publikoei dagokienean.

Bigarrena.– Euskal Herriko Unibertsitateak urtero «Justizia konponarazlea: bitartekaritza ikuspegi berriak» izeneko 500 orduko ikastaro osagarri bat antolatzen du, honako gaitasun hauek lantzeko:

1) Justizia konponarazleari lotutako oinarri terminologikoak eta oinarrizko ezagutzak eskuratzea eta ulertzea, sistematizazio, analisi kritiko, erlazio, integrazio eta sintesirako erabateko gaitasuna edukita.

2) Ikastaroan eskuratutako teknikak eta jakintzak modu egokian aplikatzea, arlo honetan ematen diren arazoak zuzen konpontzeari begira, eta erabakiak irudimenez hartzea eta hainbat egoerari aurre egitea, tolerantzia eta aniztasuna errespetatuz, antolatzeko gaitasunean oinarrituz, lan-talde txikitan lan eginez eta plangintzak zehaztuz.

3) Gizartean eta araudietan etengabe ematen diren aldaketetara eta egoera berritera egokitzea, ezinbestekoa den konpromiso etikoa eta gizarte eta ekonomia sentsibilitatea edukita.

4) Pertsonen arteko eta gizarteko harremanak egoki kudeatzea, eta ahozko nahiz idatzizko komunikazio prozesuak ongi menderatzea. Horrela, ikasleak informazioa publiko orokorrari edo espezializatuari emateko ahalmena izango du, argudiaketa eta arrazoibide kritikoko teknikak erabilita.

5) Ikaskuntza prozesua modu jarraituan eta autonomoan kudeatzea, prestakuntza integral bat jasotzeko, zeina koherentea izango baita berdintasunaren, ez-bazterkeriaren eta bake kulturaren oinarrizko eskubideekin.

Gaur egun, ezinbestekoa da bitartekaritza sustatzeko xedea duten ekintzak egitea. Gatazkak konpontzeko metodo alternatibo gisa, bitartekaritzak, lehen-lehenik eta oroz gain, jarduteko eta erantzuteko kultura berri bat eskatzen du. Berrikuntza ere beharrezkoa eta egokia da, harreman pertsonalen forma eta metodoetan. Gatazken ohiko konponbidean, hirugarren batek ebazten du gatazka. Gizarte, ekonomia eta kultura aldaketek orain dela gutxi arte egokitzat hartzen genituen portaera asko aldatzera derrigortzen gaituzte. Erantzukizun pertsonala, bizi independentzia eta nork bere erantzukizunak bere gain hartzea gailentzen dira gaur egun.

Azaldutakoa aintzat hartuta eta gai horren inguruan egin beharreko jarduerak modu formal eta materialean arautzeko xedez, alde sinatzaileek lankidetza aritzeko borondatea adierazten dute eta

ERABAKI DUTE:

Lankidetza hitzarmen hau sinatzea, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Lankidetza hitzarmen honen xedea da Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzaren baldintzak ezartzea, «Justizia konponarazlea: bitartekaritza ikuspegi berriak» urteko ikastaro osagarria antolatzeko.

Bigarrena.– Ezaugarriak.

Ikastaroak 500 orduko iraupena izango du eta Donostian kokatutako Kriminologiaren Euskal Institutuan egingo da. Ikastaroa eskaintzen zaie emandako irakasgaiei lotutako arloetan lanean diharduten edo lan egiteko asmoa duten pertsonei, hala nola epaileak, fiskalak, abokatuak, prokuradoreak, justizia funtzionarioak, justizia konponarazlearen zerbitzuak, justizia administrazioaren ekipo teknikoak, biktimen harrerarako bulegoak, zigor eta neurri alternatiboen kudeaketa zerbitzua, genero eta familia barruko indarkeria, estatuko indarrak eta segurtasuna, gizarte harrera zerbitzua, eta espetxe administrazioko funtzionarioak.

Ikastaroan gutxienez 10 ordu praktikoak egingo dira Justizia Zuzendaritzaren menpeko Justizia Konponarazlearen Zerbitzuak Donostiako San Martin kalean duen egoitzan.

Hirugarrena.– Izaera juridikoa.

1.– Hitzarmen honek izaera administratiboa du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera, eta Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen aplikazio eremutik kanpo geratzen da.

2.– Hitzarmen honetatik sor daitezkeen gatazkak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan eskudunak diren organoek aztertu eta ebatziko dituzte, beren arauak aplikatuz.

Laugarrena.– Euskal Herriko Unibertsitatearen betebeharrak eta erantzukizunak.

Euskal Herriko Unibertsitateak Justizia Konponarazlearen Zerbitzuaren arduradunekin koordinatu beharko du, Justizia Konponarazlearen Zerbitzuko profesionalek gutxienez 5 orduko zigor praktika eman dezaten, eta beste 5 orduko praktikak egingo dira familia arloan, kanpo praktika gisa. Horrela, ikastaro osagarriaren ikasle guztiek zerbitzu publiko horren berri izango dute, eta hasierako prestakuntza jasoko dute, beharrezkoa bada, zerbitzu publiko horretan lan egiteko, bi alderdi horiek, hau da, zerbitzu publikoaren difusioa eta profesionalen prestakuntza, erabateko interesa baitute Justizia Zuzendaritzarentzat.

Euskal Herriko Unibertsitatearen ikastaroa amaitzean, txosten ekonomiko bat entregatu beharko zaio urtero Justizia Zuzendaritzari, non ikastaro osoaren gastuak justifikatuko diren eta Lan eta Justizia Sailak emandako 5.500 euroko ekarpenari egotzitako gastuak zehaztuko diren.

Bosgarrena.– Lan eta justizia sailaren betebeharrak.

1.– Gutxieneko partida ekonomiko bat gaitzea, ikastaro osagarriaren antolakuntzan Justizia Konponarazlearen Zerbitzuan aipatutako praktikak egiteko gastuak ordaintzen laguntzeko.

2.– Euskal Herriko Unibertsitateko arduradunekin batera, kanpo praktiketako 10 ordu antolatzea gutxienez, Justizia Konponarazlearen Zerbitzuan. Praktikak Justizia Zuzendaritzaren menpeko zerbitzu publiko horren bitartekariek emango dituzte, zerbitzuan egunero egindako lanean eta pilatutako esperientzian oinarrituta.

3.– Euskal Herriko Unibertsitateko arduradunekin komunikazio bide iraunkor bat finkatzea, Justizia Zuzendaritzaren Helduen Justizia Zerbitzuaren bidez.

4.– Indarrean dagoen legedia betetzetik eratorritako beste batzuk.

Seigarrena.– Ordainketa.

1.– Euskal Herriko Unibertsitateak hartutako konpromisoek 5.500 euroko konpentsazio ekonomiko bat eskatzen dute, Lan eta Justizia Sailak ordainduko dituenak kurtsoa bukatzen denean.

Zazpigarrena.– Jarraipen eta kontrol batzordea.

1.– Hitzarmen hau sinatzean, Jarraipen eta Kontrol Batzorde bat eratuko da, eta haren erantzukizuna izango da hitzarmenaren xede den zerbitzua koordinatzea, kontrolatzea, gainbegiratzea eta horren gainean informatzea.

2.– Aipatutako Jarraipen eta Kontrol Batzordea alde sinatzaileen ordezkari banak osatuko dute. Sinatzeko unean, alde bakoitzak bere lehen ordezkariak izendatuko ditu.

3.– Jarraipen eta Kontrol Batzordea proiektu pilotua martxan jarri eta sei hilabetera bilduko da, eta alde sinatzaileetako edozeinek eskatzen duen aldiro.

4.– Jarraipen eta Kontrol Batzordean erabakiak adostasunez hartuko dira.

5.– Aipatutako batzordearen eginkizun nagusiak honako hauek izango dira:

– Hitzarmenari dagozkion jarduerak eta betebeharrak sustatzea.

– Sinatzaileen arteko harremanak erraztuko dituzten koordinazio mekanismoak ezartzea.

– Egoki iritzitako hobekuntzak proposatzea, hala behar bada, onar daitezen.

– Hitzarmenaren indarraldian sor daitezkeen zalantza edo alderdi gatazkatsuak interpretatzea eta, hala badagokio, konpontzea.

6.– Hitzarmen honetan berariaz aurreikusten ez den guztiari dagokionez, Jarraipen eta Kontrol Batzordeak erabateko autonomia izango du egoki irizten dion arau eta funtzionamendu erregimena bereganatzeko.

Zortzigarrena.– Elkarrekikotasuna, lankidetza eta publizitatea.

1.– Alde sinatzaileek hitzarmenari lotutako alderdi guztietan modu aktiboan kolaboratzeko elkarrekiko konpromisoa hartzen dute; hala, eskura duten informazio, ezagutza eta esperientzia guztia elkar trukatuko dute, hitzarmenaren helburua ahalik eta ongien betetzeko eta baliabideak unean uneko beharretara egokitzeko.

2.– Era berean, baliabidearen kudeaketan eta hitzarmenaren xede den arloan egindako ikerketa edo azterketetan jasotako esperientzian lortutako informazioa erabili ahal izango du alde sinatzaile bakoitzak.

3.– Alde sinatzaileek hitzarmen honen baitan trukatutako informazioa askatasunez erabili ahal izango dute, informazioa eman duen aldeak hura erabiltzeko edo zabaltzeko mugak ezartzen edo erreserbak dituen kasuetan izan ezik. Halere, alde batek ezin izango die eman informazio hori hirugarrenei, beste aldeak aldez aurretik idatziz baimena eman ezean; edonola ere, datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen araudiak ezarritakoa bete beharko da.

Bederatzigarrena.– Hitzarmena indargabetzea.

Hitzarmen hau honelako arrazoiengatik indargabetuko da:

1.– Alde biek hala erabakitzea.

2.– Hitzarmen hau sinatzean hartutako konpromisoak ez betetzea, behin eta berriro eta modu larrian. Bereziki, dagokion ekitaldi ekonomikorako kreditu egokia eta nahikoa ez izatea.

3.– Indarreko legerian hitzarmenak indargabetzeko aurreikusita dauden gainerako arrazoiengatik.

Hamargarrena.– Exekuzioa eta indarraldia.

Hitzarmen hau indarrean egongo da sinatzen den egunetik 2018ko abenduaren 31 arte. Beste bi urte naturalez luzatu ahal izango da, 3 urtera arte gehienez, indarraldia amaitu aurretik bi aldeek hitzartutako akordioaren bidez.

Aurreko guztiarekin ados egonda, sinatzaileek dagozkien eskumenak beteta, eta horrela jasota gera dadin, sinatzaileek hitzarmen honen ale bi sinatzen dituzte ondorio bakarrerako, arestian adierazitako lekuan eta egunean.

Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazio orokorraren izenean,

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean,

Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren Arloko errektoreordea,

JON ZARATE SESMA.


Azterketa dokumentala