Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2018ko azaroaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5847

162/2018 DEKRETUA, azaroaren 13koa, zeinaren bidez Euskadiko Nazioartekotze Agentzia/Basque Trade and Investment SA sozietate publikoari ematen baitzaizkio Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Nazioartekotze Zuzendaritzako enpresak nazioartekotzearen arloko zenbait egiteko, eta horretarako behar diren tresnak ematen.

2017ko azaroaren 6ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (211. zk.) argitaratu zen dekretu hau: «241/2017 Dekretua, urriaren 31koa, zeinaren bidez baimentzen baita Euskadiko Nazioartekotze Agentzia/Basque Trade And Investment SA sozietate publikoa sortzea eta Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk bertan parte hartzea.». Dekretu horren zioen adierazpenean ezartzen duen bezala, sozietate publiko hori sortzen da 2017-2020 Enpresak Nazioartekotzeko Planaren barnean, zeinaren xedea baita, besteak beste, enpresak nazioartekotzeko entitate bakarra sortzea, «Eusko Jaurlaritzaren gaitasun eta zerbitzu guztiak barne hartzen dituena» eta «balio erantsiko zerbitzuen eredu bateranzko trantsizioa errazteko eta etorkizunean haren garapena ahalbidetzeko tresna nagusi» gisa eratzen dena.

Euskadiko Nazioartekotze Agentzia/Basque Trade And Investment SA sozietate publikoaren xede soziala da ekonomiaren eta euskal enpresen nazioartekotzea sustatzea, eta enpresei eta eragile eskudunei sostengua ematea haien nazioartekotze-proiekzioan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko inbertsioak erakartzeko. Horrela, eta aintzat hartuta lortu nahi den xedea dela entitate bakarrean biltzea nazioartekotzearen arloko egitekoak, sozietate berri honi ematen zaizkio zenbat egiteko, orain arte Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak egiten zituenak. Gainera, eta urriaren 31ko 464/1995 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoa aplikatuz, nazioartekotzearen arlo horretan ezartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren tresnak eta ondasunak. Horretarako egiten da dekretu hau.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko azaroaren 13an egindako bilkuran proposamen hori aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Euskadiko Nazioartekotze Agentzia/Basque Trade And Investment SA sozietate publikoari ematen zaizkio enpresak nazioartekotzearen arloko egiteko hauek, orain arte Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Nazioartekotze Zuzendaritzari zegozkionak:

a) Euskal enpresei sostengua ematea atzerrian ezar daitezen.

b) Enpresen arteko lankidetza sustatzea, nazioartekotu daitezen, elkarte, partzuergo eta beste merkataritza-plataforma batzuen bidez.

c) Lankidetzan jardutea enpresak nazioartekotzeko laguntza- eta sustapen-programak bultzatzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko entitateekin.

d) Enpresak nazioartekotzearen arloko adituen prestakuntza babestu eta sustatzea.

e) Adimen lehiakorreko sistema bat garatzea, nazioartekotzeari buruzko erabakiak hartzeko.

f) Euskal enpresei irispidea erraztea erakunde multilateralek finantzatutako lizitazioetara.

g) Euskal enpresen eskura jartzea atzerriko bulego-sarearen zerbitzuak, SPRI-Enpresa-garapenerako Euskal Agentziarekin lankidetzan.

h) Euskal enpresen intereseko destino-herrialdeetan, erakunde publiko eta enpresa pribatuekin harremanak izateko sare bat sortzea.

2. artikulua.– Euskadiko Nazioartekotze Agentzia/Basque Trade And Investment SA sozietate publikoari ematen zaizkio dekretu honen eraginpeko egitekoei atxikitako lanpostuak, eta eranskinean jasota daude, horiei atxikitako langileekin batera.

3. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko sozietate publiko izateari uzten badio ere, funtzio publikoaren arloan indarrean dagoen araudia aplikatuko zaie funtzionarioei.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honek 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 114. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Horren aurka, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke, nahi izanez gero, Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, hau argitaratu eta hurrengo egunetik hurrengo egunetik aurrera. Edo, bestela, zuzenean aurka egin dakioke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Ezingo da administrazioarekiko auzi-errekurtsorik jarri, harik eta gaia berariaz ebatzi arte edo erreklamazioa ezetsita geratu arte, halakorik aurkeztu bada. Halaber, baldin berraztertze-errekurtsoa presuntzioz ezesten bada, errekurtso jurisdikzionala jartzeko epea sei hilekoa izango da, presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera. Guztia ere, urriaren 31ko 39/2015 Legearen 123.2 artikuluan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko azaroaren 13an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA, AZAROAREN 13KO 162/2018 DEKRETUARENA
HORIEI ATXIKITAKO LANPOSTUAK ETA LANGILEAK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala