Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2018ko azaroaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
5844

166/2018 DEKRETUA, azaroaren 20koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hilotzen Sanitate-alderdiei buruzko Erregelamendua onartzen duen Dekretua aldatzeko dena.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 18.1 artikuluak Estatuaren barne-osasungintzaren arloko legeak garatzeko eta exekutatzeko eskumena aitortzen dio EAEri; eskumen hori baliatuz eman zen Euskal Autonomia Erkidegoko Hilotzen Sanitate-alderdiei buruzko Erregelamendua onartzen duen urriaren 19ko 202/2004 Dekretua (2004ko azaroaren 18ko EHAA; 221. zk.). Dekretu horrek hilotzen alderdi sanitarioei buruzko funtsezko alderdiak erregulatzen ditu, funtsean estatuko araudian gai honi buruz indarrean dauden arauak egokituz: Hilotzen alderdi sanitarioen poliziari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 2263/1974 Errege Dekretua; Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Legearen 24, 25 eta 42.3e artikuluak, eta Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 1, 3 eta 14 artikuluetan agertzen diren aipamen urriak, erreferentzia egiten dietenak hala garaiko egoera epidemiologikoari eta arrisku sanitarioei nola heriotzaren inguruko usadio eta ohitura sozialetan gertaturiko aldaketei, baita ehorztetxeek ematen dituzten zerbitzuetan gertaturiko aurrerapen teknikoei ere.

Gaur egun, kontuan hartuz jomuga osasun publikoa babestea dela eta azken urteotan gaixotasun infekziosoen eta birus eta zoonosi berriei loturiko arrisku biologiko berriak agertu direla, Euskal Autonomia Erkidegoko hilotzen osasungintza-arloan aholkatzen da sinplifikatzea agente patogenoek, 1. multzoko hilotzak kalifikatzen dituztenek, transmititutako gaixotasun infekziosoen zerrenda, aipatutako 202/2004 Dekretuaren I. eranskinean jasotzen dena, oinarrizko erreduktua errespetatuz (lupuak, kolerak eta ebolak eragindako infekzioengatik hildakoak), modu horretan ahalbidetzeko agintaritza sanitarioek neurri espezifikoak hartzea zirkunstantziek, epidemiologikoek edo osasun publikokoek, hartara behartzen dutenean.

Arestian aipaturiko I. multzoko gaixotasunen ondorioz hildakoen kasuan, gainera, ez da justifikatzen oraindik ere errausketa izatea hildakoaren nahitaezko azken helmuga; hala, aurrerantzean aukeratu ahal izango da hilotza erraustea ala lurperatzea, osasun publikoari kalterik eragin gabe eta hildakoaren borondatea eta eskubideak errespetatuz indarrean dagoen araudiaren arabera.

Bestalde, gaur egun mediku fakultatiboek bakarrik egin eta egiazta ditzakete, legez, tanatopraxiako teknikak edo praktikak –normalean, hilotzak tratatzen eta prestatzen dituzten espezialistak diren auzitegiko medikuek–. Baina, azken urteotan, tanatopraxiako praktikak edo teknikak egiteko profesional berriak agertu dira osasungintzako arlo profesionalen artean, eta haiek erakusten dute gaur egun ez dagoela interes orokorreko pisuzko arrazoirik eginkizun horiek mediku fakultatiboek bakarrik egin behar izateko; beraz, profesional berri horiek baltsamendu- eta aldi baterako kontserbazio-praktikak egin ditzakete, betiere egiaztatzen badute badutela edo Tanatopraxiako kualifikazio profesionala, Kualifikazio Profesionalen Katalogoa osatzen duen otsailaren 4ko 140/2011 Errege Dekretuan ezarritakoa, osasungintzako arlo profesionaleko lau kualifikazio profesional ezartzearen bidez, edo Tanatopraxiako profesionaltasun-ziurtagiria, profesionaltasuneko ziurtagirien errepertorio nazionala barne hartzen duen osasungintzako arlo profesionaleko egiaztagiri profesionala ezartzen duena urriaren 31ko 1535/2011 Errege Dekretuaren edo hura ordezten duen arauaren araberakoa.

Azkenik, justifikatzen da hilotzaren beilari lurralde-muga kentzea, eta baimentzen da hildakoaren etxebizitzan edo baimendutako beilatokietan beilatzea, kokapen geografikoari buruzko mugarik gabe, bat etorriz Zerbitzuetako jardueretarako irispide libreari eta jarduera horietan aritzeari buruzko 17/2009 Legearekin (azaroaren 23koa, zenbait lege aldatu eta egokitzen dituena, zerbitzu-jardueretarako sarbide libreari eta jarduera horietan aritzeari buruzko legera egokitu daitezen), 25/2009 Legearekin (abenduaren 22koa, erregulazio onaren printzipioak zabaltzen dituena, besteak beste hileta-zerbitzuetara), eta Merkatu Batasunaren Bermeari buruzko abenduaren 9ko 20/2013 Legearekin.

Orain arte aipatutakoaren arabera, dekretu honen bidez lortu nahi da: kontrol sanitarioko jarduketak doitzea haiek ezartzea beharrezko edo komenigarri egin dezaketen epidemiologiako edo osasun-publikoko zirkunstantzietara, neurriak ahalik eta gehien optimizatzeko alderdi sanitarioa hartuz gida modura, erregulazio onaren printzipioak errespetatuz, hobetzea hileta-sektoreko eta merkatu-batasunaren barruko jardueren eta zerbitzuen garapena; betiere errespetatuz hildakoak bere gorputzaren azken helmugari buruz duen protagonismoa.

Horren ondorioz, Osasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat eta Gobernu Kontseiluak 2018ko azaroaren 20an eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:
KAPITULU BAKARRA
ALDATZEA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO HILOTZEN SANITATE-ALDERDIEI BURUZKO ERREGELAMENDUA, URRIAREN 19KO 202/2004 DEKRETUAREN BIDEZ ONARTUA

Lehenengo artikulua.– 5. artikulua aldatzen da, hilotzen eta giza hondakinen azken helmugari buruzkoa, eta honela idatzita geratzen:

«5. artikulua.– Hilotzen eta gorpuzkien azken destinoa.

1.– Transplanteetarako organoak, ehunak eta pieza anatomikoak erailtzearen aurka egin gabe, gorpuzki eta hilotz ororen destinoa hauetariko bat izango da:

a) Baimendutako lekuan ehorztea.

b) Baimendutako lekuan erretzea.

2.– Hilotzak helburu zientifikoetarako eta irakaskuntzarako erabiltzea; horrek ez du salbuesten aurretik adierazitako horietako bat izatea horien azken destinoa.

3.– II. multzokoak izanik erradioelementudun protesiak dituzten edo produktu erradioaktiboek zein substantziek kutsatutakoak diren gorpuzkiak eta hilotzak, azken buruko destinoa baino lehen, berariaz tratatu beharko dira, hain justu ere babes erradiologikoaren arloan eskumenak dituen agintaritzak eta agintaritza sanitarioak zehazten duten legez.

Esandakoaren ondorioetarako, hilotz batek edo gorpuzki batek kutsadura erradioaktiboa duela sumatzen badu edo jakiten badu fakultatibo batek, Osasun Sailari jakinarazi beharko dio, eta babes erradiologikoan eskumenak dituen agintaritzak esku-hartzea eskatuko du sail horrek».

Bigarren artikulua.– 9. artikulua aldatzen da, tanatopraxiako praktikak egiteko eskakizunei buruzkoa, eta honela idatzita geratzen da:

«9. artikulua. – Tanatopraxiako praktikak egiteko eskakizunak.

1.– Heriotzaren mediku-ziurtagiria edo, halakorik bada, Erregistro Zibilean inskribatzeko aginduaren gutuna eta ehorzketa egiteko lizentzia lortu ostean egingo dira tanatopraxiako praktikak; eta oro har, heriotza jazotzen denetik hogeita lau ordu igaro ondoren eta berrogeita zortzi igaro baino lehen, betiere kontuan izanik erregelamendu honetan zehazten diren salbuespenak.

2.– Transplanterako organoak, ehunak eta pieza anatomikoak atera edo autopsiak egin eta berehala egin ahalko dira baltsamendu- eta aldi baterako kontserbazio-praktikak.

3.– Baltsamendu- eta aldi baterako kontserbazio-praktikak honako hauek egingo dituzte: jarduneko mediku batek, edo Tanatopraxiako kualifikazio profesionala egiaztatzen duen tanatopraxiako teknikari batek edo tanatopraxiako profesionaltasun-ziurtagira egiaztatzen duen teknikari batek; betiere familiako batek edo hurkoren batek libreki izendatuta. Erabilitako teknikak jasotzen dituen txostenaren bitartez ziurtatuko dute beren jarduketa fakultatiboak edo tanatopraxiako teknikariak, eta, bestalde, txosten horretan bere egingo dute teknika horien gaineko erantzukizuna. Indarrean diren arauetan ezarritakora mugatuko dira beren egitekoa eta jarduketak. Jarduketa hori agintaritza sanitarioak ikuskatu ahal izango du».

Hirugarren artikulua.– 15. artikulua aldatzen da, III. multzoko hilotzak beilatzeari eta erakusteari buruzkoa, eta honela idatzita geratzen da:

«1.– Baimendutako beilatokietan edo hildakoaren etxebizitzan beilatuko da hilotza. Heriotzaren mediku-ziurtagiria izatean egin ahal izango da baimenduriko beilatokirainoko garraioa.

2.– Halaber, erregelamendu honen 10.1.b artikuluan xedatutakoa betez gero, eraikin publikoetan hilotza erakustea eta bailatzea baimendu ahal izango du Osasun Sailak.»

Laugarren artikulua.– 16. artikulua aldatzen da, hilotzak garraiatzeko baimenei eta jakinarazpenei buruzkoa, eta honela idatzita geratzen:

«1.– Agintaritza sanitarioaren aldez aurretiko baimena izanez gero (II. eranskina), heriotzaren mediku-ziurtagiria izateaz batera garraiatu ahalko dira ehortzi gabeko I. eta II. multzoko hilotzak; eta delako agintaritzak zehaztuko ditu kasu bakoitzean hartu beharreko neurriak.

2.– Ehortzi gabeko III. multzoko hilotzak beste autonomia erkidego batzuetara garraiatzeari dagokionez, agintaritza sanitarioari aldez aurretik jakinarazi beharko zaio, III. eranskinean jasotako eredua erabiliz.

Jakinarazpenari honako hauek erantsi beharko zaizkio: heriotzaren mediku-ziurtagiria, ehorzketa egiteko lizentziaren kopia; eta hilotzean tanatopraxiako teknikak egin badira, egin direla egiaztatzen duen medikuaren edo tanatopraxiako teknikariaren kopia.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean, ehortzi gabeko III. multzoko hilotzak garraiatzeko, ez da beharrezkoa izango baimenik, ez eta Osasun Sailari jakinarazpenik egiterik ere.»

Bosgarren artikulua.– 24. artikulua aldatzen da, hilotzen ehorzketarako betekizunei buruzkoa, eta honela idatzita geratzen da:

«1.– Hilotz guztiak ehortzi ahal izango dira hilerrietan edo horretarako baimendutako beste leku batzuetan.

2.– Ehortzi baino lehen, heriotzaren mediku-ziurtagiria, ehorzketa egiteko lizentziaren kopia eskatu beharko ditu hilerriaren entitate arduradunak.»

Seigarren artikulua.– I. eranskina, I. multzoko hilotzak kalifikatzen dituzten agente patogenoek transmititutako gaixotasun infekziosoen zerrenda– aldatzen da, eta honela idatzita geratzen da:

«I. ERANSKINA

I. multzoko hilotzak kalifikatzen dituzten agente patogenoek transmititutako gaixotasun infekziosoen zerrenda.

1.– Lupua (Bacillus Anthracis).

2.– Kolera.

3.– Ebola.

4.– Beste batzuk, osasungintza-arloan eskumena duen agintaritza sanitarioak zehaztu ditzakeenak epidemiako edo osasun publikoko aparteko zirkunstantziek beharrezko egiten dutenean.»

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko azaroaren 20an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.


Azterketa dokumentala