Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

223. zk., 2018ko azaroaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
5695

EBAZPENA, 2018ko urriaren 30ekoa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, Euskara eta Euskal Kulturako irakurle bat hautatzeko deialdia irekitzen duena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) sortzeko eta arautzeko apirilaren 20ko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak helburu hau xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du Institutuaren helburuen artean dagoela munduan zeharreko unibertsitateetan eta beste zentro batzuetan euskararen presentzia, azterketa eta ikasketak sustatzea, batik bat unibertsitateetan irakurletzak ezartzea bultzatuz.

Oraingo irakurleak irakurletza ezustean utzi duenez, Etxepare Euskal Institutuak ebatzi du Helsinkiko unibertsitatean Euskara eta Euskal Kulturako irakurle bat hautatzeko lehiaketa publikoaren presazko deialdia egitea.

Hori dela eta, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Deialdi honen helburua da Euskara eta Euskal Kulturako irakurle bat hautatzea Helsinkiko (Finlandia) unibertsitatean aritzeko.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetan ikasturte bakoitzean bideratutako guztizkoa:

– 2017ko irailaren 1ean sinatutako hitzarmenaren arabera, bost mila eta seiehun (5.600) euro ikasturteko, Helsinkiko Unibertsitatearentzat. 2018-2019 ikasturtean bigarren seihilekoan emango dira klaseak eta bi mila eta zortziehun (2.800) euro bideratuko dira irakurletzara.

Aurreko baliabide ekonomiko guztiak irakurletza mantentzeko gastuak finantzatzeko erabiliko dira. Bideratutako zenbateko hori ez da bat etorriko, zehatz-mehatz, irakurlearen soldatarekin. Kontuan hartu behar da sinatutako hitzarmenaren arabera Helsinkiko Unibertsitateak bere ekarpena egingo duela irakurlearen soldata osatzeko, eta Finlandiako araudiarekin bat zergak eta bestelako kenkari eta atxikipenak daudela.

Transakzio guztietan dibisa patroia euroa izango da.

3. artikulua.– Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko baldintza hauek bete beharko dira:

Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta 3 HE edo baliokidea izatea eta Ingeleseko C1 maila izatea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira; baita euskararen 4. HE egiaztatuta izatea ere; 10. artikuluko hautapen-irizpideen arabera.

4. artikulua.– Bete behar diren baldintza zehatzak Helsinkiko unibertsitatearen eta aurreikusitako zenbatekoaren arabera.

Eskola orduak: Irakurleak euskara I, euskara II izeneko irakasgaiak ematen ditu. Irakasgai horien zama astean 4 ordukoa izango da. 2018-2019 ikasturteko bigarren seihilekoan euskara II ikasgaia emango du.

5. artikulua.– Egonaldiaren baldintzak Helsinkiko Unibertsitatean.

Hautatua Helsinkiko Unibertsitateari atxikiko zaio, 4. artikuluan agertzen diren baldintzen arabera. Unibertsitatearekin kontratua sinatuko du Finlandian indarrean dagoen legediaren arabera, eta unibertsitate kontratugilearen klausula zehatzak bete beharko ditu, bereziki kontratuak irauten duen bitartean aplikagarri zaien ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez.

Euskara eta Euskal Kulturako irakurle izateak ez dakar inolako lan- edo administrazio-harremanik Etxepare Euskal Institutuarekin eta, ondorioz, Institutu honek ez du bere gain hartuko irakurleak Helsinkiko unibertsitatearekin duen kontratu-harremanetik edo bere ekintzetatik eratorritako erantzukizunik, bereziki bere funtzioak betetzean sor daitezkeen kalteengatik.

Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko ditu Helsinkiko unibertsitatera lehenengo joan-etorriaren gastuak, irakurlea bere lanpostuan hasten dela bermatzeko.

6. artikulua.– Irakurle izateak Etxepare Euskal Institutuarekiko honako konpromisoak onartzea ekarriko du eta honako eskubideak izatea:

– Onartze-agiria sinatzea.

– Emandako ordutegia betetzea.

– Euskara eta Euskal Kulturaren programa didaktikoa egitea (ikasturte hasierako fitxa) ikasturtearen hasieran. Programa hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da.

– Ikasleen ebaluazioa egitea eta ikastaroa kudeatzea, bai eta ekintza akademikoak antolatzea ere (hitzaldiak, literatura jardunaldiak...) euskara ikertzeko eta euskal kultura sustatzeko asmoz.

– Tokian tokiko irakasleak eta ikertzaileak euskara, euskal kultura eta antzeko gaiekin zerikusia duen guztian lagundu eta orientatzea.

– 2019ko urtarrilaren 14a baino lehenago Helsinkiko Unibertsitatera bertaratzea, klaseak ematen hasteko. Klaseak ematea ikasturte amaiera arte, hala badagokio luzatzeko aukerarekin. Hautatutako pertsona (irakurlea) gehienez ere 4. ikasturtea osatu arte izango da irakurle postuan. Salbuespen gisa, eta betiere Etxepare Euskal Institutuak eta unibertsitateak euskal ikasketen sendotze estrategiarako egokitzat adostutako irizpide eta prozeduraz, aztertu ahal izango da behin-behinekoa izango den luzatzeko aukera. Luzapen horren gehienezko epea urtebetekoa izango da edo unibertsitatearekin euskal ikasketen indartzeko estrategiarako adostutako trantsizio epea.

– 2018-2019 ikasturtea amaitutakoan, zerbitzuak ematen dituen departamenduaren oniritzia duen irakasle-memoria bat idaztea. Memoria hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da, azken honek hitzarmena eta irakurlearen lana behar bezala doan ebaluatzeko.

– Goian aipatutako konpromisoak ez betetzeak irakurleak ez jarraitzea ekar dezake.

– Irakurleak konpromisoa hartzen du, baita ere, Etxepare Euskal Institutuak antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko, bereziki euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasteko ikastaroan.

– Irakurleak egindako irakasle-lana ziurtatzen duen egiaztagiri akademikoa jasotzeko eskubidea izango du, bertan ordu guztiak, irakasgaiak, ikastaroak... zehaztuta.

7. artikulua.– Irakurletzei dagozkien zenbatekoak ordaintzea.

Etxepare Euskal Institutuak egingo dizkio Helsinkiko Unibertsitateari irakurletzak mantentzetik eratorritako gastuen finantzaketarako zenbatekoen ordainketak.

Helsinkiko Unibertsitateari dagokio Etxepare Euskal Institutuak egindako diru ekarpenak justifikatzea.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

1.– Eskabidea (I. eranskina), behar bezala beteta, dagokion dokumentazioarekin batera, Etxepare Euskal Institutuaren bulegoan aurkeztu beharko da, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari zuzenduta (Andre Zigarrogileak plaza 1, Tabakalera eraikina 3. solairua, 20012 Donostia), goizeko 08:30etik 14:00etara, edo Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

2.– Eskabideekin batera, hautagaiek ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

– Pasaportearen fotokopia (edo bestela NANarena edo AIZarena).

– II. eranskina, behar bezala beteta.

– Proiektu pedagogikoa, euskarako eta euskal kulturako programazioek osatua. Euskarako lehen mailetan irakasteko programazio laburra aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta eskoletarako erabiliko den bibliografia adieraziz. Euskal Kulturako gai ezberdinei (literatura, zinema, antzerkia, eskultura...) buruzko programazio laburra ere aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta eskoletarako erabiliko den bibliografia adieraziz. Proiektu pedagogiko guztiaren luzera gehienez ere 9.000 karakterekoa (zuriuneak barne) izango da. Proiektu pedagogikoa euskaraz idatzia egongo da.

Hautagaiek aipatzen dituzten meritu guztiak (hizkuntzak, emandako ikastaroak, jasotako formazioa...) ziurtagirien bidez frogagarriak izan beharko dira. Horretarako, hautagaiek agiri guztien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte eskaera egitean. Bestalde, aukeratutako hautagaiak notarioak konpultsatutako fotokopiak edo aurkeztutako fotokopien jatorrizko agiriak aurkeztu beharko ditu Etxepare Euskal Institutuak eskatutakoan, horrela Etxepare Euskal Institutuan agiri horiek egiaztatu ahal izango dira. Hala egin ezean, deialditik kanpo geratuko da dagokion hautagaia.

Eskabideak aurkezteko I. eta II. eranskinak EHAAn eta Etxepare Euskal Institutuaren web-orrian egongo dira eskuragarri word formatuan.

3.– Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko zein-nahi hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango du eskaera, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabideak aurkezteko hamabost egun naturaleko epea egongo da, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

5.– Hautagaiek eskabidean emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da. Fitxategiak «Euskal Hizkuntza eta kultura lektoreak» du izena eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren 2011ko martxoaren 31ko Ebazpenaren bidez dago araututa. Fitxategi horren erabilera hautapen prozesura eta etorkizunean ager daitezkeen irakurletzetako presazko beharrei erantzuteko sortuko diren poltsak kudeatzera mugatuko da, baldin eta hautagaiak lekuan lekuko unibertsitateko irakurletzarako baldintzak betetzen baditu. Fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoaren, abenduaren 13koa, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko 2/2004 Legearen, otsailaren 25ekoa, aurreikuspenekin bat etorriko da.

Aipatutako lege horietan jasotzen den moduan, datuok eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko edo aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dira. Horretarako, idazki bat bidali beharko zaio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari, helbide honetara: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia.

9. artikulua.– Hautapen-batzordea.

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Hautapen Batzordea eratuko da. Batzorde horren osaeran otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa eta 40/2015 urriaren 1eko Legeak, Alor Publikoaren Araubide Juridikoak kide anitzeko organoei buruz esandakoa kontuan hartuko da.

Batzordearen osaketa EHAAn argitaratuko da.

10. artikulua.– Hautapen-irizpideak.

Hautagaien hautapena ondoko baremoaren arabera egingo da, eta guztira gehienez 25 puntu lortu ahal izango dira:

1.– Unibertsitateko titulua eta HE. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen arabera:

Euskal Filologia, Euskal Ikasketak, Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza euskara): 5 puntu.

Gainerako graduak edo lizentziak, baldin eta 4.HE egiaztatuta badute: 4 puntu.

Giza zientzien, Gizarte-zientzien eta Artearen gradu edo lizentziak: 2,5 puntu.

Gainerako gradu edo lizentziak: puntu 1.

2.– Eskarmentua euskara eta beste hizkuntzak irakasten. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen eta egiazta daitekeen ordu kopuruen arabera.

Euskara irakatsi izana unibertsitateetan: 3 puntu ikasturteko.

Euskara irakatsi izana euskaltegi eta ikastetxeetan: puntu 2 ikasturteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana unibertsitatean: 1 puntu ikasturteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana ikastetxeetan: 0.5 puntu ikasturteko.

3.– EAEko hizkuntza ofizialak ez diren beste hizkuntzak ezagutzea eta agiri ofizial bidez egiaztatuta izatea. Gehienez ere 3 puntu, hizkuntza bakoitzeko ondoko irizpideen arabera:

A2= 0.25 puntu.

B1= 0.50 puntu.

B2= 0.75 puntu.

C1= puntu 1.

C2= 1.5 puntu.

4.– Bestelako prestakuntza. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen arabera.

Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa: 5 puntu.

Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa egiten ari diren ikasleak: 3 puntu.

Bestelako doktoregoa: puntu 1.

Euskararen arloko masterra: 2 puntu.

Hezkuntzarekin edota hizkuntzekin erlazionaturiko masterra: puntu 1.

Bestelako masterra: 0.5 puntu.

Atzerriko Unibertsitateetan Euskara Irakasteko prestakuntza ikastaroa: puntu 1.

IGI-CAP: 0.5 puntu.

Glotodidaktika ikastaroa: 0.5 puntu.

Excellence in Basque Studies ikastaroa: 0.25 puntu.

5.– Proiektu pedagogikoa. Gehienez ere 5 puntu.

Proiektu pedagogikoaren ebaluazioan irizpide hauek erabiliko dira bai euskarako eta baita euskal kulturako programazioa aztertzean: zehaztasuna Helsinkiko Unibertsitatearekiko, hartzaileekiko egokitasuna, eta koherentzia atal hauetan: helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta bibliografia. Proiektu pedagogikoko gehieneko puntuazio hori aipatutako atal horietako bakoitzean lortutako puntuen batez bestekoa izango da.

6.– Beste meritu batzuk: gehienez ere 2 puntu. Honakoak hartuko dira kontuan: euskal kulturarekin zerikusia duten jardueretako parte-hartzea, argitalpenak, bestelako lan eta kudeaketa eskarmentua. Lan eskarmentuari dagokionez, bereziki baloratuko da irakaskuntzan lan egin izana, interprete eta itzultzaile gisako eskarmentua eta kultur arloan lanean aritu izana.

11. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.

Hautagaien profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez hamabost eguneko epearen barnean, Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 5 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.

Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko duela. Epe hori igarota, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpenez, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da. Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan.

Hautapen Batzordeak behin betiko zerrendako hautagaien merituak 10. artikuluan agertzen diren irizpideen arabera aztertuta, eta hautapen batzordeak ezarritako hurrenkeraren arabera, Etxepare Euskal Institutuak hiru hautagai proposatuko dizkio Unibertsitateari, eta hark egokiena deritzona aukeratuko du hiru horien artean. Unibertsitateak, hiru horiek aztertuta, hautagai egokirik ez dagoela irizten badio, Etxepare Institutuak zerrendako hautagai berriak proposatuko dizkio zerrendaren hurrenkerari jarraituta, eta Unibertsitateak hurrengo hautagaien artean aukeratu ahal izango du zein nahiago duen.

Irakurlearen egokitasuna baloratzeko, unibertsitateko ordezkariek eskubidea izango dute proposatutako hiru hautagaiak elkarrizketa batera deitzeko.

Deialdi honetan eskainitako plazak esleitu gabe gelditu ahal izango dira ondoko kasuetan:

Eskabide bat bera ere aurkeztu ez bada.

Deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte hautagaiek.

Deialdi hau argitaratu ondoren, Helsinkiko Unibertsitateak Institutuaren eta bien arteko lankidetza hitzarmenetan ezarritako baldintzak aldatzen dituenean edo dena delako arrazoiarengatik hitzarmena gauzatzen ez bada edo bertan behera gelditzen bada.

12. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.

Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak ebatziko du deialdi hau, zioak behar bezala azalduz, Etxepare Institutuak Unibertsitateari proposatutako hautagaiak zehaztuz. Helsinkiko Unibertsitatea izango da azken erabakia hartzen duena.

Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izango da organo eskuduna betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gertaerak kudeatu eta argitzeko.

13. artikulua.– Lanpostua esleitzea.

Hautatuak medikuaren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko du, bere esku utzitako funtzioak inolako eragozpenik gabe bete ditzaketela egiaztatzen duena. Gainera, Helsinkiko Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kulturako irakurle izaera onartu beharko du, xede horretarako dokumentu bat sinatuz.

14. artikulua.– Ukoak eta ordezkapenak.

Hautatuak ikasturtea amaitu baino lehenago bere lanpostuari uko egiten badio, ezingo du berriz hautagai izan Etxepare Euskal Institutuko irakurleak hautatzeko hurrengo deialdietan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoietan bere ukoa oinarritu ezean.

Aurretik aipatutako ukoa onartzen bada, Etxepare Euskal Institutuak lanposturik gabe aukeratutako lehen hautagaia proposatuko du, ordezkoaren adostasuna lortu ondoren. Etxepare Euskal Institutuak lan-poltsara joko du irakurlearen ukoak sortutako irakaskuntza beharrei erantzuteko. Lan-poltsa hautatuak izan ez diren hautagaiekin osatutako zerrenda izango da eta Hautapen Batzordeak emandako puntuazioaren araberako hurrenkera jarraituz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Donostia, 2018ko urriaren 30a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana