Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

219. zk., 2018ko azaroaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5594

AGINDUA, 2018ko azaroaren 6koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2018-2019ko ikasturterako laguntzetarako deialdia egiten duena, zero eta hiru urte arteko umeentzako titulartasun pribatuko haur-eskolentzat.

Abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren bidez (abenduaren 31ko EHAA, 249. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko zero eta hiru urte bitarteko umeen haur-eskolak arautu ziren, 2002-2003ko eta 2003-2004ko ikasturteetarako. Dekretu horretan, ziklo horretako xedeak eta helburuak zehaztu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko zero eta hiru urte bitarteko umeen haur-eskolek bete beharreko kalitate-baldintzak ezarri ziren.

207/2002 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarri ziren hezkuntza-eskaintza planifikatzeko lehentasun-irizpideak: hiru urtetik beherakoentzako oraingo eskaintza sendotuko da, lehentasuna emanez maila sozioekonomiko apalagoa duten aldeei, titulartasun publikoko haur-eskolak sustatuz, eskaintza sendotuz, eta haur-eskolen kopurua areagotuz halako eskaintzarik ez duten aldeetan.

Azaroaren 16ko 215/2004 Dekretuak, ildo beretik, luzatu egin zuen 297/2002 Dekretuaren zenbait artikuluren eta, besteak beste, hirugarren xedapen gehigarriaren indarraldia, titulartasun pribatuko haur-eskolentzako diru-laguntzetarako deialdiak arautu baititu.

Hirugarren xedapen gehigarri horrek xedatzen duenez, Hezkuntza Sailak laguntza ekonomikoen deialdi bat egingo die ikasturtero zero eta hiru urte bitarteko umeentzako titulartasun pribatuko haur-eskolei , egungo eskaintza sendotu edo, beharrezkotzat jotzen denean, handitzeko.

Era berean, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen 19. artikuluan ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzak neurriak jarriko ditu 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolak sendotzeko.

Aipatutako xedapenak betetzeko, agindu honen xedea da behar bezalako baimena duten titulartasun pribatuko haur-eskolentzako diru-laguntzen deialdia egitea 2018-2019ko ikasturterako. Beraz, laguntzen helburua da haur-eskola horiei eusteko gastuak arintzea, familiek egin beharreko ordainketak gutxitzeko asmoz.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsiak, bere VI. tituluan xedatu duenarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eremuko diru-laguntzak arautu ditu, eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoari eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenei jarraikiz,

Honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta dotazioa.

Deialdi honen xedea da EAEko 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako titulartasun pribatuko haur-eskolei 2018-2019ko ikasturterako diru-laguntzak ematea. Deialdi honetan, 26.595.744,68 euroko diru-laguntza emango zaie, gehienez (1.000.000 euro 2018ko aurrekontuaren kargura, eta 25.595.744,68 euro 2019ko aurrekontuaren kargura). Halere, artikulu honen bidez ezartzen den diru-zenbatekoa handitu egin daiteke, indarrean dagoen legerian ezarritako kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldarazpenaren araubidearen bitartez. Hala egiten bada, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpenaren bidez jakinaraziko da, deialdi hau erabaki baino lehen.

2. artikulua.– Helburua.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak emango dira zero eta hiru urte bitarteko umeentzako titulartasun pribatuko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko eskolei eusten laguntzeko, familien kuotak gutxitu eta homogeneizatzeko, familia eta lana uztartzeko zerbitzu bat eskaintzeko eta hezkuntzaren kalitatea hobetzeko. Izan ere, dagoen eskaintza sendotu nahi da, eta, beharrezkotzat joz gero, zabaldu, betiere abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen dituen plangintza-irizpideekin bat etorrita.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Deialdi honetan, Haur Hezkuntzako lehen zikloko EAEko ikastetxe pribatuek hartu ahal izango dute parte, baldin eta 2018-2019ko ikasturtean etapa hori emateko baimena badute.

2.– Laguntza ematea eta, hala bada, ordaintzea baldintzatuta dago; hain zuzen ere, laguntzarik eman edo ordaintzeko, amaituta egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiak emandako izaera bereko laguntzak edo diru-laguntzak direla-eta hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozedura.

3.– Erakundeak ezin izango dira bildu deialdi honetan araututako laguntzetara, baldin eta diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea eragin dien zehapen administratibo edo penalik badute edo horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik badute, sexu-diskriminazioaren ondoriozkoak barne, betiere 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) azken xedapenetatik seigarrenaren arabera.

4.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan azaldutako egoeraren batean dauden pertsonak edo entitateak ezin izango dira onuradun izan. Eskatzaileak diru-laguntzak jasotzeko debekurik ez duela egiaztatuko da 13. artikulu horren 4., 5., 6. eta 7. apartatuetan agertzen den moduan, eta aplikagarria izango da Diru-laguntzan Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikulua.

4. artikulua.– Diruz lagundu beharreko postu kopurua zehaztea.

Diru-laguntza kalkulatzeko orduan kontuan hartuko diren postu beteak edo okupatuak zehazteari dagokionez, honako irizpide hauek aplikatuko dira:

Hiru tarteetan, betetako plaza guztiak diruz lagunduko dira, betiere 2018-2019ko ikasturterako finkatutako mugaz.

Nolanahi ere, azaroaren 15ean matrikulatuta dauden ikasleak zenbatuko dira diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko. Ondorio horietarako, ez dira matrikulatutzat joko 2018ko azaroaren 15az geroztik jaiotako haurrak.

2018ko maiatzaren 15ean baino lehenago jaiotako umeek ikasturte osoko diru-laguntza jasotzeko eskubidea izango dute, hau da, 2018ko irailetik 2019ko uztailera bitartean.

Matrikulatuta dauden gainerako haurrek irizpide hauen arabera izango dute laguntza jasotzeko eskubidea:

Maiatzaren 16tik ekainaren 15era bitartean jaiotakoek, 2018ko urritik 2019ko uztailera bitartean.

Ekainaren 16tik uztailaren 15era bitartean jaiotakoek, 2018ko azarotik 2019ko uztailera bitartean.

Uztailaren 16tik abuztuaren 15era bitartean jaiotakoek, 2018ko abendutik 2019ko uztailera bitartean.

Abuztuaren 16tik irailaren 15era bitartean jaiotakoek, 2019ko urtarriletik uztailera bitartean.

Irailaren 16tik urriaren 15era bitartean jaiotakoek, 2019ko otsailetik uztailera bitartean.

Urriaren 16tik azaroaren 15era bitartean jaiotakoek, 2019ko martxotik uztailera bitartean.

5. artikulua.– Finantzaketa umeko.

1.– Hiru adin-tarteetan, urteko moduluaren % 60 finantzatuko da betetzen den plaza bakoitza:

(Ikus .PDF)

2.– Lehenengo atalean ezarritako zenbatekoa nahikoa ez bada egin diren eskaera guztiei erantzuteko eta handitzerik ez badago, ateratzen den zenbatekoa berdindu edo hainbanatu egingo da, guztizko zenbateko hori ezarri den mugari egokitzeko.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Pertsona edo erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honen izapideak eskatu, kontsultatu eta burutzeko.

2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Teknologiako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

3.– Eskaerak eta erantzukizunpeko adierazpenak modu elektronikoan zelan egin jakiteko eta ereduak eskuratzeko, jo helbide elektroniko honetara: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/haurpri/y22-izapide/eu

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

7. artikulua.– Betebeharrak, baldintzak eta akreditazioa.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 52. artikulua betetzeko, izapidetze elektronikoaren bitartez laguntzak eskatu dituen pertsonak edo erakundeak tributu-betebeharretan egunean egon behar duela dioen baldintza betetzen duela organo kudeatzaileak egiaztatuko du automatikoki, behar bestetan. Horretarako, ez da beharko erakunde eskatzailearen oniritzirik.

2.– Eskabideetan jasota egongo da laguntza eskatzen duen pertsonak edo erakundeak beren beregi onartu ahal izango duela organo kudeatzaileak gainerako datu edo dokumentu horiek lortzea edo egiaztatzea. Hori gorabehera, Administrazio publikoak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko eskumenak ditu.

3.– Ez da berriro aurkeztu behar lehenagoko deialdietan Administrazioan aurkeztutako dokumentaziorik.

4.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua betetzeko, betebehar hauek egiaztatuko dira eskaeran, erantzukizunpeko adierazpen bidez:

– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adieraztea, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak.

– Bete beharreko itzulketa-prozedura guztiak bukatuta egotea azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak esaten duen bezala.

– Pertsona edo erakunde eskatzailea ez egotea ez administratiboki ez penalki zigortuta diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko, edo ez egotea laguntzak jasotzea eragozten dien inolako lege-debekuren pean.

– Eskatzailea ez dagoela diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasotako egoeretan.

– Eskabide-orriko eta berarekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla adieraztea, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

5.– Erregistratuta egon ezean, edo Ogasuna eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html egin behar da.

8. artikulua.– Eskaerak eta aurkeztu behar diren agiriak.

1.– Bide elektronikoz aurkeztu beharko dira eskabideak, euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/haurpri/y22-izapide/eu

2.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta horri erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Era berean, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.

3.– Deialdi honi heltzeko, eskabideak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Eskaerarekin batera, honako agiriak ere aurkeztu behar dira, nahitaez: agindu honen eranskinak https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/haurpri/y22-izapide/eu webgunean daude eskuragarri.

a) 2018ko azaroaren 15ean matrikulatuta dauden haurren zerrenda banakatua (I., II. eta III. eranskinak), jaioteguna zehaztuta.

Bereiztu egingo dira 2018ko maiatzaren 15a baino lehenago jaiotako haurrak eta maiatzaren 15aren ondoren jaiotakoak, eta familia-liburuan haur bakoitzari dagokion orrialdearen fotokopia aurkeztuko da.

b) Haurren adinaren araberako banaketa, baimendutako ikasgeletakoa (IV. eranskina).

c) Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskola-egutegia eta ordutegia (V. eranskina). 2018-2019ko ikasturteko irakastegunak adieraziko dira bertan.

d) 2018-2019ko ikasturterako eskatutako edo jasotako bestelako laguntzen zerrenda (VI. eranskina).

e) Notario-ahalordea, edo kreditatzen duen beste dokumentua, eskatzaileari baimena ematen diona ikastetxearen izenean jarduteko. Aurreko deialdiren batean aurkeztu bada, ez da aurkeztu beharko.

f) 2018-2019ko ikasturteko aurrekontua (VII. eranskina).

g) Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko eskolaren hezkuntza-langileen zerrenda, lan-egoera, eta ikasketen titulazioa eta euskarakoa adierazita (VIII. eranskina). 2018-2019ko ikasturte honetan kontratatutako pertsonen tituluen eta lan-kontratuen fotokopiak bidali beharko dira, baldin eta aurreko ikasturteko irakasleen zerrendan ez badaude.

5.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuak, bestalde, «Haur Hezkuntzako diru-laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau eta beronekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko ere. Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza da fitxategiaren arduraduna. Datuak aurkatu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak baliatzeko, hona jo behar dute: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza, Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz.

6.– Hezkuntza -proiektua haur-eskolan gordeko da, eta agindu honen 15. artikuluan ezarritako jarraipen-batzordearen esku egongo da. Hezkuntza-proiektu horrek honako hauek jasoko ditu, besteak beste:

a) Haurren kopurua, urteen arabera, taldekatzeko irizpideak, unitate-kopurua, adinaren eta hizkuntza-ereduaren arabera.

b) Unitate bakoitzeko haur-hezitzaileen zerrenda, honako hauek jasota: lan-egoera, titulazioa eta hizkuntza-gaitasuna. Laguntza-langileen zerrenda ere jasoko da.

c) Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskola-egutegia eta ordutegia eta eskainitako zerbitzuak: jantokia, mediku- eta osasun-laguntza, laguntza psikologikoa, gurasoen eskola...

d) Jarduerak hezkuntza-eremuan dituen balio, helburu eta lehentasunen definizioa.

9. artikulua.– Organo instrukzio-egilea eta dokumentazioa zuzentzea.

1.– Ikastetxe eta Plangintzaren Zuzendaria izango da diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzio-egilea, eta prozedura ebazteko egoki deritzen agiri guztiak eskatu ahal izango ditu.

2.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak zehaztasun eza edo hutsegiteren bat antzematen badu aurkeztutako eskabidean, eskatzaileari jakinarazi eta hamar eguneko epea emango dio, zuzentzeko.

Aipatutako epean eskatzaileak zuzenketarik ez badu egin, eskaeran atzera egin duela ulertuko da da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan jasotakoaren arabera eman behar den ebazpenaren ostean.

10. artikulua.– Deialdia ebaztea.

1.– Hezkuntzako sailburuordeak emango du deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko ebazpena. Ebazpen hori ikastetxe eskatzaileei jakinaraziko zaie, eta, denek jakiteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Epea amaitu eta interesdunei ebazpenik jakinarazi ezean, eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango da.

3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera.

11. artikulua.– Laguntzak jasotzea eta justifikatzea.

1.– Diru-laguntza hiru epetan ordainduko da. Lehenengoa 2018ko aurrekontuari dagokio, emandako guztiaren % 3,76 izango da eta Hezkuntzako sailburuak ebazpena onartu ostean, agindu honen 10. artikuluan adierazitako moduan. Bigarren ordainketa 2019ko lehen hiruhilekoan zehar ordainduko da, eta % 26,24 izango da. Azkenik, gainerakoa 2019ko uztailean zehar ordainduko da.

2.– 2019ko ekainaren lehenengo hamabostaldian, diru-laguntza jaso duten pertsonek edo erakundeek Haur Eskolak 2018-2019ko ikasturtean izandako gastuak eta diru-sarreren justifikazioa bidali beharko dute, Hezkuntza Saileko Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzara. Horretarako ezarritako inprimaki-eredu bat erabiliko da, eta behar bezala bete. Inprimakiaren eredua https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/haurpri/y22-izapide/eu egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.

3.– Ikastetxe eta Plangintzaren Zuzendaritzak laginketa-tekniken bidez egiaztatuko ditu diruz lagundutako jardueraren ziurtagiriak, hain zuzen ere egoki iritzitakoak, diruz lagundutako jarduerari emandako zenbateko osoari begira diru-laguntzen kopuruak zuzenak direla eta diru-laguntzak eurak ondo erabili direla ziurtatzeko.

4.– Aurkeztutako justifikazioa dela eta, diru-sarrerak egindako gastuak baino handiagoak direla egiaztatzen bada, Hezkuntzako Sailburuordetzak diru-laguntza kitatu egingo du; horretarako, antzemandako aldea gutxituko da, gainfinantzaketarik gerta ez dadin. Ondorio horietarako, organo horrek kitatze-ebazpena emango du, eta horretarako kontuan hartuko du abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura.

12. artikulua.– Bateragarritasunen araubidea.

Deialdi honen bidez lortutako kopurua bateragarria izango da hezkuntza arloan eskumenik ez duten administrazio publikoen edo erakunde pribatuen mende dauden organoen bidez lortutako beste edozeinekin, baina diru-laguntza guztien batura ezingo da izan gastuaren % 100 baino handiagoa. Halakorik gertatuz gero, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen diru-laguntzari.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publikotasun egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko Legearen 18. artikuluko 3. eta 4. apartatuetan jasotakoarekin bat etorriz):

1.– Ematen den diru-laguntza onartzea. Ebazpena interesdunei jakinarazi eta hamabost egunean pertsona/erakunde onuradunek diru-laguntzari beren beregi eta idatziz ez badiote uko egiten, diru-laguntza onartutzat joko da.

2.– Dirulaguntza helburu jakin baterako ematen da, eta horrexetarako erabili behar da.

3.– Diru-laguntzaren hartzaileak, halaber, men egin behar die diru-laguntza eman duen administrazioak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin ditzaketen egiaztapen-ekintzei, eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin ditzakeen kontrol-ekintzei, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.2 artikuluan adierazitakoarekin bat.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, eskumena duen sailaren bitartez, auditoretzak egin ahal izango ditu ikastetxeetan, emandako datuak benetakoak direla egiaztatzeko.

14. artikulua.– Ez betetzea eta itzultzeko prozedura.

Laguntza emateko ezarri diren baldintzak betetzen ez badira, jasotako kopuruak eta berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Eta batez ere kasu hauetan:

a) Justifikatzeko obligazioa ez betetzea.

b) Laguntza zertarako eman, horretarako ez erabiltzea.

c) Behar diren baldintzak bete gabe lortzea laguntza.

d) Agindu honen 13. artikuluan ezarritako betebeharretariko bat ez betetzea.

15. artikulua.– Jarraipen-batzordea.

Deialdi honetan ezarritako baldintzak eta xedea behar bezala betetzen direla bermatzeko, jarraipen-batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira batzordeko kideak:

– Ikastetxe eta Plangintzaren Zuzendaria edo haren ordezkoa, batzordeburu izango dena.

– Hezkuntzako ikuskaria.

– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak izendatutako teknikari bat.

– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak izendatutako teknikari bat, idazkaria izango dena.

16. artikulua.– Jarraipen-batzordearen egitekoak.

1.– Jarraipen-batzordeak, berak zehazten duen prozeduraren arabera, bere esku izango du diru-laguntza jasotzen duen erakundeak bere betebeharrak zein neurritan betetzen dituen egiaztatzea.

2.– Horretarako, jarraipen-batzordeak, 11. artikuluan azaldu den bigarren ordainketa egin aurretik, erakunde onuradunek aurkeztutako datuak aztertu ahalko ditu, eta agindu zaizkion funtzioak betetzeko beharrezko iritzitako agiri osagarri guztiak eska ditzake.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Prozedura-gaietan agindu honek arautzen ez duenerako, osagarri gisa, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoa beteko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren kontra, interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntzako sailburuari. Horretarako hilabeteko epea izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari baimena ematen zaio agindu hau betetzeko behar diren jarraibide guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Agindu honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 6a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Eskabide elektronikoa HAURPRI
(Ikus .PDF)
1. ERANSKINA
2016an jaiotako haurren zerrenda
(Ikus .PDF)
2. ERANSKINA
2017an jaiotako haurren zerrenda
(Ikus .PDF)
3. ERANSKINA
2018an jaiotako haurren zerrenda
(Ikus .PDF)
4. ERANSKINA
Haurren adinaren araberako banaketa
(Ikus .PDF)
5. ERANSKINA
Egutegia eta ordutegia
(Ikus .PDF)
6. ERANSKINA
Bestelako finantzaketa-iturriak
(Ikus .PDF)
7. ERANSKINA
Aurrekontua
(Ikus .PDF)
8. ERANSKINA
Hezitzaileen zerrenda
(Ikus .PDF)
9. ERANSKINA
Titulartasun pribatuko 0-3 urteko haur eskolen laguntzen justifikazioa
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala