Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2018ko azaroaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5437

EBAZPENA, 2018ko irailaren 28koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez berrikusi eta aldatzen baita Celulosas Moldeadas SAri emandako ingurumen-baimen integratua, Atxondoko udal-mugartean honako produktu hauek fabrikatzeko emana: zelulosazko produktu moldekatuak, bereziki elikadura-produktuak kontserbatu, garraiatu eta biltegiratzeko ontziak eta enbalajeak.

2008ko apirilaren 21eko Ingurumen sailburuordearen ebazpenaren bidez, ingurumeneko baimen bateratua eman zaio Celulosas Moldeadas SAri zelulosazko produktu moldekatuak, bereziki elikadura-produktuak kontserbatu, garraiatu eta biltegiratzeko ontzi eta enbalajeak, fabrikatzeko eta saltzeko jarduerarako Atxondoko (Bizkaia) udalerrian.

2014ko urtarrilaren 15eko Ingurumen sailburuordearen ebazpenaren bidez, aldatu egin da eta gauzatu egin da Celulosas Moldeadas SAri emandako zelulosazko produktu moldekatuak, bereziki elikadura-produktuak kontserbatu, garraiatu eta biltegiratzeko ontzi eta enbalajeak, fabrikatzeko eta saltzeko jarduerarako ingurumeneko baimen bateratua, Atxondoko (Bizkaia) udalerrian.

2014ko irailaren 1ean, Celulosas Moldeadas SAk jakinarazi zuen funtsezkoa ez den aldaketa bat, hau da aldaketa hori: 1. fokuari dagokion scrubber-a kentzea eta 7. lineako (14. fokua) trukagailua deskonektatzea; horrela, foku sistematiko eta ez-sistematiko bana kendu dira eta bi foku ez-sistematiko (7. eta 8. fokuak) sistematiko bihurtu dira.

2014ko irailaren 30ean, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2014ko irailaren 26ko exekuzio-erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren isuri industrialei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (2014/687/EB Erabakia).

2015eko urtarrilaren 8an, Celulosas Moldeadas SAk funtsezkoa ez den aldaketa bat jakinarazi zuen, hau da aldaketa hori: isilgailuak eta konoak instalatzea 4., 5., 11. eta 13. fokuetako tximinietan, sistema bat (ROTOFLEX) martxan jartzea, lohietatik zelulosa-zuntza berreskuratzeko, eta hondakin arriskutsu berri bat sartzea, HEZ 150110, ontzien hondakinak.

2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluak ezartzen ditu baimena berrikusteko baldintzak; hala, lau urteko epean, instalazio bateko jarduera nagusiaren TEOei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik, organo eskudunak bermatuko du berrikusi eta, beharrezkoa balitz, egokitu direla instalazioaren baimen-baldintza guztiak, eta instalazioak aplika daitezkeen TEO dokumentuei buruzko ondorioak betetzen dituela.

2017ko martxoaren 28an, Celulosas Moldeadas SAk funtsezkoa ez den aldaketa bat jakinarazi zuen, hau da aldaketa hori: bi hondakin berri sortzea, produktu kimiko organikoak (HEZ 160508) eta molde-garbiketen ur azidoak (HEZ 060106).

2017ko apirilaren 5eko Ingurumen Sailburuordetzaren ebazpenaren bidez itxi osteko aldiari hasiera eman zaio, zabortegiko lurzoruaren kalitatea deklaratzen da eta aldatu egiten da Celulosas Moldeadas SAri emandako ingurumen-baimen integratua, zelulosazko produktu moldekatuak, bereziki elikadura-produktuak kontserbatu, garraiatu eta biltegiratzeko ontzi eta enbalajeak, fabrikatzeko eta saltzeko, Atxondoko udal-mugartean (Bizkaia).

2018ko otsailaren 22an ingurumen-organoak, baimena berrikuste aldera, Celulosas Moldeadas SAri eskatu zion ondorioetan deskribatutako teknika eskuragarri onenen instalazioaren funtzionamenduaren konparazioa bidaltzeko, baimena berrikusi ahal izateko.

2017ko martxoaren 13an, ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatu zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen Celulosas Moldeadas SAk.

Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumen Sailburuordetzaren 2018ko martxoaren 22ko ebazpenaren bidez erabaki zen Celulosas Moldeadas SAren ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena jendaurrean jartzea, 30 egun balioduneko epean, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zein Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2018ko apirilaren 9an.

Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatuta dagoena aplikatuz, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostenak egin zitzatela eskatu zien 2018ko maiatzaren 31n Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoari (aurrerantzean, BBUP), Atxondoko Udalari eta Osasun Sailari, eta ekainaren 13an Uraren Euskal Agentziari (URA).

2018ko ekainaren 7an, Celulosas Moldeadas SAk funtsezkoa ez den aldaketa bat jakinarazi zuen, hau da aldaketa hori: zelulosazko produktu moldekatuak saldu eta merkaturatzeko jarduera bertan behera uztea.

2018ko ekainaren 12an eta 2018ko uztailaren 12an, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta BBUPk txostena egin zuten, hurrenez hurren, eta espedientean jaso da txosten horien emaitza.

2018ko uztailaren 19an, funtsezkoa ez den aldaketa bat eskatu zuen, hau da aldaketa hori: hondakin ez-arriskutsuen kudeatzailea izatea, berreskuratutako papera lehengai gisa erabiltzeko zelulosa moldekatuzko artikuluak ekoizteko.

2018ko irailaren 14an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, Celulosas Moldeadas SAren esku utzi zen espediente osoa.

Baimen-aldaketen jakinarazpenean emandako informazioa behar bestekoa izan da.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen) eta 2008ko apirilaren 21eko ebazpenaren bosgarren apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, egokia da ingurumen-baimena egokitzea, airearen kalitateari, saneamendu-sareko isuriei, hondakinak sortzeari eta lurzorua babesteari buruzko apartatuen idazkera eta zaratari buruzko baldintzak eguneratzeko.

Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan xedatzen denez, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko araudiaren eraginpeko enpresek aukera dute jarduera aldi baterako eteteko; hori aintzat hartuta, berariazko atal bat erantsi behar da utzialdiak dirauen denboran ingurumen-baimen integratua betetzen dutela bermatzeko baldintzak ezartzearren.

Aipatutako abenduaren 23ko 468/2013 Dekretuak aldi baterako eteten du I. eranskinean jasotako prozedurak IKS-eeM tresnaren bitartez bakarrik izapidetzea. Prozedura horien artean, ingurumena zaintzeko programaren igorpena dago. Hori dela eta, 2008ko apirilaren 21eko Ebazpenaren bigarren ataleko H azpiatala aldatu behar da.

Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspenari dagokion jendaurreko informazioaren izapidea amaituta, ez da alegaziorik aurkeztu.

Ebazpen hau emateko ingurumen-organo honek du eskumena, xedapen hauetan ezarritakoaren arabera: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Honako araudi hau ikusi da: Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; isuri industrialen Erregelamendua onartu eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua; ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikazio orokorreko gainerako arauak.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Berrikustea Celulosas Moldeadas SAri emandako ingurumen-baimen integratua, baimeneko baldintzak orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei buruzko ondorioen dokumentura egokituta.

Bigarrena.– Kalifikatzea funtsezkoak ez diren aldaketa gisa, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera (kutsaduraren prebentzioa eta kontrol integratuaren Legearen testu bategina onartzen duena), aldaketa hauek: fokuak aldatzea, hiru hondakin arriskutsu berri sartzea eta sistema bat martxan jartzea (ROTOFLEX) Celulosas Moldeadas SAk sustatutako instalazioetan dagoen lohietatik zelulosazko zuntza berreskuratzeko, eta hondakin ez-arriskutsuen (HEZ 030308, 200101, 191201 kodeak) kudeaketa aldatzea. Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedurari aplikatu beharreko araubide juridikoaz adierazitakoari dagokionez, eta ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean adierazitakoari dagokionez, ez zaie ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik egin behar aldaketoi.

Hirugarrena.– Aldatzea Celulosas Moldeadas SAri emandako ingurumen-baimen integratua zelulosazko produktu moldekatuak fabrikatzeko, bereziki elikadura-produktuak kontserbatu, garraiatu eta biltegiratzeko ontzi eta enbalajeak, 2008ko apirilaren 21eko Ebazpenaren bidez emana eta ildo horretan 2008ko apirilaren 21eko Ebazpeneko Lehenengo eta Bigarren apartatuak horrela idatziko dira:

«Lehenengoa.– Atxondoko (Bizkaia) udalerriko Autonomia kaleko 2. zenbakian helbide soziala eta A-48034177 IFK duen Celulosas Moldeadas SA enpresari Ingurumeneko Baimen Bateratua ematea, Atxondoko (Bizkaia) udalerrian zelulosazko produktu moldekatuak, bereziki elikadura-produktuak kontserbatu, garraiatu eta biltegiratzeko ontzi eta enbalajeak, fabrikatzeko jarduerarako eta Ebazpen honen Bigarren apartatuan ezarritako baldintzak jarraituz.

Jarduera 6.1.b) kategorian sartuta dago. «Papera eta kartoia fabrikatzea egunean 20 tonatik gorako ekoizpenarekin», hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean.

Celulosas Moldeadas SAren instalazioan garatzen den jarduera da zelulosa moldekatuzko artikuluak fabrikatzea, esaterako, arrautzentzako eta frutarentzako ontziak. Honako hauek dira garatzen diren prozesu nagusiak:

– Erosketako produktuak jaso eta biltegiratzea: logistikako langileak zelulosazko ontzien diseinuan eta produkzioan parte hartzen duten erosketako produktuak jaso eta biltegiratzeaz arduratzen dira. Produktuaren kontrola produktuaren ezaugarrien araberakoa da.

– Ore grisa fabrikatzea: berreskuratutako papera urarekin batera birringailuan edo zelulosa-zuntzak bereizteko zuntz-kentzean birrintzearen ondorioz ore grisa lortzen da. Birringailuan sortzen den orea araztu egin behar da fabrikatu beharreko produktuaren kalitatea eta ondorengo orea moldekatzeko prozesua kaltetu dezaketen material desegokiak baititu (plastikoa, metala, beira, zura, eta abar). Ore grisa arazte-metodo desberdinetatik pasatu ondoren, itxaroteko gordailuetara bideratzen da, ondoren moldekatzea abia dadin.

– Tinta kendutako orea ore grisaren antzekoa den prozesuaren bidez eskuratzen da, baina konposatu desberdinak gehitzen zaizkio, eta flotazio bidezko tinta-kentze prozesu baten bidez egiten da. Prozesu horri esker, tintak lehengaitik bereiztea lortzen da. Tinta kendutako orea itxaroteko gordailuetan ere biltegiratzen da, ondoren moldekatzeko zain.

– Orea moldekatzea, prentsatzea eta enbalatzea: zelulosazko orea moldekatzeko zazpi makinatan moldekatzen da. Prozesuan oreari ur kopuru bat kentzen zaio, produktua ekoiztu behar den ontziaren formari egokituz eta xurgapenerako eta presiorako moldeak izenekoak erabiliz. Oretik kendutako ura produkzio-prozesuan berrerabiltzen da.

Moldekatzeko makinatik atera ondoren, produktua parrilla garraiatzaile batzuetan kokatzen da eta lehorgailu jarraitura eramaten da. Moldekatutako produktua lehorgailuan sartzen da guztiz lehortu dadin (% 97). Gas-turbinetako ihes-gasak lehortegietatik pasata lehortzen da, eta beharrezkoa izanez gero, gas naturaleko zeharkako erregailuen bidez osatzen da.

Lehortu ondoren, ontziak enbalatu egiten dira, ondoren biltegiratu eta bidali daitezen, arrautzentzako kaxak izan ezik. Horiei bigarren konformazio-eragiketa bat egiten zaie, plantxa edo afterpressing izenekoa, eta horren bidez, ontziaren gainazala leundu egiten da eta inprimategiaren atalean hurrengo eragiketarako prestatzen da.

– Inprimaketa (aukerakoa): atal hau inprimatze/etiketatzeko 8 lineak osatzen dute eta horien bidez, ontziak bezeroak erabakitzen duen marka edo informazioarekin inprimatu edo/eta etiketatzen dira.

– Moldeak garbitzea: xurgapen- eta presio-moldeak garbitzeko instalazio automatikoa dago. Instalazio honek 4 ur-upel eta garbiketarako produktu azidoak dituzten 1,5 m3-ko 2 upel ditu. Moldeak upeletan murgilduz garbitzen dira. Upeletako batzuk erresistentziak dituzte bainuak berotzeko. Afterpressing moldeak lehorrean garbitzen dira zorrotaden bidez eta granaila plastikoarekin.

– Inprimategiko tresnen garbiketa: klixeak eta tintontziak disolbatzailean murgilduz garbitzen dira. Disolbatzailearen zorrotadaren bidez eskuz garbitzeko metodo bat dago eta automatikoa den beste bat, garbigailu zentrifugatzailean. Azkenik, tresnak lehortzeko armairuan sartzen dira.

Instalazioak 50.000 m3-ko zabortegia du. 2017an amaitu eta onartu zen zabortegia zigilatzea eta itxi osteko egoeran dago, Ebazpenaren bigarren apartatuan deskribatzen diren baldintza espezifikoekin.

Gainera, bi kogenerazio-instalazio daude eta bakoitza gas naturalaren bi turbosorgailuz osatuta dago. Talde bakoitzak alternadore bati akoplatutako turbina bat du energia elektrikoa ekoizteko eta errekuntza-gasak aprobetxatzen dira, alde batetik lehortegiak energia termikoaz hornitzeko eta bestetik, orea ekoizteko prozesuan beharrezkoa den ur beroa sortzeko.

Instalazioaren ekoizpen-gaitasuna 41.900 t/urte da.

Ekoizpen-prozesuan erabiltzen diren energia-baliabideak energia elektrikoa, gas naturala eta gasolioa dira. Energia elektrikoa bereziki ekipo eta makinei, argiztapen eta konpresoreei lotuta dago, eta urtean 25.555.187 kwh kontsumitzen dira. Gas naturala kogenerazio-prozesuan eta lurrun-galdaretan kontsumitzen da eta urtean 133.000.000 kwh kontsumitzen dira. Gasolioa orgatila jasotzaileetarako erabiltzen da eta urtean 28.000 litro kontsumitzen dira.

Ur-hartze bat dago Elorrio ibaian, segundoan 12 litro ur hartzeko mugarekin. Ur hori prozesu prozesu industrialen eta hozketa-sistemaren kontsumoen ur-hornidurarako da. Hartutako ura tinta kentzeko terrazara ponpatzen da eta bertan dekantatu eta tratatu egiten da prozesuan erabiltzeko. Enpresak bi putzu propiotatik ura hartzeko aukera du, baina matxura bat dagoenean edo ibaian ura falta denean erabiltzen dira soilik. Era berean, udal-saretik hornitzen da (urtean 9.500 m3 inguru kontsumitzen dira) zerbitzu sanitarioetarako eta garbiketarako.

Instalazioan Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren biltodira hondakin-uren isuri bakarra sortzen da, prozesuko hondakin-urei, prozesu osagarrien urei, zabortegiko lixibiatuei, ur sanitarioei eta hozketa sistemako purgaketei dagokiena. Prozesuko hondakin-urak, prozesu osagarrietako urak, zabortegiko lixibiatua eta hozketa-sistemako purgaketak ur gordineko andel batean elkartzen dira eta, ondoren, nahasketa dekantatzeko andel batera ponpatzen da. Bertan, tratamendu fisiko-kimikoa jasotzen du (malutatzailea eta koagulatzailea gehitzen zaizkio isuria iragazi eta solido esekiak dekantatzeko). Tratatutako urek dekantatzeko andeletik tratatutako uraren andelera gainezka egiten dute eta bertatik Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko biltodira isur daitezke, ur sanitarioei gehituta, eta produkzio-prozesuan berrerabili edo ur gordineko andelera birbidera daitezke.

Instalazioak atmosferara bideratutako 21 igorpen-foku ditu, eta horietatik:

– Zazpi, lehortegietatik pasatu ondoren gas-turbinetako ke-irteerenak dira. Fokuetako bostek gasak atmosferara hustu baino lehen scrubber bat dute.

– Bost, ez-sistematikoak, linea moldekatzaileetan dauden gainezkabideei (4) eta trukagailuei (1) dagozkie. Moldekatze-linearen funtzionamendu normalean zehar ez dira erabiltzen igorpen-foku hauek.

– Lau, ez-sistematikoak, gas-turbinen by-passei dagozkie. Atmosferara igortzen duen foku bat da sistemaren presioa doitzeko eta taldeak berak doitzen du by-passa irekitzea. Instalazioak normal funtzionatzen duenean itxita egoten da by-passa eta gasaren errekuntza-gasak lehortegietara bideratzen dira.

– Bat, moldeak garbitzeko prozesuari dagokio, garbiketa-upeletan sortzen diren gasak ateratzen dira prozesu horretan. Tanta-bereizle bat du igorpenak arazteko sistema gisa.

– Bat, inprimategiko tresnak garbitzeko prozesuari dagokio. Prozesu horretan inprimategiko tresnak disolbatzaileen bidez garbitzeagatik sortutako lurrunak kanpora igortzen dira.

– Bat, inprimaketa-prozesuari dagokio eta horren helburua ez da prozesu industrial baten igorpenak aireratzea, baizik eta kaxak inprimatze-gidara eranstea. Mahuka-iragazki bat du atmosferarako igorpenak arazteko sistema gisa.

– Bi moldekatze-prozesuko lurrunezko galderei dagozkie.

Hondakin arriskutsuak sortzeko prozesu nagusiak hauek dira: orea moldekatzea (erabilitako produktu kimiko arriskutsuen ontzi hutsengatik, esaterako, koloragarri, kolore finkatzaile, bakterizida, etab.), klixeak egitea, kaxak inprimatzea eta mantentze-lanetako eragiketa orokorrak egitea.

2014ko irailaren 26ko Batzordearen exekuzio Erabakian jasotako ekoizpen-prozesuek teknika erabilgarri onenak dituzte. Erabaki horren bidez ezartzen baitira orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren isuri industrialei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (2014/687/EB Erabakia). Honako hauek dira teknika erabilgarri onenak: kalitatearen kontrola eta ingurumena kudeatzeko sistemak, ekipoen mantentze-lan egokia, uraren kontsumoa murriztea prozesura birbideratuz, ur zuriak eta ur berrituak gordetzeko sistema, hozte-urak eta zigilu-urak bildu eta berrerabiltzea, homogeneizazio-gordailu baten instalazioa, urak tratatzeko instalazioa, energia aldetik eraginkorrak diren teknologiak erabiltzea, galdara osagarrien errekuntza-baldintzen kontrola eta nitrogeno oxidoen igorpenak murrizteko erregailu bereziak jartzea, eta sortutako hondakinak murriztu eta berreskuratzea.

Batzordearen 2014ko irailaren 26ko exekuzio Erabakia betetzeko beharrezkoak diren bitarteko tekniko eta antolamendukoak daude. Erabaki horren bidez, orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dira eta ondorio horietatik honako hauek aplikatu behar dira: TEO1, TEO2, TEO5, TEO6, TEO8, TEO10, TEO12, TEO17, TEO18, TEO42, TEO43, TEO46, TEO47, TEO52, TEO53. «

«Bigarrena.– Honako baldintzak eta eskakizunak ezartzea Celulosas Moldeadas SA enpresak Atxondoko (Bizkaia) udalerrian sustatutako zelulosazko produktu moldekatuak, bereziki elikadura-produktuak kontserbatu, garraiatu eta biltegiratzeko ontziak eta enbalajeak, fabrikatzeko jarduera ustiatzeko:

A) Erantzukizun zibileko aseguru bat egin beharko da, 652.800 euroko zenbatekoaz, ondorengoak estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz ingurumen aldatua konpondu eta berreskuratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumo-prezioen indizearen arabera (KPI) handituz.

B) Sustatzaileak finantzen azterketa eguneratua aurkeztu beharko du bost urtean behin, eta, bertan, sartuko ditu instalazioa ezarri eta ustiatzeko kostuak, A puntuan (erantzukizun zibileko asegurua) ezarritako bermeetatik eratorritako gastuak, 30 urteko aldiaren ondorengo itxiera eta mantentze-lanen zenbatetsitako kostuak eta neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa betearazteari buruz baimen honetan ezarritako eskakizun guztiak. Partiden eta urteen arabera banakatuko dira gastuak aipatu finantzen azterketan.

Txosten finantzario hori ingurumena zaintzeko programarekin –dagokion urtekoarekin– batera bidaliko da.

Gainera, argitaratu ondoren, azterketa egiteko, finantzen azterketa egiteko irizpideei buruzko argibide teknikoetan zehaztutako jarraibideak jarraitu beharko dira, ingurumen-organoak zehaztutakoak.

97.500 euroko fidantza bat ezarri da, Celulosas Moldeadas SAk 2017ko uztailaren 6an aurkeztutako (eta ingurumen-organoak 2017ko irailaren 4an berretsitako) lehenengo txosten finantzarioa eta proposamena kontuan izanda.

Itxi osteko 30 urtean mantentze-lanak egiteko eta lixibiatuak kudeatzeko kostuen arabera zehaztuko da fidantza horren zenbatekoa. Fidantzaren funtzioa da jarduera uzteagatik sor litezkeen betebehar guztiengatik Administrazioaren aurrean erantzutea.

Fidantzaren zenbatekoa urtean behin eguneratu beharko da, eta aurreko 12 hilabeteetako kontsumorako prezioen indizearen (KPI) arabera areagotu edo egindako gastuen arabera murriztu ahal izango da.

C) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Celulosas Moldeadas SA enpresak aldaketa horien berri emango du.

D) Babes eta zuzenketa-neurriak sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira, indarrean den araudiaren arabera eta ondorengo zenbakietan ezarritakoari jarraituz:

D.1.– Hondakin ez-arriskutsuak hartu, maneiatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.

Celulosas Moldeadas SAk birziklatutako hondakin ez-arriskutsuak (R3) baliaraziko ditu zelulosa moldekatuzko artikuluak ekoizteko.

Hondakin-paperen tratamendua orea fabrikatzen den instalazioan egiten da. Hondakin-paperen tratamendua fabrikatzeko bi linea daude, bakoitzak egunean 60 tonako tratamendu-gaitasuna du, eta urtean 40.000 tonako gaitasuna, guztira.

(Ikus .PDF)

Instalazioan baliarazteko onar daitezkeen hondakinak honako atal hauetan zehazten dira, zeinetan, era berean, hondakinak behar bezala kudeatzeko zehaztapenak ere jasotzen baitira.

Instalazioan tratatu beharrekotzat jotzen den hondakin-jatorri bakoitzeko, operadoreak ekoizlearekin tratamendu-kontratu bat izenpetu beharko du eta kontratu horretan hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena erantsiko da.

D.1.1.– Onar daitezkeen hondakinak.

Celulosas Moldeadas SAk Europako Hondakinen Zerrendako hondakin ez-arriskutsuak tratatu ahal izango ditu. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen (erabaki horren bidez aldatu egin zen 2000/532/EE Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EE Zuzentarauan xedatutakoa betetzeko).

(Ikus .PDF)

Instalazioan inola ere ez dira onartuko ebazpen honetan zehaztu ez diren hondakinak, edota, hondakin onargarrien artean adierazitakoak izanik ere, bestelako hondakin mota generikoren batekin kutsatuta daudenak.

Jasotako hondakinek ezingo dute izan 2008/98/EE Zuzentarauaren II. eranskina ordezten duen Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 Erregelamenduan ezarritako arrisku-ezaugarrietako bat ere.

2015eko martxoaren 13an, 180/2015 Errege Dekretua, estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duena bete beharko da.

D.1.2.– Hondakin ez-arriskutsuen sarrera kontrolatzea.

Balorizazioa egiteko, instalaziora iristen diren hondakin ez-arriskutsuen kontrol bat eraman beharko da, bermatzeko ezen ebazpen honetako baldintzen arabera onargarriak direla instalazioan.

Kontrol hori tratamendu-agirian ezarritako egiaztapena izango da. Egiaztapen hori sarrera-kontroleko agiri batean erregistratuta geratuko da.

Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Nolanahi ere, beharrezkoa izango da kudeatu beharreko hondakinak zabaltzeko Ingurumen Sailburuordetzaren onarpena lortzea.

D.1.3.– Zamalanak.

a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek zola iragazgaitza izango dute, eta beharrezko maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.

b) Instalazioan, hondakinekin zamalanak egitean edo hondakinak manipulatzean, kontu handia izan beharko da ez dadin gertatu zehaztugabeko edo kontrolik gabeko igorpenik, edo, bestela, igorpenok ahalik eta txikienak izateko. Alde horretatik, garrantzitsua izango da ekipoen estankotasuna ziurtatzea ere.

D.1.4.– Jasotako hondakinak biltegiratzea.

Hondakinak estankotasun-baldintza egokietan biltegiratuko dira, gerta daitezkeen ihes edo isurien balizko eragina saiheste aldera; hala gertatuz gero, horiek bildu eta karakterizatu egingo dira.

Bi urtekoa izango da baliarazi beharreko hondakin ez-arriskutsuak gordetzeko gehieneko epea.

Hondakin-paperen balak lehengaien parkean biltegiratzen dira. 2.000 m2 inguruko azalera du parke horrek eta 2.500 tonako biltegiratze-edukiera.

Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru estankoak izan behar dituzte, aurreikusitako karga guztiak jasateko eta horien isuri edo ihesei eusteko gaitasunarekin. Hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako biltegiratze-gune bereiziak izango dira.

Instalazioan onartutako hondakinak biltegiratzeko orduan, prezipitazio atmosferikoak sartzea eta haizeak hondakinak arrastatzea saihestu beharko da.

D.1.5.– Hondakin kudeatuen datuen erregistroa.

Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Celulosas Moldeadas SAk artxibo kronologikoa izan beharko du, formatu fisiko edo telematikoan. Artxiboan, datu hauek jasoko dira, ordena kronologikoan: hondakinen kantitatea, izaera, jatorria, helmuga eta tratamendu-metodoa. Hala dagokionean, onartutako eta kudeatutako hondakinen garraiobidea eta bilketa-maiztasuna ere jasoko dira. Baztertutako hondakinei dagokienez, berriz, kantitatea, baztertutako hondakina sortzen duen enpresa, baztertzeko arrazoia, baztertutako hondakinaren azken helmuga eta beste gorabehera batzuk jasoko dira. Aipatutako artxibo kronologikoan, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa sartu behar da.

Urtean behin artxibo kronologikoaren laburpen bat bidaliko zaio Ingurumen Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 41. artikuluarekin bat etorriz.

D.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.

Baldin eta kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan (hondakinen lekualdaketei buruzkoa) ezarritakoa bete beharko da.

Horrez gain, baldin eta aurreikusten bada zabortegian deuseztatzea dela inportatu beharreko hondakinak dela inportatutako hondakinak baliarazte- edo deuseztatze-tratamenduaren ondoren helmugako instalazioan lortutako korronte esanguratsuren bat, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Planean zehazten diren hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.

D.2.– Instalazioaren funtzionamendurako baldintza orokorrak.

D.2.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

D.2.1.1.- Baldintza orokorrak.

Celulosas Moldeadas SAren instalazioaren ustiapenean bete beharreko baldintzak dira atmosferara egingo diren igorpenek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar atmosferara igortzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango mugarik gabeko igorpenak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko igorpenik ez egiteko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldakuntzei modu eraginkorrean aurre egiteko. Era berean, instalazio horiek martxan ez dauden edo erabilgarri ez dauden aldien iraupena ahalik eta gehien murriztuko da.

Instalazioaren titularrek bete beharko dituzte atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzeko abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak 5. artikuluan jasotzen dituen betebeharrak.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako ILE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

D.2.1.2.- Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Zelulosazko produktu moldekatuak, bereziki elikadura-produktuak kontserbatu, garraiatu eta biltegiratzeko ontzi eta enbalajeak, fabrikatzeko Celulosas Moldeadas SAren instalazioak honako foku konfinatu hauek ditu, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren katalogoan bildutako 03032100 jarduerari lotuak (dekretu horren bidez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duenaren eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dira):

(Ikus .PDF)

Foku ez-sistematiko horietariko bat urtean batez beste hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasako balitz eta aldi bakoitzak ordubete baino gehiago iraungo balu, edo, maiztasuna edozein dela ere, igorpenen iraupena orokorrean hartuta instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bost baino handiagoa bada, igorpen-foku sistematiko gisa araupetu beharko da.

Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko batek bezala funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek jarraitzen ez badute. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

D.2.1.3.– Igorpenaren muga-balioak.

Igorpen atmosferikoek igortzeko muga-balio hauek ez gainditzeko moduan ustiatuko da instalazioa:

(Ikus .PDF)

Balio horiek baldintza hauek dituzte: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

Igorpen-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da. Mugako igorpen-balioren bat betetzen ez dela ikusten bada, beharrezko zuzenketa-neurriak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta berehala jakinaraziko zaizkio ingurumen-arloko eskumena duen sailari ez-betetzea, neurri zuzentzaileak eta haien epeak.

D.2.1.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren ataleko D.2.1.2 azpi-atalean ezarritako goreneko kotatik behera. Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Igorpen barreiatuak minimizatzeko helburuarekin, ihesak antzemateko ekipoak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

D.2.2.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

D.2.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

(Ikus .PDF)

D.2.2.2.– Isuriaren emari eta bolumenak.

– 1. isuria:

(Ikus .PDF)

Prozesuko ur industrialen emariak 1. isurgunean, tratamenduaren ondoren, urtean ez du gaindituko produktuaren 15 m3/t.

D.2.2.3.– Igorpenen muga-balioak.

a) 1. isuria:

Saneamendu-sarera egiten den isuriaren parametroak honako hauek izango dira, bakoitzerako zehazten diren gehieneko balioekin:

(Ikus .PDF)

(*) Jarduera honen berariazko parametroak.

Kloruroen kontzentrazioa mugatuta geldituko da; isuria hartzen duen hondakin-uren araztegiaren isuriek ez dute 2.000 mg/l-ko kontzentrazioa gainditu behar saneamendu-sareko erabiltzaile guztientzat.

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurtzeko muga-balioak lortzeko.

Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, isuriaren ondorioz aipatu arauak eta kalitate-helburuak urratzen ez direla ziurtatzeko.

Baimen horrek ez du baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren beste substantzien isuria onartzen, batez ere maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren substantzia arriskutsuak. Errege Dekretu horren bidez, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua, abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen, urei buruzkoaren atariko titulua eta I, IV, V, VI eta VIII. tituluak garatzen dituen Jabari Publikoko Urguneen Erregelamendua onartzen duena, aldatzen da.

D.2.2.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Arazketa-instalazioek edo hondakin-urak zuzentzeko neurriek jarduera hauek hartuko dituzte barne funtsean:

Prozesuko hondakin-urak, molde-garbiketako urak, zabortegiko lixibiatuak eta hozketa-sistemako purgaketak ur gordineko 250 m3-ko gordailu batera bidaltzen dira.

Handik urak pHmetro-tik pasatzen dira etengabe eta jarraian adizio koagulatzailea duen nahasketa ganbera batetik eta malutatzailea duen erreaktore batetik. Adizio malutatzailearen ondoren, urak dekantagailu lamelar (Desandeg) batetik pasatzen dira eta horietan lohi esekiak erreaktorera birbideratzen dira eta dekantatutako lohiak atera egiten dira.

Dekantagailuan ura neutralizatu egiten da azido edo base bidez, dagokionaren arabera, espezifikazioz kanpoko isuriak badaude. Hipokloritoa gehitzen da zuritzeko (halakorik behar bada) eta urak, gainezka eginda, 10 m3-ko ur tratatuen tangara pasatzen dira. Ur tratatuen tangatik, ura prozesuan sar daiteke berriz, ur gordina gordailura bideratu edo BBUPren biltodira isuri, beharren arabera.

Dekantagailutik ateratako lohiak berriz prozesuan sartzen dira (ekoizpen-baldintza jakinetan) edo instalazioetako zentrifugatzaileetan sortutako gainerako lohiekin deshidratatzen dira, eta kanpoko kudeatzailean baliarazten.

Deshidratazio prozesuan ateratako urak prozesura bideratzen dira. Instalazioetan sortutako ur sanitarioak zuzenean biltodira bideratzen dira. Biltodira isuri aurretik gordailuaren ur-irteeran elkartzen dira biltodira bidaltzen diren ur tratatuak.

Tinta kentzeko eraikineko terrazan hartutako uren dekantazioan sortu diren lohiak instalazioetan sortutako gainerako lohiekin batera kudeatzen dira.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Celulosas Moldeadas SAk behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan isuriak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

Aurkeztutako agirien arabera, isuriak kontrolatzeko kutxatila bat jarriko da baimendutako hondakin-ur mota bakoitzerako, eta isurien lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango ditu kutxatila horrek. Administrazioak egoki deritzonean ikuskatzeko sarbide zuzena duen lekuan kokatuko dira kutxatilak.

Kasu honetan, efluentea kontrolatzeko honako elementu hauek eduki beharko dira ezinbestez:

– Desandeg-en, ur gordinen tangaren pH-a, isuri-emaria eta maila etengabe neurtzeko gailua.

Isuriak kontrolatzeko aukera ematen duten ur beltzen eta industrialen kutxatilak daude. Sareak bereiziak dira.

D.2.3.– Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011) eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helbururik egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro baliarazi beharko da, baliaraztaile baimendu bati emanda. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: ezinezkoa izatea horiek baliaraztea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da baliarazteko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horien karakterizazioa egingo da, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, hondakinak zabortegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraiki, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, hondakinak zabortegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, Ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d) zenbakia) ezarritakoa ezertan galarazi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurtzeak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Hondakinek desagertu, galdu edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Atxondoko Udalean.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, 180/2015 Errege Dekretua (zeinaren bidez, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen baita) eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraiki.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta matxoaren 13ko 180/2015 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.

D.2.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da, eta horiei buruzko informazioa baimena izapidetzean jasotzen da. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020rako Ingurumeneko Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balioztapena kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabete baino gehiagoz biltegiratu. Salbuespenetan, ingurumen-organoak aldatu ahalko du epe hori, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakin-kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Celulosas Moldeadas SAk onarpen-agiriak eta kontrol- eta jarraipen-agiriak edo haien baliokide diren agiri ofizialak erregistratu eta artxiboan gorde behar ditu, hiru urtez, gutxienez.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

h) Celulosas Moldeadas SA enpresak industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

i) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– 110/2015 Errege Dekretuak, otsailaren 20koak, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzkoak, xedatuaren arabera kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta Toki Erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki Erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Celulosas Moldeadas SAk, PCB eduki dezaketen gailuak dituen heinean, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu 1378/1999 Errege Dekretuak, abuztuaren 27koak, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituenak zehaztutako baldintzak, eta 228/2006 Errege Dekretuak, otsailaren 24koak, errege-dekretu hori aldatzen duenak, xedatzen dituenak.

k) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009/EE Erregelamenduak, ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean eman zuenak, adierazten dituen substantziak erabiltzen baditu, Celulosas Moldeadas SAk berreskuratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Celulosas Moldeadas SAk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datuekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

m) Erregistro bat eramango da, eta bertan adieraziko dira kantitatea, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak.

n) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zeina mota horretako hondakin ahalik eta gutxien sortzea baita, Celulosas Moldeadas SAk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat egin eta aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, 22/2011 Legeak, uztailaren 28koak, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoak, 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatutako legea garatzen duen araudiak ez badu Celulosas Moldeadas SA hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

o) Baldin eta Celulosas Moldeadas SA 11/1997 Legeak, apirilaren 24koak, ontziei eta ontzien hondakinei buruzkoaren lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada, Celulosas Moldeadas SA bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

p) Irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan (Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena) xedatutakoari jarraituz, e) eta f) apartatuetan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta l) eta m) apartatuetan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeentzako bertsioa erabiliz.

q) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Celulosas Moldeadas SA enpresak amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzko 108/1991 Errege Dekretuan (3. artikulua) ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

D.2.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:

(Ikus .PDF)

a) Hirugarren atalean, D.2.3 azpiatalean xedatzen diren hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balioztatu beharko da, baliaraztaile baimendu bati emanda. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: ezinezkoa izatea horiek baliaraztea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela. Justifikazio tekniko hori baliagarria izan dadin, dena delako hondakina hartzeko baimena duten hiru kudeatzailek balorizazioari uko egiten diotela frogatu beharko da.

b) Erabilitako ontziak eta ontzien hondakinak materialen arabera egoki bereizita entregatu beharko zaizkio agente ekonomiko (hornitzaile) bati, berrerabiliak izan daitezen, ontzi erabilien kasuan; edota berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati, ontzien hondakinen kasuan.

c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua baliaraztea denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Celulosas Moldeadas SAk onarpen-agiriak edo agiri ofizial baliokideak erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu, nahitaezkoak badira, hiru urtez gutxienez.

e) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharko da, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak zabortegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzekoa) ezarritakoari jarraiki egingo da hondakinen karakterizazioa.

f) Baliarazteko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 25.2 artikuluaren arabera.

g) Celulosas Moldeadas S.A. ontziei eta ontzien hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea baldin bada, Celulosas Moldeadas SA ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, berau kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

h) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasoko dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta dagokion ingurumena zaintzeko programa –dagokion urtekoa– bidali beharko dira Ingurumen Sailburuordetzara.

i) Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko den irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, atal honetako d), e) letretan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta f) letran aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.

D.2.4.– Ontziak merkaturatzea.

Celulosas Moldeadas SA enpresak, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta bilgarriak erabiltzen dituenez, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, Ontzien Gaineko Urteko Adierazpena egin beharko du. Datuekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

Era berean, Celulosas Moldeadas SAk ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko, biltegiratzeko eta itzultzeko sistema bat ezarri beharko du (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Celulosas Moldeadas SAk, bere produktuak merkaturatzeko industria- edo merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatu betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, ontzi eta ontzi-hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian arautakoari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.

Baldin eta Celulosas Moldeadas SAk urte natural batean merkaturatzen dituen ontziratutako produktuek eta, ondorioz, industria- edo merkataritza-ontziek jarraian adierazten diren kantitateak baino handiagoak diren ontzi-hondakinak sor baditzakete:

– 250 tona, beira bada bakarrik.

– 50 tona, altzairua bada bakarrik.

– 30 tona, aluminioa bada bakarrik.

– 21 tona, plastikoa bada bakarrik.

– 16 tona, egurra bada bakarrik.

– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soil-soilik badira.

– 350 tona, hainbat material badira, eta bakoitzak, bera bakarrik hartuta, ez baditu lehen aipatutako kantitateak gainditzen.

Prebentziozko enpresa-plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta prebentziorako enpresa-planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko da urtero, dagokion urteko martxoaren 31 baino lehen. Bi agiriok dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira.

D.2.5.– Lurzorua babesteari dagozkion baldintzak.

9/2005 Errege Dekretuak, urtarrilaren 14koak, eta 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoak ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostenaren gomendioekin bat etorriz, Celulosas Moldeadas SAk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu.

Halaber, 9/2005 Errege Dekretuan, urtarrilaren 14koan, 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan, eta abenduaren 16koan, xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak egikaritzeko, 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularrean aipatzen diren instalazioei eskatzen zaien dokumentazioa entregatu beharko du sustatzaileak. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoeraren aldizkako txostenaren edukia eta emateko baldintzak, lurpeko uren eta lurzoruen txostena, kontrol-agiria eta jarraipen-agiria, esteka honetan eskura daitekeena:

http://www.euskadi.eus/informazioa/lurzoru-kutsatuen-eta-lurpeko-uren-gaineko-arauzko-eskakizunak-aplikatzea-ingurumen-baimen-integratua-behar-duten-instalazioetan/web01-a2ingkut/eu/

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen ibiltzen den erakunde ezagun batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurrazpiko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 25. artikuluaren 1.c) letran ebazten denarekin bat etorriz, hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.

b) Hondeaketa horretan hondeatutako materialek 500 m3 gainditzen badituzte, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du; planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plan hori, betetzen hasi aurretik.

c) Hondeatu beharrekoa 500 m³ baino gutxiago bada, aldaketaren jakinarazpenean informazio hau eman beharko da: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.

d) Aurreko kasu horietan guztietan, hondeatzen amaitutakoan, hondeatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu aurretik.

e) Oro har, ondorengo irizpide hauek beteko dira:

– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, 49/2009 Dekretuak, otsailaren 24koak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritakoari jarraiki egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3 bakoitzeko 10 azpilagin izango ditu gutxienez, baina hori aldatu ahal izango da espero daitekeen kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen handiagoa duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da; eta, aldiz, afekzio heterogeneoaren kasuan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen txikiagoa duten unitateez osatutakoa.

– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezingo da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera (dekretu horren bidez, lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen da, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dira).

– 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, xedatutako VIE-A ebaluazioko balio adierazleak eta TPH-etarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahal izango da. Lurzoru naturalaren parekoa den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Baldin eta aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketaren bat egingo dela instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 1. eranskinean aipatzen den jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluaren 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e) zenbakiari jarraikiz betiere.

D.2.6.- Zaratari buruzko baldintzak.

a) Ondorengo indize akustikoak gaindi ez daitezen beharrezko neurri guztiak ezarriko dira:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik, horietan apantailamenduak saihesteko beharrezko garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

1. taula. Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran eskatutako zarata-mailak.

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiagoko guneetako zarata-maila.

D.2.7.– Hondakin ez-arriskutsuen zabortegia itxi ondorengo baldintzak.

Zabortegi ez-arriskutsuan 30 urteko itxi osteko kontrol- eta zaintza-aldi bat ezarriko da, 2017ko apirilaren 5etik zenbatzen hasita; izan ere, data horretan Ingurumen Sailburuordetzaren Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion itxi osteko aldiari, zabortegiko lurzoruaren kalitatea deklaratzen da eta Celulosas Moldeadas SAri emandako ingurumen-baimen integratua aldatzen da. Itxi osteko aldiaren iraupena ingurumen-organoak aldatu ahal izango du itxi osteko kontroletan lortutako emaitzetan oinarrituta. Itxi osteko aldiari dagokionez, sustatzaileak horrela eskatuta, ingurumen-organoak emandako Ebazpenaren bidez ezarriko dira itxi osteko aldiaren bukaera eta horren inguruan ezarritako betebeharren epe-betetzea. Aldez aurretik atal honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da.

Gainera, atal hauetan ezarritakoa bete beharko da:

a) Celulosas Moldeadas SA izango da zabortegia itxi osteko mantentze-lanen eta kontrolaren arduraduna, eta ingurumen-organoari horretaz arduratuko den pertsonaren izena jakinaraziko dio.

b) Zabortegiaren titularrak jakinarazi beharko du honako hauen inguruan izandako edozein aldaketa: posta-helbidea, telefonoa, faxa, posta elektronikoa edo edozein komunikabide eta kontaktu, eta zabortegia itxi osteko kontrolaz arduratuko den pertsona.

c) Celulosas Moldeadas SAk itxi osteko zainketak betetzeaz arduratuko den enpresa arduradunaren izendapen-aldaketak jakinaraziko ditu. Enpresa hori ez baldin bada zabortegiaren titularra, enpresa hori gutxienez urtebeterako izendatuko du titularrak. Izendapen horren berri eman beharko zaio ingurumen-organoari, izendapena egin eta 15 eguneko epean, eta zabortegiaren titularraren ordezkariaren onarpen-sinadura, itxi osteko zainketaz arduratuko den enpresako ordezkariaren onarpen-sinadura eta titularrak emandako agirien zerrenda xehatua barne izango ditu. Zerrendak aipatu zabortegiari dagozkion administrazio-eskakizun guztiak eta zigilatzean eta ordura arteko itxi osteko zainketan zehar sortutako agiri tekniko guztiak jaso beharko ditu.

d) Itxi osteko aldian zehar kokapenean obrak eta/edo jarduerak egin nahi izanez gero, aldez aurretik ingurumen-organoaren baimena izan beharko da. Nolanahi ere, jarduera horiek zigilatze osoa, perimetro-kanalen funtzionamendua, egonkortasuna edo itxi osteko kontrol-sistemaren elementuetan eraginik ez dutela, eta garatu nahi den jardueraren erabilerarako edo jarduerarako arrisku onartezina eragingo ez duela ziurtatu beharko zaio ingurumen-organoari. Hala eginez gero, horiek birjartzeko nahikoa neurri zuzentzaile aurreikusi direla ziurtatu beharko da.

Horretarako, zigilatzearen gainean sortzen den zuhaitz- edo zuhaixka-landaredia kenduko da.

Ereiteen mantentze-lanak egin beharko dira, hala nola ebakitzeak, ongarritzeak eta ureztatzeak.

Zigilatzearen gainean landare-espezie inbaditzaileak jartzea zaindu beharko da; hala badagokio, horiek ugaltzea kontrolatzeko eta errotik kentzeko neurriak hartu beharko dira.

Berritu egingo dira zigilatutako eremu guztiak, bai zabortegiko partzelakoak, bai instalazio lagungarriek hartzen dituztenak, bai haietara joateko bideak. Horixe bera egingo da zerbitzu-sareak egiteko eta lixibiatuak ebakuatzeko eremuekin, bai eta, berritze-planean ageri ez arren, zigilatze-lanak amaitu ondoren kaltetuak suertatzen diren eremuekin ere.

Inolaz ere ez da baimenduko zabortegia itxi osteko fasean zehar zabortegiaren zigilatzea bizilekurako erabiltzea. Halaber, ez da baimenduko inolako jarduketarik zigilatze-sekuentziako ur garbien drainatze-geruzaren gainazaletik 50 cm baino gutxiagora hurbil dadin.

e) Zigilatze-sekuentziaren amaierako geruza (75 cm-koa, landare-lurrezkoa edo, hala badagokio, 75 cm-koa, BTB agregakinezkoa) zigilatze geosintetikozko babes-geruza da; beraz, zanga, zimenduak, eta antzerakoak egiten diren obretan ezingo da geruza hori zeharkatu, ezta aldi baterako ere; hortaz, ekipamenduak diseinatu eta gauzatzean zigilatzearen amaierako kotak kontuan izan beharko dira, zeharkatu ezin den beheko muga gisa.

f) Zabortegian egiten den edozein instalaziok bermatu beharko du jarritako zigilatze-geruzen osotasuna, eta egiaztatu egin beharko dira izango dituen esfortzuak eta kargak, hausturarekiko erresistentzia kalkulatuta.

g) Zabortegia oraindik finkatze-fasean dago; beraz, bermatu egin beharko da gasak drainatzeko sarearen osotasuna. Halaber, azalera horretan instalatu beharreko edozein ekipamenduren eraikitze-proiektuk aurreikusi egin beharko ditu denboran zehar izan daitezkeen finkatzeak eta horiek zer ondorio dituzten elementu desberdinetan.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

E.1.– Atmosferako igorpenak kontrolatzea.

E.1.1.– Kanpoko kontrolak.

a) Celulosas Moldeadas SAk igorpenak kontrolatu beharko ditu, informazio honi jarraituz:

(Ikus .PDF)

(1) Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Agindua, zeinaren bidez jarraibide teknikoak zehaztu baitziren abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua garatzeko (dekretu haren bidez, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzen dituzten instalazioak arautzen dira).

b) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek bete egin beharko dituzte Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintzak, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa-kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) atalean azaldutako igorpen-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batezbesteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, igorpen bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, igorpenaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori urteko ingurumena zaintzeko programan, dagokion urtekoan, justifikatu beharko da.

E.1.2.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraiki, betiere: 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta 278/2011 Dekretuaren III. eranskina (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena).

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

E.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, honako analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

Gainera, Batzordearen 2014ko irailaren 26ko exekuzio-erabakia betetzeko (orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei –TEO– buruzko ondorioak ezartzen dira), analisi hauek egin beharko dira:

(Ikus .PDF)

b) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «erakunde laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

c) Isurien kontrolen emaitzak hauei bidaliko zaizkie:

– Ingurumen Sailburuordetzari, ebazpen honetako bigarren apartatuko E.6 azpiapartatuan ezarritako epeak eta baldintzak betez.

d) Kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti laginketak.

e) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta puntu honetako a) letran ezarritako kontrol-parametro guztiek betetzen badituzte ebazpen honen bigarren apartatuko D.2.2.3 azpiapartatuan ezarritako mugak.

E.3.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumen-zaintzako programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

E.4.– Zarataren kontrola.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira hiru urterik behin: Ld, Le, Ln, LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako administrazioko lankidetza-erakunde batek egin beharko ditu urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen-organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira».

E.5.– Zabortegiko ingurumen-zaintzako programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

E.5.1.- Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

Zabortegia itxi osteko fasean zehar, analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

a) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «Erakunde Laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak isurigune bakoitzeko lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

b) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldian egingo dira beti.

E.5.2.– Datu meteorologikoak biltzea.

Erregistratutako meteorologia-parametroen kontrola egingo da. Euskal Meteorologia Zerbitzuaren meteorologia-estazio automatikoen sareak erregistratutako datuak balia daitezke meteorologia-kontrola egiteko.

Zabortegian bertan dagoen kabina baten bidez egiten bada kontrola, erregistro automatikoak egingo dituen plubiometro bat ezarriko du Celulosas Moldeadas SAk, zabortegiaren instalazioek hartzen duten eremuan. Euskal Meteorologia Zerbitzuko meteorologia estazio automatikoen sareko datuekin osatuko dira bildutako datuak.

Erregistro automatikoko euri-neurgailuan prezipitazioa kontrolatuko da, eta estazio meteorologiko automatikoan, tenperatura (minimoak, eguneko batez bestekoak eta maximoak), haizearen indarra eta norabidea, hezetasuna, presioa eta eguzki-erradiazioa.

Lurrunketa lisimetrotan lortuko da edo antzeko metodo baten bidez.

E.5.3.– Zabortegiaren balantze hidrikoa.

Kanpoko erakunde batek urtero zabortegiaren balantze hidriko bat egin beharko du. Horretarako, erregistratutako lixibiatuen emariaren datuak eta erregistratutako datu meteorologikoak eta zabortegiaren gainazalean sortzen diren aldaketen plano topografikoak erabiliko dira.

Itxi osteko aldiko lehenengo balantzeak barne hartuko du zabortegiaren portaera hidrodinamikoaren analisia, abiapuntu hartuta erregistratutako emariaren eta eroankortasun elektrikoaren datuak eta itxi aurreko eta ondorengo balantze hidrikoaren alderaketa.

Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programari atxikiko zaio aipatutako balantzea.

Gainera, argitaratu ondoren, balantze hidrikoa egiteko, ingurumen-organoak ezarritako jarraibide teknikoak jarraitu beharko dira.

E.5.4.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko:

(Ikus .PDF)

Adierazle horiek urtero kalkulatu eta kontrolatuko dira, eta ingurumena zaintzeko dagokion urteko programarekin batera aurkeztu beharko dituzte.

E.5.5.– Finkatze eta egonkortasunaren portaera.

Finkatze eta egonkortasunaren itxiera osteko kontrola hau izango da:

– Eremua aztertzea eta lursailaren ezegonkortasun-fenomenoak behatzea.

– Kontrol topografikoa (mugarriak eta oinarriak).

Aipatutako puntuak aztertzen dituen txosten bat egingo da.

E.6.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraiki:

https://www.euskadi.eus/y22-izapide/eu/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_201732123333101/procedures/proc_201732144928210/eu_def/electronic_partial.shtml

Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik jakinarazi beharko da hari dagokion jakinarazpena, eta ingurumen-baimen integratuan ezarritakoaren arabera egingo da. Era berean, kontrolak urtean behin baino maiztasun handiagoarekin egiten badira, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.

Emaitza horiek urtero bidaliko dira, martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez egin ez bada.

E.7.– Ingurumena Zaintzeko Programaren Agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du, eta bertan bildu beharko ditu aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, Ingurumena Zaintzeko Programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

F) Ezohiko egoeretan, kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta jardunerako baldintzak.

F.1.– Fabrika gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, isurien eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatzeko, bigarren apartatuko D.2.3 azpiapartatuan («Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak») ezarritakoari lotu beharko zaio, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

F.2.– Jarduera uztea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa (21.1 paper-orea, papera eta kartoia fabrikatzea), eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Celulosas Moldeadas SAk jarduera uzte horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 31.3 artikuluan xedatzen duenari jarraikiz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Celulosas Moldeadas SAk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen bigarren apartatuko D.2.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

F.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, 815/2013 Errege Dekretuaren, urriaren 18koan, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartzen duenean, 13. artikuluan arautu bezala, Celulosas Moldeadas SAk, aldi baterako uzteko eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du instalazioa jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen edozein isuri edo emisio saihesteko.

F.4.– Ezohiko jardunean aplikatzeko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo isuriak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko biltodi-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa-mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, tangen barnealdearen ikuskapen bisualak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Era berean, atmosfera eta ura kutsatzea prebenitzeko eta kutsatutakoa zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan sortutako soberako hondakin solidoak eta lohiak beharrezko maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo zabortegi baimendu batera eramateko. Biltegiratu egingo dira hondoan hustubiderik ez duten biltegi iragazgaitzetan. Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Baldin eta instalazioetan lohi-tratamendua badago, hortik jaregindako ura berriro bideratuko da arazte-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.

Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lineara bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-ura ezingo da«by-pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «by-pass» bidez isuriak egin behar badira, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isuriak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «By pass» horretatik ustekabeko isuri bat sortuko balitz, titularrak, Ingurumen Sailburuordetzara bidali behar duen txostenaren bidez (atal honetako i letran adierazitakoaren arabera), segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du.

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta antzemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur-zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak izan beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratuko dira, halako kondiziotan ezen ez baitira izango ingurunean sakabanatzeko moduan.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezkoak diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko ontziak; kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta babes pertsonalerako ekipamendu egokiak.

i) Gorabeheraren bat gertatuz gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, gertatu dena zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren betiere. Komunikazioan alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jarduketak, halakorik balego.

Gorabehera edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS DEIAK eta Atxondoko Udala berehala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Ustekabeko isuria izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.

– Mugak gaindituz gero, igorpenei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen balioespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isuria gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isuri hori eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS DEIAK (112) Larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabehera edo arazoei aurre egiteko, jardueraren titularrak lehenbailehen jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari instalazioan aurrez programatuta egingo diren geldialdiak, etengabeko prozesu bati dagozkionak, aurreikusitako prebentziozko mantentze-lanak barne hartuta.

j) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

G) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, babes- zein zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daiteke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

H) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Celulosas Moldeadas SAk aurreko urtean atmosferara eta uretara egindako isuriei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

Informazio hori IKS-eeM sistemaren erakunde-bertsioaren bidez egingo da (www.eper-euskadi.net webgunean dago eskueran); hau da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemaren bidez.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenean eragina duten jardueren erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horretaz gainera, une oro bermatu beharko da Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezarritakoa betetzen dela.

I) Instalazioetan aldaketarik egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da:

http://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

eta Erakunde honen onespena ere beharko da, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

16/2002 Legeak, uztailaren 1ekoak, industriako isurien erregelamendua onartu eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoak garatzen duen 815/2013 Errege Dekretuak, urriaren 18koak, 14.1 artikuluan ezartzen ditu aldaketa bat funtsezkotzat jotzeko irizpideak.

Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuak, urriaren 18koak, 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, ingurumen ebaluazioari buruzkoak, 7.1.c) eta 7.2.c) artikuluetan xedatutakoa.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.»

Laugarrena.– Eskatzea Celulosas Moldeadas SAri Ingurumen Sailburuordetzari bidali beharreko ingurumena zaintzeko hurrengo urteko programan sar ditzala alderdi hauek:

– Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko du, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Bosgarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua), eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Seigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Celulosas Moldeadas SAri, Atxondoko Udalari, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Zazpigarrena.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu jaunari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengoetan xedatutakoari jarraiki.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 28a.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala