Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2018ko azaroaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5434

AGINDUA, 2018ko urriaren 24koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, Euskadiko industrialdeetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko laguntzen programa arautu eta horietarako deialdia egiten duena, 2018ko ekitaldirako.

2016ko martxoan Euskadiko 2020 Agenda Digital berria onartu ondoren (aurrerantzean AD@2020), instituziook apustu garbia egin dugu Euskadin Interneterako sarbidea eta konektibitatea banda zabal ultralasterrez (NGA) eskaintzearen alde, bai enpresentzat (hiriguneetatik urrun dauden industrialdeetan kokatuta dauden enpresak barne) bai familientzat (populazio dentsitate txikiko eremuetan nahiz populazio nukleo txikietan bizi direnak ere barne).

AD@2020ren arkitektura 4 jardute ardatz nagusitan egituratzen da, eta jardute ardatz horiek 11 erronka handiren inguruan ardazten dira. Erronka horiek bete ahal izateko, AD@2020n 60 ekintza konkretu baino gehiago jasotzen dira (laguntza programak, zerbitzuak eta egitasmo desberdinak). Hona hemen AD@2020 osatzen duten ardatzak:

● Enpresak Merkatu Digital Globalizatuan ardatza.

● Gizarte Lehiakor eta Aktiboaren ardatza.

● Administrazioa Ingurune Digitalean ardatza.

● Lurralde Adimendun eta Kohesionatuaren ardatza.

Hala, AD@2020n jasotzen diren 4 jardute ardatzen artean bat, «Lurralde Adimendun eta Kohesionatua ardatza» da, zeinaren helburuetako bat enpresei eta etxeei NGA sareetarako sarbidea bermatzea baita.

Era berean, Enpresak Merkatu Digital Globalizatuan izeneko ardatzak aurrera egin nahi du industria adimendunean, batez ere Basque Industry 4.0 Estrategian fokua jarrita eta Euskadiko RIS3 Espezializazio Adimendunaren Estrategian zehaztutako sektoreetara orientatuta, sektore horiei eusten dieten garapen teknologiko berriek eskaintzen duten ahalmenaren bidez, eta negozio eredu berriak ere kontuan hartuz.

Horri dagokionez, administrazioetatik laguntza programak bultzatzen ari dira erabaki sendoz, enpresaren alorrean Elektronika, Informatika eta Komunikazioen Teknologiak (EIKT) aplikatzeko, bereziki manufaktura aurreratuaren alorrean. Programa horietan ari dira oinarritzen arlo hauen inguruko hainbat proiektu: Zibersegurtasuna eta Industria Komunikazioak, Cloud Computinga, Datuen Analitika Aurreratua eta Business Intelligencea, Robotika Konektatua, Ikusmen Artifiziala eta Sentsorikoa. Proiektu horiek guztiak fabrikazioari aplikatutako CPSen (Cyber Physical Systems) esparruan mugitzen dira, eta egunetik egunera gero eta konektibitate eta datuen biltegiratze eta prozesamendu handiagoa behar dute. Hala, enpresek ezin izango dituzte balio erantsiko zerbitzuak eskuratu (cloud zerbitzuak, datuak urrunean ostatatzea, kudeaketa banatuko aplikazioetarako sarbidea, informazioaren segurtasun kopiak, etab.), ez badute banda zabaleko zerbitzu ultralasterrak kontratatzeko aukerarik.

Horrenbestez, beharrezkotzat jotzen da industri enpresek Interneten sartzeko oso abiadura handiko zerbitzuak edukitzea, datuak bi norabideetan mugarik gabe transferitzeko ahalmenarekin, jarduera ekonomikoa kontzentratzeagatik beharrezko duten arlo guztietan (Industrialdeak). Sare horiek gutxienez 100 Mbps bermatuta eskaini behar dute kasu guztietan (sarea-erabiltzailea norabidean), eta are abiadura handiagoak (>300 Mbps), oso konektibitate handia behar duten jarduera ekonomikoak dituzten inguru enpresarialetan.

Telekomunikazio azpiegiturak hedatzeko ahalegina indartzen jarraitu behar da, belaunaldi berriko teknologiak gero eta gehiago erabiltzen direlako, eta banda zabala hedatu egin behar delako bai metaketa industriala dagoen guneetara, bai eskaera txikiagoko eremuetara, esaterako, landa eremuetara eta iristen zailak diren lekuetara.

Ildo horretan, egiaztatu denez, Euskadiko enpresa parkeetan kokatutako enpresak banda zabal ultralasterreko zerbitzuez hornitzeko azpiegituretan gabeziak daude. Elementu horrek berebiziko garrantzia du datozen urteetan Basque Industry 4.0 Estrategia lantzeko.

Bestalde, aipatzekoa da Europako Batzordeak hainbat helburu planteatu zituela 2020 horizonterako «Europako Agenda Digitala» delakoaren barruan, eta bertan zera jasotzen zela:

1.– 2020an Belaunaldi Berriko Banda Zabala (gutxienez 30 Mbps) biztanleria osora unibertsalizatzea.

2.– 2020an biztanleriaren % 50ek >100 Mbps abiadurako Banda Zabal Ultralasterreko zerbitzuak «kontratatuta» edukitzea.

Argigarria da ikustea Europar Batasunean azkenaldiko politika erregionalen jarraibideetan politika publikoetatik belaunaldi berriko azpiegiturak garatzea bultzatzeko ekintzak egiteko aukera sartu eta sustatu dutela, esaterako, EBren Gidalerroak banda zabaleko sareak azkar hedatzeko laguntza estatalei buruzko arauak aplikatzeko, 2013–01–26ko DOUE C 25, edota jarduera horiek Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko UE 651/2014 Erregelamenduan sartu direla, zeinaren bitartez adierazten den hainbat laguntza kategoria bateragarriak direla barne merkatuarekin, 2014–06–26ko DOUE L 187 Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak aplikatuz, bere interes estrategikoagatik. Edonola ere, ez da ahaztu behar sektorea liberalizatuta dagoela eta, ondorioz, telekomunikazioen merkatuan dauden arauei erreparatu behar zaiela.

Elementu horiek guztiak ikusita, badirudi egokia dela gaia birplanteatzea eta ekintza publiko irmoa abiaraztea, beharrezko konektibitate mailak lortu ahal izateko, Europako Agenda Digitalaren helburuei jarraituz, operadoreek hedatzeko duten gaitasunean oinarrituta eta, azkenik, gizarte osoari (enpresak eta etxeak) erabilgarritasuna ziurtatzeko, prezio eskuragarrietan.

Horrenbestez, Agindu honek merkatuaren gabeziak konpontzen laguntzeko diru laguntzak emateko arauen oinarriak xedatzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko industrialdeetan banda zabal ultralasterreko sareen hedapena bultzatzeko.

Diru laguntza horiek Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduan (UE) 2014ko ekainaren 17koan, jakinarazpenetarako xedatutako salbuespena dute, zeinean barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria jakin batzuk adierazten diren, Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak aplikatuz.

Halaber, ekainaren 5eko 462/2015 Errege Dekretuak –zeinak banda zabaleko sareen eskaintza eta erabilgarritasuna sustatuz informazioaren gizartea bultzatzeko xedea duten laguntza publikoen arloan administrazio publikoen arteko koordinazio tresnak eta prozedurak arautzen dituen– xedatzen duenez, laguntza programa honek oinarri hauen xede diren laguntzen bateragarritasunari buruzko aldeko txostena lortu du Informazioaren Gizarterako eta Agenda Digitalerako Estatu Idazkaritzaren eskutik, zeinak egiaztatu egiten duen Administrazio Publikoen arteko koordinazio egokia Informazioaren Gizartea sustatzeko laguntza publikoei dagokienez, banda zabaleko sareen eskaintza eta erabilgarritasuna sustatuz.

Gobernu Kontseiluak, 2016ko uztailaren 19ko saioan, erabaki du Ekonomiaren Sustapenerako Euskal Kontseiluaren 2015eko abenduaren 11ko proposamena onartzea, «Euskadiko industrialdeetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko» Programari buruz, 10.700.000 euroko zenbatekoarekin, Proiektu Estrategikoen Fondoko soberakinen kargura, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari –egungo Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari– aipatutako programa garatzeko espedientea tramita dezan eta arautzeko oinarriak onar ditzan agintzea.

Ildo horretan, 2016ko abuztuaren 1ean eta 2017ko uztailaren 10ean, «Euskadiko industrialdeetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko laguntzen programa»-ren Laguntzen Aginduak argitaratu ziren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 2016 eta 2017ko ekitaldietarako. Lehen fase hori gaindituta, eta belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko laguntzak ebatzita, oraindik ere industrialde ugari geratu dira 2018ko ekitaldirako jarduketa berri baten faltan, 2016 eta 2017ko ekitaldietan NGA sareetarako sarbide barik geratu ziren enpresa industrialdeetan telekomunikazio sareen hedapena bultzatzeko.

Baliabide gehiago emateko, Gobernu Kontseiluak 2018ko irailaren 23ko saioan, Ekonomia Sustatzeko Euskal Kontseiluaren funtsak handitzeko 2018ko irailaren 11ko proposamena onartzea erabaki du. Proposamen horren arabera, funtsak 1.200.000 eurotan handituko dira, proiektu estrategikoen fondoaren gerakinen kontura, «Euskadiko enpresa poligonoetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko» egitasmoan erabiltzeko.

Laguntzen Agindu hori Diru Laguntzen Plan Estrategikoan jasota dago, zeina Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2018ko otsailaren 15eko Aginduaren bidez onartu baitzen, Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betez.

Jarraibide horien arabera, arau hauek xedatutakoa kontuan hartuta: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen IV. Titulua, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako testu bategina baita; Diru Laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, zeina 887/2008 Errege Dekretuak garatzen baitu, eta Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamendua, 2014ko ekainaren 17koa, zeinak barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen zenbait kategoria adierazten baititu, Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak aplikatuz, zeina 2014–06–26ko DOUE, L 187 zenbakian argitaratu baitzen, belaunaldi berriko banda zabaleko sareak Euskadiko enpresa industrialdeetara hedatzeko 2018ko ekitaldirako laguntzak arautzeko eta horietarako deialdiak egiteko.

Eta, horren arabera, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da jarduera ekonomikoak, ahal dela industrialak, hartzen dituzten edo hartzea aurreikusita duten Euskadiko gune geografikoetan banda zabal ultralasterreko sareak hedatzeko laguntzak arautzea, gune horiek «NGA gune zuritzat» hartzen badira, hau da, NGA Banda Zabaleko baldintzetan Interneten sartzeko zerbitzuak ahalbidetzeko telekomunikazioen azpiegiturarik egon ez eta datozen 3 urteetan egotea espero ez den guneak badira.

Agindu honetan jasotako laguntzek men egiten diote Europako Batzordearen UE 651/2014 Erregelamenduari, 2014ko ekainaren 17koari, zeinaren bitartez adierazten den hainbat laguntza kategoria bateragarriak direla barne merkatuarekin, 2014-06-26ko DOUE L 187 Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak aplikatuz 52 artikuluari, banda zabaleko azpiegituretarako laguntzei buruzkoari.

2. artikulua.– Denbora esparrua.

Laguntzen programa hau 2018ko ekitaldian egongo da indarrean.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 1. artikuluaren xedera zuzendutako baliabide ekonomikoak 1.500.000,00 euro dira.

2.– Aipatutako baliabideak Proiektu Estrategikoen Fondoetatik etorriko dira, eta Sociedad Capital Desarrollo de Euskadi, Socade, SA elkarteak kudeatuko ditu, horrekiko lankidetza hitzarmenean jasotzen den moduan.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan adierazitako diru laguntzen onuradunak izan daitezke sektore pribatuko pertsona fisikoak edo juridikoak, behar bezala gaitutako operadorearen izaera badute, Telekomunikazioei buruzko maiatzaren 9ko 9/2014 Lege Orokorraren 6 eta 7 artikuluetan xedatutakoaren arabera, eta baita pertsona fisiko edo juridiko horien elkarteak ere; eta metaketa onartu egingo da, kasu horretan, behar bezala gaitutako komunikazio operadorearen izaerari dagokionez eskatzen diren baldintzak betetzeko modu gisa.

Elkarte fisiko edo juridikoez ari bagara, berariaz jasota geratu beharko dira, eskabideari erantsitako dokumentu batean, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartutako gauzatze konpromisoak eta bakoitzak gauzatu beharreko aurrekontuaren zenbatekoa, zeinak pertsona onuradun izaera ere edukiko duten. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, zeinak behar adina ahalorde izango baitu, pertsona onuradun gisa, elkarteari dagozkion obligazioak betetzeko. Elkartea ezin izango da desegin Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39 eta 65 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 44. artikuluan xedatutako preskripzio epea igaro arte

2.– Agindu honetan adierazitako diru laguntzak eskuratu ahal izango dituzte Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituzten erakundeek, diru laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta badituzte.

3.– Diru laguntzen onuraduna izateko, enpresa eskatzailea ez da diru laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin penalki edo administratiboki zigortuta egongo, eta ez da horretarako desgaitzen duen legezko debeku batean nahastuta egongo; horien artean, sexu diskriminazioagatik gertatutakoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Amaierako Seigarren Xedapenean xedatutakoaren arabera.

4.– Agindu honetan araututako diru laguntzen onuradunak izatetik kanpo geratuko dira Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan xedatutako zirkunstantziaren batean dauden pertsonak edo erakundeak, Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondoren berreskuratzeko agindu baten menpe daudenak, zeinak diru laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi duen, eta krisian dauden enpresak, krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko laguntza estatalei buruzko Gidalerroen definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).

5.– Onuraduna izateko baldintza mantendu egingo da diru laguntza indarrean dagoen denbora guztian.

5. artikulua.– Laguntzaren xede diren proiektuak eta jarduerak.

1.– Laguntza lortu ahal izango dute oso abiadura handiko belaunaldi berriko (NGA) sarbide sareak hedatu nahi dituzten industrialdeetako proiektuek, bi norabideetan datuen transferentzia mugagabea ahalbidetzen badute, zerbitzuaren ezaugarriak aldatu gabe, zehaztapen hauek betez:

● Konektibitate premia oso handia duten industrialdeetarako (ikus eranskina), amaierako erabiltzaile bakoitzeko gutxienez 300 Mbps–ko abiadurak ahalbidetuko dituzten NGA sareak beharko dira, erabiltzailearengandik hurbilen dagoen sareko ekipamenduaren irteeran neurtuta.

● Konektibitate premia handia duten industrialdeetarako (ikus eranskina), amaierako erabiltzaileak NGA sarearekin izango duen transferentzia nominalaren tasa, saretik erabiltzaileranzko norabidean, gutxienez 100 Mbps izango da, amaierako erabiltzailearengandik hurbilen dagoen sareko ekipamenduaren irteeran neurtuta, eta gutxienez 20 Mbps, erabiltzailearengandik sareranzko norabidean, amaierako erabiltzailearengandik hurbilen dagoen sareko ekipamenduaren irteeran neurtuta.

Proiektuak gauzatzeko aukera daitezkeen guneak izango dira abiadura handiko edo oso handiko sarbide sareen estaldurarik ez duten industrialdeetan identifikatutako gune guztiak, baita datozen hiru urteetan inolako operadorek estaldura bertan hedatzeko planik ez duten lote berekoak ere. Industrialdetzat joko dira Euskal Autonomia Erkidego barruan enpresak kokatzen diren eremu geografikoak.

Xede industrialdeak 4 industrialde lotetan batu dira (eranskina), eta orrialde hauetan jasota daude:

http://www.euskadi.eus/tramitar-por-internet/web01-s2ekono/es/ (gaztelaniaz)

http://www.euskadi.eus/internet-bidezko-tramiteak/web01-s2ekono/eu/ (euskaraz)

Aurkeztutako proiektuek banda zabal ultralasterreko zerbitzuen hedapena lote berean sartutako industrialde guztietarako dela kontuan hartu beharko dute.

Industrialde lote bererako, laguntzak soilik onartuko dira puntuaziorik handiena lortzen duen proposamenerako, arau honetan ebaluaziorako ezarritako irizpideen arabera. Bi operadoreri edo horien elkarteei ez zaie inola ere laguntzarik emango industrialde bererako edo industrialde lote bererako.

Proiektuen helburua izango da oso abiadura handiko sarbide sareak hedatzea, eta lote bereko industrialde desberdinetan hedatu beharreko sarbide sareei konektibitatea emateko, beharrezkoak diren sare tarteak sartu ahal izango dira.

2.– Proiektuek lurralde eremu bakoitzerako egokiena den soluzio teknologikoa adierazi beharko dute, eta diru laguntzetarako ez da baldintza izango soluzio teknologiko jakin bat hedatzea; baldintza izango da multimedia komunikazio elektronikoak denbora errealean egitea, eta horretarako gutxieneko betebehar hauek ezartzen dira:

– Sareak batez ere erabiliko dira xede guneetako publikoak erabili ahal izateko komunikazio elektronikoen zerbitzuak emateko (ez dira diruz laguntzeko elementutzat joko erabiltzaileen multzo mugatu bati zerbitzua emateko sare pribatuak, ezta ere sare tronkal hutsak ez badaude zuzenean zuzenduta xede industrialdeetako amaierako erabiltzaileei zerbitzuak ematera).

– Fluxuaren bermea % 80 izan beharko da denboraren % 95ean.

– Amaierako erabiltzaileak izango duen transferentzia nominalaren tasa 300 Mbps simetrikokoa izango da konektibitate premia oso handiko loteetan sartzen diren industrialdeetan, eta konektibitate premia handiko industrialde loteen kasuan, berriz, gutxienez 100 Mbps-koa izango da saretik erabiltzaileranzko norabidean, eta gutxienez 20 Mbps-koa erabiltzailearengandik sareranzko norabidean. Kasu guztietan, amaierako erabiltzailearengandik hurbilen dagoen operadorearen sareko ekipamenduaren irteeran neurtuta, eta fluxuaren bermea % 80 izango da denboraren % 95ean. Era berean, onuradunak, komertzializatutako txikizkako zerbitzuen artean, aipatutako abiadurak sarbide abiadura gisa kontratatzeko aukera eskainiko die erabiltzaileei, eta zerbitzu horiek eskainitako handizkako zerbitzuen barruan erreplikatu ahal izango dira; hala, onuradunak produktu horiek aktiboki eskaintzeko betebeharra izango du.

– Halaber, bi norabideetan datuen transferentzia mugagabea ahalbidetu beharko da, zerbitzuaren ezaugarri guztiak aldatu gabe mantenduz, oso populatuta dauden guneetako merkatuaren eskaintzen antzeko baldintza ekonomikoetan.

– Zerbitzuaren erabilgarritasuna segurtatu beharko da adierazitako terminoetan, gutxienez denboraren % 98rako hilabete bateko tartean, amaierako erabiltzaile bakoitzeko.

– Segurtatu beharko da datuak transmititzeko zerbitzuaren kalitate parametroek multimedia komunikazio elektronikoen zerbitzuei denbora errealean eusten dietela. Horretarako, erreferentziazko balio hauek ezartzen dira:

● Jitter maximoa: Best Effort.

● Best Effort-etik beherako atzerapena.

● Paketeen galera tasa, % 0,8 gehienez.

– Zerbitzuaren altarako eskariei gehienez ere 30 egun naturaleko epean erantzutea, betiere ez bada eskatu behar lizentziarik, edo okupazio edo pasatzeko eskubide berezirik, edo ez badago alta lortzeko operadoreari egotzi ezin zaion beste kausa bat, kasu horietan atzerapen horiek deskontatu ahal izango baitira alta emateko denbora neurtzeko, eskatzaileari aurretiaz jakinarazi eta gero.

– Zerbitzua etetea eragiten duten gertakarien % 95 gutxienez, gehienez ere 24 orduko epean konpontzea.

3.– Proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 12 hilabete izango da, laguntzak ematen direla jakinarazten den datatik kontatzen hasita. Dena dela ere, epe hori guztira 18 hilabetera luzatu ahal izango da, betiere enpresak sarea hedatzeko lanak ebazpenaren jakinarazpenaren unean hasi baditu, eta bakarrik behar bezala justifikatzen bada atzerapena telekomunikazio operadorearen beraren kanpoko arrazoiengatik gertatu dela.

4.– Ekonomia eta Enpresa Ministerioko Aurrerapen digitalerako Estatu idazkaritzaren belaunaldi berriko banda zabala hedatzeko programaren (PEBA-NGA) edo diru laguntza publikoen beste edozein programaren kargurako proiektuetan laguntzak eskatuta, proposatuta edo emanda dituzten enpresaguneak edo industrialdeak ez dira programa honetako laguntzen hartzaileak izango.

6. artikulua.– Handizkako zerbitzuak.

1.– Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak beste baldintza batzuk ezarri ezean, diru laguntzen onuradunek betebeharra izango dute eskaera egiten duten beste operadoreei «bitstream» fluxu mota bitarraren handizkako sarbide efektiboa eskaintzeko diruz lagundutako azpiegituretara, gutxienez zazpi (7) urteko epe batez. Proiektuan zuntz optikoaren hedapena sartzen bada, sarbide horrek aukera eskainiko du baita ere zuntz ilunera sartzeko, desagregazio oso eta egiazkoarekin; baita konduktu, zutoin, armairu, kutxatila eta obra zibileko gainerako elementuetan sartzeko ere. Azken horietarako sarbideak ez du denbora mugarik izango. Backhaul sareei dagokienez, alokatutako lineen edo puntuz puntuko zirkuituen handizkako zerbitzua, eta are zuntz ilunaren alokairua ere, sartu beharko dira, sarea inplementatzeko erabilitako teknologiaren arabera.

Desagregazioaz eta linea fisikorako sarbideaz gain, NGA sarea hedatzeko aukeratutako teknologiaren arabera, benetako eskaria balego, desagregazio birtualeko handizkako zerbitzua eman beharko litzateke, hau da, sarbide aktibo bat sareen interkonexio batekin, sarbide sareko zentral nagusian bertan, litekeena baita laguntzaren hartzailearen hirugarren operadore batzuek lehenetsitako aukera izatea.

Aipatutako handizkako zerbitzu guztiak baldintza bidezko eta ez-diskriminatzaileetan eman beharko dira.

Eskainitako sarbide abiadura, gutxienez, proiektuaren oinarrietan eskatzen dena izango da, eta betiere operadore onuradunak eskainitako txikizkako zerbitzuen erreplikagarritasuna ahalbidetu beharko du.

Handizkako sarbide efektibo horren prezioen erreferentzia izango dira Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) Merkatuan Botere Esanguratsua duten Operadoreei antzeko zerbitzuetarako ezarritako handizkako prezioak, zeinak gehienezko preziotzat hartuko diren. Ez badago erreferentziazko eskaintza baliokiderik, erreferentzia izango dira Espainian dauden batez besteko prezioak (gune konparagarri lehiakorragoetarako) eta horrelako erreferentziarik ere ez badago, aplikatuko dira laguntzaren xede den proiektu honetan sartutako zerbitzuetarako arautzaileak darabiltzan prezioak, printzipioak edo prezioak kontrolatzeko tresnak (esaterako, erreplikagarritasun ekonomikoaren testa, zeina marjina hertsadurak kontrolatzera bideratzen baita, dagokionaren arabera). Edonola ere, bertikalki integratutako operadore batez ari bagara, zehaztutako prezioek aukera eman beharko dute txikizkako eskaintzak erreplikatu ahal izateko eta operadore onuradunaren txikizkako adarrarekiko diskriminaziorik ez gertatzeko.

Diruz lagundutako proiektuen barruan kondukzioak egiten badira, horiek behar bezain handiak izango dira hainbat kable/zuntz sare eta hainbat sare tipologia hartzeko, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 52. artikuluan xedatzen denaren arabera, zeinaren bitartez adierazten den laguntzen hainbat kategoria bateragarriak direla barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

2.– Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak laguntza ematen duen organoari aholku eman ahal izango dio oinarri honetako handizkako sarbidearen prezioei eta baldintzei dagokienez. Gainera, sarbidea eskatzen duten operadoreen eta laguntzen onuradun diren operadoreen arteko gatazkak ebatziko ditu, eta jarraibideak emango ditu oinarri honek aipatzen duen handizkako sarbidearen obligazioa egiazki betetzeko.

3.– Handizkako produktuen eskaintzaren xehetasuna, eta azpiegiturak egin beharreko ekintzak egitea, zehaztu egingo dira baldin eta hirugarren operadore baten zentzuzko eskaria dagoela egiaztatzen bada. Eskaera zentzuzkotzat joko da baldin eta sarbide eskatzaileak diruz lagundutako sarean produktuaren garapena justifikatzen duen negozio plan koherente bat zehazten badu. Edozelan ere, handizkako zerbitzuen eskaintzak bermatu egin beharko du laguntzaren onuradunak eskaintzen dituen txikizkako zerbitzuen erreplikagarritasun tekniko eta ekonomikoa.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastu eta inbertsioak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastu eta inbertsiotzat joko dira hautatzen diren proiektuei zuzenean lotuta egon eta horiek gauzatzeko beharrezkoak direnak, eta eskaera aurkezten denetik proiektua amaitu arteko aldian gauzatzen direnak, eta gainerako operadoreek erabil ditzaketen sareko azpiegiturak sortzeko edo egokitzeko beharrezkoak direnetara mugatuko dira.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastu eta inbertsiotzat joko dira azpiegituraren hedapenari lotutako inbertsioarekin lotura zuzena duten kontzeptu hauek:

a) Azpiegiturak eta obra zibila.

b) Ekipamendua eta beste material batzuk.

c) Pertsonal gastuak: kontzeptu honetan sartzen dira onuradunaren pertsonal tekniko propioak proiektuari zuzenean eskainitako orduak. Kontzeptu honetatik kanpo gelditzen da administrazio, kontabilitate, giza baliabide, kudeaketa, marketin eta zuzendaritza arloetako langileak, eta antzekoak. (onartutako aurrekontuaren % 7raino gehienez ere).

d) Proiektuari egotz dakizkiokeen beste kostu orokor edo zeharkako batzuk: banda zabaleko sarea –proiektuaren xedea– sortzeak edo berritzeak zeharkako kostuak sortzen dituenean, hautagarriak izango dira, eta diruz lagundu daitekeen pertsonal gastuaren % 15 sartu ahalko da gehienez ere zuzeneko kostuetan.

e) Proiektuaren kostuen auditoriaren kostuak, diru laguntza justifikatzeko zenbatekoaren gainean. Auditoriaren kostua gehienez ere emandako diru laguntzaren % 1ekin lagunduko da.

3.– Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan xedatutakoa bete beharko da. Ulertzen da onuradun batek azpikontratatuko duela baldin eta diruz lagundutako jardueraren gauzapen osoa edo partziala hirugarrenekin hitzartzen badu. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kasa egiteko egin behar dituen gastuak.

Proiektuaren zati bat azpikontratatzen bada, onuradunak diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 gaindituko ez duen portzentaje bateraino azpikontratatu ahal izango du.

Inola ere ezingo dira jarduerak azpikontratatu, baldin eta diruz lagundutako kostua igotzen badute eta ez badiote jardueraren edukiari baliorik eransten.

Azpikontratazioak diru laguntzaren % 20 gainditzen badu, eta zenbateko hori 60.000 euro baino gehiago bada, azpikontratazioak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Kontratua idatziz egin behar da.

b) Kontratuak diru laguntza ematen duen erakundearen aurretiazko baimena izan behar du.

Kontratu bat ezingo da zatitu bere zenbatekoa gutxiagotzeko eta aurreko atalean adierazitako baldintzak betetzea saihesteko.

Kontratistak onuradunaren aurrean baino ez dira behartuta egongo, eta azken horrek hartuko du bere gain diruz lagundutako jarduera egitearen erantzukizuna Administrazioaren aurrean.

Aurreko atalean xedatutakoaren ondorioetarako, onuradunek bere gain hartuko dute, diruz lagundutako jarduera hirugarrenekin hitzartuta egiten badute, diru laguntza arautzen duen araudian ezarritako mugak betetzearen erantzukizuna, diruz lagundu daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokionez, eta kontratistek lankidetzarako betebeharra bete beharko dute muga horiek bete egiten direla modu egokian egiaztatzeko.

Onuradunak, diruz lagundutako jarduerak osorik edo partzialki hitzartzeko, inola ere ezin izango du hauekin hitzarmenik egin:

a) Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako debekuetan sartuta dauden pertsonak edo erakundeak.

b) Kontratazioaren xede den jarduera egiteko beste diru laguntza batzuk eskuratu dituzten pertsonak edo erakundeak.

c) Bitartekariak edo aholkulariak, horientzako ordainketak operazioaren kostu osoaren portzentaje moduan zehazten badira, ordainketa hori egindako lanaren edo zerbitzuen merkatuko balioaren erreferentziarekiko justifikatuta dagoenean izan ezik.

d) Onuradunari lotutako pertsona edo erakundeak, zirkunstantzia hauek gertatzen direnean izan ezik:

1) Kontratazioa merkatuaren ohiko baldintzen arabera egitea.

2) Diru laguntza eman duen organoaren aurretiazko baimena lortzea, oinarri arautzaileetan xedatutako terminoetan.

e) Deialdi eta programa berean laguntza edo diru laguntza eskatu duten pertsonak edo erakundeak, baldintzak bete ez dituztelako edo behar besteko balorazioa lortu ez dutelako diru laguntza eskuratu ez dutenak.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriko dira. Diruz lagundu daitezkeen inbertsioen edo gastuen zenbatekoak inondik inora ere ez du merkatuko balioa gaindituko. Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen Legearen azaroaren 9ko 9/2017 Legeak kontratu txikietarako xedatutako zenbatekoak gainditzen baditu, onuradunak gutxienez hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, salbu eta bere ezaugarri bereziengatik merkatuan ez dagoenean horiek egin, eman edo hornitzeko behar adina erakunde.

5.– Zeharkako zergak inola ere ez dira gastu finantzagarritzat joko, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu badaitezke, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere. Fakturan jasanarazitako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ere ez da diruz lagundu daitekeen gastutzat joko.

Esleipenaren ebazpenean agertzen diren kontzeptu finantzagarrietako bakoitzari lotutako laguntzaren zenbatekoak laguntzaren gehieneko mugak dira.

Laguntzen xede diren azpiegiturak eta ekipamenduak proiektuaren helburuei lotuta egon beharko dira gutxienez hamar urteko epe batez, kontratua amaitzen denetik zenbatzen hasita, edo beraien bizitza baliagarria amaitzen den arte, hori hamar urte baino laburragoa bada.

6.– Inola ere ez dira diruz lagunduko eskaria aurkeztu aurretik konprometitu edo gauzatutako inbertsioak eta gastuak, ezta laguntzaren hartzaileak esklusiboki erabili behar duen handizkako sarbideari lotuta ez dauden azpiegituretan egindakoak ere.

8. artikulua.– Laguntzen izaera, prozedura eta mugak.

1.– Agindu honen esparruan eman beharreko diru laguntzek, industrialdeen lote bakoitzerako lehiaketa bidez esleituta, diru laguntza ez itzulgarriaren izaera izango dute, eta proiektu bakoitzean (industrialdeen lotea) diruz lagundu daitezkeen gastu eta inbertsioen % 90 izango dira gehienez. «Industrialdeen lote» bateko hedapen proiektu bakoitzari puntuazio bat emango zaio, Agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.

2.– Agindu honen babesean ematen diren laguntzak ez dira xede berberarekin ematen diren beste laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuekin bateragarriak, horiek edozein Administrazio edo erakunde publiko edo pribatutakoak, nazionalak, Europar Batasunekoak edo nazioarteko beste erakunde batzuetakoak izanda ere.

9. artikulua.– Eskabideak eta gainerako dokumentazioa aurkeztea.

1.– Erakunde eskatzaile bakoitzeko eskari bat baino ez da onartuko. Erakundea industrialdeen lote bat baino gehiagotan interesatuta badago, lortu nahi duen lote bakoitzeko, artikulu honen 5. eta 6. paragrafoetan adierazitako dokumentazioa gehitu beharko du. Eskabideak aurkezteko epea Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, 09:00etan, eta 2018ko abenduaren 7an amaituko da, 12:00etan.

2.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta laguntzak emateko deialdia arautzen duen Agindu honetan inplikaturiko gainerako kudeaketak baliabide elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako dokumentuak eskuratzeko, eta horiek betetzeko, helbide elektroniko hau baino ez da erabiliko:

http://www.euskadi.eus/tramitar-por-internet/web01-s2ekono/es/ (gaztelaniaz)

http://www.euskadi.eus/internet-bidezko-tramiteak/web01-s2ekono/eu/ (euskaraz)

4.– Laguntzaren eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, hautatzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Era berean, laguntzen eskabidetik ondorioztatutako ekintzetan, eta prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoaren arabera.

5.– Betetako eskabideak pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, hauek ere izango ditu:

– Enpresaren izena eta tamaina.

– Proiektuaren deskribapena, hasierako eta amaierako datak barne.

– Proiektuaren kokapena.

– Proiektuaren kostuen zerrenda.

– Eskari mota eta proiekturako beharrezko finantzaketa publikoaren zenbatekoa.

6.– Eskabidea enpresaren legezko ordezkariaren ahalorde notarialaren kopiekin eta enpresaren IFZrekin batera aurkeztu beharko da, eta dokumentazio hau gehituko da:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, bertan jasotzen den informazioaren egiazkotasunari buruzkoa, non zera zehaztuko baita:

– Erakunde eskatzailea ez dagoela diru laguntza itzultzeko espediente batean edo espediente zigortzaile batean sartuta, ezta diru laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin penalki edo administratiboki zigortuta ere, eta ez dagoela horretarako desgaitzen duen lege debeku batean nahastuta; horien artean: sexu diskriminazioagatik gertatutakoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Amaierako Seigarren Xedapenean xedatutakoaren arabera, eta Emakumeen eta Gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

– Erakundea ez dela armak ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen ari, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko EAEko abenduaren 28ko 14/2007 Legean xedatutakoaren arabera.

– Diru laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordainduta dituela.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela.

– Erakundea ez dagoela, Europar Batasuneko Batzordeak aurrez hartu duen eta diru laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazten duen erabaki baten ondorioz, berreskuratze agindu baten menpe, eta ez dela krisian dagoen enpresa, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatu eta berregituratzeko laguntza estatalei buruzko jarraibideen definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).

– Erakunde eskatzailea ez dagoela diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 3 artikuluan xedatutako debeku-egoeraren batean onuradun izateko.

Eskatzaileak lehen aipatutako erantzukizunpeko adierazpenean sartutako daturen bat faltsutzen badu, indarrean dagoen zigor erregimena ezarriko zaio, penala nahiz administratiboa.

b) Operadore izaera: eskatzaileak behar bezala gaitutako operadorearen izaera duelako egiaztagiria gehitu beharko da, hau da, Operadoreen Erregistroan izena emanda egotearen egiaztagiria, Telekomunikazioen maiatzaren 9ko 9/2014 Lege Orokorraren 7. artikuluan araututakoaren arabera.

c) Aurkeztutako proiektu bakoitzaren memoria berezitua, Industrialdeen Lote bakoitzeko, hauek sartuz:

– Interneterako sarbidea emateko hedatuko den soluzio teknologikoaren deskripzioa. Eskaintza ekonomikoaren (hileko kostua) eta teknikoaren (bermatutako kargatze/deskargatze abiadurak) ezaugarrien deskripzioa amaierako bezeroarentzat.

– Laguntzaren xede den lotearen negozio plana eta bideragarritasun ekonomikoa/finantzarioa. 3-5 urtean bezeroengandik espero diren sarrerak, inbertsioa egiteko behar diren inbertsioen eta gastuen arabera.

– Gauzatze plana:

● Faseen eta mugarrien identifikazioa. Jardueren eta erabiliko diren baliabideen xehetasunak.

● Beharrezko gastuen eta inbertsioen aurrekontu xehatua: 1. Azpiegiturak eta obra zibila, 2. Ekipamendua eta beste material batzuk, 3. Pertsonal gastuak eta 4. Proiektuari egotz dakizkiokeen beste kostu orokor eta zeharkakoak.

– Proiektuaren ustiapen eta komunikazio plana: elkarturiko arriskuen identifikazioa eta kudeaketa (kontingentziak). Ustiapen komertzialaren hasieraren aurreikuspena. Aurreikusten diren komertzializazio jarduerak.

– Handizkako sarbide zerbitzuen ezaugarriak.

– Azpiegituren aprobetxamendua. Kostuen aurrezpena, azpiegitura publikoak, propioak edo hirugarren operadoreenak erabiltzeagatik.

– Azpiegitura berriak etorkizunera begira eskaintzen dituen aukeren deskripzioa NGA sareetarako sarbidea hurbileko populazio entitate berezietara zabaltzeko, eta horien identifikazioa.

7.– Edonola ere, enpresa eskatzaileari behar adina dokumentazio edo informazio osagarri eskatu ahal izango zaio aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatzeko, eta adierazten da ezen, arau honetan berariaz araututa ez dauden gauzetarako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko dela.

8.– Dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoaren esku eta indarrean dauden dokumentuak aurkeztea ez da derrigorrezkoa izango. Kasu horretan, aurkeztutako eskabidea, data eta organoa edo saila adieraziko dira.

9.– Diru laguntzen eskabideak aurkezteak esan nahi du eskatzailearen baimena dagoela laguntzen kudeatzaileak, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak, zuzenean eta behar adina aldiz eskuratu dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direlako egiaztapena. Hala ere, eskatzaileak baimena ukatu ahal izango du berariaz, eta orduan aipatu betebeharrak betetzen dituelako egiaztagiria aurkeztu beharko du.

10. artikulua.– Aurkeztutako eskabideen zuzenketa.

Eskabidea osorik beteta ez balego edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztuko ez balitz, erakunde eskatzaileari 10 eguneko epea emango litzaioke eskabidea osatzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta aldi berean jakinaraziko litzaioke hori egin ezean eskabidea ukatu egingo litzatekeela eta dagokion ebazpena emango litzatekeela, Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

11. artikulua.– Eskabideak ebaluatuko dituen organoa.

1.– Ebaluazio Organoari dagokio, horretarako sortu baita, aurkeztutako eskaerak aztertu, ebaluatu eta baloratzea, baita behin behineko eta behin betiko onarpen proposamenak egitea ere.

2.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendari Aitor Urzelai Inza izango da Ebaluazio Organoaren burua. Hauk izango dira kideak: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Industri Garapeneko zuzendari Alejandro Lopez Carcamo, zeinak sektore publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutako kasuetan lehendakariorde jardungo duen; Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapeneko zuzendari Javier Hernando Garcia; Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresa Sustapen eta Ekonomiaren Garapeneko zuzendari Gorka Estebez Mendizabal; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapeneko zuzendari Garikoitz Agote Alberro; SPRI–Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren Teknologia eta Berrikuntza Arloko zuzendari Aitor Cobanera Rodriguez, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko Zuzendaritzako kide den Ana Vitórica Leoz, zeinak Idazkari lanak egingo dituen. Ebaluazio Organoaren erabakiak gehiengoz hartuko dira, eta beharrezko parte hartzaileen gutxieneko kopurua kideen erdia gehi bat izango da.

3.– SPRI–Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk egingo ditu proietuak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialak, eta berak aurkeztuko ditu lan horiek Ebaluazio Organoan.

4.– Bilerak egiteko, eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, Ebaluazio Organoaren eraketa balioduna izango da Lehendakaria eta Idazkaria edo, hala badagokio, haiek ordezkatzen dituztenak bertan baldin badaude eta beraiekin batera gutxienez gainerako kideetako bat ere baldin badago. Ebaluazio Organoaren funtzionamenduari lotuta atal honetan xedatzen ez den guztiari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

5.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta ebaluatu ondoren, behin-behineko proposamen bat egingo da eta interesdunei aurkeztuko zaie. Interesdunek, berriz, 10 eguneko epea izango dute egoki irizten dituzten alegazioak aurkezteko, behin betiko onarpen proposamenak egin aurretik.

6.– Behin betiko onarpen proposamenean alderdi hauek jasoko dira industrialdeen lote bakoitzeko: finantzatutako proiektua, gauzatzeko epea eta eman daitekeen diru laguntzaren zenbatekoa eta erakunde onuraduna. Ezetz esatea proposatzen bada, ezezkoaren arrazoiak adieraziko dira.

7.– Agindu honetan jasotako diru laguntzak ematea onartu eta, hala badagokio, ordaintzeko, baldintza hau bete beharko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru laguntzen esparruan diru laguntzak itzultzeko edo zigortzeko hasitako edozein prozedura bukatuta egotea, oraindik prozedura horiek izapidetzen ari badira.

12. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

(Ikus .PDF)

* «Inbertsioaren efizientzia» irizpideari dagokionez, adierazi behar da lote bererako aurkeztutako proposamen bakoitzari (BEZa kanpo) esleituko zaizkion puntuak formula honen arabera kalkulatuko direla:

Po = 51 * {Im / Io}

Non:

● Po = Ebaluatzen ari den proiektuari esleitutako puntuak.

● Im = Loterako aurkeztutako proiektu guztien gutxieneko laguntzaren zenbateko globala.

● Io = ebaluatzen ari den proiektua egin duen enpresak eskatutako laguntzaren zenbateko globala.

«Laguntzaren zenbateko globalaz» ari garenean, ulertzen da eskatzaileak aurkeztu eta diruz lagundu daitezkeen kontzeptu guztien arteko batura bider eskatutako laguntza portzentajea (laguntzaren intentsitatea) egitearen emaitzaz ari garela.

Aurkezten diren proiektuak, 12. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuz, banaka ebaluatuko dira ezarritako enpresa–lote bakoitzerako. Balorazio fasea bukatutakoan, enpresa-poligono lote bakoitzarentzat balorazio altuena duena aukeratuko da.

13. artikulua.– Diru laguntza emateko ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskaerak prozedura bakarrean tramitatuko dira, eta ebazpena, erakunde interesdunek planteatutako gai guztien gaineko erabakia jasoz, Gobernu Kontseiluak eman beharko du, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak hala eskatuta, zeinak ebaluazio organoak formulatutako proposamena helaraziko duen.

2.– Aukeratutako proiektuak aipatutako moduan ordenatuta eta loteentzat ezarritako lehentasuna jarraituz, 1. Lotetik ekingo zaio 8.1 artikuluan ezarritako kuantifikaziorako irizpideak aplikatuta bakoitzaren diru-laguntza zehazteari; horren ostean 2. Lotekoei eta hala 3. artikuluan ezarritako diru-zuzkidura agortu arte, hala badagokio.

3.– Ebazpenean zera jasoko da gutxienez:

a) Diruz lagundutako proiektuen zerrenda (industrialdeen lotea); horietako bakoitzean adieraziz gauzatze epeak eta ematen zaion laguntzaren zenbateko globala eta erakunde onuraduna, lortutako puntuazioaren arabera.

b) Deialdiaren eskakizunak ez betetzeagatik edo deialdira bideratutako fondoak agortzeagatik ezezkoa ematea proposatzen diren eskaeren zerrenda. Zerrendarekin batera, ezetza emateko proposamenaren oinarrian dauden arrazoiak azalduko dira.

Ebazpenak eranskin bat izango du, erakunde onuradun bakoitzari onartu zaizkion proiektuekin. Eranskinean, halaber, proiektuak gauzatzeko epeak eta espedientearen amaierara arte jarraitu beharreko urratsak eta deskargu fasean entregatu beharko den dokumentazioa jakinaraziko zaizkie erakunde onuradunei.

4.– Prozedura ebazteko eta erakunde interesdunei ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Denbora tarte hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunek beraien diru laguntza eskaera ukatutzat jo dezakete, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

5.– Nahi izanez gero, Ebazpenari errekurtsoa jarri ahal izango zaio Jaurlaritzaren Kontseiluaren aurrean edo zuzenean Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren aurrean. Horretarako hilabeteko epea egongo da, berariazko egintza bada, edo edozein unetan, ustezko egintza gertatzen den egunaren biharamunetik aurrera, Administrazioen Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 123 eta 124. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

6.– Ebazpena erakunde interesdunei jakinaraziko zaie banan-banan; horrek ez du esan nahi, baina, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian erakunde onuradunen, diruz lagundutako proiektuen eta emandako diru laguntzen zerrenda argitaratuko ez denik.

7.– Agindu honetan jasotako diru laguntzak ematea onartu eta, hala badagokio, ordaintzeko, baldintza hau bete beharko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru laguntzen esparruan diru laguntzak itzultzeko edo zigortzeko hasitako edozein prozedura bukatuta egotea, oraindik prozedura horiek izapidetzen ari badira.

14. artikulua.– Proiektuaren justifikazioa eta laguntzen ordainketa.

1.– Proiektua bukatu ondoren, onuradunak 90 egun natural izango ditu diruz lagundutako proiektua gauzatu egin dela justifikatzeko, onartu zaion diru laguntza eskuratu aurretik.

2.– Likidazio eskaerarekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

– Diru laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko jarduera memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adieraziz; horien artean: jasotako potentziaren eta deskargatzeko abiadura jardueraren batez besteko balioak gune bakoitzean, telekomunikazio gaietan eskumena duen teknikari batek emandako ziurtagiriaren bitartez egiaztatuta.

– Egindako jardueren kostua justifikatzen duen memoria ekonomikoa, eta horren barruan:

a) Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, hartzekodunaren identifikazioarekin eta agiriarekin, zenbatekoarekin, jaulkipen datarekin eta, hala badagokio, ordainketa datarekin. Diru laguntza aurrekontu baten arabera ematen bada, izandako desbiderapenak adieraziko dira.

b) Fakturak edo trafiko juridiko merkantilean egiaztatze balio baliokidea duten agiriak edo efikazia administratiboa dutenak, aurreko paragrafoan adierazitako zerrendari gehituta, eta erakunde finantzarioaren ordainketaren ordainagiria.

c) Kontu korrontearen titularra eta zenbakia onuradunari dagozkiola egiaztatzeko erakunde finantzarioak egindako agiriaren kopia.

d) Hala badagokio, a) atalean aipatzen den zerrendan sartutako kostu orokorrak edota zeharkakoak banatzeko irizpideak adieraztea, salbu eta diru laguntza arautzeko oinarrietan xedatu bada horiek oroharreko prezioaren bidez konpentsatuko direla, justifikatu beharrik gabe.

e) Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikulua aplikatuz, azpikontratazioa egonez gero onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak.

f) Hala badagokio, aplikatu gabeko geldikinak badaude, horren itzulketa eta ondoriozko interesak ordaindu izanaren agiria.

g) Proiektua justifikatzen duen kontuaren auditoria txostena; txostenak dioena bat etorri beharko da uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartzen duen Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduak 72. artikuluan xedatutakoarekin.

3.– Laguntzak ordaindu aurretik, erakunde onuradunak Sailaren eta, erakunde laguntzailea den heinean, SPRI–Sociedad para la Trasformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAren esku jarriko du Agindu honen 9. artikuluan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenean agertzen diren datuak egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia.

4.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak edo SPRI–Sociedad para la Trasformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAk erakunde onuradunak aurkeztutako datuak egiazkoak direla frogatzeko beharrezkoak diren dokumentu eta informazio osagarri guztiak eskatu ahal izango dituzte, bai eta diruz lagundutako jarduera osorik egin dela egiaztatzeko dokumentazioa aurkezteko ere. Beharrezkoa izango da, baita ere, banda zabalaren kontratua Agindu honetan eskatutako baldintzetan izenpetu izana egiaztatzea, izan tokiko enpresa batekin edo banda zabala hedatu den industrialdeko enpresa baliokide batekin, edo izan kokaleku horretan zerbitzu ematen duen txikizkako operadore batekin.

5.– Laguntza ordaindu aurretik, aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatu ondoren, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak ebazpena emango du, non erakunde onuradunari ordaindu beharko zaion diru kopuru osoa edo partziala adieraziko den, ordainketa horien zenbatekoa justifikatutako inbertsioekiko proportzionala izanik. Diru laguntza ezin izango da ordaindu, onuradunak zerga betebeharrak eta gizarte segurantzarekiko betebeharrak egunean ez baditu edo diru laguntzaren bat itzultzea dagokiola ebatzi bada eta oraindik itzulketa egin ez badu.

Ordainketa Sociedad Capital Desarrollo de Euskadi, Socade SAk egingo du, Erakunde Laguntzailea den aldetik.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak eta laguntzak aldatzea.

1.– Jarduketen barruan, eskaera egin zen unean entregatu zen memorian jasotakoak sartuko dira derrigor, eta organo kudeatzaileak, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak aldaketak egitea baimendu dezake, betiere amaitu aurretik erakunde onuradunak aurretik eskatu eta justifikatu badu eta haien izaera eta lortu nahi diren helburuak galtzen ez badira.

Laguntza emateko aintzat hartutako baldintzak aldatzeak, betiere laguntzaren helburua betetzat jotzen bada, edo beste erakunde publiko edo pribatu batek gauza bererako beste diru laguntza eta laguntza batzuk emateak, edo diruz lagundutako gastuak aurrekontuan jasotakoak baino gutxiago izateak, onarpen ebazpena aldatzea ekar dezakete eta emandako diru laguntza doitzea ere, hala badagokio, baina laguntza handitu gabe.

2.– Lagundutako proiektuak esleipenaren ebazpenean onartutako denboran eta forman gauzatu beharko dira. Hala ere, laguntza emateko kontuan hartu diren baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten zirkunstantzia konkretuak gertatzen badira, laguntza emateko ebazpena aldatzeko eskatu ahal izango da. Proiektuan egiten den aldaketa orok zera eragingo du aldi berean:

a) Aldaketak ez eragitea laguntzarekin lortu nahi diren helburuei, haien funtsezko alderdiei eta onuradunaren zehaztapenari, eta ez kaltetzea hirugarrenen eskubiderik. Ondorio horietarako, ez da ulertuko aldaketak onuradunaren zehaztapenari eragiten dionik baldin eta hasierako enpresa onuradunaren bat egite, xurgatze edo banantze operazioengatik gertatzen bada.

b) Aldaketak eskabidea egin zen unean aurreikusi ezin ziren halabeharrezko kausengatik gertatzea.

c) Aldaketa gutxienez gauzapen epea amaitu baino bi hilabete lehenago gertatzea eta berariaz onartua izatea.

d) Emandako laguntza ez handitzea.

3.– Aldatzeko eskaera memoria batekin batera joango da, zeinean aldaketen arrazoiak azalduko diren eta laguntza emateko ebazpenean eta aurreko 1. atalean ezarritako baldintzak betetzeko ezintasuna justifikatuko den.

4.– Aldatzeko eskaerak ebazteaz arduratuko den organoa laguntzak kudeatzen dituen organoa izango da. Organo horrek, halaber, hauei buruzko aldaketa txikiak ere baimendu ahal izango ditu:

a) Gauzatzeko epeak luzatzea, hasieran onartutako epearen % 50 baino gehiago ez bada.

b) Justifikatzeko epeak luzatzea, hasieran onartutako epearen erdia baino gehiago ez bada.

5.– Ebazpena emateko epea gehienez ere hiru hilabetekoa izango da, eta ezin izango da laguntzaren xede den proiektua gauzatzeko indarrean dagoen epea amaitzeko data gainditu. Proiektua amaitu aurretik ez bada ebazpenik ematen, emango den ebazpena eskaera baztertzeko baino ez da izango.

6.– Behar bezala justifikatuko kasuetan, kudeaketa organoak, laguntza emateko ebazpena aldatu beharrik gabe, ehuneko 30erainoko igoerak onartu ahal izango ditu 7. artikuluan zerrendatzen diren laguntzeko moduko kontzeptuetan, baldin eta laguntza emateko ebazpenean agertzen badira, eta beste kontzeptu batzuen murrizketarekin konpentsatu ahal izango dira, laguntzaren zenbateko osoa gainditu gabe, laguntzaren izaera eta helburuak funtsean aldatu gabe eta hirugarren eskubideak kaltetu gabe.

7.– Organo kudeatzaileak, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak, eskumena izango du erakunde onuradunen ukoak onartzeko, betiere idatziz eta Agindu honetako 18.1 artikuluan xedatutako epean aurkezten badira.

16. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Agindu honetan jasotako arauketaren arabera ematen diren laguntzen ondorioetarako, erakunde laguntzaile izendatzen dira SPRI–Sociedad para la Trasformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA eta Sociedad Capital Desarrollo de Euskadi, Socade SA, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak ezartzen dituzten baldintzen pean eta Diru Laguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 15.etik 46.era bitarteko artikuluetan ezartzen den lankidetza obligazio eta betebeharrarekin eta artikulu horretan eta dagokion Lankidetza Hitzarmenean aipatzen diren zehaztapenekin.

2.– SPRI–Sociedad para la Trasformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAk, erakunde laguntzailea denez gero, zeregin hauek izango ditu:

a) Aurkeztutako proiektuen dokumentazioa aztertzea, eta, behar izanez gero, horiek egoki ulertzeko eta aztertzeko behar den dokumentu oro eskatzea.

b) Proiektuak ebaluatzea eta ebaluazioa Ebaluazio Organoari helaraztea.

c) Laguntzak proposatzea eta proposamena Ebaluazio Organoari helaraztea.

d) Proiektuak gauzatu direla egiaztatzeko ikuskapenak egitea.

e) Proiektua gauzatzearekin zerikusia duten intzidentziengatiko ez-betetzeen espedienteari hasiera ematea proposatzea, hala badagokio.

3.– Sociedad Capital Desarrollo de Euskadi, Socade SAk, Erakunde Laguntzailea den aldetik, zeregin hauek izango ditu:

a) Enpresa onuradunei ordaintzeko agindua ematea.

b) Itzuli beharreko zenbatekoak eta, hala badagokio, zenbateko horiei dagozkien interesak jasotzea, eta horiek denak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzea.

c) Programaren funtsen kontrol finantzarioa.

d) Kontuaren mugimenduen kontabilitate berezia lantzea (sarrerak eta gastuak).

e) SPRI–Sociedad para la Trasformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAri eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari aldizkako jakinarazpenak egitea.

4.– Agindu honetan araututako diru laguntzen kudeaketan laguntzen duten erakundeak Diru Laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrak eta hori garatzeko arauek xedatzen dituzten betebeharren eta erantzukizunen menpe geratzen dira.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak Agindu honetan eta aplikagarri diren gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat eta diru laguntzen eskariak onartzeko ebazpenean, hala badagokio, emandako baldintzaren bat betetzen ez badu, Jaurlaritzaren Kontseiluak, ez-betetzeari buruzko espedientea ireki ondoren eta interesdunari espedientean entzuna izateko aukera eman ondoren, laguntzarako eskubidearen galera adieraziko du eta, hala badagokio, jasotako diru laguntzen zenbateko nagusia Sociedad Capital Desarrollo de Euskadi, Socade SAri itzultzeko betebeharra adieraziko du, horretarako bi hilabeteko epea emanez. Diru laguntza itzultzea egokituko balitzaio, diru laguntzen alorrean aplikagarriak diren berandutze interesak ere itzuli beharko lizkioke, hala ezartzen baitute azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak; eta Diru laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, eta haren garapen arauek. Aipatutako zenbatekoak diru sarrera publikotzat hartuko dira dagozkion lege ondorioetarako.

2.– Onuradunaren betetze maila betetze maila osora nabarmen hurbiltzen denean, eta hark bere konpromisoak eta laguntza emateko baldintzak betetzeko ekintza zalantzarik gabekoa egiaztatzen badu, itzultzeko zenbatekoa zehazteko honako irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Laguntza eman zenean zehaztutako estaldura hedapenaren helburuak, inbertsio finantzagarriaren gauzapena edo justifikatzeko betebeharra partzialki ez betetzeak laguntza partzialki itzuli beharra eragingo du, lortu gabeko helburuen proportzioan, edo egin gabeko edo justifikatu gabeko inbertsioaren proportzioan, edo horietako handienaren proportzioan, biak gertatzen badira. Edonola ere, laguntzaren xede den estaldura hedapenaren helburuen maila ez dela partzialki bete ebazteko, ez-betetze hori ehuneko berrogeita hamar baino gehiago izan beharko da.

b) Aurrekontu finantzagarrian baimendu gabeko aldaketak egiteak, 15 artikuluan xedatutakoa izan ezik, desbideratutako zenbatekoei dagokien laguntza itzultzea eragingo du.

3.– Laguntza emateko xede guztien, inbertsio finantzagarriaren gauzapenaren edo justifikatzeko betebeharraren erabateko ez-betetzeak emandako laguntza osorik itzuli beharra eragingo du.

4.– Justifikatzeko epea igaro ondoren, gehi, hala badagokio, onartutako luzapena igaro ondoren, ez bada justifikaziorik aurkeztu, onuradunari eskatuko zaio 15 eguneko epe luzaezinean hura aurkezteko. Artikulu honetan ezarritako epean justifikazioa ez aurkezteak justifikatu gabeko laguntzaren itzulketa eragingo du, azaroaren 17ko 38/2003 Legean xedatutako gainerako erantzukizunekin batera.

5.– Ez-betetzeari buruzko espedienteari hasiera ematea Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari egokituko zaio, eta SPRI–Sociedad para la Trasformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAk proposatuta egin ahal izango da, proiektua gauzatzeari lotutako intzidentziengatik.

18. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren diru laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte betiere:

1.– Eman zaien laguntza onartzea. Ildo horretan, laguntza onartu zaiola adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun igaro ondoren enpresa onuradunek laguntzari berariaz uko egiten diotela idatziz adierazten ez badute, laguntza onartutzat joko da.

2.– Eman den helbururako erabiltzea laguntza.

3.– Ekindako lanak osorik onartzen diren unetik gutxienez hamar urteko epean laguntzaren xede izan den sarea jardunean egotea, kontuan izanik haien ardura izango dela instalatutako azpiegitura eta ekipamendu osoa egoki ustiatzea eta zaintzea.

4.– Komunikazio elektronikoen gainerako operadoreei sarbide osoa eta ez diskriminatzailea ematea diruz lagundutako sarearen gaineko informazioa eta sarean eskainitako handizkako zerbitzuak eskuratzeko.

5.– Agindutako proiektua betetzea eta bete dela justifikatzea.

6.– Administrazioak eta erakunde laguntzaileek proiektuaren garapenari eta gauzatzeari lotuta egoki irizten dituzten egiaztapenak egin ahal izateko eskatzen zaien informazio osagarri guztia bidaltzea.

7.– Inbertsio proiektuarekin zerikusia duten behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak eskuragarri edukitzea 5 urtean.

8.– Kontrol Ekonomikorako Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren esku jartzea bere eginkizunak gauzatzean Agindu honen kontura jasotako laguntzaren gainean eskatzen zaion informazioa.

9.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari jakinaraztea beste Administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batetik helburu bererako edo berdintsu baterako beste diru laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk eskatu edo lortu izana, eta jakinaraztea, halaber, diru laguntza onartzea eragin zuen edozein zirkunstantzia aldatu izana, bereziki laguntza eskaera eta NGA sareak hedatzeko proposamena Ekonomia eta Enpresa Ministerioaren PEGA–NGA–2018 laguntzen deialdian egin badira.

10.– Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak Administrazioarekin kontratuak edo hitzarmenak egin edo Administraziotik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak bere gain hartzea. Betebehar horietako bat da tratu berdintasuna, aukera berdintasuna eta langileen dibertsitatearekiko eta desberdintasunekiko errespetua oinarritzat hartzea.

11.– Diru laguntzaren xede den edozein jarduketatan, jasotako finantzaketaren izaera publikoaren gainean publizitate egokia egitea. Emandako laguntzen publizitatea egingo da azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 18. artikuluan xedatutakoaren arabera eta gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko azaroaren 9ko 19/2013 Legean xedatutako baldintzak betez.

Diru-laguntzen onuradun diren operadoreek honako hauek argitaratu beharko dituzte beren web orrietan: NCA hedapenen kokapena eta hedadura; sarea ustiatzen hasteko data; handizkako zerbitzuak eta sartzeko baldintza efektiboak, uneko obretarako edota hedatutako sareetarako sarbidea izatea nahi duten operadoreek nahikoa informazio eduki dezaten.

12.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina Onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan eta Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta bere garapen arauetan xedatutakoaren arabera eskatu ahal zaion beste edozein betebehar.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Agindu honetan araututako laguntzen ondorioetarako, SPRI–Sociedad para la Transformación Competitiva/Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAri egindako aipamenak SPRI–Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari egiten zaizkiola ulertuko da, azken hori martxan jartzen den unetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka berraztertze-errekurtsoa jar daiteke Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, edo zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, bi hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 24a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala