Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

210. zk., 2018ko urriaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5352

AGINDUA, 2018ko urriaren 15ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez arriskuko eremu izendatzen baitira Mirandako lurpeko ur-masa alubialaren iparraldeko eta erdialdeko sektoreak, nitratoek kutsa ditzaketelako.

Nitratoei buruzko Kontseiluaren 1991ko abenduaren 12ko 91/676/EEE Zuzentarauak 3. artikuluaren 2. puntuan ezartzen du estatukideek arriskuko eremu izendatutako dituztela beren lurraldeko zenbait gune, baldin eta nitrato-maila jakin batzuk gainditzen dituzten urak biltzen badituzte (91/676/EEE Zuzentaraua, nekazaritzatik eratorritako nitratoek sortutako kutsaduratik ura babesteari buruzkoa).

Espainiako Estatuak bere legeria egokitu zuen zuzentarau horretara, otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren bidez (261/1996 Errege Dekretua, Nekazaritzatik eratorritako nitratoek sortutako kutsaduratik ura babesteari buruzkoa).

Eusko Jaurlaritzak, bere eskumenak gauzatuz, abenduaren 22ko 390/1998 Dekretua onartu zuen, Nekazaritzatik eratorritako nitratoz ura kutsatzeko arriskuan dauden eremuak arriskuko eremu izendatzeko arauak finkatzen dituena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodea onartzen duena. Dekretu horren xedapen gehigarrian, Gasteizko Unitate Hidrologikoko ekialdeko sektorea izendatu zen arriskuko eremu.

Geroago, arriskuko eremu hori zabaldu zen Dulantziko sektorera, Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuaren eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuaren 2008ko apirilaren 8ko Aginduaren bidez. Gero, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2009ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez, arriskuko eremu izendatu zen Gasteizko Unitate Hidrologikoko mendebaldeko sektorea (Foronda I eta II), nitratoek kutsa dezaketelako.

Euskal Autonomia Erkidegoko beste eremu batzuetan uren kalitateari dagokionez eginiko jarraipenek erakutsi dutenez, Miranda de Ebroko masa alubialaren zati batek nekazaritzatik eratorritako nitratoek kutsatutako edo kutsa dezaketen urak ditu eta arriskuko eremu izendatzeko 91/676/EEE Zuzentarauan ezarritako baldintzak betetzen ditu. Hortaz, beharrezkotzat jo da arriskuko eremu izendatzea Mirandako lurpeko ur-masaren iparraldeko eta erdialdeko sektoreak, nekazaritzatik eratorritako nitratoek kutsa ditzaketelako.

Bestalde, aipatutako abenduaren 22ko 390/1998 Dekretuan ezartzen denez, nahitaezkoa da arriskuko eremu horietarako jarduketa-planak prestatzea, nekazaritzatik eratorritako nitratoek eragindako kutsadura prebenitzeko eta murrizteko. Ildo horretatik, 2009ko azaroaren 2ko Aginduak aldatutako 2008ko urriaren 15eko Aginduaren bidez, jarduketa-plan bat onartu zen, nekazaritzatik eratorritako nitratoek kutsatzeko arriskuan egoteagatik arriskuko izendatutako eremuen gainean aplikatzeko dena.

Abenduaren 22ko 390/1998 Dekretuaren bidez egiten zen eskumen-banaketa justifikatzen zuten gaiak, egun, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren esku geratu dira; azken sail horri atxikita geratu da, halaber, «Uraren Euskal Agentzia» zuzenbide pribatuko erakunde publikoa. Hori guztia egin da Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuarekin bat etorriz (24/2016 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.

Adierazitako guztia aintzat hartuta, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak

HAU XEDATU DUTE:

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko honako eremu hau izendatzea arriskuko eremu, Nekazaritzatik eratorritako nitratoek sortutako kutsaduratik ura babesteari buruzko otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren ondorioetarako:

– Mirandako lurpeko ur-masa alubialaren iparraldeko sektorea.

– Mirandako lurpeko ur-masa alubialaren iparraldeko sektorea.

Agindu honen eranskinean jasotzen da eremu horretako deskribapen kartografikoa.

2. artikulua.– Arriskuko eremu horri aplikatu behar zaion jarduketa-plana ezarrita dago Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuaren eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuaren 2008ko urriaren 15eko Aginduan, zeina aldatu baitzen Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2009ko azaroaren 2ko Aginduaren bidez.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Trantsizio Ekologikorako Ministerioari jakinaraziko dio agindu honen bidez arriskuko eremu deklaratutako eremuaren berri.

Bigarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Xedapen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 15a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala