Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2018ko urriaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
5320

AGINDUA, 2018ko urriaren 23koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, gizarte-ekonomiako enpresetan langileen benetako parte-hartzea bultzatzeko laguntzen deialdia egiten duena eta laguntza horiek arautzen dituena.

Lan eta Justizia Sailak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren bitartez, gizarte-ekonomiako enpresek hain berezkoa duten kultura parte-hartzailea zabaldu nahi du euskal enpresetan eta gizartean, gizarte-ekonomia hedatzeko ekosistema egokia sortzeko helburuarekin.

Aipatutako zuzendaritzak, sektorearekin batera, gogoeta estrategikoa egin zuen, eta jarduera hau gogoeta horren haritik dator. Gogoeta horretan, hainbat ondorio nabarmendu zituen; besteak beste, beharrezkoa eta komenigarria dela gizarte-ekonomiako eredua gizarteko eta enpresa munduko zenbait esparrutara esportatzea, non oraindik ere ez baitira ezagutzen kooperatiba-ereduaren edo lan-sozietatearen onurak, bai langileentzat bai enpresa-erakundearentzat, aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzeko bidea diren aldetik.

Bestalde, bat dator Euskadiko beste administrazio publiko eta organo batzuk arlo honetan egiten ari diren lanarekin, horiek ere norabide horretan ari baitira lanean. Esate baterako, Gipuzkoako Foru Aldundia, «Gipuzkoan, enpresetan pertsonen partaidetza sustatzeko programaren» bidez, eta SPRI, «Programa Innobideak-Pertsonak – 2018» ekimenaren bidez. Era berean, lurralde historikoek zerga-hobariak diseinatuta dituzte gizarte-konomiako erakundeei zuzenduta.

Indarrean dagoen legeriak legitimatu egiten du jarduera hori. Izan ere, Espainiako konstituzioaren 129.2 artikuluan, berariaz agintzen zaie botere publikoei eragingarritasunez bultza ditzatela enpresetan parte hartzeko era desberdinak, oro har. Horrela, legez eta jurisprudentziaz ezarritako eskumen-banaketaren arabera eta Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuarekin bat etorriz (24/2016 Dekretua, azaroaren 26koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), Lan eta Justizia Sailak eskumena du aipatutako arloan. Sailen antolaketa, gaur egun, apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak arautzen du (84/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena). Dekretu horretan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren eskumenen artean soilik aipatzen da langileek enpresetan izan behar duten parte-hartzea –10.l) artikulua–, betiere gizarte-ekonomiako enpresekin lotuta.

Ildo beretik, duela gutxi, konstituzio-mandatu hori berriz aipatu da Lan Sozietateen eta Partaidetzako Sozietateen urriaren 14ko 44/2015 Legearen III. kapituluaren 20. artikuluan jasotzen den gomendioan: alegia, langileek enpresetan izan behar duten parte-hartzea sustatu eta bultzatu behar dutela administrazio publikoek.

Azaldutakotik ondorioztatzen denez, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak ekitaldi honetan hasi behar du enpresa-partaidetza sustatzeko politika garatzen, gizarte-ekonomiaren esparruan, Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen baldintzetan ulertuta.

Formari dagokionez, gizarte-ekonomiako enpresen ezaugarrietako bat da izaera demokratikoa eta parte-hartzailea dutela –aipatutako 5/2011 Legearen 4.a) artikulua–. Halere, praktikan, izaera hori mugatu edo murriztu dezaketen egoerak izaten dira enpresa horien ohiko kudeaketan. Langileen parte-hartzea benetakoa eta eraginkorra izan dadin, parte-hartze hori eragozten edo zailtzen duten oztopoak kenduko dituen jarduera publikoa garatu beharra dago. Behar hori azaltzen duten faktoreak, besteak beste, hauek dira: erakundeen neurria eta egitura edota erabakiak hartzeko esparruetan dauden motibazio edo egokitasun pertsonalak.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legea onartu ostean, eta Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz eta Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen helburua da Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Justizia Sailaren bitartez, 2018ko ekitaldian gizarte-ekonomiako enpresetan langileen benetako parte-hartze eraginkorra sustatzeko eman ahal izango dituen laguntzak arautzea, betiere enpresa horien egoitza soziala eta lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan badaude.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak diru-laguntzatzat hartuko dira, eta horien gastuak honako hauek finantzatzera bideratuko dira:

a) Metodo eta tresna egokiak garatu eta ezartzea, langileen parte-hartzea erraztu eta hobetzeko gizarte-ekonomiako enpresen kudeaketan eta organoetan.

b) Langileen parte-hartzea sustatzeko eta arlo horretako jardunbide egokiak zabaltzeko azterlanak egitea.

2.– Diruz lagun daitezkeen ekintzak abian den urtean jarri beharko dira martxan, eta 2018ko abenduaren 31 baino lehen amaitu.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta diru-laguntzaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, guztira, gehienez ere, berrehun eta berrogeita hamar mila (250.000) euro bideratuko dira 2018ko ekitaldirako. Nolanahi ere, hala badagokio, kopuru hori handitu ahal izango da, aurrekontuetan aldaketak eginez gero, indarrean dauden legeen arabera. Aldaketa horiek egon baleude, gertaera hori argitara emango litzateke, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

2.– Aipatutako zenbateko globala honela banatzen da:

a) 2.1.a) apartatuari dagokionez, ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroko gehieneko kopurua.

b) 2.1.b) apartatuari dagokionez, ehun mila (100.000) euroko gehieneko kopurua.

3.– Aurreko apartatua aplikatu ondoren sortzen diren taldeetan baliabide ekonomikoak ez baldin badira nahikoak onuradun guztiei erantzuteko, hainbanatu egingo dira kalkulatutako diru-laguntzak, apartatu bakoitzerako zein bere aldetik.

4.– Aurreko apartatuetan zehaztutakoa aplikatuta sortzen den talde bakoitzean eman beharreko diru-laguntza kalkulatu ondoren, apartatuetako batek soberako saldoa badu, soberakin hori egotziko zaie defizitarioak izan daitezkeen apartatuei, modu proportzionalean.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Honako hauek izan daitezke agindu honetan jasotako diru-laguntzen onuradunak:

a) 2.1.a) artikuluko jarduerak: egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten gizarte-ekonomiako enpresak, EAEn kokatutako lantokietarako.

b) 2.1.b) artikuluko jarduerak: EAEko unibertsitateak, gizarte-ekonomiako enpresa-elkarteak.

5. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, hauek izango dira diruz laguntzeko gastuak: diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren gastuak. Eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontu-plangintzan oinarrituko dira gastu horiek, eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotu eta onartuko du plangintza hori.

2.– Hauek izango dira diru-laguntzen zenbatekoak eta ezarri beharreko mugak:

a) 2.1.a) artikuluko jarduerak: jardueraren kostuaren % 75eraino, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako aurrekontuaren arabera, hamar mila (10.000) euroko mugarekin.

b) 2.1.b) artikuluko jarduerak: jardueraren kostuaren % 75, hogeita hamar mila (30.000) euroko mugarekin.

6. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetan jasotzen diren laguntzen eskaera izapidetzeko, bitarteko elektronikoak erabiliko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztasunak egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, helbide honetan: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/diru_laguntza_arteko_lankidetzarako_2018/

3.– Eskabidearen osteko izapideak https://euskadi.net gunean egingo dira, «Egoitza Elektronikoa / Nire Kudeaketak» atalean.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/diru_laguntza_arteko_lankidetzarako_2018/

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3.– Entitate eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

8. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratu ahal izateko, enpresa eskatzaileek honako betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Legez eratuta egotea eta dagokien erregistroetan behar bezala inskribatuta egotea.

b) Lantokia(k) eta egoitza soziala edo elkartearena Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

c) 2.1.a) artikuluko jardueren kasuan, enpresa onuradunak gizarte-ekonomiako erakundeak ordezkatuko dituen entitate bati elkartuta egon beharko du, eta entitate horrek Gizarte Ekonomiari buruzko 5/2011 Legean jasotzen diren erakundeen sozietate-izaera eduki beharko du. Emandako laguntzaren bigarren ordainketa eskatzeko unean egiaztatu beharko dute enpresek horrelako erakunde bati elkartuta daudela.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea, betiere Ogasun eta Ekonomia Sailak horiei dagokienez ezarritakoaren arabera.

e) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean.

f) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzea, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak, Prebentzio Zerbitzuen Araudia onartzen duenak, ezarritakoaren arabera.

g) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten) zein egoeratan dagoen adierazten duena.

2.– 4.b) artikuluak aipatzen dituen erakundeen kasuan, ekonomikoki bideragarria den jarduera bat aurkeztu beharko dute. Bideragarritasun hori egiaztatzeko, aurrekontu orekatua aurkeztu beharko da.

3.– Ezingo dira onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutako debeku-egoeraren batean dauden erakundeak.

4.– Eskatzaileari diru-laguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, diru-laguntzaren abonua jasotzeko Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/ helbidean.

9. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.

1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz, zeinaren bidez onartzen baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko dira aurreko artikuluko baldintzak. Adierazpen hori eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Ondoren, Gizarte Ekonomiaren zuzendaritzak egiaztatuko du erantzukizunpeko adierazpenean adierazitakoa.

2.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza eskatzen duten erakundeek espresuki baimen dezaten organo kudeatzaileak datuak edo dokumentuak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela.

3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa egiaztatu egingo du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

4.– Halaber, erakunde eskatzaileek adierazi beharko dute egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan adierazitako datuak, eta betetzen dituztela laguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

10. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

Diru-laguntza jasotzeko eskabidearekin batera, justifikazioko memoria aurkeztu behar da, diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak gauzatzeko. Memoria horretan, iraupena, metodologia eta kalkulatutako aurrekontu zehaztua adierazi behar dira.

11. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzen eskaeren termino guztiak beteta ez badaude edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskaera. Administrazioak eskaera horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

12. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak esanbidez emandako ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak. Aipatutako ebazpena bakarra izango da, aginduak aurreikusten duen hainbanaketa egin behar izanez gero.

Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako –eta izaera bereko diren– laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz zehapen-prozedura oro, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude, behintzat.

4.– Agindu hau indarrean sartzen den unetik zenbatzen hasi eta sei hilabete igaro ondoren berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideak ezetsi egin direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean diru-laguntza zer entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako diru-laguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinaraziko da.

13. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean emandako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo, diru-laguntzaren guztizkoaren % 40, diru-laguntza emango dela jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatia, gainerako % 60a, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean. Bigarren ordainketa egiteko, entitate onuradunak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

– Diruz lagundutako gastu guztiei buruzko txostena eta egiaztagiriak: jatorrizko fakturak edo konpultsatutako fotokopiak, eta egindako lanen kopia.

2.– Aurreko puntuan aipatutako dokumentazioa aurkezteko epea 2018ko abenduaren 31n amaituko da.

3.– Diru-laguntza jaso dezaketen eta egiaztatzen diren gastuak bat etorriko dira erakunde onuradunek egiaz ordaindutako gastu errealekin, eta ordaindutako faktura originalen edo konpultsatuen edo froga-balio bera duten kontabilitateko agirien bidez egiaztatu beharko dira.

14. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik beste edozein administraziok edo erakunde publikok ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostu osoa gainditu, ezta agindu honetako 7. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Agindu honetako laguntzak eta entitate onuradunak beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen bestelako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honetako 7. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, kasua bada, murriztu egingo da Lan eta Justizia Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50.2 artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 14. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzeaz gain, pertsona edo erakunde onuradunek diru-laguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, hala aurreikusten baitu abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak; dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta diru-laguntza horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren.

16. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, horrekin batera beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik diru-laguntzak edo bestelako laguntzak jaso, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da; kasu horretan, dena dela, diru-laguntzen onuradun izateko arau honetan jarritako gutxieneko betekizunak betetzen jarraitu beharko du.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

Erakunde onuradunak ez baditu betetzen diru-laguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta erabilgarri diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, bere helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak diru-laguntza galduko du, eta, bi hilabeteko epean, ordura arte jasotako diru-laguntzak eta legez dagozkien interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horrez gainera, legez egin litezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren zuzendariak erakunde onuradunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, zeinetan, beharrezkoa bada, kopuru egokiak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko obligazioa xedatuko den; horretarako gehieneko epea bi hilabetekoa da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabetean ebatzi behar da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, hark, indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz, premiamendu-bideari ekin diezaion.

Xedapen Gehigarria

Minimis araua.

Agindu honetan jasotako laguntzek edo diru-laguntzek honako hau bete beharko dute: Batzordearen 1407/2013 Erregelamendua (EB), 2013ko abenduaren 18koa, Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352, 2013-12-24koa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, hiru ekitaldi fiskaleko edozein eperen barruan. Muga horretatik beherako diru-laguntzek merkataritzari eragiten ez diotela edota lehiakortasuna faltsutzen ez duela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako beste minimis laguntza batzuk deklaratu egin beharko ditu laguntza-eskaera egiten duenak, modu horretara, minimis laguntza berriak erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ordezko araubidea.

Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluaren aurreikuspenak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 23a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala