Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2018ko urriaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4955

AGINDUA, 2018ko irailaren 19koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baitira «Fundación Aldauri- Aldauri Fundazioa» izeneko fundazioaren estatutuen aldaketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eginak.

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskaeraren espedientea. Honako aurrekari hauek ditu oinarri

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2018ko ekainaren 28an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskabide bat sartu zen, «Fundación Aldauri- Aldauri Fundazioa» izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko zena, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitu nahirik. Espedientean jasotako agiriak erantsi zitzaizkion eskabide-idazkiari.

Bigarrena.– 2018ko uztailaren 12ko idazki baten bidez, Fundazioen Erregistroak eskatu zion fundazioari zuzen zitzala atzemandako akatsak, eta 2018ko ekainaren 28an sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean fundazioak bidalitako dokumentazioa.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala aurreikusten dute ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duenak) 3.1 artikuluan, ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duenak) 4.1.a) artikuluan, Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretuak) 6.1.m) artikuluan, eta apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuak (Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoak) 3.1 artikuluan.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen lehenengo xedapen iragankorrak ezartzen duenez, fundazioek lege horretara egokitu beharko dituzte beren estatutuak, lege hori indarrean jartzen denetik bi urteko epean.

Hirugarrena.– Funtsezko iritzitako datuak eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, bereziki, honako xedapen hauetan eskatutakoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta lehenengo xedapen iragankorrean; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzeko ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 33.1 artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzeko ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan. Horrenbestez, aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.

Aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusita, hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Bilboko (Bizkaia) «Fundación Aldauri-Aldauri Fundazioa» izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko egin baitzen; aldaketa hori bat dator 2018ko ekainaren 25ean Andrés María Urrutia Badiola notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoko zehaztapenekin (protokolo-zenbakia: 1114). Eskritura hori zuzendu egin zen fundazioaren patronatuak 2018ko uztailaren 16an hartutako erabakiaren ziurtagiriarekin, idazkariaren sinadura elektronikoa eta fundazioko lehendakariaren oniritzia zituela.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 19a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala