Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2018ko urriaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4839

EBAZPENA, 2018ko irailaren 25ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, ekintzaileei laguntzeko 2018ko diru-laguntzen deialdia argitaratzeko dena.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2018ko irailaren 25eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, ekintzaileei laguntzeko 2018ko ekitaldiko diru-laguntzen deialdia onartu du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko p) letran xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ekintzaileei laguntzeko 2018ko diru-laguntzen deialdia argitara ematea. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren bidez onartu zen, 2018ko irailaren 25eko batzarrean, eta ebazpen honi erantsi zaio.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 25a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA.
EKINTZAILEEI LAGUNTZEKO 2018KO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA.

Dinamismo ekintzailea ezinbesteko faktorea da hazkunde ekonomikoa eta aurrerapena bultzatzeko, era horretan enplegu- eta aberastasun-aukera berriak sor daitezen. Horregatik, guztiz beharrezkoa da beren proiektuarekin banaka eta sozialki konprometituta dauden ekintzaileei modu integral batez laguntzea prozesu ekintzailearen fase guztietan.

Euskal gizarteak badaki ekintzaileak izateak zer nolako garrantzia duen: norberaren laneko etorkizuna diseinatzearen eta sortzearen aldeko apustua egiten dute, eta aldi berean, beste pertsona batzuentzako lan-aukerak sortzen dituzte.

Horrelako proiektuek enplegua sortzeko duten ahalmena dela-eta, guztiz beharrezkoa da haiei laguntza integrala ematea.

Ekintzailetzaren bidea ideia sortzearekin batera hasten da, eta hori egoki balioetsi eta landu ondoren, negozio edo enpresa bat abiaraztea ekar dezake, sustatzaileari behar dituen prestakuntza eta laguntza emanez gero; sendotzeko aldi bat beharko da ondoren, harik eta enpresa-ehunean sartzen den arte.

Negozio-ideia sortzeko, aztertzeko eta horren egituratze sistematikoa egiteko lehenengo fase horretan, funtsezkoa da sustatzaileari laguntzea, bideari ekiteko. Izan ere, horri esker, haren ideia baliozkotzat jo ahal izango da edo birmoldatzeko beharra ikusiko da. Aldi berean, sustatzaileak ekintzailetzarekin lotutako gaitasunak eta trebetasunak hartuko ditu, aholkularitza- eta laguntza-jardueren bitartez.

Negozio-ideia zehatz bat duten sustatzaileei laguntza ematea funtsezko une kritiko bat da bide horretan; aipatutako laguntza hori enpresa-jarduera hasteko egin beharreko jarduerak bultzatzeko laguntza eta tutoretzako jardueren bitartez eman daiteke; eta horrek, aldi berean, lagundu egiten du sustatzaileek ekintzailetzarekin lotutako hainbat gaitasun eta trebetasun beregana ditzaten.

Horretaz gainera, jarraipena ematen zaio sortutako diru-laguntzen lerroari, jarduera bati norberaren konturako langile gisa ekiteko asmoz aktibo finkoetan inbertsioak egiten dituzten pertsona horiei laguntza emateko, enpresa-proiektua finantzatzeko laguntza bat bermatuta izan dezaten hura ezartzeko lehen faseetan.

Azkenik, laguntza eman nahi zaie, baita ere, enpresa-jarduerari berriki ekin dioten pertsonetatik bultzada ekonomiko bat behar duten horiei, pertsona horiek gutxieneko errentagarritasun bat izango dutela ziurtatzeko eta, modu horretan, proiektua finkatzen laguntzeko.

Hazkunde Adimentsua eta Jakintzan eta Berrikuntzan oinarritutako ekonomia garatzea da Europa 2020 Estrategiaren hiru lehentasunetako bat. Ildo horretatik, laguntzeko baldintza orokorrak zein finantzaketarako sarbidea hobetzea da ekimen nagusietako bat, ideia berritzaileak hazkundea eta enplegua sortzen dituzten produktu eta zerbitzu bihur daitezen bermatzeko.

Eurostat erakundeak 2018ko lehenengo hiruhilekoan emandako datuen arabera (horiek dira argitaratutako azkenak), 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 12,60koa da Europar Batasunean. Gure lurraldean, Estatistikako Institutu Nazionalaren Biztanleria Aktiboari buruzko Inkestaren datuen arabera, kolektibo horren langabezia-tasa % 18,49koa izan da 2018ko lehenengo hiruhilekoan, eta, enplegu-tasa, % 41,87koa. Aldiz, EAEko enplegu-tasa orokorra % 70,63koa da.

Bestalde, deialdi honek ezin ditu alde batera utzi lan-merkatuan emakumeen eta gizonen artean dauden diferentziak eta horien arteko berdintasunik eza. Horrela, Estatistikako Institutu Nazionalaren Biztanleria Aktiboaren Inkestaren 2018ko lehen hiruhilekoko datuek erakusten duten bezala, emakumezkoen enplegu-tasa ia 8 puntu txikiagoa da gizonezkoena baino (emakumezkoen enplegu-tasa % 66,69koa da, eta, gizonezkoena, berriz, % 74,64koa). Tasa horiek erakusten dute desagerrarazi beharreko aldea dagoela lan-esparrura sartzeko eta bertan irauteko aukeretan.

Kontuan hartu behar da, EAEko estatistika-datuen arabera, emakumezkoek gizonezkoek baino enpresa gutxiago sortzen dituztela; izan ere, pertsona ekintzaile finkatuen artean, 2017an, % 54,5 gizonezkoak dira eta % 45,5 emakumezkoak.

Deialdi hau Enpleguaren Euskal Estrategia 2020 dokumentuko C.3 «Ekimen ekintzaileak modu integralean babestea» izeneko norabidearen baitan txertatzen da, non honako orientabide hauek proposatzen diren:

– Aholkularitzaren erabilgarritasuna azpimarratzea, laguntza ekonomikoen aldean.

– Bizkortzean eta egonkortzean enfasi handiagoa jartzea; izan ere, egungo zerbitzuak sorkuntza fasean zentratzen dira gehienbat.

– Genero-ikuspegia txertatzen duten ekintzailetza babesteko baliabide espezifikoak diseinatzea eta eskaintzea.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2018ko irailaren 25eko saioan, ekintzaileei laguntzeko diru-laguntzen deialdia onartu du, baldintza hauetan.

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Deialdi honen xedea da enpresa-proiektuen sustatzaileei 2018an eman beharreko diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea, lau laguntza-lerroren bitartez:

a) Ekintzaile izan daitezkeen pertsonei zuzendutako laguntzak, enpresa-ideiak sortu, aztertu eta egituratzeko lanak egin ditzaten arduraldi osoan, ekintzailetzako toki-proiektuen esparruan. (Enpresa-ideiak garatzeko laguntzak).

b) Tokiko ekintzailetza-proiektuen esparruan, negozio-ideia zehaztua duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten bultzatzeko laguntzak. (Enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzak).

c) Enpresa-jarduera bat hasten duten pertsonetatik hura ezartzeko laguntza ekonomiko baten beharra duten horientzako laguntzak (Proiektua ezartzeko laguntzak).

d) Enpresa-jarduera bati ekin dioten pertsonei jarduera hori sendotzeko laguntzak. (Enpresa-jarduera bat sendotzeko laguntzak).

2.– Era berean, deialdi honen xede dira aurreko paragrafoko a) eta b) idatzi-zatietan aipatzen diren laguntzen onuradun diren pertsona ekintzaileak hautatu eta horiei laguntza eta/edo tutoretza emateko laguntzak; 3. artikuluan aurreikusitako toki-erakunde laguntzaileek egin beharrekoa da lan hori.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 4.100.000 eurokoa da, eta, horietatik, 2.705.000 euro 2018. urteko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 2019rako konpromiso-kredituan sartuko dira 1.395.000 euro, 32110– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren aurrekontuaren erabilera izeneko programan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa aipatu diren diru-laguntza lerroen artean banatzekoa da, honela:

a) Enpresa-ideia bat garatzeko laguntzak finantzatzeko, II. kapituluan arautuak: 371.406 euro, 2018ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkionak.

Zenbateko hori honela banatuko da:

– 207.988 euro bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako laguntzetarako.

– 163.418 euro bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako.

b) Negozio-ideia zehaztu bat duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzak finantzatzeko, III. kapituluan arautuak: 410.000 euro; horietatik, 205.000 euro 2018ko ordainketa-krediturako dira, eta, 205.000 euro, 2019ko konpromiso-krediturako.

Zenbateko hori honela banatuko da:

– 230.000 euro –115.000 euro 2018ko ordainketa-krediturako eta 115.000 euro 2019ko konpromiso-aurrekonturako– bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako laguntzetarako.

– 180.000 euro –90.000 euro 2018ko ordainketa-krediturako eta 90.000 euro 2019ko konpromiso-aurrekonturako– bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako.

c) Enpresa-proiektu bat ezartzeko laguntzak finantzatzeko, IV. kapituluan arautuak: 1.000.000 euro, 2018ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkionak.

Zenbateko hori honela banatuko da:

– 560.000 euro bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako laguntzetarako.

Halaber, zenbateko horretatik, 224.000 euroko kreditu-erreserba ezartzen da emakumeentzat; erreserba hori agortzen ez bada, soberakina kolektibo horretako gizonentzako laguntzetarako erabiliko da.

– 440.000 euro bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako.

Halaber, zenbateko horretatik, 176.000 euroko kreditu-erreserba ezartzen da emakumeentzat; erreserba hori agortzen ez bada, soberakina kolektibo horretako gizonentzako laguntzetarako erabiliko da.

d) Enpresa-jarduera bat finkatzeko bideratutako laguntzak finantzatzeko, V. kapituluan arautuak, 1.990.742 euro; horietatik, 915.742 euro 2018ko ordainketa-krediturako dira, eta, 1.075.000 euro, 2019ko konpromiso-krediturako.

Zenbateko hori honela banatuko da:

– 1.114.816 euro (512.816 euro 2018ko ordainketa-krediturako eta 602.000 euro 2019ko konpromiso-aurrekonturako) bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako laguntzetarako.

Halaber, zenbateko horretatik, 445.926 euroko kreditu-erreserba ezartzen da emakumeentzat (205.126 euro 2018ko ordainketa-krediturako eta 240.800 euro 2019ko konpromiso-aurrekonturako); erreserba hori agortzen ez bada, soberakina kolektibo horretako gizonentzako laguntzetarako erabiliko da.

– 875.926 euro (402.926 euro 2018ko ordainketa-krediturako eta 473.000 euro 2019ko konpromiso-aurrekonturako) bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako.

Halaber, zenbateko horretatik, 350.370 euroko kreditu-erreserba ezartzen da emakumeentzat (161.170 euro 2018ko ordainketa-krediturako eta 189.200 euro 2019ko konpromiso-aurrekonturako); erreserba hori agortzen ez bada, soberakina kolektibo horretako gizonentzako laguntzetarako erabiliko da.

e) Erakunde laguntzaileek onuradunak hautatzeko eta laguntzeko jarduerak finantzatzeko (deialdi honetako 3. artikuluan aipatua), 327.852 euro; horietatik, 212.852 euro 2018ko ordainketa-krediturako dira, eta, 115.000 euro, 2019ko konpromiso-krediturako.

Zenbateko hori honela banatuko da:

– 97.852 euro bideratuko dira (2018ko ordainketa-kredituari dagozkionak) II. kapituluan (Enpresa-ideia bat garatzea) jasotako laguntzen onuradun diren sustatzaileak hautatu eta laguntzeko diru-laguntzetarako.

– 230.000 euro bideratuko dira (115.000 euro 2018ko ordainketa-krediturako eta 115.000 euro 2019ko konpromiso-aurrekonturako) III. kapituluan (Enpresa-proiektu berriak abian jartzea) jasotako laguntzen onuradun diren sustatzaileak hautatu eta laguntzeko diru-laguntzetarako.

3.– Diruz laguntzeko lerroak finantzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoei dagokienez, aurreikusitako bi kolektiboetako batean, pertsona ekintzaileentzako laguntzetarako kreditua agortzen ez bada, soberakina beste kolektiborako aurreikusita dauden laguntzak ordaintzeko erabiliko da. Era berean, baldin a), b), d) eta e) lerroengatik emango diren diru-laguntzen zenbatekoa ez bada iristen izendatutako aurrekontu maximora, funtsen soberakina erabili ahal izango da osorik finantzatu ezin izan diren beste lerro batzuk finantzatzeko.

3. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Deialdi honetako II. eta III. kapituluetan (negozio-ideia bat aztertu eta garatzea, eta enpresa-proiektu berriak abian jartzea) araututako laguntzen onuradunen hautaketa, laguntza eta/edo tutoretza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, udalerri-elkarteek, mankomunitateek edo kuadrillek –eta horien mendeko erakundeek– egin beharko dituzte, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena jaso badute erakunde laguntzaile gisa jarduteko.

2.– Nolanahi ere, hartarako gaitasun tekniko nahikoa dutela egiaztatzea baldintza izango da sustatzaileei laguntza eta/edo tutoretza emateko erakunde laguntzaile gisa jardun ahal izateko. Horretarako, ondoren adierazten diren baldintzak bete beharko dira:

– Gutxienez, 2 urteko esperientzia izatea pertsona ekintzaileei laguntzeko lanetan.

– Sustatzaileei laguntzeko langile egokiak eta nahikoak izatea. Betekizun hori betetzen dutela ulertuko da, laguntzaren hasieran honako hauek badituzte: gutxienez kontratupeko teknikari bat, unibertsitate-ikasketak amaituta dituena; giza baliabide horiek urtebetetik gorako esperientzia izan behar dute, eta curriculum egiaztatua autoenplegurako laguntza- eta tutoretza-lanen arloan. Gainera, diruz laguntzen diren ekintzak egiteko langile propio nahikoa izateko konpromisoa hartuko dute, eta langile horiek gai izan behar dute erabiltzaileei behar bezalako arreta emateko.

3.– Sustatzaileak hautatu eta haiei laguntza eta tutoretza emateko jarduerez gain, deialdi honen II. eta III. kapituluetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatu eta ordainduko dituzte erakunde horiek.

4.– Erakunde laguntzaileek diru-laguntza jaso ahalko dute pertsona ekintzaileak hautatu eta haiei tutoretza emateagatik, baldin eta pertsona ekintzaile horiek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta diru-laguntza esleitu bazaie. Diru-laguntza horiek 300 eurokoak (pertsonako) izango dira enpresa-ideia bat garatzeko proiektuetan, eta 1.000 eurokoak (pertsonako) enpresa-jarduera berriak abian jartzeko proiektuen kasuan.

Laguntza horiei deialdi honen VI. kapituluan jasotako aurreikuspenak aplikatuko zaizkie, prozeduraren instrukzioari eta ebazpenari buruz 25. artikuluan xedatutakoa eta 26. artikuluan xedatutakoa izan ezik; prozeduraren instrukzioa eta ebazpena artikulu honetan xedatzen dira.

5.– Programa honetan parte hartzeko eta erakunde laguntzaileen izaera lortzeko eskabideak, bai eta dagokion diru-laguntza emateko eskabideak ere, I. eranskinean jasotako eredu ofizialaren arabera aurkeztu beharko dira (http://www.lanbide.euskadi.eus helbidean eskura daiteke), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-bulegoetan. Horrez gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

6.– Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

– Ekintzailetza-proiektua, non hauek jasoko baitira: aholkularitza- eta laguntza-prozesuan sustatzaileekin garatuko diren jarduerak; arreta emango zaien pertsonen kopurua; desberdindu egingo dira aholkularitza- eta tutoretza-jarduerak, enpresa-ideia bat garatzeko badira edota enpresa-proiektu berri bat abian jartzeko badira; halaber, jarduera bakoitzeko, zehaztu egingo dira arreta emango zaien 30 urtetik beherako pertsona-kopurua eta 30 urteko edo hortik gorako pertsona-kopurua, datuak sexuaren arabera bereizita. Nolanahi ere, proiektuan aurreikusi behar da emakume ekintzaileen % 40ri arreta ematea.

– Erakunde eskatzailearen ziurtagiria, laguntza-zereginak gauzatzeko gaitasun tekniko eta materialari buruzkoa, esperientzia egiaztatuko duena eta jarduera aurrera eramango duten pertsonak zehazten dituena.

– Proiektuan parte hartuko duten sustatzaileak hautatzeko prozesuaren deskribapena; publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak errespetatu beharko ditu prozesuak, genero-aldagaia barne, hautatutako pertsonen % 40 gutxienez emakumeak izan daitezen ahalegintzeko.

7.– Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.

8.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak bere gain hartuko du eskabideak kudeatu eta izapidetzeko ardura, eta Lanbideko zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.

9.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, aztertu egingo dira, eta erakunde laguntzaile gisa jarduteko baimena emango zaie deialdian aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenei –horietako bakoitzak artatu beharreko pertsona-kopurua eta -mota zehaztuz– eta dagokien diru-laguntza emango zaie.

Erakunde laguntzaileek artatuko dituzten pertsonen kopurua eskabidean proposatutakoaren arabera zehaztuko da, betiere deialdi honen II. kapituluan (Enpresa-ideiak garatzea) eta III. kapituluan (Enpresa-proiektu berriak abian jartzea) sustatzaileei emateko laguntzak estaltzeko aurreikusitako baliabide ekonomikoak ahalbidetzen duten mugaraino, 2. artikuluan araututako baldintzetan.

Baldin eta baliabide ekonomiko horiek ez badira aski erakunde laguntzaileek artatu nahi dituzten pertsona guztientzako laguntzak estaltzeko, murriztu egingo da, laguntza-lerro bakoitzean, erakunde laguntzaile bakoitzak artatu beharreko pertsona-kopurua, prozedura honen arabera:

– Lehenik eta behin, aurreko urteko deialdiko egikaritze-mailaren arabera (arreta eman zaien pertsonen kopurua, onartutakoekin alderatuta), zuzenketa-faktore bat aplikatuko da, eskatutako 30 urtetik gorako pertsonen kopurua murrizteko, formula honen arabera:

(Ikus .PDF)

– Oraindik ere baliabideak nahikoak ez badira, aholkularitza eman beharreko pertsonen kopurua murriztuko da eskatutakoaren proportzioan, edo, bestela, hala badagokio, aipatutako zuzenketa-faktorea aplikatu osteko emaitzaren arabera, lehentasuna emanez 30 urtetik beherakoei.

10.– Deialdi honen barruan sustatzaileei aholkularitza emateko erakunde laguntzaile gisa jarduteko baimena, bai eta bertan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko eta ordaintzekoa ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emango da; dagokion lankidetza-hitzarmena sinatu beharko da haren baldintzak zehazteko, betiere II. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

Prozedurari buruzko ebazpena bakarra izango da, eta erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuz: http:/www.lanbide.euskadi.eus

Ebazpenean zehaztuko da zenbat pertsona artatuko diren, sexuaren arabera, diru-laguntza lerro eta kolektibo bakoitzeko, bai eta pertsona horiek hautatu eta horiei laguntza edota tutoretza emateagatik erakunde laguntzaileari eman beharreko diru-laguntza ere.

Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori amaitu eta esanbidezko ebazpenik ematen ez bada, diru-laguntza jasotzeko eskabidea ezetsitzat joko da.

Sustatzaile interesdunek horren berri izan dezaten, Lanbideren web-orrian (http://www.lanbide.euskadi.eus) jakinaraziko dira deialdi hau egikaritzeko laguntzaile gisa jarduteko baimena duten erakundeak, bai eta erakunde bakoitzak zenbat pertsona hartuko dituen ere.

11.– Zuzendari Nagusiaren ebazpenak amaitu egiten du administrazio-bidea eta haren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena Lanbideren webgunean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, hura jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

12.– Ebazpena jakinarazi ostean, dagokion lankidetza-hitzarmena sinatuko da.

15 egun balioduneko epea izango dute erakunde laguntzaileek, hitzarmena sinatu eta biharamunetik zenbatzen hasita, ekintzaileei laguntza edota tutoretza ematen hasteko.

13.– Hautaketa-prozesuan, erakundeak lehentasun-hurrenkera hau aplikatuko du, kontuan hartuta artikulu honen 6. apartatuan aipatzen den genero-aldagaia:

a) 30 urtetik beherako pertsonak.

b) 45 urtetik gorako pertsonak.

c) DSBEa jasotzen duten titularrak edo onuradunak.

14.– Erakunde laguntzaileei honela ordainduko zaie diru-laguntza, hitzarmenean zehaztutako baldintzetan:

a) Enpresa-ideia bat garatzeari laguntzeko jarduerei dagokienez, pertsona bakoitzeko 300 euroko ordainketa bakar bat egingo da, laguntzeko prozesua hasten denean, 2018ko ordainketa-kredituaren kargura; halere, aldez aurretik, honako hauek egin beharko dira: sustatzaileek eginiko diru-laguntza eskaeren azterketaren emaitza-txostenak aurkeztu, eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

b) Enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzei dagokienez, bi alditan ordainduko dira:

– Pertsona bakoitzeko 500 euroko lehen ordainketa bat, 2018ko ordainketa-kredituaren kargura, laguntzeko prozesua hasten denean; halere, aldez aurretik, honako hauek egin beharko dira: sustatzaileek eginiko eskaeren azterketaren emaitza-txostenak aurkeztu, eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Pertsona bakoitzeko 500 euroko bigarren ordainketa bat, 2019ko konpromiso-kredituaren kargura, prozesua osatzen duen eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta hartzen duen pertsona sustatzaile bakoitzeko. Erakunde laguntzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan deialdi honen 13. artikuluaren azken paragrafoak aipatzen duen dokumentazioa aurkezten duenean egingo da bigarren ordainketa hori.

II. KAPITULUA
«ENPRESA-IDEIA» BAT GARATZEKO LAGUNTZAK, EKINTZAILETZAKO TOKIKO PROIEKTUEN ESPARRUAN

4. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko jarduna.

1.– Kapitulu honen babespean diru-laguntza jaso ahal izango da negozio-ideia bat aztertu eta garatzeko, edozein jarduera-adarretan eta arduraldi esklusiboko erregimenean, 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten sustatzaileen aldetik, betiere deialdi honen 3. artikuluan aipatutako erakunderen baten laguntzako eta/edo tutoretzako tokiko proiektuetan parte hartzen badute.

2.– Kapitulu honen babespean garatutako jarduerek bi hilabeteko iraupena izango dute gutxienez.

3.– Sustatzaileak arduraldi esklusiboaren betekizuna betetzen duela ulertuko da, baldintza hauek betetzen baditu: diruz lagundutako aldi guztian lanaldi osoan 18 egun baino gehiago lan ez egitea edo lanaldiaren % 30 baino gehiago lan ez egitea.

Ondorio horietarako, lan egindako eguntzat zenbatuko dira Gizarte Segurantzan alta emanda egin dituen egunak. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, zenbatu beharreko egunak hauek izango dira: alta-egunak bider kontratatutako lanaldi-ehunekoa.

5. artikulua.– Onuradunak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira laguntza-prozesua hasteko unean eta eskabidea aurkeztekoan betekizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak:

a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea. Betekizun horri eutsi egin beharko zaio, gutxienez laguntza-prozesua amaitu arte.

b) Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea. Ondorio horietarako, langabetzat hartuko da lanaldi partzialeko kontratuarekin eta % 30eko edo hortik beherako lanaldiarekin ari denean.

c) Aurreko urtean alta emanda ez egotea ez Ekonomia Jardueren gaineko Zergan ez eta Langile Autonomoen Araubide Berezian ere.

d) Edozein jarduera-adarretako enpresa- edo negozio-proiektu bat garatzeko ideia bat izatea.

e) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakundeetako bateko aholkularitza eta laguntza jasotzeko prozesuan sartuta egotea.

f) Aurreko deialdietan, enpresa-ideia bat garatzeko edo enpresa-jarduera berriak abian jartzeko laguntzen onuradun ez izatea –Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei laguntzeko kudeatu dituen deialdietan jasota dauden laguntzak–.

2.– Laguntza horien onuradun izateko, hauxe egiteko konpromisoa hartu behar dute sustatzaileek:

a) Euren enpresa-ideia aztertzeko eta garatzeko zereginetan arduraldi esklusiboan jardutea.

b) Enpresa-ideia bat sortze eta garatze aldera deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek aholkularitza emateko eta laguntzeko finkatutako jarduera guztietara bertaratzea.

c) Helburu bererako beste laguntzarik ez jasotzea.

6. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

Sustatzaileei euren enpresa-ideia garatzeko eman beharreko laguntzaren zenbatekoa 1.000 eurokoa izango da.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, laguntza-prozesua hasteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

7. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak III. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak laguntzaile gisa baimendutako erakundeen bitartez, betiere horiek ekintzailearen laguntza eta/edo tutoretzako zereginak egiten badituzte. Erakunde horiek erregistratuko dituzte aurkeztutako eskabideak, eta egiaztatuko dute eskatzaileek bete egiten dituztela diru-laguntzak emateko beharrezkoak diren baldintzak eta betekizunak.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) NANaren fotokopia.

b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

c) Erakunde laguntzailearen ziurtagiria, eskatzaileak laguntza eta/edo tutoretzako programan parte hartzen duela egiaztatzen duena; laguntza eta/edo tutoretzako planean aurreikusitako jarduerak jasoko dira bertan, bai eta prozesuaren hasiera-data ere.

d) Lan-bizitzari buruzko txostena, laguntza-prozesuaren hasiera-datan eguneratuta.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dauzkatela egiaztatzen duten ziurtagiriak.

3.– Kapitulu honetan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko 7 egun balioduneko epea egongo da, laguntzeko prozesua hasi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.

8. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.

Kapitulu honetan aurrez ikusitako laguntza ordainketa bakarrean ordainduko zaie onuradunei, laguntza eman eta gero, 3. artikuluan aurrez ikusitako erakunde laguntzaileen aldetik.

III. KAPITULUA
EKINTZAILETZAKO TOKI-PROIEKTUEN ESPARRUAN, ENPRESA-JARDUERA BERRIAK ABIAN JARTZEA SUSTATZEKO LAGUNTZAK

9. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Kapitulu honen babespean, diruz lagundu ahal izango da 10. artikuluan aurrez ikusitako betekizunak betetzen dituzten sustatzaileek enpresa- edo negozio-proiektu bat abian jartzeko beharrezkoak diren jarduerak garatzea, arduraldi esklusiboko erregimenean; jarduera horiek deialdi honen 3. artikuluan aipatutako erakunde laguntzaileetako baten laguntza eta tutoretza izan beharko dituzte.

2.– Kapitulu honen babespean garatutako jarduerek hiru hilabeteko iraupena izango dute gutxienez.

3.– Sustatzaileak arduraldi esklusiboaren betekizuna betetzen duela ulertuko da, baldintza hauek betetzen baditu: diruz lagundutako aldi guztian lanaldi osoan 27 egun baino gehiago lan ez egitea edo lanaldiaren % 30 baino gehiago lan ez egitea.

Ondorio horietarako, lan egindako eguntzat zenbatuko dira Gizarte Segurantzan alta emanda egin dituen egunak. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, zenbatu beharreko egunak hauek izango dira: alta-egunak bider kontratatutako lanaldi-ehunekoa.

10. artikulua.– Onuradunak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira laguntza-prozesua hasteko unean eta eskabidea aurkeztekoan betekizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak:

a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea. Betekizun horri eutsi egin beharko zaio, gutxienez laguntza-prozesua amaitu arte.

b) Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea. Ondorio horietarako, langabetzat hartuko da lanaldi partzialeko kontratuarekin eta % 30eko edo hortik beherako lanaldiarekin ari denean. Betekizun hori bete beharko da, baita ere, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emateko unean.

c) Aurreko urtean alta emanda ez egotea ez Ekonomia Jardueren gaineko Zergan ez eta Langile Autonomoen Araubide Berezian ere.

d) Bideragarritasun-plan bat izatea enpresa edo negozio berri bat abian jartzeko, zeina dagokion erakunde laguntzaileak balioztatu beharko baitu lagun egite-fasearen barruan.

e) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakundeetako baten aholkularitza eta laguntza jasotzeko prozesuan sartuta egotea.

f) Aurreko deialdietan jarduera berri bat martxan jartzeko asmoz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei laguntzeko kudeatu dituen deialdietan jasota dauden laguntzetako bakar baten onuradun ez izatea.

2.– Laguntza horien onuradun izateko, hauxe egiteko konpromisoa hartu behar dute sustatzaileek:

a) Enpresa edo negozioa abian jartzen soilik aritzea.

b) Deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek enpresa edo negozioa ezartzeko zehaztutako aholkularitzako eta laguntzako jarduera guztietara joatea.

c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematea, gehienez ere 3 hilabeteko epean, negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza eta laguntzako prozesua amaitzen denetik zenbatzen hasita. Alta horren titularrak edozer forma juridiko har dezake, baldin eta sustatzaileak egiaztatzen badu, hala dagokionean, sozietate-harremana duela harekin eta baldin eta xede soziala bat badator tutorizatutako proiektuarenarekin.

Epe horretan ekintzaileek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematen ez badute, diru-laguntzaren bigarren ordainketa jasotzeko eskubidea galduko dute.

d) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn jartzea, eta lantokia ere EAEn kokatzea.

e) Ez jasotzea inolako laguntzarik helburu berarako.

11. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.– Sustatzaileei 1.500 euroko diru-laguntza emango zaie (sustatzaile bakoitzeko), enpresa-proiektu berriak abian jartzeko.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, laguntza-prozesua hasteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

12. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak III. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako erakundeen bitartez, betiere horiek ekintzailearen laguntza eta/edo tutoretzako zereginak egiten badituzte. Erakunde horiek erregistratuko dituzte aurkeztutako eskabideak, eta egiaztatuko dute eskatzaileek bete egiten dituztela diru-laguntzak emateko beharrezkoak diren baldintzak eta betekizunak.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) NANaren fotokopia.

b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

c) Erakunde laguntzailearen ziurtagiria, eskatzaileak laguntza eta/edo tutoretzako programan parte hartzen duela egiaztatzen duena; laguntza eta/edo tutoretzako planean aurreikusitako jarduerak jasoko dira bertan, bai eta prozesuaren hasiera-data ere.

d) Lan-bizitzari buruzko txostena, laguntza-prozesuaren hasiera-datan eguneratuta.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dauzkatela egiaztatzen duten ziurtagiriak.

3.– Kapitulu honetan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko 7 egun balioduneko epea egongo da, laguntzeko prozesua hasi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.

13. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.

Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakunde laguntzaileek honela ordainduko dizkiete diru-laguntzak onuradunei:

– Lehenengo ordainketa: emandako diru-laguntzaren % 50, 2018ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura, diru-laguntza eman ostean eta bideragarritasun-plana eratu eta enpresa-proiektua ezartzeko aholkularitza-prozesua hasi eta gero.

– Bigarren ordainketa: gainerako % 50a, 2019ko konpromiso-kredituaren kargura, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan (EJZ) alta eman eta gero; ordainketa hori egiteko, lehenengo, erakunde laguntzaileari aurkeztu beharko dio EJZn alta eman izanaren kopia eta eginiko jarduerak zehaztuko dituen azken memoria, gehienez ere hiru hilabeteko epean laguntza-prozesua amaitu zenetik. Gainera, aldez aurretik, erakunde laguntzaileak egiaztatu beharko du 10.1 artikuluaren a) eta b) apartatuetan jasotako betekizunak betetzen direla.

IV. KAPITULUA
ENPRESA-JARDUERA BAT HASI ETA «PROIEKTUA EZARTZEKO» LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZA EKONOMIKOAK

14. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Diru-laguntza jaso ahalko dute, deialdi honen babespean, zuzenean jarduerarekin lotuta dauden aktibo finko hauetan egiten diren inbertsioek, kontabilitate-plan orokorrak eta hura garatzen duten arauek ezarritako definizioaren arabera:

a) Eraikuntzak (lokalak eskuratzea izan ezik).

b) Makinak.

c) Instalazioak.

d) Tresnak.

e) Altzariak.

f) Informazioa prozesatzeko ekipoak.

g) Enpresa-jarduerari edo jarduera profesionalari zuzenean eta esklusiboki lotutako garraio-elementuak.

Ondorio horietarako, hauek bakarrik egongo dira zuzenean eta esklusiboki jarduerari lotuta:

– Salgaiak garraiatzeko erabilitako ibilgailu mistoak.

– Kontraprestazio bidez bidaiariak garraiatzeko zerbitzuak ematerakoan erabiltzen direnak.

– Kontraprestazio bidez gidariei edo pilotuei irakasteko zerbitzuak ematerakoan erabiltzen direnak.

– Probak, saiakuntzak, erakustaldiak egiterakoan edo salmentak sustatzerakoan ekoizleek erabiltzen dituztenak.

– Merkataritza-agenteen lanbideari lotutako joan-etorrietan erabilitakoak.

– Zaintza-zerbitzuetan erabilitakoak.

h) Frankizia-kontratuak.

i) Aplikazio informatikoak.

j) Merkataritza-funtsa.

k) Eskualdatze-eskubideak.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako inbertsioak diruz lagundu ahal izateko, horiek 5.000 euro edo gehiagokoak izan behar dute, eta onuradunak eginak behar dute, EJZn alta eman baino hiru hilabete lehenago hasi eta EJZn alta eman ondoko hiru hilabete igaro baino lehenagoko tarte horretan. Edonola ere, diruz lagundu ahal izango dira, bakar-bakarrik, 2018ko urtarrilaren 1ean hasi eta diru-laguntza eskatu den egunera arteko egikaritze-epean gauzatutako inbertsioak.

3.– Diruz lagundutako inbertsioek enpresa-jarduerari lotuta jarraitu beharko dute gutxienez bi urtez, eskuratu zirenetik aurrera (fakturaren data).

4.– Zeharkako zergak ezin izango dira diruz lagundu, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu ahal badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

15. artikulua.– Onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun honako hauek izango dira:

a) Enpresaburuak eta banako profesionalak.

b) Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak, betiere diru-laguntza norbere izenean eskatzen bada.

2.– Onuradunek gutxieneko betekizun hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unean:

a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.

b) EJZn alta emateko egunean lanik gabe eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

c) Alta emanda egotea EJZn (enpresaburua, norbanako profesionala edo ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila, hala badagokio) eta langile autonomoen araubide berezian edo, norberaren konturako langile gisa, kasu bakoitzean Gizarte Segurantzan dagokionean, edo nahitaezko mutualitate profesionalean, 2018ko urtarrilaren 1etik deialdi hau EHAAn argitaratzen den datara arteko aldian.

d) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea, eta lantokia ere EAEn kokatzea.

e) Jarduera bera gauzatu ez izana, norberaren konturako langile gisa, Ekonomia Jardueren Zergan alta eman aurreko sei hilabeteetan.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako aurreko deialdietan, IV. eta V. kapituluetan araututako laguntza-lerroen onuradun ez izatea.

3.– Aurreko 2. apartatuaren a) eta d) letretan jasotako betekizunak gutxienez bi urtez mantendu beharko dira, diruz lagundutako inbertsioaren eskuratze-datatik aurrera (fakturaren data).

16. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.– Kapitulu honetan araututako laguntzaren zenbatekoa 3.500 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, eskaera aurkezteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

2.– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituzten kideen kasuan, diru-laguntza ez da inola ere 10.000 euro baino handiagoa izango kide guztientzat. Muga hori aplikatu behar baldin bada, formula hau erabiliko da bazkide bakoitzari zer diru-laguntza dagokion kalkulatzeko: deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaile bakoitzaren partaidetza-ehunekoa aplikatuko zaie 10.000 euroei, harik eta 1. apartatuan xedatutakoaren arabera legokiokeen diru-laguntzaren zenbatekora iritsi arte.

17. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetan aurrez ikusitako laguntzak lortzeko eskaerak IV. eranskinean jasotako eredu ofizialaren bidez aurkeztu beharko dituzte ekintzaileek. Eredu hori honako toki hauetan eskuratu ahal izango da: http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-bulegoetan. Horretaz gain, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurrez ikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) NANaren fotokopia edo nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

c) EJZn alta eman izanaren egiaztagiria.

d) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Erregimen Berezian alta eman izanaren egiaztagiria, norberaren kontura lan egiten dutenei dagokien araubide berezian, edo kasuan kasuko mutualitate profesionalean.

e) Hala badagokio, ondasun-erkidegoa edo baltzu zibila eratzearen egiaztagiria.

f) Inbertsioen plana, diruz lagun daitezkeen aktibo finkoen araberakoa.

g) Gauzatutako inbertsioak frogatzen dituzten fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan horien frogazko balio bera duten dokumentuak, edo eraginkortasun administratiboa dutenak, bai eta ordaindu izanaren egiaztagiriak ere (noiz ordaindu den jaso behar dute). Fakturaren datak eta ordainketarenak 14.2 artikuluan adierazitako egikaritze-epean sartuta egon beharko dute.

3.– Baldin eskatzaileak ondasun-erkidego edo sozietate zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak, bere izenean, eskabide bat egin beharko du, eta guztiek batera aurkeztu beharko dituzte beti eskabideak. Bazkide bati edo bat baino gehiagori diru-laguntza eman ondoren, ondasun-erkidego edo sozietate zibileko beste kide batek eskaera aurkezten baldin badu, hura ebaztean kontuan hartuko dira gainerako bazkideei emandako laguntzak. Horrelakoetan, aurretik emandako diru-laguntzen zenbatekoa aldatu ahal izango da, 16.2. artikuluan aurreikusitako diru-laguntza osoaren muga ez gainditzeko, eta kide bakoitzari dagokion zenbatekoa egokitu ahal izango da berdintasunez, aipatu xedapenean araututakoari jarraituz.

4.– Aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Ondasun-erkidego edo sozietate zibil batek egindako inbertsioen frogagiriak entitate hori osatzen duen kide bakoitzari egotziko zaizkio, betiere bakoitzak duen partaidetza-ehunekoaren arabera.

18. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.

Aldi bakarrean ordainduko zaie diru-laguntza onuradunei, hura eman ondoren.

V. KAPITULUA
ENPRESA-JARDUERA BAT HASI ONDOREN, PROIEKTUA SENDOTZEKO LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZAK

19. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Deialdi honen babespean diru-laguntza jaso ahal izango da enpresa sortu berri baten proiektua sendotzeko beharrezko diren sustapen-, funtzionamendu- eta kudeaketa-gastuak ordaintzeko:

a) Langile Autonomoen Araubide Berezian norbere konturako langile gisa eginiko kotizazioaren ordainketari dagozkion kuotak, edo, hala badagokio, Gizarte Segurantzakoak edo nahitaezko mutualitate profesionalari dagozkionak. Gastu hori ez da hartuko diruz lagun daitekeen gastutzat, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo beste administrazio publiko batzuek diruz lagundu badute.

b) Proiektuari lotutako komunikazio-gastuak: publizitate- eta merchandising-kanpainak, saltoki eta ibilgailuen errotuluak, errotuluen argiztapena eta diseinua.

c) Web orrien eta sare sozialen diseinua, publizitate bannerrak beste enpresa baten web orrian, web orrialdeen mantentze-lanak, web orrian pluginak sartzearekin loturiko gastuak eta Facebook sustatzeko zerbitzuen kostua.

d) Aholkularitza (zerga-, lan-, kontabilitate- edo administrazio-arloan, arlo juridikoan edo negozioaren kudeaketaren arloan, liburu-edukitzailetzarekin eta eguneroko zerga- eta kontabilitate-arloko betebeharrekin loturikoak, lan arriskuekin loturikoak, erakusleihoak aldatzeko eta hobetzekoak...) eta coaching-gastuak.

e) Ekintzaileak eginiko prestakuntza-ikastaroak, zuzenean enpresa abian eta funtzionamenduan jartzearekin lotura dutenak, baldin eta diruz lagundutako aldiaren barruan hasten badira.

f) Negozio-lokalen errentamendua, betiere baldintza hauek betetzen badira: ez izatea familia-etxebizitzaren zati edo beste enpresa batekin partekatutako eremu; ez egotea 2. mailarainoko odol- edo ezkontza-ahaidetasunik lokalaren errentatzailearekin; eta ez izatea errentatzaile diharduen pertsona fisiko edo juridikoaren bazkide partaide.

2.– Diruz lagundutako aldia:

a) Aurreko paragrafoaren a), d) eta f) letretan adierazitako gastuei dagokienez, diruz lagunduko dira 6 hilabeteko epean egindako gastuak, diru-laguntza baiesteko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. 6 hilabete horiek hartuko dira diruz lagundutako alditzat.

b) Bestalde, b), c) eta e) letretan adierazitako gastu diruz lagungarriak izango dira deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortu eta ordaindutakoak, 6 hilabeteko epera arte, diru-laguntza baiesteko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.

3.– Aholkularitza emateaz eta laguntzeaz ardura daiteke legez eratutako edozein erakunde edo enpresa, haren jardueran sartzen badira diruz lagunduko diren jarduerak.

4.– Zeharkako zergak ezin izango dira diruz lagundu, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu ahal badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

5.– Fakturatutako zenbatekoaren zati bat diruz lagungarria ez den aldi bati egotzi beharreko gastuei badagokie, modu proportzionalean egokituko zaio fakturan jasota dagoen eta diruz lagun daitekeen aldiaren zatiari.

20. artikulua.– Onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun honako hauek izango dira:

a) Enpresaburuak eta banako profesionalak.

b) Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak, betiere diru-laguntza nork bere izenean eskatzen baldin badu.

2.– Onuradunek betekizun hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unetik aurrera:

a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.

b) EJZn alta emateko egunean lanik gabe eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

c) Alta emanda egotea EJZn (enpresaburua, norbanako profesionala edo ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila, hala badagokio) eta langile autonomoen araubide berezian edo, norberaren konturako langile gisa, kasu bakoitzean Gizarte Segurantzan dagokionean, edo nahitaezko mutualitate profesionalean, 2017ko uztailaren 29tik deialdi hau EHAAn argitaratzen den datara arteko aldian.

d) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea, eta lantokia ere EAEn kokatzea.

e) Diru-laguntzen lerro horren beraren onuradun suertatu ez izana aurreko deialdietan.

3.– Aurreko 2. apartatuaren a) eta d) letretan jasotako betekizunei eutsi egin beharko zaie, gutxienez 19.2 artikuluan adierazitako diruz laguntzeko aldia amaitu arte. Halaber, onuradunak honako hauetan alta emanda jarraitu beharko du diruz lagundutako aldia amaitu arte: EJZ eta autonomoen araubide berezia, dagokion norberaren konturako araubide berezia edo dagokion lanbide-mutualitatea c) apartatuan adierazitako taldeetakoren batean.

21. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.– Kapitulu honetan araututako laguntzaren zenbatekoa 2.500 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, eskaera aurkezteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

2.– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituzten kideen kasuan, diru-laguntza ez da inola ere 6.000 € baino handiagoa izango kide guztientzat. Muga hori aplikatu behar baldin bada, formula hau erabiliko da bazkide bakoitzari zer diru-laguntza dagokion kalkulatzeko: deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaile bakoitzaren partaidetza-ehunekoa aplikatuko zaie 6.000 €-ei, harik eta 1. apartatuan xedatutakoaren arabera legokiokeen diru-laguntzaren zenbatekora iritsi arte.

22. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetan aurrez ikusitako laguntzak lortzeko eskaerak V. eranskinean jasotako eredu ofizialaren bidez aurkeztu beharko dituzte ekintzaileek. Eredu hori honako toki hauetan eskuratu ahal izango da: http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-bulegoetan. Horretaz gain, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurrez ikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) NANaren fotokopia edo nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

c) EJZn alta eman izanaren egiaztagiria.

d) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Erregimen Berezian alta eman izanaren egiaztagiria, norberaren kontura lan egiten dutenei dagokien araubide berezian, edo kasuan kasuko mutualitate profesionalean.

e) Hala badagokio, ondasun-erkidegoa edo baltzu zibila eratzearen egiaztagiria.

3.– Baldin eskatzaileak ondasun-erkidego edo sozietate zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak, bere izenean, eskabide bat egin beharko du, eta guztiek batera aurkeztu beharko dituzte beti eskabideak.

4.– Aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

23. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.

1.– Diru-laguntzak honela ordainduko zaizkie onuradunei:

a) Lehenengo ordainketa: diru-laguntzaren % 46 diru-laguntza ematea onartu ostean, 2018ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura.

b) Bigarren ordainketa: 2019ko konpromiso-kredituaren kargura, benetan egindako eta egiaztatutako gastuengatik, eta gehienez ere gainerako % 54a. Aldez aurretik, 19.1 artikuluan aurrez ikusitako gastuak justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dira. Diruz laguntzeko gastuak negozio-lokalen errentamendu-gastuak badira, gainera, errentamendu-kontratua aurkeztu beharko da. Fakturekin batera, ordainketa egin izana eta zein egunetan egin den justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Ondasun-erkidego edo sozietate zibil baten faktura aurkezten bada, entitate hori osatzen duen kide bakoitzari egotziko zaio, betiere bakoitzak duen partaidetza-ehunekoaren arabera.

3.– Justifikatutako zenbatekoa emandako diru-laguntza baino txikiagoa bada, diru-laguntza doituko da, eta, hala badagokio, aldea itzuli beharko da.

4.– Egindako gastua justifikatzeko agiriak aldi bakarrean aurkeztuko dira, 19.2 artikuluan adierazitako diruz lagundutako aldiaren hurrengo hilabetea amaitu baino lehen.

VI. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN XEDAPEN KOMUNAK

24. artikulua.– Diru-laguntzen pertsona eta erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen pertsona eta erakunde onuradunek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.

II. eta III. kapituluetan araututako diru-laguntzen lerroetarako izan ezik, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du eskaera egiten duten entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, diru-laguntza eman eta ordainketa bakoitza egin aurretik, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

Hala ere, pertsona edo erakunde eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimen hori, eta, orduan, betetzea egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Diru-laguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izan behar ditu.

c) Zigor- edo administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

d) Ez egotea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, diru-laguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, pertsona edo erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.

Pertsona ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: http://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/adjuntos/ALTA.pdf

25. artikulua.– Prozedura izapidetzea eta ebaztea.

1.– Prozedura ebazteko organo eskuduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia da, eta eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak dauka, alde batera utzi gabe II. eta III. kapituluetan araututako laguntzak izapidetzeko erakunde laguntzaileei esleitzen zaizkien zereginak, zeinak aipatutako Zuzendaritzarekin lankidetzan egingo baitituzte.

2.– Aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, IV. eta V. kapituluetan aurreikusitako diru-laguntzen eskabideak, eta hurrenkera horretan emango zaizkie diru-laguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte. Kreditua zabaltzeak gorabehera, behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3.– Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez lau hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita; eta epe hori amaitutakoan diru-laguntzaren eskabidea onartutzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.

4.– Pertsona eta erakunde onuradunek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntza batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulera- edo zigor-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du entitate horiei diru-laguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean diru-laguntza zer onuradunek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer onuraduni emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

26. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– II. kapituluan aurrez ikusitako laguntzen onuradunek memoria bat aurkeztu beharko dute erakunde laguntzailearen aurrean, laguntza eta/edo tutoretza amaitu eta hurrengo hilabetean. Memoria horretan, hauek zehaztu beharko dira: laguntza jasotzeko aldian enpresa-proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko esparruan egin diren lanak eta proiektuaren bideragarritasunari buruzko txostena. Laguntzeaz eta/edo tutoretzaz arduratutako erakundeak sinatu beharko ditu dokumentu horiek.

2.– III. kapituluan aurreikusitako laguntzen onuradunek Ekonomia Jardueren gaineko Zergan emandako altaren kopia eta amaierako memoria bat –egindako jardueren zehetasunak adieraziz– aurkeztu beharko dizkiote erakunde laguntzaileari, hiru hilabeteko epean, laguntzeko prozesua amaitu den egunetik zenbatzen hasita. Erakunde laguntzaileak baliozkotzat jo beharko du memoria hori, eta memoriaren edukiak lan-plangintzaren eta lortutako emaitzen jarraipena egiteko aukera eman beharko du.

Ekintzaileak ez badu alta ematen Ekonomia Jardueren gaineko Zergan 10.2.c) artikuluan ezarritako epean –3 hilabete, negozioa abian jartzeko tutoretza eta laguntza prozesua amaitu den egunetik zenbatzen hasita–, onetsitako diru-laguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko du, horretarako dagokion espedientea izapidetu ostean.

3.– Deialdi honen V. kapituluan jasotako laguntzei dagokienez, 23. artikuluan ezartzen den moduan eta epean justifikatuko dira.

4.– Diru-laguntza aurreikusitako epeen barruan justifikatu ezean, jasotako diru-laguntza guztia itzuli beharko dute onuradunek; horrenbestez, artikulu honetan aurreikusitako epeak amaitzen badira justifikazioa gauzatu gabe, dagokion prozedurari ekingo zaio jasotako zenbatekoak itzuli beharra adierazteko eta ordaintzeke daudenak eskuratzeko eskubidea galdutzat jotzeko.

5.– Deialdi honetan jasotako laguntzak justifikatzeko egotz daitezkeen fakturen ordainketa guztiak honako hauen bidez egiaztatu beharko dira: transferentziaren, taloiaren, txekearen edo ordainketa justifikatzeko beste edozein agiriren kopia, edo dagokion zordunketa adierazten duen banku-laburpenaren fotokopia, edo finantza-erakundeak eginiko ziurtagiria. Eskudiruz eginiko ordainketak ez dira kontuan hartuko. 50 eurotik beherako (zergak kanpoan direla) gastuak frogatzeko fakturak eta agiriak ere ez dira kontuan hartuko justifikaziorako.

27. artikulua.– Pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak.

Pertsona eta erakunde onuradunen betebehar izango dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

– IV. kapituluan aurrez ikusi diren diru-laguntzen onuradunek diruz lagunduko den jardueran izena emanda egon behar dute, eta 15.1 artikuluan adierazitako onuradun-taldeetako baten barruan egon, bi urtez gutxienez ere, diruz lagundutako aktiboaren eskuratze-datatik aurrera zenbatzen hasita (fakturaren data).

– V. kapituluan aurrez ikusitako diru-laguntzen onuradun izango diren pertsonek diruz lagunduko den jardueran alta emanda egon behar dute, eta 20.1. artikuluan aipatutako talde onuradunetako baten barruan egon behar dute gutxienez sei hilabetez, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

– Frogatzea diru-laguntza emateko edo jasotzeko bete beharreko betekizunak eta baldintzak betetzen dituela, baita jarduera egin izana ere.

– Honako hauen egiaztatze- eta kontrol-jarduketei baiezkoa ematea: erakunde laguntzaileak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

– Helburu berberarekin beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

– Diruz lagundutako jardueren helburuari edo izaerari funtsean eragiten dion zerbait bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Enpresaren dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.

28. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako diru-laguntza aldatzea, deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

29. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honen 3.4 artikuluan eta II. eta III. kapituluetan aurreikusitako diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango beste edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk emandako edozein motatako diru-laguntza edo laguntzarekin, baldin eta helburu edo xede berarekin ematen badituzte.

IV. eta V. kapituluetan aurreikusitako diru-laguntzak ez dira bateragarriak bata bestearekin, ez eta beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk emandako beste edozer eratako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerarekin ere, baldin eta azken horien helburua autoenplegua sustatzea bada, salbu eta langabezia-prestazioaren kapitalizazioa ez bada.

30. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako diru-laguntzak itzultzea.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jaso dituzten pertsona edo erakunde onuradunek ez baldin badituzte betetzen Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan modu orokorrean aurrez ikusitako betebeharrak, edo baldin badaude Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1. artikuluan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1. artikuluan edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/206 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluetan adierazitako egoeraren batean, edo ez baldin badira betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzetatik edozein, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion ebazpenaren bidez ezarriko du, hala baldin badagokio betiere, jasotako kopuruak osorik edo hein batean itzultzeko eta berandutze-interesak ordaintzeko betebeharra, azken horiek, diru-laguntza ordaindu zenetik zenbatzen hasita, hori guztia egoki diren gainerako ekintzak eragotzi gabe, eta abenduaren 17ko 698/1981 Dekretuan ezarritakoa betez (698/1981 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu). Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– II. eta III. kapituluetan aipatutako laguntza eta/edo tutoretzako prozesua aldez aurretik utziz gero, horren zergatia edozein dela ere, edo ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanez gero negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza- eta laguntza-prozesua amaitu baino lehen, hauxe izango da emandako diru-laguntza itzultzeko araubidea:

a) Prozesua hasi eta hilabete igaro aurretik utziz gero edo EJZn alta emanez gero, jasotako diru-laguntza osorik itzuli beharko du, eta egin gabe dauden ordainketak ezeztatuko dira, horrelakorik badago.

b) Lehenengo hilabetea igaro ondoren eta laguntza-lana amaitu baino lehen utziz gero prozesua edo EJZn alta emanez gero, zenbateko hauek itzuli beharko ditu:

– II. kapituluan araututako diru-laguntzaren kasuan, emandako diru-laguntzaren % 50 itzuli beharko da.

– III. kapituluan araututako diru-laguntzaren kasuan, jasotako diru-kopuruaren 1/3 itzuli beharko da. Halaber, ordaindu gabe dagoen diru-laguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko du.

Nolanahi ere, proiektua bertan behera utzi aurretik edo EJZn alta eman aurretik gauzatutako jarduerei buruzko memoria aurkeztu beharko da. Bestela, diru-laguntza justifikatuta ez dagoela ulertuko da mantentzen den zenbatekoari dagokionez, eta 26.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da. Horren ondorioz, diru-laguntza osoa itzuli beharko da.

3.– II. eta III. kapituluetan aipatutako laguntza- edo tutoretza-prozesuan sustatzaileak besteren konturako jarduerak egiten baditu 18 egun edo 27 egun baino gehiagotan, hurrenez hurren, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta jasotako diru-laguntza itzuli beharko du.

4.– Baldin eta IV. kapituluko (Enpresa-proiektua ezartzea) eta V. kapituluko (Enpresa-jarduera bat sendotzea) diru-laguntzen onuradun diren pertsona ekintzaileak ez badaude jardueran alta emanda edo alta emanda bai baina ez badaude deialdiko 15.1 eta 20.1 artikuluetan aipatutako taldeetakoren bateko kide bezala alta emanda, jasotako diru-laguntza osorik itzuli beharko dute 27. artikuluan adierazitako gutxieneko epeetan.

Era berean, proiektua sendotzeko laguntzen kasuan, ordaintzeke dagoen diru-laguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko dute.

31. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntza jaso duen pertsonari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, jakinaraziko dio egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

2.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez badu edo ez badira onartu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilekoa izango da.

3.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritzi, eta diru-laguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita. Borondatezko epetzat joko da epe hori.

4.– Borondatezko aldi horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

32. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Erregelamendu Orokorrean eta datuen babesari buruzko gainerako arauetan ezarritakoari jarraikiz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzeko eta kontrolatzeko erabiliko ditu deialdi honetan araututako laguntza-eskaerak betez lortzen diren datu pertsonalak.

Interesdunek datuak irizpidean izateko, zuzentzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko muga ezartzeko eta haien aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, eskubide horien egikaritza eskatzeko idazki bat igorri behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta daiteke helbide honetan: http://www.lanbide.euskadi.eus/general/-/información/condiciones de uso y política de privacidad/

33. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.

Deialdi honen IV. eta V. kapituluetan jasotako diru-laguntzak 2014ko ekainaren 17ko Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren mende egongo dira; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria merkatu erkidearekin bateragarri deklaratzen dira, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorra, KSEO). Zehazki, enpresa-proiektu berrietarako laguntzak arautzen dituen 22. artikuluaren mende ere egongo dira.

34. artikulua.– Diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Diru-laguntzen programa honi honako arau hauetan bildutako diru-laguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Hori guztia honako hauetan xedatutakoa alde batera utzi gabe: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
LANKIDETZA-HITZARMENAREN EREDUA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO TOKI-ERAKUNDEEKIN ETA HORIEN MENDEKO ERAKUNDEEKIN SINATU BEHARREKOA, EKINTZAILEEI BABESA EMATEKO 2018KO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA BURUTZEN LAGUNTZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ......................................aren .........(a).

ELKARTU DIRA:

Alde batetik:

Beatriz Artolazabal Albeniz andrea, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko (aurrerantzean, Lanbide) lehendakaria den aldetik,

Beste alde batetik, .......................................... jauna/andrea, .................................(e)ko/(r)en (alkatea edo legezko ordezkaria) den aldetik.

Bi aldeek hitzarmen hau sinatzeko eskumena eta gaitasuna aitortzen diote elkarri. Hori dela eta, honako hau

AZALTZEN DUTE:

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2018ko ............aren .....(e)ko saioan hartutako erabakiaren bidez (EHAA zk.:......), ekintzaileei laguntzeko diru-laguntzen 2018ko deialdia onartu du. Deialdi honetan, toki-erakundeen lankidetza aurreikusten da erakundearen diru-laguntza lerroetako bi hauek gauzatzeko: enpresa-ideiak garatzeko laguntzak –II. kapituluan arautzen direnak– eta enpresa-jarduera berriak abian jartzeko diru-laguntzak –III. kapituluan arautzen direnak–.

Toki-erakundeen lankidetza behar da negozio-ideiak aztertzeko eta garatzeko prozesuan zein enpresa-jarduerak abian jartzeko prozesuan pertsona ekintzaileei laguntza eta/edo tutoretza ematen dien erakunde laguntzaile gisa jarduteko.

Bestalde, toki-erakundeen lankidetza aurreikusten da, baita ere, ekintzaileei zuzendutako laguntzak kudeatzeko eta ordaintzeko.

Deialdiko 3.10 artikuluan adierazi da hitzarmen bat sinatuko dela lankidetza horren baldintzak ezartzeko, behin Lanbidek programan parte hartzeko eta adierazitako jarduerak egiteko baimena ematen dionean tokiko erakundeari.

2.– .............................................................(r)i baimena eman zaio, Lanbideko zuzendari nagusiaren 2018ko .................aren .....(e)ko ebazpenaren bidez, erakunde laguntzaile gisa jarduteko ekintzaileei laguntzeko eta/edo tutoretza emateko lanean, negozio-ideia bat aztertu eta garatzeko eta enpresa-jarduera berriak abian jartzeko prozesuetan.

3.– Deialdiko 3.10 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko (azaroaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) 52.3 artikuluan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko 7. artikuluan (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena), eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 16. artikuluan ezarritakoa betez, Lanbidek eta...........................................................................(e)k hitzarmen hau egitea erabaki dutela, beren jarduerak modu koordinatuan arautzeko, honako klausula hauek kontuan hartuta:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta ...........................................................................(r)en arteko lankidetza-araubidea arautzea, ekintzaileei laguntzeko 2018ko diru-laguntzen deialdia burutzeko. Deialdi hori Lanbideko Administrazio Kontseiluak onartu zuen, 2018ko .............aren ......(e)ko saioan hartutako erabakiaren bidez (EHAA, ..........aren ....(e)koa). Hori guztia deialdi horren II. eta III. kapituluetan araututa dauden diru-laguntzen lerroei dagokienez.

Deialdian aurreikusitako lankidetzak, hitzarmen honetan xedatutakoari jarraituz, bi eremu hartzen ditu: batetik, pertsona ekintzaileei laguntza eta/edo tutoretza ematea negozio-ideiak aztertzeko eta garatzeko prozesuan eta enpresa-jarduerak abian jartzeko prozesuan . bestetik, deialdiaren II. eta III. kapituluetan aurreikusten diren diru-laguntzak kudeatu eta pertsona ekintzaileei ordaintzeko jarduerak.

Bigarrena.– Alderdien betebeharrak.

1.–.................................(e)k honako betebehar hauek ditu:

1.1.– Pertsona ekintzaileei laguntzeari dagokionez:

a) Tokiko ekintzailetza-proiektuetan parte hartuko dutenak hautatzea, betiere publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren irizpideak eta deialdiaren 3.13 artikuluan aurreikusitakoak betez.

Erakunde laguntzaileak prozesu osoaren akta egin beharko du, eta, horrez gain, Lanbiden aurkeztu beharko du, prozesua amaitu eta 10 egun balioduneko epean, hautaketa-prozesua justifikatzen duen dokumentazioa, berariaz adieraziz zer irizpide erabili diren. Horrez gain, bereizita identifikatu beharko ditu egin beharreko bi jarduera-tipologietarako hautatu dituen sustatzaileak: enpresa-ideia bat garatzeko edo enpresa-jarduera berriak abian jartzeko laguntza eta tutoretza.

b) Ekintzaileei laguntzea eta/edo tutoretza ematea negozio-ideia bat aztertu eta garatzeko eta enpresa-jarduera berriak abian jartzeko prozesuetan, Lanbideko zuzendari nagusiaren 2018ko .........aren ....(e)ko ebazpenaren bidez arreta emateko baimendu zaizkion pertsonen kopuruaren arabera.

1.2.– Ekintzaileentzako diru-laguntzak kudeatzeko eta ordaintzeko lankidetzari dagokionez:

a) Ekintzaileek aurkeztutako diru-laguntzen eskaerak jasotzea eta horiek erregistro propioan erregistratzea tokiko erakundea bada, edo, horien mendeko erakundea izanez gero, hemen aurreikusitako baldintzak betetzen badira: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuaren 9 bis artikulua, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak emandako idazketaren arabera. Bestela, zer toki-erakunderen mendeko diren, erakunde horren erregistroan inskribatuko ditu.

b) Aurkeztutako eskabideak aztertzea; egiaztatzea –eta hori agiri bidez jasotzea dagokion egiaztatze-txostenaren bidez– eskatzaileek bete egiten dituztela diru-laguntza emateko baldintzak eta betekizunak, eta, hala badagokio, aurkeztu ez duten nahitaezko dokumentazioa eskatzea; eta, azkenik, azterlanaren emaitzaren nahiz egindako egiaztapenen txostenak Lanbideko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzari helaraztea, ebazpen-proposamenarekin batera.

c) Ordainketak egitea onuradunei, deialdiaren 8. eta 13. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

d) Lanbideri jakinaraztea laguntza jaso duen ekintzaileak bertan behera utzi duela aholkularitza- eta laguntza-prozesua negozio-ideia bat aztertu eta garatzeko edota enpresa-jarduera berriak abian jartzeko prozesuetan. Lanbideri jakinarazi beharko dio, baita ere, diru-laguntza emateko ezarritako betekizunak eta betebeharrak erabat edo zati batean bete ez baditu, eta, edozein kasutan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan araututakoak bete ez baditu, diru-laguntza osorik edo zati batean itzultzeko prozedura hasteko ondorioetarako.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari justifikatzea zertan erabili diren onuradunei diru-laguntzak ordaintzeko jasotako funtsak.

Horretarako, erakunde laguntzaileak ordainketak egin direla frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dio Lanbideko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzari, ordainketa horiek egiten direnetik kontatzen hasi eta 15 eguneko epean.

f) Laguntzak jaso dituzten ekintzaileek aurkeztu behar duten azken memoria aztertzea, laguntza horiek justifikatzeko helburuarekin, eginiko aholkularitza- eta laguntza-jarduerekin lotuta. Berrikusketa egin ondoren, 15 eguneko epean erakunde laguntzaileak memoria bidali beharko du Lanbidera, erakunde horrek eskatutako gainerako dokumentuekin batera.

g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzultzea, hala badagokio, azkenean, uko-egiteengatik, itzulketengatik edo bestelako arrazoiren batengatik zegokien helbururako erabili ez diren funtsak, bai eta jasotako funtsek banku-kontuetan sortutako interesak ere, programaren kudeaketa amaitu ondoren.

h) Funts horien kudeaketa egiaztatzeko jarduerak egiten uztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

i) Onuradunek adieraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren babesa jaso dutela deialdiaren esparruan finantzatutako jarduera guztietan, horiek hedatzean, edo, hala badagokio, argitaratzean.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Hitzarmen honek dakartzan jarduerak egiteko beharrezkoak diren laguntza eta aholkularitza ematea erakunde laguntzaileari, Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzaren bidez.

b) Ekintzaileei laguntzeko jardueran eginiko lankidetzarekin lotuta, erakunde laguntzaileari ordaintzea deialdian aurrez ikusitako diru-laguntza, ekintzaileak hautatu eta horiei laguntzeagatik edota tutoretza emateagatik: 300 euro pertsona bakoitzeko enpresa-ideia bat garatzeko kasuan, eta 1.000 euro pertsona bakoitzeko enpresa-jarduera berriak abian jartzeko kasuan. Azken horiek deialdiko 3. artikuluko 14. apartatuan adierazi bezala ordainduko dira. Deialdian aurreikusitako betekizunei eta baldintzei lotuta egongo da diru-laguntza hori.

c) Diru-laguntzak kudeatzen eta pertsona ekintzaileei diru-laguntzak ordaintzeko lanetan laguntzeari dagokionez, pertsona ekintzaileei esleitutako diru-laguntzen zenbatekoa erakunde laguntzaileari ematea, jarraian zehazten denaren arabera:

● II. kapituluan aurreikusitako laguntzak:

% 100, diru-laguntzak emateko ebazpenak eman eta gero.

● III. kapituluan aurreikusitako laguntzak:

– % 50, diru-laguntzak emateko ebazpenak eman eta gero.

– Gainerako % 50a 2019ko ekitaldian, ekintzaileak EJZko alta eta azken memoria (erakunde laguntzaileak baliozkotua) aurkeztu eta gero.

Horretarako, erakunde laguntzaileak funtsen kontabilitate-datuak identifikatuko ditu, funts horien jarraipena egin eta emandako diru-laguntzak egiaztatu ahal izateko. Onuradunen artean banatzeko jasotako funtsak eta funts horiek sortzen dituzten interesak ez dira inolaz ere haren ondarearen partetzat hartuko.

Hirugarrena.– Hitzarmen honetan edo deialdia arautzen duten oinarrietan aurrez ikusita ez dagoenerako, ekintzaileei laguntzak ordaintzearekin eta kudeatzearekin lotutako lankidetza-araubidea honen arabera arautuko da: diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia eta hori garatzen duen erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua. Hori guztia Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean (azaroaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa eragotzi gabe.

Laugarrena.– Hitzarmen honen indarraldia lehenengo klausulan zehaztutako xedea betetzera mugatzen da.

Bosgarrena.– Hitzarmen honek administrazio-izaera dauka, eta, ondorioz, administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenaren aurrean aurkara daiteke.

Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoaren arabera –lege horren bidez, Espainiako ordenamendu juridikora ekartzen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014/23/EB eta 2014/24/EB Zuzentarauak–, hitzarmen hau lege horren aplikazio-eremutik kanpo geratzen da. Nolanahi ere, hitzarmena betetzean sortzen diren zalantzak edo arazoak interpretatzeko, aldatzeko eta ebazteko arau subsidiarioa izango da.

Eta aurretik esandako guztiarekin ados daudela adierazteko, bertaratuek hitzarmen hau sinatu dute, bi aletan, goian aipatutako tokian eta datan.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala