Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

185. zk., 2018ko irailaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4668

AGINDUA, 2018ko irailaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez elkarte eta kooperatibei zuzendutako laguntzak arautu eta horien deialdia egiten baita, 2018-2019 ikasturtean zehar EAEko ikasleen mugikortasun aktiboa sustatzeko ekintzak gara ditzaten.

Euskadiko Osasun Antolamenduari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, EAEko aginte publikoei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozio-ekonomikoan diharduten sektore guztietan, honako helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio kaltegarrien eragina deuseztatzea eta, batik bat, osasunaren garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea. Zehatzago, bigarren atalak dioenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren ardura da osasun-arloko esparru instituzionala zaintzea EAEn, gomendioak emanez edo neurriak hartuz, sektore politiko guztietan osasuna aintzat har dezaten, eta, era berean, diziplina anitzeko ekintza positiboen diseinua bultzatuz, ekintza sanitarioen osagarri, biztanleen osasun-maila etengabe hobetzeko.

Aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du osasun-arloko euskal administrazioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez. Halaber, lege horren 14. artikuluak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo guztiak, bakoitza dagokion sektoreko ikuspuntutik, elkar hartuta arituko direla osasun-hezkuntzaren eremuan sistematikoki gauza ditzaketen ekintzetan, funtsezkoak baitira pertsona bakoitzaren eta komunitatearen osasuna hobetzeko.

Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen 80/2017 Dekretuaren 9.1. artikuluari jarraituz, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren zeregina da, besteak beste, politika eta esku-hartze eraginkorrak bultzatzea Jaurlaritzaren gainerako sailetan eta erakunde publikoetan –udalerrietan bereziki–, hiritarrek osasun- eta ekitate-maila handiagoak izan ditzaten.

Agindu honen xedea da, beraz, osasuna indartzea toki-eremuko jardueretan eta osasun-arlokoak ez diren gainerako lan-eremuetan. Ekimen hau zeharo loturik dago Europar Batasunak gomendaturiko «Osasuna politika guztietan» estrategiarekin, bai eta Osasunaren Mundu Erakundearen Osasunaren Determinatzaile Sozialen gainean Batzordeak egindako txostenarekin ere. Politika guztietan, osasun-estrategiaren oinarrian egiaztapen hau dago: osasunean eragiten duten faktoreak, funtsean, osasun-sektorearen eragin-eremutik kanpo daude.

Jarduera fisikoa sustatzeko Torontoko Gutunak dio, argi eta garbi, ohiko jarduera fisikoak mesede egiten diola osasunari, gaixotasunak prebenitzen dituela, gizarte-harremanak eta bizi-kalitatea hobetzen dituela, onura ekonomikoak ekartzen dituela eta ingurumenaren iraunkortasunari laguntzen diola.

Jarduera fisikoa egiten ematen dugun denbora gehituz eta jarduera sedentarioetan ematen dugun denbora gutxituz, populazio aktiboagoa lortuko dugu; horrenbestez, zenbait erronkari aurre egiteko aukera izango dugu, esate baterako: biztanleen etengabeko zahartzea eta osasun-sistemari eta gizarte-prestazioei eustea.

2013-2020rako Osasun Planaren helburuetako bat da herritarren artean jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoa prebenitzea, EAEn jarduera fisikoaren sustapenerako MUGIMENT proiektuan zehaztutako jarraibideen eta estrategien arabera. Proposatutako ekintzen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan eskola-bideak sortzea dago.

Osasuneko sailburuaren 2018ko martxoaren 27ko Aginduaren bidez, Osasun Sailaren 2018ko diru-laguntzen plan estrategikoa onartu zen, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratu zen. Plan horretan, I. eranskineko 3.1.4 epigrafean, honako hau jasotzen da: «Elkarte eta kooperatibei zuzendutako laguntzak, ikasleen artean mugikortasun aktiboa sustatzera bideratutako ekintzak gara ditzaten».

Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 2ko 5/2017 Legean, laguntza hauetarako aurrekontu-kreditua jasotzen da.

EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako guraso-elkarteen eta irakaskuntza-kooperatiben helburuetako bat da ikasleentzako heziketa-jarduera osagarriak abiaraztea; ildo horretan, eskola-bideak garatzeko proiektuak egiten dituzte, eskola-umeek aukera izan dezaten ikastetxeetarako joan-etorriak modu aktiboan egiteko.

Ikasleak kaleetan segurtasunez eta autonomiaz mugitu ahal izatea eta espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzea da eskola-bideei buruzko proiektuen xedea. Gainera, eskola-giroan mugikortasun aktiboa sustatzea tresna eraginkor bat izan daiteke herritarrak txiki-txikitatik kontzientziatzeko jarduera fisikoak osasunari dakarkion onuraz.

Deialdi honen zein beraren ebazpen- eta izapidetze-jardueren esparru juridikoa bat dator honako xedapen hauek ezarritakoarekin: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena, eta urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Deialdi honen laguntzek ez dute lehia faltsutzen edota faltsutzeko arriskurik eragiten. Hortaz, bateragarriak dira barne-merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren esparrua eta xedea.

1.– Agindu honen xedea da EAEko elkarte eta kooperatibentzako laguntza ekonomikoak erregulatzea, ikasleen osasuna eta autonomia hobetzen lagun dezaketen esku-hartzeak, mugikortasun aktiboa bultzatzera bideratuak, gara ditzaten 2018-2019 ikasturtean.

2.– Laguntza hauen helburua da finantzazioa eskaintzea 2018ko uztailetik 2019ko maiatzera, hiri-espazioek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz eskola-bideak sortu eta dinamizatzeko, eta, modu horretan, eskola-umeen mugikortasun aktiboa eta segurua sustatzea. Eskola-bidetzat joko dira ibilbide zehatzak, aurrez ezarriak eta markatuak, eskola-umeek erabil ditzaketenak ikastetxeetako joan-etorriak modu aktiboan (oinez, gurpil-oholez, bizikletaz eta abarrez) , seguruan eta autonomoan egiteko; hartara, espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratuko dute.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak:

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradunak izango dira ikasleen guraso-elkarteak, ikasle-elkarteak eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko Ikastetxeen Irakaskuntza Kooperatiben titularrak, zeinek honako betekizun hauek bete beharko baitituzte:

a) Legez eratuta egongo dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erregistroan inskribatuta.

b) Ez dute irabazi-asmorik izango.

c) Beteta edukiko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

d) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izango dituzte.

e) Zehapen administratibo edo penala izateagatik diru-laguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten elkarteek ezin izango dute deialdian parte hartu epai edo ebazpen irmoak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako gaitasungabetzen dituen debeku legalen bat duten entitateek, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barnean direla.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatzen diren beste edozein eskakizun, erakundearen izaera juridikoaren arabera aplika daitezkeenak.

3. artikulua.– Diru-laguntzaren aurrekontu-zuzkidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.

1.– 1. artikuluan adierazitako jardueretarako guztizko aurrekontu-zuzkidura laurogeita hamalau mila eurokoa (94.000) izango da.

2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza da deialdiaren organo kudeatzailea.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira 1. artikuluan ezarritako jarduerak gauzatzearen ondorio zuzenak diren gastu arruntak, betiere 2018ko uztailetik 2019ko maiatzera bitartean sortu badira, eta 2019ko ekainaren 15a baino lehen ordaindu badira, egun hori barnean dela. Hauek dira diruz laguntzeko moduko gastuak:

a) Proiektuaren dinamizazioa eta koordinazio teknikoa.

b) Ikastetxe eskatzailearen inguruko mugikortasuna aztertzea.

c) Hitzaldiak, tailerrak edo komunikazio-kanpainak antolatzea, ikastetxeko joan-etorrietan mugikortasun aktibo eta autonomoari sustatzeari lotuak.

d) Behar den materiala erostea: txaleko islatzaileak, kartelak, liburuxkak, zirkulazio-seinale eramangarriak, eskola-bidearen seinaleztapena, eta abar.

e) Ekimen honetara atxikitzen direnen ikasleentzako pizgarriak.

f) Ikastetxeetan, mugikortasun aktiboa errazten duten espazioak egokitzea; esaterako, bizikletetarako edo gurpil-oholetarako aparkamendu seguruak sortzea edo handitzea.

2.– Elkarteek edo kooperatibek langile boluntarioen lana balioztatzeko egindako ekarpenak ez dira diruz lagunduko; balioztatze horretarako, orduko 20 euroko muga ezartzen da. Langile boluntarioak balioztatzeko, elkarte edo kooperatibaren inguruko lagunek proiektuaren xedeak lortzeko eta ordainsaririk jaso gabe egindako lanaren kuantifikatze ekonomikoa egiten da.

3.– Honako gastu hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:

Kontuen interes zordunak; finantza-gastuak; inbertsio-gastuak; administrazio-lizentziak; errekarguak, eta administrazio- eta zigor-zehapenak, honako hauek barne direla: ordainketetan berandutzearen ondoriozko zehapenak; zerga, tributu eta tasak edo Gizarte Segurantzako kuotak ez ordaintzearen ondoriozkoak, eta prozedura judizialen eta gatazkak borondatez konpontzeko bestelako prozeduren gastuak.

5. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honen bidez araututako diru-laguntzak ematea bateragarria izango da beste administrazio publiko edo ente publiko zein pribatu batzuek –nazionalek, Europar Batasunekoek edo nazioartekoek– xede bererako emandako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta, bakarka hartuta edo batera, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada (gainfinantzaketa). Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, jardueraren kostuak finkatzen duen gehieneko mugaraino.

6. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoaren mugak.

Diru-laguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitezkeen gastuen ehuneko ehunera iritsi daiteke, eta aurkezturiko proiektu bakoitzeko 6.000 eurokoa izango da, gehienez ere.

Proiektu bakoitzari dagozkion kopuruak esleitu, eta ez bada zehaztutako aurrekontu osoa erabiltzera iristen, proiektu bakoitzaren gehienezko diru-laguntza handituko da, deialdi honen 3.1 artikuluan zehaztutako aurrekontu osoa esleitu arte.

7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Proiektu bakoitzeko, eskabide telematikoa bete beharko da –eskuragarri dago 21.4 artikuluan zehazten den zuzeneko sarbidean–, eta, gainera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Diru-laguntza zer proiektutarako eskatu den, horri buruzko memoria, agindu honen I. eranskinean ageri den eredua erabiliz. Eredu hori eskuragarri dago euskadi.eus egoitza elektronikoan (agindu honen 21. artikulua, izapideak elektronikoki egiteari buruzkoa).

b) Administrazio-erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria:

Ikasleen guraso elkarteen eta ikasleen elkarteen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Bazkunen Errolda Nagusian inskribatuta daudela egiaztatzen duen ziurtagiria.

Irakaskuntza-kooperatiben kasuan, EAEko Kooperatiben Erregistroan irakaskuntzako kooperatiba bezala inskribatuta daudela egiaztatzen duen ziurtagiria.

c) Bilera-aktaren kopia arrunta, deialdi honetan parte hartzeko erabakia jasotzen duena.

d) Proiektua beste toki-erakunderen edo erkidegoko beste agenteren batekin koordinatuta egiten bada, inplikaturiko agente guztiek izenpeturiko dokumentua, akordioa egiaztatzen duena.

e) Finantzaketaren xede izango litzatekeen jarduera hobeki ezagutzeko beharrezko den dokumentu osagarri oro.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko era eta epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Erakunde bakoitzak aurkezten duen proiektu bakoitzeko eskabide bat aurkeztu behar da.

3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, 21. artikuluan adierazitako euskadi.eus egoitza elektronikoa erabiliz.

4.– Identifikazio elektroniko aitortua duten erakundeen ordezkariek aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, agindu honen 21.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Ordezkariak, erakundeen ordezkarientzako ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu baldin bada, ez du egiaztatzeko inolako izapiderik egin behar.

b) Pertsona fisikoentzako ziurtagiri baten bidez identifikatu bada, ordea, ordezkaritza egiaztatu beharra dauka ordezkarien erregistro elektronikoan, agindu honen 21.2 artikuluan adierazitakoari jarraituz.

5.– Elkarte edo kooperatiba eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta hari atxikitako dokumentazioa. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1. artikuluak ezartzen duenari jarraituz.

9. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako eskabideak ez dituela betetzen aurreko artikuluetan xedatutako eskakizunak, hamar egun balioduneko epea emango dio elkarte edo kooperatiba eskatzaileari akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Jakinaraziko dio, halaber, hori egin ezean, eskabidea bertan behera uzten duela ulertuko dela; horretarako, Osasuneko sailburuordeak ebazpen bat eman beharko du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitako eran.

10. artikulua.– Datuak eta betekizunak egiaztatzea.

1.– Erakundeak, eskaeraren bidez, baimena eman ahal izango dio organo kudeatzaileari, dagokion administrazio publikoaren aurrean kontsultatu edo eskatu ditzan erakundearen nortasun-datuak eta, halaber, egiazta dezan betekizunak betetzen direla. Erakundeak baimena ematen duela ulertuko da, eskaeran ez badu espresuki aurkakoa adierazten. Ez badu baimenik ematen, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu derrigorrez.

2.– Tratamendu horretatik salbuetsita daude 7. artikuluaren d) eta e) letretan adierazten diren dokumentuen bidez egiaztatzekoak diren betekizun eta baldintzak; dokumentu horiek eskabidearekin batera aurkeztu behar ditu erakundeak.

3.– Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen, beharrezko diren egiaztapenak egingo dira.

4.– Erantzukizunpeko adierazpen baten barruan edo harekin batera aurkezten diren datu, adierazpen eta dokumentuetan funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, prozedura bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

Halaber, gorabehera horien berri jasotzen duen administrazio publikoaren ebazpenak dirua itzultzera behartu dezake interesduna, hala badagokio, eta epe jakin batean xede bera duen beste prozedura bat eskatzeko debekua ezar diezaioke; hori guztia, aplikatzekoak diren arauetan ezarritakoari jarraikiz.

11. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.

1.– Diru-laguntzak ondorengo irizpideetan oinarrituta esleituko dira, kasu bakoitzean zehaztuko den haztapenaren arabera:

a) Diseinuaren kalitate teknikoa. (35 puntu, gehienez).

1) Proposatutako jardueraren justifikazioa, zer egoeratan eragin asmo duen identifikatuta eta deskribatuta. (5 puntu, gehienez).

2) Xede zehatzak eta aginduaren helburuarekin lotutakoak. (10 puntu, gehienez).

3) Jarduera garatzeko faseen deskribapena. (10 puntu, gehienez).

4) Jarduera ebaluatzeko proposamena. (10 puntu, gehienez).

b) Beste erakunde batzuekin –ikastetxekoekin nahiz udalerrikoekin– koordinazioan aritzea; proiektuan jardungo dutela baieztatu behar da. (20 puntu, gehienez).

1) Irakasleen klaustroa. (5 puntu, gehienez).

2) Ikasle-elkarteak. (5 puntu, gehienez).

3) Udala. (5 puntu, gehienez).

4) Auzo-elkarteak edo bestelakoak. (5 puntu, gehienez).

c) Jardueraren helburu diren pertsonen kopurua, ikastetxeko ikasle guztien kopurua erreferentziatzat hartuta (15 puntu, gehienez).

1) % 5-25. 5 puntu.

2) % 25-50. 10 puntu.

3) % 50-100. 15 puntu.

d) Mugikortasun aktiboari loturiko zeharkako edukiak txertatzea ikastetxearen prestakuntza-programetan: jokabide osasungarriak, jasangarriak eta seguruak. (10 puntu, gehienez).

e) Desberdintasun sozioekonomikoetan eta genero-desberdintasunetan arreta berezia jartzea. (10 puntu, gehienez).

f) Ikasleek eta/edo irakasleek proiektuan parte hartzeko metodologiak garatzea. (10 puntu, gehienez).

1) Proiektua diseinatzeko fasean. 3 puntu.

2) Proiektua prestatzeko fasean, mugikortasunari buruzko azterketan, ibilbide-mapak egiteko lanetan, joan-etorri aktiboa gauzatzeko arazoen identifikazioan, etab. 5 puntu.

3) Proiektua ebaluatzeko fasean. 2 puntu.

2.– Diru-laguntza emateko ezinbestekoa da a) irizpideari dagokion atalean 15 puntu izatea gutxienez, eta guztira 50 puntu izatea gutxienez.

12. artikulua.– Eskabideak balioesteko eta zenbatekoak zehazteko prozedura, eta diru-laguntzak emateko proposamena.

1.– Eskabideak balioesteko, diru-laguntzen banakako zenbatekoak zehazteko eta Osasuneko sailburuordeari horiek ematea proposatzeko egitekoak balioespen-batzordeari dagozkio. Balioespen-batzorde horren jarduerek artikulu honen 3. apartatuan xedatutakoa bete beharko dute.

2.– Balioespen-batzordeak kide hauek izango ditu: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Miren Dorronsoro Iraeta andrea), batzordeburu jardungo duena, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan dituen zuzendariordeak (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck jn., Elena Albisua Cortazar and., Juan Carlos Fernández Crespo jn.); horietako batek idazkari-lanak egingo ditu.

3.– Eskabideak balioesteko eta zenbatekoak zehazteko prozedura honako hau da:

a) Garaiz eta forman aurkeztutako eskabide bakoitzari puntuazio bat esleituko zaio, 11.1 artikuluan ezarritako irizpideen eta haztapenen arabera.

b) 11.2 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioak lortzen dituzten eskabideak handienetik txikienera ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera.

c) Banakako zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira ordena hori eta eskatutako aurrekontu diruz lagungarriaren zenbatekoa, 3. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

4.– Zenbatekoak zehaztu ostean, balioespen-batzordeak Osasuneko sailburuordeari bidaliko dio diru-laguntzak emateko proposamena. Proposamen horretan, hauek zehaztu beharko dira banakako proposamen bakoitzari dagokionez:

a) Emateko proposamena: erakunde onuradunaren nortasuna, diruz lagundutako proiektua eta zenbatekoa.

b) Ez emateko proposamena: erakunde eskatzailearen nortasuna, proiektuaren izena eta diru-laguntza ez emateko arrazoia.

13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta ematen den ebazpenean interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Osasuneko sailburuordeari dagokio ebazpen hori ematea, balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta.

2.– Ebazpenean ezarriko da eskatutako diru-laguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hau adierazi beharko da: zein diren elkarte edo kooperatiba onuradunak, guztira zenbateko diru-laguntza emango zaion horietako bakoitzari eta zenbat emango zaion finantzatutako proiektu bakoitzari. Eskabide ukatuen kasuan, ukatze horren zergatiak ere adierazi beharko dira.

3.– Prozedura ebatzi eta ebazpena elkarte edo kooperatiba interesdunei jakinarazteko epea gehienez ere sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ez bada, elkarte edo kooperatiba interesdunek diru-laguntza eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

5.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaio eskatzaile bakoitzari, modu elektronikoan.

6.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

7.– Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak elkarte edo kooperatiba onuradunei esleitu, eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek eta administrazio horren mendeko zuzenbide pribatuko erakundeek emandako antzeko diru-laguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehatze-prozedurek.

14. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– Diruz lagundutako jarduera benetan burutu dela justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Diru-laguntzaren xede den proiektua gauzatu izanaren deskribapen-memoria, euskadi.eus egoitza elektronikoaren II. eranskinean jasotakoa.

b) Diru-laguntzaren xede den proiektuaren helburua eta asmoa bete direla dioen ziurtagiria, ikastetxeko ordezkariarena.

c) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, eta beste diru-laguntzarik, laguntzarik edo diru-sarrerarik eskuratu bada, hala adieraztea.

d) Diru-laguntza ordaindu dela eta haren xede den proiektua benetan gauzatu dela egiaztatzen duten fakturen edo bestelako ordainagirien kopia arrunta, erakunde eskatzailearen ordezkariak izenpetuta.

e) Proiektua egin dela argi eta garbi uzten duten agiri grafiko osagarriak.

f) Erakunde onuradunak boluntarioen lana balioztatzeko egindako ekarpen propioa justifikatu behar izanez gero, erakundearen legezko ordezkariak izenpetutako ziurtagiria, honako hauek jasota: boluntarioaren datuak (izen-abizenak eta NAN; ordu-kopurua; orduko kostua; guztizko zenbatekoa, eta boluntarioaren sinadura.

2.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek diru-laguntza jaso duten jarduera gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Behar bezala justifikatutako gastuak hauek izango dira:

a) Erakunde onuradunaren izenean igorritako fakturaren bidez justifikatutakoak.

b) Banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak (finantza-entitateek egiten dituzte, eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik).

c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dute).

d) Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), gastua justifikatzeko, erakunde onuradunak idatzi bat egingo du, eta haren ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek, gutxienez, honako hauek jaso behar ditu: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idatziaren jaulkipen-data; «hartu dut» eta pertsona hartzailearen sinadura, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.

e) Langile boluntarioak izanez gero, boluntarioen asegurua diruz laguntzeko moduko gastutzat har daiteke, agindu honetan aurreikusitako diru-laguntza jaso duten eta boluntarioen laguntza izan duten jardueretan. Finantzatu beharreko boluntarioaren aseguruak bi poliza izan behar ditu nahitaez: bata, istripuena, eta bestea, erantzukizun zibilarena. Azken poliza horretan, ezbehar bakoitzeko kapital aseguratua 300.506,05 euro izango da gutxienez, eta aseguruaren urte osoko kuota ordainduko zaie polizako boluntario guztiei. Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, aseguratzaileak egindako egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertu behar dute, gutxienez: erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona-kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.

3.– Diru-laguntza jaso aurretik eginiko gastuak ordaindu daitezke jasotako diru-laguntzarekin, baldin eta gastu horiek diru-laguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2018ko uztailetik 2019ko maiatzera bitartean egindakoak badira.

4.– Justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2019ko ekainaren 1ean amaituko da, eta egun horixe izango da agiri horiek onartzeko azkena.

5.– Diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, izapidetze elektronikoari buruzko 21. artikuluan azaltzen den moduan.

15. artikulua.– Justifikatzeko aurkeztutako agirietako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada justifikatzeko aurkeztutako agirietan akatsak daudela edo datuak falta direla, elkarte edo kooperatiba onuradunari hamar egun naturaleko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, akatsa zuzendu edo falta diren agiriak aurkez ditzan. Errekerimendu hori ez badu betetzen garaiz eta forman, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 22. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.

16. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

1.– Diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) % 70: laguntza ematea onartzen den unean, ebazpena onartu eta argitaratu, eta laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, 17.a) artikuluan ezarritako epean.

b) Gainerako % 30a: diruz lagundutako proiektua egin ondoren, betiere diruz lagundutako proiektua egin dela eta proiektu horren guztizko gastua zein izan den justifikatu eta gero.

2.– Edozein ordainketa egin baino lehen, entitateak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak beteta dituela egiaztatuko da, baita diru-laguntzen alorreko itzulketa-prozeduretatik eratorritako zor guztiak ordaindu dituela ere.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Alde batera utzi gabe indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk, eta, batez ere, ezertan galarazi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak ezarritakoa, agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun diren erakundeek edo kooperatibek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Laguntza onartutzat joko da baldin eta elkarte eta kooperatiba onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten diru-laguntza eman izanaren ebazpena EHAAn argitaratu eta hamabost eguneko epean.

b) Diru-laguntzaren xede den proiektua gauzatu beharko dute, eta jasotako laguntza guztia bideratu beharko dute horretara.

c) Aldaketaren bat izan bada diru-laguntzak ematerakoan eskatu eta kontuan hartu den betekizunen batean, horren berri eman beharko dute, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

d) Helburu berbererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri eman behar diote organo kudeatzaileari, hori gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

e) Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren aurrean justifikatu beharko dute diru-laguntza emateko edo baliatzeko bete beharreko betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela, bai eta jarduera egin dutela ere.

f) Osasun Sailari lagunduko diote jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, segimendua egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta honako kontrol-saio hauen mende jarriko dira: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargura emandako laguntzak diren heinean–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.

g) Jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, bai eta dokumentu elektronikoak ere, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan baitaitezke.

h) Egiten diren agiri eta publizitate guztietan, Osasun Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera txertatuko da: http://goo.gl/z10BRe

i) Osasun Sailari eskubidea emango diote aurkeztutako dokumentazioaren informazio tekniko eta grafikoa erabiltzeko, dohainik eta era ez-esklusiboan, eta argitaratzeko moduko formatuan, Osasun Sailaren informazio-sisteman sartu eta erabiltzeko; eskubidea emango diote, halaber informazio hori zabaldu eta/edo argitaratzeko ere formatu bibliografiko, ikus-entzunezko, informatiko edota teknika erabiltzen uzten duen edozein bide baliatuz.

j) Erakunde eskatzailearen eta haren jardueren publizitatea baliabide komunitario gisa egitea Euskadi aktiboa plataformaren bitartez, https://goo.gl/KgiJDUweb orrian.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzak emateko ebazpena alda liteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, hala badagokio, diru-laguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako diru-laguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak, eta, han, esleitutako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira. Horiek emateko, honako irizpide eta mugak hauek aplikatuko dira:

a) Gastuen justifikazioa diru-laguntzarako aurkeztutako eta aintzat hartutako aurrekontua baino baxuagoa bada, % 50 edo gutxiagoko aldearekin, eta hasieratik aurreikusi diren helburu guztiak lortu baldin badira, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da proportzio beraren arabera eta dagokion aldaketa-ebazpenaren bidez.

b) Aurkeztutako aurrekontuari dagokionez, % 50 baino gehiagoko aldea baldin badago, diru-laguntzarako eskubidea galduko da.

Bi kasutan, soberan jaso dituzten zenbatekoak itzultzera behartuta egongo dira entitate onuradunak, 22. artikuluan xedatutakoaren arabera.

19. artikulua.– Diru-laguntza jaso duen jardueraren segimendua.

Osasun Sailak komenigarri iritzitako alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu, xedapen honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.

20. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzean ematen diren datuak «Laguntzak jasotzen dituzten entitateak» fitxategian sartuko dira, Osasuneko sailburuaren 2017ko urriaren 4ko Aginduan jasotzen den moduan; agindu horren bitartez arautzen dira Osasun Sailaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiak (EHAA, 201. zk, 2017ko urriaren 21ekoa, eta 220. zk., 2017ko azaroaren 17koa) Izaera Pertsonaleko Datuak Babesten dituen 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz. Fitxategi horretako datuak ezin zaizkie hirugarrenei edo beste erakunde batzuei utzi, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erakunde eskatzaileen laguntzak kudeatzeko baino ez ditu erabiliko. Nahi izanez gero, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak erabil ditzake nahi duenak, legean xedatutakoarekin bat etorriz; horretarako, idazki bat igorri beharko dio Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.

21. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Elkarte edo kooperatiba interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Ordezkarien erregistro elektronikoari buruzko informazioa eskuragarri dago euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan: https://goo.gl/A544R9

3.– Elkarte edo kooperatibak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak eskuragarri daude, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honetan: https://goo.gl/pLkRtJ

4.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak, izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea eta agindu honetan agertzen diren eranskinak euskadi.eus-eko honako egoitza elektroniko honetan daude: https://goo.gl/qn4as2

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egin ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

22. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen entitate onuradunak eman dioten laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bai eta sortutako berandutze-interesak ere, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera artekoak.

2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere. Azken lege hori Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da.

3.– Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin batera– proiektuaren kostua gainditzen duenean. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez soberan jasotako zenbatekora eta dagozkion berandutza-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.

4.– Era berean, itzulketa egin beharko da baldintzak aldatzen badira, era honetan: gastuen justifikazioa aurkeztutako aurrekontua baino baxuagoa bada, 18. artikuluan adierazten den bezala.

Artikulu horretako a) atalean aipatzen den kasuan, laguntzaren zenbatekoari dagokionez soberan jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, laguntzaren aldaketa-ebazpenaren arabera. Deialdiko 11. artikuluan jasotzen diren eskabideak balioesteko irizpideei jarraituz bideratuko da azken hori.

b) atalean aipatzen den kasuan, itzulketa erabatekoa izango da; hau da, jasotako zenbatekoa edo zenbatekoak osorik itzuli beharko dira.

5.– Osasuneko sailburuordeak hasi eta burutuko du itzulketa-prozedura, beharrezko prozesuak izapidetu eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da. Horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermea eta itzulketak arautzen dira eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.

6.– Itzultzen diren diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA.

Agindu honen bidez iragarritako deialdia eta berau garatzeko jarduketak honako xedapen hauen mende egongo dira: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean oinarrizko araudi gisa ezarritakoaren mende eta Diru-laguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren mende. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluak ezarritakoa aplikatuko zaie.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 18a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala