Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2018ko irailaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
4581

EBAZPENA, 2018ko irailaren 7koa, EEE Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen baita baliabide ekonomikoak areagotzea 2018ko ekitaldiko industria-arloan energia-eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien erabileraren aldeko inbertsioak sustatzeko diru-laguntzen programaren deialdia finantzatzeko, eta diru-laguntza eskaerak aurkezteko epea luzatzea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2018ko apirilaren 20ko Ebazpenaren bitartez (2018ko maiatzaren 2ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 83. zk.) onartu, deitu eta argitaratu ziren 2018ko industria-arloan energia-eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien erabileraren aldeko inbertsioak sustatzeko diru-laguntzen programaren oinarri arautzaileak.

Bigarrena.– Diru-laguntza-programa horren deialdiaren 3. oinarrian ezartzen denez, milioi bat (1.000.000) eurokoa da 2018ko industria-arloan energia-eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien erabileraren aldeko inbertsioak sustatzeko diru-laguntzen programara bideratutako diru saila, EEEren aurrekontuetan horretarako ezarritako kredituarekin bat etorriz.

Aurrekoaz gain, diru-laguntza programa horren deialdiaren 3. oinarrian ezartzen denez, oinarriak EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko da diru-laguntza eskatzeko epea, eta horretarako dagoen aurrekontua bukatzean amaituko. Nolanahi ere, aurrekontua bukatu ala ez, 2018ko irailaren 14an amaituko da diru-laguntza eskaerak aurkezteko epea.

Hirugarrena.– Diru-laguntza programa indarrean dagoenez geroztik, hasieran aurreikusitakoa baino diru-laguntza eskaera gutxiago aurkeztu dira; hala ere, eta kontrara, diru-laguntzen programa horren interesaren inguruko kontsulta gehiago jasotzen ari dira.

Beraz, gerta litekeen eskari handiaren aurrean, eta EEErentzat horrelako jarduerei jarraipena ematea interes handikoa denez gero, betiere 2030eko Euskadiko Energia Estrategian ezarritako helburuak lortu nahian, energiaren aurrezpenari eta energia berriztagarriak ustiatzeko teknologien ezarpenei dagokienez, egokitzat jotzen da honako proposamen hau egitea:

a) 2018ko apirilaren 16ko saioan EEEren Zuzendaritza Batzordeak onartutako akordioaren arabera, programa horretara bideratutako diru-baliabideak ehun mila (100.000) euro areagotzea.

b) Hasieran aurreikusitako epea luzatzea eskaerak aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluaren arabera, ezarritako epeak luzatzea baimentzen duena; betiere haien erdia baino luzeagoak ez direnean eta hirugarrenen eskubideen kaltetan ez denean.

Adierazitakoagatik guztiagatik,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2018ko energia alorrean energia-eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien erabileraren aldeko inbertsioak sustatzeko diru-laguntzen programara bideratutako diru-saila ehun mila (100.000) euro areagotzea, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2018ko apirilaren 20ko Ebazpenaren bitartez (2018ko maiatzaren 2ko EHAA, 83. zk.).

Hori horrela, 2018ko energia alorrean energia-eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien erabileraren aldeko inbertsioak sustatzeko diru-laguntzen programara bideratutako baliabide ekonomikoak milioi bat eta ehun mila (1.100.000) eurokoak izango dira guztira.

Bigarrena.– 2018ko energia alorrean energia-eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien erabileraren aldeko inbertsioak sustatzeko diru-laguntzen programara eskaerak aurkezteko epea luzatzea, 2018ko urriaren 31 arte, edo, hala badagokio, diru-laguntzen programa horretarako bideratutako aurrekontua amaitu arte.

Hirugarrena.– Ebazpen hau EHAAn argitaratzeko eskatzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen kontra, bide administratiboari amaiera ematen diona, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke EEEko zuzendari nagusiari hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Bilbon dagokion administrazioarekiko auzi epaitegian bi hileko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bilbao, 2018ko irailaren 7a.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

IÑIGO ANSOLA KAREAGA.


Azterketa dokumentala