Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2018ko irailaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
4580

EBAZPENA, 2018ko irailaren 7koa, EEE Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez erabakitzen baita hirugarren sektorean energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko inbertsioen 2018ko ekitaldiko laguntza-programaren deialdia finantzatzeko baliabide ekonomikoak areagotzea eta diru-laguntza eskaerak aurkezteko epea luzatzea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2018ko apirilaren 20ko Ebazpenaren bidez, hirugarren sektorean energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko inbertsioen 2018ko laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartu, deitu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu ziren (2018ko maiatzaren 2a, 83. zk.).

Bigarrena.– Diru-laguntza programa horren deialdiaren 3. oinarrian ezartzen denez, hirugarren sektorean energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko inbertsioen 2018ko laguntza-programara bideratutako diru-saila milioi bat bostehun mila (1.500.000) eurokoa da, EEEren aurrekontuetan horretarako ezarritako kredituarekin bat etorriz.

Aurrekoaz gain, diru-laguntza programa horren deialdiaren 3. oinarrian ezartzen denez, diru-laguntza eskatzeko epearen hasiera eta amaiera hauexek dira: oinarriak EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko da eta horretarako dagoen aurrekontua bukatzean amaituko da epea. Nolanahi ere, aurrekontua bukatu ala ez, diru-laguntza eskaerak aurkezteko epea 2018ko irailaren 14an amaituko da.

Hirugarrena.– Diru-laguntza programa indarrean dagoenez geroztik, hasieran aurreikusitako eskaera kopurua aurkeztu da; hala ere, diru-laguntza programa horri buruzko askoz ere kontsulta gehiago egin dira.

Beraz, gerta litekeen eskari handiaren aurrean, eta EEErentzat horrelako jarduerei jarraipena ematea interes handikoa denez gero, betiere 2030eko Euskadiko Energia Estrategian ezarritako helburuak lortu nahian, energiaren aurrezpenari eta energia berriztagarriak ustiatzeko teknologien ezarpenei dagokienez, egokitzat jotzen da honako proposamen hau egitea:

2018ko apirilaren 16ko saioan EEEren Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiaren arabera, programa horretara berrehun mila (200.000) euro gehiago bideratzea.

Hasieran aurreikusitako epea, eskaerak aurkeztekoa, luzatzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluari jarraikiz, artikulu horren bidez baimena ematen baita ezarritako epeak luzatzeko, baldin eta haien erdiak baino luzeagoak ez badira eta hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez bazaie.

Adierazitako guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hirugarren sektorean energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko diru-laguntzen 2018ko programara bideratutako diru-saila areagotzea, berrehun mila (200.000) euroko kantitatean. Programa hori Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2018ko apirilaren 20ko Ebazpenaren bidez deitu zen (2018ko maiatzaren 2ko EHAA, 83. zk.).

Hori horrela, hirugarren sektorean energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko diru-laguntzen 2018ko programara bideratutako baliabide ekonomikoak milioi bat eta zazpiehun (1.700.000) mila eurokoak izango dira guztira.

Bigarrena.– Hirugarren sektorean energia-eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien erabileraren aldeko inbertsioak sustatzeko diru-laguntzen 2018ko programara eskaerak aurkezteko epea luzatzea, 2018ko urriaren 31 arte, edo, hala badagokio, diru-laguntza programa horretarako bideratutako aurrekontua amaitu arte.

Hirugarrena.– Ebazpen hau EHAAn argitaratzeko eskatzea.

Laugarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke EEEko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Bilbon dagokion administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bilbao, 2018ko irailaren 7a.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

IÑIGO ANSOLA KAREAGA.


Azterketa dokumentala