Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

177. zk., 2018ko irailaren 13a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4505

AGINDUA, 2018ko irailaren 5ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena. Honen bidez, udalentzako, tokiko organismo autonomoentzako, toki-erakunde txikientzako eta xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuentzako diru-laguntzak arautzen dira, eta horietarako 2018ko ekitaldirako deialdia egiten da, hiri-ingurunean zein eraikinetan irisgarritasuna bermatuko duten hobekuntza-obrak egiteko eta irisgarritasun-planak egin eta eguneratzeko xedez.

Irisgarritasuna sustatzen duen abenduaren 4ko 20/1997 Legeak ezarri du, tresna gisa, lau urterako programak egin behar dituztela udalek, tokiko organismo autonomoek eta toki-erakunde txikiek, beste hainbaten artean, dagoeneko titulartasun, erabilera edo zerbitzu publikoa duten hiri-inguruneetako, espazio publikoetako, eraikinetako, garraiobideetako eta informazio-sistemetako irisgarritasuna bermatzeko eta sustatzeko. Programen helburua elementu horiek legean eta hura garatzen duen araudian aurreikusitako irisgarritasun-baldintzetara egokitzea da.

Aipatutako legean ere adierazi da irisgarritasuna sustatzeko behar diren sustapen-neurriak hartzea bultzatuko dutela Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek. Diruz laguntzeko moduko programetan, lehentasuneko jarduketa gisa ezarriko da hiri-inguruneak, espazio publikoak, eraikinak, garraiobideak eta komunikazio-sistemak irisgarritasun-baldintzetara egokitzeko obrak finantzatzea.

Abenduaren 4ko 20/1997 Legean ezarritako helburuetako bat ingurunea antolatzea da, herritar oro berdin eta ahalik eta independenteen molda dadin, pertsonen beharrak instalazioetan integratuta, guzti-guztiek normaltasunez erabil ditzaten, hori baita Europako irisgarritasun-kontzeptuan bildutako diseinu unibertsalaren oinarria.

Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, ekainaren 18ko Legea onartu zen, Etxebizitzarena, eta lege horretan adierazten denez, administrazio publiko eskudunek, eta bereziki toki-erakundeek, bakoitzak bere kabuz edo elkar hartuta eta Eusko Jaurlaritzaren zein foru-aldundien laguntzarekin, bultzatu egingo dute eraikitako ondarea birgaitu, berritu eta biziberritzea, herritarrek etxebizitza izateko duten eskubidea bete ahal izan dadin, bizigarritasun, funtzionaltasun, energia-eraginkortasun, irisgarritasun eta segurtasuneko baldintza egokietan.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Diru-laguntzen Plan Estrategikoak bat egiten du saileko dokumentu programatiko sektorialetan jasotako konpromisoekin; batez ere, honako hauetan azaltzen direnekin: Ingurumen Esparru Programa, Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren aldeko 2017-2020 epealdiko Esparru Programako 6. ardatzean txertatzen diren Etxebizitzak Birgaitzeko Renove programak eta 2018-2020 aldirako Etxebizitzaren Gida Plana.

Laguntza hauek Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko martxoaren 14ko Aginduaren bidez onartu zen Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barruan jasota daude, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan eskatzen den bezala, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera.

Bestetik, laguntza hauek bateragarriak dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin, eta ondorioz laguntza hauek ez dira Europako Erkidegoko zuzenbidearekin bateraezinak diren estatuaren diru-laguntza batzuk.

Euskal Autonomia Erkidegorako 2018ko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legean bada behar beste kreditu Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromiso hauek gauzatu ahal izan ditzan; horrenbestez, deialdi berri bat planteatzen da honako laguntza programa honen bidez.

Ondorioz, azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa) ematen didaten eskumena baliatuz, eta bat etorriz azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) xedatutakoarekin, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da udalentzako, tokiko organismo autonomoentzako, toki-erakunde txikientzako eta xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuentzako diru-laguntzak arautzea eta 2018ko ekitaldirako deialdia egitea, hiri-ingurunean zein eraikinetan irisgarritasuna bermatuko duten hobekuntza-obrak egiteko eta irisgarritasun-planak egin eta eguneratzeko xedez.

2.– Irisgarritasun-planen eta plan horien eguneratzeen xedea izango da egungo hiri-inguruneak, gune publikoak, eraikinak, garraioak eta informazio-sistemak Irisgarritasuna Sustatzen duen abenduaren 4ko 20/1997 Legean eta horren garapen-arauetan aurreikusitako irisgarritasun-baldintzetara modu progresiboan egokitzea.

3.– Hobekuntza-obrak Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruko hiri-ingurunean eta sarrera edo erabilera publikoko eraikinetan irisgarritasuna bermatzera bideratuko dira, abenduaren 4ko 20/1997 Legearen eta horren garapen-arauen baldintzak kontuan izanda. Obra horiek gauzatuko dituzte, dagozkion kontratuen bidez, laguntzen onuradun diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, tokiko organismo autonomoek, toki-erakunde txikiek eta xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuek.

Hobekuntza-obretan sartutzat joko dira egokitzapen-ekipamendua eskuratzea eta instalatzea.

Udalek, tokiko organismo autonomoek eta toki-erakunde txikiek sustatutako obren kasuan, lan horiek indarrean dagoen irisgarritasun-planean sartuta egon beharko dira.

4.– Kultura-interesekotzat deklaratutako higiezinei edo beste edozein babes-araubideren mende dauden higiezinei eragiten badiete obrek, aplikatzekoa den babes-araubidea kudeatzeko eskumena duen organoak aldeko txostena eman beharko du, edo, hala badagokio, onartu egin beharko ditu obra horiek, bere araubidearekin bat etorriz.

5.– Ez dute diru-laguntzarik jasoko aurri-deklarazioa duten eraikinetan edo deklaratzeko moduan daudenetan egin beharreko jarduketek.

6.– Ez dute diru-laguntzarik jasoko eraikinen ikuskapen teknikoaren (EIT) arabera 1., 2. edo 3. mailako obrak egin beharra daukaten eraikinetako esku-hartze proposamenek, salbu eta laguntza-eskabidean honako agiri hauetako bat jasotzen bada:

a) 1., 2. eta 3. mailako obrak egitea jasotzen duen esku-hartze proposamena.

b) Udalaren, tokiko organismo autonomoaren, toki-erakunde txikiaren edo xede soziala duen onura publikoko erakunde pribatuaren akordioa, zeinaren bidez konpromisoa hartzen baitu obra horiek agindu honetako 14. artikuluan ezarritako epearen aurretik egiteko.

c) Obra horiei dagokienez, eraikinen ikuskapen teknikoaren (EIT) zuzenketa-ziurtagiria, dagokion udalean aurkeztu izana egiaztatzen duen zigilua duela.

2.– artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

1.– Hona hemen diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak:

a) Irisgarritasun-planak egin eta idazteko lanak eta plan horiek eguneratzeko lanak.

b) Hiri-izaerako plataforma jasotzaileak eta igogailuak jartzeko obrak.

c) Eraikinetan irisgarritasuna hobetzeko obrak. Halakotzat hartzen dira honako obra hauek: igogailu eta plataforma jasotzaileak, arrapalak, komun eta aldagela egokituak, ateak eta eskudelak.

d) Hiri-ingurunean egindako obrak, arrapala ez-mekanikoak egiteko, ibiak sortzeko eta eskudelak instalatzeko.

e) Kaleak urbanizatzeko obrak. Halakotzat hartzen dira honako obra hauek: espaloiak zabaltzea, zoladura podotaktilak instalatzea, mugikortasun urriko pertsonentzako aparkaleku-plazak erreserbatzea, oinezkoen ibilbideak laburtzen dituzten oinezkoentzako pasabideak, kaleko plataforma bakarra, eta zuhaitz-txorkoak ixtea.

f) Eraikinetan seinaleak eta ekipamendu egokitua eskuratzea eta instalatzea.

2.– Irisgarritasun-planak egin, idatzi eta eguneratzeko lanek diru-laguntza jaso ahal izateko, honako dokumentazioa izan beharko dute gutxienez:

a) Egokitu beharreko komunikazioaren, garraioaren, eraikinaren eta kanpoko espazioen inbentarioa.

b) Jarduketen lehentasun-ordena.

c) Programa ekonomikoa eta finantzarioa, egokitzapenak egitera zuzendutako aurreikuspen ekonomikoak zehaztuta.

d) Egokitzapenak egiteko egutegia.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Diru-laguntza hauen onuradun izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, tokiko organismo autonomoak, toki-erakunde txikiak eta xede sozial nabaria duten onura publikoko erakunde pribatuak, betiere aurreko artikuluan zehaztutako jarduketak burutzea eta garatzea baldin badute helburu.

Xede sozial nabaria duten onura publikoko erakunde pribatutzat honako hauek hartuko dira: onura publikoko elkarteei eta beren babeslaritzari buruzko erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren arabera onura publikoa onartuta duten elkarteak, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan inskribatuta daudenak; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta dauden fundazioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.– Ezin izango dira erakunde onuraduntzat hartu udalak, tokiko organismo autonomoak edo toki-erakunde txikiak, baldin eta ez badute ziurtatzen udalak jakinarazi diola Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluari zein espedientetan eman duen tokiko agintaritzak irisgarritasunaren arloko salbuespena, apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren V. eranskineko 3.3 artikuluan xedatutakoaren babesean eta hura betez (hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen dekretua).

3.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztutako egoeraren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

4.– Ezin izango dira onuradun izan horretarako ezgaitzen duen legezko debekua duten erakundeak, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoari jarraikiz.

5.– Automatikoki egiaztatuko da eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez da eskatzaileen baimenik beharko, hala xedatzen baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluan. Era bereran, diru-laguntzen itzulketagatik eratorritako betebeharrak ordainduta eduki beharko dituzte. Esandako eskakizunak indarrean izango dira harik eta emandako diru-laguntza kitatu arte.

Dena dela, eskatzaileak berariaz ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua) 22. artikuluan azaltzen den eran.

6.– Orobat, agindu honetan araututako laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, amaituta egon beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiek, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude, behintzat.

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Interesdunek modu elektronikoan aurkeztu beharko dituzte eskabideak, euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan:

https://www.euskadi.eus/irisgarritasuna/2018/y22-izapide/eu

Era berean, eskabideak izapidetzeko modua egoitza elektroniko horretan zehaztuta dago.

Ondorengo izapideak eta kontsultak bitarteko elektronikoz egingo dira http://www.euskadi.eus-en bitartez, atal honetan: Egoitza Elektronikoa / Nire karpeta.

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilera Normalizatzekoak, 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

4.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du datuak dagokien babes-mailarekin tratatzeko, datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

5. artikulua.– Eskabidearen edukia eta eskabide bakoitzarekin aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Onuradun den erakunde bakoitzak eskabide bat aurkeztu beharko du diruz lagundu daitekeen jarduketa bakoitzeko, eta halakotzat hartuko dira agindu honetako 2. artikuluaren 1. puntuan deskribatutakoak.

2.– Eskabideak erantzukizunpeko adierazpena dakar berekin, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. apartatuan aipatzen dena (legegintzako dekretu horren bidez onartu da Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina), eta adierazpen horretan honako hauek jaso beharko dira:

a) Erakunde eskatzaileak administrazio zein beste erakunde publiko nahiz pribatuei xede bererako laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera nahiz bestelako baliabideak eskatu dizkien eta lortu dituen, berariaz adierazita BEZa ere diruz lagundu daitekeen ala ez diru-laguntza programa horietan.

b) Erakunde eskatzailea dirua itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren batean dagoen edo horrelako baten xede izan den.

c) Erakunde eskatzailea zigor- edo administrazio-bidetik laguntza edo diru-laguntza publikorik jaso ezin izateko zehatu duten, edo diru-laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen inolako legezko debekuren baten pean dagoen.

d) Pertsona edo erakunde eskatzaileak sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik administrazio-zehapen edo zigorrik betetzen duen ala ez, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritako zehapenik duen.

e) Erakunde eskatzaileak ez duela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak onuradun izateko ezarritako debekurik.

f) Erakunde eskatzaileak jakinarazi dion Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluari zein espedientetan eman duen tokiko agintaritzak irisgarritasunaren arloko salbuespena, apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren V. eranskineko 3.3 artikuluan ezarritakoa (hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen dekretua).

3.– Eskaera egiten duen erakundearen ezaugarriak eta burutu nahi den jarduketa kontuan harturik, laguntza-eskabideekin batera, ezinbestez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira.

a) Irisgarritasun-planetarako: plana egin eta idazteko edo eguneratzeko gastuaren aurrekontua.

b) Hobekuntza-obretarako:

1.– Udalaren, tokiko organismo autonomoaren, toki-erakunde txikiaren edo xede soziala duen onura publikoko erakunde pribatuaren akordioa (horretarako gaitasuna duenarena), zeinaren bidez eskatutako diru-laguntzaren xede den jarduketa gauzatzea onartzen baita.

2.– Xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuen kasuan, honako hauek ere aurkeztu beharko dira:

– Elkarteen kasuan, onura publikoko aitortzari buruzko ziurtagiria, Onura publikoko elkarteei eta beren babeslaritzari buruzko erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan inskribatuta daudela dioen ziurtagiria.

– Fundazioen kasuan, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta daudela egiaztatzen duen agiria, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

– Erakundeari bere xedeak garatze aldera eraikina erabiltzeko ahalmena ematen dion tituluaren fotokopia.

3.– Egin beharreko jarduketaren deskribapen xehatua; eta, bertan, honako hauek jasoko dira gutxienez: 1/1000 gutxieneko eskalan, egin beharreko jarduketaren hiri-ingurunearen egoera-planoa; eta 1/100 gutxieneko eskalan, egin beharreko planta, aurretiko bista eta sekzioen plano deskribatzaileak. Era berean, argazki-dokumentazioa izan beharko du (jpg formatuan), eskatutako laguntzaren xede den jarduketa-eremuaren egungo egoerarena.

Eskabidearen xede den jarduketa birgaitze integratuko eremu batean edo eremu degradatu batean badago, jarduketa aipatutako eremuaren mugari dagokionez nola kokatuta dagoen erakusten duen planoa aurkeztu beharko da.

4.– Teknikari eskudunak emandako ziurtagiria, irisgarritasunaren sustapenaren arloan indarrean dagoen araudiak eskaturiko eskakizun eta irizpideetarako aurreikusiriko jarduketaren egokitzapenari buruzkoa.

5.– Irisgarritasun-planaren fotokopia, zehazki diru-laguntzaren eskaeraren xede den obra jasotzen duen atalarena; eta irisgarritasun-planaren kopia digitala, aurreko urteetako deialdietan aurkeztu ezean. Erakunde pribatuek ez daukate halakorik aurkeztu beharrik.

6.– Udalen kasuan, txosten teknikoa, udalerriaren irisgarritasun-plana zer neurritan gauzatuta dagoen jasotzen duena.

7.– Eskatutako diru-laguntzaren xede den jarduketari dagozkion obrak egiteko aurrekontu xehatua. Agindu honetako 11.2 artikuluan jasotako koefizienteen aplikazioa justifikatu beharko da aurrekontuan, jarduketa-motaren arabera, irisgarritasun-aurrekontua kalkulatzeko.

8.– Katalogatutako edo babestutako erakinetan egin beharreko jarduketen kasuan, eraikina dagokion babes-araubidearen mende dagoela ziurtatzeko behar den dokumentazioa, eta, horrekin batera, proposatutako obrak gauzatzeko aldeko txostena edo baimena, organo eskudunak emandakoa, agindu honen 1. artikuluaren 4. apartatuari jarraikiz.

9.– Hala badagokio, eta agindu honetako 1.6 artikuluaren ondorioetarako, honako agirietako bat:

– 1., 2. eta 3. mailako obrak egitea jasotzen duen esku-hartze proposamena.

– Udalaren, tokiko organismo autonomoaren, toki-erakunde txikiaren edo xede soziala duen onura publikoko erakunde pribatuaren akordioa, zeinaren bidez konpromisoa hartzen baitu obra horiek agindu honetako 14. artikuluan ezarritako epearen aurretik egiteko.

– Obra horiei dagokienez, eraikinen ikuskapen teknikoaren (EIT) zuzenketa-ziurtagiria, dagokion udalean aurkeztu izana egiaztatzen duen zigilua duela.

6. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

1.– Laguntza kudeatzen duen organoak eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela edo harekin batera aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta dela ikusten badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango, akatsa zuzendu edo dokumentua aurkez dezan. Adieraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela ebazpen bidez. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoaren arabera eman beharko da.

2.– Erakunderen batek eskabidea aurrez aurre aurkeztuko balu, laguntza kudeatzen duen organoak zuzentzeko eskatuko du, eta elektronikoki aurkezteko adierazi. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

3.– Halaber, eskabidea izapidetzea onartu ondoren, diru-laguntzak kudeatzeko organo arduradunak interesekotzat jotako informazioa eskatu ahalko dio erakunde eskatzaileari, aurkeztutako proiektua egokiro baloratzeko, eta horretarako 10 eguneko epea emango dio, informazioa eman ezean proiektua eskatutako informazioa kontuan hartu gabe aztertuko dela jakinarazita.

7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Agindu honen arabera emandako diru-laguntzen kudeaketa-lanak, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzak egin behar ditu.

8. artikulua.– Balorazio-epaimahaia.

1.– Balorazio-epaimahai bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta egiaztatzeko, honela osatuko dena:

– Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendaria (edo Etxebizitzako sailburuordeak izendatutako ordezkoa); batzordeburu jardungo du.

– Lurzoruaren Kudeaketarako zerbitzuburua (edo Etxebizitzako sailburuordeak izendatutako ordezkoa).

– Horretarako izendatutako Etxebizitza eta Arkitekturako Zuzendaritzako teknikaria (edo Etxebizitzako sailburuordeak izendatutako ordezkoa); idazkari jardungo du.

Balorazio-epaimahaiaren osaketa laguntzak eskatzen dituztenei jakinaraziko zaie, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan arautzen den uko egiteko araubidearen ondoreetarako.

2.– Epaimahaiak, agindu honetako 10., 11. eta 12. artikuluetan ezarritako irizpideak aplikatuz, ebazpen-proposamena igorriko dio Etxebizitza Sailburuordetzari. Proposamen horretan onuradunen zerrenda egongo da, lehentasun-hurrenkeraren araberakoa, eta bertan laguntzaren xede diren jarduketak eta proposatutako diru-laguntzen zenbatekoak adieraziko dira, bai eta ezesteko proposatutako eskabideen zerrenda eta ezesteko arrazoiak ere.

3.– Balorazio-epaimahaiak, beharrezkotzat joz gero, aukera izango du interesdunei bere zeregina aurrera eramateko egokitzat jotzen dituen argibide guztiak eskatzeko. Bere eginkizunak betetzearren eta beharrezko irizten dien gaiei dagokienez, balorazio-epaimahaiak adituak deitu ditzake hala bileretan parte hartzera nola aholku ematera.

9. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Agindu honetan zehaztutako ekintzetarako aurrekontu-zuzkidura osoa sei milioi eta laurehun mila (6.400.000,00) euro izango da, honako banakatze honen arabera:

(Ikus .PDF)

Zuzkidura honako aurrekontu-partida honetan dago: 18.0.1.05.31.0000.4.753.01.43122.006/ L.

10. artikulua.– Irisgarritasun-aurrekontua.

Irisgarritasun-aurrekontutzat hartuko da, laguntza eskatzeko xede den jardueraren arabera, plana egiteko eta idazteko edo hura eguneratzeko lanen aurrekontua, irisgarritasun-obren aurrekontua eta aurkeztutako egokitzapen-ekipamenduaren aurrekontua, zergak eta tasak alde batera utzita.

11. artikulua.– Diru-laguntzen gehieneko kopurua.

1.– Diru-laguntzaren gehieneko kopurua honela aterako da: diruz laguntzeko moduko jarduketa bakoitzaren irisgarritasun-aurrekontua honako apartatu hauen arabera aplikatzekoak diren koefiziente eta portzentajeekin biderkatuta.

2.– Jarduketaren arabera aplikagarri diren gehieneko koefizienteak:

a) Irisgarritasun-planak egin eta idaztea eta plan horiek eguneratzea: koefiziente = 1.

b) Hiri-izaerako plataforma jasotzaileak eta igogailuak jartzeko obrak: koefiziente = 1.

c) Eraikinetan irisgarritasuna hobetzeko obrak: koefiziente = 1.

d) Hiri-ingurunean egindako obrak, arrapala ez-mekanikoak egiteko, ibiak sortzeko eta eskudelak instalatzeko: koefiziente = 1.

e) Kaleak urbanizatzeko obrak: koefiziente = 1.

f) Mugikortasun urriko pertsonentzat aparkaleku-plazak erreserbatzea: koefiziente= 0,5.

g) Eraikinetan seinaleak eta ekipamendu egokitua eskuratzea eta instalatzea: koefiziente = 0,5.

3.– Diruz lagun daitezkeen gehieneko portzentajeak.

Aurreko puntuaren arabera, jarduketa bakoitzaren irisgarritasun-aurrekontuari dagozkion gehieneko koefizienteak aplikatuz ateratzen den emaitza honako gehieneko portzentajeekin biderkatuko da:

a) % 75, irisgarritasun-planen eta horien eguneratzeen kasuan.

b) % 50, hobekuntza-obrei dagozkien jarduketen kasuan, ondoren adierazitako kasuetan izan ezik.

c) % 75, hiri-izaerako igogailuekin eta plataforma jasotzaileekin lotutako obrak.

d) % 60, hobekuntza-obrekin lotutako jarduketen kasuan, hiri-izaerako igogailuen eta plataforma jasotzaileen obrak izan ezik, baldin eta degradatu gisa deklaratutako eremuetan edo birgaitze integratuko eremuetan badaude.

e) Honako portzentaje hauek, kultura-interesekotzat deklaratutako higiezinetan edo beste edozein babes-araubideren mende dauden higiezinetan kokatutako hobekuntza-obren kasuan:

- Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritakoaren arabera kalifikatuak: % 70.

– Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritakoaren arabera inbentariatutak: % 65.

– Udal-ordenamenduak katalogatuak: % 60.

Monumentu-multzo baten parte izateagatik (eta ez higiezin horiei bakarrik aitortzen zaizkien balioengatik) babestutako higiezinen kasuan, diru-laguntza kalkulatzeko ondorioetarako, katalogatuekin parekatuko dira.

12. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura eta irizpideak.

1.– Agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten eta ondorengo irizpideen arabera esleipendun diren proiektuei emango zaie diru-laguntza.

2.– Horrela kalkulatutako zenbatekoen batura agindu honetan emandako aurrekontu-zuzkidura baino handiagoa bada, laguntzak honako lehentasun-hurrenkeraren arabera emango dira:

1) Lehenik eta behin, irisgarritasun-planei buruzko eskabideei emango zaie erantzuna. Dagoen zuzkiduraren zenbatekoa nahikoa ez bada aurkeztu diren irisgarritasun-planei buruzko eskabide guztiei erantzuteko, zuzkidura proportzionalki hainbanatuko da eskabide horien artean, eta diruz laguntzeko moduko gainerako jarduketei lotutako laguntza-eskabideak ukatuko dira.

2) Irisgarritasun-planetarako emandako diru-laguntzak deskontatu ondoren, aurrekontuko zuzkiduraren gainerako zenbatekoa obretarako banatuko da, modu honetan eta multzo hauen arabera:

a) % 60, hiri-izaerako plataforma jasotzaileak eta igogailuak jartzeko.

b) % 20, eraikinen irisgarritasunerako aurreikusitako jarduketetarako (igogailuak, plataforma jasotzaileak, arrapalak, komunak, aldagelak, ateak, eskudelak), seinaleak eta ekipamendua izan ezik, enumerazio honetako lehentasun-hurrenkera kontuan izanda.

c) % 15, arrapala ez-mekanikoetarako eta pasabideak eta eskudelak sortzeko, lehentasun-hurrenkera honekin.

d) % 5, kaleak urbanizatzeko (espaloiak zabaltzea, zoladura podotaktilak instalatzea, mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekuak erreserbatzea, oinezkoen ibilbideak laburtzen dituzten oinezkoentzako igarobideak, kaleetako plataforma bakarra, zuhaitz-txorkoak ixtea) eta eraikinetako seinaleak eta ekipamendua egokitzeko. Adierazitako enumerazioko lehentasun-hurrenkerari jarraituz.

Dagoen zuzkiduraren zenbatekoa nahikoa ez bada adierazitako ataletako batean aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko, lehentasun-hurrenkera honi jarraituko zaio: birgaitze integratuko eremuetan edo eremu degradatuetan dauden jarduketei, eta kasu guztietan agindu honetako 11. artikuluarekin bat etorriz diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoaren arabera ordenatuta, handienetik txikienera.

Eskabideen zenbatekoak nahikoa ez badira hobekuntzako obra-multzo bakoitzerako adierazitako portzentajea osatzeko, soberako zenbatekoa beste multzo bati gehituko zaio, emandako sailkapen-hurrenkeraren arabera, 2a multzotik hasi eta 2d multzoan amaituta.

3.– Agindu honen babesean erakunde bakoitzari gehienez eman ahal izango zaion laguntzaren zenbatekoa 300.000,00 eurokoa izango da. Aurreko paragrafoetan deskribatutako esleipen-irizpidearen arabera erakunde berberari diruz laguntzea proposatutako jarduketen zenbatekoen batura gehieneko zenbateko hori baino handiagoa balitz, jarduketa horiek diruz lagunduko dira artikulu honen 2. puntuan ezarritako lehentasun-hurrenkeraren arabera, harik eta zenbateko hori agortu arte.

13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Deialdi honetara aurkezten diren eskabideak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea, erakunde interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Etxebizitzako sailburuordeari dagokio, betiere balorazio-epaimahaiaren proposamenez.

2.– Ebazpenean erabakiko da agindu honetako diru-laguntzak ematen diren edo ukatzen diren. Ematen direnen kasuan, honako hauek zehaztuko dira: erakunde onuraduna, diruz lagundutako proiektua edo gastua eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa –diruz lagundutako jarduketetan banakatua eta urteko kopuruak adierazita– eta jarduketak gauzatzeko epeak. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izenaz gain, laguntza zergatik ukatu den adieraziko da.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote erakunde interesdunek Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

4.– Emandako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, interesdunei eta herritar guztiei jakinarazteko xedez.

5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdiaren agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu ahal izango dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

6.– Onuradunei diru-laguntzak eta laguntza eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.

14. artikulua.– Jarduketen denbora-eremua.

1.– Laguntzen xede diren jarduketak 2019ko azaroaren 15a baino lehen amaituta egon beharko dira planen kasuan, eta 2020ko urriaren 31 baino lehen hobekuntza-obren kasuan, eta deialdi honen aurretik hasi ahal izango dira, baina kasu horretan 2017ko urtarrilaren 1aren ondoren hasitakoak izango dira eta martxan egongo dira.

2.– Erakunde onuradunaren asmoaz haragoko kausak gertatzen direnean eta kausa horiek behar bezala justifikatzen badira, erakundeak epea luzatzeko eska dezake, ezarritako gauzatze-epea amaitu baino lehen. Epea ez da onuradunak justifikatutako atzerapenaren aldia baino gehiago luzatuko eta ez da 2021eko abenduaren 30a baino beranduago bukatuko planen kasuan, eta 2021eko abenduaren 30a baino beranduago hobekuntza-obren kasuan, eta Etxebizitzako sailburuordearen ebazpen bidez onetsi beharko da, Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren. Ebazpen horretan, era berean, azken likidazioa egiteko eskatutako dokumentu guztiak aurkezteko azken epe berria finkatuko da.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak eta diru-laguntzak emateko bestelako baldintzak.

1.– Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. artikuluarekin bat etorriz:

a) Esleitutako diru-laguntza onartu behar dute. Diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, diru-laguntza onartu dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza bere xede zehatzerako erabiltzea, hau da, irisgarritasun-plana idazteko edo hura eguneratzeko eta hiri-ingurunean eta eraikinetan irisgarritasuna bermatuko duten hobekuntza-obrak egiteko.

c) Diru-laguntza esleitzen duen organoak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egingo dituen egiaztapen-ekintzak bete behar dituzte, eta eskumena duten nazioko zein Europako Erkidegoko kontrol-organoek finantza-arloa egiaztatzeko eta kontrolatzeko egin dezaketen edozein ekintza ere bai. Horretarako, ekintza horiek gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia eskaini behar dute onuradunek.

d) Organo emaileari jakinaraztea diruz lagundutako jarduera finantzatzeko bestelako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu izana. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Diru-laguntzak itzultzeagatiko obligazioak ordainduta dituela egiaztatzea esleitzeko ebazpen-proposamena eman aurretik.

f) Diru-laguntzei publikotasuna ematea aipatutako azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 18. artikuluak adierazitakoaren arabera. Publikotasuna, gutxienez ere, esleitutako diru-laguntzaren berri erakunde onuradunaren webgunean ematea izango da, eta bestelako publikotasunik ere zehaztu ahal izango da jarduketaren izaeraren eta ezaugarrien arabera.

g) Apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuak (hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituena) V. eranskineko 3.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, deialdi honen aurreko urteko obra-lizentzietan irisgarritasunaren arloan emandako salbuespenen informazioa eta justifikazioa helarazi behar izango diote udalek Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluari.

2.– Agindu honetako 10. artikuluan jasotako irisgarritasun-aurrekontuaren zenbatekoak Sektore Publikoaren Kontratuen Legeak kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, onuradunak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik. Betekizun hori proiektuak idazteko eta obrak zuzentzeko kontratuari (zerbitzu-kontratuari) zein obrak gauzatzeko kontratuari aplikatuko zaio. Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (diru-laguntzaren justifikazioarekin edo, hala badagokio, eskabidearekin batera aurkeztuko dira eskaintzak), efizientzia eta ekonomia irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.

16. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Kasuan-kasuan emandako diru-laguntza bi zatitan ordainduko da honako prozedura honi jarraikiz:

1.– Kasu guztietan, emandako zenbatekoaren % 7,5 ordainduko da aurreratutako ordainketa gisa, aurreko artikuluaren a) apartatuan adierazitako hamabost eguneko epea amaitu ondoren, betiere apartatu horretan aipaturiko uko-egite propiorik ez badago, eta erakunde onuradunak gastua baimentzea justifikatzen duten agiriak aurkeztu ondoren. Diru kopuru hori abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubidearen arabera bermatuko da (Euskal Autonomia Erkidegoren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen Dekretua).

2.– Irisgarritasun-planen kasuan, diru-laguntzaren gainerako zatia 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, betiere lanak amaitu eta honako dokumentazio hau Etxebizitza eta Arkitekturako Zuzendaritzan plataforma digitalaren bidez aurkeztu ondoren:

a) Administrazio- edo notaritza-instantziak konpultsatutako fakturen kopia eta formalizatutako kontratuari dagozkion ziurtagiriak.

b) Idatzitako planaren ale bat.

c) Erakunde onuradunaren ziurtagiria, non egiaztatuko baita, batetik, emandako diru-laguntzaren helburua eta xedea bete direla, eta, bestetik, zein kopuru erabili diren horretarako.

d) Helburu berbererako emandako bestelako diru-laguntzei buruz erakunde onuradunak egindako justifikazio-ziurtagiria.

Diru-laguntza osoa ordaintzeko eskatutako dokumentuak aurkezteko azken eguna 2019ko abenduaren 5a izango da, salbu eta proiektua gauzatzeko luzapen bat erabaki bada; kasu horretan, dagokion ebazpenean xedatutakoa bete beharko da.

3.– Hobekuntza-obren kasuan –egokitzapen-ekipamendua eskuratu eta instalatzea barne hartuta–, diru-laguntzaren gainerako zatia 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, ondoren adierazitako dokumentazioa Etxebizitza eta Arkitekturako Zuzendaritzan plataforma digitalaren bidez aurkeztu ondoren. Aurrekontu osoaren % 10 ordaindu gabe gordeko da, obra amaitu arte.

Obrak irauten duen bitartean, laguntza ordaintzea erabakiko da honako dokumentazio hau aurkezten denean: egindako jarduketei dagozkien ziurtagiriak eta fakturak, administrazio- edo notaritza-instantziak konpultsatuak, eta dagokion ordainagiria.

Laguntzaren xede diren jarduketak bukatu ondoren, dagokion ordainketa egitea erabakitzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Egindako jarduketei dagozkien ziurtagiriak eta fakturak, administrazio- edo notaritza-instantziak konpultsatuak.

b) Argazki-dokumentazioa formatu digitalean (jpg formatuan), egindako obrari buruzkoa eta diruz lagunduko den jarduketaren xede den inguruneari buruzkoa.

c) Teknikari eskudunak egindako ziurtagiria, non egiaztatzen baita obrak edo egokitze-ekipamenduak honako hauetan xedatutakoa betetzen duela: Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legean, Hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazioko eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuan eta Eraikingintzaren Kode Teknikoan (DB-SUA).

d) Xede bererako jasotako bestelako diru-laguntzen ziurtagiria.

e) Obraren amaierako ziurtagiria, dagokion elkargoak ikus-onetsia, obra mota dela-eta nahitaezkoa baldin bada.

Diruz lagundutako obren proiektua udaleko, organismoko edo erakundeko bertako langileek idatzi badute, modu berean aurkeztu behar da erakunde onuraduneko proiektuak gainbegiratzeko zerbitzuari atxikitako langileek sinatutako obraren amaierako ziurtagiria.

Diruz laguntzeko moduko obra beste obra handiago baten zati izanez gero, nahikoa izango da diruz lagundutako obrari dagokion amaierako ziurtagiri partzialarekin.

Erakunde onuradunaren obra sozietate baten edo foru- nahiz udal-erakunde baten bitartez gauzatzen bada, sozietate edo erakunde hori onartu egingo da titularraren ordezkari gisa, gastua justifikatzeko ziurtagirian edo fakturazioan.

Azken likidazioa ordaintzeko eskatutako dokumentuak aurkezteko azken eguna 2020ko azaroaren 30a izango da, salbu eta proiektua gauzatzeko luzapen bat erabaki bada; kasu horretan, dagokion ebazpenean xedatutakoa bete beharko da.

17. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak izango dira helburu berbera duten funts publikoen edo pribatuen kargura jaso daitekeen beste edozein laguntzarekin. Hala ere, helburu berbererako jasotako laguntzen zenbateko osoa, eta deialdi honetan emandako diru-laguntzaren kopurua batuta, azken kostu osoa baino handiagoa bada, gehiegizko kopuru hori kenduko zaio deialdi honen bidez emandako laguntzari.

Diru-laguntza hauek ez dira bateragarriak izango Etxebizitza Sailburuordetzak jarduketa bererako emandako beste laguntza batzuekin.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Baldin eta aldatzen badira diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak, eta, edozelan ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste diru-laguntza batzuk edo bestelako laguntza batzuk jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, emate-ebazpena aldatu ahal izango da; betiere diru-laguntzen onuradun izateko arauetan jarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira, funtsezko alderdiei edo laguntza emateko edo onuraduna zehazteko erabakigarriak izan direnei eragiten ez badie edo beste batzuen eskubideak kaltetzen ez baditu.

19. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.

Jarduketaren behin betiko benetako kostua diru-laguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino gutxiago bada, diru-laguntzaren zenbatekoa dagokion proportzioan murriztuko da, eta gero diru-laguntzaren portzentajea oinarri berriari aplikatuko zaio.

20. artikulua.– Proiektuak aldatzea.

1.– Hasiera batean aurreikusi eta ebazpen bidez onetsi ziren gastu edo jarduketetan aldaketarik egin nahi izanez gero, dena delako jarduketa gauzatu aurretik eskatu beharko da aldaketa, eta Etxebizitzako sailburuordeari egokituko zaio eskaria berariaz onartu edo atzera botatzea.

2.– Aldaketak ezingo du inola ere jarduketaren izaera aldatu.

3.– Diru-laguntzaren erakunde onuradunak justifikazioan adierazten badu diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu direla eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.12 artikuluak xedatzen duenaren indarrez, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den baimen-tramitea ez denez egin, diru-laguntza eman duen organoaren esku geratuko da aurkeztutako justifikazioa ontzat ematea, betiere hori eginda beste inoren eskubideei kalte egiten ez bazaie.

4.– Diru-laguntza eman duen organoak egiaztapen-egintzan aldaketak onartzeak ez dakar berekin onuraduna dagozkion zehapenetatik salbuetsita geratzea.

21. artikulua.– Betebeharrak ez betetzea eta itzultzeko prozedura.

1.– Erakunde onuradunak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren diru-laguntza eskatu den eta eman den berariazko xederako erabiltzen ez badu, diru-laguntzaren oinarria den jarduketa egiten ez badu, diru-laguntza eskatuta lortu nahi ziren helburu zehatzetara aplikatu izana justifikatzen ez badu edo behar bezala egiten ez badu edo, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko Lege Orokorraren 37. artikuluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, agindu honetan edo emate-ebazpenean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, emandako eta jasotako kopurua itzuli beharko du legez aplikatu beharreko interesekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

2.– Onuradunaren betetze-maila nabarmen badago osoki betetzetik gertu eta konpromisoak zalantzarik gabe betetzeko jarduna izan dutela egiaztatzen badute, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko Lege Orokorraren 17. artikuluaren 3. zenbakiko n) letran adierazitako irizpideen arabera zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, edo, hala dagokionean, diru-laguntza arautzen duen autonomia-araudian ezarritakoaren arabera.

3.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko Lege Orokorraren 19. artikuluaren 3. zenbakian jasotako kasuan, halaber, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean izandako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ere eskatuko da.

22. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko organoari eskaera helarazi beharko dio, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartu eskaera eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.

2.– Onuradunak, gainera, uko egin ahal izango dio onartutako laguntzari, eta hala egin ahal izango du laguntza onartu ondoren. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskaera helarazi beharko diote laguntzak kudeatzeko organoari, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartu eskaera eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.

Ukoa onartutakoan, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere, eta, hala dagokionean, jasotako zenbatekoak bueltatu beharko ditu.

23. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotako xedapenak izango dira aplikagarriak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 5a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala