Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

175. zk., 2018ko irailaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4480

EBAZPENA, 2018ko abuztuaren 28koa, HABEko zuzendariarena, zeinaren bidez arautzen baitira 2017-2018ko ikasturtean HABEren euskara-mailak edo baliokideak gainditu dituzten ikasleei diru-laguntzak emateko prozedura eta baldintzak, eta dagokion deialdia egiten baita.

Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak sortu zuen Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE), helduen euskalduntzera zuzendua, ahalik eta euskal hiztun gehiena lortzeko helburua duena.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren bidez, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatu batzuen jarduera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik jasotzen duten finantzazioa arautu zen.

179/2003 Dekretuaren 17. artikuluak dio HABEk ezar ditzakeela, osagarri gisa, bere aurrekontu-bitartekoen mugen barruan, beste diru-laguntza mota batzuk, dekretu horretan aipatzen diren modalitate eta euskarrietan edo homologatutako sistemen bitartez, euskalduntze-prozesuetan murgilduta dauden ikasleei zuzenduak, horien emaitza akademikoen arabera.

Azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak, uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaren bidez aldatuta, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratura egokitzen ditu.

Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2018-2020ko epealdirako Diru-laguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen 2018ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bitartez, Hizkuntza Politika alorrean 7. helburu orokor bezala helduen euskalduntzea bultzatzea aurreikusten du, «47130 – euskara ikasleei zuzendutako diru-laguntzak» kodea duen ekintza-atalean.

Horrela, bada, ebazpen honen bitartez, HABEren mailak egiaztatu dituzten ikasleentzako diru-laguntzen aitortza egin eta horien baldintzak arautu nahi dira, maila baliokideren bat egiaztatu duten ikasleentzako diru-laguntzen deialdia egitearekin batera, 2018ko ekitaldi honi dagokiona.

Horregatik, aipatutako xedapenek eta HABEren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak ematen dizkidaten eskumenez, eta hauetan ezarritakoarekin bat: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartuta; Diru-laguntzen Lege Orokorra (azaroaren 17ko 38/2003 Legea, aurrerantzean DLO), eta lege hori garatzen duen erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2003 Errege Dekretuak onartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Ebazpen honen xedea da euskaltegi publiko eta pribatu homologatuetako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleei emateko diru-laguntzen baldintzak arautu eta aitortzeko prozedura onartzea, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatu batzuen jarduera eta horien finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duen uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 17. artikuluak ezarritakoa garatuz.

2.– Ebazpen honen xede diren laguntzetarako, 2018. urtean 1.800.000 euro jarriko dira, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako dagoen partidaren kontura. Era honetan banatuko da kopuru hori:

a) 1.650.000 euro, HABEren A1, A2, B1 eta B2 mailak edo baliokideak egiaztatu dituztenentzat.

b) 150.000 euro, HABEren C1 eta C2 mailak edo baliokideak egiaztatu dituztenentzat.

Azpi-atal batetik bestera dirua pasatu ahal izango da, batean soberakinik egonda, bestean eginiko eskariei erantzuteko behar adina diru ez badago. Hala ere, diru-kopuru hori eskari guztien beharrei ebazpen honen 6. artikuluan ezarritako irizpideen arabera erantzuteko behar bestekoa ez bada, hainbanatu egingo da zuzkidura ekonomikoa onuradunen artean, azpi-atal bakoitzeko emaitzak errespetatuz.

3.– Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, artikulu honen 2. atalean ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da a) azpi-atalari lehentasuna emanez, baldin eta HABEren aurrekontuetan beste diru-laguntza batzuetarako aurrekontu-sailen izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskarien gaineko ebazpena eman aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri HABEko zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da, eta EHAAn argitaratu.

2. artikulua.– Onuradunak.

1.– Ebazpen honetan arautzen diren laguntzen onuradun izateko, ondorengo baldintza guztiak bete beharko dira, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean eta LGSren 13. artikuluan jasotakoaren arabera:

1) HABEren erregistroan euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu bezala sailkatutako batean matrikulatua egotea 2017ko martxoaren 17tik 2018ko abuztuaren 31ra bitarteko epealdian.

2) HABEko zuzendariaren ebazpenez deituta 2017. urteko bigarren ebaluazio-garaian edo bigarren azterketa-deialdian edo deialdi irekian, edo 2018. urteko ekainaren arteko ebaluazio-aldietan edo lehen azterketa-deialdian parte hartu eta dagokion maila gainditzea.

3) Zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexua dela-eta eragindako bereizkeriengatikoak barne direlarik, hain zuzen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoarekin bat etorriz.

4) Diru-laguntzen Lege Orokorra arautzen duen azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluaren 2. atalean aipatutako egoeretan ez egotea. Eta zehazki, zerga guztiak ordainduta edukitzea eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatea, baita EAEko Administrazio Orokorrarekiko diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ere ordainduta izatea.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan jasotakoaren arabera, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartuta, deialdi honen organo kudeatzaileak eskatzaileen berariazko baimenik gabe egiaztatuko du, automatikoki, diru-laguntza eskatu dutenek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituztela.

Hala ere, eskaria egiten duenak baimena ematen ez badu, berak aurkeztu beharko ditu baldintza horiei dagozkien egiaztagiriak.

2.– Halaber, diru-laguntza hauetarako eskubidea izango dute euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroetako ikasleek ere, horretarako, artikulu honen 1.1 eta 1.3 puntuetan zehaztutako eskakizunak betetzeaz gain eta azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak, uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaren bidez aldatuta, HABEren euskara-maila batekin baliokidetutako euskara-maila bat 2017ko irailaren 1etik 2018ko abuztuaren 31ra bitartean (dagokion deialdiaren behin betiko zerrendak argitaratzen diren dataren arabera) egiaztatzeaz gain, ebazpen honen 3. artikuluan zehaztutakoaren araberako eskaera egin behar dute.

3.– Diru-laguntzen deialdi honetatik at geldituko dira:

1) Herri Administrazioak finantzatuta eskolatu diren ikasleak.

2) Lehenagoko ikasturteren batean egiaztatutako maila bera edo beheragoko bat bakarrik egiaztatu dutenak.

3) Azken bi ikasturteetan (2016-2017ko eta 2017-2018ko ikasturteak), euskaltegietako matrikulazioaren kudeaketarako aplikazioaren arabera, euskaltegi edo autoikaskuntza zentroan egindako mailetatik beheragoko maila bat egiaztatu dutenak. Gainera, maila bat baino gehiago egin duten ikasleek egiaztatutako mailei dagozkien diru-laguntzak jasotzeko eskubidea baino ez dute izango.

3. artikulua.– Jarraibidea, agiriak eta eskariak aurkezteko epeak.

1.– Ebazpen honen 2. artikuluaren 1. eta 2. puntuetan zehaztutako baldintza guztiak bete eta artikulu bereko 3. puntuaren arabera baztertu ez diren ikasleek, diru-laguntza hauek eskuratu nahi izatera, pertsona fisikoak izanik, eskariak aurkezteko bi jarraibide hauetako bat erabil dezakete: bide elektronikoarena edo aurrez aurreko aurkezpenarena.

1) Bide elektronikoa aukeratuz gero, eskariak eta horien osteko izapideak Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan egingo dituzte, https://euskadi.eus/dirulaguntza/2018/ikasleak/y22-izapide/eu/ helbidearen bitartez, artikulu honen 3.1 puntuan zehaztutakoaren arabera.

2) Aurrez aurreko aurkezpena aukeratuz gero, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan, https://euskadi.eus/dirulaguntza/2018/ikasleak/y22-izapide/eu/ helbidean, eskaria egiteko formularioa eskuragarri izango dute, eta artikulu honen 3.2 puntuan zehaztutakoaren arabera bete ondoren Eusko Jaurlaritzako Zuzenean zerbitzuaren egoitzetako batean aurkeztu behar dute.

2.– Eskaria bide elektronikoaren bidez nahiz aurrez aurreko aurkezpenaren bidez egin ondoren, gainerako eginkizunak eta izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

3.– Jarraibidea.

1) Eskariaren aurkezpena bide elektronikoa erabiliz.

Eskariaren aurkezpena bide elektronikoaren bidez egin ahal izateko, interesdunek, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan sartu eta sinadura elektronikoaren txartela edo itsasontzien jokoen txartela erabiliz identifikatu ondoren, eskuragarri izango duten formularioan dagokien laguntza eskuratzeko duten aukera jakinaraziko zaie, HABEk bideratutako egiaztatze-deialdien bitartez gaitasun-maila egiaztatu duten ikasleen kasuan.

Jakinarazpen horretan, gehienez eskura dezaketen laguntza adieraziko zaie (egiaztatutako HABEren euskara-mailak, azken bi ikasturteetan egindako mailak eta egiaztatutako maila bakoitzerako ezarritako gehieneko laguntza kopurua kontuan hartuta), betiere gutxitu daitekeena euskaltegietan edo autoikaskuntzarako zentroetan azken bi ikasturteetan ordaindutako kopuruari begira, beste administrazio publikoetatik jasotako laguntzei begira edo 1. artikuluan aurreikusitako gehieneko kopurua eskaera guztiei aurre egitera heltzen ez delako gerta daitekeen hainbanaketari begira.

Era berean, laguntzaren zenbatekoa zehazteko beharrezkoak diren datuak jasoko dira formularioaren datu-orrian: ordaindutako matrikula-kopuruen eta beste administrazio publiko batzuetatik jasotako diru-laguntzen berri, aurreko artikuluaren 1.3 puntuan zehazten diren diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatearen aitorpena eta datuak konprobatzeko HABEren zuzendariari zuzendutako baimena; hauek guztiak erantzukizunpeko aitorpenaren bitartez adierazita. Halaber, diru-laguntza eskuratzeko bankuko kontuaren berri jasoko da bertan.

Eskaria aurkezteko prozedurak:

a) Egiten zaien proposamena bere osotasunean onartuz gero, eskuera jarriko zaien datuen bilketarako orria bete beharko dute eta, ondoren, sinadura elektronikoaren txartela edo itsasontzien jokoen txartela erabiliz, eskaria sinatuko dute. Edonola ere, ezarritako epea pasa eta ikasleak erantzunik eman ez badu, HABEk proposatutako aukerari uko egiten diola ulertuko da. Onartzen ez badu, edo ikasleak nahiago badu, diru-laguntza eskaera artikulu honen 3.1.b) puntuan ezarritako prozedurari jarraikiz egin ahal izango du.

b) Egiten zaien proposamena onartzen ez badute edo bestelako datuak edo HABEren euskara-maila batekin baliokidetutako agiri gehigarriak aurkeztu nahi badituzte, eskuera jarriko zaien datuen bilketarako orria bete eta erantsi nahi duten dokumentazioa edo egiaztatutako mailaren agiriaren kopia edo dagokion erakundeak egindako ziurtagiria PDF formatuan aurkeztu beharko dute eta, ondoren, sinadura elektronikoaren txartela edo itsasontzien jokoen txartela erabiliz, eskaria sinatuko dute.

c) Proposamenik egiten ez bazaie, eskuera jarriko zaien datuen bilketarako orria bete eta erantsi beharko duten dokumentazioa PDF formatuan aurkeztu beharko dute eta, ondoren, sinadura elektronikoaren txartela edo itsasontzien jokoen txartela erabiliz, eskaria sinatuko dute.

2) Eskariaren aurrez aurreko aurkezpena.

Eskariaren aurkezpena aurrez aurreko aukeraren bidez egin ahal izateko edo aurkezpen elektronikoaren aukeraren aldaketa eginez gero, interesdunek Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan sartu ondoren, eskuragarri izango dute bete beharreko formularioa eta bertan laguntzaren zenbatekoa zehazteko beharrezkoak diren datu guztiak idatzi beharko dituzte: datu pertsonalak, azken bi ikasturteetako euskaltegiak eta egindako mailak eta egiaztatutakoak, ordaindutako matrikulen diru-kopuruak eta beste administrazio publiko batzuetatik jasotako laguntzak; aurreko artikuluaren 1.3 puntuan zehazten diren diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatearen aitorpena eta datuak konprobatzeko HABEren zuzendari nagusiari zuzendutako baimena; hauek guztiak erantzukizunpeko aitorpenaren bitartez adierazita. Halaber, diru-laguntza eskuratzeko bankuko kontuaren berri jasoko da bertan.

Datu guztiak sartu ondoren, formularioa inprimatu ahal izango dute eta sinatu egingo dute. Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuko edozein bulegotan aurkeztu beharko dute eskaria (Bilbao, Kale Nagusia 85; Donostia, Andia kalea 13; Vitoria-Gasteiz, Ramiro de Maeztu kalea 10). Formularioarekin batera, bertan zehazten diren euskara maila egiaztatuen agiriak ere aurkeztu beharko dituzte.

4.– Eskariak aurkezteko epeak.

Kasu guztietan, interesdunek 2018ko irailaren 12tik urriaren 11ra bitarteko epea izango dute, biak barne, diru-laguntzaren eskaria egiteko.

5.– HABEren egitekoa izango da eskatzaileek euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro homologatuetan ordaindutako kopuruei buruzko datu-orrietan emandako datuak egiaztatzea.

4. artikulua.– Aurkeztutako eskariaren hutsuneak zuzentzea.

Ikasleak aurkeztutako eskarian agiriren bat falta bada, edo okerren bat badago, hala jakinaraziko zaio, eta hamar eguneko epea eman okerrak zuzen ditzan, eta, adieraziko zaio ezen, horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertu beharko dela. Horretarako, aldez aurretiko ebazpena emango da.

5. artikulua.– Diru-laguntzen organo kudeatzailea.

HABEko Kudeaketa Zerbitzuari dagokio, Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak egitea.

6. artikulua.– Diru-laguntza esleitzeko eta neurtzeko irizpideak.

1.– Egiaztatu den maila bakoitzeko, jarraian zehazten den kopurua eskura dezake gehienez ikasleak:

a) HABEren A1 maila: 150 euro.

b) HABEren A2 maila: 200 euro.

c) HABEren B1 maila edo baliokidea: 550 euro.

d) HABEren B2. maila edo baliokidea: 500 euro.

e) HABEren C1 maila edo baliokidea: 150 euro.

f) HABEren C2 maila edo baliokidea: 100 euro.

2.– HABEren diru-laguntza hauek osorik eskuratzeko, ikasleak egoki egiaztatu beharko du 2016-2017ko eta 2017-2018ko ikasturteetan, egiaztapenaren aurretik hasitako ikastaroetako matrikuletan, beste horrenbeste ordaindu izana, hain zuzen ere, egiaztatutako mailetan. Hala egin ezean, ordaindutakoa izango da laguntzaren muga.

3.– Maila bakoitzerako ikasketak behin bakarrik lagunduko zaizkio diruz ikasleari. Era berean, maila bat egiaztatu ondorengo diru-laguntza zuritzeko beharrezkoa izan den matrikularen zenbatekoa ez da konputatuko beste maila bat egiaztatu izanagatiko laguntza zuritzeko.

4.– Ebazpen honen 1. artikuluan aurreikusitako kopurua nahikoa ez bada aurreko puntuan ezarritako irizpideen arabera kalkulatutako beharrei aurre egiteko, onuradunen artean hainbanatuko da diru-laguntza.

7. artikulua.– Ebazpena, jakinarazpena eta diru-laguntzaren ordainketa.

Deialdi honetan zehaztutako irizpideak aplikatu ondoren, HABEko zuzendariak eskabideen gaineko ebazpenak emango ditu, eta interesdunei jakinaraziko Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren postontzi nagusian argitaratuta eta HABEren egoitzetako iragarki tauletan erantsita. Hau guztia, 2018ko abenduaren 20a baino lehen.

Era berean, emandako diru-laguntzen publikotasunari dagokionez, aipatutako ebazpenak HABEren web orrialdean argitaratuko dira.

Eskabideen gainean emandako ebazpenek ez dute bide administratiboa agortzen eta onuradunek horien kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan jasotakoaren arabera.

Ebazpenaren jakinarazpena aurreikusitako epemugan jasotzen ez bada, onuradunek ulertu ahal izango dute beren eskabidea ezetsia izan dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 25. artikuluan zehaztutakoaren ondorioz.

Diru-laguntzen ebazpena emanda, diru-laguntza ordainketa bakarrean kitatuko da banku-transferentziaren bidez. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko diru-laguntza batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

8. artikulua.– Bateragarritasuna.

Emango den diru-laguntza bateragarria izango da xede berarekin jaso daitekeen beste edozeinekin, baldin eta gainfinantzaketarik ez badago laguntzen den xedearen guztirako kostuan. Horrelakoetan, dagozkion kenketak egingo dira, eta, hala badagokio, edo ez da aldea ordainduko edo dagokion kopurua itzultzeko eskatuko da.

HABEk eskubidea izango du eskatzaile bakoitzak emandako edozein datu beste administrazio publikoekin erkatzeko, betiere deialdi honen xede den gaiari atxikita.

9. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

1.– Onuradunek, oro har, bete beharko dituzte azaroaren 17ko 38/2003 Diru-laguntzen Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak.

2.– Eta zehazki, ebazpen honetan araututako diru-laguntzen onuradunek beti izango dituzte honako betebehar hauek:

1) Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen egiaztatzeen mende eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren mende egon beharko du, deialdi honen bitartez eskuratu diren diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien menpe ere egon beharko du.

2) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak eskuratuz gero, horren berri eman beharko dio HABEri.

3) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin bada, horren berri eman beharko dio HABEri.

4) Horretaz gain, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, ezarritako betebeharrak eta gaiari ezar dakizkiokeen gainerako xedapenek ezarritako betebeharrak ere izango ditu.

10. artikulua.– Baldintzak aldatzea, arauak ez betetzea eta itzulketak.

Deialdi honek arautzen dituen diru-laguntzez gain, eta berauek ebatzi ondoren, kanpoko bestelako diru-laguntzak eskuratzeak horren berri HABEri ematea ekarriko du, baita erakunde honek aurretiaz emandako diru-laguntzaren aldaketa egitea ere, betiere deialdi honen 8. artikuluan aurreikusitako gainfinantzaketarik ez izateko besteko proportzioan.

11. artikulua.– Datuen babesa.

Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, otsailaren 25eko 2/2004 Legeak eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduak xedatutakoa eta datu pertsonalen babesari buruzko gainerako araudia betetzeko xedez, HABEk deialdi honek araututako diru-laguntzen eskarien bidez jasotako datuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2006ko uztailaren 27ko Aginduaren arabera araututako IKASLEAK izeneko fitxategi informatizatuan sartuko ditu, erakunde horrek dagokion diru-laguntzen programa kudeatu ahal izateko eta, Euskal Autonomia Erkidegoko foru aldundiek eta udalek xede berberarekin izan ditzaketen datuekin erkatu ahal izateko, betiere deialdi honen 8. artikuluan jasotako bateragarritasuna bermatua izan dadin. Fitxategiaren titularitatea HABEren Zuzendaritzari dagokio. Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, kentzeko eta eramateko eskubideak, bai eta datuak tratatuak izateko muga ezartzeko eta haien aurka egiteko eskubidea ere, HABEren Zuzendaritza Nagusian gauzatu ahal izango dira (Vitoria-Gasteiz kalea 3, 20018 Donostia). Datu horien tratamendu eta babesaren erregimena araudi honek berak ezarritakoa izango da. Interesduna ados egongo ez badago egindako datuen tratamenduarekin, datuen babeserako agintaritza eskudunera zuzendu ahal izango ditu erreklamazioak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan aurreikusi gabeko guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta aplikagarri izan daitezkeen gainerako arauek ezarritakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, bide administratiboa agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango dute ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango ditu ondorioak.

Donostia, 2018ko abuztuaren 28a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala