Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2018ko irailaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4466

AGINDUA, 2018ko ekainaren 19koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteen federazio eta konfederazioei bideratutako laguntzen deialdia (L1. Hezkuntza-komunitatearen prestakuntza).

Euskal Eskola Publikoaren Legeak dio Hezkuntza-administrazioak finantza-tresnak ezarriko dituela elkarte horien federazio eta konfederazioetarako, gurasoek dituzten eginkizunak betetzeko behar duten prestakuntza iraunkorrean laguntze aldera.

Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sistemarentzat ezinbestekoak dira han sartuta dauden gizarteko sektore guztien parte-hartzea eta konplizitatea, ezarrita dauzkan helburuak lortuko baditu. Zehazki, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuaren 29. artikuluan xedatzen da gurasoek edo legezko tutoreek eskubidea dutela haurren eta nerabeen eskolako hezkuntzaren jarraipena egiteko eta hartan parte hartzeko.

Ondorioz, agindu honek laguntzak iragartzen ditu, bai federazio eta konfederazioen funtzionamendua eta azpiegitura ordaintzeko, bai elkarteko pertsonen prestakuntzarako eta ikasleentzako hezkuntza-jarduera osagarriak eta eskolaz kanpoko hezkuntza-jarduerak egiteko.

Aipatutako guztiarekin bat, laguntza-deialdi bat egin behar da, horretarako esleitutako aurrekontu-zuzkiduraren kargura.

Horiek horrela, Euskadiko elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko diru-laguntzak arautzeko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluko xedapenetan zehaztutakoarekin bat, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea diru-laguntzen deialdi bat iragartzea da unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteen federazioen eta konfederazioen gastuei aurre egiteko. Gastuok agindu honen 2. artikuluan zerrendatzen diren jarduera diruz lagungarrien ondoriozkoak izan behar dute, eta 2018an egindakoak edo egiteko direnak.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honetan aipatzen diren laguntzak gastu hauek finantzatzeko emango dira:

a) Unibertsitateaz kanpoko ikasleen gurasoei edo elkarteetako ikasleei zuzendutako prestakuntza- eta zabalkunde-jardueren gastuak (prestakuntza-jardueren kostua, hizlariaren bidaia-gastuak, esaterako, otorduak eta joan-etorriak, lokalen alokairua, prestakuntza-jarduerari lotutako materialak).

b) Unibertsitateaz kanpoko ikasleen guraso-elkarteen federazioen eta konfederazioen funtzionamendurako behar diren azpiegitura-gastuak, eta unibertsitateaz kanpoko ikasleen gurasoen elkarteei laguntzeko eta aholkularitza emateko gastuak. (kontratatutako langileei ordaintzea, otorduak eta joan-etorriak, argia, ura, berokuntza, telefonoa, lokalaren alokairua, argitalpenen harpidetza).

c) Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpoko jardueren gastuak, 2.1.a) artikuluan jasota ez daudenak eta elkarteetako ikasleei zuzenduak. Jarduera horien kostuaren % 50 ordainduko da gehienez ere (prestakuntza-jardueraren kostua, hizlariaren otorduak eta joan-etorriak, lokalen alokairua, prestakuntza-jarduerari lotutako materialen erosketa).

2.– Eskatutako kopuruaren % 50ekoak edo hortik gorakoak izan beharko dute unibertsitateaz kanpoko ikasleen gurasoei edo elkarteetako ikasleei zuzendutako prestakuntza-jardueren gastuek. Azken justifikazioan, emandako diru-laguntzaren % 50ekoa edo hortik gorakoa izan beharko du gurasoen edo ikasleen prestakuntza-jardueretarako justifikatutako gastuak.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Helburu horretarako, hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000) euroko kreditua kontsignatzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018. urterako Aurrekontu Orokorretan, arlo edo lurralde-eremu hauen arabera banatuak:

1.– 70.000 euro, Euskal Autonomia Elkartearen mailako konfederazioentzat.

2.– 170.000 euro, ikastetxe publikoetakoak diren elkarteak biltzen dituzten eta lurralde historiko batean diharduten federazioentzat.

3.– 110.000 euro, gainerako irakaskuntza-elkarteetako federazioentzat, elkarteak nahiz kooperatibak izan.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Erakunde hauek parte hartu ahal izango dute deialdi honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erroldan inskribatuta eta alta emanda badaude:

a) Hezkuntza Sailari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako ikasleen guraso-elkarteen federazioak eta konfederazioak, eta itunpeko ikastetxeetakoak, unibertsitateaz kanpoko mailetakoak eta zuzenbidearen arabera eratuak, zeinen helburuak egokitzen baitira indarreko legerian xedatutakora, eta federazio edo konfederazio legez dagokien erregistroan sartuta daudenak, Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen guraso-elkarteak arautzeko otsailaren 10eko 66/1987 Dekretuaren 6. eta 11. artikuluetan ezarrita dagoen bezala (1987ko apirilaren 7ko EHAA).

b) Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetako ikasleen guraso-kooperatiben federazioak eta konfederazioak, unibertsitateaz kanpoko mailetakoak eta zuzenbidearen arabera eratuak, zeinen helburuak egokitzen baitira indarreko legerian xedatutakora, eta federazio edo konfederazio legez dagokien erregistroan sartuta daudenak.

2.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean edukitzea.

3.– Eskatzaileak ez du izan behar diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko inolako debekurik zigor- eta administrazio-arloan, ez eta laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

4.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan azaldutako egoeretako batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesdunek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko baliabide elektronikoen bidez egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/fedekonfe/y22-izapide/eu

2.– Administrazio elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa –PLATEA– onartu zuen Telekomunikazio zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

3.– Eskabide-orriak eta erantzukizunpeko adierazpenak modu elektronikoan nola egin jakiteko argibideak eta ereduak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/fedekonfe/y22-izapide/eu

4.– Eskabidea egin ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» izeneko atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

5.– Ordezkari bat izendatzen bada Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak bitarteko elektronikoen bidez egiteko, pertsona horrexek alta emanda egon beharko du Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoan: https://euskadi.eus

6. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea.

1.– Ofizioz egiaztatuko dira dagokion irakaskuntza-elkarteen edo -kooperatiben erregistroko izen-ematea eta alta-egoera.

2.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko laguntzak eskatzen dituzten erakundeek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Diru-laguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikulua eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran. Onuraduna edo erakunde laguntzailea ez dagoenean behartuta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan aipatzen diren agiriak edo aitorpenak aurkeztera, betebehar hori erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez egiaztatuko da.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.5 eta 50.6 artikuluak aplikatuz, eskabidearekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da, honako hau egiaztatzeko:

a) Dagoeneko eskatu eta, hala badagokio, lortu egin direla helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorri direlarik ere.

b) Egiazkoak direla eskabideko eta hari erantsitako agirietako datuak, eta bete egiten direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

c) Eskatzaileak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, ez eta laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

4.– Eskabideetan, laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adierazi ahal izango du baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak.

5.– Arestian adierazitako betekizunak ebazpena eman aurretik egiaztatuko dira, eta, hori behar bezala egiten ez bada, 8. artikuluan aurreikusten den zuzenketa izapidetuz egingo da.

6.– Era berean, prozedura honetan parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan egiazkoak direla aurkeztutako agiriak.

7. artikulua.– Dokumentazioa aurkeztea, eta horretarako epeak.

1.– Inprimaki arautu hauek behar bezala beteta aurkeztu beharko dituzte erakunde eskatzaileek: «Eskabidea» (I. eranskina), «Gastuaren aurrekontua» (II. eranskina) -garatu nahi diren jarduerak banakaturik- eta «Erakunde federatuen eta konfederatuen zerrenda eguneratua» (III. eranskina). Halaber, administrazio publiko edo erakunde pribaturen bati laguntza edo diru-laguntza eskatu dioten erakundeek (laguntza hori eman bazaie edo ebazteke badago) «Beste finantziazio-iturri batzuk» inprimakia (IV. eranskina) aurkeztu beharko dute. Eskabide-eredua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2014/hezkidetza-50/y22-izapide/es

2.– Agiriak modu elektronikoan aurkeztu ahalko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/fedekonfe/y22-izapide/eu

3.– Agiriak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

4.– Eskabideak euskaraz ala gaztelaniaz aurkeztuko dira, nahi bezala. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

5.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direnik deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

8. artikulua.– Agirietako akatsak zuzentzea.

1.– Aurkeztutako agiriak behar bezala beteta ez badaude edo atxiki beharreko agiriren bat falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean osatzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Epe horretan eskaera zuzentzen ez bada, eskaera bertan behera utzi dela ulertuko da.

2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bitarteko elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

3.– Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean interesduna ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat joko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela edukira sartzea.

4.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

9. artikulua.– Datuak Babesteko Legea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira, hain zuzen ere «Ikasleen Elkarteetarako Diru-laguntzak» deritzona. Fitxategi horren helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea izango da, bai eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

10. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

11. artikulua.– Federazioei eta konfederazioei emandako laguntzen zenbatekoa.

1.– Hirugarren artikuluan zehaztutako kopuruei dagozkien kredituak artikulu honetan ezarritako banaketa-sistema aplikatuz banatuko dira eskaera egiten duten elkarteen artean. Horietako bakoitzari emandako zenbatekoa ez da inola ere izango eskatutako zenbatekoa baino handiagoa.

a) EAEren eremuko konfederazioak.

Konfederazio bakoitzari emandako puntuazioarekiko proportzionala izango da banaketa.

Sare publikoko konfederazioei bi puntu emango zaie EAEren eremuan konfederazio horiei atxikitako sare publikoko federazioen unibertsitateaz kanpoko ikasleko.

Gainerako konfederazioei puntu bat emango zaie federazio horiei atxikitako federazioen unibertsitateaz kanpoko ikasleko.

b) Lurralde historikoaren eremukoak diren eta ikastetxe publikoetako elkarteak biltzen dituzten federazioak:

37.800 euroko hasierako laguntza bat emango zaie onartutako eskabide guztiei.

Gero, federazio bakoitzari puntu bat emango zaio federazio horiei atxikitako elkarteetako unibertsitateaz kanpoko ikasleko. Banatu beharreko soberakin hori atal honetako federazio guztiei emandako puntu guztien baturarekin zatituko da, eta faktore konstante horrekin biderkatuko da lortutako puntuazioa.

c) Gainerako federazioak:

Atal honetarako gordetako kredituen kargura, hasierako laguntza hauek emango dira:

5 elkartez edo gutxiagoz osatutako federazioak: 1.350 euro.

6 elkartez edo gehiagoz osatutako federazioak: 2.700 euro.

40 ikasle baino gutxiagoko matrikula duten eskola txikietako elkarteen federazioak, 14 erakunde edo gehiago biltzen badituzte, betiere: 6.300 euro.

Gero, federazio bakoitzari puntu bat emango zaio federazio horiei atxikitako elkarteetako unibertsitateaz kanpoko ikasleko. Banatu beharreko soberakin hori atal honetako federazio guztiei emandako puntu guztien baturarekin zatituko da, eta faktore konstante horrekin biderkatuko da lortutako puntuazioa.

2.– Federazio batean baino gehiagotan dauden guraso-elkarteen ikasleak federazioen artean hainbanatuko dira. Ikasle-kopurua ezin bada zatitu elkartea partaide den federazio-kopuruaz, kontuan hartuko da guraso-elkarteko ikasleen kopurua zati partaide den federazio-kopurua eragiketaren zatiduraren zati osoa.

3.– Ikasleen zenbaketatik kanpo geratzen dira 0-3 urte bitarteko irakaskuntza-mailakoak (ez-derrigorrezkoa).

4.– 3. artikuluan kontsignatutako zenbatekoekin zerikusia duten gastuek lotura zuzena izan beharko dute antolatutako jarduerekin edo erakundearen beraren antolaketako eta funtzionamenduko ohiko gastuekin.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak emango du eta interesdunei jakinaraziko zaie Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz, lau hileko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Aurkeztutako eskabideei dagokienez, entitate onuradun bakoitzari emandako diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko da edo, dagokionean, eskabidea ez onartzeko arrazoiak.

2.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/es/) argitaratuko da ebazpena, eta argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak.

Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

3.– Aurreko puntuan esandakoa gorabehera, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpen-abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

Gainera, diru-laguntzen ebazpena EHAAn argitaratuko da, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

4.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatuarekin bat.

5.– Artikulu honen lehenengo apartatuan aipatutako epea igarota, ebazpena onuradunei jakinarazten ez bazaie, dagokion eskabidea ezetsi egin dela uler dezakete onuradunek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.

13. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen bidez lortutako laguntza bateragarria izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren bidez edo beste edozein administrazio publikotatik eta erakunde pribatutatik lortutakoekin, betiere guztien baturak ez badu gainditzen diru-laguntza honen xede den gastuaren % 100. Gainditzen badu, aldiz, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen diru-laguntzari.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzen erakunde onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako baldintzak bete beharko dituzte (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan jasotakoarekin bat etorriz); horietaz gainera, betiere, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Diru-laguntza eman dion administrazioari jakinaraztea xede bererako lortu duen beste edozein laguntzaren berri, hala agintzen baitu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluak (testu bategina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen; 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA).

b) Laguntza ematea egiteko diru-laguntza eman duen administrazioak egin beharreko egiaztapen-ekintzak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-ekintzak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan bertan adierazten denez.

c) Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza onartutzat joko da ebazpen hau jakinarazi eta hamabost eguneko epean idatziz uko egiten ez bazaio.

d) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari justifikatzea, memoria bat aurkeztuz (VI. eranskina), eskakizunak eta baldintzak bete egiten direla eta jarduera egin egin dela.

e) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.

f) Diruz lagundutako jardueren ondorioz sor daitezkeen arriskuen ardura hartzea eta, hala badagokio, arrisku horiek estaltzeko asegurua egitea.

15. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Bi alditan egingo da ordainketa:

a) Lehenengoa, diru-laguntzaren % 75, emandako laguntza onartu ondoren.

b) Gainerako % 25a, aldiz, «Gastua justifikatzea» (V. eranskina) inprimaki arautua behar bezala beteta eta ordura arte izandako gastuen faktura eta ordainagiriekin eta egindako jardueren banaketarekin aurkezten denean ordainduko da. Ordainketa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honen bidez egingo da: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2017/fedekonfe/y22-izapide/es Agiri horiek aurkezteko epea 2018ko abenduaren 12an amaituko da, egun hori barne.

Fakturak hiru multzotan sailkatuta aurkeztuko dira, 2. artikuluan aipatzen diren 3 gastu-moten arabera, jarduera-mota bakoitzeko.

2.– Administrazioak laguntzak eta diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailak ematen du, helbide honetan: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/edukiak/informazioa/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

3.– Esleitutako diru-laguntza adierazitako epeetan justifikatu ezean edo esleitutako diru-laguntza baino gutxiago justifikatuz gero, ebazpena dagokion kopuruaren heinean aldatzeko prozedura hasiko da, eta, hala badagokio, galdu egingo da laguntza eskuratzeko eskubidea.

4.– Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

5.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak diru-laguntza justifikatzeko jatorrizko agiriak eskatu ahal izango dizkio erakunde onuradunari.

6.– Laguntza horien osagarritasuna dela eta, fakturen eta ordainagirien justifikazio-balioa beren edukiaren araberakoa izango da, eskala hauei jarraikiz:

a) Unibertsitateaz kanpoko ikasleen gurasoei edo elkarteetako ikasleei zuzendutako prestakuntza-jardueren gastuen balioaren % 100.

b) Unibertsitateaz kanpoko ikasleen guraso-elkarteen federazioen eta konfederazioen funtzionamendurako behar diren azpiegitura-gastuen balioaren % 100.

c) Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpoko jardueren gastuen balioaren % 100, 15.5.a) artikuluan jasota ez daudenak eta elkarteetako ikasleei zuzenduak. Jarduera horien kostuaren % 50 ordainduko da gehienez ere.

7.– Emandako diru-laguntzaren % 50ekoa edo hortik gorakoa izan beharko du unibertsitateaz kanpoko ikasleen gurasoei edo elkarteetako ikasleei zuzendutako prestakuntza-jardueretarako justifikatutako kopuruak.

16. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira –diru-laguntzaren helburua betetzeari utzi gabe, betiere–, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du, eta, horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berriz doituko dira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira. Baldintzak aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 17. artikuluan araututako itzultzeko prozedura hasiko da.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Laguntzak jaso dituzten erakunde onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan sartzen badira, agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte, edo diru-laguntza ematea arrazoitu zuten baldintzak betetzen ez badituzte, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu) ezarritakoaren arabera, erakunde onuradun horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiote bidegabe jaso dituzten kopuruak (guztiak edo zati bat) gehi zenbateko horiei dagozkien berandutze-interesak. Horrez gain, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren VI. tituluan jasotako oinarrizko arauen arabera eska daitezkeen zehapenak ere jarri ahal izango zaizkie.

2.– Baldintzak betetzen ez direnean, itzultzeko erabili beharreko prozedura lehen aipatutako hauetan xedatutakoaren araberakoa izango da: Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorra, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua. Diru-laguntza edo laguntzaren kontzeptua dela-eta behar ez bezala jaso diren diru-kopuruak itzultzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 31ko 212/1998ko Dekretuan ezarritako modalitateei jarraituko zaie, eta itzulketa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren izenean egingo da, betiere kontuan hartuta maiatzaren 2ko 69/2007 Dekretuaren bidez sartutako aldaketak.

3.– Itzultzeko prozedura hasi baino lehen, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 92.1 artikuluan ezarritako baldintzen arabera –zeinaren bidez Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen baita–, justifikazioa aurkezteko eskatuko zaie erakunde onuradunei.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian, ordezko izaerarekin, honako xedapen hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 19.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
LAGUNTZEN ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
LAGUNTZA-GASTUEN AURREKONTUA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
ERAKUNDE FEDERATUEN ETA KONFEDERATUEN ZERRENDA EGUNERATUA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
BESTE FINANTZAKETA-ITURRI BATZUK
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
LAGUNTZEN GASTUAREN JUSTIFIKAZIOA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
EGINDAKO JARDUERAK JUSTIFIKATZEKO MEMORIA DESKRIPTIBOA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala