Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

169. zk., 2018ko irailaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4401

AGINDUA, 2018ko ekainaren 25ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez aparteko diru-laguntzetarako deialdia egiten baita, aniztasunari babesa emateko berariazko programak gauzatze aldera (L2. Hezkuntza inklusiboa eta aniztasunari arreta).

Hezkuntza Sailak, hezkuntza testuinguru multikulturalera egokitu behar dela ohartuta, kulturarteko hezkuntza-eredu bat gauzatu nahi du, euskal hezkuntza-sisteman berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua lortzeko. Ikastetxeetan kultura-aniztasuna onartzea funtsezkoa da benetako kulturarteko gizarteak lortzeko.

Hezkuntza-sisteman sartu berriak diren ikasleei laguntzeko, ezinbestekoa da hizkuntza ofizialetan komunikatzeko haien gaitasuna hobetzea eta kulturartekotasuna sustatzeko programak ezartzea ikastetxeetan.

Aniztasun horri erantzuteko, ikastetxeek zenbait deialdi dituzte, zeinek eragina baitute, batetik, irakasleen prestakuntza etengabean («Prest Gara», «Bikaintasunerantz», «Eleaniztasunerantz»), eta, bestetik, ikasleekiko jarduera zehatzetan (kulturartekotasuna sustatzeko programak, hizkuntza indartzeko programak, hezkuntzan berariaz sendotzeko programak, curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programak).

Gisa horretako programen bidez, besteak beste, honako hau lortu nahi da: ikastetxeek hausnarketa- eta hobekuntza-prozesu bat abiatzea kultura-aniztasunaren inguruan, eta, testuingurua eraldatzeko prozesuak egiten ari diren ikastetxeen kasuan, baliabideak integratzea eta haien eragingarritasuna optimizatzea. Hizkuntza-errefortzua ikasle hasi berriei zuzenduta dago, zehatz esanda, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ez jakiteagatik komunikazio-zailtasun nabarmenak dituzten eta hizkuntza indartzeko plangintza bat behar duten ikasleei.

Ohiz bestera, eta 2018ko ekitaldiko aurrekontuei aurkeztutako legebiltzar-zuzenketak kontuan hartuz, ikasle atzerritarren eta bekadunen ehuneko esanguratsu bat duten ikastetxeei lagundu nahi zaie, dituzten berariazko laguntza-programak finka ditzaten eta ikasleen aniztasunari hobeto erantzun diezaioten.

Kontuan harturik zer dioten xedapen hauek: Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuak; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluak –Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko diru-laguntzak erregulatzeari buruzkoa–; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenek, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aurrekontu-zuzkidura.

1.– Agindu honen xedea da aparteko diru-laguntza batzuen oinarriak ezarri eta haietarako deialdia iragartzea, hain zuzen, 2018-2019 ikasturtean ikastetxeetan dagoen aniztasunari babesa emateko berariazko programak gauzatzeko.

2.– Agindu honen bidez iragarritako diru-laguntzak finantzatzeko berrehun eta berrogeita hamar mila (250.000) euro bideratu dira, honela banaturik:

Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza: ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euro.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko Lanbide Heziketa: ehun mila (100.000) euro.

2. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Diru-laguntza eman edo ez ebatzi arteko izapideak eta justifikazio-izapidea baliabide elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte erakunde interesdunek. Hala xedatzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Platea E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa onartzeko Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.

2.– Egoitza elektroniko honetan eskura daitezke eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/aniztasuna-berezi/y22-izapide/eu/

Eskabidearen osteko izapideak, aldiz, helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

3. artikulua.– Eskabideak eta inprimakiak aurkeztea.

1.– Eskabidearekin batera (II. eranskina), esku hartzeko proposamena aurkeztu beharko dute ikastetxe eskatzaileek; zeinak hauek barne hartuko baititu:

a) Ikastetxeak ikasle atzerritarren, ikasle etorkinen eta ikasle iritsi berrien aniztasunarekin zerikusia duten jarduerak sustatzen egin duen ibilbidearen deskripzioa.

b) Diagnostikoa:

– Premien zehaztapena.

– Aurkeztutako lehentasunak eta argumentuak.

c) Proposamena zer mailarentzat den: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta/edo Oinarrizko Lanbide Heziketa. Maila batentzat baino gehiagorentzat bada, horiek argiki zehaztuko dira.

d) Helburu orokorrak eta helburu espezifikoak.

e) Jarduerak:

– Irakasleei zuzendutako jarduerak.

– Ikasleei zuzendutako jarduerak.

f) Ebaluazioa:

– Proiektuan markatutako helburuen lorpenaren ebaluazio-irizpideak eta adierazleak.

– Ebaluatzeko tresnak eta uneak.

g) Aurrekontua:

– Eskatutako laguntzaren banakapenari buruzko azalpenak. Banakapen horretan barne hartuko da zein mailari edo mailei bideratzen zaien proposamena.

h) Proiektuaren eragina:

– Parte hartuko duen irakasle- eta talde-kopurua.

– Proiektua zabaltzeko eta hezkuntza-komunitatearen eta familien parte-hartze aktiboa sustatzeko neurriak.

2.– bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira eskabideak, https://www.euskadi.eus/y22-home/eu/ egoitza elektronikoan, eta, horretarako hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3.– Helbide elektroniko honetan eskura daiteke eskabide-orria: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/aniztasuna-berezi/y22-izapide/eu/

4.– Erakunde eskatzaileek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta gainerako agiriak. Halaber, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da prozedura osoan zehar, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Deialdi honen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako ikastetxe pribatuak, baldin eta itundutako unitateak badituzte Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Oinarrizko Lanbide Heziketan.

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileen eskakizunak.

1.– Honako baldintza hauek bete beharko dituzte erakunde eskatzaileek:

– 2017-2018 ikasturtean, ikasle atzerritarrak % 20 edo gehiago izatea, aurreko artikuluan jasotako maila batean edo gehiagotan. Dagokion mailako ikasle guztiak kontuan harturik kalkulatuko da ehuneko hori.

– 2017-2018 ikasturtean, ikasle bekadunak % 50 edo gehiago izatea, aurreko artikuluan jasotako maila batean edo gehiagotan. Dagokion mailako ikasle guztiak kontuan harturik kalkulatuko da ehuneko hori.

– Egunean egotea indarrean dauden xedapenek zergen eta gizarte segurantzaren arloetan ezartzen dituzten betebeharrei dagokienez.

Diru-laguntza eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari ziurtagiri telematikoen bidez zuzenean eskuratzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak. Eskatzaileak, kasu horretan, ez ditu aurkeztu beharko dagozkion agiriak.

Erakunde eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, aurreko apartatuetan azaltzen den eran.

– Ordainduta izatea diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak. Onartu den diru-laguntza guztiz ordaindu arte eutsi beharko zaio eskakizun horri.

2.– Ezin izango dira onuradun izan honako egoeraren hauetan dauden erakundeak:

– Diru-laguntzei buruzko 2013ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenak.

– Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zehapen administratiborik edo penalik dutenak, bai eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik dutenak ere, batez ere sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak badira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenari jarraikiz.

3.– Onuradunei diru-laguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, amaiturik egon behar da itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean badago.

6. artikulua.– Erakunde eskatzailearen eskakizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Hezkuntza Saileko Estatistika Zerbitzuak emango du ikastetxe bakoitzeko ikasle atzerritarren kopurua. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kalkulatuko ditu ikasle atzerritarren eta bekadunen ehunekoak, Hezkuntza Saileko Estatistika Zerbitzuan dauden datuak kontuan hartuz. Datu guztiak 2017-2018 ikasturteari dagozkionak izango dira.

Ikastetxeek Administraziora jo ahal izango dute ikasle atzerritarren eta bekadunen datuak kontsultatzeko.

Diru-laguntza eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean eskuratu ahal izateko aipatutako datuak.

2.– Diru-laguntza eskabidea aurkeztean, erakunde eskatzaileek baimena ematen diote organo emaileari zuzenean egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Diru-laguntzen Erregelamendua onartzeko uztailaren 21eko 88/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezaritakoari jarraikiz eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzeko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimen horri, eta, hala eginez gero, aipatutako betebeharren ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Diru-laguntzei buruzko Erregelamendu orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

3.– Eskabideetan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo agiri guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak.

4.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan egindako aldaketa aplikatuz, honako betekizun hauek egiaztatuko dira, eskabidean txertatuko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

– Jakinaraztea eskatu, eta, hala badagokio, jaso dituztela helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zehapen administratibo edo penalik, ez eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenari jarraikiz.

– Ordainduta izatea diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Eskatzailea ez egotea sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzak direla-eta hasitako edozein itzultze- edo zehapen-prozeduratan. Onartu den diru-laguntza guztiz ordaindu arte eutsi beharko zaio eskakizun horri.

– Ez eskatu izana borondatezko konkurtsoaren deklarazioa, ez jo izana edozein prozeduratan kaudimengabetzat, ez egotea konkurtsoan deklaratuta, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, ez egotea esku-hartze judizialaren pean edo ez desgaitua izatea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

– Ez egotea, kausaren batean erruduntzat jotzearren, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa emanda.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea honako lege hauetan jasotako kasuren batean: Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzeko martxoaren 30eko 3/2015 Legea eta Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legea; edo, ez izatea Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

– Zerga-egoitza ez izatea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

– Era berean, erakunde eskatzaileak adieraztea egiazkoak direla eskabidean eta agirietan jasotako datuak, eta betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Ikastetxeko ikasleen kultura-aniztasunari erantzuteko neurriak jasotzen dituzten berariazko laguntza-programak prestatu, gidatu eta kudeatzeko jardueretarako izango dira diru-laguntzak.

2.– Diruz lagundu daitezkeen jardueren tipologia:

a) Irakasleen prestakuntza. Eskola inklusiboaren esparruan prestatzea hezkuntza komunitatea: hezkuntza-laguntzako behar bereziak dituzten ikasleak antzeman, identifikatu eta haiei laguntzea; ikasle guztien parte-hartzea, presentzia eta lorpena laguntzen duten irakaskuntza-ikasketa metodologiak eta estrategiak, baita hezkuntza-laguntzako behar espezifikoak dituzten ikasleena ere; ikasgelako gatazkak eta jokaera-arazo larriak kudeatzea; eskolako elkarbizitza; elkarbizitza linguistikoa; gaitasun intelektual handiak; ikasle atzerritarren eskolaratzea hobetzea; ikasle ijitoen eskolaratzea hobetzea; kulturarteko konpetentzia; jasangarritasuna; ekitatea; solidaritatea eta justizia soziala...

b) Jarduerak ikasleekin. Hezkuntza-irakaskuntza inklusiboetako metodologiak eta estrategiak praktikan jartzea; tutore-ekintzako planari lotutako ekintzak; ikasle atzerritarrak hartzeko ekintzak; hizkuntza indartzeko irakasleen ekintzak...

3.– Modalitateak:

a) Ekimen berriak: ez daude lotuta aniztasunari erantzuteko ikastetxe-planean jasotako proiektu bati ere.

b) Aniztasunari erantzuteko ikastetxe-planean jasotako proiekturen bati lotutako ekimenak edo horrelako proiektuekiko osagarriak diren ekimenak.

Jarduera guztietan izan beharko da ikuspegi inklusiboa, hau da, ikastetxeko ekintza-plan baten barruan egongo da, ikasle eta irakasle guztiei zuzendutakoa izango da, beste eragile batzuek (senideek, talde sozialek...) parte hartzeko eta kolaboratzeko aukerarekin, eta eskola-arrakasta eta -errendimendua hobetzeko helburu orokorrari lotuta.

Indarrean dagoen araudiaren arabera Lehen Hezkuntzan edo Bigarrenean euskara irakasteko behar den titulazioa duten irakasleek irakatsiko dute, baldin eta hala egiten bada.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Artikulu honen 2. atalean aipatzen diren ekintzak gauzatzeko sortutako gastuak lagundu daitezke diruz, hau da, irakasleak prestatzeko jarduerekin edo ikasleekiko jarduerekin lotutako gastuak. Jarduera horiek izan litezke, besteak beste, hizlariak kontratatzea, irakasleak kontratatzea, esperientzia berritzaileak izan dituzten ikastetxeetara bidaiatzea, baliabide bibliografikoak eskuratzea eta metodologia berritzaileak ezartzeko baliabide didaktikoak eskuratzea.

Ordainketa eskuordetuak ez du inola ere estali beharko irakasleak kontratatzeko ordainsari-kostua.

8. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Ohartuz gero akatsen bat edo zehaztasunik eza dagoela aurkeztutako eskabidean edo agirietan, eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea emango akatsak zuzentzeko. Halaber, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, ebazpen bat emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan jasotakoaren arabera.

9. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Ikastetxe bakoitzak jaso ahal izango duen diru-laguntzaren zenbatekoa honako formula honen bidez kalkulatuko da:

Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza:

Laguntza = Ikasle atzerritarren kopurua*300*(1+ikasle bekadunen %)

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko Lanbide Heziketa:

Laguntza = Ikasle atzerritarren kopurua*150*(1+ikasle bekadunen %)

Adibidea: Haur eta Lehen Hezkuntzan, 50 ikasle atzerritar eta ikasleen % 60 bekadun dituen ikastetxe batek 50*300*(1+0,60)=24.000,00 euro jasoko lituzke. Beste ikastetxe batek atzerriko ikasleen kopuru bera badu eta bekadun ikasleak % 80,19 badira, honako hau izango da laguntza: 50*300*(1+0,8019)=27.028,50 euro.

2.– Aurreko irizpideak aplikatu ondoren, ateratzen den kopurua txikiagoa bada 1. artikuluan bi mailetako baterako aipatzen den aurrekontu-kreditua baino, eta beste mailan handiagoa bada, soberako zenbatekoa aldatuko da maila horretara.

3.– Irizpide horiek aplikatu ondoren ateratako guztizko kopurua, hau da, onartutako programa guztiei esleitu beharko litzaiekeena, handiagoa baldin bada 1. artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua baino, proportzionalki murriztuko dira ikastetxe bakoitzerako kalkulatu diren zenbatekoak, laguntzen guztizkoa aipatu mugara egokitu arte.

4.– Jasotzeko den diru-zenbatekoak ezin du inola ere gainditu ikastetxeak justifikatutako zenbatekoa. Aurrekontua txikiagoa bada, aurrekontu horren balioak jarriko du diru-laguntzaren muga.

10. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honen babesean emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira eskatzaileak helburu bererako lortzen duen beste edozeinekin, administrazio publikoek edo erakunde publiko zein pribatuek emanda ere, baldin eta laguntza metatu guztien zenbatekoak gainditzen ez badu laguntza jasoko duen jardueraren kostua. Gaindituz gero, gaindikina bateraezina dela deklaratuko da, eta neurri berean txikiagotuko da agindu honen bidez emandako laguntzaren zenbatekoa.

11. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, hautaketa-batzorde bat eratuko da. Kide hauek osatuko dute:

a) Batzordeburua: Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuaren arduraduna.

b) Kideak:

Hezkuntza Berriztatzeko Lurralde-burutzen arduradunak edo haiek izendatutako ordezkariak.

Berritzegune Nagusiko Aniztasuna eta Elkarbizitza arloko bi aholkulari, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatuak.

Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuko teknikari bat, idazkari-lanak egingo dituena, Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuko zuzendariak izendatua.

2.– Eskabideak hautatzea.

Proiektuak aukeratzeko, I. eranskineko eskabide-baloraziorako baremoa hartuko da kontuan. Ukatu egingo dira GAI balorazioa lortzen ez duten proiektuak (gutxieneko puntuazioa: 100 puntutik 60).

Proiektuak egokiro baloratzeko, ebaluazio-batzordeak eskualdeko Berritzeguneari eskatu ahalko dizkio ikastetxeek aurkeztutako proiektuei buruzko txostenak.

12. artikulua.– Prozedurak kudeatu eta ebaztea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan xedatzen den prozedura kudeatzeko lanak egitea.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko dio ebazpen-proposamena; han adieraziko du zein diru-laguntza ematea (erakunde onuradunak eta emango diren zenbatekoak adierazita) eta zein ukatzea proposatzen duen (eskatzaileen zerrenda eta ukatzeko arrazoiak adierazita).

2.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ebazpena emango du, non zehaztuko baitira emandako diru-laguntzak (erakunde onuradunak eta emandako zenbatekoak adierazita) eta ukatutako diru-laguntzak (eskatzaileen zerrenda eta ukatzeko arrazoiak adierazita):

A: Ikastetxeak ez betetzea atzerritar ikasleen arloan eskatu zaion ehunekoa.

B: Ikastetxeak ez betetzea ikasle bekadunen arloan eskatu zaion ehunekoa.

C: Proiektuak ez lortzea gai izateko eskatzen den gutxieneko puntuazioa.

3.– Sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko dira laguntzak, deialdia argitaratzen denetik aurrera. Ebazpen hau argitara emango da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/eu), eta argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

4.– Aipatutako epea bukatu ondoren, aurreko apartatuan ezarritako eran ebazpenik jakinarazi ezean, interesdunek interpretatu ahal izango dute beren eskabidea atzera bota dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko ezartzen dion betebeharra.

5.– Deialdiko diru-laguntzak esleitzeko prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 18. artikuluaren 3. eta 4. ataletan jasotakoarekin bat etorriz):

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Hortaz, baldin eta, hamabost eguneko epean –ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera–, erakunde onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko dira.

b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Hezkuntzako Ikuskatzaileek ikastetxean gauzatzen diren programei buruz eskatzen dieten informazio oro ematea.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren funtzioak betez, eskatzen dieten informazio oro ematea deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei buruz.

e) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik xede bererako lortutako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak zein diren, bai eta diru-laguntza hau eman zenean zeuden baldintzak zerbaitetan aldatu izana ere.

f) 2019ko urtarrilaren 25a baino lehenago aurkeztea, https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak helbidean, gehienez ere bost orrialde izango dituen memoria bat, non adieraziko baita 2019ko urtarrilaren 18an programa nola dagoen, 3.1 artikuluaren d, e, f eta g atalak azpimarratuta.

2.– Erakunde interesduna erregistratuta ez badago edo erregistratutako datuak aldatu nahi baditu, bide elektronikoz egin ahal izango du erakunde interesdunak izapide hori, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

14. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Zatika ordainduko zaizkie diru-laguntzak ikastetxe onuradunei, hiru ordainketatan:

a) Lehenengoa, 2018ko ekitaldiari dagokiona, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren % 60, deialdia ebatzi ostean, agindu honen 13.1.a) artikuluan aipatzen den epea amaituta gero, baldin eta tartean berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Bigarrena, 2019ko ekitaldiari dagokiona, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren % 20, 2019ko urtarrilean, 13.1.f) artikuluan aurreikusitako memoria aurkeztu eta gero.

c) Ondorengo apartatuan aipatzen diren agiriak dagokion epean jaso ondoren egingo da diru-laguntzaren likidazioa. Ateratzen den guztizko emaitzari –inoiz ez da izango ebazpenean onartutakoa edota egindako guztizko gastua baino handiagoa– kendu egingo zaio lehen bi ordainketen zenbatekoa, eta, behar izanez gero, aldea ordaindu edo erreklamatuko da.

2.– 2019ko irailaren 14a baino lehen, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte diruz lagundutako ikastetxeek https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak helbidean:

a) Gauzatutako berariazko laguntza-programaren deskripzio-memoria, inprimaki normalizatuaren arabera egindakoa: Justifikazio-memoria (II. eranskina), non zehazten baitira, besteak beste, zein mailatarako bideratu den, lortutako emaitzak, programaren balorazio orokorra eta programaren kostu ekonomiko banakatua (hala badagokio, IV. eranskineko irakasle-kostuak jasoko dituena).

b) Egindako berariazko laguntza-programan jasotako langile-gastuen ziurtagiria, inprimaki normalizatuaren arabera egindakoa: irakasle-kostuen ziurtagiria (IV. eranskina), non agertuko baitira parte hartuko duten irakasleen kostu banakatuak. Irakaskuntza-jarduera hori gauzatuz gero baino ez da aurkeztu behar inprimaki hori.

c) Langile horien Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egiaztatzeko agiriak –TCak edo pareko beste agiriren bat–, zer egoera laboraletan dauden egiaztatzearren. Irakaskuntza-jarduera hori gauzatuz gero baino ez dira aurkeztu behar agiri horiek.

d) Izandako beste gastu batzuen frogagiriak, baldin eta berariazko programaren parte badira gastu horiek. Gastu horiek eginez gero baino ez dira aurkeztu behar agiri horiek.

e) Eskola Kontseiluaren onespenaren ziurtagiria, egindako programa onesteko dena.

Egoitza elektroniko honetan eskura daitezke artikulu honetan aipatzen diren eredu normalizatuak: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/aniztasuna-berezi/y22-izapide/eu/

3.– Jasotzeko den diru-zenbatekoa ezingo da inola ere ikastetxeak egiazki egindako gastua baino handiagoa izan. Artikulu honen 2. apartatuko deskripzio-memorian justifikatutako zenbatekoa txikiagoa bada hasieran onartu eta ordaindutako zenbatekoa baino, justifikatutako zenbatekoak ezarriko du diru-laguntzaren muga. Horrek ebazpena aldatzea ekarriko du, ebazpenaren zenbatekoa justifikatutako zenbatekora egokitu arte aldatu ere, eta, hala badagokio, hurrengo artikuluan jasotzen den itzultze-prozedura eragingo du.

15. artikulua.– Ez-betetzeen araubidea.

1.– Diru-laguntzen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubidearen pean egongo dira, eta, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, honako kasu hauetan itzuli beharko dute eman eta jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):

– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan jasotako itzulketa-kausaren bat badago.

– Eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede horrexetarako erabiltzen ez bada diru-laguntza.

– Diru-laguntza eragin zuen jarduera gauzatzen ez bada.

– Diru-laguntza zertarako eman zen, helburu horrexetarako erabili dela justifikatzen ez bada.

– Oro har, betetzen ez badira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan ezarritako betebeharrak, agindu honetan ezarritakoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta ezartzen horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak, hargatik eragotzi gabe bideratu beharreko beste ekintza guztiak. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

16. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen direnean, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da, baldin eta diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada. Horretarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak likidazio-ebazpen bat emango du, eta, han, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berregokituko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 25a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
ESKABIDEAK BALORATZEKO BAREMOA – BERARIAZKO LAGUNTZA-PROGRAMAK

1.– Proiektuaren testuingurua eta justifikazioa: 40 puntu, gehienez.

1.1.– Ikastetxeak egin duen ibilbidea arlo hauetako jarduketak, programak, proiektuak, prestakuntza eta abar sustatzen: atzerriko ikasleak hartzeko plana; ikasle etorri berriari emandako hizkuntza indartzea; kulturarteko konpetentzia; dibertsitate handiko egoerei erantzuteko irakaskuntza-estrategiak... (5 puntu, gehienez).

1.2.– Lan-egitasmoak diagnostikoan atzemandako beharrizanekin duen lotura (5 puntu, gehienez).

1.3.– Lortu nahi diren helburuen argitasuna eta zehaztasuna (10 puntu, gehienez).

1.4.– Prestakuntza-jarduerek eta ikasleekiko esku-hartze jarduerek duten zehaztasuna (15 puntu, gehienez).

1.5.– Genero-ikuspegiaren txertaketa (5 puntu, gehienez).

2.– Proiektuaren bideragarritasuna, aplikagarritasuna eta kudeaketa: 20 puntu, gehienez.

2.1.– Jardueren plangintza eta tenporalizazioa (5 puntu, gehienez).

2.2.– Koordinazio-egiturak ezartzea eta ardurak banatzea (5 puntu, gehienez).

2.3.– Erabili nahi diren materialak eta baliabideak antolatu eta zehaztea (5 puntu, gehienez).

2.4.– Material didaktikoa, zientifikoa edo teknologikoa sortzea (5 puntu, gehienez).

3.– Emaitzen ebaluazio-plana: 20 puntu, gehienez.

3.1.– Proiektuan markatutako helburuen lorpena adierazten duten ebaluazio-irizpideak zehaztea (10 puntu, gehienez).

3.2.– Ebaluazio-tresnak eta ebaluazio-aldiak ezartzea (10 puntu, gehienez).

4.– Aurrekontua justifikatzea: 10 puntu, gehienez.

4.1.– Eskatutako aurrekontua koherentea izatea lan-egitasmoarekin eta ikastetxearen baliabideekin (5 puntu, gehienez).

4.2.– Eskatutako zuzkiduraren banakapenari buruzko azalpenak (5 puntu, gehienez).

5.– Proiektuaren eragina: 10 puntu, gehienez.

5.1.– Proiektuan parte hartuko duen irakasle- eta talde-kopurua (5 puntu, gehienez).

5.2.– Proiektua zabaltzeko eta hezkuntza-komunitatearen eta familien parte-hartze aktiboa sustatzeko neurriak (5 puntu, gehienez).

Proiektua gaitzat jotzeko, 60 puntu behar dira.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala