Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

168. zk., 2018ko abuztuaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

SOCIEDAD PARA LA TRANSFORMACIÓN COMPETITIVA-ERALDAKETA LEHIAKORRERAKO SOZIETATEA, S.A. (SPRI)
4396

IRAGARKIA, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAko (SPRI) Zuzendaritza Nagusiaren 2018ko abuztuaren 3ko Ebazpenari buruzkoa, «Industrialdeetarako Renove Plana – urbanizazioa» Programa arautuko duen araudia onartzen duena.

2018ko abuztuaren 3an, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAko (SPRI) zuzendari nagusiak, «Industrialdeetarako Renove Plana – Urbanizazioa» Laguntza Programa argitaratzeari buruzko Ebazpena eman zuen, honako eduki honekin:

Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAk (SPRI), Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko sozietate publikoak, hainbat ekintza egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta enpresen garapena sustatzeko.

Zentzu horretan, SPRIk hainbat ekintza gauzatzen ditu 2017-2020 Industrializazio Planean jasotako helburuak betetzeko. Ekintza horien artean aipatzekoa da lehiakortasunerako testuingurua hobetzea, lehendik dauden industrialdeak modernizatuz eta azpiegitura fisikoak berrituz. Ondorioz, Laguntza Programa hau diseinatzean helburu nagusia izan da enpresen lehiakortasuna hobetuko duten ekintzak sustatzea, laguntza emanaz lehendik dauden Industrialde eta Enpresa Parkeak modernizatzeko eta horietako elementu zehatzak hobetzeko proiektuei.

Gorago adierazitakoaren arabera,

HAUXE ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAren Administrazio Kontseiluak 2018ko otsailaren 12ko saioan onartutakoarekin bat etorriz:

1.– «Industrialdeetarako Renove Plana – Urbanizazioa» laguntza programaren araudia onartzea, zeinaren edukia atxikita baitago ebazpen honen eranskinean.

2.– «Industrialdeetarako Renove Plana – Urbanizazioa» laguntza programaren araudia onartzen duen ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Bilbao, 2018ko abuztuaren 3a.

Zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

ERANSKINA
«INDUSTRIALDEETARAKO RENOVE PLANA – URBANIZAZIOA» LAGUNTZA PROGRAMA

Industrialdeetarako Renove Plana – Urbanizazioa izeneko programa honen helburua da industrialdeetako nahiz jarduera ekonomikoko guneetako azpiegiturak eta lehiakortasuna hobetzea, kudeaketa-ekintza integral bat garatuz.

Euskadik daukan lurzoru eskaintza oso jarduera ekonomiko ezberdinetara zuzenduta dago eta era guztietako egoerak erakusten ditu, dela definizioari, dela ezaugarriei dagokienez: badira 70eko hamarkada baino lehen garatutako lurzoruak (industrialdeak), dagoeneko finkatuta daudenak, badira berriki eraldatutako enpresa-sareak, eta badira ere okupazio maila desberdinekin aktibo dauden espazioak.

Hainbeste egoera ezberdin egon arren, kasu guztietan ageri da ezaugarri komun bat, azken urteotako egoera ekonomikoak areago indartu duena, hots, gero eta nabe edo lursail gehiago daudela hutsik industrialdeetan eta jarduera ekonomikoko guneetan, eta oso gutxi –edo batere ez– inbertitzen dela lagapen publikoko espazio horietan. Horren ondorioz, industrialdeek eta jarduera ekonomikoko guneek halako gune kaltetu itxura hartzen dute askotan, ezen zaila egiten baita, batetik, gune horietan kokatutako enpresen lehiakortasuna hobetzea eta, bestetik, jarduera berriak kokatzea hutsik dauden espazioetan. Joera horrek areago larritzen ditu egoera batzuk, zeintzuetan hasieratik bertatik baitzeuden gabeziak eta hutsuneak, bai urbanizazioaren arloan, bai gune horien mantenimendu eta zerbitzu-azpiegituren zainketan. Antzeko egoera dute pabilioi indibidualei edo industria-haztegiko pabilioi modularrei zerbitzua ematen dieten urbanizazio-gune pribatiboek ere.

Ikuspegi funtzional edo konpetentzial batetik, ezin da alde batera autzi Industrialdeetako eta Jarduera Ekonomikoko gainerako gainerako gune publikoak mantentzeko zeregina, berez, eta gehienbat, gune publiko horien administrazio titularrei dagokiela.

Hala eta guztiz ere, hori esanda, egia da baita ere herrialdearen ezaugarri fisikoen eta orografikoen ondorioz, aipatutako gune horien zati handi bat EAEko kokagune desberdinetan sustatu direla, kontuan hartu gabe, edo behar bezala baloratu gabe, gerora gune horiek mantentzeak nolako zama ekarriko zion tokiko administrazioari. Izan ere, joan den hamarkadaren amaierara arte, Estatuan eta Erkidego Autonomoetan lurzorua eta hirigintza arautzeko ematen diren arauak ez ziren hasi Iraunkortasun Planak eta antzeko tresnak lantzeko beharra aurreikusten, tokiko Administrazioarentzat industri edo enpresa erabilerarako hirigintzako esparruak eragingo duen inpaktu ekonomikoa zehaztu ahal izateko.

Horregatik, deskribatu denaren arabera, ulertu badaiteke ere udal eskumen baten aurrean gaudela, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko legearen 17. artikuluko 3,9 eta 16 paragrafoetan adierazten den bezala, ezin da ukatu Industrialdeen eta Enpresa Guneen egoera gure sektore industrialaren lehiakortasuna kaltetzen hasita dagoela. Herrialdeak dituen zailtasun orografiko nabarmenak kontuan hartuta, bereziki Gipuzkoako eta Bizkaiko tradizio industrial handiko guneetan, lehendik dauden jarduera ekonomikoko sektoreetan esku hartzea oso garrantzitsua da Administrazioarentzat, batez ere ekonomiaren eta industriaren sustapenean eskumena duen autonomikoarentzat, izan ere, gure herrialdean industri sektorearen pisua ingurukoetan baina handiagoa da.

Egoeraren diagnostiko horrek erakusten du jarduera ekonomikoko guneen kudeaketa-eredu tradizionalek eboluzionatu egin behar dutela kudeaketa-eredu parte-hartzaile bihurtzeko, non enpresariak, enpresak eta erakundeak izango baitira beharrezko diren sinergiak bilatu eta indartu behar dituztenak lehiakortasuna hobetzeko eta, horrez gain, industrialdea bera mantentzeko eta hobetzeko. Inplikaturiko erakunde guztien lankidetzaren bitartez sortu ahal izango da Industrialdeak kudatzeko eredu berri bat, tokiko Administrazioaren eta enpresarien artean partekatua, eta erantzukizunak eta zama ekonomikoak partekatuta.

Horrenbestez, aipatu estrategia bultzatzeko eta garatzeko helburuarekin, egoki dirudi Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak laguntza politika espezifiko eta berezi bat sustatzea, SPRIren bitartez, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailaren mendeko erakundea den heinean, Sail hori halaber eskumenduna delarik ekonomiaren sustapen eta industri antolamenduko gaietan. Hori Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legearen, apirilaren 7koaren, 111 artikuluan babestuta, eta arau horrek eskatzen dituen baldintza konbentzionalak beteta. Eszenatoki horretan, badirudi komenigarria dela inbertsio publikoko ildo bat irekitzea jarduera ekonomikoko espazio horietan ekintza puntual eta mugatuak bultzatzeko eta sustatzeko, hiru helburu hauekin:

– Arazo zehatzak konpontzea industrialdea hobeto egokitu dadin kokatuta dauden eta kokatu nahi duten enpresetara, espazioak kualitatiboki hobetzeko, erakargarriagoak egiteko, eta balioa emateko.

– Lurzoru industrialari aplikatzea hiriguneetan garatzen ari diren birgaitze politika aktiboak.

– Enpresa arteko elkarteak eta Administrazioen eta enpresen arteko lankidetza sustatzea, jarduera ekonomikoko guneak kudeatzeko eta hobetzeko.

Funtsean, Programa honen helburua da diru-laguntza ildo bat ezartzea udalentzat eta bestelako toki administrazioentzat, jabe-komunitateentzat, enpresari elkarteentzat, eta industrialde batean edo jarduera ekonomikoko gune batean kokatuta dauden enpresentzat (bakarka edo lankidetzan), dela diagnostikoak egiteko, dela gune horietan hobekuntza eta birgaitze proiektu eta lanak egiteko. Jarduera hori nolabaiteko salbuespenezko paranorama batean kokatzen da, aipatu Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 111 artikuluan xedatutakoari jarraituz, eta ez du jarraitzeko bokaziorik, deialdiak derrigortzen duen urte aniztasunetik harantzago, esan den bezala, Euskadiko industrialdeen eta gune ekonomikoen narriadura egoera iraultzeko helburuarekin. Ildo horretan, egiaztatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aldetik borondatea dagoela deskribatutako norabidean lan egiteko, adierazitako helburuak bete eta gero, eta industrialdeak kudeatzeko eta mantentzeko eredu berri baterako oinarriak jarri eta gero, enpresak eta tokiko Administrazioa izan daitezen beharrezko ahaleginak bideratuko dituztenak, aipatu espazio horiek zuzen funtzionatzeko eta kontserbatzeko, betiere bermatuta denboran iraungo dutela, dauden enpresentzat duten erakarmena mantenduz, eta inplikaturiko eragile guztien artean sortu eta/edo erakarri ditzakegun proiektu berrientzat erakargarriak izan daitezen.

Laguntza programa hau Eusko Jaurlaritzak enpresa arloan bultzatzen dituen plan estrategikoen barruan sartzen da, eta irmoki bultzatzen ari diren beste laguntza programa batzuk osatzera dator; azken horiek helburutzat dute, besteak beste, belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzea Euskadiko industrialdeetan edo energia eraginkortasuna eta aurrezkia sustatzea udaletan (EEEren laguntza-programak). Hain zuzen ere, EEEk laguntza-ildo bat bultzatuko du Industrialde eta Jarduera Ekonomikoko Guneetarako, energia eraginkortasunarekin lotutako berrikuntzak laguntzeko.

Eta horren guztiaren helburua izango da garapen industrialeko estrategia integral bat garatzea euskal enpresen posizionamendua hobetzeko.

1. artikulua.– Helburua.

Programa honen helburua da laguntza ematea Industrialdeetan, Enpresa Parkeetan eta Jarduera Ekonomikoko Guneetan kokatutako urbanizazio-gune publiko eta pribatuak berrurbanizatu, zaharberritu, birgaitu eta hobetzeko proiektuak eta ekintzak gauzatzeko. Industrialde, Enpresa Parke eta Jarduera Ekonomikoko Gune bezela, udal-plangintzan jasota dauden guneak, eta profil industrial, logistiko edo tertziarioko jarduera ekonomikoak garatzeko kalifikatuta daudenak ulertu beharko dugu. Ezingo dute diru-laguntzarik hartu Merkataritza Azalera Handietan, Merkataritza Guneetan edo nagusiki merkataritza-jardueretara bideratutako lursailetan egitekoak diren proiektuek.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Programa honen bidez ematen diren diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko fondo galdurako diru-laguntzak izango dira.

2.– Programa hau gauzatu eta ebaztean bete egin beharko dira publizitate, lehia eta objektibotasun printzipioak.

3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honen ondorioetarako, definizio hauek finkatzen dira:

1.– «SPRI». Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietatearen izen komertziala (SPRI), Eusko Jaurlaritzaren Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikitako sozietate publikoa.

2.– «SPRILUR». SPRI Taldearen Sozietate Publikoa, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomi Garapen eta Azpigitura Sailari atxikia.

3.– Erantzukizunezko aitorpena. Erakundearen legezko ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, hauek egiaztatzen dituena:

a) Erakundeko legezko ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

b) Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) edo Kodea (IFK) eta baltzuaren helbidea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan daudela eskatzailearen egoitza eta diruz laguntzeko moduko ekintzak (Laguntza Eskaeran azaldutakoak) hartuko dituen Jarduera Ekonomikoko Gunearen egoitza.

d) Egunean dagoela Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta baita ere Eusko Jaurlaritzarekiko betebeharretan, eta ez daukala iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI Taldeko ezein enpresarekin.

e) Enpresak badira, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntzen zerrenda, bertan adieraziz laguntza hori noiz eman zen (edo noiz likidatu zen), zein organismok eman zuen, zein programaren barruan, eta emandako (edo likidatutako) laguntzaren zenbatekoa.

f) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edota haiek emandako diru-laguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren barruan eta laguntzaren zenbatekoa.

g) Ez dagoela arau honen 5.2.f) artikuluan aurreikusitako egoeraren batean.

h) Konpromisoa hartzen duela jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa islatzeko, baldin eta itzultzea agintzen duen ebazpen bat ematen bada.

i) Konpromisoa hartzen duela araudi honen 10.8.b) artikuluan adierazitakoa betetzeko.

j) Baimena ematen diola SPRIri ziurtagiriak eska diezazkien Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eta Araba, Bizkaia nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiei, ziurtagiri horien bidez bermatzeko ordezkatutako enpresak zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela. Horrela, aurkeztutako laguntza eskaerak aztertu edo ordaindu ahal izango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50.3 artikuluari jarraiki, zeinak Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen baitu.

5.– Erakundea. Diruz lagundutako jarduera ekonomikoa egiten duen pertsona juridikoa, horretarako titulu juridikoa daukalarik.

6.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbateko gordina, diruz lagun daitezkeen kostuen ehunekoaren bidez adierazia. Kopuru hori zergen edota bestelako kargen kenkarien aurretikoa izango da.

7.– Jarduera Ekonomikoko Guneak. Udal-plangintzan jasota dauden guneak, eta profil industrial, logistiko edo tertziarioko jarduera ekonomikoak garatzeko kalifikatuta daudenak.

8.– Urbanizazio Publikoa, Ekipamenduak eta zuzkidurak. Dagokion instrumentu urbanistikoaren bitartez erabilpen publikoko lursail gisa definituta daudenak eta xede hauetarako erabiliko direnak: errepideak, espazio libreak, aparkalekuak, zuzkidurak, erabilpen anitzetarako ekipamendu publikoak, e.a.

9.– Urbanizazio pribatua. Gune ez eraikigarria, eraikuntza pribatiboari zerbitzu ematen diona, eta aparkaleku, ibilgailuen maniobragarritasunerako gune, espazio libre, eta abarretarako esparru gisa erabiltzen dena.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Programa honen xederako, hots, diru-laguntzak emateko erabiliko diren baliabide ekonomikoak 3.100.000 eurorainokoak dira, eta, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietateak bere aurrekontuetan horretarako sortutako zuzkiduretakoak izango dira, zeintzuk sartuta baitaude Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

2.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (www.spri.eus) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez.

3.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste diru-laguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte diruz lagundu daitezkeen proiektuak egiteko titulu juridikoa daukatenek, zehazki, Udalek, Udal Mankomunitateek, Koadrila eta Administrazio Batzordeek, Kontzejuek, Kontserbaziorako Erakunde Urbanistikoek, Enpresa Komunitate edota Elkarteek, eta oinarri hauetan aurreikusitako ekintzak Industrialdeetan, Enpresa-parkeetan eta Jarduera Ekonomikoko Guneetan gauzatzen dituzten enpresek (bakarka nahiz lankidetzan).

2.– Onuradunek ondoko baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Diru-laguntza bideratzea Programa honen oinarrietan aurreikusitako ekintzetara, hau da, EAEn kokatutako Industrialde, Enpresa-parke eta Jarduera Ekonomikoko Guneetara.

b) Urbanizazio Publikoari dagokionez, zuzenbidean onartutako edozein bitartekoren bidez egiaztatzea zilegi duela aritzea diru-laguntzaren xede den Industrialdean, Enpresa-parkean edo Jarduera Ekonomikoko Gunean, argi adieraziz erantzukizuna hartzen duela egoera onean mantentzeko urbanizazio publikorako, ekipamenduetarako, zuzkidurarako edo jabari publikorako espazio guztiak edo batzuk.

c) Toki Administrazioei dagokienez, SPRIrekin Diru Laguntzak Arautzeko Hitzarmen bat izenpetzea, zeinean diru laguntza emateko baldintzak zehaztuko diren, araudi honetan, Euskadiko Toki Erakundeen Legean eta gainerako arau aplikagarrietan xedatutakoa aplikatuz.

d) Urbanizazio Pribatuari dagokionez, zuzenbidean onartutako edozein bitartekoren bidez egiaztatzea zilegi duela aritzea aipatu azalera horretan.

e) Enpresa egunean egotea Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekiko eta bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta baita ere Eusko Jaurlaritzarekiko betebeharretan, eta ez izatea iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI Taldeko ezein enpresarekin.

f) Ondoko egoeraren batean ez egotea:

Lehenengoa.– Diru-laguntza publikoak lortzeko edota Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioarekin edo bere sektore publikoarekin kontratatzeko legezko debekua edo gaitasun gabetzea izatea, horren barruan sartzen direlarik sexu bazterkeriagatik egoera horretan daudenak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera.

Bigarrena.– Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela.

Hirugarrena.– Legegintzako 1/1997 Dekretuaren 50. artikuluko egoeretan eta 13/2003 Legearen 13. artikulukoetan egotea, zeinaren ondorioz ezin baita izan laguntzen onuradun.

Laugarrena.– Enpresen kasuan, 200.000 eurotik gorako minimis laguntza bat jaso izana, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Baldin eta enpresa onuradunak besteren konturako garraio operazioak egiten baditu errepideko garraio-sektorean, gehiengo hori 100.000 eurora jaitsiko da. Beste laguntza batzuekiko metatze-arauak Programaren 11. artikuluan daude zehaztuta.

Bosgarrena.– Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.

Seigarrena.– Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, betiere abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz.

Zazpigarrena.– Bere jarduera garatzea sektore hauetakoren batean: (i) arrantza eta nekazaritza, (ii) nekazaritzako produktuen lehen mailako produkzioa, eta (iii) nekazaritza produktuen eraldaketa eta merkaturatzea, 1407/2013 Araudiaren 1.1(c) artikuluan aurreikusitako kasuetan.

Zortzigarrena.– Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo diru-laguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada), edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Eskatzailea dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozedura baten barruan badago, horren emaitza ikusita emango –edo, hala badagokio, ordainduko– da laguntza.

3.– Laguntza eskaerak aurkezten diren unetik likidaziora arte, laguntzen onuradun izateko baldintzak bete beharko dira.

6.– Artikulua. Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Urbanizazio publiko arloan diru-laguntzak jasotzeko moduko ekintzatzat joko dira Industrialde, Enpresa-parke eta Jarduera Ekonomikoko Guneetako lursailen urbanizazio, ekipazio, zuzkidura eta jabari publikoak Berrurbanizatu, Zaharberritu, Birgaitu eta Hobetzeko Proiektuak idaztea nahiz Gauzatzea, hartara gune horiek berritzeko eta hobeto baliatzeko euren erabiltzaile diren enpresa eta hiritarren aldetik. Era berean, diruz lagundu ahal izango da espazio horien gaineko Diagnostiko Azterketak eta Mugikortasun Planak egitea, eta baita ere euren kudeaketa integrala hobetzeko ekintzak garatzea, Enpresari Elkarteak sortuz.

Industrialde, Parke edo Jarduera Ekonomikoko guneak gutxienez 25.000 m2ko azalera izan beharko du, eta urbanizazio lanek bukatuta egon behar dute 2012ko abenduaren 31 baino lehen.

Urbanizazio pribatuari dagokionez, diruz laguntzeko moduko ekintzak izango dira eraikuntzari zerbitzua ematen dieten gune ez eraikigarriak Berrurbanizatu, Zaharberritu, Birgaitu eta Hobetzeko Proiektuak idaztea nahiz gauzatzea.

Ezingo dute diru-laguntzarik hartu Merkataritza Azalera Handietan, Merkataritza Guneetan edo nagusiki merkataritza-jardueretara bideratutako lursailetan egitekoak diren proiektuek.

Jarduera horiek zerikusia izan behar dute epigrafe hauetako batekin edo batzuekin:

1.– Industrialdeen kudeaketa integrala hobetzeko ekintzak garatzea, horretarako sortuz Industrialdearen Kontserbazioa eta Birgaikuntza helburutzat duten Enpresari Elkarteak.

2.– Industrialdeen egoeraren Diagnostiko Azterketak egitea, bertan adieraziz zeintzuk diren berrurbanizatze, zaharberritze eta birgaitze premiak, zein den lanen kostua, zein epetan egingo diren inbertsioak, e.a.

3.– Mugikortasun Planak egitea.

4.– Proiektuak egitea edo lanak garatzea ondoko hauetarako:

– Industrialdeko zerbitzu-azpiegiturak berritzea eta hobetzea (kanalizazioak, ura biltzeko sistemak, e.a.).

– Errepide publikoak berritu eta hobetzea (zoladura, margotutako elementuak, aparkalekua, seinaleak, hiriko altzariak).

– Industrialdeen irisgarritasuna hobetzeko ekintzak (exekuzioa, espaloiak konpontzea eta jaistea, bidegorriak egitea, oinezkoentzako pasabideak, e.a.).

– Garraio publikoaren mugikortasuna hobetzeko ekintzak (autobus geltokiak, markesinak, informazio sistemak, e.a. hobetzea).

– Jarduera Ekonomikoko Guneko garbiketa, hondakinen bilketa selektiboa eta ingurumen inpaktua murrizteko neurriak hobetzeko ekintzak.

– Ekipamendu sozialak eta kirol-ekipamenduak aprobetxatzea, besteak beste, balizko instrumentu urbanistikoak idaztea beren erabilpenak aldatzeko eta horrela hobeto aprobetxatzeko.

– Gune berde erabilpenaren hobekuntza.

– Urbanizazio pribatua berritu eta hobetzea.

Atal honetara biltzen diren diruz laguntzeko moduko ekintzek laguntza hauek jasoko dituzte:

– Onartutako gastu eta inbertsio hautagarrien % 50.

Urbanizazio Publikoko ekintzetarako diru-laguntzek muga hauek izango dituzte:

– 8.000 euro ekintza bakoitzeko, baldin ekintza bada Enpresari Elkartea sortzea.

– 8.000 euro ekintza bakoitzeko, baldin ekintza bada Diagnostiko eta Beharren Azterketak egitea.

– 8.000 euro ekintza bakoitzeko, baldin ekintza bada Mugikortasun Planak egitea.

– 50.000 euro ekintza bakoitzeko, baldin ekintza bada Proiektua idaztea.

– 150.000 euro ekintza bakoitzeko, baldin ekintza bada Proiektua gauzatzea eta Obra zuzentzea.

– 200.000 euro ekintza bakoitzeko, baldin ekintza bada Proiektua Idatzi eta Gauzatzea Lan Zuzendaritza batekin, eta Idatzi eta Gauzatzeko kasuetarako esandako muga partzialekin.

Urbanizazio Pribatuko ekintzen diru-laguntzek muga hauek izango dituzte:

– 15.000 euro ekintza bakoitzeko, baldin ekintza bada Proiektua idaztea.

– 50.000 euro ekintza bakoitzeko, baldin ekintza bada Proiektua gauzatu eta Lana zuzentzea.

– 65.000 euro ekintza bakoitzeko, baldin ekintza bada Proiektua Idatzi eta Gauzatzea Lan Zuzendaritzarekin, eta Idatzi eta Gauzatzeko esandako muga partzialekin.

7. artikulua.– Gastu eta inbertsio hautagarriak.

1.– Gastu eta inbertsio hautagarriak izango dira diruz laguntzeko moduko ekintzekin zerikusia duten eta 6. artikuluan azalduta dauden ekintzak, baldin eta ondoko hauek gauzatzen badituzte: ingeniaritzek, aholkularitzek, arkitektura estudioek, lege-aholkularitzek eta aholkularitza teknikoek, enpresa eraikitzaileek, lanak gauzatzen dituzten enpresek eta zerbitzu enpresek, eta hala badagokio, Notaritzek eta Erregistroek.

2.– Diruz laguntzeko moduko ekintzak Laguntza Eskaeraren aurkezpen elektronikoa egin eta gero hasiko dira, eta gehienez 12 hilabetean gauzatu beharko dira, diru-laguntza eskaera egiten den egunetik aurrera.

Salbuespen gisa, tramitaziora onartuko dira 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako ekintzen laguntza eskaerak, eta eskaera aurkeztean aribidean daudenak, betiere, eskaerak araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean aurkezten badira.

3.– Gastu hautagarriei dagozkien kontratuak egingo dituzten erakundeek ezingo dute izan zuzeneko nahiz zeharkako loturarik –pertsonala, akzio bidezkoa, e.a.– erakunde eskatzailearekin.

4.– Ez dira gastu hautagarritzat joko erakunde onuradunak egingo dituen ekintzekin zerikusia duten langile propioen gastuak.

8. artikulua.– Gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

1.– Gastu hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:

a) Gastu hautagarriek lotura zuzena izango dute programa honen helburu den jarduerarekin, eta bere artikuluetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

c) Programaren Batzorde Exekutiboaren iritziz proiektuaren gastu-aurrekontua handiegia bada antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, bere esku egongo da gastu hautagarrien oinarria murriztea, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.

d) Ez dira gastu hautagarritzat hartuko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edota bere mendeko sozietateek indarrean dituzten beste programa batzuen bidez lagundutako kontzeptuak edota gastuak.

e) Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da izango gastu hautagarria.

9. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

Deialdi honen xede diren laguntzak diru-laguntza gisa egituratuko dira onartutako gastu eta inbertsio hautagarriei buruzko neurrietan adierazitako portzentaje eta kopuruetan.

Diruz laguntzeko moduko ekintza bat edo gehiago egiteko ekitaldian zehar, erakunde bakoitzak urtean 200.000 euroko diru-laguntza jasoko du gehienez.

10. artikulua.– Laguntzak metatzea, mugak eta azpi-kontratazioa.

1.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

Aurrekoa gorabehera, deialdi honetan onartutako proiektuek ez dute diru-laguntzarik jasoko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eta haren mendeko sozietateen beste programa batzuetan.

2.– Programa hau aplikatuz enpresentzat emango diren laguntzak de minimis laguntzak izango dira.

3.– Enpresa onuradun batek jaso dezakeen gehienezko minimis laguntza ezingo da izan 200.000 eurotik gorakoa, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Baldin eta enpresa onuradunak besteren konturako garraio operazioak egiten baditu errepideko garraio-sektorean, gehiengo hori 100.000 eurora murriztuko da (horrez gain, laguntza ezingo da erabili merkatu-gaiak errepidez garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hortaz, programa honetan aurreikusitako laguntzak ez dira esleituko, baldin eta esleitutako laguntzak muga hori gainditu badezake hain justu ere onuradunak eskuratutako beste minimis laguntza batzuk erantsi ondoren. Berdin dio laguntza horiek zein administraziok esleitu dituen.

4.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo diru-laguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

5.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

6.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

7.– Epeka ordainduko diren laguntzak ematen diren momentuan duten balioaren arabera eguneratuko dira.

8.– Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin azpi-kontratatzea edo kontratatzea.

a) Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, ulertuko da onuradun batek azpi-kontratazio bat egin duela, baldin eta hirugarrenekin adosten badu partzialki edo osorik gauzatzea diru-laguntzaren xede den jarduera. Ez dira kontzeptu horretan sartuko onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuak. Zentzu horretan, posible da hirugarrenak azpi-kontratatu edo kontratatzea diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100eraino, eta hirugarrenen azpi-kontratazio edo kontrataziorako aplikagarri izango dira 29. artikuluan jasotako gainerako aurreikuspenak.

b) Diru-laguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, baldintza bereziak tarteko, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo gastua diru-laguntza eman baino lehen egin bada. Hori guztia onuradunak, bere izaeragatik, kontratatzeko men egin beharreko beste prozedura batzuen kalterik gabe.

Aurkeztu diren eskaintzak –justifikazio fasean edo, bestela, diru laguntza eskaeran aurkeztu behar direnak– efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatuko dira. Hautatutakoak proposamen ekonomikorik onenak ez badira, berariaz zuritu beharko dira memoria batean.

9.– 1407/2013 Erregelamenduan (EB) xedatutakoa betetzen dela bermatzeko finkatutako mekanismo orokorrak alde batera utzi gabe, EEEk (Energiaren Euskal Erakundea) eta SPRIk programa honekin, eta EEEk bultzatutakoa, lotuta aitortutako laguntzak emateko prozesuan, elkarri jakinaraziko dizkiete emango dituzten laguntzak, finkatutako muga kuantitatiboak ez gainditzeko. Bi erakundeen laguntzen baturak muga hori gaindituz gero, laguntzetako zeini uko egiteko prest egongo litzatekeen edo laguntzetako zein murriztuko lukeen aukeratu ahalko du onuradunak, eta aurretiaz esleitutako laguntzaren zati bati edo osoari uko egiteko aukera izango du, betiere dagokion deialdian zehaztutako gainerako arauak betetzen badira.

11. artikulua.– Laguntza eskaera.

1.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza eskaera egiteko formularioa bete beharko dute SPRIren webgunean.

2.– Eskaera hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIri egindako bidalketa telematikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.

3.– Laguntza eskaeran jaso beharko dira erakunde eskatzailearen, bere legezko ordezkariaren, erakunde barneko harremanetarako pertsonaren eta diru-laguntzaren ordainketa egiteko bankuko kontuaren identifikazio-datuak.

4.– Laguntza eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunezko aitorpena, 3.3 artikuluan definituta dagoena.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordearen kopia edo ahalorde hori eman izanaren akordioaren ziurtagiri orijinala.

c) Erakunde onuradunaren IFZ.

d) Erakundeak dagozkion zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edo bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharrak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak; eta berariazko baimena SPRIri eska diezaien organo eskudunei egiazta dezatela benetan bete direla zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

e) Finantza erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko.

f) Urbanizazio Publikoko proiektuetarako, eskatzaileak diru-laguntza eskatzen den Industrialde, Parke edo Jarduera Ekonomikoko Gunean aritzea zilegi duela ziurtatzen duen dokumentuaren kopia baliagarria, non adieraziko den eskatzaileak baduela interesa edo erantzukizuna hartzen duela egoera onean mantentzeko urbanizazio publikorako, ekipamenduetarako, zuzkiduretarako eta horien jabari publikorako espazio guztiak edo batzuk. Orobat aurkeztu beharko da proiektua garatuko den lursaileko Udalaren ziurtagiri bat esanez lursail hori jarduera ekonomikorako gune batean kokatuta dagoela, 25.000 m2.tik gora dituela, eta bere urbanizazio lanak bukatuak zirela 2012ko abenduaren 31a baino lehen.

g) Urbanizazio Pribatuko proiektuetarako, proiektua gauzatuko den espazioaren titulartasuna (bakarkakoa ala partekatua) egiaztatzen duen erregistroko ziurtagiria. Alokairuan daudenek egoera hori akreditatu beharko dute espazioaren erabilera baimentzen duen lagapen kontratua aurkeztuta.

h) Memoriaren proiektua, hor sartuz:

– Proiektuaren laburpena, proiektuaren xede den espazioaren egungo egoerari buruzko memoria (gehienez 10 orrialde), lanak hasteko eta bukatzeko aurreikusitako data, eta proiektuaren kokapena.

– Proiektuaren aurrekontua partidaka banakatuta, balizko hornitzaileen eskaintzekin, fakturekin edo proformekin.

i) Baimena SPRIri honek eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak izatea eta, era berean, kontsulta dezan enpresa JEZen (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan) alta emanda dagoen epigrafea.

5.– Lankidetzako proiektuak badira (Urbanizazio Pribatukoak edo Enpresari Elkarte bat sortzeko proiektuak), enpresa eskatzaileek laguntza eskaera bakarra aurkeztu behar dute proiektu bakoitzeko, egitasmoan partaide diren guztien legezko ordezkariek modu digitalean sinatua. Programa honetatik eratorritako betebehar guztiei solidarioki erantzungo diete enpresa partaide guztiek. Erakunde onuradunen ahaldunetako batek proiektuaren buruzagitza hartu behar du, egitasmoaren garapenaz eta kudeaketaz arduratzeko eta proiektuak aurrera egin dezan SPRIrekin izan beharreko bitartekaritza- eta harreman-funtzioak bere gain hartzeko, bai eta erakunde horren parte-hartze maila islatzeko, lankidetza-proiektuko gainerako enpresa guztiek duten erantzukizun solidarioa alde batera utzi gabe.

6.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotzat joko dituzte diru-laguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora posta elektronikoz bidaltzen diren jakinarazpen guztiak.

7.– Eskatzaileek bermatuta izango dute beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea, Programa honen ondorioz Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.rekin (SPRI) izango dituzten harreman guztietan.

12. artikulua.– Laguntza eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza eskaerak aurkezteko epea 2018ko irailaren 3an eguerdiko 12:00etan (penintsulako ordua) hasiko da eta 2018ko abenduaren 14an, eguerdiko 15:00etan (penintsulako ordua), amaituko da, diru bailabideak lehenago agortzen ez badira.

13. artikulua.– Ebaluaketa eta ebazpen prozedura.

1.– Sociedad para la transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ko Administrazio Kontseiluak 2018ko otsailaren 12an hartutako erabakiaren arabera eratu zen Programako Batzorde Exekutiboa, kide hauekin: Alexander Arriola Lizarriturri jauna, Txaber Ouro Arruza jauna, Aitor Cobanera Rodríguez jauna eta José Ignacio Telletxea Fernández. Hala, berea da araudi honen arabera aurkeztutako eskabideen ebazpenak emateko eskumena, eta horiei buruzko deliberamenduak dagozkion aktan jasota geldituko dira.

2.– Laguntza hauek aitortuko dira egoki jasotako eskaeren hurrenkerari jarraituz. Hartara, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskaera bakoitza oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete den unearen arabera. Laguntza-eskaeraren atal guztiak ez badaude beteta edo eskatutako gainerako dokumentazioa ez bada eskaerarekin batera aurkeztu, SPRIk 10 laneguneko epea emango du akatsa zuzentzeko edo beharrezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, adieraziko du hala egin ezean ulertuko dela uko egin zaiola eskaerari, eta horren berri emango dio erakunde eskatzaileari. Epe hori agortzen bada zuzenketa egin gabe, SPRIk ebatziko du eskaerari uko egin zaiola.

Ezingo da zuzenketarik egin ez proiektuaren memorian, ez proiektuko lanak egiteko kontratatutako enpresa hornitzaileek eginiko eskaintzetan. Hala ere, egoki iritziz gero, SPRIk hari buruzko informazio osagarria eskatu ahal izango du ebaluazio-prozesuan.

3.– Diru-laguntzen eskaera espedienteak ordena bati jarraiki ebatziko dira, arau honetan eskaturiko dokumentazio guztiarekin osatuta geratzen diren unearen arabera.

4.– Ebazpen epea. Sei hilabeteko gehienezko epea ezartzen da ebazpena emateko, deialdia ixten den egunetik aurrera. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, onartu egin dela ulertuko da.

5.– Aipatu ebazpena emandakoan erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, Batzorde Exekutiboak ebazpena emateko egin duen batzar egunetik zenbatzen hasi eta gehienez ere 20 eguneko epean. Aipatutako epea zenbatzean ez da kontuan hartuko abuztua.

6.– Batzorde Exekutiboko idazkariak emango du ebazpenen berri, eta orobat jakinaraziko du zenbateko diru-laguntza ematen den, zein baldintzatan eta zein epetan egin behar den; halaber zehaztuko du jarduera hori garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza.

14. artikulua.– Likidazio-eskabidea. Aurkezteko epea.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta 30 egun naturaleko epearen barnean, erakunde onuradunek proiektua gauzatu izana justifikatu beharko dute, SPRIren web-guneko likidazio-eskabidearen inprimakiak betez.

2.– Eskabide hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIri egindako bidalketa telematikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.

3.– Likidazio-eskabidean jaso beharko dira erakunde eskatzailearen, bere legezko ordezkariaren, erakunde barneko harremanetarako pertsonaren eta diru-laguntzaren ordainketa egiteko bankuko kontuaren identifikazio-datuak.

4.– Likidazio-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Fakturen fotokopiak. Fakturek hilabeteko epean egindakoak izan behar dute, eskaeran proiektua exekutatzeko amaiera data gisa adierazitako egunetik zenbatzen hasita, eta likidazio-eskabide telematikoaren fakturen koadroan zehaztutakoekin bat etorri behar dute. Ez dira onartuko proiektua hasi baino lehenagoko data duten fakturak, ez eta aldez aurretik SPRIk onartu gabeko gastuei dagozkienak ere. Fakturek ordainduta egon beharko dute proiektuaren likidazio eskaera aurkeztu baino lehen. Ez dira kontuan hartuko likidazio-eskabidearen egunetik atzerako ordainketa-data duten fakturak.

b) Finantza erakundearen ordainagiriak. Bankuko egiaztagiriek fakturak igorri ostekoak izan behar dute. Hala ez bada, prozesuaren trazabilitatea azaldu behar da. Ez da onartuko proiektuaren hasiera-data baino lehenagoko ordainketa-egiaztagiririk. Era berean, egiaztagiriek argi adierazi behar dute agindua eman duen erakundearen izena, erakunde onuradunaren izena, ordainketa-eguna, ordaindu den zenbatekoa eta ordaindutako fakturaren edo fakturen zenbakia(k).

c) Erakundeak dagozkion zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edo bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharrak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak; eta berariazko baimena SPRIri eska diezaien organo eskudunei egiazta dezatela benetan bete direla zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

d) Likidazioaren memoria teknikoa eta ekonomikoa, non jasota egongo diren, besteak beste, eginiko lanen azalpena, lortu diren helburuak, proiektuan inplikatutako langileak, proiektua gauzatzeko gastuak, proiektuak enpresaren lehiakortasunean izan duen inpaktua, e.a.

e) Proiektuaren exekuzioa egiaztatzeko dokumentu, azterketa, plan, proiektu eta gainerako agiri guztiak.

5.– Likidazio-eskabidearen atal guztiak ez badaude beteta edo ez bada aurkeztu eskatutako dokumentazio guztia, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango du akatsa zuzentzeko edo agiriak aurkezteko. Halaber, jakinaraziko du hala egin ezean ulertuko dela uko egin zaiola eskaerari, eta horren berri emango dio erakunde eskatzaileari. Aipatu epea igaro eta zuzenketarik egin ez bada, Programaren Batzorde Exekutiboak laguntza ukatuko du ebazpen bidez.

6.– Enpresa onuradunak baliozkotzat joko ditu diru-laguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora SPRIk posta elektronikoz bidaltzen dituen jakinarazpen guztiak. Laguntza eskatzen duen enpresaren edota proiektuko liderraren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.

15. artikulua.– Erakunde laguntzailea eta bere eginkizunak.

Behin likidazio-eskabidea beteta jaso ondoren, aurkeztutako proiektuen edota eginiko lanen ikuskapeneko ziurtagiri teknikoak eskatuko dizkio SPRIk erakunde laguntzaileari, likidazio-eskabidea tramitatzen hasi ahal izateko.

Programa honen ondorioetarako, SPRILUR izango da SPRIren erakunde laguntzailea, zeinak eginkizun hauek izango baititu:

a) Bidalitako dokumentazio teknikoa aztertzea.

b) Egindako gastu hautagarriak behar bezala egin direla egiaztatzea.

c) Egindako ikuskapenei buruzko txostenak egitea.

d) Informazio teknikoa ematea Programaren batzordeari.

e) Gerta litezkeen gorabeherak SPRIri jakinaraztea.

Azkenik, erakunde laguntzaileak txosten bat igorriko dio SPRIri ikuskapena egin dela egiaztatuz eta eskakizunak behar bezala bete diren ala ez adieraziz.

16. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Emandako laguntzaren % 25 laguntza eskaera onartzen den unean bertan ordainduko da aplikatzekoa den berme erregimenarekin, eta gainerakoa ordainketa bakarrean egingo da proiektua amaitutakoan eta behar bezala justifikatu ostean. Toki Administrazioei dagokienez, aipatu zenbatekoa ordaintzeko, derrigorrezko baldintza izango da arau honen 5. C) artikuluan diru laguntza erregulatzeko aipatutako Hitzarmena izenpetzea.

2.– Baldin eta gastu hautagarria Programako Batzorde Exekutiboak diru-laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, diru-laguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari.

3.– Eskaeran eskatutako egiaztagiriak aurkeztu eta gehienez 60 egun naturaleko epean egingo dizkie ordainketak SPRIk erakunde onuradunei, betiere Batzorde Exekutiboak egiaztagiri horiek ebaluatu eta oniritzia eman ondoren. Ez da zenbatuko SPRIren berrikuspenaren ondoriozko epea, ezta abuztua ere, ez baita jotzen hil balioduntzat.

17. artikulua.– Erakunde Onuradunen Betebeharrak.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoaz gain, erakunde onuradunek honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Emandako laguntza onartzea. Hartara, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik 15 eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

b) Diru-laguntza ekintza plana garatzeko erabiltzea.

c) Onartzea SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela eta SPRIk izendatutako pertsonalak beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela instalazioetan, horrela egiaztatzeko proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak egiten direnetik aurrera.

e) Proiektua garatu den espazioa jabetzan edukitzea eta aurreikusitako jarduera ekonomikoari atxikita mantentzea gutxienez bost (5) urtez, SPRIk laguntza ordaintzen duen egunetik kontatzen hasita.

f) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

g) SPRIri berehala jakinaraztea laguntzak edo diru-laguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso dutela xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

h) Diru-laguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, SPRIri horren berri ematea.

i) SPRIrekin kolaboratzea proiektuaren xedearekin lotutako hedapen-ekintzetan, jardunbide egokien hedapenean parte hartuz.

j) Diru-laguntzaren jatorriari buruzko publizitatea argi eta garbi egitea, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 18. artikuluaren arabera.

18. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo diru-laguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 3 hilabetez atzeratu ahal izango da programak gauzatzeko epea (12 hilabetekoa da epe hori). Salbuespen bezala, SPRIk epe-luzapen osagarriak onar ditzake, betiere, behar bezala justifikatuta badaude.

3.– Gauzatutako ekintzak Laguntza Eskaeran jasotakoak izango dira ezinbestean, nahiz eta Programako Batzorde Exekutiboak aukera duen aldaketak baimentzeko, baldin eta onuradunak behar bezala justifikatu baditu jarduerak amaitu aurretik eta Programa honen hasierako helburuak hutsaltzen ez badira.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete Programa honetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.

2.– Zehazki, erakundeak laguntza exijitzeko eskubidea galduko du, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, honako kasu hauetan:

a) Laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak aldatzea SPRIren baimenik gabe. Halaber, ez betetzea izango da SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren exekuzioan gertatutako aldaketak, baldin eta aldatu egiten badituzte laguntza esleipena emateko aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak baimena eskatu badio SPRIri, eta justifikatu baditu aldaketa horiek, ahal dela, proiektuan aplikatu baino lehen, eta betiere, Programa honek lagundutako jardueren eta lortu nahi dituen helburuen izaera aldatzen ez badute.

b) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

c) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

d) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

e) Diruz lagundutako jarduera betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

3.– Bidegabe jasotako zenbatekoak hilabeteko epean itzuli beharko dira, erakundeari horren berri emandako egunetik zenbatzen hasita. Horrez gain, hilabete hori igaro ondoren eragindako legezko interesak ere ordaindu beharko dira.

4.– Halaber, gainfinantziazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 9. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Araudi aplikagarria. Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), diru-laguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– Azaroaren 11ko Legegintzako 1/1997 Dekretua, EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duena.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Araudia (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO L-352/1).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraiki, emandako datu guztiak SPRIren (Urkijo Zumarkalea 36-4, Bizkaia Plaza Eraikina, 48011 Bilbo) ardurapeko «Laguntzak» izeneko fitxategian gordeko dira.

Fitxategi horien helburua da SPRIk diseinatzen edota kudeatzen dituen laguntza/diru-laguntza espedienteak eta baita ere SPRIren zerbitzu eta laguntza eskaintzan parte hartzen duten edo SPRIrekin kolaboratzen duten profesionalei buruzko informazioa kudeatzea. Beharrezko balitz, informazio hori eman ahal izango zaie enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei.

Fitxategi horien berri eman zaio Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari, eta fitxategi horiek badituzte datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren segurtasun-neurriak.

Gogorarazten dizugu eman dizkiguzun datuetara sar zaitezkeela, eta beharrezko den kasuetan haiek zuzendu, aurka egin edo ezabatu ditzakezula, gorago aipatutako Legeak ezarritako terminoetan, SPRIko Segurtasun Arduradunari idatzizko jakinarazpen bat igorriz (lopd@spri.es).

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRIren erabakia merkataritza alorrekoa da eta eskuduntza jurisdikzionala epaile eta auzitegi zibilena da. Enpresa onuradunak, eduki dezaketen edozein eskumeni formalki uko eginez, diru-laguntzen programa hau interpretatu edo gauzatzerakoan sor daitekeen edozein auzi, desadostasun, arazo edo erreklamazio konpontzeko Bilboko Justizia Auzitegien esanetara jartzen dira espreski, horiek baitira gai horietan eskuduntza dutenak.


Azterketa dokumentala