Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

164. zk., 2018ko abuztuaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4372

AGINDUA, 2018ko ekainaren 26koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2018-2019 ikasturtean lanbide-heziketako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan ikas-ekinezko erregimenean lanbide-heziketa dualeko programak garatzeko diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Lanbide Heziketa gizarte modernoen zutabeetako bat da, pertsonen bizi-kalitatea ez ezik, enpresen lehiakortasuna ere areagotzen duen aldetik. Urte hauetako krisi ekonomikoaren testuinguruan, Europar Batasuneko herrialdeak hainbat ekintza gauzatzen ari dira, produkzio-lanarekin lotutako ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketaren bidez langabezia gutxitzeko neurriak sustatzeko, eta pertsonen lanbide-kualifikazioa eta espezializazioa bultzatzeko, ikastetxeko irakatsi eta ikasteko prozesua eta enpresan lan egitea eta ikastea uztartzearen bitartez.

2017-2020 aldirako Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren aldeko esparru-programaren funtsezko zati bezala txertatzen da 2017-2020 aldirako Enplegu Plan Estrategikoa. Esparru-programa horrek Lanbide Heziketako Sistema Integratu bat eraikitzea bultzatzen du, zeinaren xedea baita lanbide-kualifikazioa lortzea, laneko jarduerak (enpresa batean) txandakatuz eta uztartuz hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren sistemaren esparruan jasotako prestakuntza-jarduerarekin. Sistema integratu horri esker, enpresek asko eskatzen dituzten konpetentziak eskuratzen dituzte ikasleek, benetako lan-inguruneetan. Horren bidez, ikasleen prestakuntza hobetzeaz gain, «enplegurako sarbidea» eskaintzen zaie, eta, aldi berean, ikastetxeetako pedagogia-sistemak berritzen dira.

Ildo horretan, Prestakuntzarako eta ikasketarako kontratua garatu eta lanbide-heziketa dualaren oinarriak ezartzen dituen azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuaren bitartez, kontratu horri atxikitako prestakuntza-jardueraren oinarrizko alderdiak xedatu ziren, baita hezkuntza-sistemaren lanbide-heziketa dualaren oinarrizko alderdiak ere.

2014ko azaroaren 25ean onartutako Lanbide Heziketako IV. Euskal Planak, Lanbide Heziketako Euskal Sistemako aldaketak gidatu behar zituen tresna zen aldetik, prestakuntza integratuaren eremu estrategikoaren barruan eta lanbide-heziketa produkzio-sektoreen oraingo eta etorkizuneko premietara eta pertsonen enplegagarritasunera egokitzeko lehentasunezko helburuari jarraikiz, ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualaren alde egiten zuen, argi eta garbi. Horretarako, lanbide-heziketa duala indartzeko jardun-ildo espezifiko bat biltzen zuen, pertsonen konpetentziak garatzeko prozesua bizkortzeko eta gero eta kualifikazio eta espezializazio handiagoa eskatzen duten lanbide-eremuetara egokitzeko modua den aldetik.

Gaur egun, 2018-2021 aldirako Lanbide Heziketaren V. Euskal Plana izapidetzen ari da, jaurlaritzaren plan estrategikoen barruan, IV. planean aipatutako jardun-ildoei jarraituz.

Ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketa Duala Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen ekainaren 2ko 83/2015 Dekretuaren xedea da hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren ikas-ekinezko erregimeneko heziketa dualaren programak ezartzea, enpresako eta lanbide-heziketako ikastetxeko irakasteko eta ikasteko prozesuak konbinatuta, betiere Prestakuntzarako eta ikasketarako kontratua garatu eta lanbide-heziketa dualaren oinarriak ezartzen dituen azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuan hezkuntza-sistemaren eremuari dagokionez ezartzen diren aurreikuspenak betetzearren.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuen 2012ko urriaren 3ko baterako Aginduaren bidez, prestakuntza eta lana txandakatzea helburu duen eta gazteei zuzenduta dagoen ikas-ekinezko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak ezartzen dira. Programa horren helburua, besteak beste, honako hauek arautzea da: garatu beharreko prestakuntza-jarduera, jarduera horren egiaztapena, prestakuntza-zentroen eta enpresen rola, programaren finantzaketa eta programa horren babespean eginiko prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuen ziozko diru-laguntzak.

Ildo horretatik, ikas-ekinezko prestakuntza-programen bitartez, ikastetxean nahiz lantokietan lantzen da prestakuntza. Proiektu horien helburua da, hortaz, konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialak hobetzea hasierako Lanbide Heziketako titulu bat ikas-ekinezko erregimenean lortze aldera, eta, gainera, enpresan ordaindutako lan-jarduera bat garatzea. Alde horretatik, ikaskuntza-eredu integral bat garatuta, bidea erraztu nahi da heziketa-zikloak ikasten dihardutenei prestakuntza emateko eta ikasle horiek enpresen ekoizpen-sisteman txertatzeko.

Agindu honek ikastetxe pribatu itunduetako pertsona titularrei zuzendutako diru-laguntzak arautzen ditu. Ikastetxe horiek ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programak izan beharko dituzte 2018-2019 ikasturtean, Lanbide Heziketako sailburuordeak baimenduta.

Ondorioz, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzen araubidea arautzekoa), Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) eta abenduaren 22ko 5/2017 Legean (Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko Aurrekontu Orokorrak onartzekoa) jasotako xedapenekin bat etorriz,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

1.– Deialdi honen helburua diru-laguntzak ematea da, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuek 2018-2019 ikasturtean garatu ditzaten lanbide-heziketa dualeko programaren proiektuak ikas-ekinezko erregimenean, Lanbide Heziketako sailburuordeak ebazpen bidez baimenduta, deialdi honetan diru-laguntzaren eskaera aurkeztu baino lehen.

Proiektuen iraunaldia ezarrita dago ekainaren 2ko 83/2015 Dekretuaren 4. artikuluan. Dekretu horren bidez, Ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketa Duala ezartzen da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Proiektuak, betiere, azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuan ezarritako baldintza eta eskakizunetara egokituko dira, eta, bereziki, 30. artikuluan xedatutakora. Errege-dekretu horrek prestakuntzarako eta ikasketarako kontratua garatzen du eta lanbide-heziketa dualaren oinarriak ezartzen.

2.– Diru-laguntza hauen xedea da konbinatzea ikastetxeen berezko ikaskuntza- eta irakaskuntza-prozesuak eta enpresen instalazioak, metodologia eta baliabideak, betiere lanbide-heziketako titulu bat lortze aldera.

2. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko ekintzak.

1.– Diruz lagunduko dira enpresetan egonaldiak egiten dituzten ikasleentzat irakasleek egindako tutoretza-lanak, zehazki 1529/2012 Errege Dekretuaren 20.3 eta 30.5 artikuluetan eta 83/2015 Dekretuaren 2.4 artikuluan jasotakoak.

2.– Diruz lagundu ahal izango dira, orobat, ikastetxeen berezko ikaskuntza- eta irakaskuntza-prozesuak eta enpresen instalazioak, metodologia eta baliabideak konbinatzen dituzten prestakuntza-proiektuak garatzeko programek eragindako kostuak, betiere haien helburua lanbide-heziketako titulu bat lortzea bada.

3.– Diru-laguntzen bidez, bitartekaritza-, kudeaketa- eta tutoretza-jarduerek eragindako kostu ekonomikoak lagunduko dira (material suntsikorra, didaktikoa, ebaluazio-materiala, tutoreen joan-etorrien gastuak).

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeak izan daitezke diru-laguntza hauen onuradun, baldin eta lanbide-heziketako oinarrizko mailako, erdi mailako eta goi-mailako heziketa-zikloak ematen badituzte itunpeko erregimenean, eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) 2018-2019 ikasturtean lanbide-heziketako oinarrizko mailako, erdi-mailako edo goi-mailako heziketa-zikloren bat itunduta izatea.

b) 2018-2019 ikasturterako onartuta eta baimenduta izatea ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programa, lanbide-heziketako ikastetxearen eta enpresa parte-hartzailearen artean batera egina.

2.– Ezin izango dira onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Legearen 2. eta 3. atalen 13. artikuluan zehaztutako egoeretakoren batean daudenak.

4. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Agindu honen xede diren jarduerak diruz laguntzeko zenbateko osoa seiehun eta berrogeita hamar mila (650.000) eurokoa izango da.

5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan:

2.– Izapidetze elektronikoa araututa dago Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez eta Informatika eta Teknologiako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an eman zuen Ebazpenaren bidez (ebazpen horren bidez, Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen).

3.– Euskadi.eus-en daude eskuragarri eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako eskabide-ereduak modu elektronikoan izapidetzeko zehaztapenak.

4.– Ikastetxe interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako izapideak eskatu, kontsultatu eta egiteko.

5.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira:

https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/fp_alternancia/y22-izapide/es/

6. artikulua.– Eskabideak eta agiriak aurkeztea, eta horretarako epea.

1.– Eskaera egiteko, inskripzio-orria erabili beharko da (agindu honen I. eranskina); inskripzio-orri hori modu telematikoz lortu ahal izango da, saileko egoitza elektronikoan.

2.– Eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabidean erantzukizunpeko adierazpen bat jasotzen da, honako betebehar hauek egiaztatzeko:

– Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik ez duela, eta ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena).

– Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan zehaztutako egoeretako batean ez dagoela.

– Helburu bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

– Baimendutako eta onartutako proiektuak ikastetxearen zaintzapean gordeko dira, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzaren eskura.

– Enpresekin izenpetutako hitzarmenak Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzaren eskura jarri direla programak onartzeko erabilitako aplikazio elektronikoan.

Eskatzaileak, eskabidea aurkeztuta, baimena ematen dio organo emaileari zuzenean bide telematikoz egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla. Eskatzaileak, baimen hori eman nahi ez badu, berariaz jakinarazi beharko du eskabidean, eta, ondorioz, beharrezkoak diren justifikazio-agiriak aurkeztu beharra izango du.

3.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

4.– Ikastetxeek egoki iritzitako proiektu guztiak aurkeztu ahal izango dituzte, betiere deialdi honetan ezarritako eskakizunak betetzen badituzte. Horretarako, eskabide bakar bat beteko dute, aurkeztutako proiektu guztiak bilduko dituena.

Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu behar dira:

II. eranskina: Lanbide Heziketako sailburuordeak onartutako eta baimendutako programen zerrenda. Han, ikastetxe bakoitzak zehaztu beharko du zenbat programa baimendu zaizkion, programa bakoitzeko datu hauek adierazita: ikaslearen izen-abizenak, ikastetxeko tutorea, heziketa-zikloa eta enpresa.

7. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabidean akatsen bat edo okerren bat atzemanez gero, 10 eguneko epea emango zaio ikastetxe interesdunari, akatsa zuzen dezan edo behar diren agiriak aurkez ditzan. Hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela joko da, aurretik 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren araberako ebazpena emanda (urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

8. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Plangintza eta Antolaketako zuzendaria izango da diru-laguntzak emateko prozedura honen organo kudeatzailea.

9. artikulua.– Esleipen-prozedura.

1.– Diru-laguntza emango zaie baldintza hauek betetzen dituzten ikastetxeei: ikas-ekinezko erregimeneko heziketa dualaren programak aurkeztea, horretarako baimena izatea eta laguntza hau eskatzea.

2.– 2018-2019 ikasturtean proiektu bakoitzean parte hartzen duen ikasle bakoitzeko emango den diru-laguntza kalkulatzeko, eragiketa hau egingo da: agindu honetako 4.1. artikuluan ezarritako aurrekontu-zuzkidura zati proiektuetan parte hartzen duen pertsona kopurua. Edonola ere, diru-laguntzek ezingo dute inola ere gainditu 941 euroko kopurua ikasle bakoitzeko.

3.– Ikastetxe bateko hainbat ikaslek enpresa berean egiten badute lanbide-heziketa dualeko proiektua, eta enpresa horretan antolamendua eta edukiak bat badatoz (alde batera utzita ikasle horiek enpresan irakasle desberdinak esleituta dituzten edo ez), ikasle bakar bat balitz bezala zenbatuko da, aurreko atalean ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Ikasle langileak baja hartu edo parte hartzeari uko egiten badio, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, kontratuaren iraupenaren proportzioan.

10. artikulua.– Ebazpena.

1.– Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du deialdia, Plangintza eta Antolaketako zuzendariak proposatzen duenari jarraituz, eta bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei, ikastetxe onuradunak eta emandako zenbatekoa zehaztuta. Ebazpenean zehaztuko dira, halaber, onartu ez diren eta ukatu diren eskabideak, ez onartzeko edo ukatzeko arrazoiak adierazita. Ebazpena argitara emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, herritar guztiak jakitun egon daitezen.

2.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskaerei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko, gehienez ere sei hilabete izango dira, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori bukatu eta ebazpen adierazirik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

11. artikulua.– Justifikazioa.

Justifikazioa egiteko, III. eranskina eta IV. eranskina (azken txostena) bete beharko dira. Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualaren programa bakoitza amaitzean, lanbide-heziketako ikastetxeak azken txostena egingo du, eta txosten horretan jasoko dira egin diren jarduerak eta ikas-ekinezko erregimeneko prestakuntza-programa dualean parte hartu duen ikastetxe bakoitzeko ikasleei buruzko datu estatistikoak: programa zenbatek amaitu duten; zenbatek utzi duten eta zergatik, eta, laneratzeari dagokionez, nolako emaitza lortu den programaren amaieran. Interesgarritzat jotzen diren bestelako alderdiak ere jasoko dira.

Justifikazio-agiri horiek aurkezteko epea 2019ko uztailaren 17an amaituko da.

Justifikazio horiek bide elektronikoz aurkeztu beharko dira, webgune honetan:

https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/fp_alternancia/y22-izapide/es/

12. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

1.– Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programa horiei dagozkien diru-laguntzak bi zatitan ordainduko dira, era honetan:

a) Lehenengo zatian, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 48 ordainduko da, betiere 17.1 artikuluko epea igaro bada eta diru-laguntzari uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatian, gainerako zenbatekoa (% 52a) ordainduko da, diruz lagundutako jarduera bukatu ondoren, eta, betiere, aurretik justifikatuta diru-laguntza eman zen xederako erabili dela eta jasotako funtsak behar bezala aplikatu direla; gainera, egindako gastuak ere aurretik justifikatu beharko dira, agindu honetako 11. artikuluan adierazitako eran.

2.– Ez da ordainketarik egingo onuradunak ez badu egiaztatzen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela; ez da ordainduko, halaber, diru-laguntza edo laguntzaren bat itzultzeko badu.

13 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Ikastetxe onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan ezarritako egoeraren batean badaude, hasiera emango zaio diru-laguntza itzultzeko prozedurari.

2.– Diru-laguntza itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

Honako hau izango da prozedura:

a) Prozedura hasteko ardura Lanbide Heziketako sailburuordearena izango da. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.

b) Ebazpen horretan, prozedurari hasiera emateko arrazoiak jasoko dira, eta 15 eguneko epea emango da egokitzat jotako alegazioak egiteko.

c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari, Lanbide Heziketako sailburuordearen ebazpen bidez.

Hamabi hilabetekoa izango da itzulketa-prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.

Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela jakinaraziko du, eta, hala badagokio, adieraziko du diru-zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, bai eta diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak ere, laguntza ordaindu zenetik dagozkionak; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epealditzat joko da.

d) Borondatezko epean laguntza itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ogasun eta Ekonomiako sailburuari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.

14. artikulua.– Diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada eta, beste diru-laguntzarik jasota, ezarritako gehieneko muga gainditzen bada, diru-laguntza eman duen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta hirugarrenen eskubideei kalte egiten ez bazaie.

Horretarako, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du eta, han, eman diren diru-laguntzen zenbatekoak doituko dira.

15. artikulua.– Kontrola, ikuskapena eta jarraipena.

1.– Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak, egoki irizten dionean, diruz lagundutako jardueren ikuskapena, kontrola eta jarraipena egingo du, bai eta beharrezko iritzitako ziurtagiriak eskatuko ere. Horretaz gainera, kasuan kasuko autonomia-erkidegoko administrazioaren kontu-hartzailetzak diru-laguntzen finantza-kontrola egingo du.

2.– Ikastetxeek laguntza emango dute halako ekintzak egin daitezen, batez ere honako ekintza hauek: kontu eta eragiketen gaineko auditorien esparruko ekintzak; egindako jardueren exekuzio fisikoa in situ egiaztatzea, eta beste edozein ebaluazio-ekintza, agintaritza eskudunek egina.

16. artikulua.– Beste laguntza edo diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.

17. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen ikastetxe onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Ikastetxe onuradunek diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hamabost eguneko epean berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Diru-laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute.

3.– Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete haiek beren jardunaren barruan ari direla deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.

4.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari.

5.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari.

6.– Neurriak hartzea, jasotako diru-laguntzen berri emateko. Neurri horiek euskarrietan –informatiko zein bestelakoetan– honako adierazpen hau jasotzera mugatuko dira: <<Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak finantzatutako jarduera>>.

7.– Honako xedapen hauetan ezarritako betebeharrak betetzea: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua.

18. artikulua.– Datu pertsonalak.

1.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin bat etorriz, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapideak egiterakoan jasotako datu pertsonalak –parte-hartzaileek tratatzea eta argitara ematea baimendu dituztenak– «Diru-laguntzak eta laguntzak» izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, bai eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.

2.– Deialdi honetan parte hartzen duten pertsona edo erakunde titularrek baimena ematen diote Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetako diru-laguntzak honako arau hauetan xedatutakoaren arabera arautuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta oinarrizko araudia, hau da, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra eta horren erregelamendua onesten duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 26a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala