Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

163. zk., 2018ko abuztuaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4362

EBAZPENA, 2018ko abuztuaren 7koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez Ermuko Udalaren Diruzaintzako lanpostua sailkatzen baita. Lanpostua Toki Administrazioko gaikuntza nazionaleko funtzionarioentzat gordeta dago.

Herri Administrazioetarako Ministerioko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren 1988ko martxoaren 16ko Ebazpenaren bidez, behin betikotu egin zen gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuen sailkapena (1988ko martxoaren 22ko BOE, 70. zk.). Ebazpen horren arabera, Ermuko Udala bigarren mailan sailkatzea ebatzi zen.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (TAOL, aurrerantzean) 92.bis artikuluaren lehenengo zenbakian xedatutakoaren arabera, Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak (TAAIL, aurrerantzean) emandako idazkeran, Toki Korporazio guztietan beharrezko diren hainbat egiteko publiko daude eta horien erantzukizun administratiboa estatu-mailako gaitasuna duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dago; eta funtzio horien artean kontabilitatea, diruzaintza eta diru-bilketa daude.

Hori dela eta, TAAILa indarrean jarri zenetik, bigarren motako idazkaritza duten Toki Korporazioek, nahitaez, Diruzaintzako lanpostua eduki behar dute, eta gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioak dira lanpostu hori bete behar izango dutenak.

Halaber, aipatutako TAOLaren 92.bis artikuluaren laugarren zenbakian xedatzen denez, Gobernuak, errege-dekretu baten bidez, arautuko ditu estatu-mailako gaitasuna duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak sortu, sailkatu eta ezabatzeko espezialitateak.

Horren ondorioz, 2018ko martxoaren 16an, gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen 128/2018 Errege Dekretua (128/2018 Errege Dekretua, aurrerantzean) argitaratu da Estatuko Aldizkari Ofizialean.

128/2018 Errege Dekretuaren 14.1. artikulua kontuan hartuz, Idazkaritza bigarren mailakotzat sailkatuta duten Toki Korporazioetan Diruzaintza izeneko lanpostu bat egon behar da, eta lanpostu horrek diruzaintzari eta diru-bilketari lotutako eginkizunen administrazio-erantzukizuna izango du. Lanpostu hori, halaber, Toki Administrazioko funtzionario batek bete behar izango du, Kontuhartzailetza-Diruzaintza azpieskalan sailkatutakoa, eta maila nazionaleko gaikuntza izango duena.

Era berean, 128/2018 Errege Dekretuko seigarren xedapen iragankorreko bigarren apartatuan ezartzen da Idazkaritza bigarren mailakotzat sailkatuta duten Toki Korporazioetan, baldin eta Errege Dekretu hau indarrean jartzen denean Diruzaintzaren lanpostua Toki Administrazioko eta nazio mailako gaikuntzadun funtzionarioen eskalakoentzat gordeta ez badago, dagokion autonomia-erkidegoari eskatu beharko zaiola lanpostu hori maila nazionaleko gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako Kontuhartzailetza-Diruzaintza azpieskalan sailkatzea.

2018ko ekainaren 12an egindako ohiko batzarrean, Ermuko Udaleko Osoko Bilkurak onartu zuen Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatzea Toki Administrazioko gaikuntza nazionaleko funtzionarioentzat gordetako udal horren Diruzaintzako lanpostuaren sailkapena egitea.

Gauzak horrela, prozeduraren instrukzio-aldian, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zitzaion txostena eman zezala udalaren eskaeraren inguruan. 2018ko abuztuaren 2an, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak eskatutako txostena jaso du. Horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak Ermuko Udalaren Diruzaintza lanpostuaren sailkapena maila nazionaleko gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetzeari buruzko aldeko txostena helarazi du.

Horregatik guztiagatik, udalak aurkeztutako eskabidea ikusirik, TAOLaren 92.bis artikuluarekin eta 128/2018 Errege Dekretuaren seigarren xedapen iragankorrarekin bat etorriaz, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 10. artikuluak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ermuko Udaleko Diruzaintza lanpostua Kontuhartzailetza-Diruzaintza azpieskalako gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako gisa sailkatzea.

Bigarrena.– Lanpostu hori betetzeko sistema merezimendu-lehiaketa izango da.

Hirugarrena.– Ermuko Udalak lanpostu hori bere lanpostu zerrendan gehitu beharko du lanpostua bete baino lehen.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA

Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen. Beraz, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; hala xedatzen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, hargatik eragotzi gabe eskubidez onartutako bestelako aurkaratze-bideak erabiltzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, administrazio publiko interesdunek ezin izango dute administrazioarekiko errekurtsorik jarri ebazpen honen aurka. Halere, errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita, bi hileko epean, 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoari jarraituz. Lehenago eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritza honi eskatu ahal izango zaio ebazpen hau deusezta edo erreboka dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak xedatzen duen bezala.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abuztuaren 7a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

ELIXABETE ETXANOBE LANDAJUELA.


Azterketa dokumentala