Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

150. zk., 2018ko abuztuaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4089

EBAZPENA, 2018ko uztailaren 23koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita honako plan honetarako: Donostiako «IN.04 Julimasene» eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren 3. aldaketa puntuala.

AURREKARIAK

Donostiako Udalak, 2018ko otsailaren 22an, eskabide bat aurkeztu zuen hasiera emateko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari, honako plan honi dagokionez: «IN.04 Julimasene» eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren 3. aldaketa puntuala (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, 2018ko apirilaren 20an kontsulta-izapidea egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, egoki irizten zieten oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, beharrezkotzat jotzen bada, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Iritzi horiek aintzat hartuko dira zehazteko nolako zabalera, xehetasun maila eta zehaztasuna izan behar duen ingurumen-azterlan estrategikoak. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Kudeaketa eta Plangintza Zuzendaritza Nagusiari, Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkarteari, Parkeen Lagunak Haritzalde Elkarte Naturalistari eta Eguzki, «Eguzkizaleak» aisialdi-elkarteari. Era berean, Donostiako Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egoki jotzen dituen ingurumen-arloko oharrak egin zitzan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, honako hauen txostenak jaso dira: Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzarena eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena –biak Eusko Jaurlaritzakoak– (espedientean dago horren emaitza).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Horrenbestez, lege horrek ingurumenaren babes maila handia bermatzen du, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren (otsailaren 27ko 3/1998) 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago «IN.04 Julimasene» eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren 3. aldaketa puntuala (aurrerantzean, plana); izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Agiri teknikoak eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako agiri estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo horrexek baitu eskumena, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuari jarraikiz) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plan Berezia aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, bai eta sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Ingurumen-txosten estrategikoa egitea, «IN.04 Julimasene» eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren 3. aldaketa puntualari buruz. Hona txostenaren edukia:

A.– Planaren deskripzioa: helburuak eta jarduketak.

«IN.04 Julimasene» eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren 3. aldaketa puntualaren xedea da eraikuntzako tipologia eta eraikigarritasunaren banaketaren zati bat aldatzea eraiki gabeko lurzati eraikigarrietan, etxebizitza kopurua handitzeko HAPOak onetsitako eraikigarritasuna aldatu gabe (proposatutako aldaketak ez ditu egiturazko antolamenduaren xedapenak aldatzen, IN.04 Julimasene eremuan 2010eko ekainaren 25eko ebazpen bidez onetsi zen indarreko Plan Orokorraren kalifikazio orokorrari eusten baitzaio. Gainera, espazio libre komunen azalera murriztea proposatzen da, horren ordez aparkaleku gisa erabiltzeko eremu bat jarrita.

«IN.04 Julimasene» eremua hiri-lur gisa kalifikatua dago, eta «A.40 Garapen txikiko bizitegi-lursaila» kalifikazio globala du. Intxaurrondo auzoaren ekialdeko muturrean dago, Intxaurrondo Berriren eta Monsen arteko hiri-continuumaren parte delarik. Muga egiten du hego-mendebaldean GI-20 errepidearekin, ekialdean Bidebietako errepidearekin (GI-20 eta N-1 errepide zaharraren konexioa Herreratik) eta iparraldean Adifen burdinbidearekin.

42.713,48 m2-ko eremua exekuzio-prozesuan dago, lankidetza-sistema bidez, 2001eko irailaren 13an behin betiko onartu zen Barne Eraberritzeko Plan Berezian jasotzen den antolamendu xehatuari jarraikiz.

Babes Akustiko Bereziko Eremu (aurrerantzean BABE) deklaratuta dago eremua, 2013ko uztailean onartutako Donostiako udalerriko soinu-ingurua hobetzeko planean (2013-2018). Horrez gain, definituta geratu da eremuaren zonako plan akustikoa – BABE «Urumea».

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren Departamentuak prestatutako Gipuzkoako errepideen foru-sareko zarataren mapa estrategikoen arabera, aztergai dugun eremuak eta GI-20 errepidearen «eragin-eremuak» bat egiten dute zati batean. IN.04 Julimasene eremuaren hegoaldean dago errepide hori. Era berean, Adifen zarataren mapa estrategikoen arabera, IN.04 Julimasene eremuaren iparraldeak eta Adifen burdinbidearen «eragin-eremuak» bat egiten dute zati batean.

B.– Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen esparru bat proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako: planak eraikuntzako tipologia eta eraikigarritasunaren banaketaren zati bat aldatzea eraiki gabeko IN.04 Julimasene eremuko «C» eta «D» lurzati eraikigarrietan. Horrela, etxebizitza kopurua 109raino handitu nahi da, HAPOan onartutako eraikigarritasuna aldatu gabe (proposatutako aldaketak ez ditu egiturazko antolamenduaren xedapenak aldatzen, IN.04 Julimasene eremuan 2010eko ekainaren 25eko ebazpen bidez onetsi zen indarreko Plan Orokorraren kalifikazio orokorrari eusten baitzaio), eta ondorioz eraikuntza-proiektu baten eta harekin lotutako urbanizazio-proiektu baten esparrua da. Aurkeztutako agiriak ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen planak beste plan edo programa batzuetan: planak ez du ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Planaren egokitasuna ingurumeneko irizpenak integratzeko, batik bat garapen jasangarria sustatzeko xedearekin: planaren xedea da, besteak beste, baliabideen erabilera babestea eta optimizatzea, esate baterako lurzoruaren okupazioa eraginkorra izatea, posible den heinean zuhaitz indibidualak eta masa hostotsuak kontserbatuz. Era berean, asmoa da espazio libre komunetan harizti/baso misto atlantikoko espezieak eta horiekin batera landatu ohi direnak jartzea. Gainera, ura aurreztearen eta berrerabiltzearen alde egiten da, hala obrak egitean nola ondoren eraikina erabili eta ustiatzean. Hori dela eta, irizten da egokia dela garapen jasangarria sustatzen duten ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko.

d) Planarekin edo programarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: ingurumenean nolabaiteko inpaktua izan dezaketen jardunek obra-faseekin dute zerikusia batez ere: lur-mugimenduak, makineria-zirkulazioa, zoru-okupazioa, ustekabeko isurpenak, uraren kalitatearen gaineko eragina, hondakinak sortzea, soinu-mailen igoera, partikulek eragindako kontaminazio atmosferikoa eta abar. Zaratari dagokionez, zenbait neurri hartu badira ere, kalitate akustikoarekin loturiko helburuak gaindi litezke eraikin berriaren fatxadaren zenbait puntutan.

Nolanahi ere, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean, betetzen bada indarrean dagoen araudia segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez besteak beste.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo nazio mailako legedia txertatzeko.

2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta ziur asko eragina jasoko duen eremuaren ezaugarriak:

Planaren xedea den eremua antropizatutako eremu batean dago, hiri-kokagunez eta bide-azpiegituraz inguratua, eta haren zati bat eraikia dago, dentsitate txikiko etxebizitzekin okupatua nagusiki. Bertako landaredia lorategi eta baratze txikietako berezkoa da. Gainera, badaude espezie autoktonoak eta aloktonoak dituzten zuhaitz-eremuak, eta kanaberaz (Arundo donax) osatutako masa monoespezifikoak hauteman dira; espezie aloktono inbaditzailea da hori. Eremuak ez dauka espaziorik, ingurumena babesteko araubideren baten mende dagoenik (Natura 2000 Sarea, esaterako), eta ez dauka natura-balioagatik esanguratsu den elementurik; ez ezta ondare historikoaren katalogoan bildutako kultura-elementu nabarmenik ere.

Atal honetan, azpimarratu beharra dago eremua Urumeako Babes Akustiko Bereziko Eremuan dagoela. Planteatutako jarduketak aztertuta, adierazi behar da ez direla betetzen araudian ezarrita dauden kalitate akustikoko helburuak, «IN.04 Julimasene» eremuaren kanpoaldean aplikatu behar direnak. Are gehiago, egiaztatu da ezen, ekonomiaren eta teknikaren ikuspegitik bideragarriak diren neurri zuzentzaileak hartuta ere, zenbait fatxada-hargailuk gainditzen dituztela fatxadako zarata mailak kanpo-inguruneko kalitate akustikoaren helburuen gainetik. Betiere, ziurtatu beharra dago kalitate akustikorako helburuak betetzen direla proiektatutako eraikinen barnean.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak aplikatzerakoan, bete beharko dira egungo araudia, ingurumen-txosten estrategikoa egiteko ebazpen honetan ezartzen diren arauak, bai eta, aurrekoak betetzea ezertan eragotzi gabe, ingurumen-agiri estrategikoa eta plana bera ere. Aplikatu behar diren neurrien artean, nabarmentzekoak dira proiektua exekutatzearen ondoriozkoak; neurri horiek, gainera, lotuta egon beharko dute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ikus ebazpen honen I. eranskina, non zerrendatzen baitira zenbait neurri babesle eta zuzentzaile, planetik eratorritako proiektuko obrak exekutatzeko bete behar direnak).

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrietatik datorren energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.

Zaratari dagokionez, egiaztatu da, ekonomiaren eta teknikaren ikuspegitik bideragarriak diren neurri zuzentzaileak hartuta ere, oraindik badaudela zenbait fatxada-hargailu, fatxadako zarata mailak gainditzen dituztenak kanpo-inguruneko kalitate akustikoaren helburuen gainetik. Hortaz, isolamendurako azterlan espezifiko bat garatu beharko da eraikitze-proiektuan, eta, han, zehaztu nolako isolamendua behar den bai EKTan (BR-HR) ezarritako isolamenduak betetzeko, bai barnealdeko kalitate akustikoaren helburuak uneoro betetzeko.

Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako terminoekin bat, ez dela aurreikusten «IN.04 Julimasene» eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren 3. aldaketa puntualak ingurumen-eragin esanguratsurik eragingo duenik. Hortaz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.

Hirugarrena.– Donostiako Udalari Ebazpen honen edukia jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean,«IN.04 Julimasene» eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren 3. aldaketa puntuala onartzen ez bada. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 23a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.

I. ERANSKINA

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011) eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira (112/2012 Dekretua, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duena).

Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

– Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen Errege Dekretuan (ekainaren 2ko 679/2006) eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen Dekretuan (irailaren 29ko 259/1998) xedatutakoaren arabera.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legearen (ekainaren 25eko 4/2015) 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko Legea (azaroaren 17ko 37/2003) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.


Azterketa dokumentala