Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

147. zk., 2018ko abuztuaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3941

115/2018 DEKRETUA, uztailaren 24koa, zeinaren bidez gizarte-intereseko deklaratzen baita Agifes – Donostiako gaixo psikikoen eta senideen Gipuzkoako elkartea.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluak ezartzen duenez, gizarte-intereseko deklaratu ahalko dira irabazi-asmorik gabeko erakundeak, gizarte-zerbitzuak ematen badituzte eta arauz ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte, haien ibilbideari aitortza egiteko eta gizarte-ekintzako hirugarren sektoreak autonomia-erkidegoko gizarte-zerbitzuen garapenari emandako laguntza aintzatesteko.

Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak gizarte-intereseko deklarazioa lortzeko betekizunak eta prozedura ezartzen ditu (424/2013 Dekretua, Gizarte-zerbitzuetako irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko deklaratzeari buruzkoa).

Dekretu horren babespean, gizarte-intereseko deklarazioa eskatu du Agifes – Donostiako gaixo psikikoen eta senideen Gipuzkoako elkarteak, uste baitu gizarte-ekintzaren arloan garatzen dituen jarduerek gizarte-intereseko erakunde gisa aitortzea eragin dezaketela.

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak adierazi duenez, Agifes – Donostiako gaixo psikikoen eta senideen Gipuzkoako elkartea irabazi-asmorik gabeko elkartea da; 1985ean sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren 423/1995 Dekretuak erabilgarritasun publikoko izendatu zuen (1995eko urriaren 19ko EHAA, 200. zk.), eta gaixo psikikoak gizarteratzea eta normalizatzea du xede. Horretarako, zerbitzuak eta programak eskatzen, sustatzen edo sortzen ditu eta haietan laguntzen du, osasun mentalaren eremuan prebenitzeko, asistentzia emateko eta gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko, besteak beste.

Ibilbide historikoa dauka egina Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen, egiaztatu egin baitu 1985etik garatzen duela jarduera autonomia-erkidego horretan, etenik gabe. Gipuzkoako lurralde historikoan garatzen ditu eginkizunak.

Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan xedatzen denarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluaren dekretu bidez egingo da gizarte-intereseko deklarazioa, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen eta espedientea bideratu duen saileko sailburuak hala proposatuta.

Hori dela-eta, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak hala proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko uztailaren 24an egindako bileran hala erabaki eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Gizarte-intereseko deklaratzea Agifes - Donostiako gaixo psikikoen eta senideen Gipuzkoako elkartea, gizarte-ekintzako jardueren bidez Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzen duela balioetsita.

2. artikulua.– Deklarazio horrek berezko dituen eskubideak aitortzea Agifes – Donostiako gaixo psikikoen eta senideen Gipuzkoako elkarteari (Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan jasotzen dira eskubideok).

Vitoria-Gasteizen, 2018ko uztailaren 24an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala