Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

147. zk., 2018ko abuztuaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3938

125/2018 EBAZPENA, uztailaren 20koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea eta Euskal Herriko Unibertsitatearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena UPV/EHUn berdintasuna sustatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Emakumearen Euskal Erakundea-Emakundearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena UPV/EHUn berdintasuna sustatzeko. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 20a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 20KO 125/2018 EBAZPENARENA
EMAKUNDE-EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ETA EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA UPV/EHUn BERDINTASUNA SUSTATZEKO

Bilbao, 2018ko uztailaren 2a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen izenean eta ordezkari gisa, Izaskun Landaida andrea, urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenaren, 17. artikuluak izendatutako eskumenak erabiliz.

Eta, bestetik, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean eta ordezkari gisa, UPV/EHUko Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreorde Idoia Fernandez Fernandez andrea.

Aldeek behar besteko lege-ahalmena aitortzen diote elkarri hitzarmen hau sinatzeko, eta honako hau

ADIERAZI DUTE:

1.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea, aurrerantzean Emakunde, administrazio-erakunde autonomoa da, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzari atxikia. Bere funtsezko xedea Euskal Autonomia Erkidegoko politika, ekonomia, kultura eta gizarte bizitzako alor guztietan gizonezkoen eta emakumezkoen arteko benetako eta egiazko berdintasuna lortzea du, eta hori lortzeko honako helburuak ezarri ditu: emakumeari bereizkeria egiteko era guztiak ezabatzea, sexuen arteko berdintasuna errazteko bideak sustatzea, eta hori bete-betean lortzeko eragozpen diren izatezko eta lege-aldetiko oztopo guztiak kentzea. 2/1988 Legearen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, Emakundek eginkizun hauek ditu, besteak beste:

a) Enpresa eta erakundeei aholkuak ematea eta enpresa eta erakundeontzako laguntzak eta bestelako sustapen-neurriak ezartzea, baliabide material eta ekonomikoak zein giza baliabideak zuzkitze aldera, enpresa eta erakundeok emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak, programak eta jarduerak garatu ahal izan ditzaten.

b) Nolako xedeak edo eginkizunak dituzten kontuan hartuta, Emakunderen helburuak lortzen lagundu dezaketen elkarte, fundazio eta enteekin harremanak ezartzea, bai eta haiekin lankidetzan aritzeko bideak ere.

2.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea, aurrerantzean UPV/EHU, Zuzenbide Publikoko Erakunde bat dela irakaskuntzara, ikerketara eta garapen zientifiko-teknologikora dedikatua, sektore eta diziplina anitzeko izaera duena:

Unibertsitatearen Estatutuetako artikulu hauen arabera:

4.3 artikulua.– UPV/EHUk emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatuko du bere baitan, eta beharrezko neurriak hartuko ditu inor diskriminatua izan ez dadin arrazoi hauengatik: jatorria, etnia, sexua, erlijioa, iritzia, hizkuntza edo bestelako egoera pertsonal edo sozialen bat. Beraz, UPV/EHUk aintzat hartuko ditu honako printzipio hauek: aukera berdintasuna, aniztasunaren eta diferentziaren errespetua, genero ikuspegia txertatzea, ekintza positiboa, sexuari lotutako rolak eta estereotipoak baztertzea, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza parekatua.

69. artikulua.– UPV/EHUk programa bereziak onartuko ditu, gainerako administrazio publikoekin elkarlanean, mota guztietako terrorismoaren biktimek eta genero-indarkeriaren biktimek laguntza indibiduala, babesa eta beharrezko egokitzapenak izan ditzaten irakaskuntzaren alorrean.

79.3 artikulua.– UPV/EHUko irakaskuntzak ikaslearen heziketa osoa izango du kontuan: izpiritu kritikoa bultzatuko du, bakean eta bizikidetzan oinarritutako balioak indartuko ditu eta gizarteratzea sustatuko du, guztia jasangarritasuna eta gizarte erantzukizuna oinarri hartuta eta, betiere, oinarrizko eskubideak errespetatuta eta gizonen eta emakumeen berdintasunaren errespetuari arreta berezia eskainiz.

91.6 artikulua.– UPV/EHUk berdintasunaren arloko ikerketa bultzatuko du eta arlo horretako ikertzaileak prestatzeko laguntza emango, eta ikertaldeetan gizonezkoen eta emakumezkoen arteko oreka izatea sustatuko du.

Lankidetza eta ahaleginak, ekimenak eta baliabideak batzea helburuak hobeto lortzeko onuragarriak direla jabetuta, bi aldeek Hitzarmen hau izenpetzea erabaki dute, eta ezarri dituzte honako

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Helburua.

Hitzarmen honen helburua da Emakunderen eta UPV/EHUren arteko elkarlanerako harreman esparru bat ezartzea eta, era horretara, euren xedeak betetzen elkarri laguntzea.

Bigarrena.– Jardunbideak.

Honakoak izango dira batez ere harreman esparrua osatuko duten jardunbideak:

– Berdintasunaren arloan prestakuntza ekintzak elkarrekin gauzatu ahal izateko jarduerak.

– Genero-indarkerien inguruko sentsibilizazioaren eta prebentzioaren arloan elkarlanean aritzeko jarduerak.

– Emakumeak diziplina akademiko maskulinizatuetan sartzea sustatzeko jarduerak.

– UPV/EHUren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Planaren kudeaketa-diagnostikoa elkarlanean egitea, politika publikoak berdintasunarekin lerrokaturik daudela zaintzeko.

Hirugarrena.– Aldeen betebeharrak eta konpromisoak:

Aurreko atalean adierazitako jardunbideak garatzeko honako betebeharrak eta konpromisoak hartzen dituzte aldeek:

– Berdintasunaren arloan prestakuntza ekintzak elkarrekin gauzatu ahal izateko jarduerak:

Berdintasunaren arloan prestakuntza ekintzak elkarrekin egitea sustatzeko, UPV/EHUk berdintasunaren arloko prestakuntza ekintzak sartuko ditu bertako prestakuntza eskaintzan unibertsitateko kideentzat. Horretarako, Emakundek beharrezko materialak eta edukiak garatuko ditu; UPV/EHUk, aldiz, ikaskuntza plataforma birtualak eskainiko ditu prestakuntza hori emateko.

– Genero-indarkerien inguruko sentsibilizazioaren eta prebentzioaren arloan elkarlanean aritzeko jarduerak.

Genero-indarkerien inguruko sentsibilizazioaren eta prebentzioaren arloan lankidetza bideratzeko, Emakundek eta UPV/EHUk elkarlanean garatuko dituzte genero-indarkerien inguruko sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak, eta elkarrekin lan egingo dute genero-indarkerien eta jazarpenaren aurkako unibertsitateko kideen protokoloa inplementatzeko. Era berean, lankidetzan jardungo dute bi erakundeek partekatzen dituzten eta genero-indarkeriak ezabatzen lagunduko duten xedeetan aurrera egiteko interesgarriak izan daitezkeen jardueretan ere.

– Emakumeak diziplina akademiko maskulinizatuetan sartzea sustatzeko jarduerak.

– Emakumeak diziplina akademiko maskulinizatuetan sartzea sustatzeko, Emakundek eta UPV/EHUk elkarlanean garatuko dituzte nesken bokazio zientifikoa suspertzeko ekintzak.

– UPV/EHUko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Planaren lankidetza jardunak eta kanpoko kontrastea, berdintasunaren aldeko politika publikoak behar bezala lerroka daitezen.

– Emakundek eta UPV/EHUk elkarlanean garatuko eta inplementatuko dituzte UPV/EHUren Emakumeen eta gizonen berdintasunerako III. Planean jasotako ekintzak.

Laugarrena.– Hitzarmenaren jarraipena.

Urtean bilera bat egingo da gutxienez Hitzarmenaren jarraipena egiteko, eta bertan izango dira bi erakundeetako zuzendaritzak eta jardunbide bakoitzaren behar bezalako jarraipena egiteko eta Hitzarmena interpretatzean eta betetzean plantea daitezkeen arazoak ebazteko egoki jotzen diren pertsonak.

Bosgarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

1.– Hitzarmen honek hiru urteko iraupena izango du bere sinaduratik, bi parteek luzapena onartu dezaketelarik lau urteko epetan. Luzapeneko erabakia esanbidezkoa, ahobatezkoa eta jatorrizko epearen amaiera aurretik onartua izan behar da.

2.– Hitzarmenaren salaketa, sinatu duten bi parteetatik edonork egina, idatziz eta iraungi baino hiru hilabete lehenago adierazi beharko da, eta ez die eragingo momentu horretan egiten ziren proiektuei eragingo.

3.– Hitzarmena aldatzeko parte guztien ahobatezko erabakia beharko da.

Seigarrena.– Ezeztatzea.

Hitzarmen hau amaituko da indarraldia betetzen denean edota honako arrazoi hauengatik:

a) Hitzarmen hau sinatzen duten aldeek hala erabakitzen badute.

b) Aurreikusitako jarduerekin jarraitzeko eragozpenak egonez gero, edo jarduera horiek egiten jarraitzeko beharrik ez badago.

c) Hitzarmen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

Eta adierazitako guztiarekin ados daudela frogatzeko, alde biek lankidetza protokolo hau sinatu dute ale bitan eta helburu bakarrerako, goian adierazitako lekuan eta egunean.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.

UPV/EHUko Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordea,

IDOIA FERNÁNDEZ FERNÁNDEZ.


Azterketa dokumentala