Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2018ko uztailaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3783

119/2018 EBAZPENA, uztailaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Bilboko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean aritzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen hori sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Bilboko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean aritzeko dena (ebazpen honen eranskinean jasota dago).

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 9a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 9KO 119/2018 EBAZPENARENA
LANKIDETZA HITZARMEN MARKOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ADMINISTRAZIOAREN ETA BIZKAIKO LURRALDE HISTORIKOKO HIRIBURUA DEN BILBOKO UDALAREN ARTEKOA, ERTZAINTZA ETA UDALTZAINGOA ELKARLANEAN ARITZEKO DENA

Bilbon, 2018ko uztailaren 5ean.

ELKARTU DIRA:

Estefanía Beltrán de Heredia andrea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.1 artikuluari jarraikiz esku hartzen duena.

Bilboko Udaleko alkate Juan Mari Aburto Rike jauna

Bi alderdiek, dagozkien karguen bidez eta esleitu dizkieten ahalmenez baliatuz, hitzarmen hau gauzatzeko zilegitasun eta gaitasun nahikoak aitortzen dizkiote elkarri eta, horretarako,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Euskal polizia-eredua Euskadiko Poliziak osatzen du, eta hori Ertzaintzak –Eusko Jaurlaritzaren menpe- eta Euskadiko udalerrietako udaltzaingoek –Euskadiko udalerrien menpe- osatzen dute.

Polizia-eredu hori Euskadiko segurtasun publikoaren eredu globalaren barruan txertatuta dago. Segurtasun Publikoaren eredu horren helburua da batetik, herritarrak arrisku mota guztietatik babestea; eta bestetik, herritarrak, modu libre eta baketsuan, beren eskubideez eta askatasunez baliatu daitezen bermatzea; eta eredu hori segurtasun publikoaren sistemako zerbitzuak koordinatzeko sistema integral batean oinarrituta dago, zerbitzu polizialak zein babes zibileko eta larrialdietako azpisisteman txertatuta dauden beste zerbitzu batzuk.

Talde bakoitzari esleitu zaizkion funtzioei dagokienez, ereduaren koherentzia sustatzeko, beharrezkoa da polizia-kidegoak elkarren osagarri izateko formulak bilatzea, elkarrekiko harremana eta lankidetza erraztuko duten mekanismoak ezarriz.

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 42. artikuluaren eta ondorengoen arabera, betebehar hauek dituzte bi polizia-kidego horiek: elkarri laguntza eta informazioa ematea; biek erabiltzeko komunikazio-sare bat sortu eta mantentzea eta komunikazio-zentralen interkonexioa erraztea; Udaltzaingoa Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan integratzeko neurriak hartzea; polizia-instalazioen erabilera partekatuari eta zerbitzu komunak sortzeari bidea ematea; eta dokumentu, inprimaki eta formulario komunen erabilera sustatzea.

Lankidetza hori errazteko tokiko polizia-koordinaziorako batzordeen figura sortu zuen lege horrek, eta polizia-lankidetzako hitzarmena sinatzea aurreikusi zuen.

Bigarrena.– Ertzaintzaren eta udaltzaingoaren arteko lankidetza-tresnen beharra hainbat faktoreren ondorio da:

a) Batak zein besteak egin beharreko funtzioak edo funtzio partekatuak egotea. Horren ondorioz, polizia-kidegoak koordinatu egin behar dira, bitarteko eta baliabideen erabilera arrazionala egiteko eta emaitza eraginkor eta efizienteagoak lortzeko edo baterako ekintza edo operatiboak planifikatu eta egiteko;

b) Lurraldean eginiko funtzio batzuk elkarren osagarri izatea. Horrela, berezko eskumen batzuk gauzatzerakoan kontuan hartu behar dira horrek besteen eskumenetan izango dituen ondorioak, eta horretarako ezinbestekoa da intereseko informazioa trukatzea;

c) Berezko eskumenak gauzatzeak lurraldetik kanpo ere eragina izan ahal izatea; horren ondorioz, lankidetza zentzu horretan itundu beharra dago;

d) Lurraldean dauden polizia-baliabideak optimizatzeko eta beste polizia kidego batzuek bakarrik dituzten bitarteko tekniko edo zientifikoak partekatzeko aukera.

Hirugarrena.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 44. artikuluak polizia-lankidetzarako hitzarmenak sistematizatzen ditu, haien eduki posibleak ezarriz: polizia-kidegoen artean zerbitzuak mugatzea eta esleitzea, legez ezarritako eginkizunen arabera; presentzia polizialaren estandar orokorrak definitzea; batera jarduteko edo baterako kudeaketako zerbitzuak eskaintzeko protokoloak edo planak egitea; salaketak jasotzeko lanetan eta zehaztutako legez kontrako egintzei eta arloei buruzko ekintzen ikertze-lanetan udaltzaingoek polizia judizialaren eginkizunetan ere laguntzea erabakitzeko aukera ematea; eta emaitzak ebaluatzeko adierazleak ezartzea.

Horregatik guztiagatik, bi aldeek ahal denik eta lankidetza eta elkarlanik handiena lortu nahi dute bi administrazioen mendeko polizia-kidegoei dagozkien funtzioak egiterakoan, eta, horretarako, lankidetza-hitzarmen hau sinatu dute jarraian azaltzen diren klausulen arabera.

KLAUSULAK

Lehenegoa.– Xedea.

Esparru-hitzarmen honen xedea da Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetza eta elkarlaneko moduak eta prozedurak arautzea, lurraldean erabil daitezkeen polizia-baliabideak optimizatzeko eta herritarren segurtasun publikoaren beharrei zerbitzu hobea emateko.

Bigarrena.– Printzipioak.

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetzaren, elkarlanaren eta koordinazioaren printzipioak Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 3. artikuluan zehaztutakoak izango dira, batik bat irizpide hauei dagokienez:

a) Herritarrei bermatzea poliziak sentsibilitate goreneko erantzun azkar, bizkor eta eraginkorra emango diela.

b) Kalitatea eta efizientzia delituaren biktimei arreta ematerakoan eta horiek babesterakoan.

c) Leialtasun instituzionala izatea eta elkarrekin elkarlanean aritzea. Hori gauzatzeko bi kidegoek elkarri laguntza eta babesa emango diote, talde bakoitzari legez esleitu zaizkion funtzioak eta baterako ohiko funtzioak egiten direla bermatzeko.

d) Gertuen dagoen edo baliabideak mobiliza ditzakeen polizia-kidegoak esku hartuko du aurrena, ekintza horren gaineko eskumenik izan ez arren, eskumena duen indarra iritsi eta horren ardura hartzen duen arte, hitzarmen honetan xedatutakoaren arabera. Gainera beste polizia-kidegoarekin lankidetzan aritu beharko du, batez ere segurtasun publikoarekin lotutako zereginetan, horretarako deitzen zaionean.

e) Herritarren segurtasuna eta bizikidetza normala bermatzeko beharrezkoa den informazio guztia elkarri transmititzea.

f) Herritarren segurtasunean zuzeneko eragina duten arazoen aurrean arreta eskaintzen duten gainerako baliabide publikoekin koordinatzea eta elkarlanean aritzea.

Hirugarrena.– Zerbitzuak zehaztea.

1.– Legez ezarritako funtzio-banaketatik eratortzen den titulartasun-esleipenaren arabera zehaztuko dira Ertzaintzari eta Udaltzaingoari dagozkien polizia-zerbitzuak. Hori bateragarria da bi kidegoek hasiera batean, premiazko arrazoiengatik, esku hartzeko daukaten betebeharrarekin eta baterako jarduketak egiteko protokoloak ezartzeko beharrarekin.

2.– Ertzaintzak polizia integral gisa lege-ordenamenduak esleitzen dizkion funtzioak egingo ditu.

3.– Udaltzaingoak bere udalerrian egingo ditu Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 27. artikuluan jasotako funtzioak.

4.– Badira funtzio partekatuak:

a) Hurbileko poliziaren zereginak eta herritarrei laguntzea.

b) Aurrea hartzeko eginbideak eta lege-hauste diren egintzak eragoztera zuzendutako jarduketa oro burutzea.

c) Gatazka pribatuak adiskidetasunez konpontzeko esku hartzea, eskatzen bazaie.

d) Espazio publikoak eta konkurrentzia publikoko leku eta establezimenduak zaintzea, hitzarmen honetan edo horretarako sinatzen diren berariazko funtzioetan ezartzen diren funtzio zehatzekin.

e) Istripu, hondamen eta zorigaitz publikoetan laguntza ematea, legean ezarritakoaren arabera eta babes zibileko planekin bat etorriz.

5.– Trafikoarekin, zirkulazioarekin, bide-segurtasunarekin eta zirkulazio-istripuekin lotutako eskumenak eta Ertzaintzari eta Udaltzaingoari dagozkien polizia-zerbitzuak esleitzeko, lurraldea mugatzeari buruzko eranskinetan jasota dauden hiri barruko eta hiri arteko mugak kontuan hartzen dira. Eranskin horiek hitzarmen honekin batera bidaliko dira eta gai hauei buruzkoak dira:

a) Trafikoa antolatzea, arautzea eta kontrolatzea.

b) Arau-hausteak salatzea eta horiek zehatzea (espresuki beste Administrazio bati esleitu ez bazaizkio).

c) Ibilgailuak ibilgetzea eta lekutik kentzea, zirkulazioa oztopatu edo zailtzen badute edo zirkulaziorako arriskutsuak badira.

d) Kirol-probak, txirrindularien lasterketak eta bestelako ekitaldiak.

e) Bide-segurtasunaren gaineko zaintza eta kontrol kanpainak, eta gidariei alkoholemia- eta droga-probak egitea.

f) Beharrezkoa denean, bideak ixtea.

g) Zirkulazio-istripuak direla eta, atestatuak eta txostenak instruitzea.

Laugarrena.– Lankidetza-hitzarmenak.

1.– Tokiko polizia-koordinaziorako batzordean adostutako protokoloetan edo bi kidegoetako koordinazio operatiborako mahaiak sinatutako aldebiko protokoloetan, intzidentzien zerrendak jasoko dira eta titulartasunak esleituko dira, hitzarmen honetan eta haren eranskinean adierazitako irizpideei jarraituta, eta beti ere Lurralde Historikoko hiriburuko Udaltzaingoaren ahalmenen, baliabideen, bitartekoen, ezagutzaren eta esperientziaren berezitasuna kontuan hartuta, zerbitzu eta eginkizun hauek burutzeko: herritarren segurtasuna mantentzea, hurbileko polizia eta polizia judizialaren eginkizunak.

2.– Protokoloen helburua izango da Ertzaintzak eta Udaltzaingoak modu integralean, koordinatuan eta bateratuan jardutea, bakoitzaren eskumenen arloan sortzen diren arazoak modu eraginkorrean konpontzeko; eta beti ere, ezarritako atribuzioen arabera.

Bosgarrena.– Dispositiboak, operazioak eta intzidentziak.

1.– Herritarren segurtasunaren arloko polizia-jarduketek polizia-kidego bateko zein besteko titular bat izango dute. Horrek esku-hartzearen aginte- eta zuzendaritza funtzioak beteko ditu, bai eta eginbideak egin ere, beste polizia kidego baten lankidetza eragotzi gabe, beharrezkoa denean.

2.– Titulartasuna erabakitzeari dagokionez, poliziaren operatiboak eta esku-hartzeak honela sailkatuko dira:

a) Aurreikusteko gaitasunaren arabera:

– Dispositiboak: polizia-baliabideak prebentzio-lanetan era programatuan erabiltzea, lehentasunezko egiteko espezifikoarekin.

– Operazioak: polizia-baliabideak lan betearazleetan era programatuan erabiltzea, lehentasunezko egiteko espezifikoarekin.

– Intzidentziak: aurreikuspenik gabe sortzen diren gertaerak, zerbitzu publikorako esanguratsuak direnak.

b) Titulartasunaren arabera:

– Esklusiboak: bere eskumenak betez erakunde bakar batek kudea ditzakeenak.

– Partekatuak: bi erakundeek kudea ditzaketenak.

– Konplexuak: bere eskumenak betez erakunde batek gutxienez partzialki kudea ditzakeenak.

3.– Bi polizia-kidegoen arteko koordinazio operatiboko mahaiak adostutako eta Jarraipen Batzorde Mistoak berretsitako aldebiko protokoloetan, intzidentzien zerrendak jasoko dira eta titulartasunak esleituko dira, hitzarmen honetan adierazitako irizpideen arabera.

4.– Programatutako edozein polizia-dispositibok edo -operaziok behin-behineko titulartasuna edo aldez aurretik zehaztutakoa izango du irizpide hauen arabera, beheranzko hurrenkeran:

a) Administrazio baten eskumen esklusiboak, horiek gorde eta bermatzerakoan.

b) Administrazio batek bestearen gainean duen lehentasunezko interesa.

c) Zuzenean eragina izan dezaketen bitartekoak.

d) Gertakari bateko ekimena.

Dispositibo bat antolatu aurretik sor litezkeen intzidentziek dispositibo horren behin-behineko titulartasunari eutsiko diote.

5.– Herritarren segurtasunaren arloan programatu gabeko intzidentziak gertatzen badira, titulartasuna esleitzeko lehentasunezko irizpide hauek erabiliko dira, hurrenkera honetan:

a) Gertakari horren gaineko Administrazio baten eskumen esklusiboak.

b) Administrazio batek bestearen gainean duen lehentasunezko interesa, alde biek lehentasunezko izaera hori adostu duten kasuetan.

c) Gertakariaren kokalekua.

d) Esleitutako baliabidearen gertakariarekiko gertutasuna.

e) Komunikazioaren hartzailea.

Intzidentzia baten hasierako faseetan (aurrekariak, prestakuntza edo jatorria) behin behineko titulartasun bat esleituko zaie intzidentziei, sinatutako protokoloaren arabera. Titulartasun hori berretsi egingo da intzidentziaren kontrola lortzen den garapen-fasean.

Intzidentzia baten behin-behineko titulartasuna beste polizia-kidego bati eskualdatu ahal izango zaio egoerarengatik egokia denean.

Titulartasun esklusiboko intzidentzien kasuan, irizpide hauen arabera jokatuko da:

• 1., 2. eta 3. faseak (aurrekariak/prestakuntza/jatorria): Gertakaria 3. irizpidearen arabera esleituko da (bi polizia-kidegoetako edozeinen gertueneko baliabidearen gertutasuna). Gertuen dagoen baliabidea zein den argi ezartzea posible ez bada, premiazko arrazoiengatik, 5. irizpidea aplikatuko da (deia jaso duen bi zerbitzuetako edozein).

• 4. fasea (bilakaera): Fase horretan gertakaria egiaztatzen da eta behin behineko titulartasun bat esleitzen du polizia-kidego jardulearen zerbitzuburuak, 1., 2. eta 3. irizpideen arabera (eskumen esklusiboak, lehentasunezko interesa eta lurralde-eremua).

• 5. fasea (kontrola): fase horretan lekua babesten da, ebidentziak segurtatzen dira, lekukoak egiaztatzen dira eta atariko informazioa jasotzen da polizia kidego jardulearen zerbitzuburuak titulartasuna ebatzi arte, behin behinekoa berretsiz edo 1., 2. eta 3. irizpideen arabera hura transferitzeko aginduz (eskumen esklusiboak, lehentasunezko interesa eta lurralde-eremua). Titulartasuna esleitzeko irizpideari buruzko gatazkarik badago, zerbitzuburuak aginduak eskatuko dizkio bere goragoko hurrenari.

Titulartasuna ebazten denean, titularra ez den polizia-kidegoak jarduketak lagako dizkio kidego titularrari eta laguntza eskainiko dio zerbitzuburuak amaitzeko agindu arte.

• 6. fasea (ebazpena): dagokionean, gertakaria zuzenean ezagutzen duen lehen unitatea ordezkatua izango da titularra ez denean, polizia-kidego titularraren polizia-etxean berehala haren adierazpenak jasotzeko.

• 7. fasea (dokumentazioa): Arau orokor gisa, gertakariarekin lotutako polizia-jarduketak kidego titularrari dagozkio.

Titularra ez den kidegoko agenteek atxiloketarik egin balute edo bestelako prebentzio-eginbideak, agente horiek titularraren polizia-etxera joango dira, eta bertan atxilotuak eta objektuak aurkeztuko dituzte, atxiloketaren eginbidea egingo dute eta horretarako hasitako atestatuan adierazpenak egingo dituzte.

Koordinazio operatiborako organo teknikoak, kasu zehatz horretako, inguruabarrengatik beste edozein irizpide hartzeko aukera baztertu gabe.

6.– Hainbat motatako gertakariak dituzten intzidentzietan, garrantzi juridikoari dagokionez, banako administrazio bakoitzaren eskumen esklusibo bakoitzari tratamendu hau emango zaio:

a) Gertakaria hainbat intzidentziatan banatuko da, eta bakoitzaren titulartasuna administrazio eskudunari esleituko zaio ezarritako irizpideen arabera.

b) Gertakarien artean harreman estua balego, hau da, banaka erreparatuz gero gertatu izan ez balira, titulartasuna ezarritako irizpideen arabera gertakaririk larriena ezagutzen duen polizia-kidegoari egokituko zaio, lotutako gertakarien eskumena duen polizia-kidegoaren azpititulartasunaren kalterik gabe. Hartara, elkarrekin koordinatu beharko dute bakoitzaren polizia jarduna.

Seigarrena.– Batera jarduteko protokoloak edo planak.

1.– Ertzaintzak eta Udaltzaingoak batera jarduteko protokoloak edo planak prestatu ahal izango dituzte polizia-dispositibo eta -operazioak egiteko, poliziaren eraginkortasun handiagoa lortzeko bi polizia-kidegoetako agenteen lankidetza beharrezkoa denean.

2.– Batera jarduteko protokoloek edo planek helburu hauek izan ditzakete:

a) Polizia-kidego baten edo bestearen titulartasun esklusiboa duten dispositibo edo operazioei laguntza ematea, agenteekin edo baliabide material zein teknikoekin poliziaren jarduna indartuz.

b) Titulartasun partekatua edo polizia-kidego baten zein bestearen titulartasuna duten dispositibo edo operazioetako jarduketako erantzukizunak banatzea, edo horiek sektorizatzea, aldez aurretik ezarritako irizpide eta lehentasunen arabera. Egokia denean, baterako jarduketak egiteko aukera planteatu ahal izango da.

c) Dispositibo edo operazio konplexuen koordinazioa planifikatzea, bere ardurak gauzatzeko polizia-kidego bakoitza bestearekin koordinatu beharko den kasuetan.

Zazpigarrena.– Presentzia polizialaren estandar orokorrak.

1.– Ertzaintzak eta Udaltzaingoak koordinaziorako irizpideak zehaztuko dituzte, eskura dauden baliabideak era egokian erabiltzen direla segurtatzeaz gain, udalerri guztian poliziaren presentzia jarraitu eta nabaria bermatzeko.

2.– Udaltzaingoak patruila jarraituak antolatu beharko ditu legez esleituta dituen funtzioen eta hitzarmen honetan zehaztutako egitekoen arabera, eta, baliabideen ahalmenen eta eskuragarritasunaren arabera, bakoitzari dagozkion ardura esklusiboekin lotutako jarduerei lehentasuna emango die, segurtasuneko polizia gisa esleituta dituen gainerako eginkizun partekatuei kalterik egin gabe.

3.– Ertzaintzak, laguntzeko dituen betebehar eta funtzioak eragotzi gabe, patruila jarraituak mantenduko ditu, delituek, herritarren segurtasunaren kontrako arriskuek eta desordena publikoek eragindako premiazko eskariei berehalako erantzun egokia emango zaiela bermatzeko, bai eta eskumen horien alorreko prebentzioa udalerri guztian egiteko ere.

4.– Ertzaintzak eta Udaltzaingoak batera lan egiteari ematen diote lehentasuna, baliabideen eta efektiboen diseinua eta banaketa egitean; herritarren lasaitasuna, bizikidetza eta ongizatea kaltetzen dituzten gizalegearen kontrako jarrerak zaintzean; eta laguntzako polizialaren gainerako eginkizun orokorretan eta biktimei arreta ematean.

Zortzigarrena.– Informazio-trukea.

1.– Ertzaintzak eta Udaltzaingoak delituak prebenitzeko eta herritarren segurtasuna hobetzeko informazio erabilgarria emango diote elkarri erregulartasunez.

Horretarako, tokiko polizia-koordinaziorako batzordeetan polizia- eta delitu-jardueren aldizkako laburpenak, informazioa eta datu estatistikoak trukatzeko prozedurak eta eduki zehatzak ezarriko dira, udalerri bakoitzean udalerriko segurtasunerako garrantzitsutzat jotzen diren alderdiak zehaztuz.

2.– Bi polizia-kidegoek berehala jakinaraziko dizkiote honako hauek elkarri:

a) Manifestaldiak eta elkarretaratzeak, gatazkak eta desordena publiko garrantzitsuak, pertsonei eta ondasunei arrisku larria eragiten dietenak.

b) Lehergailuak jartzearekin edo gertakari terroristekin lotutako mehatxu, abisu eta esku hartzeak.

c) Itxuraz, kausa naturalengatik gertatu ez diren heriotzak: gizahilketak, trafiko-istirpuak, lan-istripuak.

d) Sexu-askatasunaren edo sexu-ukigabetasunaren aurkako delituak.

e) Larderiaz eta indarkeriaz eginiko lapurretak, batez ere su armak edo bereziki arriskutsuak diren bestelako objektuak erabiliz eginikoak.

f) Legez kontrako atxiloketak eta bahiketak. Adingabeak ostea.

g) Ibilgailu motordunak/ziklomotorrak erabiltzeko lapurretak edo ebasketak, eta horiek agertzea.

h) Alarma sozial larria sortu edo hedabideetan zabalkunde handia izan dezaketen beste delitu-ekintza larri batzuk.

i) Atxiloketa aginduak, errekisitoriak, pertsonen desagertzeak eta agertzeak.

j) Ezbeharrak: leherketak, etxebizitzetako eta eraikin industrialetako sute larriak, etxebizitzen lur-jotzeak.

k) Istripu larriak: garraio publikoak, biktima ugariko istripuak, NRBQ edo salgai arriskutsuak.

l) Mugikortasunari eta larrialdietako arretari modu larrian eragin diezaioketen ikuskizunak, kirol ekitaldiak, txirrindulari ibilbideak, bide publikoaren okupazioak, zirkulazio mozketak edo segurtasun kontrolak.

m) Koordinazio operatiboko mahaiak egokitzat jotzen dituen beste egoera batzuk.

3.– Informazioa trukatzeko presazko polizia-komunikazioen protokolo bat ezarriko da. Era berean, beste polizia-kidegoaren lankidetza beharrezkoa den egoeretan, hasierako gertakariaren ondoren gertatutako intzidentzien berri eman beharko da, eta horretarako zuzeneko harremanak ezarriko dira.

4.– Pertsona askoren presentzia edo parte-hartzea duten ekitaldi, ikuskizun, egoera edo intzidentzietan, bi polizia-kidegoetako arduradunak denbora errealean koordinatu beharko dira, egokiak diren sareko lotura-sistemak erabiliz. Horretarako, behin betiko izaerarekin, baterako komunikazio kanala ezarri ahal izango dute, baita baterako Polizia-Koordinaziorako Zentro bat ere.

5.– Bi erakundeek instalatutako bideozaintza-zirkuituak batera erabiltzeko aukera aztertuko da.

6.– Egokien jotzen den maiztasunarekin, Segurtasun Sailak udalerriari herrian erregistratutako delinkuentziaren bilakaeraren laburpen bat emango dio, dela berak jasotako datuekin dela batera eskuratutako datuekin. Bertan, datu hauen xehetasunak emango dira, besteak beste: ezagutzen diren delituen guztizko kopurua; mila biztanleko arau-hauste penalen indize ofiziala; delitu mota bakoitzaren bilakaera, etab. Horrela, egoeraren egiazko diagnostikoa egin ahal izango da eta beharrezkotzat jotzen diren politikak eta segurtasun-operatiboak abiarazi ahal izango dira.

Bederatzigarrena.– Euskadiko poliziaren datu bilketarako zentroan parte hartzea.

1.– Hitzarmen honetako helburuak betetzeko, eta poliziaren datu-baseen sistema integratu bat artikulatzeko, bi aldeek neurri zehatzak hartuko dituzte Udaltzaingoa Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan integra dadin, dagozkion protokoloak sinatuta.

2.– Integrazio horren helburua izango da Udaltzaingoari sistemak duen informaziorako sarbidea ematea, ezartzen diren segurtasun-mailekin eta mugekin, eta Udaltzaingoak herritarren segurtasuneko lanak eta polizia judizialaren eginkizunak betetzen ari denean sortzen duen polizia-informazio guztia aipatutako Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan integratzea.

3.– Datu-baseetarako sarbidea eta kontsulta protokolo baten arabera egingo da (Hitzarmen honi eranskin gisa atxikiko zaio). Bertan zehaztuko dira ekipo eta programen ezaugarri teknikoak, sarbide-mailak, datuen konfidentzialtasunaren segurtasun-mailak, datu pertsonalak babesteko indarrean dagoen araudia betetzeko modua eta datuak legez hirugarrenei lagatzeko baldintzak, beharrezkoa denean. Hori guztia pertsonalak babesteko araudiak ezarritako baldintzak betez egingo da.

4.– Herritarren segurtasunaren eta polizia judizialaren arloan udaltzaingoak egiten dituen jarduerekin lotutako arau-hauste penalen, pertsonen eta ibilgailuen gaineko datuak, Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroaren bidez partekatuko ditu udaltzaingoak, Segurtasun Sailak ezartzen dituen prozedura eta irizpideen arabera.

Hamargarrena.– Koordinazio operatiboa.

1.– Intzidentzia-tipologia askotarikoak sailkatzeko eta dispositibo eta operazioen titulartasuna esleitzeko koordinazio operatiboko organo tekniko bat egongo da, bi erakundeetako ordezkari polizialek modu parekidean osatutakoa.

2.– Organo hori, oro har, ohiko moduan hilean behin bilduko da, deialdia alde batek zein besteak egin eta gero; eta ezohiko moduan, edozein aldek eskatuta.

3.– Hauek dira bere zereginak:

a) Baterako dispositiboak eta operazioak planifikatzea, horien titulartasuna esleitzea, aginte-lanak egitea eta polizia-kidegoen arteko koordinazio eta laguntza antolatzea.

b) Intzidentzien tipologia zehaztea, eguneratzea eta berrikustea eta titulartasunak esleitzea.

c) Titulartasunak eskualdatzeko protokoloak ezartzea.

d) Aurreikusitako koordinazio-mekanismoen jarraipena egitea, bilakaera, eta praktikan jartzea.

e) Koordinazio-sistemetako gabeziak zuzentzea eta hobekuntzak ezartzea.

f) Sistema operatiboak analizatzea, ikertzea eta homogeneizatzea.

g) Baliabideen kudeaketa garatzea eta bateratzea.

h) Tokiko polizia-koordinaziorako batzordeak koordinazioaren alorrean hartutako akordioak gauzatzea.

Hamaikagarrena.– Aginte ete kontrol zentroen integrazioa / interkomunikazioa.

1.– Polizia-koordinaziorako zentro integratuak funtsezkoak dira erantzun operatiboa hobetzeko, azkarrago jardutea lortzeko, baliabideak modu efikaz eta eraginkorrago batean banatzeko, gertakariak neutralizatzeko eta herritarren segurtasuna handitzeko.

2.– Horretarako, hala erabakitzen denean, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren aginte eta kontrol zentroak Polizia -koordinaziorako eta -komunikaziorako Zentro bateratu batean integra daitezela sustatuko da.

3.– Edonola ere, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren aginte eta kontrol zentroak interkomunikatuta egongo dira jarduera hauek egiteko:

a) Baliabide operatiboen kokapen geografikoari eta erabilgarritasunari buruzko informazioa trukatzea, ahal izanez gero denbora errealean.

b) Patruila bakoitzaren zerbitzu-unitateei, horien kideei, esleitutako baliabideei, adierazleari eta patruilatzeko zonaldeari buruzko informazioa ematea, txanda bakoitzaren hasieran.

c) Polizia-intereseko mezuen hedapen orokor eta selektiboa erraztea.

d) Herritarrek egindako deiak azaldutako gertakariaren titulartasuna duen zerbitzuari bideratzea, hitzarmen honetan adierazitako irizpideei eta egingo diren protokoloetan zehaztuko direnei jarraikiz.

4.– Aurreko paragrafoetan ezarritakoaren ondorioetarako, alde sinatzaileek konpromiso hauek hartzen dituzte: Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren Komunikazio Zentralen arteko komunikazioa bermatzeko hartu beharreko neurri teknikoak hartzekoa, eta baterako segurtasun dispositibo espezifikoak edo ezohikoak burutzeko frekuentzia eta kanal bateratuak erabil daitezen erraztekoa.

5.– Udaltzaingoa SOS-Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko taktika operatiboetan txertatuta egongo da, bai eskumen esklusiboei dagokienean, baita Ertzaintzarekin partekatzen dituen eskumenei dagokienean ere. Baliabide operatiboen kokapen geografikoa eta eskuragarritasuna ezagutzea komenigarria den aztertuko da.

Hamabigarrena.– udaltzaingoak polizia judizialaren eginkizunetan parte hartzea.

1.– Segurtasun Sailak eta hitzarmen hau sinatzen duen udalerriak adostu dute Udaltzaingoak polizia judizialaren eginkizunetan parte hartzea, hitzarmen honetan zehazten diren baldintzetan, eta honako helburu hauekin.

a) Udal mugartean ematen den polizia-erantzuna hobetzea, arau-hauste penalak ikertzearen arloan Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko koordinazioa handituz, herritarren segurtasuna indartze aldera.

b) Udalerrian egiten diren edo poliziak ezagutzen dituen delituak ahalik eta hobekien argitzea.

c) Biktima eta lekukoei lehentasunezko arreta ematea eta salaketak egiteko aukera ematea.

d) Polizia-atestatuak kalitate gorenekoak direla bermatzea, prozedura penaletan eraginkorrak izan daitezen, batik bat azkar epaitzeko delitu eta falten kasuan.

2.– Jarraipen Batzorde Mistoaren aldebiko akordioetan, hitzarmen hau garatzean, Udaltzaingoak polizia judizialaren eginkizunak burutzean nolako parte hartzea izango duen zehaztuko da eta, arau-hauste penalei dagokienean, bere gain hartuko dituen eginkizun, gai eta ardura zehatzak (salaketak jasotzea, delitu-egintzak ikertzea, atestatu polizialak dagokion epaitegira eta fiskaltzara tramitatzea, etab.) zerrendatuko dira; beti ere, kidego bakoitzari dagokion eskumen-esparruan ezarritakoa errespetatuz eta indarrean dagoen legedia betez.

3.– Polizia judizialaren eginkizunak betetzeari dagokionean, Udaltzaingoaren jarduera-esparrua hitzarmen honen jarraipen batzordeak aldebikotasunez adierazten duena izango da.

4.– Polizia-kidegoetako batek klausula honen bigarren atalean aipatzen diren aldebiko akordioetan jasotako delitu-egintzak ikertzen baditu, eta egintza horiek aldez aurretik beste kidego batek ikertu eta judizializatu baditu, bigarren ikertu duen kidegoak lehenengo ikertu zuenari helaraziko dizkio egindako jarduerak, salbu eta koordinazio operatiborako organo teknikoak, modu bateratuan eta uneko inguruabarrak kontuan hartuta, beste irizpide bat hartzea erabakitzen badu.

5.– Ikerketa bat egiten den bitartean, udalerritik kanpoko jarduketak egin behar direla ikusten bada, horren berri Ertzaintzaren ikerketa kriminal eta polizia judizialaren arloko arduradunei eman behar zaie, hitzarmen honetan ezarritako bideak erabiliz.

6.– Udaltzaingoak ikerketa bat egiten duen bitartean, haren lurralde-eremutik kanpoko jarduketak egiteko beharra sortzen duten elementu edo zantzuak aurkituko balira edo udalerriz gaindiko inplikazio garrantzitsuak daudela ikusiko balitz, eta ikerketa argitzea edo ustezko egileak atxilotzea ez eragozteko azkar jardutea funtsezkoa izango balitz, inguruabar horiek, berehala, Ertzaintzaren ikerketa kriminal eta polizia judizialeko arduradunei jakinaraziko zaizkio, Udaltzaingoak ez du ikerketa horretan aurrera jarraituko eta ordura arte egindako jarduerak Ertzaintzaren esku jarriko ditu edo batera lan egingo dute ikerketan eta egin beharreko eginbideak egiten, bakoitza bere eginkizun- eta lurralde- eskumenen arabera; beti ere, koordinaziorako organo teknikoak, hala badagokio, ezartzen duenari kasu eginez.

7.– Horrela jardun behar da, egindako jarduketak eskualdatuz, Udaltzaingoak ikerketa egiten duen bitartean, honako egoera hauetako bat gertatzen ari dela ikusiz gero:

a) Udaltzaingoaren eginkizunen arloko eskumenetik kanpoko beste arau-hauste penal batzuk egin direla edo gertakariak horiekin lotura daukala.

b) Oso konplexua delako, Udaltzaingoaren espezializazioa eta eginkizunak gainditzen dituela.

c) Gaitasun operatiboaren faltagatik, ezin dela ikerketa argitzen aurrera jarraitu.

8.– Ikerketa baterako egokia edo beharrezkoa izango balitz, bi polizia kidegoetako kideez osatutako ikerketa-talde koordinatuak eratu ahal izango dira.

9.– Salaketak egitea:

a) Herritarrei salaketak egiteko erraztasunak emateko eta eskaintzen zaien polizia-arreta hobetzeko, Bulego Mugikorrak martxan jartzea komenigarria den aztertu eta erabakiko da. Horiek ertzainek edo udaltzainek osatuko lituzkete, edo bestela, bi polizia kidegoetako udaltzainek eta ertzainek, modu bateratuan.

b) Gainera, teknikoki posiblea den guztietan, salaketak telefonoz, bide elektronikoz eta beste edozein bide telematikoren bidez izapidetzeko beharrezko neurriak ere erabakiko dira, betiere horiek behar bezala formulatzen direla bermatuz.

c) Era berean, salaketa-mota jakin batzuk gertakarien lekuan bertan egiteko aukera emateko neurriak ere aztertuko dira, salatzaileari dagokion formularioa eskainiz.

10.– Atestatuak egitea eta telematikoki transmititzea:

a) Atestatuak eta eginbideak egiteko, indarreko legeria prozesal eta penalean ezarritako irizpideei jarraituko diete.

b) Segurtasun Sailak Udaltzaingoaren esku, polizia judizialaren eginkizunekin lotutako atestatuak eta beste idatzi edo ofizio batzuk egiteko, aplikazioak eta dokumentazio euskarri normalizatu eta informatizatuak jarriko ditu.

c) Protokolo batean jasoko dira polizia kidegoetako arduradunek beharrezkoa den informazioa (salaketak, atestatuak, ikerketak, atxilotuak, ...) elkarri eman ahal izateko prozedurak, informazioa izendatutako pertsonen artean zuzenean emateko, edo polizia judizialaren alorrean koordinazio operatiboko zentroaren bidez emateko, eta horren barruan lehen adierazitako dokumentazioaren transmisio telematikoa ere sartzen da. Aldizkakotasunari eta edukiari buruz ezarritakoa ere bete behar da.

d) Udaltzaingoak egindako atestatuen kopia bat bidaliko zaio Ertzaintzari, aurreko protokoloak ezartzen duenaren arabera.

e) Ikerketak eta atestatuak egitean erabiltzen diren datuen tratamendu informatikoa egitean, datu pertsonalak babesteko araudian ezarritako xedapenak kontuan hartuko dira.

f) Atestatuen, salaketen eta ikerketen dokumentazioa transmititzeko protokoloak hitzarmen honi atxikiko zaizkio eranskin gisa, eta hitzarmenaren zati banaezina izango dira.

11.– Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan integratzea:

Udaltzaingoaren polizia judizialaren eginkizunak indartu eta optimizatzeko, polizia judizialaren ikerketak eta jarduketak egiteko beharrezkoak diren Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroko datu-baseekin interkonektatuko da Udaltzaingoa, hitzarmen honetan ezarritako arau-hausteen alorrean.

Horretarako, Ertzaintzaren informatika-sistemekin integratzeko eta konektatzeko informatika-aplikazioak instalatuko dira Udaltzaingoaren bulegoetan, batik bat polizia-atestatuak egiteari dagokionez, horrela Udaltzaingoak polizia judizialaren eginkizunak betez egindako jarduketetan lankidetza eta koordinazioa erraztuko baitira. Horretarako, datu pertsonalak babesteko arloan indarrean dagoen araudia kontuan izango da.

Sarbide horren bidez, datu-baseetara sartu eta horiek erabiltzeko protokoloan zehazten diren datu-baseetako datu administratibo, polizial eta judizialak kontsultatu ahal izango dira, eta modu mugatuan tratatu.

Udaltzaingoak delituak ikertzeko hasten dituen jarduera guztiak, bai agintaritza judizialarentzako atestatuarekin amaitzen direnak bai artxibatzen direnak, hasieratik Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan sartuko dira beharrezkoak diren jarraibide teknikoen arabera, eta gaituta dauden udaltzainek kontsultatu ahal izango dituzte, segurtasun-baldintzak betez eta datu pertsonalak babesteko araudia errespetatuz.

12.– Polizia judizialaren oinarrizko prozedura operatiboak:

a) Atxiloketa, identifikazioa, datuak hartzea eta ikerketako beste eginbide batzuk.

Udaltzaingoak egindako jarduketen ondorioz pertsona bat atxilotuko balitz, atxiloketa Udaltzaingoak berak kudeatuko du pertsona hori epailearen eskuetan jarri arte, beharrezkoa balitz.

Atxilotua identifikatzeko eta haren datuak hartzeko, Udaltzaingoak baliabide propiorik ez balu, atxilotua ertzain-etxera eraman beharko da.

Udaltzaingoak pertsona identifikatzeko eta haren datuak hartzeko baliabide propioak baditu, Interafis protokoloa aplikatu beharko da eta hori hitzarmenean, eranskin gisa, sartuko da.

Udaltzaingoa Ertzaintzak telefonoetako esku sartzeak kudeatzeko daukan ILC (Komunikazioetan legalki esku sartzea) sistemarekin konektatzeko, hitzarmenean eranskin gisa sartuko den protokolo bat bete beharko da.

b) Atestatuak egitea eta atxilotua epailearen esku uztea.

Udaltzaingoak, polizia judizialaren eginkizunak betez, egin beharreko ikerketak eta atxiloketak egingo ditu, Konstituzioan eta ordenamendu juridikoan xedatutakoaren arabera.

Pertsona bat atxilotzean, atestatuaren instruktoreak izango du atxilotua epailearen esku uzteko ardura edo, dagokionean, hura aske uzteko edo legez dagokion egoerara pasatzeko ardura, bai eta atestatua agintaritza judizialari bidaltzekoa ere.

Atestatuaren instruktorearen ardura izango da eginbideen kopia Fiskaltzari eta legean ezarritako gainerako organismo publikoei bidaltzea.

c) Polizia zientifikoa, kriminala eta peritutza teknikoa.

Hitzarmen honen arabera egiazta eta iker ditzakeen delituen ikerketa egiteko, Udaltzaingoak gertakariaren lekuan bertan egingo du begi-ikuskapen teknikoa, eta gertakariak argitzen lagundu dezaketen zantzu edo froga-elementu oro jasoko du.

Begi-ikuskapen teknikoa egiten duten udaltzainek akta bat idatziko dute, eta horri krokisak, argazkiak eta/edo bideoak eta jasotako elementuak erantsiko dizkiote. Hori polizia-atestatuari gehituko zaio, eta arreta berezia emango zaio zaintza-katea bermatzeari.

Udaltzaingoak polizia zientifikoaren eta peritutzaren lan espezializatuak egiteko nahikoa baliabide ez duenean, Ertzaintzaren Unitate espezializatuen lankidetza eta laguntza eskatu ahal izango du. Agintaritza judizial eskudunari intzidentzia horren berri emango dio.

Udaltzaingoak polizia zientifikoaren eta peritutzaren lan espezializatu zehatzak egiteko baliabide tekniko propio eta egokiak dituenean, Ertzaintzari lankidetza eta laguntza eskaini ahal izango dizkio, baldin eta hark eskatzen badu.

Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza, polizia zientifikoaren edo peritutzaren lan espezializatu zehatzak edo horien antzekoak egiteko, hitzarmenean eranskin gisa sartuko da.

13.– Koordinazio operatiboa:

Esku hartzen duten bi aldeen adostasunez, polizia judizialaren arloko koordinazio operatiborako zentro bat sortu ahal izango da. Horren buru izango dira bi polizia kidegoetako alor horretako arduradunak, eta helburua polizia-jardun koordinatua une oro bermatzea izango da.

Zentroa antolatu behar da etengabeko funtzionamendua bermatzeko moduan, eta aldian-aldian bilerak egingo dira, ikerketa kriminal guztietan polizia eraginkorra dela bermatzeko eta hitzarmen honetan jasotako alor operatibo guztiak betetzen direla ziurtatzeko.

Polizia judizialaren arloan, Udaltzaingoaren parte hartzea adosten den delitu-tipologiarekin lotuta, egiten diren jarduketa guztien berri emango diote bi kidegoek egunero polizia judizialaren arloko koordinazio operatiborako zentroari, ezarriko diren protokoloetan zehaztutako dokumentu normalizatu baten bidez.

Polizia judizialaren arloko koordinazio operatiborako zentroko bi kidegoetako arduradunek batera hartu ahal izango dituzte 5. klausularen 5 atalean (dokumentazio-fasea) eta 12. klausularen 4, 6, 7 eta 8 ataletan jasota dauden erabakiak, koordinaziorako organo teknikoko arduradunek eskuordetuta, edo haiek erabakia garaiz hartzea eragozten duten presazko arrazoiak daudelako, baina haiei egindako jardueren berri eman behar zaie.

14.– Prestakuntza:

Polizia judizialeko talde edo unitateen parte diren udaltzainek gai horri buruzko prestakuntza espezifikoa izan behar dute, salbu eta izan beharreko esperientzia edo prestakuntza daukatela egiaztatzen badute.

Udaltzainei zuzendutako polizia judizialaren arloko prestakuntza-ekintzak sustatuko dira. Horiek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egingo dira. Prestakuntza-ekintza horiek aurrera eramateko, agintaritza judizialaren eta Fiskaltzaren lankidetza lortzeko ahaleginak egingo dira.

‘Polizia judizialaren’ lanetan espezializatzeko sarrerako ikastaroetan parte hartzeko, Udaltzaingoko funtzionarioen kasuan, ez da ezinbestekoa izango hitzarmen hau sinatzen den egunean funtzio horietan hiru urteko esperientzia edo nahikoa prestakuntza espezializatua dutela egiaztatzea. Irizpide hori balioestea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren esku geratzen da.

Hamahirugarrena.– Polizia-inteligentzia.

1.– Udaltzaingoak bere polizia-jarduera operatiboa, ikerketa kriminalaren arlokoa bereziki, Ertzaintzaren inteligentziako tokiko unitateek egiten dituzten jarduerei gehitu behar die, eta antzeko funtzionamendu-jarraibideak izan behar ditu.

2.– Ertzaintzak, kasuan kasuko Unitatearen bidez, Udaltzaingoari bere eskumenak erabiltzeko garrantzitsua den informazio operatiboa bidali behar dio, arlo horrekin lotuta dagoena eta udalerriko eremu geografikoari eragiten diona.

3.– Helburu hori lortzeko, komunikazioak egiteko, modu telematikoan nagusiki, eredu eta inprimaki ofizialak partekatu ahal izango dira, informazioa zein izaera operatiboko jakinarazpenak, erantzunak eta abisuak bidaltzeko.

Hamalaugarrena.– Kriminalitateari buruzko estatistikak.

1.– Tipologiaren araberako arau-hauste penalei eta arrazoiaren eta sexuaren araberako atxiloketei eta ikerketei buruzko datuak kasuan kasuko udalerrian tratatzea lehentasunezkoa izango da.

2.– Ezartzen diren protokolo eta hitzarmenen arabera, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak dokumentu, programa edo datu-base bera izango dute, eta horretan tipologiaren araberako arau-hauste penalei eta arrazoiaren eta sexuaren araberako atxiloketei eta ikerketei buruz beharrezkoa den informazioa sartuko da, segurtasun-baldintzak erabilita eta ezarri beharreko murriztapen-mailak eta sarbideak ezarrita. Informazio horrek kriminalitateari buruzko estatistika osatuko du. Ondorio estatistikoetarako, HSBLOren arau-hausteei eta zehapen-espedienteei buruzko datuak ere emango dira.

3.– Bi polizia-kidegoetako sistemek horretarako aukera ematen duten neurrian, arau-hauste penalak georreferentziatuko dira, dagokion trataera informatikoa egin ahal izateko.

Hamabosgarrena.– Komunikazio instituzionala.

1.– Polizia-kidego bakoitzak bere prentsa-oharra aterako du, hedabideekiko politika informatiboaren, eta horren irizpideen eta harremanen arabera, eta bakoitzak bakarrik bere jarduera, estatistika eta zerbitzu propioak, etab. azalduko ditu, beste kidego baten esku-hartzeei, datu edo informazioei erreferentziarik edo horien inguruko oharrik egin gabe.

2.– Bi polizia-kidegoek batera egiten dituzten esku-hartzeei buruzko prentsa-oharrak elkarri pasako dizkiote bi polizia-kidegoetako prentsa arduradunek, argitaratu aurretik. Horrela, laguntza eman zuen polizia-kidegoak prentsa-oharra osatu ahal izango du intzidentziaren titulartasuna duen polizia-kidegoak oharra publiko egin aurretik, eta une oro bermatua geratuko da bi kidegoek egindako lanaren aitortza.

3.– Egokia dela erabakitzen denean, prentsa-ohar bateratuak eman ahal izango dira.

4.– Edonola ere, hedabideei informazioa eman behar dien polizia-kidegoa kontuz ibiliko da gertakarien ikerketan eragina izan lezaketen datuak publiko ez egiteko.

5.– Zerbitzuei buruz egiten diren estatistika eta ebaluazioen aurreko azterketa bat egin beharko da tokiko polizia-koordinaziorako batzordean, eta horiek argitaratu eta komunikabideei zabaltzeko batzorde horren adostasuna lortu beharko da aldez aurretik.

Hamaseigarrena.– Emaitzak ebaluatzeko adierazleak.

1.– Tokiko polizia-koordinaziorako batzordeetan edo, bestela, koordinazio operatiborako organo teknikoan, polizia-lankidetzaren emaitzak ebaluatzeko adierazleak ezarriko dira, hainbat irizpide erabilita: krimenaren eta indarkeriaren indizeak, segurtasun-faltaren pertzepzioa, poliziaren eta komunitatearen arteko harremanak, poliziaren jarduna eta horren kudeaketa instituzionala, besteak beste.

2.– Adierazle horien helburuak izan ahal dira, besteak beste, abiarazi diren baterako programen eragina neurtzea, estrategia baten esparruko emaitzak edo helburu espezifikoak bete diren neurtzea edo aurreikusitako helburu estrategikoak betetzeko beharrezko jarduera espezifikoen ezarpen- edo aurrerapen- maila ezagutzea.

Hamazazpigarrena.– Jarraipen batzorde mistoa.

Hitzarmena behar bezala betetzen dela zaintzeko, Jarraipen Batzorde Mistoa eratuko da. Sei kidek osatuko dute: hiru Segurtasun Sailaren ordezkariak, eta, beste hiru, Udalarenak. Segurtasun Saileko ordezkari bat izango da batzordeko presidentea.

Batzorde horren zereginak hauek dira: hitzarmena interpretatzean sor daitezkeen zalantzak argitzea, betearaztean eragin daitezkeen desadostasunak konpontzea, hitzarmenaren urratsak aztertzea eta, beharrezkoa izanez gero, hori hobetzeko proposamenak egitea.

Batzordea urtean behin bilduko da, gutxienez, eta aldeetako batek horrela eskatzen duenean, eta adostasunez hartu beharko dituzte erabakiak.

Hamazortzigarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Lankidetza-hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean alda daiteke, bi alderdiek hala erabakiz gero, eta erabaki berriak gehigarri gisa erantsiko zaizkio dokumentu honi.

Hemeretzigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta auziak.

Hitzarmen hau administrazio arlokoa da, eta, beraz, interpretatu eta garatzeko, administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko administrazio-araubidea bete beharko da.

Hamaseigarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordeari esleitutako funtzioak eragotzi gabe, hitzarmen hau garatu eta gauzatzerakoan bi aldeen artean sortzen diren auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren esku utziko dira.

Hogeigarrena.– Indarraldiak eta azkentzea.

Hitzarmen hau aldeek sinatzen duten egunean sartuko da indarrean, eta indarraldia 2020ko abenduaren 31n bukatuko da.

Aurreko paragrafoan adierazitako amaiera-epea heldu aurretik, hitzarmena izenpetzen duten alderdiek edozein momentutan adostu dezakete, aho batez, hitzarmenaren indarraldia luzatzea, gehienez ere beste lau urtez, edo, bestela, hitzarmena azkentzea.

Hitzarmena azkendu ahal izango da, alderdiek edozein momentutan hala adosten badute.

Lankidetza-hitzarmen hau irakurri ondoren, bertan esandakoarekin bat datozela adierazteko, alderdiek bina kopia sinatu dituzte, testuaren idazpuruan aipatutako tokian eta egunean, eta ezarritako estipulazioekin bat.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.

Bilboko Udaleko alkatea,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala