Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2018ko uztailaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3759

95/2018 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Herriko Unibertsitatearekin (Zuzenbide Fakultateko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoa) sinatutako lankidetza hitzarmena, alde biek bereizkeria eta bazterketa sozialaren kontrako borrokan, aniztasunaren eta tolerantziaren sustapenean eta justizia sozialaren lorpenean partekatzen dituzten helburuak garatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin (Zuzenbide Fakultateko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoa) sinatutako lankidetza hitzarmena, alde biek bereizkeria eta bazterketa sozialaren kontrako borrokan, aniztasunaren eta tolerantziaren sustapenean eta justizia sozialaren lorpenean partekatzen dituzten helburuak garatzeko. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 15a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 15eKO 95/2018 EBAZPENARENA
LANKIDETZA HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAK ETA JUSTIZIA SOZIALAREN ALDEKO KLINIKA JURIDIKOAK (JSKJ - EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO ZUZENBIDE FAKULTATEA) SINATUA, BEREIZKERIAREN ETA GIZARTE-BAZTERKETAREN KONTRA BORROKATZEKO, ANIZTASUNA ETA TOLERANTZIA SUSTATZEKO ETA JUSTIZIA SOZIALA LORTZEKO

Donostia, 2018ko maiatzaren 14a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Beatriz Artolazabal Albeniz andrea, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta hura ordezkatuz, egintza honetarako ahalmenak baititu 2018ko apirilaren 17ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiaren arabera.

Beste aldetik, María Ángeles Barrère Unzueta andrea, Euskal Herriko Unibertsitatearen (aurrerantzean EHU) Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren zuzendaria, Klinika ordezkatuz (EHUren Gobernu Kontseiluaren 2016ko ekainaren 2ko Erabakiaren bidez sortua), halaxe zehazten baita haren Funtzionamendurako Arautegiaren 8.a) eta f) artikuluek ezarritakoa, honako hau

AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa.– Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari dagozkio, besteak beste, egiteko eta jardun-arlo hauek: i) Askatasun afektibo-sexuala erraztuko duten baldintzak sustatzea; j) Immigrazioa.

Bestalde, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuaren 12.1 artikuluak xedatzen duenaren arabera, aipatutako saileko Gizarte Politiketako Sailburuordetzari dagokio immigrazioaren eta aniztasunaren kudeaketaren arloko politika publikoa antolatzea, gainbegiratzea eta ebaluatzea, askatasun afektibo-sexuala erraztuko duten baldintzak sustatzea eta erakundeen arteko adostasuna, elkarrizketa soziala, lankidetza profesionala, elkartasun zibikoa, sareko lana, ezagutzaren kudeaketa eta esku-hartzeen eta politika sozialen eremuan herritarren parte-hartzea bultzatzea.

Aipatutako sailburuordetzaren barruan, Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritza dago, eta apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, hari dagokio aniztasuna kudeatzea eta askatasun afektibo-sexualaren alorrean pertsonen berdintasun erreala eta eraginkorra sustatzea, LGTBI eta genero-nortasunaren eremuetan.

Halaber, immigrazioari dagokionez, aipatutako zuzendaritzari dagozkio egiteko hauek: etorkinen gizarteratzearen eta partaidetza sozialaren gaineko politika integrala sustatzea eta koordinatzea; Euskal Autonomia Erkidegoko migrazio-fenomenoaren eboluzioari jarraitzea eta hura aztertzea; Eusko Jaurlaritzaren eskumenen barruan, beste administrazio publiko batzuekin koordinatzeko mekanismoak eta tresnak proposatzea; etorkinei harrera egiteko sarea babestea eta etorkinen elkarteak indartzea; EAEko etorkinei gizarteratzen eta sozialki parte hartzen laguntzea.

Azkenik, azpimarratu behar da aipatutako zuzendaritzaren egitekoen artean dela Euskal Autonomia Erkidegoko ijito herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako kontseiluari laguntza eta babesa ematea. Kontseilua azaroaren 25eko 289/2003 Dekretuaren bidez sortu zen, eta aholkularitza-organo plurala da. Halaber, helburu du ijito herritarren gaineko politika aktibo integrala garatzen laguntzea, ijito herritarren sustapen integralean oinarrituz. Organo hori Eusko Jaurlaritzaren gizarte-gaietan eskumena duen organoari atxikita dago, eta aipatutako sailaren sailburua da haren presidentea.

Bigarrena.– Aurreko atalean ezarritako eskumen-esparruaren barruan, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Biltzen kudeatzen du –hots, Integraziorako eta kulturen arteko Bizikidetzarako Euskal zerbitzua–. Zerbitzuaren helburua da EAEko gizartean dauden komunitate kulturalen arteko elkarrizketa bizkortzea. Halaber, haren xedea da ere zerbitzu publiko eta pribatuei haien zereginean aholkua ematea kultur arteko bitartekotza eta hezkuntzaren eremuan, alor horietako gatazkak kudeatzea eta eraldatzeko prozesuak erraztea eta pertsona ororen gizarteratze osoa sustatzea, aniztasuna errespetatuz, betiere.

Era berean, aipatutako sailak Berdindu ere kudeatzen du. Sexu- eta genero-aniztasunarekin lotutako gaien informazioa eta arreta emateko zerbitzu publikoa da, eta helburu du informazioa eta laguntza ematea, hala eskatzen duten pertsona lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexual guztiei.

Horrez gain, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Eraberean Sarearen sorrera bultzatu zuen, arrazaren, etniaren edo nazionalitatearen zein sexu-orientazioaren eta -nortasunaren eta genero-nortasunaren araberako bereizkeriaren kontrako borrokan eremu horretan lan egiten duten erakunde pribatuek rol garrantzitsua dutela jakinik.

Aipatutako Sailak eta immigrazioaren, ijito herriaren eta LGTBI taldearen sustapenean aritzen diren hainbat erakundek osatzen dute Sarea. Erakunde horiek, Administrazioak bezala, tratu-berdintasuna eta bereizkeriarik eza bultzatzen dituzte, politika publikoetan zein EAEko gizarte zibilean, eta diskurtso eta jardunbide barneratzaileak sustatzen dituzte erakundeetan zein gizartean, baita horiek eraginkor bihurtzeko eragileak eta baliabideak aktibatu ere.

Ildo horretatik, Eraberean Sareak helburu hauek ditu: tratu-berdintasuna eta bereizkeriarik ezaren gaineko politika zehatzak sustatzea eta orientatzea; tratu-berdintasuna eta bereizkeriarik ezaren printzipioak sektoreko politiketan txertatzea; eta informazio, aholkularitza eta orientaziorako mekanismoak eta tresnak pertsonen eskura jartzea, bereizkeria-tratuen kasuan dituzten eskubideak gauza ditzaten.

Delako ikuspegitik abiatuta, Eraberean Sarea planteamendu hauetan oinarritzen da:

– Planteamendu prebentibo eta pedagogiko bat, gizartea kontzientziatu eta sentsibilizatzeko. Helburua da gizartea eta kultura epe ertainera eta luzera eraldatzeko prozesuak eratzea, eta, horretarako, sentsibilizatzeko programak eta jarduerak, eragileen prestakuntza, dibulgazio-materialen sorrera, erakunde eta elkarte sozialen aholkularitza eta beste batzuk konbinatzen ditu.

– Planteamendu operatibo bat, pertsona zehatzei egoera zehatzetan laguntza ahalik eta lasterren emateko, ekintza zehatzen bitartez eta bereizkeria-egoerak antzemateko antena gisa jarduten diren eta pertsonei eta taldeei laguntza ematen dieten erakundeak baliatuz.

Hirugarrena.– EHU Zuzenbide Publikoko instituzioa da, gizartearen zerbitzura dagoena, eta goi-mailako irakaskuntza-zerbitzua eskaintzen du irakaskuntzaren, ikerketaren, azterketaren eta kultura- eta unibertsitate-proiekzioaren bitartez.

EHUren helburuen artean daude honako hauek: ezagutzen sorkuntza, kritika eta transmisioa; euskal gizartearen ondare intelektual, humanistiko, kultural eta zientifikoa aberasten parte hartzea; garapen ekonomikoan eta gizarte-ongizatean parte hartzea; unibertsitatea ezagutaraztea eta zabaltzea. Horrekin guztiarekin, desparekotasun sozial eta kulturalak murriztea eta bizitza politiko, kultural eta sozialean hobeto parte hartzeko baldintzak sortzea lortu nahi da.

EHUren Gobernu Kontseiluaren 2016ko ekainaren 2ko Erabaki bidez, EHUko Zuzenbide Fakultateko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoa (aurrerantzean, JSKJ) sortu zen, izaera juridikorik gabeko erakunde gisa, EHUk sortzen dituen izaera juridikorik gabeko egitura eta erakundeen oinarrizko funtzionamendurako arautegian ezarritakoari jarraikiz.

Funtzionamendurako Arautegiaren 1. artikuluak ezarritakoaren arabera (2016ko maiatzaren 3ko Fakultate Batzarrak onartutakoa), JSKJ «Zuzenbidearen eta ikasketa kriminologikoen sistema pedagogikoaren ikaskuntzarako eta –aldi berean– eraldaketarako gunea da, eta diskriminazioaren aurkako estrategia juridikoak identifikatu eta haiei buruzko gogoeta egiteko laborategia. Izan ere, estrategia horiek baliabide egokiak izan daitezke ikasleak gizarte bidezkoago bat lortzeko duten zeregin garrantzitsuaz ohartzeko. Diskriminazioaren eta gizarte-bazterketaren kontrako borroka da JSKJren ardatzetako bat, eta aniztasunaren eta tolerantziaren aldeko lana da bestea. Klinika elkarlanean arituko da bere helburu berberak dituzten gizarte-talde, -elkarte eta -erakundeekin: hots, diskriminazioaren aurkako estrategiak sortzea eta giza eskubideak babestea».

Halaber, JSKJren Funtzionamendurako Arautegiaren 3. artikuluak xedatzen duenaren arabera, erakundeak helburu hauek ditu:

a) Harremanetan jartzea Zuzenbide Fakultateko ikasleak bidegabekeria larriak nozitzen dituzten pertsona eta taldeekin, botere-sistemek (sexu-generoa, gizarte-klasea, arraza-etnia, ezgaitasuna, nazionalitatea, sexu-orientazioa edo -identitatea etab.) bakarka edo batera eragiten dituzten injustiziak pairatzen dituztenekin.

b) Kasuen analisi eta kanalizazio juridikorako tresnak sortzea (zuzenbideen ingeniaritza eta proposamen kriminologikoak), ikasketetan ikasitakoa bateratuz gizarte-aktibismoan diharduten elkarte eta erakundeen esperientziarekin.

c) Erreformak planteatzea ikasketa juridikoetan eta kriminologikoetan, zeharkakotasuna txertatzeko botere-sistemei buruzko gogoetan.

d) Ekarpena egitea botere publikoek justizia sozialeko politiketan egiten duten lanari, zer arlotan esku hartu edo hobetu daitekeen proposatuz.

Laugarrena.– Aurreko ataletan adierazitakoa ikusita, argi dago Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politikako Sailak eta JSKJak helburu partekatuak dituztela bereizkeria eta bazterketa sozialaren kontrako borrokan, aniztasunaren eta tolerantziaren sustapenean eta justizia sozialaren lorpenean. Hortaz, ados daude beharrezkoa dela arlo horietako ezagutzak eta esperientziak trukatzea eta baterako estrategiak eta interesak garatzea ahalbidetuko duen lankidetza bat ezartzea.

Hori guztia dela eta, aldeek honako klausula hauek adostu dituzte:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoaren (Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez) eta EHUko Zuzenbide Fakultateko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren arteko lankidetza egituratzea, alde biek bereizkeria eta bazterketa sozialaren kontrako borrokan, aniztasunaren eta tolerantziaren sustapenean eta justizia sozialaren lorpenean partekatzen dituzten helburuak garatzeko.

Bigarrena.– Hitzarmenaren jarduerak.

Lehenengo klausulan adierazitako helburua lortzeko, alderdiek jarduera hauek garatuko dituzte:

1.– Oinarri teorikoak eta metodologikoak eta esku-hartzeen oinarriak zehazteko eta finkatzeko lan- eta partaidetza-dinamikak garatzea, bereizkeria eta bazterketa sozialaren kontrako borrokaren, aniztasunaren eta tolerantziaren sustapenaren eta justizia sozialaren lorpenaren eremuetako jarduerak homogeneoak direla ziurtatzeko eta bereizkeriaren biktimei arreta emateko protokoloak eta hobekuntza-jardunbideak zehazteko.

2.– Bereizkeriaren gaineko prestakuntza sustatzea, oinarrizkoa zein espezializatua.

3.– Hitzarmenari dagozkion gaiei buruzko dokumentazio didaktikoa, legala eta doktrinala osatzea, biltzea eta sistematizatzea.

Hirugarrena.– Alderdien konpromisoak.

Hitzarmen honetan adostutakoa betez, alderdiek konpromiso hauek hartzen dituzte:

a) Alderdi biek lan-eremu komunak eratzen lagunduko dute, eta eskuragai jarriko dizkiote elkarri hitzarmenaren barruan egin beharreko jarduerak garatu ahal izateko dokumentuak (hots, dokumentuen protokoloak edo zirriborroak, azterlanak, dokumentazio didaktikoa, legala eta doktrinala eta bestelakoak).

b) EAEko Administrazioak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez, sailarekin batera Eraberean Sarea osatzen duten gainerako erakundeekiko elkarrizketa bideratuko du, erakunde horiek dagozkion lan-bileretan parte hartzeari eta ikasleen prestakuntza akademikoko prozesuaren barruan kasuen azterketa eta analisia egiteko asmoz sareak artatutako kasu errealak emateari dagokienez. Azken horri dagokiola, ikasleak ez dira inolaz ere organo judizialen eta/edo administratiboen aurrean arituko eta ez dute bestelako pertsona fisikoren edo juridikoren aurrean inolako auzirik edo bitartekotzarik gauzatuko.

c) JSKJk haren Mintegi Iraunkorrean parte hartzeko aukera emango die Eraberean Sareko langileei, bai eta prestakuntzarako eta hedapenerako beste edozein saiotan edo programatan parte hartzekoa ere, eta, horretarako, haien berri emango dio Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, nahikoa aurrerapenarekin.

d) Alde partaideek bermatuko dute genero-ikuspegia kontuan hartzen dela hitzarmena egikaritzean garatu beharreko jardueretan.

Laugarrena.– Jarraipen batzorde mistoa.

Hitzarmena sinatu eta hilabeteko epean, Jarraipen Batzordea eratuko da, hitzarmenean ezarritakoa behar bezala burutzen eta koordinatzen dela ziurtatzeko eta alderdi sinatzaileen arteko lotura jarraitua mantentzeko.

Honako pertsona hauek osatuko dute Jarraipen Batzordea:

a) Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailetik, Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzaren buruak eta Zuzendaritza horri atxikitako teknikari batek.

b) JSKJren aldetik, Zuzendaritza eta Zuzendaritza Laguntzailea eratzen duten pertsonek.

Batzorde hori osatzean, bi alderdi sinatzaileek izango dute haren lehendakaritza, txandaka; JSKJk izango du lehen txandan.

Era berean, jorratu beharreko gaiak direla-eta beharrezkotzat jotzen bada eta bi aldeetako edozeinek hala proposatuta, Eraberean Sareko erakundeetako pertsonak eta JSKJren Zuzendaritza Kontseiluko kideak ere bertaratu daitezke Jarraipen Batzordera, baita hitzarmen honen erreferentziazko eremuan ezagutza berezituak dituen beste edozein pertsona ere.

Jarraipen Batzordearen egitekoak honako hauek dira:

a) Ikasturte akademiko bakoitzaren barruan garatu beharreko lan-plana zehaztea.

b) Hitzarmena interpretatzean sor litezken zalantzei erantzutea, eta hura egikaritzean egon litezkeen desadostasunak ebaztea.

c) Hitzarmenaren garapena berrikustea, eta, hala badagokio, hobetzeko proposamenak egitea.

d) Ikasturte akademiko bakoitzean hitzarmen honen harira egindako jardueren jarraipen-txostena idaztea.

Batzordeak ohiko bi bilera egingo ditu urtean, maiatzean eta irailean, ahal dela. Halaber, ezohiko bilerak ere egin ditzake, alderdi bietako edozeinek hala eskatuta.

Bosgarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen honen indarraldia lau urterako izango da, sinatzen den egunetik kontatzen hasita. Epe hori amaitu aurretik, alderdi sinatzaileek edozein unetan aho batez adostu dezakete beste lau urtez luzatzea edo hitzarmena deuseztatzea.

Dena den, hitzarmenaren indarraldia aurrez amaitu daiteke, alderdi biek hala adostuta edo aldebakarrean erabakita, beste alderdiak konpromisoak larriki hausten baditu. Kasu orotan, alderdi biek hitzematen dute ikasturte akademiko bakoitzean hartutako konpromisoak beteko dituztela.

Seigarrena.– Hitzarmenaren izaera.

Hitzarmen hau administrazioaren arlokoa da, eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren aplikazio-eremutik kanpo geratzen da, lege-testu horren 4.1.c) artikuluak xedatutakoaren arabera.

Hitzarmena interpretatzean eta egikaritzean egon daitezkeen eztabaidak bi alderdien adostasunarekin ebatziko dira, hirugarren klausulan ezarritako batzordearen barruan. Alderdiek ebatzi ezin dituzten eztabaiden kasuan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari men egingo zaio, hura arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak ezarritakoa betez.

Eta, hitzarmen honetan ezarritakoarekin bat datozela adierazteko, hala jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, jarraian agertzen direnek honelako bi ale sinatu dituzte, jatorrizkoak, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Euskal Herriko Unibertsitatearen (aurrerantzean EHU) Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren zuzendaria,

MARÍA ÁNGELES BARRÈRE UNZUETA.


Azterketa dokumentala