Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2018ko uztailaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3731

EBAZPENA, 2018ko uztailaren 11koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariarena, zeinaren bidez matrikula-gastuak ordaintzeko bost beka iragartzen baitira «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIV (44) Ikastaroa (2018-2019)» egin nahi duten bost unibertsitate-tituludunentzat. Aipatutako ikastaroa IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen mendeko LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatu du.

IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen mendeko LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIV (44) Ikastaroa (2018-2019)» antolatu du.

Kontuan hartuta ikastaroen entitatea, egitura eta kostua, orain artean egindako edizioetan bi errealitate azaleratu dira: ikusi da, batetik, ikasle batzuei laguntza ekonomikoa eman behar zaiela ikastaroa egiteko, eta bestetik, beharrezkoa dela errendimendu eta bikaintasun akademiko handiko unibertsitarioak aitortzea eta saritzea, eta ikasleon prestakuntza unibertsitarioa bultzatzea. Aldaketa hau LHIEEren Kontseilu Errektoreak eta IVAPen zuzendaritzak adostu eta onartu dute, kontuan hartuta azken urteotako diru-laguntzen garapena eta bilakaera.

Hori dela eta, erabaki da «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIV (44) Ikastaroa (2018-2019)» egiten duten ikasleentzako bekak honela banatzea: 3 beka, laguntza ekonomikoa behar duten ikasleentzat, eta beste 2 beren titulazio unibertsitarioan batez besteko akademiko handia lortu dutenentzat.

Deialdi hau Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak indarrean duen Diru Laguntzen Plan Estrategikoko diru-laguntzen lerro bat da, eta hiri-antolamenduarekin eta hirigintzarekin zerikusia duten alorretan diharduten pertsonen prestakuntza eta birziklatzea sustatzea du helburu.

Hori dela-eta, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Iragartzea eta onartzea «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIV (44) Ikastaroa (2018-2019)» egin nahi duten bost unibertsitate-tituludunen matrikula-gastuak ordaintzeko bost beketarako deialdiaren oinarriak, bat etorriz ebazpen honen I., II., III. eta IV. eranskinetan jasotako oinarriekin. Aipaturiko ikastaroa IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen mendeko LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatu du.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariaren ebazpen honek ez dio bukaera ematen administrazio-bideari, eta, aurka egiteko, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei jarraituz, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik aurrera hilabeteko epean. Errekurtsoa ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke edota, bestela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten denetik hiru hilabete pasatzen badira ebazpen espresurik eman gabe, errekurtsoa ezetsitzat hartu ahal izango da, eta administrazioarekiko auzien bidera jo ahal izango da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 11.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

I. ERANSKINA
«Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIV (44) Ikastaroa (2018-2019)» EGIN NAHI DUTEN BOST UNIBERTSITATE-TITULUDUNEN MATRIKULA-GASTUAK ORDAINTZEKO BOST BEKETARAKO DEIALDIAREN OINARRI KOMUNAK IRAGARTZEN DITUEN EBAZPENARENA. AIPATUTAKO IKASTAROA IVAP HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN MENDEKO LHIEE LURRALDE ETA HIRI IKASKETETARAKO EUSKAL ESKOLAK ANTOLATU DU
OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Deialdi honen helburua da oinarri komun arautzaileak ezartzea, unibertsitate-titulua duten bost lagunen matrikula-gastuak ordaintzeko bost beka norgehiagoka-araubidean esleitzeko, «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIV (44) Ikastaroa (2018-2019)» egiteko. IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen mendeko LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatu du aipatutako ikastaroa.

Honako oinarri erregulatzaile komun hauek ezartzen dira beken bi matrikula-motetarako:

a) A mota: 3 matrikula-beka baliabide ekonomiko urriak dituzten ikasleentzat. Ikasle hauek deialdian ezarritako betekizunak bete behar dituzte betiere. Berariazko oinarriak II. eranskinean ezartzen dira.

b) B mota: 2 matrikula-beka historia akademiko bikaina duten ikasleentzat. Ikasle hauek deialdian ezarritako betekizunak bete behar dituzte betiere. Berariazko oinarriak III. eranskinean ezartzen dira.

Eskatzaileek matrikula-beka horietako edozein eskatu ahal izango dute; edo biak, betiere bi baldintzak, betekizun ekonomikoena eta muga ekonomikoarena, betetzen badituzte.

Bigarrena.– Baliabide ekonomikoak eta bekaren zenbatekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ildo horretan 2017rako ezarritako aurrekontu-kredituari jarraituz, 13.900,00 euro bideratuko dira «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIV (44) Ikastaroa (2018-2019)» ikastaroko matrikula ordaintzeko iragarritako bost diru-laguntzak finantzatzeko. Matrikula ordaintzeko bost beketako bakoitzaren zenbatekoa 2.780,00 eurokoa da.

Hirugarrena.– Diru-laguntzaren kudeaketa.

Deialdi honetako laguntzen esleipena eta jarraipena IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak kudeatuko ditu.

Laugarrena.– Baldintzak.

Bost matrikula-beka hauen deialdian parte hartzeko, dela A motakoan, dela B motakoan, eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte, mota bakoitzerako ezartzen diren baldintza espezifikoez gainera.

a) «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIV (44) Ikastaroa (2018-2019)» ikastaroan matrikulatzeko eskaera egin behar dute. Eskaera horri beti egin ahal izango diote uko, matrikularako beka lortzen ez badute.

b) Goi-mailako unibertsitate-titulu ofiziala eduki beharko dute, edo Hirigintzaren diziplinartekotasunari lotutako titulazioren bati lotutako unibertsitate-graduren bat.

c) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan eduki beharko dute, 2017ko abenduaren 31tik, gutxienez.

Bosgarrena.– Baztertzeko arrazoiak.

Honako hauek ezin izango dituzte deialdi honetan aurreikusitako matrikula-bekak eskatu:

a) Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren bat edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen bat duten pertsona fisikoek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean sartutako debekuak eta zehapenak ere barruan direla.

b) Deialdi honekin bateragarri ez den bekaren edo laguntzaren bat jaso dutenek.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak adierazitako beste edozein kausa aplika dakiekeen pertsonek.

Seigarrena.– Onuradunen betebeharrak.

Beka hauen onuradunek jatorrizko xederako erabili beharko dute beka; hau da, «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIV (44) Ikastaroa (2018-2019)» ikastaroko I-VI moduluak gainditzeko.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak ezartzen duenaren arabera, beka hauek jasotzen dituztenek honako betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Diru-laguntza emateko oinarritzat hartzen den egoeran egotea.

b) Laguntza eman dien entitateari justifikatzea baldintzak eta betebeharrak betetzen dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

c) Laguntza eman dien entitatearen egiaztatze-jarduketei men egitea. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako laguntzak eta diru-laguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arautegi espezifikoan ezarritako jarduerei men egitea.

d) Diru-laguntza eman dien entitateari komunikatzea beste administrazio, erakunde publiko edo erakunde pribaturen batek xede bera duten diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak emanez gero.

e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman dien entitateari.

Zazpigarrena.– Eskatzailearen bizikidetza- edo familia-unitate mota.

Matrikula-beken deialdi honen ondorioetarako, familia- edo bizikidetza-unitatetzat joko da 2017ko abenduaren 31n eskatzailea dagoen errolda kolektiboan agertzen diren pertsona guztiek osatzen dutena. Bi bizikidetza- edo familia-unitate mota bereiziko dira: pertsona bakarrekoa edo pertsona anitzekoa. Horrenbestez:

1) Pertsona anitzeko bizikidetza- edo familia-unitatea izango da eskatzaileak eta honakoren batek (edo batzuek) osatzen dutena:

a) Bere aurreko ahaideek eta haien bikotekideek.

b) Bere anai-arrebek eta amaren edo aitaren ondorengoek, baldin eta hogeita bost urtetik beherako ezkongabeak badira, edo nagusiagoak, baldin eta desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialen bat badute eta eskatzailearekiko edo bere gurasoekiko menpekotasuna badute.

c) Bere ezkontideak edo izatezko bikotekideak.

d) 25 urtetik beherako bere seme-alabek (edo nagusiagoek, baldin eta desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialen bat badute eta gurasoekiko menpekotasuna badute).

e) Eskatzailearen edo haren aurreko ahaideen erantzukizunpeko harrera-egoeraren batean dauden pertsonek, pertsona horiei aplikagarri zaien foru-arauen arabera.

f) Atal honetan aipatutako ahaidetasun-harremanik egon gabe eskatzailearekin bizi den pertsonak, ezin denean egiaztatu bien artean errentamendu-harremana dagoela edo pisua partekatzen dutela helbide horretan.

2) Pertsona bakarreko bizikidetza- edo familia-unitatea izango da eskatzaileak bakar-bakarrik osatzen duena, eta bizikidetza-unitate hori pertsona bakarrekoa eta ekonomikoki independentea izango da.

Eskatzailearekin jende gehiago bizi bada, eskatzailea pertsona bakarreko bizikidetza-unitate ekonomikoki independentetzat jotzeko, egiaztatu beharko da beste pertsona horiek berarekin pisua partekatzen ari direla, alokairuan. Horretarako, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko da.

Zortzigarrena.– Prozeduraren izapidetzea.

Izapidetze elektronikoa erabili behar izango da prozedura honen izapide guztiak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko, arau hauei jarraikiz: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; 72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa, eta 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Izapidetze elektronikoa honako helbide elektroniko honetan egingo da, Laguntzak eta Sariak ataletik: http://www.ivap.euskadi.eus/r61-vhome/eu/

Eskatzaileak eskabideak aurkezteko epea amaitzean erabilgarri dauden bitarteko elektronikoekin identifikatu beharko dira. Identifikazio-bitarteko horiek zein diren jakiteko, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan https://euskadi.eus/y22-home/eu kontsultatu daiteke, Izapideak/Identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoak atalean.

Honako hauek dira, besteak beste, onartutako ziurtagiri elektronikoak:

– NAN elektronikoa.

– Izenperen Herritarren Ziurtagiria.

– Izenperen Langile Publikoen Ziurtagiria.

– Izenperen sinadura elektroniko aurreraturako itsasontzi-jokoa.

– Diruaren eta Zerga Zigiluaren Fabrika Nazionaleko pertsona fisikoak identifikatzeko ziurtagiri elektronikoa (CERESek emana).

– CAMERFIRMAk emandako pertsona fisikoaren ziurtagiria.

– FIRMA PROFESIONALek emandako pertsona fisikoaren ziurtagiria.

Eskabideak izapidetzeko zehaztasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak egoitza elektronikoan eskura daitezke, helbide honetan: http://www.ivap.euskadi.eus/r61-vhome/eu/, Laguntzak eta Sariak atalean.

Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektroniko egingo badira, Nire karpeta atalaren bidez: https://euskadi.eus/misgestiones

Bederatzigarrena.– Eskabideak, dokumentazioa, aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea.

1.– Eskabideak.

Eskabidea egoitza elektronikoan eskuratuko da: Eskabideen izapidetze elektronikoa helbide elektroniko honetan egingo da, Laguntzak eta Sariak ataletik: http://www.ivap.euskadi.eus/r61-vhome/eu/. Eskabidean, dagozkion erantzukizunpeko aitorpenak agertuko dira.

2.– Zer agiri aurkeztu behar diren eskabideekin batera.

2.1.– Unibertsitate-titulu akademikoaren kopia edo titulua eskuratzeko tasak ordaindu izanaren kopia.

2.2.– Ikasketa-espedientearen kopia, ikastaroa egiteko alegatu den unibertsitate-tituluan lortutako batez besteko nota jasotzen duena. Nota hori 1etik 10erako puntuazio bidez adieraziko da. Nolanahi ere, aurkeztutako ikasketa-espedientean ikasgaien notak ez badira puntuka agertzen, baliokidetzako taula hauen arabera aterako da batez besteko nota: ohorezko matrikula, 10 puntu; bikain, 9,00 puntu; oso ongi, 7,50 puntu; nahikoa, 5,50 puntu. Batez besteko nota kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko ikasketa-planen arabera gai kalifikazio hutsa duten ikasgaiak edo kredituak.

2.3.– Errolda-agiria edo -agiriak, egiaztatzen dutenak eskatzaileak administrazio-egoitza gutxienez 2016ko urtarrilaren 1az geroztik daukala Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean; errolda-agiri horiek, halaber, egiaztatu beharko dute eskatzailearekin bizi diren pertsona guztiak gutxienez 2016ko urtarrilaren 1az geroztik bizi direla etxe horretan eskatzailearekin.

2.4.– Eskatzailearen bizikidetza-unitatearen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) aitorpena, familiaren sostengatzaile nagusiaren 2017ko ekitaldiari dagokiona edo, errenta-aitorpena egitetik salbuetsita egonez gero, egoera horren erantzukizunpeko adierazpena).

2.5.– Deialdi honetan parte hartzeko islatutako diru-sarrerez gain bere familia- edo bizikidetza-unitatean beste sarrerarik ez dagoela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

2.6.– Eskabidean eta aurkeztutako agirietan adierazitako datu guztiak egiazkoak direla eta deialdi honetan agertu behar den daturik ezkutatu ez dela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

2.7.– Curriculum vitaea.

Era berean, eskatzaileak pertsona bakarreko bizikidetza- edo familia-unitate independentea osatzen duela adierazten badu, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko ditu:

2.8.– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena pertsona bakarreko bizikidetza- eta familia-unitatea osatzen duela eta berarekin bizi diren pertsonak bere errentatzaileak direla edo berarekin pisua alokairuan partekatzen ari direla.

Eskatutako dokumentazioa pdf formatuan soilik erantsi ahal izango da.

3.– Aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko, hilabeteko epea egongo da, deialdi honen ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Eskabideak zuzentzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, aurkeztu beharreko eskabideak eta dokumentuek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak, edo haien edukia ez bada nahikoa, 10 egun balioduneko epearen barnean falta hori zuzentzeko edo eskatutako dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio eskatzaileari, eta horrela egin ezean eskabideari uko egin diola ulertuko dela adieraziko zaio, betiere Administrazioak ebazpen espresua eman eta jakinarazi ondoren.

5.– Gainerako izapideak.

Espedienteen sarbidea, izapidetzea eta jarraipena egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalean egingo ditu eskatzaileak: https://euskadi.eus/y22-home/eu.

Hamargarrena.– Balioespen-epaimahaia.

Aurkeztutako eskabideak LHIEEko Kontseilu Errektoreak balioetsiko ditu.

1.– Zereginak.

Deialdi honen esparruan, Kontseilu Errektoreak honako funtzio hauek izango ditu:

a) Deialdi honetan parte hartzeko eskatzaile onartuen eta baztertuen zerrenda onestea.

b) Aurkeztutako eskabideak baloratzea, matrikula-beken esleipen-proposamena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari helarazteko.

2.– Osaera.

Lurralde eta LHIEE Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren Kontseilu Errektoreak eratzen du balioespen-epaimahaia, berari dagokiolako eskola horren prestakuntza-beken esleipen-proposamena egitea, bat etorriz LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren eraketa, funtzionamendua eta antolaketa arautzen duen martxoaren 11ko 80/1996 Dekretuarekin.

LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren Kontseilu Errektorea honako hauek osatzen dute gaur egun:

– Lehendakaria: Fulgencio Aledo Amorós (IVAPeko idazkari nagusia).

– Lehendakariordea: Ignacio de la Puerta Rueda (Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratzeko zuzendaria. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila).

– Kidea: Jesús María Erquicia Olaciregui (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Lurraldearen Antolamendurako eta Plangintzarako Zerbitzuko arduraduna).

– Kidea: Tomás Orallo Quiroga (abokatua. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila).

– Kidea: Federico Arruti Aldape. (Arkitektoa).

Idazkaria: Nekane Ribado Vitorica. LHIEeko koordinatzailea, prestakuntza- eta dokumentazio-kudeatzailea.

Era berean, Balioespen Epaimahaiak, komenigarria dela uste badu, aholkulari espezialistak eduki ahal izango ditu epaimahaikideei laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetara mugatuko dute jarduna, izaera horrekin bakarrik hartuko baitute parte Balioespen Batzordean.

3.– Funtzionamendua.

Balioespen Epaimahaiak botoen gehiengo sinple bidez hartuko ditu erabakiak. Kontseilu Errektorea kide anitzeko organoa denez gero, oinarri hauetan espresuki bildu gabeko edozein alderdi finkatzeko araubidea Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15-24 artikuluek osatuko dute.

Epaimahaiaren lehendakaria edo idazkaria edo eginkizun horretarako eskuordetutako pertsona ez bada Balioespen Epaimahaiko bilerara bertaratzen, bertaratutako kideek gehiengo soil bidez erabakiko dute nork izango dituen lehendakari- edo idazkari-eginkizunak, betiere bilera egiteko nahikoa quorum badago.

Hamaikagarrena.– Beka esleitzea.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariak, ebazpen bidez, ebatziko ditu iragarritako bekak, edo, hala badagokio, deialdia guztiz edo partzialki hutsik geratu dela deklaratuko du.

LHIEEren Kontseilu Errektoreak, Balioespen Epaimahai eraturik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariari igorriko dio ebazpen-proposamena, non jasoko baitira, batetik, bekaren esleipendunen zerrenda, eta, bestetik, beka eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten pertsonen zerrenda, horiek ukatzeko arrazoiak zeintzuk diren adierazita. Hala badagokio, ordezko eskabideen zerrenda jasoko da ebazpenean, esleipendunen batek bekari uko egingo balio erabiltzeko.

Bekak esleitzeko edota deialdia hutsik deklaratzeko ebazpena egun berean eman eta argitaratuko da deialdiaren Interneteko helbide elektronikoan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik sei hilabeteko epean.

Hamabigarrena.– Matrikula-beka onartzea.

Beka onartzen dutela idatziz jakinarazi beharko dute esleipendunek, telematikoki, https://euskadi.eus/y22-home/eu egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalean, hiru egun balioduneko epearen barnean, esleipen-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta deialdiaren Interneteko helbide elektronikoan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbaturik.

Hamahirugarrena.– Matrikula-beka ordaintzea.

Beka onartu ondoren, esleipendunek matrikula-bekaren kopuru osoaren (2.780,00 euro) aurre-ordainketa bat jasoko dute, eta zenbateko horrekin ordaindu beharko dute ikastaroaren matrikularen zenbateko osoa, 2018ko abenduaren 10a baino lehen.

Hamalaugarrena.– Kobratzeko eskubidea galtzea eta beka itzultzea.

1.– Esleipendunen batek deialdi honen seigarren oinarrian ezarritako betebeharrak urratzen baldin baditu, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariak, espedienteko interesdunari entzunaldi-izapidea eskaini ondoren, emandako beka kobratzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak eskatu behar direla adieraziko du, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan ezarritakoaren arabera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

Arau orokor gisa, jasotako zenbateko osoa itzuli beharko da. Hala ere, Kontseilu Errektoreak, kasuan kasuko egoeren arabera, jasotako zenbatekoen zati bat itzultzeko proposatu ahalko du, gainditutako modulu-kopuruaren arabera eta uko egiteko arrazoiei erreparatuta.

2.– Izapidetutako espedientearen zioz jasotako zenbatekoak itzuli behar direla ondorioztatzen bada, eta, hala badagokio, baita zenbateko horri dagozkion legezko interesak ere, ebazpen bat emango da, itzulketa hori egiteko beharrezko informazioa jasoko duena. Dirua bi hilabeteko epean itzuli beharko da, itzuli beharra adierazten duen jakinarazpena egiten denetik zenbatzen hasita, eta, betiere, kontuan hartu beharko da abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren tituluan ezarritakoa. Dekretu horrek, hain zuzen, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu.

3.– Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Ogasun eta Ekonomia Sailari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin ahal izateko, indarrean dauden xedapenak ezarritakoaren arabera.

Hamabosgarrena.– Bekari uko egitea.

Esleipendunak bekari uko egiten badio, idatziz jakinarazi beharko du, era telematikoan, https://euskadi.eus/y22-home/eu egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalean, eta esleipenaren ondoriozko eskubide ekonomiko guztiak galduko ditu. Uko egitea beste izapiderik gabe onartuko da. Halakoetan, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritzak ebatziko du, Kontseilu Errektorearen proposamena ikusita, ea beka ordezkoen zerrendan hurrengo puntuazioa duten pertsonei esleitu behar zaien.

Hamaseigarrena.– Administrazio-isiltasuna.

1.– Deialdi honetan araututako emakida-prozedura ebatzi eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori bukatu eta ebazpenik jakinarazten ez bada, eskatzaileek ezetsitzat jo beharko dituzte beka-eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Hamazazpigarrena.– Datuak babestea.

Prozesu honetan bildutako datu pertsonalak «Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza- eta perfekzionamendu-ikastaroak» izeneko fitxategi automatizatuan biltegiratuko dira, eta prozesu hau kudeatzeko baino ez dira erabiliko (EVETU Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatu dituen ikastaroetarako matrikulen bekak emateko eskaerak kudeatzeko).

Fitxategi horren arduraduna Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Zuzendaritza izango da. Haren aurrean baliatu ahal izango dira datuei lotutako eskubideak, hala nola irispideari, zuzenketari eta ezerezteari buruzkoak, tratamendua mugatzeari edo hari aurka egiteari buruzkoak, datuak transferitzeari, eta Datuak Babesteko Euskal Agentzian dagokion erreklamazioa aurkezteari buruzkoak.

Ez da aurreikusten datuen lagapenik.

Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua datu pertsonalen babesari eta titulartasun publikoko datu pertsonalen fitxategiei buruzko legeriako aurreikuspenetara egokituko da: (2016/679 Erregelamendua (EB), datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzeari buruzkoa (datuen babesari buruzko erregelamendu orokorra); 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa, eta garapeneko araudia).

Ii. ERANSKINA
A MOTAKO MATRIKULA-BEKAK EMATEKO OINARRIAK IRAGARTZEN DITUEN EBAZPENARENA: HIRU MATRIKULA-BEKA, BALIABIDE EKONOMIKO URRIAK IZANIK «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIV (44) Ikastaroa (2018-2019)» EGIN NAHI DUTEN IKASLEENTZAT
OINARRIAK

Lehenengoa.– Betekizunak.

Baliabide ekonomiko urriak dituzten ikasleei hiru matrikula-beka emateko egindako deialdi honetan parte hartzeko, eskatzaileek, I. eranskineko xxx oinarrian ezarritako betekizunez gainera, honako hauek ere beteko beharko dituzte, bereziki:

a) Eskatzailearen bizikidetza- edo familia-unitateak ez gainditzea gehieneko muga ekonomiko hauek: pertsona bakarreko bizikidetza- edo -familia unitatearen kasuan, 21.000 euro; pertsona anitzeko bizikidetza- edo familia-unitatearen kasuan, berriz, 69.000 euro.

b) Gutxienez batez besteko nota hau eduki behar dute matrikulaziorako eskatzen den unibertsitate-titulazioaren ikasketa-espedientean: 5,75 puntu, ikasketak Arkitektura, Ingeniaritza edo antzeko adarretan egiten dituzten ikasleek, eta 6, 75 puntu Zientzia Juridiko, Gizarte Zientzia eta Giza Zientzietan lizentziatutako edo graduatutako gainerako ikasle guztiek.

Bigarrena.– Eskabideak balioestea.

HLIEEren Kontseilu Errektoreak balioetsiko ditu aurkeztutako eskabideak, eta, ondoren, baliabide ekonomiko urriak dituzten ikasleei zuzendutako A motako matrikula-beken esleipendunen zerrenda proposatuko du.

Matrikula-bekak puntuazio akademiko altuena duten pertsonei esleituko zaizkie, puntuazio altuenetik baxuenera, baldin eta ezarritako muga ekonomikoa eta ezarritako gutxieneko puntuazio akademikoa betetzen baldin badituzte. Bi eskatzaileren edo gehiagoren puntuazioen artean berdinketarik badago, berdinketa hausteko, baliabide ekonomiko gutxien duenari emango zaio lehentasuna.

Pertsona bera izango balitz balizko onuraduna bi matrikula-beka motetan, B beka mota esleituko zaio, eta, beraz, A motakoa, puntuazioaren hurrenkeraren arabera dagokionari esleituko zaio.

1.– Balioespen akademikoa.

Jasotako eskabideak balioesteko, ikasketa-espedienteko batez besteko nota hartuko da kontuan. Puntuazio altuenetik baxuenera ordenatuta ezarriko da eskatzaileen lehentasun-ordena, beheranzko puntuazio-hurrenkeran, baldin eta aurreikusitako baldintza ekonomikoak betetzen badituzte. Eskatutako gutxieneko puntuazio akademikora iristen ez diren eskabideak baztertu egingo dira.

2.– Eskatzailearen bizikidetza- edo familia-unitatearen baliabide ekonomikoak.

Pertsona bakarreko edo pertsona anitzeko bizikidetza- edo familia-unitatearen baliabide ekonomikoak zenbatzeko, unitate horren 2017ko ekitaldi fiskaleko PFEZaren aitorpenetako zerga-oinarriaren baturak hartuko dira kontuan.

Hori guztia kontuan hartuta, deialdi honen xede diren beka baten esleipendun izan ahal izateko gehieneko muga ezarriko da bizikidetza- edo familia-unitate bakoitzerako, honela:

– Pertsona bakarreko bizikidetza- edo familia-unitatea: 21.000 euro, gehienez.

– Pertsona anitzeko bizikidetza- edo familia-unitatea: 21.000 euro unitatea osatzen duen lehen helduagatik, gehi beste 16.000 euro familia-unitatea osatzen duten 14 urtetik gorako pertsona bakoitzeko, unitateko lehen heldutzat jo den pertsonaz gain. Halaber, beste 10.000 euro ezarriko dira familia-unitatea osatzen duten 14 urtetik beherako pertsona bakoitzeko. Edonola ere, gehieneko muga ezin izango da 69.000 eurotik gorakoa izan.

Eskatzaile baten bizikidetza- edo familia-unitateak berari dagokion gehieneko muga gainditzen badu, eskatzaile horren eskabidea baztertu egingo da.

III. ERANSKINA
B MOTAKO MATRIKULA-BEKAK EMATEKO OINARRIAK IRAGARTZEN DITUEN EBAZPENARENA: BI MATRIKULA-BEKA, ERRENDIMENDU AKADEMIKO ALTUA IZANIK «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIV (44) Ikastaroa (2018-2019)» EGIN NAHI DUTEN IKASLEENTZAT.
OINARRIAK

Lehenengoa.– Betekizunak.

B motako bi matrikula-beka ezartzen dira, hau da, beren titulazio unibertsitarioa lortzeko egindako ikasketetan bikaintasun akademikoa lortzen duten errendimendu altuko ikasleentzat. Bi matrikula-beka emateko egindako deialdi honetan parte hartzeko, eskatzaileek, I. eranskineko laugarren oinarrian ezarritako betekizunez gainera, honako hauek ere beteko beharko dituzte:

a) Eskatzailearen bizikidetza- edo familia-unitateak ezingo du gainditu 90.000 euroko gehieneko muga.

b) Exijitutako titulazio unibertsitarioaren espediente akademikoaren batez besteko notan 7 puntu edo gehiago lortu beharko dituzte beren ikasketak Arkitekturan, Ingeniaritzan edo antzekoetan egiten dituzten ikasleek; Zientzia Juridiko, Gizarte Zientzia eta Giza Zientzietan eta antzekoetan lizentziatutako edo graduatutako gainerako ikasleek, berriz, 8 puntu.

Bigarrena.– Eskabideak balioestea.

HLIEEren Kontseilu Errektoreak balioetsiko ditu aurkeztutako eskabideak, eta, ondoren, errendimendu altuko ikasleei zuzendutako B motako matrikula-beken esleipendunen zerrenda proposatuko du, II. eranskinaren bigaren oinarriaren hirugarren paragrafoan ezarritakoa eragotzi gabe.

Bi matrikula-bekak puntuazio akademiko altuena duten pertsonei esleituko zaizkie, puntuazio altuenetik baxuenera, baldin eta ezarritako muga ekonomikoa eta ezarritako gutxieneko puntuazio akademikoa betetzen baldin badituzte.

1.– Balioespen akademikoa.

Jasotako eskabideak balioesteko, ikasketa-espedienteko batez besteko nota hartuko da kontuan. Puntuazio altuenetik baxuenera ordenatuta ezarriko da eskatzaileen lehentasun-ordena, beheranzko puntuazio-hurrenkeran, baldin eta aurreikusitako baldintza ekonomikoak betetzen badituzte. Eskatutako gutxieneko puntuazio akademikora iristen ez diren eskabideak baztertu egingo dira.

2.– Eskatzailearen bizikidetza- edo familia-unitatearen baliabide ekonomikoak.

Pertsona bakarreko edo pertsona anitzeko bizikidetza- edo familia-unitatearen baliabide ekonomikoak zenbatzeko, unitate horren 2017ko ekitaldi fiskaleko PFEZaren aitorpenetako zerga-oinarriaren baturak hartuko dira kontuan.

Esandakoarekin bat, deialdi honetako B motako beketako baten esleipendun izateko, bizikidetza- edo familia-unitatearen gehieneko muga ekonomikoa 90.000 euroan ezartzen da.

Eskatzaile baten bizikidetza- edo familia-unitateak berari dagokion gehieneko muga gainditzen badu, eskatzaile horren eskabidea baztertu egingo da.


Azterketa dokumentala