Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

138. zk., 2018ko uztailaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3709

EBAZPENA, 2018ko ekainaren 26koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearena, Berezko Ikasketen arautegia argitaratzeko dena.

Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren babesean, unibertsitateek aukera daukate, beren autonomiaren barruan, berezko titulu eta diplomak lortzera bideratutako ikasketak ezartzeko, bai eta etengabeko prestakuntzako programak ere.

Gaur egun, berezko tituluak eta ikastaro osagarriak eta etengabeko prestakuntzakoak Berezko Ikasketen Arautegi Bateratuak arautzen ditu, UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak 2016ko irailaren 29ko bileran onartutakoak (2016ko urriaren 17ko EHAA, 196. zk).

Gertatu diren arau aldaketak ikusita, eta kontuan hartuta bai urte hauetako esperientzia bai sortu diren zenbait premia berri, beharrezkoa da arautegia aldatzea, sakoneko aldaketa batzuk eginez.

Aldaketa nagusia da berezko ikasketa guztiak moduluka antolatuko direla eta ikasleek, hortaz, titulu osoa edo zatiren bat egin ahal izango dutela. Horrela, kreditu gutxien dituzten prestakuntza programak batuz, ikasleek maila goragoko tituluak lortu ahal izango dituzte.

Aldaketa horretara hobeto egokitzeko, berezko ikasketen katalogoan bi titulu berri sartu dira: unibertsitateko aditu titulua eta unibertsitate hedakuntzako diploma. Gainera, unibertsitateko espezialista titulua unibertsitate espezializazioko titulua deituko da aurrerantzean.

Otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren bidez onartu ziren UPV/EHUren Estatutuek honako hau diote 82. artikuluan: «UPV/EHUk berezko tituluak lortzeko esku bidea dakarten unibertsitateko ikasketak eman ahal izango ditu. Titulu hauek onartu edo homologatu egin ahal izango dira, autonomia erkidegoko legediaren babesean.

3.– Horrez gain, UPV/EHUk unibertsitateko beste ikasketa batzuk ere eman ahal izango ditu, ikasketa osagarriak edo etengabeko prestakuntzakoak, baina ez da UPV/EHUko berezko titulurik lortuko.»

Era berean, 86. artikuluak hau xedatzen du: «Gobernu Kontseiluak arautuko ditu unibertsitateko berezko ikasketak eta unibertsitateko gainerako ikasketak, esaterako espezializazio programak eta bizitza osoko prestakuntza. Era berean, organo horrek arautuko ditu ikasketa hauen araubide akademikoa, beren eragina irakats betebeharretan, administrazio eta zerbitzuetako langileek izango duten parte hartzea eta, egoki izanez gero, ikasketen kudeaketa ekonomikoa eta ebaluazioa.»

Horrez gain, Estatutuek eskumena ematen diete Graduko Batzordeari eta Graduondoko Batzordeari (88.b) eta 90.b) artikuluetan, hurrenez hurren) dagozkien arloetako irakaskuntzak antolatu eta gestionatzeko arautegiak onartzeko proposamenak egiteko Gobernu Kontseiluari. Hori dela eta, Graduko Batzordeak, 2018ko maiatzaren 24ko bileran, eta Graduondoko Batzordeak, 2018ko maiatzaren 18ko bileran, erabaki zuten proposamen hau aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak, ekainaren 7ko bileran, Berezko Ikasketen Arautegia onartu zuen, eranskinean jasotzen den eran.

Guzti hau kontuan hartuta,

EBAZTEN DUT:

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Berezko Ikasketen Arautegia, erabaki honetako eranskinean jasotako eran.

Leioa, 2018ko ekainaren 26a.

Errektorea.
EE (2017ko urtarrilaren 25eko Ebazpena, errektorearena; 2017ko otsailaren 3ko EHAA)

Graduko eta Graduondoko ikasketen arloko errektoreordea,

MARÍA ARACELI GARÍN MARTÍN.

BEREZKO IKASKETEN ARAUTEGI BATERATUA
HITZAURREA

Estatu osoan balioa duten ikasketa ofizialez gain, unibertsitateek, beren autonomia erabiliz, berezko titulu eta diplomak eskuratzeko ikasketak eskain ditzakete, bai eta etengabeko prestakuntzako programak eta ikasketa osagarriak ere, hori guztia Unibertsitateei buruzko Lege Organikoak zehaztutakoaren babesean.

UPV/EHUren Estatutuetako 82. artikuluaren arabera (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2011ko otsailaren 15eko Dekretuaren bidez onartuak), UPV/EHUk eman ditzake berezko tituluak lortzeko eskubidea dakarten unibertsitateko ikasketak.

Berezko ikasketek erantzun azkarra eta eraginkorra ematen diete gizarte eskakizunei esparru kultural, zientifiko, artistiko edo profesionalean. Curriculum ofizialeko ikasketak osatzen dituzte, eta, haiekin batera, unibertsitate bakoitzari berezitasuna ematen dion irakats eskaintza eratzen dute.

Beraz, ikasketa horiek arautu eta garatuko dituen araudi bat behar da eta, azken urteotako esperientzia baliatuta, eskaintza zorrotza, kalitatekoa eta bikaina lortzeko.

Unibertsitate esparru akademikoan gertatu diren lege aldaketak direla-eta, beharrezkoa da aipatu den arautegi bateratua berrikusi eta egokitzea.

I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua.

Arautegi honen helburua da UPV/EHUko berezko ikasketak arautzea.

Zehazki, haien tipologia eta baldintzak finkatzea, eta haiek onartu eta antolatzeko prozedurak zehaztea.

2. artikulua.– Ezarpen eremua.

Arautegi hau ezarriko zaie bere babesean antolatzen diren berezko tituluak lortzera bideratutako ikasketei, etengabeko prestakuntzako ikasketen programei eta ikastaro osagarriei.

3. artikulua.– ECTS kreditu sistema.

Ikasketa planak ECTS kreditu sistemaren arabera osatuko dira. ECTS europar kreditua 25 lan orduren parekoa da, gai bati dagozkion ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak bereganatzeko ikasleak egin beharreko lanari dagozkionak Lan ordu horietan honakoak sartzen dira: eskola orduak, bai teorikoak bai praktikoak; irakasgaia egunean izateko ikasten eman beharreko orduak; mintegiak, lanak, praktikak edo proiektuak egiteko erabilitako orduak; eta azterketak eta ebaluazio probak prestatu eta egiteko beharrezko direnak.

4. artikulua.– Berezko ikasketen helburuak.

Berezko tituluen, etengabeko prestakuntzako ikasketen eta ikasketa osagarrien helburuak hauek dira:

1.– Ikasketa plan ofizialetan ez dauden ikasketak eskaintzea.

2.– Goi mailako eta graduko titulatuen prestakuntza akademikoa osatzea, garapen profesional, zientifiko, tekniko eta artistikoa hobetzeko aukera eskainiz.

3.– Eremu profesionalean aplikazioa izan dezaketen ikerketa arlo berriak jorratzea, erakunde eta enpresekin lankidetza harremanak sortuz.

4.– Profesionalei birziklatzeko aukera ematea, gizartearen eta enpresen eskakizun berrietara egokitzeko.

5. artikulua.– Ikasketa motak.

1.– UPV/EHUk berezko tituluak sortu ahal izango ditu, titulu homologatuei dagozkien ikasketak eta unibertsitatearenak berarenak direnak uztartuta, betiere ondo zehaztutako aplikazio profesionala edo interes zientifikoa badute. Ez da baimenduko berezko titulua ematen duen graduko edo graduondoko ikasketarik, baldin eta edukiak graduko edo graduondoko ikasketa planen oso antzekoak badira. Batzorde eskudunak erabakiko du zein baldintza bete behar den eta zein izango den prozedura ikasketen artean kredituak aitortzeko.

2.– Osasun arloko ikasketen kasuan, Espezializazioei buruzko Dekretuan zehaztutakoari jarraitu beharko zaio, eta, beraz, debekatuta dago dekretuan aipatutako tituluekin bat datorren titulurik edo nahastea sor dezakeenik ematea.

3.– Helburuak, hartzaileak eta lortuko diren titulu edo ziurtagiriak kontuan hartuta, UPV/EHUko berezko ikasketak sailkapen honen arabera antolatu eta egituratuko dira:

– Graduko ikasketak: graduko titulu ofizialei lotutako graduko berezko tituluak eta berezko tituluak.

– Graduondoko ikasketak: berezko master titulua, unibertsitate espezializazioko titulua eta unibertsitateko aditu titulua.

– Unibertsitate hedakuntzako diploma.

– Etengabeko prestakuntzako ikasketak eta ikastaro osagarriak.

Berezko ikasketak normalean independenteak dira beren artean eta bakoitzarekin titulu bat eskuratzen da.

Hala ere, ikasketa hauek osagarriak izan daitezke beren artean, eta horrela ikasketa multzo batek iraupen luzeko ikasketa bat osatuko luke, nahiz eta barruko ikasketa edo modulu bakoitza independentea izan. Kasu honetan ikasketa luzeari dagokion titulu edo diploma eskuratzeko beharrezkoa izan daiteke ikasleek jarduera akademiko gehigarriren bat egitea, zuzendaritza akademikoak erabakiko duena. Edozelan ere, berezko master titulua eskuratzeko ezinbestekoa izango da Master Amaierako Lana egitea.

II. TITULUA
GRADUKO BEREZKO TITULUAK, GRADUKO TITULU OFIZIALEI LOTUTAKO BEREZKO TITULUAK, BEREZKO MASTER TITULUA, UNIBERTSITATE ESPEZIALIZAZIOKO TITULUA, UNIBERTSITATEKO ADITU TITULUA ETA UNIBERTSITATE HEDAKUNTZAKO DIPLOMA
I. KAPITULUA
GRADUKO BEREZKO TITULUAK

6. artikulua.– Definizioa eta iraupena.

Graduko berezko tituluak dira graduko ikasketak izanik estatu osoan balioa duten titulu ofizialen erregistroan jasota ez daudenak.

180-240 ECTS kreditu izango dituzte eta unibertsitatera sartzeko baldintzak betetzen dituztenei zuzenduta egongo dira. Tituluaren izenak egitura hau izango du: «Unibertsitateko graduko berezko titulua:..........».

II. KAPITULUA
GRADUKO TITULU OFIZIALEI LOTUTAKO BEREZKO TITULUAK

7. artikulua.– Definizioa eta iraupena.

Berezko graduarekin lotura duen graduko titulazio ofiziala egiten ari direnei zuzenduak dira. Guztira 20-60 ECTS kreditu izango dituzte, eta iraupena kasuan kasuko graduko tituluaren araberakoa izango da. Halaber, titulua lortzeko gradu ofiziala eduki behar da. Titulazioaren izenak egitura hau izango du: «..........–ko aditu titulua,.........–ko gradu tituluari lotua».

III. KAPITULUA
BEREZKO MASTER TITULUA

8. artikulua.– Definizioa eta iraupena.

Graduondoko ikasketak dira, unibertsitateko tituluren bat daukaten pertsonei zuzenduak.

Titulu hauetako ikasketek, oro har, 60-120 ECTS kreditu izango dituzte. Gutxienez ikasturte bateko iraupena izango dute. Hala ere, ikasketok diseinatzerakoan irizpidea izango da bi ikasturtera luzatzeko aukera.

Aparteko kasuetan, kreditu kopuru gehiagoko tituluak emateko baimena eman ahal izango da.

9. artikulua.– Berezko master titulura sartzeko eta bertan onartua izateko betekizunak.

Honako hauek sartu ahal izango dira berezko master titulura:

– graduko unibertsitate titulua dutenak, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitateko ikasketa ofizialak antolatzen dituenak, zehaztutakoari jarraituz.

– UPV/EHUn graduko berezko titulua egin dutenak, betiere berezko graduak graduko ikasketa ofizialen kreditu kopuru bera badauka.

Beste unibertsitate batzuetako graduko berezko tituluetako ikasleak onartzeko, egiaztatu egin beharko da egindako ikasketen prestakuntza maila graduko titulu ofizialaren pareko dela eta ikasleak unibertsitatera sartzeko baldintzak betetzen dituela.

Atzerriko titulua izanik ikasketa hauetara sartu nahi dutenek ez dute titulu hori homologatu behar izango, nahikoa izango da errektoreak baimena ematea, behin titulua eta dokumentu akademiko osagarriak egiaztatu ondoren (kasuan kasuko arautegi osagarrian zehazten denari jarraituz).

IV. KAPITULUA
UNIBERTSITATE ESPEZIALIZAZIOKO TITULUA

10. artikulua.– Definizioa eta iraupena.

Berezko masterra bezala, unibertsitateko tituluren bat daukaten pertsonei zuzendutako graduondoko ikasketak dira.

30-59 ECTS kreditu izango dituzte, eta seihileko bateko edo biko iraupena izango dute.

11. artikulua.– Unibertsitate espezializazioko titulura sartzeko eta bertan onartua izateko betekizunak.

Honako hauek sartu ahal izango dira unibertsitate espezializazioko titulura:

– graduko unibertsitate titulua dutenak, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitateko ikasketa ofizialak antolatzen dituenak, zehaztutakoari jarraituz. Era berean, baita dekretu horren aurretiko unibertsitate titulazioren bat daukatenak ere.

– UPV/EHUn graduko berezko titulua egin dutenak, betiere berezko graduak graduko ikasketa ofizialen kreditu kopuru bera badauka.

Beste unibertsitate batzuetako graduko berezko tituluetako ikasleak onartzeko, egiaztatu egin beharko da egindako ikasketen prestakuntza maila graduko titulu ofizialaren pareko dela eta ikasleak unibertsitatera sartzeko baldintzak betetzen dituela.

Atzerriko titulua izanik ikasketa hauetara sartu nahi dutenek ez dute titulu hori homologatu behar izango, nahikoa izango da Graduondoko Batzordeak baimena ematea, behin titulua eta dokumentu akademiko osagarriak egiaztatu ondoren (kasuan kasuko arautegi osagarrian zehazten denari jarraituz).

Aparteko kasuetan, unibertsitateko titulurik ez daukaten profesionalak onartu ahal izango dira, baldin eta kasuan kasuko ikasketen arloan esperientzia handia badute. Horrelakoetan Graduondoko Batzordeak hartuko du erabakia, titulazioko zuzendaritza akademikoak egindako proposamena ikusita. Irizpide honen arabera gehienez ere bi ikasle onartu ahal izango dira, edo, bestela, guztira matrikulatuta dauden ikasleen % 5. Halaber, ehuneko hori gaindituta ere, kontuan hartuta titulu bakoitzaren ezaugarri bereziak eta arduradunak hala eskatzen badu, Graduondoko Batzordeak beren-beregiko baimena eman ahal izango du kasuan kasuko ikasketen arloan esperientzia handia daukaten profesionalak onartzeko.

Unibertsitateko titulurik ez daukaten profesionalek (aurreko puntuan aipatutakoek) unibertsitatean ikasteko lege betekizunak bete beharko dituzte.

Dena dela, unibertsitate espezializazioko titulua master baten barruan dagoenean, masterra egiteko eta masterreko titulua lortzeko baldintzak masterrerako ezarritako berberak izango dira.

V. KAPITULUA
UNIBERTSITATEKO ADITU TITULUA

12. artikulua.– Definizioa eta iraupena.

Ikasketa hauen helburua espezializazioa, hobekuntza edo ezagutzen eguneratzea da.

15-29 ECTS kreditu izango dituzte, eta seihileko bateko iraupena.

13. artikulua.– Unibertsitateko aditu titulura sartzeko eta bertan onartua izateko betekizunak.

Honako hauek sartu ahal izango dira unibertsitateko aditu titulura:

– graduko unibertsitate titulua dutenak, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitateko ikasketa ofizialak antolatzen dituenak, zehaztutakoari jarraituz. Era berean, baita dekretu horren aurretiko unibertsitate titulazioren bat daukatenak ere.

– UPV/EHUn graduko berezko titulua egin dutenak, betiere berezko graduak graduko ikasketa ofizialen kreditu kopuru bera badauka.

Beste unibertsitate batzuetako graduko berezko tituluetako ikasleak onartzeko, egiaztatu egin beharko da beste unibertsitatean egindako ikasketen maila graduko titulu ofizialaren parekoa dela eta ikasleak unibertsitatera sartzeko baldintzak betetzen dituela.

Atzerriko titulua izanik ikasketa hauetara sartu nahi dutenek ez dute titulu hori homologatu behar izango, nahikoa izango da Graduondoko Batzordeak baimena ematea, behin titulua eta dokumentu akademiko osagarriak egiaztatu ondoren (kasuan kasuko arautegi osagarrian zehazten denari jarraituz).

Aparteko kasuetan, unibertsitateko titulurik ez daukaten profesionalak onartu ahal izango dira, baldin eta kasuan kasuko ikasketen arloan esperientzia handia badute. Horrelakoetan Graduondoko Batzordeak hartuko du erabakia, titulazioko zuzendaritza akademikoak egindako proposamena ikusita. Irizpide honen arabera gehienez ere onartu ahal izango dira guztira matrikulatuta dauden ikasleen % 20. Halaber, ehuneko hori gaindituta ere, kontuan hartuta titulu bakoitzaren ezaugarri bereziak eta arduradunak hala eskatzen badu, Graduondoko Batzordeak beren-beregiko baimena eman ahal izango du kasuan kasuko ikasketen arloan esperientzia handia daukaten profesionalak onartzeko.

Unibertsitateko titulurik ez daukaten profesionalek (aurreko puntuan aipatutakoek) unibertsitatean ikasteko lege betekizunak bete beharko dituzte.

Dena dela, unibertsitateko aditu titulua master titulu baten edo unibertsitateko espezialista titulu baten barruan dagoenean, master edo espezialista titulua egiteko eta titulua lortzeko baldintzak bakoitzarentzat ezarritako berberak izango dira.

VI. KAPITULUA
UNIBERTSITATE HEDAKUNTZAKO DIPLOMA

14. artikulua.– Definizioa eta iraupena.

Ikasketa hauen helburua da espezializazioa, hobekuntza, eta ezagutzak eguneratu edo zabaltzea.

30-60 ECTS kreditu izango dituzte.

15. artikulua.– Unibertsitate hedakuntzako diplomara sartzeko eta bertan onartua izateko betekizunak.

Unibertsitate hedakuntzako diplomara sartzeko betekizunak izango dira legeak unibertsitatean sartzeko ezartzen dituen berberak.

Salbuespenez, onartu ahal izango dira dokumentuen bidez kasuan kasuko ikasketen arloan esperientzia handia daukatela egiazta dezaketen pertsonak.

Hitzarmen baten bidez edo administrazio edo erakunde publiko batek unibertsitateari egindako enkarguz ematen diren ikasketak direnean, kasuan kasuko hitzarmen edo arautegian zehazten diren baldintzak bete beharko dira.

VII. KAPITULUA
BEREZKO IKASKETAK EMATEKO PROPOSAMENAK: GRADUKO BEREZKO TITULUAK, GRADUKO TITULU OFIZIALEI LOTUTAKO BEREZKO TITULUAK, BEREZKO MASTER TITULUA, UNIBERTSITATE ESPEZIALIZAZIOKO TITULUA, UNIBERTSITATEKO ADITU TITULUA ETA UNIBERTSITATE HEDAKUNTZAKO DIPLOMA

16. artikulua.– Proposamenak egin ditzaketen organoak.

Errektoreak, ikastegiek (UPV/EHUrenak berarenak eta atxikiak), sailek eta unibertsitateko institutuek (UPV/EHUrenak berarenak, mistoak eta atxikiak) aurkez diezaiokete proposamena Gobernu Kontseiluari, horretarako zehaztutako epean, berezko tituluen ikasketak onar ditzan.

17. artikulua.– Berezko ikasketen antolaketa.

1.– UPV/EHUko ikastegi batek, sail batek edo gehiagok edo institutu batek antolatu eta zuzendu ahal izango du berezko titulu bat. Proposamen batek jakintza arlo batzuk edo sail batzuetako irakasleak biltzen baditu, horietako edozeinek hartu ahal izango du bere gain zuzendaritza akademikoa. Proposamena errektoreak edo fundazio batek eginez gero, ezinbestekoa izango da ikastegi baten, sail baten edo institutu baten onespena izatea.

2.– Proposamenean jasota badago ikasketak beste unibertsitate edo hezkuntza erakunde batzuekin batera antolatzeko aukera, arautegi honetan zehaztutakoa aplikatu beharko da UPV/EHUren eta beste erakundearen arteko hitzarmenik egon ezean. Hitzarmenik badago, berriz, hitzarmenean zehaztutakoari jarraitu beharko zaio, eta bertan jasota egon beharko dira UPV/EHUko batzorde eskudunak eskatzen dituen gutxieneko betebeharrak. Hitzarmena berezko tituluaren proposamenarekin batera tramitatu eta onartuko da, aldeek sina dezaten.

3.– Proposamena UPV/EHUri atxikitako ikastegi eta institutuek egiten dutenean, ikastegia edo institutua sortzeko edo UPV/EHUri atxikitzeko hitzarmena aplikatuko da, bai eta UPV/EHUk eta erakunde atxikiak berezko titulazioa eman eta kudeatzeko sinatu beharko duten hitzarmena ere. Hitzarmen hori berezko tituluaren proposamenarekin batera tramitatu eta onartuko da, eta tituluarekin zerikusia duten unibertsitateko arloen eta UPV/EHUko Gerentziaren onespena izan beharko du.

Hitzarmen horretan informazio hau jasoko da, gutxienez: zelan antolatuko den irakaskuntza; zein organo arduratuko den antolaketa akademikoaz; nor arduratuko den kudeaketa ekonomikoaz; nor izango den zuzendari akademikoa; finantzazioari buruzko xehetasun nagusiak; UPV/EHUri dagozkion eskubide ekonomikoak.

Hitzarmen horietan jasota ez dagoenerako arautegi honetan adierazitakoa aplikatuko da.

18. artikulua.– Proposamenaren edukia.

1.– Izena: ezin izango da izan Gobernu Kontseiluak onartutako beste ikasketa batzuen berbera, eta ezin izango du nahasterik sortu beste titulu ofizial batzuekin.

2.– Zuzendari akademikoa: UPV/EHUko irakasle-ikertzaile iraunkorra izan behar da, eta titulua antolatu edo kudeatzeko ardura daukan organoko kidea. Berezko master baten zuzendari izateko, doktore titulua izan beharko da.

3.– Unibertsitate arteko berezko tituluetan unibertsitate bakoitzak bere zuzendari akademikoa izan ahalko du.

4.– Irakaskuntza gida. Bertan honako hauek zehaztu beharko dira: nahitaezko eta hautazko ikastaro eta mintegi praktiko eta teorikoen kopurua, edukia, iraupena eta programa; ikasturte bakoitzeko eskola orduen kopurua; ikasturtearen hasiera eta amaiera eguna; eskolak emateko tokia; egin beharreko praktikak; aurreikusitako ebaluazio sistema; eta, hala badagokio, ikerketa lan edo aplikazio teknikoko lan berezituengatik aitor daitezkeen kredituen kopurua.

5.– Programa moduluetan egituratuta dagoenean, zeintzuk diren modulu horiek, eta ea guztiak gainditzeak tituluren bat eskuratzea dakarren, eta hala bada, zein.

6.– Ikasleak zenbat kreditu egin behar dituen titulua lortzeko eta, modulurik badago, modulu bakoitza lortzeko.

7.– Zein epetan egin behar diren modulu guztiak amaierako titulua eskuratzeko.

8.– Gutxieneko eta gehieneko ikasle kopurua: hona hemen gutxieneko ikasle kopuruak titulu mota bakoitzerako:

– 20 ikasle, unibertsitateko graduko berezko tituluetan;

– 10 ikasle, graduko titulu ofizialei lotutako berezko tituluetan;

– 10 ikasle, graduondoko berezko tituluetan.

– 10 ikasle, unibertsitate hedakuntzako berezko tituluetan.

9.– Unibertsitateko graduko tituluetan eta graduondoko eta unibertsitate hedakuntzako berezko tituluetan eskola guztiak euskaraz ematen direnean, 10 eta 5 ikasle egon daitezke, hurrenez hurren.

10.– Salbuespen moduan, eta batzorde eskudunak gaia aztertu eta onartu ondoren, ikasle gutxiagoko proposamen arrazoituak onartu ahal izango dira.

11.– Ikasketetan onartua izateko baldintzak, arautegi honetan zehaztutako baldintza orokorrak kontuan hartuta.

12.– Irakasleen zerrenda, emango duten ordu kopurua zehaztuta. UPV/EHUko irakasleen kasuan, irakasle bakoitzak oniritzia eman beharko du parte hartzeko. Irakasle guztien curriculuma erantsi beharko da, eredu arautuari jarraituz osatua.

13.– Batzorde Akademikoa osatzeko proposamena. Batzordeko burua zuzendari akademikoa izango da (bat baino gehiago badaude, bat proposatu beharko da) eta bi kide izango ditu, proposatzen den tituluko irakasleak biak, eta bietako bat UPV/EHUkoa izan behar da.

14.– Ikastegiaren, sailaren edo institutuaren baliabide materialak eta giza baliabideak titulazioko premiei aurre egiteko. Proposamenarekin batera ikastegiko zuzendaritzak gelak erabiltzeko emandako baimena aurkeztu beharko da.

15.– Aurrekontu osoa, diru sarrerak eta gastuak osotasunean ebaluatuta.

– Diru sarreren aurrekontuan honakoak zehaztu behar dira:

– Matrikulatik espero diren sarreren ebaluazioa eta zenbatekoa.

– Erakunde publiko edo pribatuen diru laguntzak.

– Aurreikusitako beste diru sarrera batzuk.

– Gastuen aurrekontuan honako hauek zehaztu beharko dira:

– UPV/EHUko irakasleen ordainsariak.

– UPV/EHUtik kanpoko hizlari eta irakasleen ordainsariak.

– Gastu orokorretarako atxikipena.

– Gainerako gastu orokorrak.

16.– Aurrekontuaren desglose bera aurkeztu beharko da ikaslea matrikula daitekeen modulu solte bakoitzerako.

19. artikulua.– Titulazioak ebaluatzea eta akreditatzea.

1.– Berezko tituluaren proposamenaren kanpo eta barne ebaluazioa egingo da. Kanpo ebaluazioa UNIBASQek egin ahal izango du, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, 80.b) artikuluan ezarritakoarekin bat bere eginkizunetako bat delako berezko tituluak eskuratzeko ikasketen kalitatea ebaluatu eta egiaztatzea; edo, bestela, akreditatutako beste edozein agentziak ere egin ahal izango du.

2.– Berezko titulua ematea onartzeko, aldekoak izan beharko dira bai barne ebaluazioa bai kanpo ebaluazioa.

3.– Berezko titulu guztiak ebaluatu egingo dira lehenengo aldiz proposatzen direnean eta bost urterik behin berritu egin beharko da ebaluazioa.

20. artikulua.– Eskaintza onartzea.

1.– Gobernu Kontseiluak, batzorde eskudunaren txostena jaso ondoren, UPV/EHUko berezko tituluen eskaintza onetsiko du, eta, urtero, ekaina baino lehen argitaratuko du.

2.– Eskaintza osatuko dute, batetik, ebaluazio positiboa duten proposamen berriek eta, bestetik, tituluen edizio berriek, edizio horiek eskaintzan sartzeko eskariak ezarritako epearen barruan aurkezten badira.

3.– Organo proposatzaileek aurrekontua aurkeztu beharko dute, eta zehaztu beharko dituzte jatorrizko proiektuan egindako aldaketak. Era berean, zuzendari akademikoaren onespena aurkeztu beharko dute.

4.– Proposamen berri bat aurkeztu beharko da, eta, proposamen hori ebaluatu, irakaskuntza modalitatea aldatzen denean, titulua azkenengoz eman zenetik bi edizio pasatu direnean eta prestakuntza programan funtsezko aldaketak egin direnean.

5.– Proposamena behin onartuta aldaketarik egin nahi izanez gero, batzorde eskudunak eman beharko du espresuki aldaketa egiteko baimena. Ikasketa planeko aldaketak matrikula egin aurretik jakinarazi eta baimendu beharko dira.

VIII. KAPITULUA
BEREZKO TITULUETAKO IKASTAROAK ANTOLATZEA

21. artikulua.– Irakasleen lanorduak.

1.– Berezko titulu guztietan, ikasketa planeko kredituen % 30, gutxien dela, UPV/EHUko irakasleek emango dute, baina beti errespetatu beharko dira bateraezintasun irizpideak. Salbuespenezko egoeretan, zuzendari akademikoak eskaria egin ahalko dio batzorde eskudunari ehuneko hori murrizteko.

2.– UPV/EHUko irakasle-ikertzaileek gehienez ere 10 kreditu eman ahal izango dituzte guztira, ikasturte bakoitzean, unibertsitateko berezko ikasketetan.

3.– Zuzendaritza lana kreditutan neurtu beharko da proposamenean, eta aurreko puntuan adierazitako kreditu kopuruan sartuko dira irakaslanari eta zuzendaritza lanari dagozkion kredituak. Zuzendaritza lanak, gutxien dela, 3 kreditu izango ditu.

4.– Berezko titulu batean irakasten duten edo zuzendaritza lana egiten duten irakasleikertzaileak, UPV/EHUkoak izan zein kanpokoak izan, ezin izango dira matrikulatu titulazio horretan.

22. artikulua.– Zuzendaritza akademikoa.

1.– Zuzendari akademikoa: UPV/EHUko irakasle-ikertzaile iraunkorra izan behar da, eta titulua antolatu edo kudeatzeko ardura daukan organoko kidea. Ezin izango du berezko titulu bat baino gehiago zuzendu, ez gradukoak ez graduondokoak, non eta ez dagoen moduluka egituratuta. Kasu horretan pertsona bera izan ahalko da modulu guztien arduraduna eta amaierako tituluarena.

2.– Berezko master baten zuzendaria izateko, doktore titulua eduki behar da.

3.– Zuzendari akademikoak bere lanaren berri emango dio Batzorde Akademikoari. Hauek izango dira haren eginkizunak:

– Tituluaren proposamena aurkeztea.

– Azken memoria egitea.

– Ikasketa hauen inguruan sortzen diren zalantzak edo gorabeherak batzorde eskudunari aurkeztea.

– Ikasketetan parte hartzen duten irakasleen irakaslanaren ziurtagiriak egitea, dagokion saileko zuzendariaren oniritziarekin.

– Aurrekontua gestionatzea, arautegi honetan zehaztutakoari jarraituz.

– Ikasleen praktika programaz arduratzea, halakorik badago.

– Ikasketak behar bezala emateko eta ondo funtziona dezaten beharrezko izan daitezkeen gainerako guztiak.

23. artikulua.– Batzorde Akademikoa.

Batzorde Akademikoaren eskumenak dira:

1.– Ikasleak aukeratzeko irizpideak zehaztea.

2.– Ikasleak hautatu eta onartzea, eta ez-onartuen errekurtsoak ebaztea. Edozein kasutan, behin betiko onarpena izateko, ikasleek matrikula egin beharko dute UPV/EHUko kasuan kasuko administrazio atalean.

3.– Bekak esleitzea.

4.– Ikasleen amaierako ebaluazio orokorra egitea.

5.– Praktiken arduraduna izendatzea, praktikarik badago.

6.– Gainerako eskumen akademiko guztiak.

24. artikulua.– Irakasleen ordainsariak.

1.– UPV/EHUko irakasleikertzaileen ordainsarien mugak izango dira 1930/84 Errege Dekretuko 5. artikuluan zehaztutakoak (dekretu hori 1450/89 Errege Dekretuaren bidez eguneratu zen).

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako mugak kalkulatzeko, batu beharko dira graduko eta graduondoko berezko tituluetan, etengabeko prestakuntzako ikasketetan eta ikasketa osagarrietan egindako irakaslanagatik urtean jasotako ordainsariak eta ekitaldi berean Unibertsitateen 6/2001 Lege Organikoko 83. artikuluaren babesean egindako kontratuei dagozkien ordainsariak. Gehienezko kopuruak izango dira unibertsitateak ekitaldi bakoitzeko aurrekontuei buruzko araudian zehazten dituenak.

3.– Baldin eta titulazio hauetako irakasleek ikasketa ofizialetako irakats betebeharrak beteta badituzte ikasketa ofizialotan benetan ere ematen dituzten eskolekin, berezko ikasketetan ematen dituzten gehiegizko kredituengatik diru sarrerak jaso ahalko dituzte graduko eta graduondoko berezko tituluen, etengabeko prestakuntzako ikasketen eta ikasketa osagarrien kargura. Aurreko paragrafoan esandakoa eragotzi barik, berezko ikasketetan (berezko tituluetan eta ikasketa osagarrietan) parte hartzen duten irakasleek ez badituzte beteta dagozkien irakats betebeharrak, berezko tituluei dagokion ordainsaria heren batean murriztuko zaie, legez edo kontratuz dagozkien irakats betebeharrak osatu arte. Behin irakats betebeharrak beteta, dagozkien ordainsariak jasoko dituzte.

4.– Master ofizialetako ikasketa planetan sartuta dauden berezko titulu eta ikastaro osagarrien kasuan, unibertsitateko irakasleek, arautegi honi jarraituz, ezin izango dute ordainsaririk hartu, ikasketa horietan egindako lana beren irakats betebeharren parte delako.

25. artikulua.– Administrazio eta zerbitzuetako langileak.

1.– Gestio lanak titulua antolatu eta kudeatzeaz arduratzen den organoko administrazio eta zerbitzuetako langileek egingo dituzte; bestela, ahal duen heinean, Berezko Ikasketen Atalak egingo ditu.

2.– Langileak kontratatu ahal izango dira unibertsitateko Gerentziaren bidez, eta Gerentzia izango da langileak hautatu eta kontratuak egingo dizkiena. Kontratu horiek berezko tituluaren aurrekontuaren kargura egingo dira.

IX. KAPITULUA
FINANTZIAZIOA ETA GESTIO EKONOMIKOA

26. artikulua.– Finantziazioa.

Arautegi honen bidez araututako ikasketak autofinantzatu egingo dira beti, eta proposamenetan orekatuta egon beharko dira diru sarrerak eta gastuak.

27. artikulua.– Gestio ekonomikoa.

Gestio ekonomikoak UPV/EHUn indarrean dagoen arautegi orokorra eta hurrengo artikuluetan zehazten dena bete beharko du.

28. artikulua.– Gune organikoak irekitzea eta ixtea.

1.– Gestio ekonomikoa egiteko, berezko tituluen edizio bakoitzak gune organiko bat izango du, arautegi orokorrari jarraituz.

2.– Gune organikoa irekitzeko tramiteak Berezko Ikasketen Atalak egingo ditu, titulazioa eman egingo dela baieztatuta dagoenean. Gune organiko hori titulazioa kudeatzen duen organoaren menpe egongo da.

3.– Gune organikoko lehenengo sinatzailea tituluaren zuzendari akademikoa izango da, eta bigarrena tituluaren zuzendaritza akademikoa duen organoaren arduraduna. Proposatzaileak bat baino gehiago badira, zuzendari akademikoaren ikastegiko zuzendari edo dekanoa edo sail edo institutuko zuzendaria izango da Batzorde Akademikoko burua. Irakasle berak betetzen baditu kargu biak, bigarren sinatzailea tituluaren antolaketa eta gestioaren ardura duen sail edo ikastegiko idazkaria izango da.

4.– Berezko tituluaren edizioa amaitu ondorengo urtean gune organikoa zabalik mantenduko da edizio horretako gastuak likidatzeko edo hura 31. artikuluan ezarritakoaren arabera erabiltzeko. Edonola ere, aldi hori igarotakoan, gune organikoa itxi egingo da eta bertan geratzen den zenbatekoa unibertsitatearen kontu orokorrean sartuko da.

29. artikulua.– Matrikulen diru sarrerak.

1.– Matrikularen diru sarrerak campusak horretarako sortutako kontuan egingo dira, eta jarduera honek eragindako gastuak finantzatzeko erabiliko dira zuzenean, betiere, aurrekontuari jarraituz.

2.– Matrikula egiteko epea behin bukatuta, Berezko Tituluen Bulegoak kitapenak egingo ditu, Kontabilitate Zerbitzuaren bitartez. Dirurik itzuli behar baldin bada diru sarrerak kontabilizatu ondoren, berezko ikasketen arduradunak zuzenean itzuliko dio ikasleari, berezko tituluaren aurrekontuaren kargura.

30. artikulua.– Diru laguntzen sarrerak.

1.– Diru laguntza berezko ikasketen gune organikoan sartuko da unibertsitateak diru hori jaso ondoren. Dena den, zuzendari akademikoak hala eskatuz gero, eta arrazoia behar bezala justifikatzen badu, aurreratu egin ahal izango zaio dirua titulazioari.

2.– Gorabeheraren bat dela-eta azkenean diru laguntza jasotzen ez bada, deskontatu egingo da diru laguntza horren kontura emandako kreditutik, edo, bestela, matrikulen kreditutik.

31. artikulua.– Superabita.

Superabitik egonez gero, hurrengo edizioan erabili ahal izango da baldin eta defizita sortzen bada matrikulen diru sarrerak gutxiago direlako aurkeztutako aurrekontuan jasotakoak baino.

32. artikulua.– Prezio publikoak.

Ikasketa hauen prezio publikoak, bai eta egiaztagiriak, txartelak eta titulua eskatzeko tasak ere, Gizarte Kontseiluak zehaztuko ditu, Graduondoko Batzordearen proposamena ikusita.

33. artikulua.– Gastuen gestioa.

Graduko eta graduondoko berezko tituluak eta unibertsitateko ikasketa osagarriak emateagatik sortutako gastu guztiak matrikulen diru sarrerarekin, diru laguntzekin eta, hala badagokio, aurreko edizioko superabitarekin ordainduko dira. Gastuen gestioa unibertsitatearen aurrekontuei buruzko arau orokorretara lotuko da, kontuan hartuta honako hauek:

Berezko Tituluetan % 12ko atxikipena egingo zaie matrikulen diru sarrerei. Kopuru horren % 10a unibertsitatearen gastu orokorretarako izango da eta gainerako % 2a Berezko Ikasketen Atalari esleituko zaio. Berezko tituluak matrikulako tasetatik ez datorren finantziazioa izanez gero, atxikipen hori ez da inoiz kredituko eta ikasleko 4,8 eurotik beherakoa izango. Atxikipena zerbitzu zentralek egingo dute zuzenean, diru hori matrikulako dirutik hartuta. Unibertsitate arteko titulazioetan atxikipenaren ehunekoa lankidetza hitzarmenean zehaztuko da.

Tituluaren irakaskuntzan eta gestioan lanean ari diren UPV/EHUko irakasleei eta AZPko langileei nominaren bidez egingo zaizkie ordainketak, horretarako arautegi espezifikoari jarraituz.

UPV/EHUkoak ez diren irakasleei ordaintzean, indarrean dagoen PFEZa ezarriko zaie.

Unibertsitateko berezko tituluen eta ikasketa osagarrien finantziazio espezifikoaren bidez eskuratutako material inbentariagarria UPV/EHUren ondarera pasatuko da.

X. KAPITULUA
HITZARMENAK

Kapitulu honetan xedatutakoa Gobernu Kontseiluaren Funtzionamendurako Arautegiko 25 f) artikuluan aipatzen den araudi espezifikoa da (2009ko apirilaren 24an onartutako arautegia, abenduaren 5eko EHAAn argitaratua).

34. artikulua.– Hitzarmen motak.

Arautegi honetako 4.3 artikuluan aipatutako hitzarmenez gain, ikasleen praktiketarako, finantzaziorako, lokalak erabiltzeko eta egoki den beste edozein helburutarako hitzarmenak sinatu ahal izango dira.

35. artikulua.– Hitzarmenak onartzea.

1.– Batzorde eskudunari eskuordetzen zaio hitzarmenak onartzeko ahalmena, baldin eta hitzarmenetarako zehazten diren ereduekin bat badatoz, hurrengo paragrafoan esaten dena eragotzi barik.

2.– UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartutako ereduarekin bat datozen hitzarmenak zuzenean izenpetuko dira, eta jakinaren gainean jarriko da batzorde eskuduna hitzarmena indarrean sartu aurretik. Hitzarmenak ez datozenean bat ereduarekin, Gobernu Kontseiluak hitzarmenak onartzeko zehaztuta daukan prozedura orokorrari jarraituko zaio.

3.– Hitzarmena graduondoko titulua emateko proposamenarekin batera tramitatu bada, Gobernu Kontseilura eramango da dena batera, hark biak onar ditzan.

4.– Berezko Ikasketen Atalak bilduko ditu hitzarmenak sinatzeko behar diren txosten guztiak.

36. artikulua.– Hitzarmenak sinatzea.

1.– UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartutako ereduarekin bat datozen hitzarmenak ikasketen proposamena egin duen unibertsitateko organo edo egituraren arduradunak sinatuko ditu, arautegi honetan zehaztutakoari jarraituz; dena dela, egokitzat joz gero, unibertsitateko goragoko agintariek sinatu ahal izango dituzte. Aparteko kasuetan, batzorde eskudunak baimena eman ahal izango dio tituluaren arduradunari hitzarmena sinatzeko. Batzorde eskuduna jakinaren gainean jarri beharko da hitzarmena indarrean sartu aurretik eta, edonola ere, ikasleek praktikak egiten hasi baino lehenago

2.– Hitzarmenean parte hartzen duen alderdi bakoitzeko ale bat sinatuko da, eta horietako bi sinatzaileentzat izango dira. UPV/EHUk bere alea bideratuko du bere arautegian zehazten den bezala.

37. artikulua.– Gobernu Kontseiluari informazioa ematea.

Sei hilabeterik behin, errektoreordetza eskudunaren bidez, Gobernu Kontseiluak onartutako ereduarekin bat datozen hitzarmenen berri emango zaio Kontseiluari.

XI. KAPITULUA
IZENA EMATEA ETA MATRIKULA

38. artikulua.– Izena ematea, onartua izatea eta eskaria berrestea.

1.– Berezko titulu bat egin nahi dutenek arautegi honetan zehaztutako baldintza orokorrak bete beharko dituzte. Eskaria on line egingo da, edo titulua antolatzen duen sail, institutu edo ikastegiko idazkaritzan aurkeztuko da, horretarako zehaztutako epean. Hala dagokionean, eskaria aurkeztu aurretik kasu bakoitzerako ezarritako zenbatekoa ordaindu behar da.

2.– Izena emateko epea behin amaituta, titulazioko Batzorde Akademikoak etorkizuneko ikasleak aukeratu eta onartuko ditu.

3.– Onartutako ikasleek berretsi egin beharko dute tituluan izena emateko eskaria.

4.– Programa moduluka egituratuta badago eta ikasleak bat edo gehiago egitea eskatzen badu, onarpen agirian zehaztuko da zeinetan izan den onartua, eta, hala dagokionean, zein titulu edo diploma eskuratzeko aukera izango lukeen.

39. artikulua.– Matrikula.

1.– Eskaria behin berretsita, ikasleek matrikula egin ahal izango dute on line, titulazio bakoitzerako zehazten den epean.

2.– Prozedura arautegiaren arabera matrikularekin batera aurkeztu behar diren dokumentuak Berezko Ikasketen Atalera bidaliko dira, errebisatzeko.

3.– Matrikulak behin-behinekoak izango dira ikasleek arautegi honetako I. kapituluan zehazten diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatu arte. Matrikula egin denetik hiru hilabete igaro badira Berezko Ikasketen Atalak horren kontra ezer erabaki eta jakinarazi barik, matrikula onartutzat jo beharko da eta irmoa izango da ondorio guztietarako.

Matrikulak ez baditu betetzen baldintza guztiak, interesatuari horren berri emango zaio eta hamar egun dituela jakinarazi, zuzentzeko.

40. artikulua.– Matrikulagatik ordaindu beharrekoa eta ordaintzeko era.

1.– Izena emateko eskarian ordaindutakoa matrikularen zenbatekotik deskontatuko da. Matrikularik egiten ez bada, izena ematean ordaindutako dirua bakarrik itzuliko da titulua azkenean ematen ez bada.

2.– Prezio publikoak osorik ordainduko dira, Gizarte Kontseiluak preziook ez ordaintzeko edo murrizteko baldintzaren bat ezarri ezean. UPV/EHUko berezko tituluetan pertsona bakoitzak arrazoi bakarra argudiatu ahal izango du tasetatik salbuesteko.

3.– Titulu osoak ikasturte bat baino gehiago hartzen badu, ikasturte bakoitzean egin beharko da matrikula, eta matrikulan ikasturte horretan irakatsiko diren kredituei dagokien zenbatekoa baino ez da ordaindu beharko.

4.– Moduluka egituratuta dauden programetan ikasleak modulu solteetan matrikulatu ahal izango dira, tituluaren proposamenean aukera hori aurreikusten bada.

5.– Matrikula bi epetan ordaindu ahal izango da, % 50 bakoitzean. Epe horiek prozedura arautegian zehaztutakoak izango dira.

41. artikulua.– Matrikula baliogabetzea.

1.– Behin-behinean onartutako matrikulak ez baditu betetzen eskatutako baldintzak, eta ez bada zuzentzen horretarako egongo den epearen barruan, baliogabetu egingo da.

2.– Prezio publikoak ordaindu ez badira zehaztutako epeetan, matrikula baliogabetu egingo da.

3.– Era berean, baliogabetu egingo da matrikula ikasleak eskaria eginez gero, eta horrelakoetan itzuli egingo zaio ordaindutako zenbatekoa, baldin eta eskaria eskolak hasi aurretik egin badu.

Matrikula erabaki arrazoitu baten bidez baliogabetuko da, eta erabaki horren kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio UPV/EHUko errektoreari edo hark eskumena eskuordetu dion pertsonari.

42. artikulua.– Aseguruak.

Berezko tituluetako ikasleek matrikulako gastu finkoak ordaindu beharko dituzte, hain zuzen ere, Hezkuntza Sailak ikasturte bakoitzerako ezartzen dituenak UPV/EHUko goi mailako hezkuntzako zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezioen aginduan. Prezio finko horietan sartzen dira, halaber, unibertsitateko txartela eta asegurua.

XII. KAPITULUA
KREDITUAK AITORTZEA ETA EBALUAZIOA

43. artikulua.– Kredituak aitortzea.

1.– Lehendik egindako graduko ikasketetako edo graduondoko berezko tituluetako gai edo irakasgaiak aitortzeko eskariak berezko tituluko Batzorde Akademikoak ebatziko ditu, batzorde eskudunak ezarritako arautegiari jarraituz.

Titulazio bateko moduluak solte egiten dituzten ikasleek moduluak aitortzea eskatu ahal izango dute haiek egin ahala, tituluko prestakuntza osatze aldera, eta, hala dagokionean, titulua eskuratze aldera.

2.– Batzorde Akademikoaren erabakiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak UPV/EHUko batzorde eskudunari. Horretarako epea hilabetekoa izango da, jakinarazpena hartzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

3.– Kredituak aitortzea onartuz gero, ikasleak ordaindu beharko ditu unibertsitateko Gizarte Kontseiluak, Gerentziaren proposamenari jarraituz, horretarako zehaztutako prezioak.

44. artikulua.– Ebaluazioa.

1.– Berezko titulua lortzeko, gaindituta izan beharko dira, horretarako zehaztutako ebaluazioaren bidez, bai tituluko ikasketak, bai jarduera akademikoak. Eskoletara joatea ez da izango, inolaz ere, nahikoa titulua eskuratzeko.

2.– Ebaluaziorako irizpideak tituluaren proposamenean zehaztu behar dira. Kalifikazioa Gai, Ez Gai edo Aurkezteke izango da, eta esleituriko kreditu guztiei dagokie. Ez da egongo zati bat gainditzeko aukerarik. Deialdi bakarra egingo da titulu bakoitzerako ezarritako gutxieneko kredituak gainditzeko, eta ez da egongo horretarako salbuespenik, ez bada batzorde eskudunak horretarako beren-beregiko baimena eman duela.

3.– Ikasleen gehienez % 20ak «bikaintasun aipamena» lortu ahal izango du eta tituluan jasota ageriko da.

4.– Ikasketak moduluka egituratuta badaude, ikasleek beheko moduluetako kredituak finkatuko dituzte, eta gero jarraitu ahal izango dute beste moduluetako kredituekin titulua lortzeko.

5.– Ikasturte bat baino gehiago irauten duten tituluetan ikasturte bakoitzean amaierako ebaluazioa egin ahal izango da. Ebaluazioa gaindituz gero, kalifikazioa gorde egingo zaio ikasleari eta hurrengo ikasturteren batean antolatuz gero titulazioa, kredituok aitortu ahal izango zaizkio titulazioa lortze aldera.

6.– Kalifikazioa berrikusteko prozedura Graduko eta Graduondoko batzordeek onartzen dituzten arau osagarrietan zehaztuko da.

XIII. KAPITULUA
TITULUAK ETA ZIURTAGIRIAK

45. artikulua.– Tituluak ematea.

UPV/EHUren berezko tituluak errektoreak emango ditu, eredu arautuari jarraituz. Unibertsitateko Berezko Tituluen Erregistroan jasota geratuko dira emandako tituluak, unibertsitateko Titulu Ofizialen Erregistroan egin ohi den moduan eta baldintza berberetan (identifikazioa, zaintzea, ziurtapena eta izaera publikoa).

Gizarte Kontseiluak ikasturte bakoitzerako onartzen dituen tarifak ordaindu beharko dira tituluak eta ziurtagiriak eskuratzeko.

Tituluak beste titulu edo modulu solte batzuen aitorpenaren bidez eskuratu direnean, halaxe adierazi beharko da tituluaren atzealdean.

46. artikulua.– Titulua eskuratzeko eskaria.

Titulua eskuratzeko eskaria on line egin ahal izango da, bai eta Berezko Ikasketen Atalean eta campusetako errektoreordetzek zehazten dituzten bulegoetan ere. Tituluak emateko prozedura batzorde eskudunak zehaztuko du.

Matrikula moduluka egin bada, modulu guztietako tituluak eskatu beharko dira azken titulua eskuratu ahal izateko.

Matrikula titulazio osorako egin bada, ez da beharrezkoa izango modulu bakoitzeko tituluak eskatu eta ordaintzea.

47. artikulua.– Bertaratze ziurtagiria.

Gai kalifikazioa lortu ezean, bertaratze ziurtagiria eskatu ahal izango du ikasleak. Ziurtagiriok Batzorde Akademikoak sinatuko ditu, eta batzordeak berak zehaztuko ditu haiek emateko baldintzak.

48. artikulua.– Ziurtagiri akademikoa.

Aurreko artikuluan adierazitako ziurtagiriez gain, berezko tituluko ikasketetan GAI kalifikazioa lortu dutenek ziurtagiri akademikoa eskatu ahal izango dute Berezko Ikasketen Atalean. Ziurtagiri hori web bidez eskatu ahal izango da, edo eskaria aurkeztuta Berezko Ikasketen Atalean bertan.

XIV. KAPITULUA
AZKEN MEMORIA

49. artikulua.– Aurkezpena eta edukia.

1.– Ikasketak amaitzean, titulua proposatu edo antolatu duen organoak azken memoria aurkeztu beharko du, txosten ekonomikoarekin batera. Azken memoria aurkeztu izana ezinbesteko baldintza izango da berriro ere ikasketak antolatu ahal izateko.

2.– Txosten ekonomikoan erakutsi beharko da aurrekontua bete egin dela eta aurrekontuaren egoera ekonomikoa aurkeztuko da. Honako hauek zehaztu beharko dira:

– Hasierako aurrekontuarekiko aldea.

– Aurrekontuaren behin betiko kitapena.

– Ondasunen inbentarioa.

– Baliabide ekonomikoen gestioari buruzko txosten zehatza.

3.– Datu akademikoen arloan honako hauek zehaztuko dira: ikasketen egutegia, aurreikusitakoak zein heinetan bete diren, ikasle kopurua (sexuka banatuta), inkesten emaitzak, egindako ebaluazio mota, eta bertaratze ziurtagiriak emateko zehaztutako baldintzak (horrelako ziurtagiririk eman bada).

III. TITULUA
ETENGABEKO PRESTAKUNTZAKO IKASKETAK ETA IKASTARO OSAGARRIAK

50. artikulua.– Definizioa eta iraupena.

Ikastaro osagarriak ezagutzak eguneratzeko, espezializatzeko, birziklatzeko eta zabaltzeko ikastaroak dira, eta ikasleen prestakuntza osagarri eta jarraitua dute helburu.

Enpresen edo kanpoko beste edozein erakunderen eskariz antolatzen diren etengabeko prestakuntzako ikasketek eta unibertsitateko ikastaro osagarriek 20 ECTS kreditu izango dituzte gehienera, eta haietan sartzeko baldintzak ikastaroen proposamenean zehaztuko dira.

Berezko tituluetako edo master ofizialetako ikasketa planetako modulu edo gaiak etengabeko prestakuntza moduan eskaini ahal izango dira, betiere, 20 ECTS kreditu baino gutxiago badituzte. Ikasketa hauek antolatu eta emateko irizpideak aurrerago zehaztuko dira.

51. artikulua.– Ikasketetan sartzeko eta bertan onartua izateko betekizunak.

Ikasketetan sartzeko eta bertan onartua izateko betekizunak ikastaroaren proposamenean zehaztuko dira.

I. KAPITULUA
ETENGABEKO PRESTAKUNTZAKO IKASKETAK ETA IKASTARO OSAGARRIAK EMATEKO PROPOSAMENAK

52. artikulua.– Proposamenak egin ditzaketen organoak.

Errektoreak, errektoreordetza eskudunek, ikastegiek (UPV/EHUrenak berarenak eta atxikiak), sailek eta unibertsitateko institutuek (UPV/EHUrenak berarenak, mistoak eta atxikiak) aurkez ditzakete etengabeko prestakuntzako ikasketak eta ikastaro osagarriak emateko proposamenak. Proposamenak batzorde eskudunari aurkeztuko zaizkio.

Proposamena UPV/EHUri atxikitako ikastegi eta institutuek egiten dutenean, ikastegia edo institutua sortzeko edo UPV/EHUri atxikitzeko hitzarmena aplikatuko da, bai eta UPV/EHUk eta erakunde atxikiak ikasketa hauek eman eta kudeatzeko sinatu beharko duten hitzarmena ere. Hitzarmen hori batzorde eskudunak onetsiko du, eta hitzarmenak eragiten dien unibertsitate arloek eta, edonola ere, UPV/EHUko Gerentziak, alde ala kontra dauden adierazi beharko dute

Hitzarmen horretan informazio hau jasoko da gutxienez: zelan antolatuko den irakaskuntza; zein organo arduratuko den antolaketa akademikoaz; nor arduratuko den kudeaketa ekonomikoaz; nor izango den ikasketen arduraduna; finantzazioari buruzko xehetasun nagusiak; UPV/EHUri dagozkion eskubide ekonomikoak.

Hitzarmen horietan jasota ez dagoenerako arautegi honetan adierazitakoa aplikatuko da.

53. artikulua.– Proposamenaren edukia.

1.– Ikastaroaren arduraduna. UPV/EHUko plantillakoa izan beharko da.

2.– Irakaskuntza gida. Bertan honako hauek zehaztu beharko dira: nahitaezko eta hautazko ikastaro eta mintegi praktiko eta teorikoen kopurua, edukia, iraupena eta programa; eskola orduen kopurua; ikastaroaren hasiera eta amaiera eguna; eskolak emateko tokia; egin beharreko praktikak; aurreikusitako ebaluazio sistema.

3.– Gutxieneko ikasle kopurua: ezingo dira izan 5 baino gutxiago, baldin eta ez badira berezko tituluetako edo master ofizialetako ikasketa planetako moduluak; halakoetan, haien proposamenean egongo da zehaztuta gutxieneko kopurua.

4.– Irakasleen zerrenda, emango duten ordu kopurua zehaztuta.

5.– Prestakuntza antolatzen duen egiturak dauzkan baliabide materialak eta giza baliabideak ikastaroaren premiei aurre egiteko. Proposatzaileak kasuan kasuko baimena eduki beharko du gelak erabiltzeko.

6.– Aurrekontu osoa, diru sarrerak eta gastuak osotasunean ebaluatuta.

● Diru sarreren aurrekontuan honako hauek zehaztu behar dira:

– Matrikulatik espero diren sarreren ebaluazioa eta zenbatekoa.

– Erakunde publiko edo pribatuen diru laguntzak.

– Aurreikusitako beste diru sarrera batzuk.

● Gastuen aurrekontuan honako hauek zehaztu beharko dira:

– UPV/EHUko irakasleen ordainsariak.

– UPV/EHUtik kanpoko hizlari eta irakasleen ordainsariak.

– Gastu orokorretarako atxikipena.

– Gainerako gastu orokorrak.

54. artikulua.– Proposamenak onartzea.

1.– Etengabeko prestakuntzako ikasketak eta ikastaro osagarriak batzorde eskudunak onartuko ditu. Ikastaroak berriro ere eman nahi izanez gero, aurreko ikasturteetako memoria hartuko da kontuan. Matrikularen prezioa onartzea Unibertsitateko Gizarte Kontseiluari dagokio eta organo horrek ezarritakoari jarraituko zaio.

2.– Proposamena behin onartuta aldaketarik egin nahi izanez gero, batzorde eskudunak eman beharko du aldaketa egiteko baimena.

II. KAPITULUA
IKASTAROAK ANTOLATZEA

55. artikulua.– Arduradun akademikoa.

1.– Arduradun akademikoa UPV/EHUko plantillakoa izan behar da. Beste erakunde batekin batera irakasten diren ikastaro osagarrien kasuan bi arduradun akademiko egon ahal izango dira, baldin eta horietako bat UPV/EHUko plantillakoa bada.

2.– Arduradun akademikoaren eginkizunak honako hauek dira:

– Ikasketak emateko proposamena aurkeztea.

– Azken memoria egitea.

– Ikasketen gorabeheren berri ematea batzorde eskudunari.

– Ikasketetan parte hartuko duten irakasleen irakaslanari dagozkion ziurtagiriak egitea.

– Ikasketekin zerikusia daukaten gaiei dagozkien ziurtagiriak egitea.

– Aurrekontua gestionatzea, arautegi honetan zehaztutakoari jarraituz.

– Ikasleen praktika programaz arduratzea, halakorik badago.

– Ikasketak behar bezala emateko eta ondo funtziona dezaten beharrezko izan daitezkeen gainerako guztiak.

3.– Arduradun akademikoaren eginkizunak honela mugatuko dira:

– 10 ordu, 10 ECTS kreditu baino gutxiagoko ikastaroetan.

– 20 ordu, 10-20 ECTS kredituko ikastaroetan.

56. artikulua.– Gestio organoak.

Ikastaro osagarrien gestio ekonomiko eta administratiboa arduradun akademikoa atxikita dagoen ikastegi, sail, institutu edo errektoreordetzari dagokio.

57. artikulua.– Irakasleen lanorduak.

1.– UPV/EHUko irakasleikertzaileek gehienez ere 10 kreditu eman ahal izango dituzte guztira, ikasturte bakoitzean, unibertsitateko berezko ikasketetan.

2.– Ikasketa hauetan irakasten duten edo zuzendaritza lana egiten duten irakasleikertzaileak, UPV/EHUkoak izan zein kanpokoak izan, ezin izango dira matrikulatu ikastaro horietan.

58. artikulua.– Irakasleen ordainsariak.

1.– UPV/EHUko irakasleikertzaileen ordainsarien mugak izango dira 1930/84 Errege Dekretuko 5. artikuluan zehaztutakoak (dekretu hori 1450/89 Errege Dekretuaren bidez eguneratu zen).

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako mugak kalkulatzeko, batu beharko dira graduko eta graduondoko berezko tituluetan, etengabeko prestakuntzako ikasketetan eta ikasketa osagarrietan egindako irakaslanagatik urtean jasotako ordainsariak eta ekitaldi berean Unibertsitateen 6/2001 Lege Organikoko 83. artikuluaren babesean egindako kontratuei dagozkien ordainsariak. Gehienezko kopuruak izango dira unibertsitateak ekitaldi bakoitzeko aurrekontuei buruzko araudian zehazten dituenak.

3.– Baldin eta titulazio hauetako irakasleek ikasketa ofizialetako irakats betebeharrak beteta badituzte ikasketa ofizialotan benetan ere ematen dituzten eskolekin, berezko ikasketetan ematen dituzten gehiegizko kredituengatik diru sarrerak jaso ahalko dituzte graduko eta graduondoko berezko tituluen, etengabeko prestakuntzako ikasketen eta ikasketa osagarrien kargura. Aurreko paragrafoan esandakoa eragotzi barik, berezko ikasketetan (berezko tituluetan eta ikasketa osagarrietan) parte hartzen duten irakasleek ez badituzte beteta dagozkien irakats betebeharrak, berezko tituluei dagokion ordainsaria heren batean murriztuko zaie, legez edo kontratuz dagozkien irakats betebeharrak osatu arte. Behin irakats betebeharrak beteta, dagozkien ordainsariak jasoko dituzte.

4.– Master ofizialetako ikasketa planetan sartuta dauden berezko titulu eta ikastaro osagarrien kasuan, unibertsitateko irakasleek, arautegi honi jarraituz, ezin izango dute ordainsaririk hartu, ikasketa horietan egindako lana beren irakats betebeharren parte delako.

59. artikulua.– Administrazio eta zerbitzuetako langileak.

1.– Gestio lanak UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako langileek egingo dituzte.

2.– Langileak kontratatu ahal izango dira unibertsitateko Gerentziaren bidez, eta Gerentzia izango da langileak hautatu eta kontratuak egingo dituena. Kontratu horiek ikastaro osagarriaren aurrekontuaren kargura egingo dira.

III. KAPITULUA
FINANTZIAZIOA ETA GESTIO EKONOMIKOA

60. artikulua.– Finantziazioa.

Arautegi honen bidez araututako ikastaro osagarriak autofinantzatu egingo dira beti, eta proposamenetan orekatuta egon beharko dira diru sarrerak eta gastuak.

61. artikulua.– Gestio ekonomikoa.

Gestio ekonomikoak UPV/EHUn indarrean dagoen arautegi orokorra eta hurrengo artikuluetan zehazten dena bete beharko du.

62. artikulua.– Gune organikoak irekitzea eta ixtea.

1.– Gestio ekonomikoa egiteko, ikastaro osagarri bakoitzak gune organiko bat izango du, arautegi orokorrari jarraituz, baina urte naturalaren barruan edizio bat baino gehiago egiten direnean, gune organiko bera erabiliko da bi edizioetarako.

2.– Berezko Ikasketen Atalak jakinaren gainean jarriko du Kontabilitate Zerbitzua ikastaroa onartzen denean, eta arduradun akademikoak egingo du gune organikoa irekitzeko eskaria.

3.– Gune organikoko lehenengo sinatzailea ikastaroaren arduradun akademikoa izango da, eta bigarrena organo proposatzaileak aukeratuko du, baina UPV/EHUko plantillakoa izan beharko da.

4.– Etengabeko prestakuntzako ikasketak edo ikasketa osagarriak berezko titulazioetako edo ikasketa ofizialetako moduluak edo irakasgaiak badira, gune organikoa berezko titulukoa edo master ofizialekoa izango da.

5.– Ikastaro osagarriaren edizioa amaitu ondorengo urtean gune organikoa zabalik mantenduko da edizio horretako gastuak likidatzeko edo hura 65. artikuluan ezarritakoaren arabera erabiltzeko. Edonola ere, aldi hori igarotakoan, gune organikoa itxi egingo da eta bertan geratzen den zenbatekoa unibertsitatearen kontu orokorrean sartuko da.

63. artikulua.– Matrikulen diru sarrerak.

Matrikularen diru sarrerak campusak horretarako sortutako kontuan egingo dira, eta jarduera honek eragindako gastuak finantzatzeko erabiliko dira zuzenean, betiere, aurrekontuari jarraituz.

64. artikulua.– Diru laguntzen sarrerak.

Diru laguntzarik jasoz gero ikastarorako, diru laguntza hori eskatu, gestionatu eta justifikatzearen ardura ikastaroa proposatu duen organoak eta arduradun akademikoak izango dute.

65. artikulua.– Superabita.

Superabitik egonez gero, hurrengo edizioan erabili ahal izango da baldin eta defizita sortzen bada matrikulen diru sarrerak gutxiago direlako aurkeztutako aurrekontuan jasotakoak baino.

66. artikulua.– Prezio publikoak.

Ikasketa hauen prezio publikoak eta ziurtagiriak egiteko tasak Gizarte Kontseiluak zehaztuko ditu, batzorde eskudunaren proposamena ikusita.

67. artikulua.– Gastuen gestioa.

Ikastaro osagarriak emateagatik sortutako gastu guztiak matrikulen diru sarrerarekin, diru laguntzekin eta, hala badagokio, aurreko edizioko superabitarekin ordainduko dira. Gastuen gestioa unibertsitatearen aurrekontuei buruzko arau orokorretara lotuko da, kontuan hartuta honako hauek:

Ikasketa osagarrietan % 12ko atxikipena egingo zaie diru sarrerei. Kopuru horren % 10a unibertsitatearen gastu orokorretarako izango da eta gainerako % 2a Berezko Ikasketen Atalari esleituko zaio. Esperientzia Gelen kasuan atxikipena % 10ekoa izango da.

Ikastaroaren irakaskuntzan eta gestioan lanean ari diren UPV/EHUko irakasleei eta AZPko langileei nominaren bidez egingo zaizkie ordainketak, horretarako arautegi espezifikoari jarraituz.

UPV/EHUkoak ez diren irakasleei ordaintzean, indarrean dagoen PFEZaren atxikipena egingo zaie.

Unibertsitateko ikasketa osagarrien finantziazio espezifikoaren bidez eskuratutako material inbentariagarria UPV/EHUren ondarera pasatuko da.

Master ofizialetako moduluak diren ikastaro osagarrietan, diru sarrerak erabili ahal izango dira masterraren gastuei aurre egiteko, masterrak kudeatzeko arautegiari jarraituz.

IV. KAPITULUA
HITZARMENAK

68. artikulua.– Hitzarmen motak.

Arautegi honetan aipatutako hitzarmenez gain, ikasleen praktiketarako, finantzaziorako, lokalak erabiltzeko eta egoki den beste edozein helburutarako hitzarmenak sinatu ahal izango dira.

69. artikulua.– Hitzarmenak onartzea.

1.– Horretarako finkatzen diren hitzarmen ereduekin bat datozen hitzarmenak zuzenean izenpetuko ditu ikasketen arduradun akademikoak, eta jakinaren gainean jarriko du batzorde eskuduna hitzarmena indarrean sartu aurretik.

2.– Hitzarmenak ez datozenean bat finkatutako ereduekin, batzorde eskudunak onartu beharko ditu eta kasuan kasuko errektoreordeak izenpetuko; aipatutako batzordeak baimena emanez gero, ikasketen arduradun akademikoak izenpetu ahalko ditu.

3.– Hitzarmena ikastaro osagarria emateko proposamenarekin batera tramitatu bada, batzorde eskudunari helaraziko zaio aztertu eta onar dezan, eta kasuan kasuko errektoreordeak izenpetuko du.

V. KAPITULUA
IZENA EMATEA ETA MATRIKULA

70. artikulua.– Izena ematea eta matrikula.

Ikastaro osagarria proposatu duen egiturak kudeatuko du bertan izena emateko prozesua eta matrikula.

71. artikulua.– Matrikulagatik ordaindu beharrekoa eta ordaintzeko era.

1.– Prezio publikoak osorik ordainduko dira, organo eskudunak preziook ez ordaintzeko edo murrizteko baldintzaren bat ezarri ezean.

2.– Matrikula epeka ordaintzeko eskaria egin ahal izango dio ikasketak proposatzen dituen organoak batzorde eskudunari.

72. artikulua.– Matrikula onartzea eta baliogabetzea.

1.– Ikastaro osagarriak proposatu dituen organoak eta arduradun akademikoak onartuko dituzte ikasleak.

2.– Prezio publikoak ordaindu ez badira zehaztutako epeetan, matrikula baliogabetu egingo da. Era berean, baliogabetu egingo da matrikula ikasleak eskaria eginez gero, eta horrelakoetan itzuli egingo zaio ordaindutako zenbatekoa, baldin eta eskaria eskolak hasi aurretik egin badu.

73. artikulua.– Aseguruak.

UPV/EHUn matrikulatutako ikasle guztiek «matrikulako gastu finko» batzuk ordaintzen dituzte matrikulan. Haien barruan asegurua sartzen da. Kontzeptu hori behin baino ez da ordaintzen, nahiz eta UPV/EHUko titulazio batean baino gehiagotan matrikulatuta egon, berdin da titulazio ofizialak edo berezkoak edo are ikastaro osagarriak diren.

Beste ezertan matrikulatuta egon barik ikastaro osagarri batean matrikulatzen direnek ikasturte bakoitzean kasuan kasuko zerbitzuak aseguruagatik ezartzen duen prezioa ordaindu beharko dute.

VI. KAPITULUA
EBALUAZIOA

74. artikulua.– Ebaluazioa.

Ikasketa osagarrietan edo etengabeko prestakuntzako ikastaroetan, arduradunak ikasleen zerrenda bidaliko du, zehaztuta ikasle bakoitzari eman beharreko ziurtagiri mota (bertaratze ziurtagiria edo onuraz parte hartu izanaren ziurtagiria, bigarren hau ebaluazioa gainditu dutenentzat, baldin eta ikastaroan ebaluazio motaren bat zehaztuta egon bada). Zerrenda ikastaroaren arduradunak sinatuko du.

VII. KAPITULUA
ZIURTAGIRIAK

75. artikulua.– Bertaratze eta/edo onuraz parte hartzearen ziurtagiria.

Unibertsitateko ikasketa osagarrietako eskoletara eta mintegietara joanez gero, «bertaratze ziurtagiria» lortu ahal izango du ikasleak, edo ebaluaziorik gainditu behar izanez gero, «onuraz parte hartzearen ziurtagiria».

76. artikulua.– Ziurtagiriak ematea.

Aurreko artikuluan aipatutako bertaratze eta/edo onuraz parte hartzearen ziurtagiriak kasuan kasuko errektoreordetzak emango ditu, eta beste erakunderen batek ere parte hartu badu ikastaroak antolatzeko lanean, ziurtagiriok erakunde horrekin batera eman ahalko dira. Edozelan ere, ziurtagiriak Berezko Ikasketen Atalean erregistratuko dira.

Gizarte Kontseiluak ikasturte bakoitzerako onartzen dituen tarifak ordaindu beharko dira ziurtagiriak eskuratzeko.

VIII. KAPITULUA
AZKEN MEMORIA

77. artikulua.– Aurkezpena eta edukia.

1.– Ikasturte bakoitzaren amaieran, arduradun akademikoak azken memoria aurkeztu beharko du, txosten ekonomikoarekin batera, gehienez ere hilabeteko epean. Azken memoria aurkeztea ezinbesteko baldintza izango da berriro ere ikasketak antolatu ahal izateko.

2.– Txosten ekonomikoan erakutsi beharko da aurrekontua bete egin dela eta aurrekontuaren egoera ekonomikoa aurkeztuko da. Honako hauek zehaztu beharko dira:

– Hasierako aurrekontuarekiko aldea.

– Aurrekontuaren behin betiko kitapena.

– Ondasunen inbentarioa.

– Baliabide ekonomikoen gestioari buruzko txosten zehatza.

3.– Datu akademikoen arloan honako hauek zehaztuko dira: ikasketen egutegia, aurreikusitakoak zein heinetan bete diren, ikasle kopurua (sexuaren arabera banatuta), inkesten emaitzak, egindako ebaluazio mota, eta bertaratze ziurtagiriak emateko zehaztutako baldintzak (horrelako ziurtagiririk eman bada).

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

UPV/EHUko batzorde eskudunari ahalmena ematen zaio arautegi hau garatuko duten arau osagarriak emateko.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ahalmena ematen zaio hala dagokion errektoreordeari batzorde eskudunaren txostena oinarri hartuta arautegi honetan zehaztutako hitzarmenetarako ereduak onartzeko.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ikasturterako eskainitako tutuluetan arautegi honetako izendegia erabili ahal izango da, bai eta aurreko arautegien aldean jasotako hobekuntzak ere, betiere, aldez aurretik batzorde eskudunaren baimena lortuta.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira arautegi honekin bat ez datozen zirkular, xedapen eta erabaki guztiak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Arautegi honetan eta bera garatzen dutenetan zehaztuta ez dagoen guztirako indarrean dagoen legeriari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Arautegi hau indarrean sartuko da EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean.


Azterketa dokumentala