Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

136. zk., 2018ko uztailaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
3666

AGINDUA, 2018ko ekainaren 25ekoa, Osasuneko sailburuarena, Lehen Mailako Arretako Euskadiko Aholku Batzordea eratzen duena.

Agindu honen xedea da Lehen Mailako Arretako Euskadiko Aholku Batzordea sortzea eta haren egitekoak arautzea; horrekin batera, funtsezko tresna bat ezarri nahi da Osasun Sailari aholkularitza emango diona antolamendu-eredu bat eratu dezan, non asistentziaren jarraipena hobetuko baita lehen mailako arreta eta arreta espezializatua integratuta.

Aholkularitza horrek lagunduko dio Osasun Sailari interbentzio sanitarioko programak taxutzen; izan ere, ospitale-esparruko jarduketak lehen mailako arretako jarduketekin integratuko dira, barnean hartuta informazio- eta ebaluazio-sistemak eta lan-esparruko profesionalek dituzten etengabeko prestakuntza-beharrak.

Lehen Mailako Arretako Aholku Batzordearen osaeran profesional hauek sartzen dira: Osasun Sailekoak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzukoak, elkarte eta erakunde profesionaletakoak eta lehen mailako arretaren esparruko elkarte zientifikoetakoak.

Arau honen araubide-esparrua Osasun Saileko Aholku Batzordeen araubideari buruzko maiatzaren 24ko 121/2005 Dekretuan ezarritakoa da. Araua onartzeko, bestalde, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan zerbitzu integratuen erakundeak txertatzeko egindako bideari jarraitu zaio; izan ere, erakundeok osatzeko, funtsean, erakunde bakar batean bildu dira kokapen geografiko jakin bateko lehen mailako zentroak eta haien erreferentziazko ospitalea.

Horiek horrela izanik, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluak erakunde honi administrazio-xedapen orokorrak emateko esleitzen dizkioten eskumenez baliatuz, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta atxikipena.

1.– Lehen Mailako Arretako Euskadiko Aholku Batzordea sortzea, organo aholku-emaile gisa, Osasun Sailari aholku teknikoak emateko antolamendu-ereduaren eraketan sartzen dena, non lehen mailako arretaren eta arreta espezializatuaren integrazioak aukera emango baitu asistentziaren jarraipena hobetzeko, hala xedatuta baitago Osasun Saileko Aholku Batzordeen araubideari buruzko maiatzaren 24ko 121/2005 Dekretuan.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Osasun Sailari atxikita egongo da Lehen Mailako Arretako Euskadiko Aholku Batzordea, baina ez du sailaren egitura hierarkikoan parte hartuko.

2. artikulua.– Egitekoak.

1.– Lehen Mailako Arretako Euskadiko Aholku Batzordearen egiteko nagusia izango da Osasun Sailari interbentzio sanitarioko programak eratzeko aholkuak ematea; horretarako, ospitale-esparruko jarduketak lehen mailako arretako jarduketekin integratuko ditu, eraketa horren barnean hartuz informazio- eta ebaluazio-sistemak eta lan-esparruko profesionalek dituzten etengabeko prestakuntza-beharrak.

2.– Osasun Saileko Aholku Batzordeen araubideari buruzko maiatzaren 24ko 121/2005 Dekretuaren 2. artikuluan aipatutako egitekoez gainera, honako hauek izango dira, halaber, Lehen Mailako Arretako Euskadiko Aholku Batzordearen egitekoak:

a) Informazioa eta aholkuak ematea prebentzioari, diagnostiko goiztiarrari eta osasun-zerbitzuetarako irisgarritasuna eta zerbitzu horien unibertsaltasuna hobetzeko neurriei buruz.

b) Informazioa eta aholkuak ematea arreta-maila desberdinetako antolakuntzaren gainean, asistentziaren jarraipena hobetzeko (lehen mailako arreta, arreta espezializatua eta larrialdiak) eta baliabideak zentzuz erabiltzeko erakunde sanitario integratuen esparruan.

c) Informazioa ematea lehen mailako arretako profesionalak aukeratzeko eskubidea erabiltzeko dauden protokoloen eta jarduketa-prozeduren gainean.

d) Informazioa eta aholkuak ematea informazio-sistemen, prestakuntzaren eta zerbitzuen ebaluazioaren gainean.

e) Argibideak eta aholkuak ematea prozesu asistentzialen kalitatea monitorizatzeko behar diren adierazleak definitzeko, eta emaitza klinikoen neurketa erraztea, osasunari dagokionez.

f) Proposatzea eta, hala badagokio, Osasun Sailarekin lankidetzan aritzea interbentzio sanitarioko programak prestatzen, xede operatibo eta estrategikoak definituz 2013-2020 Osasun Planaren arabera.

g) Informazioa eta aholkuak ematea osasun-arazoen egoerari eta gaixotasunen prebentziora, arretara eta errehabilitaziora zuzendutako interbentzio sanitarioen eraginkortasunari buruz egiten diren ebaluazioen emaitzen gainean.

h) Hasita edo hastear dauden ekintzak aztertzea, aintzat hartuta osasun-premien bilakaera eta interbentzio sanitarioen eraginkortasuna. Hori guztia Osasun Saileko zuzendaritza-organoek onartu beharko dute gero.

i) Argibideak eta aholkuak ematea egiten ari diren edo gerora egingo diren ikerketa-lerroei buruz, eta jarduera-arlo horretan indarra hartzen ari diren teknologien berri ematea.

3. artikulua.– Osaera.

Batzordeburu batek, idazkari batek eta 18 bokalek osatuko dute Lehen Mailako Arretako Euskadiko Aholku Batzordea. Osasuneko sailburuak izendatuko ditu guztiak.

4. artikulua.– Izendapenak.

1.– Honako banaketa honen arabera izendatuko dira bokalak:

a) Bokal bat Familia eta Komunitateko Medikuen Euskal Elkartearen proposamenez (Osatzen).

b) Bokal bat Lehen Mailako Arretarako Medikuen Espainiako Elkartearen proposamenez (Semergen).

c) Bokal bat Geriatria Medikuntzako Espainiako Elkartearen proposamenez (Semeg).

d) Bokal bat Euskadiko Familiako eta Komunitateko Erizaintzaren Zientzia Elkartearen proposamenez (EFEKEZE).

e) Bokal bat Lehen Mailako Arretako EAEko Pediatria Elkartearen proposamenez.

f) Bokal bat Euskadiko Emaginen Elkartearen proposamenez.

g) Bokal bat Euskal Herriko Pediatria Elkartearen proposamenez.

h) Zazpi bokal Osasun Sailaren proposamenez. Seik Osakidetzaren osasun-zerbitzuen esparru hauetan bete beharko dituzte euren egitekoak:

1) Lehen mailako Arretako Unitateburutza.

2) Administrazioa.

3) Integrazio Asistentzialeko Zuzendaritza.

4) Erizaintzako Zuzendaritza.

5) Pediatria espezializazioko erizaintza.

6) Lehen mailako arretako farmazia.

i) Bi bokal Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzak proposatuta.

j) Udalerriak ordezkatzeko, bokal bat, Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) proposatuta.

k) Bokal bat Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak proposatuta.

2.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea betez, ahalegina egingo da, batetik, genero-gaietan aditua den pertsona batek parte har dezan, eta, bestetik, batzordearen osaera parekidea izan dadin.

3.– Batzordean ordezkariren bat duen erakunde edo organo bakoitzak ordezko pertsona bat proposatu ahal izango du titular bakoitzeko, tokia hutsik dagoenean, titularra ez dagoenean edo gaixo dagoenean haren tokia har dezan.

5. artikulua.– Araubide juridikoa.

Lehen Mailako Arretako Aholku Batzordea bere barneko araudiaren arabera gobernatuko da, ezertan eragotzi gabe aplikatzea oinarrizko izaeraz xedatutakoa 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren II. kapituluko hirugarren atalean (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena).

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 25a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.


Azterketa dokumentala