Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

117. zk., 2018ko ekainaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3155

AGINDUA 2018ko ekainaren 8koa Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez iragarri eta arautzen baita etxebizitza eta eraikinen birgaikuntza efizientearen arloko diru-laguntzen programa (Renove programaren) 2018rako, Euskal Autonomia Erkidegoko ondare eraikian esku hartzeko proiektuak egiteko eta horien ondoriozko obrak gauzatzeko.

Abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak (ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduera babestuei buruzkoa) ondare hori birgaitzeko jardueren araubide juridikoa arautzen du, etxebizitzaren sektorea sustatu eta bultzatzeko.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/27 (EB) Zuzentarauak (energia-efizientziari buruzkoa), 4. artikuluan, epe luzeko estrategia bat garatzeko betebeharra ezartzen die estatu kideei, bizitegi-eraikinen berrikuntza sakona eta errentagarriak mobilizatzeko eta, hala, higiezinen parkearen energia-errendimendua hobetu eta energia-kontsumoa murrizteko.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legea onartu zen eta haren 2. artikuluan jaso zen zer printzipiok gidatu behar duten Euskadiko etxebizitza-politika: besteak beste, bai etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki berriak eraikitzean, bai birgaitze nahiz eraberritze jarduketak egitean, esku hartze guztien xedea izan dadila bizigarritasun, funtzionaltasun eta segurtasuneko baldintzak hobetzea, bereziki erreparatuz baliabide naturalen erabilera eraginkorrari eta jasangarritasunari, gizartearen, finantzaketaren nahiz ingurumenaren aldetik, diseinu unibertsalaren printzipioak ere kontuan harturik.

Ildo horretan, XI. Legegintzaldirako Gobernu Programak (2016-2020) barnean hartzen du eraikitako parkearen birgaikuntza sustatzeko konpromisoa (144. konpromisoa) etxebizitzari eta hiri-berroneratzeari buruzko multzoan. Alderdi horretan bi ekimen jaso dira: etxebizitzen birgaikuntza sustatzeko 2017-2020 aldiko programa egin eta garatzea, eraikinen mantentze-lan eta kontserbazio egokia barnean biltzeko eta Europar Batasunaren Horizon 2020 programaren ondorioz energia-efizientziari eta irisgarritasunari buruz ezarritako betekizunekin lotzeko premisa abiaburuan, eta eraikinen ikuskapen teknikoak egin daitezela sustatzea, araudia garatuz eta ekintza pizgarriak ezarriz.

Diru-laguntzen deialdi honen bidez helburu horiek lortzeko ekarpena egiten da, birgaitzeko eta hiri-berroneratzeko eta zaharberritzeko jarduketak finantzatuz eta eraikinen ziurtagiri energetikoen eta eraikinen ikuskapen teknikoen bidez. Kontuan izanik ekonomia suspertzera eta higiezinen eta eraikuntzaren sektorea birmoldatzera bideratu behar direla politikak, egokitzat jo da diru-laguntzen berariazko programa bat garatzea, energia-efizientzia hobetzeko eta energia berriztagarriak erabiltzeko neurriak sustatu eta, hala, ingurumenaren, gizartearen nahiz ekonomiaren arloan eredu jasangarri eta integratzailea bermatzeko.

Horren guztiaren alde egiteko eman da diru-laguntzen agindu hau, jabeen erkidegoentzat, udalentzat, toki-erakunde txikientzat, etxebizitza-sozietate publikoentzat nahiz etxebizitzen sustatzaile publikoentzat, nagusiki etxebizitza gisa erabiltzen diren eraikinetan esku hartzeko proposamenak aurkez ditzaten. Eraikinak dagozkien modalitateetan sailkatuta egongo dira, 1980 baino lehen eraikitakoak izan behar dute, eta hirigintzaren eta egituraren aldetik horretarako egokitasuna izan behar dute.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Diru laguntzen Plan Estrategikoa bat dator Sailaren arloko dokumentu programatikoetan azaltzen diren konpromisoekin: funtsean, Ingurumen Esparru Programan; Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren aldeko 2017-2020 aldiko Esparru Programaren 6. ardatzean jasotako Renove birgaitze-programetan; Etxebizitzaren 2018-2020 aldiko Gida Planean; eta XI. Legegintzaldirako (2016-2020) Euskadi 2020 Gobernu Programan. Hau da, Sailaren jarduera-esparruarekin zerikusia duten konpromisoekin.

Diru-laguntzen araubide hau Diru Laguntzen plan estrategikoaren barruan dago jasota (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko martxoaren 14ko Agindu bidez onartu zen), Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 8.1 artikuluak xedatzen duen bezala, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera.

Bestalde, laguntzen araubidea bateragarria da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin; beraz, ez dira Europako Erkidegoko zuzenbidearekin bateratu ezineko estatuaren diru-laguntzen artean.

Programa honetan energia-efizientziari dagokionez ematen diren laguntzen zati bat Europar Batasunak finantzatuko du Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) bidez, Euskadiko 2014-2020 aldirako EGEF Programa Eragilearen esparruan eta, zehazkiago, sektore guztietan karbono gutxiko ekonomiarako aldaketa errazteko helburu tematikoaren alorrean.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020 aldirako Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) Programa Eragileak inbertsio-lehentasun hau jasotzen du karbono gutxiko ekonomiarako aldaketa errazteko 4. lehentasun-ardatzean: c) jabeen erkidegoek edo erkidegoen elkarteek edo, dagokionean, etxebizitzen kooperatibek energia-efizientzia hobetzeko egindako jarduerak.

Horrela, programa honetan energia-efizientziari dagokionez ematen diren laguntzen % 50 Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du, eta beste % 50a Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF).

Abenduaren 22ko 5/2017 Legean (Euskadiko Autonomia Erkidegoaren 2018. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena) nahikoa kreditu dago Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromiso horiek gauzatzeko. Beraz, programa honen bidez deialdi berria planteatu da.

Abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren (ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduera babestuei buruzkoa) lehenengo xedapen gehigarriak ahalmena ematen dio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari agindu bidez berariazko birgaitze-programak ezartzeko, birgaitze-jarduketa jakin batzuen ezaugarri berezien edota aparteko eta ezusteko gorabeheren ondorioz gomendagarria denean.

Ondorioz, lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa) ematen didaten eskumena baliatuta, bat etorrita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzeko dena) eta Diru-laguntzen Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) xedatutakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da etxebizitza eta eraikinen birgaitze eraginkorraren arloko laguntzen programaren (Renove programa) 2018rako laguntzen deialdia egin eta arauak ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko ondare eraikian esku hartzeko proiektuak egin eta haien ondoriozko obrak gauzatzeko.

2.– Esku hartzeko proiektu horietan proposatutako jarduketak nagusiki etxebizitza gisa erabiltzen diren eraikinetan edo familia anitzeko eraikin multzoetan esku hartzeko izango dira.

Ildo horretan, eraikinen erabilera nagusia etxebizitza dela ulertuko da, baldin eta gutxienez guztizko azalera erabilgarriaren bi heren erabiltzen badira etxebizitzarako, behe-solairuko azalera zenbatu gabe. Eraikinek erabilera nagusiaren baldintza betetzen dutenean, solairu osoak erabiltzen badira bestelako erabilera batzuetarako, etxebizitzei dagokien esku-hartzea lagunduko da diruz.

Deialdi honetan, etxadiak edo etxebizitza-blokeak eratu arte multzokatuta dauden familia anitzeko eraikin eta eraikin multzoei buruzko proiektuak besterik ez dira sartuko, 1. irudian jasotako eskemaren arabera, edo etxebizitza-blokeen alde bat eratu arte multzokatuta daudenak, etxadiaren albo bat barne hartzeko moduan, 2. irudian jasotako eskemaren arabera.

Bestalde, 1. irudian jasotako kasuak diruz lagundu ahal izango dira, esku-hartzea gutxienez sei etxebizitzako bizitegi multzo batean egiten bada soilik. Aldiz, 2. irudian jasotako kasuak diruz lagundu ahal izango dira, esku-hartzea gutxienez hamabi etxebizitzako bizitegi multzo batean egiten bada soilik.

(Ikus .PDF)

Aurreko baldintzetako batean sartu ezin diren eraikinak edo eraikin multzoak ezingo dira diruz lagundu.

3.– Diru-laguntzaren xede izateko, familia anitzeko eraikinek 1980 baino lehen eraikitakoak izan beharko dute, eta hirigintza eta egituraren aldetik egokiak izan beharko dute, abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak (ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoa) ezarritako baldintzetan.

Eraikinean jadanik osorik birgaitzeko esku-hartze bat egin bada, haren adina kalkulatzeko hau izango da eraikuntza osoaren amaitze-data: osorik birgaitu ondoko lehen okupaziorako lizentziari dagokiona, edo, lizentzia hori eduki ezean, obren amaierako ziurtagiriarena.

4.– Laguntza-programari heltzeko, lehendik ere bazeuden eraikinen irisgarritasuneko, bizigarritasuneko eta energia-efizientziako baldintzak hobetzea izan behar da ondare eraikian esku hartzeko proiektuen helburua. Horretarako, jarraian zehaztutako jarduketak bildu behar dituzte esku hartzeko proposamenek:

a) Energia-efizientzia hobetzea: esku-hartzeak barnean hartu behar ditu beharrezko jarduketa pasibo eta aktiboak, eraberritu ostean gutxienez C kalifikazio energetikoa izan dezan eraikinaren energia-efizientziaren ziurtapenak, bai CO2 emisioetan bai lehen mailako energia ez-berriztagarriaren kontsumoan.

Fatxadaren birgaitze energetikoa egiten bada, nahitaez justifikatu beharko dira alderdi hauek:

– Barruko airearen kalitatea okerragotzen ez dela, eta esku-hartzearen aurretik zegoen aireberritze/orduko maila berbera edo handiagoa ziurtatzen dela, edo gutxienez, lokal bizigarrietan aireberritzeko ezarrita dagoen gutxieneko emaria betetzen dela ziurtatzeko adina dagoela, HO 3 oinarrizko dokumentuaren arabera. Fatxadaren birgaitze energetikoaren osagai diren aireztatze-mekanismoak txertatuz justifika daiteke alderdi hori, eta hala bada jarduketak diruz lagundu daitezkeela ulertuko da.

– Fatxadarako proposatutako soluzioak barne hartzen du EI-60 sektorizazio horizontala solairu bakoitzaren forjatuan, suterik bada fatxadaren bidez bertikalki heda ez dadin.

Proiektuan jaso beharko da, halaber, barruko erosotasun termikoa eta berogailuaren energia-kontsumoa monitorizatzeko sistema bat, birgaitutako eraikinen edo blokeen lagin adierazgarri batean. Monitorizatzeko instalazioak eta monitorizatuko diren etxebizitzen kopuruak agindu honen I. eranskinean zehaztutako ezaugarriak bete beharko dituzte.

b) Eraikinen irisgarritasuna hobetzea: esku-hartzeak bermatu egin behar du etxebizitza guztiak irisgarriak direla bide publikotik, eta ez dagoela koskadun mailak saihestu beharrik.

c) Suteen aurkako segurtasun baldintzak hobetzea: esku-hartzean, suteak detektatzeko, alarma emateko eta itzaltzeko ekipamenduez eta instalazio orokorrez hornitu behar da eraikina edo eraikinen multzoa. Halaber, larrialdiko argiak jarri behar dira, ebakuatzean argiztapena dagoela eta irteera eta babesteko ekipamendu eta bitartekoak non dauden adierazteko seinaleak ikus daitezkeela bermatzeko.

d) Bizigarritasun-baldintzak hobetzea: etxebizitzaren batek ez baditu betetzen abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak (ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoa) IV. eranskinean ezarritako gutxieneko baldintzak, gutxieneko baldintza horiek betetzeko egin behar diren lanak jaso beharko ditu birgaitzeko proposamenak.

Orain arte deskribatutako eremuetan ez baldin bada esku-hartzerik egin behar, betekizunak bermatuta daudelako, ez da atal horretako jarduerarik egin beharko, baina aurkeztutako dokumentazioan justifikatu egin beharko da.

5.– Aurreko atalean aipatutako jarduketek interes kulturaleko adierazpena duten edo beste edozein babes-araubidetan sartuta dauden higiezinak ukituko badituzte, aldeko txostena edo, hala badagokio, baimena eman beharko du dagokion babes-araubidea kudeatzeko eskumena duen organoak, bere araudiaren arabera.

6.– Esku hartzeko proposamen hauek ezingo dira lagundu diruz:

– Jendez hustutako eraikinak, aurri-deklarazioa dutenak edota aurri deklaratzeko espediente administratibo baten daudenak. Eraikina jendez hustuta dagoela ulertuko da, baldin eta etxebizitzen % 50ean okupaziorik ez badago, etxebizitza bakoitzaren errolda-ziurtagiri kolektiboan jasotakoaren arabera.

– Jadanik hasitako obrei dagozkienak edo eskabidea aurkezteko unean lizentzia emanda dutenak.

– Eraikinaren egitura birgaitzeko direnak edo eraikinak etxebizitza kopurua handitzeko erabat birgaitzeko direnak.

7.– Ezingo dira diruz lagundu eraikinetan esku hartzeko proposamenak, baldin eta, eraikinaren ikuskapen teknikoaren irizpenak 1., 2. edo 3. mailako lanak jaso, eta diru-laguntzaren eskaerak dokumentu hauetakoren bat falta badu:

– 1., 2. eta 3. mailako lanak gauzatzea barne hartzen duen esku-hartzeko proposamena.

– Erkidegoaren akordioa, zeinean konpromisoa hartzen baitu obra horiek agindu honetako 13. artikuluan jasotako epea baino lehen egiteko.

– Eraikinaren ikuskapen teknikoa zuzendu izanaren ziurtagiria, dagokion udalean aurkeztu izana egiaztatzen duen zigilua duela.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Diruz lagundu daitezkeen jarduerak izango dira kontzeptu eta jarduketa hauekin bat etorriz egiten direnak:

a) Txostenak, ziurtagiriak eta proiektuak idaztea eta lanak zuzentzea.

Diruz laguntzen diren jarduketak gauzatzeko ezinbestekoak direnean soilik izango dira diruz lagungarriak dokumentuak idazteagatiko eta lanak zuzentzeagatiko ordainsariak.

Diru-laguntza emateko ebazpenaren ondoren egin, fakturatu eta ordaindu diren lanak gauzatzeagatiko ordainsariak soilik izango dira diruz lagungarriak.

Esku-hartzean agindu honen arabera diruz lagundu ezin diren jarduketak ere egingo badira, diruz lagundu daitezkeen jarduketak obraren guztizkoari dagokionez hartzen duten proportzioan soilik eman ahal izango da obra idatzi eta zuzentzearen ondoriozko ordainsari teknikoetarako diru-laguntza.

b) Jarraian jaso diren jarduketei buruzko obrak gauzatzea:

1) Energia-efizientziako ziurtagiria hobetzea:

– Jarduketa pasiboak: diruz lagungarriak izango dira eraikinen inguratzailean egiten diren erabateko jarduketa pasiboak, berokuntzarako urteko energia-eskaria gutxienez % 30 murrizten badute, eraberritu aurreko gastuarekin alderatuz gero. Energia-efizientziako gutxieneko eskakizunak memoria teknikoan justifikatuko dira, Eraikingintzaren Kode Teknikoko «Energia aurreztea» oinarrizko dokumentuaren arabera.

– Jarduketa aktiboak: diruz lagundu ahal izango dira eraikineko lehen mailako energia ez-berriztagarriaren kontsumoa, eraberritu aurreko kontsumoarekin alderatuz gero, orotara % 30 murriztea lortzen duten jarduketa aktiboak. Besteak beste:

– Energia-efizientzia handiko ekipoak dituzten instalazio zentralizatuak.

– Energia-efizientzia handiko banakako instalazioak. Bazter uzten da galdara indibidualak ordeztea edo instalatzea (halakorik ez bada) eraikinean kalifikatzen diren etxebizitzen % 80tik beherako portzentajean, horien potentzia termikoen batura 100 kW-tik beherakoa bada.

– Eguzki-kolektoreak eta energia berriztagarriko beste iturri batzuk jartzea.

Instalazio termikoak bete behar dituen energia-efizientziako gutxieneko baldintzak memoria teknikoan justifikatuko dira, Eraikingintzaren Kode Teknikoko «Energia aurreztea» oinarrizko dokumentuan eta Eraikinetako Instalazio Termikoei buruzko Erregelamenduan (RITE) xedatutakoaren arabera.

– Energia-monitorizazioa.

2) Irisgarritasuna hobetzea:

– Igogailuak instalatzea, kanpoaldean nahiz eraikinen barrualdean, aurrez halakorik ez bazuten eta, beharrezkoa bada, eskaileran ere moldaketak egitea.

– Igogailuak egokitzea jadanik igogailua duten eraikinetan.

– Zero kotara arteko irisgarritasuna konpontzea xede duten jarduketak, aurreko bietan sartu ezin direnak.

– Irisgarritasuna konpontzeko eta bide publikotik eraikinera arteko ibilbidea irisgarria dela bermatzeko jarduketak, ezkaratzaren gertuko urbanizazio pribatuko guneetan egiteko direnak (jarduketak arkupeetan edo etxe aurreko lorategietan), ez baldin badago beste ibilbide irisgarririk aukeran.

3) Suteen aurkako segurtasuna hobetzea:

– Detekzio- eta alarma-sistemak instalatzea.

– Ebakuatzeko sistemak instalatzea: larrialdiko argiteria.

– Sua itzaltzeko sistemak instalatzea: itzalgailuak eta tutu lehorra.

3. artikulua.– Diru-laguntzen onuradunak.

1.– Laguntza hauen onuradun izango dira esku hartzeko planteatu diren proposamenen eremuko jabeen erkidegoak, diru-laguntzen xede diren jarduerak egiten badituzte.

Horrez gain, laguntzen onuradun izan daitezke udalak, toki-erakunde txikiak, etxebizitza-sozietate publikoak eta etxebizitzen sustatzaile publikoak, jarduketen eremuan sartzen diren eta babespeko errentamendurako erabiltzen diren eraikinen jabe badira, osorik nahiz hein batean.

2.– Laguntza-deialdi honetan ezingo dute parte hartu zigor- edo administrazio-bidetik zehatuak izan eta diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galarazita dutenek, ezta legezko debekuaren pean daudenez horretarako gaitasunik ez dutenek ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoari jarraikiz.

3.– Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

4.– Orobat, agindu honetan araututako laguntzak eta diru-laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, amaituta egon beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiek, eskaera egiten denean prozedura horiek oraindik izapidean badaude, behintzat.

5.– Eskatzaileek egunean eduki behar dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta automatikoki egiaztatuko da hala den, eskatzaileen baimena beharrik gabe, hala xedatzen baitu azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 50.3 artikuluan. Halaber, egunean eduki beharko dituzte diru-laguntzen itzulketaren ondoriozko betebeharrak. Emandako diru-laguntza likidatu arte eutsi beharko zaie eskakizun horiei.

Dena dela, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskaerak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eta 2018ko irailaren 7an amaituko da.

2.– Erakunde eskatzaileen izenean eta haien ordez jarduten dutenek aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legeak, erakundeari bereziki aplikatzekoa den araudiak eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoaren arabera. Ordezkaritza espediente administratiboan jaso beharko da, zuzenbidearen arabera baliokoa den eta ordezkaritza horren existentzia dudarik gabe frogatzen duen edozein bitartekoren bidez.

3.– Interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak. Eskabideak eta erantzukizunpeko adierazpenak izapidetzeko zehaztasunak, eta gainerako ereduak, egoitza elektroniko honetan eskuratu daitezke (url):

https://www.euskadi.eus/renove-plana-2018/y22-izapide/eu

Eskabidearen ondoko izapideak http://www.euskadi.eus helbidean egingo dira, «Egoitza Elektronikoa / Nire Kudeaketak» atalean.

4.– Erakunde eskatzaileek euskaraz zein gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, nahi bezala. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Legeak (euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa) 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

5.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du datuak dagokion babes-mailarekin tratatzeko, datu pertsonalak babesteari buruzko Lege Organikoan (abenduaren 13ko 15/1999 Legea) eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

5. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskaera egiten duen entitatearen ezaugarriak eta gauzatu nahi den ekintza kontuan harturik, eskabide guztiekin batera, ezinbestez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabidea aurkezten duen pertsonaren legezko ordezkaritza egiaztatzen duen tituluaren kopia.

b) Jabeen Batzarrak egindako akordioaren ziurtagiria, agindu honetako III.1 eranskinean jasotako ereduaren arabera. Bertan adieraziko da diruz lagundu nahi den esku-hartzeko proiektua onartu dela, Jabetza Horizontaleko Legean ezarritako gehiengoaren bidez, zein den obren irismena eta zer zenbateko onartu den horretarako. Diru-laguntza eskabideko esku-hartze proiektuan parte hartzen duten jabeen erkidegoek ziurtagiri bana aurkeztu beharko dute.

Ez da onartuko proposamenik, hura egiteko akordioa ez bada iristen indarrean den Jabetza Horizontalaren Legeak zehaztutako jabeen edo partaidetza-kuoten kopurura eta, horren ondorioz, jarduketa ez bada bideragarria.

c) Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 50. artikuluaren 6. paragrafoan aipatutako erantzukizunpeko deklarazioa. Puntu hauek hartuko ditu barnean:

1) Erakunde eskatzaileak jadanik eskatu eta lortu al duen xede bererako laguntzarik, diru-laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik, edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batetik. Orobat, berariaz adierazi behar da diru-laguntza programa horietan BEZa ere diruz lagundu daitekeen ere.

2) Erakunde eskatzailea dirua itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren batean dagoen edo halakoren baten xede izan den.

3) Erakunde eskatzailea zigor- edo administrazio-bidetik laguntza edo diru-laguntza publikorik ez jaso ahal izateko zigortu duten, edo diru-laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekuren bat duen.

4) Diru-laguntza eskatu duen pertsona edo erakundea sexu-diskriminazioagatiko zigor administratiborik edo penalik betetzen ari den, eta debeku hori ezarrita duen, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen arabera.

5) Erakunde eskatzaileak eskabide honen xede diren obrak abiarazi dituen edo horiek gauzatzeko udal-lizentzia eskatu duen.

d) Eraikina noizkoa den ziurtatzen duen dokumentua: obra berriaren adierazpena edo, hori ezean, katastro-ziurtagiria.

e) Erregistroko idatzohar soila edo etxebizitzen titulartasuna egiaztatzeko zuzenbidean baliozkoa den beste edozein bitarteko, eta errolda-ziurtagiri kolektiboa edo etxebizitza gaur egun okupatuta dagoela egiaztatzen duen beste dokumentu bat (errentamendu-kontratua eta hileko errenta ordaindu izanaren orain dela gutxiko ziurtagiria edo antzeko bat).

f) Eraikina dena delako araubide bereziaren mende dagoela egiaztatzeko beharrezko agiriak, hala badagokio.

g) Hala badagokio, babespeko errentamenduko kontratuen kopia.

h) Babes-araubidearen mende dauden eraikinak badira, proposatutako obrak gauzatzeko aldeko txostena edo baimena, organo eskudunak emandakoa, agindu honen 1. artikuluaren 5. apartatuari jarraikiz.

i) Esku hartzeko proposamenari buruzko udal-txostena, agindu honetako III.2 eranskinean jasotako ereduaren arabera.

j) Esku-hartzean sartzen diren eraikinen ikuskapen teknikoaren txostena, dagokion udalean aurkeztu izana egiaztatzen duen zigilua duela. Irizpenean 1., 2. edo 3. mailako obrak egitea eskatzen bada, dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:

– Eraikinaren ikuskaritza teknikoa zuzendu izanaren ziurtagiria, dagokion udalean aurkeztu izana egiaztatzen duen zigilua duela.

– Jabeen Batzarrak egindako akordioa, EITaren irizpenaren 1., 2. eta 3. mailako obrak agindu honen 13. artikuluan zehaztutako epemuga baino lehen gauzatzeko konpromisoa adierazten duena.

k) Esku-hartzeko proposatzen den eraikinaren energia-efizientziaren ziurtagiri erregistratua, bai eta proiektuari esker lortu nahi den energia-efizientziaren proposamena ere.

l) Esku-hartzeko proposamena, II. eranskinaren arabera idatzia; barnean hartu behar du monitorizazio-proposamena, agindu honen I. eranskinaren arabera egina.

m) Txostenak, ziurtagiriak eta proiektuak idazteagatiko ordainsari teknikoen aurrekontua, jabeen erkidego bakoitzerako banakatua.

2.– Agindu honen III. eranskinean jasotako inprimaki-ereduak eskuragai egongo dira, halaber, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

6. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.

1.– Laguntza kudeatzen duen organoak eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela edo harekin batera aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta dela ikusten badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango, akatsa zuzendu edo dokumentua aurkez dezan. Adieraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, ebazpen bidez. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoaren arabera eman beharko da.

2.– Erakunderen batek aurrez aurre aurkezten badu eskabidea, aurkezpen elektronikoaren bidez zuzen dezala eskatuko dio diru-laguntzaren kudeatzaileak. Horretarako, zuzenketa egin zeneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

3.– Halaber, eskabidea izapidetzea onartu ondoren, diru-laguntzaren kudeatzaileak interesekotzat jotako informazioa eskatu ahalko dio erakunde eskatzaileari, aurkeztutako proiektua egoki balioesteko, eta 10 eguneko epea emango dio horretarako. Orobat jakinaraziko dio informazioa eman ezean eskatutako informazioa kontuan hartu gabe aztertuko dela proiektua.

7. atala.– Diru-laguntzen kudeatzailea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen kudeaketa-lanak egitea eta aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

8. artikulua.– Esleipen-prozedura.

1.– Diru-laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, hurrenkera honen arabera:

a) Onartutako proposamenak antolatzean, lehenik eta behin, etxadiak edo etxebizitza-blokeak eratu arte multzokatutako familia anitzeko eraikin multzoei dagozkien jarduketak hartuko dira kontuan.

Aurrekontu-zuzkiduraren gainerako zenbatekoa etxebizitza-blokeen albo bat eratu arte multzokatuta dauden edo gutxienez etxadiaren alde bat barne hartzen duten familia anitzeko multzoetara bideratuko da.

Proposamena familia anitzeko eraikin multzo bati buruzkoa dela ulertuko da, jabeen erkidegoek egindako akordioaren ondorioz jarduketa egitera lotetsirik daudenean, legez, berau osatzen duten bloke guztiak. Ez bada horrela, blokeka aztertuko dira proposamenak.

b) Aurrez adierazitako talde bakoitzaren barruan, aurreikusten dituzten jarduketa diruz lagungarrien kopuruaren arabera ordenatuko dira proposamenak. Beraz, hurrenkera hurrengoa izango da:

– Energia-efizientziaren, irisgarritasunaren eta suteen aurkako segurtasunaren arloko jarduketak barne hartzen dituzten proiektuak.

– Bi jarduketa barne hartzen dituzten proiektuak.

– Azkenik, jarduketa bakarra proposatzen duten proiektuak.

c) Talde bakoitzaren barruan, honela lehenetsiko dira onartutako proposamenak:

– Lehenik eta behin, igogailurik ez duten blokeetan bat instalatzeko proposamena egiten dutenak, gainerakoen aldean.

– Bigarrenik, eraikinetan etxebizitza kopuru handienak ukituko dituzten jarduketei erreparatuko zaie; kopuru handieneko proposamenei emango zaie lehentasuna, eta horrela jarraituko da modu korrelatiboan eta beheranzko hurrenkeran.

– Loturaren eta etxebizitza kopuruen parametroetan berdinduta dauden proposamenak badaude, babespeko errentamenduko etxebizitza kopuru handienari eragiten dioten jarduketak hautatuko dira, eta horrela jarraituko da modu korrelatiboan eta beheranzko hurrenkeran.

2.– Diru-laguntzak multzoen hurrenkera kontuan harturik esleituko dira, lehiaketa bidez, eta haien barruan puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.

Talde bereko hainbat proposamenek puntuazio bera jasotzen badute, eta aurrekontu-kreditua guztietarako iristen ez bada, hainbanaketa egingo da.

3.– Proiektuei eman beharreko zenbatekoak esleitzeko, hautaketa-fasearen ondorioz ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituko zaio, eta agindu honen 10. artikuluak kasuan-kasuan ahalbidetzen duen gehieneko kopurua emango da, deialdiaren diru-hornidura agortu arte.

9. artikulua.– Aurreikusitako kreditua.

Agindu honetan zehaztutako ekintzetarako, sei milioi ehun eta hirurogeita hamabost mila (6.175.000,00) eurokoa izango da aurrekontuko zuzkidura, banakapen honen arabera:

(Ikus .PDF)

Zuzkidura aurrekontu-partida honetan dago jasota: 18.0.1.05.31.0000.4.753.01.43122.006/ L.

Energia-efizientziaren ziurtagiria hobetzeko esku-hartzeetarako diru-laguntzak, agindu honetan jasotakoak, Eskualde Garapeneko Europako Funtsarekin (EGEF) batera daude finantzatuta. Horregatik, atal horiei heltzen dioten esku-hartzeko proiektuek bete egin beharko dituzte Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduan (L347/320ES EBAO, 2013ko abenduaren 20koa) eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1301/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoak. EGEFen ekarpena Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako guztizko kopuruaren % 50era artekoa izango da.

10 artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Energia-efizientzia, irisgarritasuna eta suteen aurkako segurtasuna hobetzeko jarduketa diruz lagungarriei dagozkien laguntzen batura izango da diru-laguntzaren zenbatekoa.

Horretarako, jarduketa bakoitzaren kostu edo aurrekontuaren gehieneko ehuneko jakin bat aplikatuko zaio jarduketa bakoitzari, kontuan harturik laguntzaren gehieneko zenbatekoa, artikulu honen hurrengo ataletan jasotako baldintzetan.

2.– Atal hauetan jasotako gehieneko ehuneko eta mugak aldatu egingo dira kasu hauetan, jarraian aurreikusitakoaren arabera halaber:

– Energia-efizientzia hobetzeko jarduketak, eraikinaren inguratzailea birgaitzeko ikerketa proiektu baten barne, eta/edo instalazioei dagozkien jarduketa aktiboetarako.

– Birgaitze integratutako eremuetan edo bizitegi-eremu degradatuetan sartutako jarduketak.

– Babespeko errentamenduko etxebizitzak guztizko etxebizitza kopuruaren % 50 baino gehiago diren higiezinetako jarduketak.

– Interes kulturaleko adierazpena duten edo beste edozein babes-araubidetan dauden higiezinetako jarduketak. Laguntzaren ehunekoa aldatu egingo da higiezinak udal-ordenamenduan katalogatuta, inbentariatuta edo kalifikatuta dauden, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legean xedatutakoaren arabera. Zehaztutako ehunekoak babespeko elementuen gain egiten diren jarduketei besterik ez zaizkie aplikatuko (inguratzaile termikoari eta/edo irisgarritasunari buruzkoak). Higiezinak monumentu-multzo batekoak direlako badaude babespean, eta ez higiezin horiei soilik aitortutako balioak direla eta, katalogatutakoen parekotzat hartuko dira diru-laguntzaren kalkulua egiteko.

3.– Diru-laguntzaren zenbatekoak ezingo ditu inola ere gainditu muga hauek:

(Ikus .PDF)

4.– Txostenak, ziurtagiriak eta proiektuak idaztearekin eta obrak zuzentzearekin lotutako ordainsari teknikoei dagokienez, hauek dira gehieneko ehunekoak eta zenbatekoak:

(Ikus .PDF)

Laguntzaren gehieneko ehunekoa dokumentuak idatzi eta obrak zuzentzeagatiko ordainsari teknikoen kostu garbiari aplikatzen zaio; hau da, zergak kanpo utzita.

Gehieneko zenbatekoa ateratzeko, esku-hartzeko proiektuaren aplikazio-eremuan sartzen diren etxebizitza guztien kopuruarekin biderkatu behar da taulan adierazitako kantitatea.

5.– Agindu honen 2. artikuluaren arabera diruz lagundu daitezkeen obrak gauzatzeari dagokionez, ehuneko hauek aplikatu behar zaizkio laguntza jasotzen duen jarduketa bakoitzari:

(Ikus .PDF)

Laguntzaren gehieneko ehunekoa diruz lagundu daitezkeen jarduketen kontratazio-aurrekontuari aplikatzen zaio, zergak bazter utzi eta gero.

Jarduketek energia-efizientzia hobetzeko sistema berritzaileak badituzte, energia-efizientziarekin lotutako jarduketei (sistema pasiboak, aktiboak eta monitorizazioa) besterik ez zaie aplikatuko % 60a, eta % 50 aplikatuko zaie gainerakoei.

6.– Diruz lagundu daitezkeen obrak gauzatzeari dagokionez, gehieneko zenbateko hauek aplikatuko dira:

a) Energia-efizientzia hobetzea.

Gehieneko zenbateko bat zehaztu da jarduketa pasibo eta aktiboen multzorako (monitorizazioa kanpo) eta gehieneko zenbateko bereiziak jarduketa pasiboetarako, aktiboetarako eta monitorizaziorako:

(Ikus .PDF)

Jarduketa aktiboei dagokienez, gainera, ezingo dira gainditu muga hauek:

– Energia-efizientzia handiko ekipoak dituzten instalazio zentralizatuei, artikulu honetako 5. atalean zehaztutako gehieneko ehunekoak aplikatuko zaizkie (3. TAULA: gehieneko ehunekoa jarduketa-eremuaren arabera). Jarduketa aktiboei dagozkien zenbatekoen batura ezingo da izan aurreko taulan (5. TAULA) zehaztu diren zenbatekoak baino handiagoa.

– Banakako galdarak instalatu eta/edo ordeztuko badira eraikineko eta/edo ezkaratzeko etxebizitza guztien % 80an edo gehiagoan, sorgailu berrien potentzia termikoen batura (?Pi) eta taulan jasotako kantitateak biderkatuz lortutako zenbatekoa emango da gehienez ere:

(Ikus .PDF)

– Eguzki-instalazioak jartzeko, taulan adierazitako zenbatekoak bider eguzki-instalazio termikoaren potentzia (P1) eginez lortutako zenbatekoa emango da gehienez ere. Potentzia termikoa kalkulatzeko, instalatutako eguzki-kolektoreen azalera bider 0,7 kW/m˛ egingo da.

(Ikus .PDF)

– Etxeko ur berorako edo berokuntzarako energia geotermikoa erabiltzen duten instalazioetarako, taulan adierazitako kantitateak bider sorgailuaren (Kw) potentzia termikoa (P2) eginez kalkulatuko da emango den gehieneko zenbatekoa.

(Ikus .PDF)

– Beste energia berriztagarri batzuk instalatzeko, artikulu honetako 5. atalean ezarritako gehieneko ehunekoak aplikatuko dira (3. TAULA: gehieneko ehunekoa jarduketa-eremuaren arabera). Jarduketa aktiboei dagozkien zenbatekoen batura ezingo da izan aurreko taulan (8. TAULA) zehaztu diren zenbatekoak baino handiagoa.

b) Irisgarritasuna hobetzeko:

Gehieneko zenbateko jakin bat ezartzen da irisgarritasuna hobetzeko jarduketa multzo osorako, eta gehieneko zenbateko bereiziak egin daitezkeen jarduketetarako (igogailuaren instalazioa, kabinaren egokitzapena, zero kotaren irisgarritasuna...).

(Ikus .PDF)

– Jarduketek barne hartzen badute igogailua instalatzea (baita, hala badagokio, eskailerak egokitzea ere) aurrez halakorik ez zuten eraikinetan, gehienez ere zenbateko hauek emango dira igogailu bakoitzeko:

(Ikus .PDF)

– Jarduketek barne hartzen badute aurrez ere bazeuden igogailuen egokitzapena, gehienez ere zenbateko hauek emango dira igogailu bakoitzeko:

(Ikus .PDF)

– Zero kotara arteko irisgarritasuna konpontzea barne hartzen duten jarduketetarako, aurrez adierazitakoez bestelakoak badira, eta, urbanizazio pribatuko eremuetan bide publikotik eraikinera arteko irisgarritasuna konpontzeko helburua duten jarduketetarako, diruz lagungarriak badira agindu honen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, gehienez ere zenbateko hauek emango dira ezkaratz bakoitzeko:

(Ikus .PDF)

c) Suteen aurkako segurtasunerako, zenbateko hauek emango dira:

– Detekzio- eta alarma-sistemak instalatzeko, taulan adierazitako kantitateak etxebizitza kopuruarekin biderkatuz ateratzen den zenbatekoa emango da gehienez ere.

– Su-itzalgailuak eta larrialdiko argiak instalatzeko, taulan adierazitako kantitateak etxebizitza kopuruarekin biderkatuz lortutako zenbatekoa emango da gehienez ere.

– Tutu lehorra instalatzeko, taulan adierazitako kantitateak etxebizitza kopuruarekin biderkatuz lortutako zenbatekoa emango da gehienez ere.

(Ikus .PDF)

11. artikulua.– Balioespen Epaimahaia.

1.– Eskabideak balioesteko Balioespen Epaimahai bat eratuko da, honako kide hauez osatua: Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendaria, epaimahaiburu lanetan; Proiektu, Obra eta Ikuskapen Zerbitzuen arduraduna; eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko teknikari bat, Etxebizitzako sailburuordeak izendatua, idazkari jardun dezan.

Laguntzen eskatzaileei jakitera emango zaie zer osaera duen Balioespen Epaimahaiak, Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 24. artikuluan araututako errekusatze-araubidearen ondorioetarako.

2.– Balioespen-prozesuan zehar, beharrezkoa iruditzen bazaio, bere zeregina gauzatzeko egokitzat dituen argibide guztiak eskatu ahal izango dizkie Epaimahaiak interesdunei. Balioespen Epaimahaiak, bere eginkizunak betetzeko, arloko behar adina adituri eskatu ahal izango dio bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezkotzat jotzen badu.

3.– Epaimahaiak, agindu honen 8. eta 10. artikuluetan xedatutako irizpideak aplikaturik, dagokion ebazpen proposamena formulatu eta Etxebizitza Sailburuordetzari helaraziko dio. Proposamenean jasoko du onuradunen zerrenda, lehentasun-hurrenkeraren arabera, eta adieraziko du zein jarduera lagunduko diren diruz eta zer zenbateko proposatzen den laguntzetarako, bai eta, hala badagokio, zer eskabide ezestea proposatzen duen eta zein diren ezesteko arrazoiak ere.

12. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitateko prozedura.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira eta horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Etxebizitzako sailburuordeari dagokio, Balioespen Epaimahaiaren proposamenez.

2.– Emandako ebazpenaren bidez erabakiko da eskatutako diru-laguntzak emango edo ukatuko diren. Ematen badira, datu hauek adieraziko ditu ebazpenak: erakunde onuradunen izena edo izen soziala, finantzatutako jarduketa, diruz lagundutako inbertsio edo gastuaren zenbatekoa, IFK edo NANa, diru-laguntzaren zenbatekoa –diruz lagundutako jarduketen arabera banakatua urterokotan banatua– eta jarduketak gauzatzeko epea. Ezetsitako diru-laguntzen kasuan, datu hauek jasoko dira: eskatzaileen izena edo izen soziala, IFK edo NANa eta diru-laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote erakunde interesdunek Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie onuradunei. Dena den, jendeak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda, zenbateko diru-laguntza eman zaien eta, hala behar badu, urterokotan nola banatuko den adierazita.

Energia-efizientzia hobetzeko obrei buruzko ataletako diru-laguntzei dagokienez, EGEF funtsen finantzaketa jasotzen dutenez, emakidaren jakinarazpena Laguntzaren Baldintzak Ezartzen dituen Dokumentua (DECA) da halaber, 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 125.3.c) artikuluak xedatzen duen moduan. Hori dela eta, jakinarazpenean jasoko dira, artikulu honetako 2. apartatuan zehaztutako alderdiez gain, EGEF finantzakide izateko beharrezkoak diren gainerako alderdi bereziak, zeinak agindu arautzaile honetan azaldu baitira.

5.– Prozedura ebazteko eta ebazpena interesdunei jakinarazteko, sei hilabete izango da gehieneko epea, dagokion deialdi-agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epea igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 25.1.a) artikuluan xedatutako ondoreetarako.

6.– Laguntzak emateak esan nahi du birgaitzeko jarduera babestu gisa deklaratzen dela obra, abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak (ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoa) ezarritako moduan.

7.– Onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan hasi den eta oraindik izapidean dagoen edozein itzultze- edo zigor-prozedura amaitzea.

13. artikulua.– Jarduketen denbora-eremua.

1.– Laguntzaren xede diren jarduketak 2018ko ekitaldian hasi beharko dira eta 2021eko uztailaren 31 baino lehen amaituta egon beharko dute. Obren onarpen-aktaren edota obraren amaiera-ziurtagiriaren bitartez ziurtatu beharko da egoera hori.

2.– Erakunde onuradunarekin zerikusirik ez duten arrazoiak badaude eta behar bezala justifikatuta badaude, epea luzatzeko eskatu ahal izango du erakundeak, ezarritako gauzatze-epea iraungi aurretik. Epea ez da luzatuko onuradunak justifikatutako atzerapen-denbora baino gehiago, ez eta 2021eko abenduaren 30etik aurrera ere. Luzapena Etxebizitzako sailburuaren ebazpen baten bidez onartu beharko da, Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren.

14. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– Erakunde onuradunek 2021eko irailaren 30a baino lehen justifikatu beharko dute diruz lagundutako ekintza, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluarekin bat etorriz.

2.– Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, bitarteko elektronikoz, https://euskadi.net/nirekudeaketak webgunean:

a) Obrak hasi baino lehen, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

– Obrak gauzatzeko proiektua. Obrak ezingo dira lizitatu edo martxan jarri Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzak ez badio oniritzia eman dagokion obra-proiektuari, agindu honen helburuekin bat datorrela egiaztatu eta gero. Obrak gauzatzeko proiektua EKTn ezarritakoaren arabera egin beharko da eta esku hartzeko proposamenean eskatzen den edukia jaso beharko du nolanahi ere. Hala badagokio, berariaz adierazi beharko da zer aldaketa egin zaizkion diru-laguntza oinarritu duen proposamenari. Aurrekontua egitean, bereizitako kapituluz osatutako sistema bat ezarri beharko da diruz lagundu daitekeen jarduketa bakoitzerako, agindu honen II. eranskinean proposamena idazteko jaso diren jarraibideetan ezarritakoa betez.

– Obretarako udal-lizentziaren kopia, dagokion agintaritzak emandakoa.

– Obren hasiera-akta.

– Txostenak, ziurtagiriak eta proiektuak idazteagatik ordaindutako ordainsari teknikoen fakturak eta egindako ordainketen egiaztagiriak, onuradun bakoitzerako bereiziak.

b) Lanak egin bitartean eta agindu honetako 15. artikuluan jasotako baldintzetan diru-laguntza ordaintzeko eskaera bakoitzarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– Obraren bilakaerari buruzko txostena: argi adieraziko ditu gauzatutako obraren %-a, kapituluka banatutako aurrekontua eta portzentajezko banakapena, eta obra une horretan zer egoeratan dagoen islatzen duten argazkiak izan beharko ditu. Argazkiren batean, agindu honen 17. artikuluan adierazitako informazio-kartela agertu beharko da.

– Obra-amaierako ziurtagiriak, zuzendaritza fakultatiboak sinatuta. Obren ziurtagirien eskema aurrekontura doitu eta diruz lagundu daitezkeen jarduerak kapitulu bereiz gisa agertu behar dira, agindu honetako II. eranskinean proposamena idazteko jarraibideek ezarritakoaren arabera.

– Txostenak, ziurtagiriak eta proiektuak idazteagatik eta obrak zuzentzeagatik ordaindutako ordainsari teknikoen fakturak eta egindako ordainketen egiaztagiriak.

– Obrak gauzatzearekin lotuta egindako ordainketen fakturak eta ziurtagiriak. Fakturetan jasotako kontzeptuak erraz hauteman beharko dira obra-ziurtagirietan.

c) Diruz laguntzen den jarduera amaitzean, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– Obra-amaierako kitapena, zuzendaritza fakultatiboak sinatuta.

– Obra-amaierako ziurtagiria eta obraren azken egoera islatzen duten argazkiak.

– Bukatutako eraikinaren energia-efizientziaren ziurtagiri erregistratua eta dagokion Energia Etiketa.

– Instalazio termikoaren ziurtagiria, instalazioaren zuzendariak edo baimendutako instalatzaileak autonomia-erkidegoko organo eskudunean sinatutakoa.

– Hala badagokio, EITan 1., 2. eta 3. esku-hartze mailetan hautemandako hutsak zuzendu izanaren ziurtagiria, teknikari eskudunak sinatuta, eta dagokion udalean aurkeztu izana egiaztatzen duen zigilua duela.

– Erabilera eta Mantentze Plana izatearen ziurtagiria, agindu honen III.3 eranskinean jasotako ereduari jarraikiz.

– Txostenak, ziurtagiriak eta proiektuak idazteagatiko eta obrak zuzentzeagatiko eta gauzatzeagatiko ordainsari teknikoen harira egindako ordainketen fakturak eta egiaztagiriak.

3.– Erakunde onuradunek banku-transferentzia eta -ziurtagirien bidez ordaindu beharko dituzte jarduketak. Ez da eskudirutan egindako ordainketarik onartuko.

Aurreko atalean jasotako ordainketen frogagiriek baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Transferentzia, banku-ziurtagiri nahiz ordainketa-laburpenetan argi eta garbi agertu behar dira ordainketaren igorle eta hartzailea, ordaintzen den fakturaren zenbakia eta ordainketaren eguna. Ordaintzeko modua banku-transferentzia bat baldin bada, haren karguaren frogagiriaren kopiaren bitartez justifikatuko da, transferentziaren kontzeptuan faktura-zenbakia adieraziz, edo, halakorik ezean, ordainketa-kontzeptua jasoz.

– Aurkezten diren frogagiri guztietan, ordainketaren igorle gisa agertu behar du onuradunak; frogagirian ordainketaren igorlea agertzen bada, banku-erakundearen egiaztagiria aurkeztu beharko da, honako hauei buruzko informazioa barne: ordainketaren igorlea, ordainketaren hartzailea, data eta zenbatekoa.

– Geroratutako ordainketak badira eta laguntzaren frogagiria aurkezteko epearen ondoren badute muga-eguna, honako hauen bidez egindako ordainketak soilik onartuko dira laguntzaren xede gisa ordaintzeko:

a) Txeke pertsonala, banku-laburpenaren bidez justifikatuz deskontatu egin dela.

b) Banku-txekea, eta horrekin batera erantsiko da hornitzaileak jaso izanaren agiria, non ordaintzeko modu gisa onartzen baitu.

c) Ordaindukoa, eta horrekin batera erantsiko da hornitzaileak jaso izanaren agiria, non ordaintzeko modu gisa onartzen baitu.

d) Kanbio-letra, onartua.

e) Kreditu-gutun atzeraezina, berretsita, edo dokumentu-kreditu atzeraezina.

15. artikulua.– Ordainketa.

1.– Deialdi honen babespean emandako diru-laguntza zatikako igorpenen bidez ordainduko da, egindako gastuen frogagiriak aurreko artikuluan aurreikusitako baldintzetan aurkeztu eta gero, honela:

a) Obrak lizitatu eta martxan jarri aurretik: txostenak, ziurtagiriak eta proiektuak idazteko ordainsari teknikoak.

b) Obrak egin bitartean, ordainketa bat jarduketaren % 30 egin dela egiaztatzen denean eta beste ordainketa bat gainerako % 70a gauzatu dela egiaztatzen denean.

c) Jarduketa amaitutakoan, azken igorpen baten bidez ordainduko dira ondorio horietarako egiaztatutako obra-kitapenari dagokion diru-laguntza eta obren zuzendaritzaren ondoriozko ordainsariak. Diferentziarik bada emandako diru-laguntzaren eta benetan gauzatu eta fakturatu denaren artean, diru-laguntza doitu ahal izango da, agindu honen 19. artikuluan jasotako baldintzetan.

2.– Ekitaldi batean ordaindutako kantitateek ezingo dute gainditu, inolaz ere, diru-laguntzak esleitzeko ebazpenean urte horretarako adierazitako zenbatekoa.

16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek edonola ere bete beharko dituzte betebehar hauek, baita Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 14. eta 56. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 50.2 artikuluan ezarritako gainerako guztiak ere.

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Eman den xede horretarako erabiltzea diru-laguntza.

c) Diruz lagundutako ekintza gauzatu eta justifikatzea, agindu honetako 13. eta 14. artikuluetan ezarritako epeetan.

d) Hala badagokio, proiektuak gauzatzea egoki diren lizentziak, baimenak eta gainerako sektore-eskakizunak betez.

e) Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzako teknikariei obretarako sarbidea ematea, obrei jarraipena egiteko eta obren azken egiaztapena egiteko.

f) Diru-laguntza esleitzen duen organoak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egingo dituen egiaztapen-ekintzak betetzea, baita nazioko zein Europako Erkidegoko kontrol-organo eskudunek finantza-arloa egiaztatzeko eta kontrolatzeko egin dezaketen edozein ekintza ere. Horretarako, ekintza horiek gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia eman behar dute onuradunek.

g) Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendariari jakinaraztea diruz lagundutako jarduera finantzatzeko bestelako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu izana. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, diru-laguntza justifikatzeko agiriekin batera.

h) Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendariari jakinaraztea inongo aldaketarik izan den (objektiboa nahiz subjektiboa) diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan, agindu honetako 19. artikuluan adierazitako ondorioetarako.

2.– Era berean, onuradunak nahitaez bete beharko ditu Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) eta haren Erregelamenduan aurreikusitako oinarrizko araudia, baita kontrolari, erantzukizunari, zigor-araubideari eta ez-betetzeei buruzko Europako Erkidegoko legeria ere.

Laguntzak onartzeak berekin ekarriko du, halaber, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduak 115. artikuluaren 2. apartatuan jasotako eragiketen zerrenda publikoan sartzeko baimena ematea. Gainera, aintzat hartu behar da EGEFen kofinantzaketa dela-eta nahitaezkoa izango dela gauzatzen diren ekintzei buruzko finantzaketari, administrazioari eta jarraipenari buruzko informazioa artxibatuta edukitzea 3 urte igaro arte, eragiketaren gastuak barne hartzen dituzten kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31n kontatzen hasita. Testuinguru horretan, onuradunaren betebeharra da informazio hori erraz eskuratzeko moduan jartzea (kontabilitate-sistema bereizia edo berariazko kodeketa).

3.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa handiagoa bada Sektore Publikoko Kontratuen Legean ezarritako zenbatekoak baino, onuradunak, Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoa betez, gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, obrarako konpromisoa hartu aurretik, zerbitzua egiteko edo ondasuna emateko. Alderdi hori hala proiektua idazteko eta obrak zuzentzeko kontratuan (zerbitzu-kontratua) nola obra-kontratuan aplikatu beharko da. Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (justifikazioan edo, hala badagokio, diru-laguntzaren eskabidean aurkeztuko dira), efizientzia-eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.

17. artikulua.– Publizitatea eta hedatzea.

1.– Agindu honen babespean diruz lagundu diren obrek adierazi egin beharko dute Eusko Jaurlaritza dela finantzakideetako bat, onuradunei dagokienez publikotasuna emateko betebeharra betetzeko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 18. artikuluan jaso bezala.

2.– Kartelen bidez adierazi beharko da hori, obrak gauzatuko diren eraikinetan. Diru-laguntzaren behin betiko ebazpenarekin batera jakinaraziko den ereduaren araberako iragarkia erakutsiko dute kartel horiek.

3.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak baliatzen dituzten higiezinek metalezko xafla bat jarri beharko dute ikusgai eraikineko sarbide atetik edo ateetatik gertu, diru-laguntzaren behin betiko ebazpenarekin batera jakinaraziko den ereduari jarraikiz, eta haren bidez jakinaraziko dute Eusko Jaurlaritzak eta EGEF funtsek finantzatutako birgaitze-jarduketa babestua direla, hala badagokio.

4.– Halaber, jarduketa hedatzeko edo jendarteratzeko erabiltzen den beste edozein bidetan ere adieraziko da Eusko Jaurlaritza finantzakide dela.

5.– Artikulu honen xedeetarako, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan (Eusko Jaurlaritzaren Korporazio Identifikazioari buruzko Eskuliburua arautzen duena) ezarritakoa beteko da.

6.– 1.4. artikuluko a) apartatuko diru-laguntzei dagokienez, Euskadiko 2014-2020 aldirako EGEF Programa Eragilearen esparruko kofinantzaketa dutela iragarri beharko da diruz lagundutako obretan, 1303/2013 (EB) Erregelamenduko 115.3 artikuluaren eta XII. eranskineko 2.2 atalaren arabera. Informazio- eta komunikazio-ekintzak egiten badira diruz lagundutako obrei buruz, EGEFen bidez Europaren finantzaketa jaso dela aipatuko da horren berri emateko sortzen diren material edo euskarrietan, Batasunaren ikurra eta Europar Batasunaren erreferentzia txertatuta; eta eragiketa gauzatzean, labur deskribatuko da eragiketa webgunean, Batasunaren diru-laguntza nabarmenduta, eta gutxienez informazio kartel bat jarriko da proiektuari buruz, gutxienez A3 tamainan, zeinean Batasunaren diru laguntza aipatuko baita jendearen ikusgai.

7.– Banako eta erkidego onuradunek 100.000 eurotik gorako laguntzak jasotzen badituzte etxebizitzak birgaitzeko, nahitaez bete beharko dituzte publikotasun aktiboaren gaineko betekizunak. Abenduaren 9ko 19/2013 Legeak (gardentasunari, informazio publikorako sarbideari eta gobernu onari buruzkoa) zehazten ditu, II. kapituluan.

18. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuek nahiz beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako diru-laguntzekin, xede bera badute edo helburu berarekin ematekoak badira. Salbuetsita daude Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak jabeen erkidegoari emandakoak.

Hala ere, bateragarriak izango dira eskubideen titular bakoitzari diru-sarreren arabera ematen zaizkion laguntzekin, Etxebizitzak birgaitzeko finantza-neurriei buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2006ko abenduaren 29ko Aginduan xedatutakoari jarraikiz.

2.– Xede berarekin emandako laguntza bat baino gehiago jasotzen bada, diru-laguntzaren zenbatekoak ez du gaindituko diruz lagundutako jarduketen kostua. Horrelakorik gertatuz gero, laguntzaren muga ez gainditzeko, agindu honen konturako laguntza murriztuko da lehendabizi.

3.– Agindu honetako 1.4 artikuluko a) ataleko diru-laguntzei dagokienez, EGEF funtsen kofinantzaketa dutenez, 1303/2013 Erregelamendua aplikatuko zaie. Hori dela eta, «operazio batek Europako egitura- eta inbertsio-funts bateko edo bat baino gehiagoko laguntza jaso ahal izango du, bai eta Batasuneko beste instrumentu batzuena ere, baldin eta Europako egitura- eta inbertsio-funts bateko ordainketa jasotzeko eskaera batean sartutako gastu-sailak ez badira Batasunaren beste funts edo instrumentu batek (edo funts berberak, beste programa batean) diruz lagundutakoak» (1303/2013 Erregelamenduaren 65. artikuluaren 11. puntua).

19. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzetan aldakuntzaren bat eginez gero, baldin eta deialdiaren xedea betekotzat jotzen bada eta, hala dagokionean, deialdi honetan esleitutako diru-laguntzez gain beste erakunde publiko zein pribatu baten diru-laguntzak edo laguntzak jaso badira, horren berri aurretiaz eman beharko dute Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzak horrelakoak berariaz onar ditzan. Aipatutako aldaketek diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango dute, betiere agindu honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Horretarako, dagokion kitapen-ebazpena emango da, esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa aldatzeko edota, hala badagokio, egoki den zenbatekoaz gaindi jasotakoa itzultzea eskatzeko.

Ildo horretan, emandako diru-laguntza doitzearen ondorioz ez da inola ere ontzat emango deialdiaren ebazpenean emandako zenbatekoa gainditzen duen diru-laguntzarik.

2.– Aldaketak ezingo du inola ere jarduketaren izaera aldatu.

3.– Diru-laguntzaren erakunde onuradunak justifikazioan adierazten badu diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu egin direla eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.12 artikuluak xedatzen duenaren indarrez, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den baimen-izapidea egin ez bada, diru-laguntza eman duen organoaren esku geratuko da aurkeztutako justifikazioa ontzat ematea; betiere, hori eginda beste inoren eskubideei kalte egiten ez bazaie.

4.– Diru-laguntza eman duen organoak egiaztapen-egintzan aldaketak onartzeak ez du esan nahi onuraduna dagozkion zehapenetatik salbuetsita geratu denik.

20. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntzaren eskatzaileak atzera egin dezake bere eskabidean, eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Agindu honetan jasotako laguntzak kudeatzen dituen organoari aurkeztuko zaio atzera egitea, eta hark, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura, salbu eta hirugarren interesdun batzuek izapidera aurkeztu eta jarraitzeko eskaera egiten badute, atzera edo uko egitea jakinarazi denetik hamar eguneko epean.

2.– Laguntzaren onuradunak uko egin diezaioke onartu zaion laguntzari, emandako laguntza onartu eta gero. Uko egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio laguntzak kudeatzen dituen organoari eta hark, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

Ukoa onartutakoan, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere, eta jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko ditu, halakorik jaso badu.

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak ez badu eskatu eta eman zen berariazko xederako erabiltzen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren diru-laguntza, ez badu diru-laguntzari bide eman zion jarduketa egiten, ez badu justifikatzen diru-laguntza edo behar bezala justifikatzen ez badu edo, oro har, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 37. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan, agindu honetan edo emakida-ebazpenean dirua itzultzeko arrazoi gisa jasotako zergatietako bat gertatzen bada, emandako eta jasotako kopurua itzuli beharko du legez aplikatu beharreko interesekin batera, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duena) horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

2.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19. artikuluaren 3. apartatuan jasotako kasuan, halaber, diruz lagundutako jarduketaren kostuaz gaindi izandako soberakina itzuli beharko da, eta diru-laguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa ere eskatuko da.

22. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz jaso gabe geratu den guztirako, arau hauek aplikatuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa; eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen 2018ko ekainaren 8a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala