Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

117. zk., 2018ko ekainaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3152

102/2018 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Bilboko Udalarekin sinatutako Lankidetza-hitzarmena, airearen kalitatea hobetzeko plan bat egiteko eta bestelako kutsatzaileen analisia burutzeko dena, Bilboko udalerriari dagokionez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Bilboko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua, Bilboko udalerriari dagokionez airearen kalitatea hobetzeko plan bat egiteko eta bestelako kutsatzaileen analisia burutzeko dena.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 29a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 29KO 102/2018 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA BILBOKO UDALAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, AIREAREN KALITATEA HOBETZEKO PLAN BAT EGITEKO ETA BESTELAKO KUTSATZAILEEN ANALISIA BURUTZEKO DENA, BILBOKO UDALERRIARI DAGOKIONEZ

Bilbon, 2018ko maiatzaren 28an.

BILDU DIRA:

Batetik, Ignacio María Arriola López jauna, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua, bere karguaren jardunean Lehendakariaren azaroaren 26ko 29/2016 Dekretuak burututako izendapenari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta ordezkaritzan, Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 8ko datako Erabakiaren bidez emandako ahalmenarekin bat etorrita.

Eta bestetik, Juan María Aburto Rique jauna, Bilboko Udaleko alkate-udalburu gisa, hitzarmen hau izenpetzeko aginduarekin Korporazioko Tokiko Gobernu Batzarrak 2018ko apirilaren 18an onetsitako akordioari jarraikiz.

PARTE HARTU DUTE:

Lehenengoak, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak ematen dizkion eskumenak egikarituz, eta Saila legez ordezkatuz.

Bigarrenak, Bilboko Udaleko alkate-udalburu gisa eta hura ordezkatuz, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak eta batera datorren gainerako araudiak ematen dizkion eskumenak egikarituz.

Esku hartzen dutenek lege-gaitasun nahikoa aitortzen diote elkarri, honako lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko, eta xede honetarako, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari eskumen esklusiboa ematen dio Estatuak ingurumen eta ekologiaren arloan emandako oinarrizko legeria betearazi eta garatzeko.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen azaroaren 26ko Lehendakariaren 24/2016 Dekretuak 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila ingurumenean eskuduna da.

Hirugarrena.– Era berean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak, bere 9.1.d) artikuluan ezartzen du Ingurumen Sailburuordetzak, beste jardun-arlo batzuen artean, klima-aldaketa, eta atmosfera eta lurzorua babesteari dagozkionak zuzendu eta koordinatuko dituela. Bere 3. puntuan dio Sailburuordetza horren menpean Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza dagoela.

Laugarrena.– Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.b) artikuluak udalerriei eskumenak ematen dizkie ingurumenaren alorrean.

Era berean, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 17.1.8 artikuluak xedatzen du udalerriek eskumen propioak erabili ahalko dituztela ondoko esparru materialean: ingurumenaren babesa eta garapen jasangarria modu osagarrian antolatzea, sustatzea, kudeatzea eta defendatzea, hiriguneetan kutsadura akustikoa, argiaren kutsadura eta airearen kutsaduraren aurkako babesa barne hartuta.

Bosgarrena.– Airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legeak, bere hitzaurrean, gogoratzen digu atmosfera bizitzarako ezinbesteko ondasun komuna dela, pertsona guztiek dutela hura erabili eta gozatzeko eskubidea, eta hura kontserbatzeko betebeharra.

34/2007 Legearen 9.3 artikuluak xedatzen du airearen kalitate-xedeak gainditzen direnean edo hori gertatzeko arriskua dagoenean eskudun autonomia-erkidegoak hartuko dituela kutsadura saihesteko edo arintzeko neurri egokiak.

Beste alde batetik, autonomia-erkidegoen eskumenak jasotzen ditu Lege horren 5.2 artikuluak; besteren artean, airearen kalitatea hobetzeko planak eta programak abiaraztekoa eta beren lurralde-eremuan kalitate-xedeak betetzekoa jasotzen dira.

Aipatu Legearen 16.2.a) artikuluak ezartzen du airearen kalitatea hobetzeko planak abiaraziko dituztela autonomia-erkidegoek, finkatutako epeetan lor ditzaten, erregulatutako kutsatzaile baten edo batzuen mailek xede horiek gainditzen dituzten tokietan, airearen kalitate-xedeak.

34/2007 Legea garatuz, airearen kalitatea hobetzeari buruzko 102/2011 Errege Dekretua idatzi zen, urtarrilaren 28koa.

Arau horrek 3.3.c) artikuluan ezartzen du autonomia-erkidegoek (beren eskumenen eremuan) eta tokiko erakundeek (egokia denean) hartuko dituztela erregulatutako kutsatzaileen kontzentrazioek airearen kalitate-xedeak ez gainditzea bermatzeko eta kontzentrazio horiek murriztea bermatzeko behar diren neurriak, eta horiexek hartuko dituztela erregulatutako kutsatzaileak berriro ere alerta-atalasearen azpitik kokatzeko premiazko neurriak. Bestalde, horiexek emango dute jendeari dagokion informazioa, atalase horiek gainditzen badira. Zehazki, airearen kalitatea hobetzeko planak (24.1 artikuluak zehazten dituenak) onartuko dituztela jasotzen du.

Horrela, bada, 102/2011 Errege Dekretuaren 24. artikuluaren lehenengo paragrafoan xedatzen denez, eremu edo hiri-aglomerazio jakin batzuetan inguruneko aireko kutsatzaileen mailek mugako edozein balio edo balio objektibo gainditzen dutenean, edo, kasu bakoitzari dagokion tolerantzia-tartea gainditzen dutenean, airearen kalitateari buruzko planak onartuko dituzte autonomia-erkidegoek eremu edo hiri-aglomerazio horietarako, arauaren I. eranskinean zehazten den mugako balioa edo balio objektiboa errespetatzea lortzeko xedez.

Eta, artikulu horren hirugarren paragrafoak ezartzen duenez, artikulu horretan arautzen diren planen ezarpen-eremuak Administrazio Publikoetako organoen eskumenei eragin diezaiekeenean, organo horiek informazioa eman beharko diote eskudun organo autonomikoari, informazioa egiteko prozesuan bertan, berori onar dezan. Organo horiek beren eskumenak erabiliz edo beren eskumenekoa bakarrik den eremu batean jarduera edo azpiegitura bat garatzeko behar duten informazioa izango da hori, eta eskura dituzten datu, dokumentu edo agiri frogagarri guztiak erantsi beharko dituzte, bai eta jorratzen ari den eremuan atmosfera-kutsadura murrizteko egiten ari den planean hartu nahi diren neurrien gaineko erabaki bat erantsi ere.

Era berean, hirugarren paragrafo horrek ezartzen duenaren arabera, tokiko erakundeek planaren zati bat egin beharko dute, eskudun organo autonomikoak hala eskatuta; beren eskumenekin bat eginez, trafikoa kontrolatzeko arrazoien edo beste inguruabar batzuen harira egokitzen zaien zatia egin beharko dute, alegia.

Seigarrena.– Gauzak horrela, 2016. urtean zehar, Bilboko udalerrian kokatuta dagoen airearen kalitatea neurtzeko estazioetako batek, NO2 dela-eta indarrean dagoen araudiak ezarritako urteko atmosfera kutsadura-muga gainditu zuen.

Kutsadura atmosferikorako ezarritako mugak gainditzeak, eskudunak diren herri-administrazioen aldetik horri buruzko neurriak hartzea beharrezko egiten du.

Horretarako, beharrezkoa da airearen kalitatea hobetzeko plan bat hartzea, airearen kalitatea hobetzeari buruzko urtarrilaren 28ko 102/2011 Errege Dekretuaren 24. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.

Zazpigarrena.– Horren ondorioz, kudeaketa publiko efizienteagoa lortzeko helburuarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Bilboko Udalak hitzarmen hau izenpetu dute 102/2011 Errege Dekretuaren 24. artikuluan aurreikusitako airearen kalitatea hobetzeko plan bat egiteko eta bestelako kutsatzaileen analisia burutzeko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikulutik 53.era bitartean, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 57. artikuluan, Udal Erregimenaren arloko indarreko legezko xedapenen testu bategina onetsi zuen apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 111. artikuluan, eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 100. artikuluan ezarritakoarekin bat, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea da aldeen arteko lankidetza ezartzea, airearen kalitatea hobetzeari buruzko urtarrilaren 28ko 102/2011 Errege Dekretuaren 24. artikuluan aurreikusitako airearen kalitatea hobetzeko plan bat egiteko, eta bestelako kutsatzaileen analisia burutzeko; hori guztia Bilboko udalerriari dagokionez.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila) konpromisoak.

1.– Hitzarmen honen xedea eraginkortasunez gauzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren bitartez, Bilboko udalerriko kaleetan airearen kalitate-mailaren oinarrizko eszenarioaren definizioa egingo du.

2.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari dagokio, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren bitartez, hurrengo atazak burutzea:

1) Ereduaren emaitzak doitzeko neurketa kanpainak burutzea.

2) Airearen kalitatearen oinarrizko egoera kalkulatzea.

3) Inguruan bideragarriak diren airearen kalitatea hobetzeko egoera desberdinen ikerketa burutzea.

4) Bilboko Udalari helaraztea jarduerak gauzatzearen ondorioz egin beharreko administrazio-kudeaketarako eskatutako datu guztiak.

Hirugarrena.– Bilboko Udalaren konpromisoak.

Bere aldetik, Bilboko Udala eginkizun hauek betetzera behartzen da:

1.– Sarrera-datuak biltzea.

2.– Zirkulatzen duen trafikoaren tarteen arabera isuri-faktoreak kalkulatzea.

3.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari helaraztea jarduerak gauzatzearen ondorioz egin beharreko administrazio-kudeaketarako eskatutako datu guztiak.

Laugarrena.– Hitzarmenaren segimendua.

Jarraipen Batzordea.

1.– Hitzarmen honetan adostutakoa kudeatu, segimendua egin eta kontrolatzeko, Jarraipen Batzorde bat osatuko da. Batzordeko kideak eskubide osoko lau kide izango dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak proposatutako bi lagun, eta Bilboko Udalak proposatutako beste bi lagun.

2.– Jarraipen Batzordeak ohiko bilkura bat izango du urtean. Horrez gainera, aparteko bilkura egingo du aldeetako batek eskatzen duen bakoitzean.

3.– Jarraipen Batzordeari dagokio:

– Hitzarmenaren exekuzioan sor litezkeen desadostasunak konpontzea, hura interpretatzeari eta betetzeari dagokionez.

– Alde bakoitzaren aldetik bere betebeharrak eta konpromisoak ez betetze kasuan, aplikagarri diren ondorioak ezartzea.

– Hitzarmena luzatzeko beharra balioestea, hori adostutako klausulen menpe geratuko direlarik.

– Hitzarmena aldatzea proposatzea.

– Hitzarmenaren balizko edozein salaketa aintzat hartzea.

4.– Hitzarmenean Jarraipen Batzordeari buruz berariaz aurreikusten ez diren gaietan, kide anitzeko organoen araubidea ezarriko da; hori Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean dago araututa.

Batzorde Teknikoa.

1.– Jarraipen Batzordeari aholkularitza emateko organo gisa Batzorde Teknikoa eratuko da. Batzorde Teknikoaren kideak hauek izango dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organo eskuduneko Aire Zerbitzuko burua eta teknikari bat, eta Bilboko Udalaren aldetik gaiari buruko ezagutza teknikoa duen pertsona bat.

2.– Batzorde Teknikoa behar adina aldiz bilduko da, aldeetako batek eskatzen duen bakoitzean, eta bere funtzionamendua eta antolamendua erabakitzeko autonomia edukiko du.

3.– Batzorde Teknikoak Jarraipen Batzordearen aurrean aurkeztuko ditu egokitzat jotzen dituen proposamenak, bertan aztertzeko eta, hala badagokie, onartzeko. Horretarako, bilera bakoitzean akta laburra egingo da, eta Jarraipen Batzordeari bidaliko zaio.

Bosgarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen honek indarra hartuko du hura izenpetzen den unean, eta lau urteko gehienezko epeko indarraldia izango du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h) artikuluan xedatutakoaren arabera, eta ezingo da luzatua izan.

Seigarrena.– Hitzarmena salatzea.

Hitzarmen hau aldebakarrez salatu ahalko du parte hartzen duten aldeetako edozeinek, azkentze-data baino hiru hilabete lehenago gutxienez. Edonola ere, jada hasita dauden jardueren bukaera bermatu beharko da.

Zazpigarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Hitzarmen hau alde bion adostasunaz aldatu ahal izango da, Jarraipen Batzordeak proposatuta. Aldaketa hitzarmenaren indarraldiari dagokion epearen barruan egingo da.

Klausulak berrikusten badira, dagozkion aldaketak aldeek sinatu beharreko gehigarri batean jasoko dira, klausuletan barnebiltzeko.

Gainera, aldeek, gehigarrien prozedura hori erabiliz, eranskinak sartzea itundu ahal izango dute, baina horrek ez du berekin ekarriko hitzarmeneko klausulak berrikustea.

Zortzigarrena.– Hitzarmena azkentzeko arrazoiak.

Hitzarmen hau, bere indarraldia bukatu baino lehen, alde sinatzaileen adostasunez azkenduko da; edo epealdi horretan zehar, bere aplikazioa ezinezko edo alferrikako egin dezaketen inguruabarrak sortuko balira. Inguruabar horien aintzatespena aurretiaz alde sinatzaileek egiaztatu beharko dute.

Gainera, baita ere azkenduko da hitzarmenaren xede diren jarduketak betetzean, eta suntsiarazteko arrazoiak gertatzean.

Hitzarmen honen suntsiarazteko arrazoiak hurrengoak izango dira:

– Edozein aldek hartu dituen hitzarmenaren betebeharrak ez betetzeagatik alde batek salatu egiten duelako, aurretik salatutako aldeari jakinarazi ondoren.

Hitzarmenaren suntsiaraztea eskatu aurretik, eskaera hori egiten duen aldeak Jarraipen Batzordeari eskatu beharko dio hausnarketa egiteko. Batzordean erabakiko da hitzarmenaren klausulak behar bezala betetzeko, neurri egokiren bat proposatzeko aukera.

– Aldeen ahobatezko erabakia.

– Aldeetako batek bere gain hartutako betebehar edo konpromisoak ez betetzea.

– Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judiziala.

– Jarraipen Batzordean behin baino gehiagotan adostasunik izan ez bada hitzarmenaren funtsezko hainbat alderi buruz.

Jarraipen Batzordeak eginkizunetan segituko du eta, hitzarmenaren ondorioz jardunean ari diren ekintzen inguruan azaldu litezkeen arazoak ebazteko ardura izango du eta, halaber, azkenduko balitz, amaitzeke geratuko liratekeen arazoak argitu arte.

Hitzarmenaren amaierak ez du eraginik izango bere babespean hartu diren akordioen baliorako.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren izaera eta jurisdikzioa.

1.– Hitzarmen honek administrazio-izaera du, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa Espainiako ordenamendu juridikora egiten duen azaroaren 8ko Sektore Publikoko Kontratuen 9/2017 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. Hala ere, lege horren printzipioak aplikatuko dira sor litezkeen zalantza eta hutsuneak ebazteko, bere 4. artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Bere administrazio-izaera dela-eta, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI Kapituluan, 47. artikulutik 53.era, xedatutakoari jarraituko zaio, baita hitzarmenaren xede den gaiari buruzko araudiari, eta aplikagarri diren gainerako administrazio-zuzenbideko arauei ere.

2.– Hitzarmena gauzatzean sor zitezkeen diferentzien eta betetzearen interpretazio-arazoak Jarraipen Batzordeak ebatzi beharko ditu. Adostasunik ezean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean aurreikusitakoaren arabera ebatziko dira.

Eta arestian adierazitako guztiarekiko adostasun gisa, honako lankidetza-hitzarmen hau sinatu dute, idazpuruan jasotako tokian eta datan.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Bilboko alkate-udalburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala