Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2018ko ekainaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3082

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 31koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, EUTG «EG. 17 Mundaiz» partzelaren (Donostia) Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.

AURREKARIAK

2018ko urtarrilaren 5ean, Donostiako Udalak udalerri horretako EUTG «EG. 17 Mundaiz» partzelaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskaera bete zuen. Eskaerarekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Gipuzkoako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzari (biak Eusko Jaurlaritzakoak), Kostaldearen eta Itsasoaren Jasangarritasuneko Zuzendaritza Nagusiari eta Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkarteari. Era berean, Donostiako Udalari ere jakinarazi zitzaion prozeduraren hasiera.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun guztiek egoki iruditzen zitzaizkien ingurumen arloko oharrak egin zitzaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Gipuzkoako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren (biak Eusko Jaurlaritzakoak) txostenak jaso dira, baita Kostaldearen eta Itsasoaren Jasangarritasuneko Zuzendaritza Nagusiaren txostena ere (espedientean dago horren emaitza).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren (otsailaren 27ko 3/1998) 42. artikuluarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

6.2 artikulu horretan bildutako planak eta programei buruz ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin beharko zaie –horretarako prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago arautua– betiere abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Aztertuta geratu dira Donostiako «EG. 17 Mundaiz» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du; ingurumen-txosten estrategiko honen bitartez, Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen du, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «EG. 17 Mundaiz» partzelaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (hemendik aurrera, Plan Berezia) buruzko ingurumen-ebaluazio estrategikoa formulatuko dudala, Donostiako Udalak sustatuta, jarraian jasotzen diren baldintzetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Aldaketaren esparrua udal-mugartearen hirigunearen ekialdean dago, Urumea ibaiak osatzen duen meandroaren barnean (Egia auzoa Amara eta Erriberak auzoetatik banantzen duen meandroa).

Plan Bereziaren helburua da gaur egun Donostiak duen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean bildutako gainazal eraikigarriak berrantolatzea. Deustuko Unibertsitatearen partzelak 30.844,00 m2-ko azalera du, eta hiri-lurzoru finkatugabe gisa kalifikatuta dago gaur egun indarrean den antolamenduan.

Deustuko Unibertsitatearen campusean hezkuntza- eta ikerketa-helburuetarako eraikita dagoen gainazalaren antolamenduaren aldaketa bat da.

Plan Bereziaren bitartez, Deustuko Unibertsitatearen Hiri Eraberritzean irakaskuntzen jardunak eta/edo kokapenak erregulatu eta instalazio berriak txertatuko dira. Horrek esan nahi du eraikin berriak behar direla eta Unibertsitatearen zerbitzu gehigarriak hobetu behar direla, alor eraikigarria egokitzeaz gain, betiere Kostaldeei buruzko Legeak gune mugakideetarako zehazten duen zortasuna errespetatuta. Jardun horiek gauzatzeko, Mintegiak, Dorretxe Baxua eta Paraninfoa eraitsiko dira. Eraikin horiek eraitsi ondoren, egungo eraikin altuenaren antzeko altuera izango duen eraikin berri baten ordenamendu atzeraemana egingo dela planteatu da. Eraikin berriaren ezaugarriak hauek izango dira:

2.– Sotoko solairua: 2.700,16 m2; 1. sotoko solairua: 2.901,73 m2; beheko solairua: 2.366,72 m2; lehen solairua: 2.244,41 m2; bigarren solairua: 1.708,53 m2;

Guztizko gainazal eraikia 11.921,55 m2 da: 5.601,89 m2 lur-arrasetik behera eta 6.319,66 m2 lur-arrasetik gora.

Partzela erabat urbanizatuta dago: elektrizitatea, ur-hornikuntza eta saneamendua ditu, indarreko araudiari jarraikiz, eta ez da beharrezkoa izango gaur egungo bideak aldatzea, ezta oinezkoentzako guneak ere.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Plan Bereziak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:

a) Planak proiektuetarako esparrua ezartzen duen neurria: proposatutako planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Bestelako plan eta programekiko eragina: ez da bateraezintasunik atzeman Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin, EAE-ko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialarekin eta Ibaien eta Erreken Lurralde Plan Sektorialarekin.

c) Plana egokia den ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko, batez ere, garapen jasangarria sustatzearren: Plan Berezirako proposamenak hiri-lurzoruetan eta eraikitako ondarean esku-hartzea du lehentasuna eta, beraz, lurzoruaren kontsumoa murrizten du. Gainera, aukeratutako alternatiban lorategiz hornitutako gainazalei eutsiko litzaieke; horrela, Urumea ibaiak osatzen duen meandroan instalazioak integratzea faboratuko litzateke eta, horrenbestez, zuhaitz handi ugari ez lirateke kendu beharko. Hori dela-eta, Planak ingurumenaren arloko neurriak jasotzen dituela jotzen da, garapen jasangarria sustatzearren.

d) Planarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: inguruan nolabaiteko inpaktua izan dezaketen jardunek obra-faseekin dute zerikusia batez ere: lur-mugimenduak, makineria-zirkulazioa, lur-okupazioa, istripuzko isurpenak, uraren kalitateari okertzen duten jardunak, hondakinak, soinu-mailen igoera, partikulek eragindako kontaminazio atmosferikoa, eta abar. Horren haritik, kontuan hartu behar da jardun-eremutik gertu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen edo gauzatu dituen partzela bat dagoela inbentarioan (kodea: 20069-00718); partzela horretan ez dago aurreikusita inolako esku-hartzerik; soinuari buruz, zenbait neurri hartu badira ere, kalitate akustikoarekin loturiko helburuak gaindi litezke eraikin berriaren fatxadaren zenbait puntutan.

Alabaina, ondoriozta genezake ez dela atzeman Plan Bereziaren ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, natura-ondareari, kultura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari eta urei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak.

e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.

2.– Ondorioen eta agian eragina jasango duen eremuaren ezaugarriak.

Eraginpeko lekuaren inguruan ez dago naturagune adierazgarririk, ezta ingurumenari dagokionez balio handikoa edo kaltebera den eremurik ere. Halere, eremua Urumeako Babes Akustiko Bereziko Zonan dagoela baino ez da azpimarratu behar. Are gehiago, ikusi da ekonomiaren eta teknikaren ikuspegitik bideragarriak diren neurri zuzentzaileak hartu badira ere zenbait fatxada-hargailuk fatxadako soinu-mailak gainditzen dituztela, kanpo-inguruneko kalitate akustikoaren helburuetatik gora. Edonola ere, proiektatutako eraikinen barnean kalitate akustikorako helburuak betetzen direla bermatu behar da.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoaren arabera.

Neurri horiek obra-fasean aplikatuko dira bereziki. Hauek dira neurri horiek, besteak beste:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

– Dagoen landaredia babestea: ahal dela, esparruko berdeguneak bere horretan utziko dira eta Urumearen meandrotik gertu dauden zuhaitzak ez kentzeko ahaleginak egingo dira.

Obraguneak itxi egingo dira, landarediari ahalik eta gutxien eragiteko. Itxitura horren gehigarri gisa, obraren ondorioz zuzeneko edo zeharkako eraginik izan dezaketen zuhaitz guztiak –bai zedarritutako esparruaren barnekoak bai kanpokoak– babestuko dira.

Zuhaitzen bat kendu behar bada, zuhaitz hori birlandatzeko aukera kontuan hartuko da beti. Horretarako, zuhaitz horiek ezin hobeto kontserbatu beharko dira, behin betiko lekuan birlandatu arte.

Jardunen inguruan lorategiz hornitutako guneren bati eraginez gero, gune horiek lehengoratu egingo dira.

– Azaleko urak babestea: lurrak mugitzearen ondorioz sortzen diren solido esekiak saihesteko, eta eraikuntza-hondakinen edo olio-hondarren isurketa posibleak saihesteko, aldi baterako dekantazio-putzuak eta sedimentuei eusteko barrerak ezarriko dira (jariatze-ura igaroko da horietatik), eta plataforma iragazgaitzak ezarriko dira dekantazio-putzuei eta koipea kentzeko tangei lotutako tresnak garbitzeko.

Itsas-lehorreko jabari publikoan edo haren babes-zortasunean jardunen bat egiteko, dagozkion baimenak eduki beharko dira, indarreko legediari jarraikiz eta, zehazkiago, Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1998 Legeari jarraikiz.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean jasotako zirkunstantzietako bat agertuz gero, lurzoruaren kalitateari buruzko deklarazioa, arau honetan aurreikusitakoa, izapidetu beharko da. Horrez gainera, kutsadura-zantzurik detektatuz gero, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatu beharko da.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira (112/2012 Dekretua, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duena).

Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioik obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira.

Kamioiak eta obrarako behar diren bestelako tresnak garbi eduki beharko dira, eta presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira horretarako.

Edonola ere, eraikin berrien barnean kalitate akustikorako helburuak betetzen direla bermatzeko neurri guztiak hartuko dira.

– Obraren garbiketa eta amaiera: obrak amaitzean, garbiketa-kanpaina bat egingo da obrek zuzenean eragin dituzten eremuetan eta horien ondoko zonetan.

– Eraikigintza eta eraikuntza jasangarria: IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikigintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko dagokion gidan jasotako gomendioak.

Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrietatik datorren energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.

– Kultura-ondarearen babesa: Kultura Ondarearen Zentroak emandako txostenean bildutakoaren arabera, Euskal Kultura Ondarearen Katalogoaren parte izateko interes-elementuak ditu Mundaiz multzoak eta, horregatik, komenigarria litzateke multzoa osatzen duten eraikinetako eragina minimizatzeko neurriak biltzea Plan Bereziak, multzoaren irudiari ahalik eta gutxien eragite aldera.

Bigarrena.– Donostiako EG. 17 Mundaiz eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumenean ondore kaltegarri esanguratsurik izango ez duela zehaztea, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, eta horrenbestez, ez zaiola ingurumen-ebaluazio arruntik egingo.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Donostiako Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, EG. 17 Mundaiz eremua Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 31.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala