Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

113. zk., 2018ko ekainaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
3051

1/2018 LEGEA, ekainaren 7koa, Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea aldatzekoa.

Eusko Legebiltzarrak 1/2018 Legea, ekainaren 7koa, Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea aldatzekoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

ZIOEN AZALPENA

Eusko Legebiltzarrak Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea onartu zuen, eta, horretarako, kiroleko dopinaren aurkako borrokan nazioartean aurreratuen dauden erakundeek onartutako printzipioak erabili ziren. Lehiaketa-kirolaren egitura piramidala denez, eta kirol-lehiaketek elkarren artean lotura dutenez lurralde-eremuetan eta -mailetan, esparru juridiko komuna behar da kiroleko dopinaren aurkako borrokan aritzeko.

Hori dela eta, 2003. urtean, Dopinaren aurkako Mundu Agentziak Dopinaren aurkako Mundu Kodea idatzi zuen, eta kode horren osagarri diren nazioarteko estandarrak ere zehaztu zituen. Testu horiek nazioarteko kirol-mugimenduak derrigor bete beharreko arau eta jarraibideen multzoa dira, eta horrekin batera, baita beharrezko erreferentzia ere dopinaren aurkako borrokan esku hartzen ari diren erakunde publikoentzat ere. Ekimen horien ondorioz, Unescok, 2005eko urriaren 19an izandako bileran, Kiroleko Dopinaren Aurkako Nazioarteko Konbentzioa onartu zuen. Espainiak ere berretsi duen konbentzio hori (2007ko otsailaren 16ko Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen) gure ordenamendu juridikoaren zati bat da, Konstituzioaren 96. artikuluan xedatutakoaren arabera. Nahiz eta Dopinaren aurkako Mundu Kodea ez izan konbentzioaren zati bat, konbentzioak dio sinatzaileak behartuta daudela kodeko printzipioak errespetatzera, kiroleko dopinaren aurkako borroka-moldeak estatu mailan eta nazioarte mailan koordinatzeari begira.

Bateratze-giro horretan, 2013ko azaroaren 12tik 15era, Dopinaren aurkako IV. Mundu Konferentzia egin zen Johannesburgen, Hegoafrikan. Bertan, zenbait kirol-erakunderen eta estaturen ordezkariek hartu zuten parte, eta 2015eko urtarrilaren 1ean indarrean sartu den Dopinaren aurkako Mundu Kode berria onartu zen.

Hauexek dira kode berri horrek dakartzan aldaketa esanguratsuenak:

– Dopinaren alorreko arau-hausteen tipifikazioan, indarrean dagoen 2009ko Kodeko arau-hausteak atxikitzen ditu kode berriak, baina jokabide berri batzuk ere zigortzen ditu.

– Atea irekitzen zaio lagin biologikoen analisiak egiteko aukerari Dopinaren aurkako Mundu Agentziaren egiaztapena ez duten laborategietan, baldin eta Agentziaren onarpena badute.

– Zehapenak aldatu egiten dira, halako moldez non etendura-epeak nabarmen luzatu diren.

– Dopinaren aurkako Mundu Kode berriak 10 urteko preskripzio-epea ezartzen du.

Horiek direla eta, Euskadik nahitaez egokitu beharra dauka, lehenbailehen, orain indarrean dagoen Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea Dopinaren aurkako Mundu Kode berrira.

Lege honek bermatu behar du dopinaren kontrako borrokaren alorrean herritarrek bi hizkuntza ofizialetatik edozein erabiltzeko duten eskubidea, eta errespeta daitezela kirolarien eta kirolarekin erlazionatutako gainerako pertsonen hizkuntza-eskubideak. Gogorarazi behar dugu botere publikoen erantzukizuna dela euskara erabiltzeko herritarren eskubidea bermatzea, eta gure hizkuntzaren ezagutza eta erabilera babestea eta sustatzea. Horretarako, kontuan hartuko da Euskararen Erabilera Normalizatzeko 10/1982 Legeak ezartzen duena.

Era berean, lege honek erantzuna emango dio emakume eta gizonen arteko berdintasunari, eta genero-ikuspegia onartuko du lege honen garapenean.

Bide batez, 12/2012 Legearen aldaketa baliatu dugu Dopinaren aurkako Euskal Agentzia –zeina Eusko Jaurlaritzan kirol arloan eskumena duen sailari atxiki baitzitzaion– legearen 10. artikuluan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari esleitzen zaizkion funtzioak gauzatzeko zerbitzu espezializatu gisa aitortzeko.

Azkenik, Euskadiko Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen arloan Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Bitariko Lankidetza Batzordearen akordioaren edukia erantsi da testuan.

Lehenengo artikulua.– Aldatu egiten da Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 10.1.u artikulua. Honela geratuko da artikulu hori:

«Dopin-kontroletan laginak hartzeko langileen prestakuntza bultzatzea, zeregin horretan hizkuntza ofizial bietan lanean aritzeko gaitasuna izango duten pertsonak trebatuz. Era berean, aintzat hartuko da genero-ikuspegia, laginak hartzeko taldean kirolariaren sexu bereko pertsona bat izan dadin, legeetan jasotzen denez».

Bigarren artikulua.– Aldatu egiten da Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 10.2 artikulua. Honela geratuko da artikulu hori:

«2.– Dopinaren aurkako Euskal Agentziak –kirolaren alorrean Eusko Jaurlaritzan eskumena duen sailari atxikitako administrazio-organo gisa– aurreko paragrafoan Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoari esleitzen zaizkion funtzioak beteko ditu.

Erregelamendu bidez zehaztuko dira bai agentzia horren antolaketa bai haren eginkizunen irismena, ahalmenak eta jarduteko prozedurak.

Aurreko zenbakiko f) letrako ikuskaritza burutu behar duten langileak agintari publikotzat joko dira lan horretan ari direla, eta beren zereginak betetzen dihardutenean jakiten dutena isilpean gorde beharko dute derrigor, baita lan hori utzi eta gero ere. Haien aktak egiazkotzat hartuko dira».

Hirugarren artikulua.– Aldatu egiten da Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 11.4 artikulua. Honela geratuko da artikulu hori:

«4.– Aholku Batzordean eta COVAUT batzordean, ahal dela, emakumeen eta gizonen presentziaren arteko oreka gordeko da, eta kideek bi hizkuntza ofizialak jakitea lehenetsiko da».

Laugarren artikulua.– Aldatu egiten da Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 12.9 artikulua. Honela geratuko da artikulu hori:

«9.– Kontrola egin ahal izango zaie Euskal Autonomia Erkidegoan egindako kirol-lehiaketa edo -jardueretan parte hartzen duten kirolariei, salbu eta lehiaketa edo jarduera horiek estatu mailako lehiaketa ofizialak eta nazioarteko kirol-federazioek edo dagokion erakunde olinpiko edo paralinpikoak antolaturiko nazioarteko kirol-lehiaketak badira.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak kasu batean bakarrik egin ahal izango dizkie kontrolak, lehiaketatik kanpo, estatu mailako lizentzia, Euskadiz kanpoko beste erkidegoren bateko lizentzia edo nazioarteko lizentzia duten kirolariei: Kirolean Osasuna Babesteko Espainiako Agentziaren eskariz edo erkidegoetako edo nazioarteko erakunde edo federazioen eskariz, eta aldez aurretik haiekin hitzarmen bat sinatuta.

Aplikatzekoa den legediaren arabera eskumena duen erakundeak izapidetuko ditu kontrol horien ondorioz ireki litezkeen zehapen- edo diziplina-espediente administratiboak.

Dena dela, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako dopin-kontroletako analisien behin betiko emaitzak dagozkion kirol-erakunde eskudunetara bidaliko dira».

Bosgarren artikulua.– 11., 12. eta 13. zenbakiak gehitzen zaizkio Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 13. artikuluari. Honela geratuko da artikulu hori:

«11.– Emaitzak kudeatzeaz arduratzen den dopinaren aurkako organoak B lagina ere analizatzea erabaki dezake, bere irizpideetan oinarrituta, nahiz eta kirolariak ez eskatu lagin horren analisirik.

12.– Dopinaren aurkako arauak hautsi direla frogatzeko, nahikoa izango da:

a) Kirolariak B lagina analizatzeari uko egiten dionean –eta, beraz, analisi hori egiten ez denean–, A laginean debekaturiko substantzia bat edo haren metabolitoak edo markatzaileak agertzea.

b) Kirolariaren B lagina analizatu, eta berresten baldin bada A laginean agertutako substantzia debekatua edo haren metabolitoak edo markatzaileak agertzen direla.

c) Kirolariaren B lagina bi flaskotan banatzen denean eta bigarren flaskoko analisiak berresten baldin badu lehenengo flaskoan agertutako substantzia debekatua edo haren metabolitoak edo markatzaileak agertzen direla.

13.– Dopinaren aurkako organoaren betebeharra izango da dopinaren aurkako araudia urratu dela frogatzea. Eginkizun horretan, balio zientifikoa aitortuko zaie Dopinaren aurkako Mundu Agentziak onartutako metodo analitikoei edo erabakitzeko mugei, baldin eta kanpo-berrikusketa batek aztertzen baditu eta komunitate zientifikoaren irizpean jartzen badira».

Seigarren artikulua.– Aldatu egiten da Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 14.1 artikulua. Honela geratuko da artikulu hori:

«1.– Erregelamendu bidez zehaztuko diren klubek eta gainontzeko kirol-erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak behar bezala erregistratutako liburu bat izan eta bete beharko dute nahitaez. Liburu horren osotasuna bermatuko da, eta bertan kirolariei beren zuzendaritzapean agindu dizkieten tratamendu terapeutikoak jaso beharko dituzte, baldin eta kirolariek inskripzio hori egitea onartzen badute. Liburu hori osasun-agiritzat hartuko da datuen zaintza eta babesaren ondorioetarako. Liburua hizkuntza ofizial bietako edozeinetan erredaktatu ahal izango da».

Zazpigarren artikulua.– Aldatu egiten da Dopinaren Kiroleko aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 16.3 artikulua. Honela geratuko da artikulu hori:

«3.– Aurreko zenbakian adierazitako laginak aire, gernu, odol edo beste edozein fluidotatik hartutakoak edo lagin txikiak izango dira, erregelamendu bidez zehaztutako moduan. Bertan adieraziko da nola baliozkotzen diren, ondorio hauetarako, analisien prozedurak. Emaitzak kudeatzeaz arduratzen den dopinaren aurkako organoak kirolariari A eta B laginen analisien emaitzak jakinarazi baino lehen, lagin horien analisi osagarriak egin ahal izango dira».

Zortzigarren artikulua.– Aldatu egiten da Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 18.3 artikulua. Honela geratuko da artikulu hori:

«3.– Kirolariei lege honen aplikazio-eremuan egindako dopin-kontroletan, laginen analisiak Dopinaren aurkako Mundu Agentziaren nazioarteko egiaztapena duten laborategietan egin beharko dira, hau da, Estatuak homologatutakoetan edo Agentzia horrek berak onartutakoetan».

Bederatzigarren artikulua.– Aldatu egiten da Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 19.1 artikulua. Honela geratuko da artikulu hori:

«1.– Nazioarteko konpromiso eta obligazioen esparruan, eta aintzat harturik Osasuna Babesteko eta Kiroleko Dopina Borrokatzeko azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoaren 12.1 artikuluan aurreikusitakoa, Estatuaren Administrazio Orokorrak Estatuko Aldizkari Ofizialean egiteko agintzen duen argitalpenaz gain, Eusko Jaurlaritzan kirolaren eskumena duen sailburuak aginduko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko kirolean debekatuta dauden substantzien eta metodoen zerrenda. Gainera, zerrendan aldaketak egiten diren guztietan, berriro egingo da argitalpena».

Hamargarren artikulua.– Aldatu egiten da Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 21.1 artikulua. Honela geratuko da artikulu hori:

«1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egiten diren kirol-jardueretan –lehiakorretan zein lehiaz kanpokoetan– gertatzen diren egiteei edo ez-egiteei aplikatuko zaie, bidezkoa den heinean, lege honetan dopinari buruz jasotzen den arau-hausteen eta zehapenen araubidea. Ez da beharko lotura bereziko harremanik egon dadin. Edonola ere, kanpoan geldituko dira nazioarteko kirol-federazioek edo nazioarteko erakunde olinpikoek edo paralinpikoek antolaturiko estatu edo nazioarte mailako kirol-lehiaketa ofizialetan gertatzen diren egite edo ez-egiteak».

Hamaikagarren artikulua.– 22 bis artikulua gehitzen zaio Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legeari. Honela geratuko da artikulu hori:

«22 bis artikulua.– Behin-behineko etendura.

1.– Baldin eta debekaturiko metodo batekin edo substantzia espezifiko bat ez den debekaturiko substantzia batekin loturiko aurkako emaitza analitikoren bat jasotzen bada, diziplina-araubidearen esparruan edo administrazio-zehapenen araubidearen esparruan, lizentziaren behin-behineko etendura ezarriko da berehala, behin egiaztatuz gero ez dela erabilera terapeutikoko baimenik eman eta ez dela emango, edota ez dela gertatu kontrol eta ikerketetarako nazioarteko estandarren itxurazko desbideratzerik edo laborategietarako nazioarteko estandarren desbideratzerik. Behin-behineko etendura horren ondorioz, ezinezkoa izango da lizentzia lortzea eta debekatuta egongo da kirol-lehiaketetan parte hartzea etendurak irauten duen bitartean.

2.– Ezingo da behin-behineko etendurarik ezarri, ez badira Dopinaren aurkako Mundu Kodean jasotako berrikusketa- eta jakinarazpen-prozesuak erabiltzen, edota etenduraren aurretik –edo haren ondoren, urgentziaz– kirolariari entzunaldiaren izapidea izateko aukerarik ematen ez bazaio.

3.– Etenaldia ezin izango da sei hiletik gorakoa izan, salbu eta interesdunari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla-eta prozedura geldiarazten edo luzatzen bada.

4.– Kirolariak frogatzen badu arau-haustearen jatorria seguru asko produktu kutsatu bat izan zela, bertan behera utzi ahal izango da nahitaezko behin-behineko etendura.

5.– Nahitaezko behin-behineko etenduraz gainera, aukerako behin-behineko etendura ere aplikatu ahalko da, Dopinaren aurkako Mundu Kodearen 7.9.2 artikuluan aipatutako kasu eta baldintzetan».

Hamabigarren artikulua.– m) letra gehitzen zaio Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 23.1 artikuluari. Honela geratuko da artikulu hori:

«m) Kirolari batek edo dopinaren aurkako organo baten agintearen mendeko pertsona batek lotura profesionala edo kirol-mailako lotura izatea dopinaren alorreko arau-hauste batengatik zehapen penala, diziplinazko zehapena edo administrazio-zehapena jaso duen beraren inguruko pertsona batekin, betiere dagokion dopinaren aurkako organoak idatziz jakinarazi badio kirolariari edo agintepeko pertsonari beraren inguruko pertsonaren egoeraz eta lotura horrek ekar dezakeen zehapenaz, Dopinaren aurkako Mundu Kodeak agintzen duen eran. Arau-hauste honetan sartzen da, halaber, lotura debekatua duten pertsonen estaltzaile edo haien bitartekari diren pertsonekin loturarik izatea».

Hamahirugarren artikulua.– Aldatu egiten da Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 24. artikulua. Honela geratuko da artikulu hori:

«24. artikulua.– Kirolariei ezartzekoak diren zehapenak.

1.– Lege honen 23. artikuluaren lehenbiziko zenbakiko a), b), e), g), h), i), j), k) eta l) letretan aurreikusitako arau-hauste oso astunak eginez gero, lizentzia bi urtetik lau urte arteko aldi batean eteteko, kentzeko edo ezin eskuratzeko zehapenak ezarriko dira –hargatik eragotzi gabe 28. artikuluan aurreikusitako edozein murrizketa–, eta, horretaz gainera, hala badagokio, 3.001 eurotik 12.000 euro arteko isuna.

2.– 23.1 artikuluko c) eta f) letretan jasotzen diren arau-hausteetan, etendura-epea lau urtekoa izango da, salbu eta laginik hartzen ez bada eta kirolariak frogatzen badu dopinaren aurkako arauak ez zituela beren-beregi urratu, orduan etendura-epea bi urtekoa izango baita.

3.– Lege honetako 23.1.d) artikuluan jasotzen diren arau-hausteetan, etendura-epea bi urtekoa izango da, hasiera batean, nahiz eta urte batera murriztu ahal izango den, kirolariaren erruduntasun-maila aintzat hartuta. Urte batetik bi urtera arteko zehapen murriztua ez zaie aplikatuko lokalizazioaren azken orduko aldaketak direla-eta edo bestelako jokamoldeak direla-eta kontrolei muzin egitekotan dabiltzala pentsatzeko aski susmo sendoa sorrarazten duten kirolariei.

4.– Lege honetako 23.1 artikuluko h) eta i) letretan aipaturiko arau-hausteak direla eta, baldin eta kirolari adingabe bat tartean badago eta arau-hauslea kirolarien laguntzako pertsonaren bat bada eta substantzia ez-espezifikoekin lotura duen arau-haustea bada, etendura betiko izango da.

5.– Lege honetako 23.1.m) artikuluan jasotzen diren arau-hausteetan, etendura-epea bi urtekoa izango da, hasiera batean, nahiz eta urte batera arte murriztu ahal izango den, kirolariaren erruduntasun-maila eta kasuko inguruabarrak aintzat hartuta.

6.– Lege honetako 23. artikuluaren bigarren zenbakian aurreikusitako arau-hauste astunak egiteagatik, federazio-lizentzia hiru hilabetetik bi urtera arteko aldi batean eteteko, kentzeko edo ezin eskuratzeko zehapena ezarriko da, eta, hala badagokio, 1.500 eurotik 3.000 euro arteko isuna ezarriko da.

7.– Baldin eta kirolariak, erabilera terapeutikoko baimena edukitzeko behar bezalako mediku-justifikazioa izanik, ez badu eskatu, edo aurretik zuen baimenaren indarraldia iraungi egin bada, lehendabiziko aldian ohartarazpena ezarriko zaio, betiere kontrolean analisiaren emaitza aurkakoa bada. Zehapen horrez gain, klubak ere jaso dezake diru-zehapena, halako ez-egiteetan izandako arduragabekeriagatik».

Hamalaugarren artikulua.– 24 bis artikulua gehitzen zaio Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legeari. Honela geratuko da artikulu hori:

«24 bis artikulua.– Arau-hauste anizkoitzengatiko zehapenak.

1.– Bigarrenez urratzen badira dopinaren aurkako arauak, hauek izango dira etendura-epeak:

a) Sei hil.

b) Dopinaren aurkako lehenengo arau-haustean ezarritako etendura-epearen erdia, inongo murrizketarik kontuan hartu gabe.

c) Bigarren arau-hausteari lehenengoa izango balitz aplikatu beharko litzaiokeen etendura-epea halako bi, inongo murrizketarik kontuan hartu gabe.

Benetan aplikatuko den etendura-epea hiru horietatik luzeena izango da.

2.– Hirugarrenez urratzen badira dopinaren aurkako arauak, etendura betiko izango da, bi kasutan izan ezik: hirugarren arau-hauste horrek badakar lokalizatzeko moduan egotearen betebeharra urratzea edo hirugarren arau-hauste horrek zehapenak baliogabetzeko edo murrizteko baldintzak betetzen baditu. Kasu horietan, etendura-epea zortzi urtekoa izango da, gutxienez, eta betiko etendura, gehienez.

3.– Dopinaren aurkako arau-haustearen kasu batean kirolariak frogatzen badu ez duela errurik edo zabarkeriarik izan, kontaketari dagokionez, ez da aurreko arau-haustetzat joko.

4.– Dopinaren aurkako arau-hauste bat bigarren arau-haustetzat joko da bakarrik egiaztatzen bada arau-hausleak bigarrena egin orduko lehendabizikoaren berri jadanik jasoa zuela edo dopinaren aurkako organoak behar bezala egiaztatzen badu saiatu dela jakinarazpen hori egiten indarreko araudiak agintzen duen eran.

Dopinaren aurkako organoak hori frogatzen ez badu, arau-hausteak arau-hauste bakar bat –lehendabizikoa– balira bezala joko da, eta hari ezarri beharreko zehapenak zehapenik larriena dakarren arau-haustea izango du oinarri.

5.– Lehenengo arau-haustea ebatzi ondoren dopinaren aurkako organo batek aurkitzen baditu lehenengo arau-hauste hori jakinarazi baino lehenago egindako dopinaren aurkako arauen urraketa batekin loturiko gertakariak, zehapen gehigarri bat jarriko du dopinaren aurkako organo horrek, arau-hauste biak batera gertatu izan balira jarriko zitzaiokeena, alegia.

6.– Arau-hausteak anizkoiztzat jotzeko, nahitaezkoa izango da arau-hauste horiek hamar urteko epean gertatzea.

7.– Dopinaren aurkako Mundu Kodearen 10.6 artikuluan aipatutako kasuetan etendura-epea murriztu ahal izango da».

Hamabosgarren artikulua.– 4., 5., 6., 7., 8., 9., 10. eta 11. zenbakiak gehitzen zaizkio Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 28. artikuluari. Honela geratu da artikulu hori:

«4.– Bi urtetik lau urterako zehapena duten arau-hauste oso larrientzako aurreikusitako etendura-epeak aplikatzeko irizpideak, honako hauek izango dira:

a) Espezifikotzat jotzen ez diren substantziak tartean daudela lehenengo arau-hauste oso astun batengatik ezarritako etendura-epea lau urtekoa izango da, hasiera batean. Kirolariak egiaztatzen badu arau-haustea ez duela beren-beregi egin, etendura-epea bi urtekoa izan ahalko da.

b) Espezifikotzat jotzen diren substantziak tartean daudelarik dopinaren aurkako organoak frogatzen badu arau-haustea beren-beregi egin dela, etendura-epea lau urtekoa izango da. Bestela, orduan etendura-epea bi urtekoa izango da.

5.– Jokabidean beren-beregi jardun dela ebatziko da baldin eta kirolaria jakitun bazegoen bere jokamoldearekin dopinaren aurkako arauak urratzen zituela edo jakitun bazegoen horretarako arrisku-maila handia zegoela eta, hala ere, arrisku horri muzin egin bazion.

6.– Lehiaketetan bakarrik debekatuta dagoen substantzia batengatik aurkako emaitza analitiko baten ondorioz gertatzen den dopinaren arau-haustea ez dela beren-beregi egin joko da, kontrako frogarik ezean, baldin eta substantzia ez-espezifikoa bada eta kirolariak frogatzen badu debekaturiko substantzia hori lehiaketatik kanpo erabili duela.

7.– Kirolariak edo dopinaren aurkako arauen mendean dagoen beste edozein pertsonak frogatzen badu, kasu jakin batean, ez dagoela beraren aldetik erruzko jokabiderik edo jokabide axolagaberik, ez da etendura-eperik aplikatuko.

8.– Kirolariak frogatzen badu detektatutako substantzia debekatuaren jatorria produktu kutsatu bat izan zela, etendura-epea ohartarazpen bat izango da, gutxienez, eta bi urteko etendura, gehienez, erruduntasun-maila aintzat hartuta. Erruduntasun-maila zehazteko, kontuan hartuko da produktu kutsatuari buruz kontrol-inprimakian kirolariak egin duen deklarazioa.

9.– Kirolariak edo lege honen mende dagoen edonork bere kabuz aitortzen badu dopinaren aurkako arauak urratu dituela, eta aitorpena egiten badu urraketa hori egiazta dezakeen lagina biltzeko jakinarazpena jaso baino lehen, eta une horretan aitorpena baldin bada arau-haustearen inguruan dagoen froga fidagarri bakarra, etendura-epea murriztu ahal izango da. Murrizketa hori ezin da izan, inolaz ere, bestela aplika zekiokeen etendura-epearen erdia baino txikiagoa.

10.– Kirolariak edo beste edonork, laginak hartzeari uko egiteagatik edo probak aldatzeagatik lau urteko zehapenaren mende daudela, bat-batean dopinaren aurkako arauak urratu izana aitortzen badute, bi urtera arteko etendura-epearen murrizketa izan dezakete, arau-haustearen larritasuna eta erruduntasun-maila aintzat hartuta.

11.– Zehapenen ondorioz, ezinezkoa izango da Euskadiko instalazio publikoetako inolako lehiaketatan parte hartzea, lizentziaren etenaldiak, kentzeak edo eskuratzeko ezintasunak irauten duen bitartean».

Hamaseigarren artikulua.– 4. eta 5. zenbakiak gehitzen zaizkio Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 29. artikuluari. Honela geratuko da artikulu hori:

«4.– Zehapen ekonomikoak jarriko dira bakarrik gehieneko etendura-epea jadanik ezarri den kasuetan.

5.– Dopinaren aurkako organoek dopinaren aurkako arau-hausteek eragindako gastuen errekuperazioa jaso ahal izango dute beren araudi propioan».

Hamazazpigarren artikulua.– Aldatu egiten da Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 30.2 artikulua. Honela geratuko da artikulu hori:

«2.– Analisiaren emaitza aurkakoa gertatu den lehiaketako kirol-emaitzak automatikoki baliogabetzeaz gainera, baliogabetu egingo dira halaber lagina jaso den egunetik edo dopinaren aurkako beste arau-hauste bat egiten denetik aurrera eta behin-behineko edozein etendura edo etenaldi gertatu arteko gainerako kirol-emaitza guztiak, horrek dakartzan ondorio guztiekin –baita dominak, puntuak eta sariak kentzea ere–, edozein behin-behineko etendura edo etendura-epe hasi arte, ekitate-arrazoiengatik salbu».

Gainera, 5. zenbakia gehitzen da. Honela idatzita geratuko da apartatu hori:

«5.– Aurreko zenbakietan esandakoak ez zu ezertan eragozten hirugarren kaltedun batzuek beren eskubideak baliatzea eta erantzukizun-akzioak egikaritzea, izandako kalte-galerak konpontzeari begira».

Hemezortzigarren artikulua.– 31 bis artikulua gehitzen zaio Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legeari. Honela geratuko da artikulu hori:

«31 bis artikulua.– Lizentzia eteten den bitarteko estatusa.

1.– Lizentzia etenda duen bitartean, ez kirolariak ez beste inork ezingo du parte hartu, inola ere, Dopinaren aurkako Mundu Kodea sinatu duten entitateek edo sinatzaile horietako baten erakunde batek antolatutako ezein lehiaketa edo jardueratan. Debeku horretatik kanpo gelditzen da heziketa-programetan edo errehabilitazio-programetan parte hartzea.

Debeku horren ondorioz, lizentzia etenda duen pertsonak ezingo du parte hartu entrenamenduetan, erakustaldietan edo antzeko jardueretan, ezta karguak bete edo erantzukizunak izan edo funtzio administratiboak burutu kirol-erakundeetan edo dopinaren aurkako organoetan.

2.– Lau urtetik gorako etendura-epea ezartzen zaion kirolariak edo pertsonak eskubidea izango du, lau urte igaro eta gero, lehiaz kanpoko kirol-ekitaldietan edo tokiko kirol-ekitaldietan parte hartzeko, baldin eta kirol-modalitate hori arau-haustea egin zuena ez beste bat bada edo harekin erlaziorik ez badu. Parte-hartze hori udal edo eskualde mailakoa izango da, ez hortik gorakoa, eta ezin dio zehapena jaso duen pertsonari aukerarik eman zuzenean edo zeharka goragoko maila bateko txapelketa baterako sailkatzeko; ezin dio aukerarik eman, halaber, kirolari adingabeekin lanean jarduteko.

3.– Etendura ezarri zaion kirolariak etendura-epearen azken bi hiletan eskubidea izango du talde batekin berriz ere entrenatzeko edo klub edo kirol-erakunde baten instalazioak erabiltzeko; etendura-epea bi hiletik beherakoa bada, eskubide hori epearen azken laurdenean baliatu ahal izango du.

4.– Lege honen arabera lizentzia lortzeko aldi baterako zigorra jaso duten lizentziarik gabeko kirolariei ere aplikatuko zaie artikulu honetan esandakoa».

Hemeretzigarren artikulua.– Aldatu egiten da Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 34. artikulua. Honela geratuko da artikulu hori:

«34. artikulua.– Arau-hausteak eta zehapenak preskribatzea.

1.– Ezin da dopinaren aurkako arauak hausteagatik prozesurik hasi lege honen mendean dagoen pertsona baten aurka, prozesua ez bada hasten arau-hauste egiten den egunetik hamar urte igaro baino lehen.

2.– Falta oso astunengatik ezarritako zehapenak hiru urteren buruan preskribatuko dira, eta falta astunengatik ezarritakoak, bi urteren buruan.

3.– Baldin eta, pertsona edo erakunde interesdunaren jakinaren gainean, diziplina- edo zehapen-prozedurari ekiten bazaio, eten egingo da arau-hausteen preskripzioa; nolanahi ere, espedientea, erantzuleari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, hilabete baino luzaroago geldirik egoten bada, preskripzio-epea zenbatzen jarraituko da. Aurreko hori gorabehera, preskripzioaren etendurak bere horretan jarraituko du, prozedura lege honen 32. artikuluan aurreikusitako kausaren batengatik eten bada; nolanahi ere, preskripzio-epea zenbatzen jarraituko da, legez prozedurari berrekin ahal zaionetik hilabete igaro denean.

4.– Era berean, laguntza emateagatik zehapenaren azkentzea eragiten duen prozedura hasten bada, zehapenen preskripzio-epea eten egingo da; nolanahi ere, epea zenbatzen jarraituko da prozedura azkentzerik gabe amaitu eta ebatzi denetik hilabete igaro denean».

Hogeigarren artikulua.– Aldatu egiten da Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 36.2 artikulua. Honela geratuko da artikulu hori:

«2.– Aurreko hori gorabehera, beste administrazio-organo batzuek ez dute galduko animaliek parte hartzen duten kirol-lehiaketetan dopinaren kontra jazartzeko dagokien eskumena, ezta beste organo batzuek ere Herritarren Segurtasunaren Babeserako martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoak xedatutakoaren ondorioz dagokiena».

Gainera, 3. zenbakia gehitzen zaio 36. artikuluari. Honela idatzitako geratuko da:

«3.– Artikulu honek jasotzen ez dituen gaietan, diziplina-prozeduren alorreko eskumenari buruzko irizpideak aplikatuko dira (hurrengo artikuluan azaltzen dira irizpide horiek), baldin eta bateragarriak badira administrazio-zehapenak ezartzeko ahalaren izaerarekin».

Hogeita batgarren artikulua.– 6., 7., 8., 9. eta 10. zenbakiak gehitzen zaizkio Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 37. artikuluari. Honela geratuko da artikulu hori:

«6.– Dopin-kontrolen emaitzak kudeatzeko ardura, hasiera batean, laginak biltzeko lana hasi edo burutu duen dopinaren aurkako organoarena izango da. Laginik biltzen ez bada, kudeaketa horren ardura izango da ustezko arau-hausleari dopinaren aurkako arauak urratu dituela lehendabizikoz jakinarazten dion eta gero arau-haustea arduraz pertsegituko duen dopinaren aurkako organoarena.

7.– Dopinaren aurkako organoen artean gatazkarik sortzen bada, emaitzak kudeatzeko ardura nork duen, Dopinaren aurkako Mundu Agentziak ebatziko du gatazka.

8.– Laginak biltzeko lana hasi eta burutzen duen dopinaren aurkako organo batek beste entitate baten esku uzten badu emaitzak kudeatzeko lana, egiaztatu beharko du eskuordetza jaso duen entitate horren arauak bat datozela Dopinaren aurkako Mundu Kodearekin.

9.– Kirolariak lokalizatzeko betebeharrak urratzetik eratortzen diren emaitzak kudeatzeko eskumena kirolariak lokalizazioari buruzko datuak bidali behar zituen dopinaren aurkako organoarena izango da.

10.– Emaitzak kudeatzeko prozedura batean kirolariak atzera egiten badu, prozedura daraman dopinaren aurkako organoak eskumena izango du prozedura bururaino eramateko».

Hogeita bigarren artikulua.– 38 bis artikulua gehitzen zaio Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legeari. Honela geratuko da artikulu hori:

«38 bis artikulua.– Zehapenen zabalkundea.

1.– Dopinaren aurkako arauren bat urratzearen ondorioz kirolari batek edo beste pertsonaren batek arau-hauste oso astunagatik zehapenik jasotzen badu, arau-hauslearen identitatearen jendaurreko zabalkundea egin beharko du emaitzak kudeatzeko lanaren ardura duen dopinaren aurkako organoak, hogei eguneko epean zehapena irmoa den egunetik zenbatuta. Zehapena jasotzen duen pertsona jakitun ipini behar da zabalkunde horretaz.

2.– Dopinaren aurkako organoak arau-haustea nolakoa den jakinarazi behar du, zer kirol-modalitatetan gertatu den, dopinaren aurkako zer araudi urratu den, zein den zehapena jaso duen pertsonaren izena eta zer zehapen jarri diren. Zabalkundean ez da emango erabilitako metodo edo substantziari buruzko daturik, salbu eta erabat nahitaezkoa bada.

3.– Horren guztiaren berri dopinaren aurkako organoaren webgunean emango da, eta hilabete batez egongo da ikusgai. Etendura-epea hilabetetik gorakoa bada, epe horretan egongo da ikusgai. Zehapenaren iraunaldia amaitzen denean, kendu egin beharko da informazio hori.

Behar diren neurriak hartu beharko dira, Interneten argitaratutako informazioa bilaketa-tresnen bitartez kapturatu edo indexatu ez dadin.

Edozein kasutan, Dopinaren aurkako Euskal Agentziaren web-orrian ohartarazi beharko da ezen argitaratutako informazioa ezingo dela gero tratatu bestelako helburuetarako.

4.– Arau-hauslea adingabea denean ez da egingo artikulu honetan azaldutako zabalkundea. Adingabe bat tartean dela egiten den komunikazio publikoa kasuan kasuko gertakari eta inguruabarren araberakoa izango da».

Hogeita hirugarren artikulua.– Aldatu egiten da Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 41.1.a artikulua. Honela geratuko da artikulu hori:

«a) Informazioko eta prestakuntzako programak kirol federatuaren, eskola-kirolaren eta unibertsitate-kirolaren eta beste kirol-adierazpen ez-lehiakor batzuen esparruan. Programen eskaintza hizkuntza ofizial bietan izango da, eta euskara lehenetsiko da 18 urtetik beheragokoentzako programetan».

Hogeita laugarren artikulua.– Aldatu egiten da Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 41.1.d artikulua. Honela geratuko da artikulu hori:

«d) Dopinaren gaineko ikerketa-programak, hainbat ikuspegitatik: kulturalak, soziologikoak, etikoak, kirolekoak, medikoak, generokoak eta beste zernahi antzeko».

Hogeita bosgarren artikulua.– Aldatu egiten da Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 42.1 artikulua. Honela geratuko da artikulu hori:

«1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak kirolaren eremuko dopinari buruzko informazio-sistema bat ezarriko du, zeinak bi hizkuntza ofizialetan lan egiteko ahalmena izango duen. Sistemak horrek ezaugarri hauek izango ditu kontuan besteak beste: sexuaren aldagaia kirolariei buruzko datuak jasotzean eta ustiatzean, kirolarien itxaropenen eta iritzien analisi berezituak egin ahal izatea, eta genero-adierazleak izatea».

Hogeita seigarren artikulua.– Aldatu egiten da Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 45.3 artikulua. Honela geratuko da artikulu hori:

«3.– Osasun-txartelak honako hauei guztiei buruzko informazioa jasoko du: kirolariak aukeratutako harreman-hizkuntza, azterketa medikoak, osasun- eta dopin-kontrolak –kasuan kasuko lizentzia eskuratzen duen unetik kirolariari egiten zaizkionak–, haien emaitzak eta medikuak hartzen dituen erabakiak, kirolariaren osasun-laguntza egokia izan dadin kontuan hartu beharrekoak. Eta baita, horrez gain, kirolariak eskuratutako erabilera terapeutikoko baimenei buruzko datuak, eta kirolariaren lan-bajei eta kirol-bajei buruzkoak. Erregelamendu bidez zehaztuko da informazio horren norainokoa eta dagokion dokumentazioa igortzeko modua, kirolariaren hizkuntza-hautua errespetatuko delarik ezinbestean».

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lege honetan xedatutakoa betetzean, administrazio publikoek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte herritarrek administrazio publiko horiekin dituzten harremanak haiek nahi duten hizkuntza ofizialean izan daitezen, ahoz zein idatziz, horrela bermatuko baita arreta hizkuntza horretan berean jasotzeko herritarrek duten eskubidea.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Lege hau indarrean sartu aurretik dopinaren alorrean egin diren arau-hausteak aurreko araudiaren mende egongo dira, salbu eta arau berrian aurreikusitako erregulazioa onuragarriagoa den espedientea jaso duten pertsonentzat.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Lege hau indarrean sartu aurretik kiroleko dopina zigortzeko alorrean hasi diren diziplina-prozedurak aurreko araudiaren mende egongo dira, salbu eta interesdunak bere kabuz lege hau aplikatzea aukeratzen duen.

AZKEN XEDAPENA

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 7a.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala