Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2018ko ekainaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3036

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 30ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dei egiten baitzaie Hezkuntza Sailarekin lankidetzan jardun nahi duten irabazi-asmorik gabeko erakundeei eskola-esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak garatzeko 2018-2019 ikasturtean (L2. Hezkuntza inklusiboa eta aniztasunaren arreta).

Heziberri 2020 Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planaren L2 lerro estrategikoaren arabera, zeina hezkuntza inklusiboa eta aniztasunari eman beharreko arreta bultzatzeari buruzkoa baita, agindu hau justifikatzen da. L2.1 epigrafean, berariaz adierazten da hau: etnia dela-eta diskriminatzailea ez den eskolatzea bermatuko da, ikasle ijitoen harrera, prozesu eta arrakasta akademikoa optimizatzeko.

Hezkuntza-sistemak behar diren estrategiak eta baliabideak izan behar ditu, ikasle ijitoak, eskola-arrakasta lortzeko, gainontzeko ikasleen egoera berberetan egon daitezen.

Eskolak biztanleria guztia hartzen du, derrigorrezko eskolaldian behintzat. Eta eskolaldi hori nahitaezko izanik, honako konpromiso hau du: pertsona guztiei beren ahalmen-gaitasunak ahalik eta gehien gara ditzaten erraztea, gizarteratzeko eta laneratzeko aukera izan dezaten berdintasun-baldintzetan.

Helburu horiek lortu eta ijito-herriak zor zaion lekua izan dezan, kulturarteko hezkuntza-proiektu bat behar du eskolak, indarra jar dezan desberdintasunak gainditzeko eta ikasle bakoitzaren premiak kontuan hartzeko. Segregazio-proposamenak alde batera utzita, eskola inklusiboaren esparrua funtsezkoa da helburu horiek lortzeko gizarte-kohesioko eta berdintasuneko testuingurua lortzeko, betiere desberdintasuna errespetatuz.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan 0 urtetik aurrera bermatzen da hezkuntza, eta derrigorrezkoa da 6 urtetik 16 urtera bitartean. Dena den, haurrak adin zehatz batzuetan eskolatze hutsak ez du, hezkuntzari begira, berdintasuna bermatzen.

Nahiz eta haien eskolaratzeari dagokionez, aurrerapen handiak izan azken urteetan, ikasle ijitoen eskola-arrakasta ez dago gure erkidegoko ikasle gehienek duten maila berean. Honako oztopo hauek daude oraindik:

– ijitoen kulturarekiko ezjakintasuna eta ijito-herriaren egiazko egoerari eta ijito-familien garapena oztopatzen duten dinamikei edo barrerei, eta, oro har, egungo gizartean berdintasun-ezak areagotu arazten dituzten dinamikei buruzko hausnarketarik eza;

– ijitoei buruzko aurreiritzi eta estereotipo ugari egotea, ia beti negatiboak, eta

– itxaropen gutxi egotea ikasteko aukerei edo interesari begira, eta horrek era negatiboan eragitea ikasleen itxaropenei, baita eskolari eta prestakuntza orokorrari begira dauden jarrerei ere.

Oztopo horiek gainditzeko, Hezkuntza Saila ikasle ijitoen eskolatzea hobetzeko plana garatzen ari da, eta, era berean, kolektibo horri parte harrarazi nahi dio ikasle guztien aniztasunari erantzun bat emateko helburuz egiten diren beste zenbait neurritan, programetan eta abarretan.

Testuinguru horretan, dei egiten zaie ikastetxeekin lankidetzan arituz 2018-2019 ikasturtean garatu beharreko hezkuntza-jardueren proiektuak aurkezteko interesa duten erakundeei.

Deialdi hau administrazio publikoen diru-laguntzak arautzen dituzten printzipioei jarraikiz ebatziko da –publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak–, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean ezarritako baldintzetan, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu baitzuen, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan zehaztutako oinarrizko araudiaren arabera, eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin bat etorriz. Aginduan, proiektu horiek aurkezteko mekanismoak eta epeak eta berauen artean aukeratzeko prozesuak finkatzen dira, eta argitara ematen dira irizpideak eta aukeratze horren arduradunak.

Horregatik, kontuan hartuta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua –Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko diru-laguntzak erregulatzeari buruzkoa–, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia –zeinaren bidez onesten baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua–, eta aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoenez Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 5/2017 Legean onartutako kredituen arabera, eta aintzakotzat izanik aplikatu daitezkeen gainerako xedapenak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Aindu honen xedea da diruz laguntzea irabazi-asmorik gabeko erakundeek 2018-2019 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko eskola-esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak garatzeko aurkezten dituzten proiektuak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetara laurehun hogeita hamabost mila zortziehun eta laurogeita hamar (435.890) euroko zenbatekoa bideratzen da, lurraldeka honela banatuta:

a) Araba: 73.395 euro.

b) Gipuzkoa: 101.990 euro.

c) Bizkaia: 260.505 euro.

2.– Diru-laguntzak hiru prozedura erabiliz esleituko dira, aipatutako lurraldeetan banaturik. Eskaerei erantzun ondoren hiru prozeduretako edozeinetan dagokien kontsignazio ekonomikoa agortzen ez bada, soberakina beste bi prozedurei dagozkien laguntzak ordaintzeko erabili ahal izango da.

3.– Kopuru hori handitu ahal izango da, deialdia ebatzi baino lehen, Hezkuntza Saileko beste programa batzuk gauzatu ondoren lortzen diren agortu gabeko aurrekontu-baliabideen arabera, eskabideen kostu globala aintzat hartuta. Zenbatekoa aldatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da horren berri, Hezkuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, irakasleen zuzendaritzapean, ijitoen eskola-arrakasta areagotzeko eta ijitoak dauden ikastetxeetan kulturen arteko bizikidetza hobetzeko asmoz egiten diren jarduera guztiak.

2.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak eskola-ordutegian zein eskolaz kanpoko ordutegietan garatuko dira eskola-egutegiaren barruan, irakasleekin lankidetzan. Jarduera horiek alderdi hauek barne hartuko dituzte:

a) Ikasle ijitoen eskola-arrakasta handitzekoak:

I. Zenbait ekintzetan lankidetzan jardutea –ekintza horiek irakasleek diseinatu eta gainbegiratuko dituzte, eta, hori dela eta, eskola-inklusioaren ikuspegitik zeharkako konpetentzien garapena bultzatzeko laguntza emango die ikasleei–, lehentasuna talde-ikasgelaren barnean egiten den lanari emanez beti.

II.– Ikastetxearekin lankidetzan jardutea, ikaskuntza hobetzen laguntzen duten eskola-programetan eta eskolatik kanpoko programetan, ikasle ijitoek jarduera horietan gehiago parte hartu dezaten (Bidelaguna, ikastetxeko eta auzoko liburutegiak, tailer sozioedukatiboak, eskolatik kanpoko jarduerak...).

III.– Ikasleen banakako jarraipenean tutoreekin lankidetzan jardutea, irizpide inklusiboetan oinarrituta egiten diren tutoretzatan ere parte hartuz.

IV.– Taldeko tutoretza-saioetan parte hartzea, tutoreek hala eskatzen dutenean.

V.– Ijito-herriari ikastetxe barruan bistaratzen laguntzeko jarduerak.

VI.– Ikasle ijitoen arrakasta sustatzen eta zabaltzen dutenak, esaterako, ikastetxean eskola-arrakasta izan duten ijitoak egotea edo ikasle ijitoekin topaketak egitea.

b) Hezkuntza-komunitatean kultur arteko bizikidetza hobetzera zuzendutakoak:

I.– Seme-alaben hezkuntza-prozesuan familien parte-hartzea sustatzen duten jarduerak, erantzukizunaren, lanaren eta ikasketa- nahiz lan-ohituren garapenean laguntzeko.

II.– Bizikidetza hobetzen laguntzen duten jarduerak, hezkuntza-kidegoaren partaidetzarekin (ikasleak, irakasleak, senideak, gizarte-eragileak...).

III.– Eskolarik gabeko uneetan ikastetxeek ijitoen erakundeekin zuzeneko lankidetzan antolatutako jarduerak.

4. artikulua.– Erakunde eskatzaileen gutxieneko eskakizunak.

1.– Deialdi honetan parte hartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusian inskribatuta eta alta emanda egon behar dute eskola esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak garatzeko 2018-2019 ikasturtean Hezkuntza Sailarekin lankidetzan jardun nahi duten irabazi-asmorik gabeko erakundeek.

2.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan adierazitako egoera batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

3.– Zergen arloko betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta diru-laguntzak itzultzeko betekizunak ordainduta izatea.

4.– Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zehapen administratibo edo penalik ez izatea, eta ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenarekin bat.

5. artikulua.– Eskakizunak nola egiaztatu.

1.– Ofizioz egiaztatuko da erakunde eskatzaileak legez eratuta ote dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusian inskribatuta dauden.

2.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkezteaz batera, eskatzaileak laguntza ematen duen organoari baimena ematen dio zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Diru-laguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du eskabidea egin eta aurkeztean. Gainera, Diru-laguntzen Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan aurreikusitako baldintzetan egin beharko da.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabideetan berariaz adierazi ahal izango dute baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak eskuratu edo egiaztatzeko, betiere Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei kalterik egin gabe.

4.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua betez, betebehar hauek egiaztatuko dira eskaeran, erantzukizunpeko adierazpen bidez:

a) Edozein administraziori edo erakunde publiko zein pribaturi xede bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, jaso izanez gero, jaso direla.

b) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

c) Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan zehaztutako egoeretako batean ez egotea.

5.– Arestian adierazitako betekizunak ebazpena eman aurretik egiaztatuko dira, eta, hori ez bada behar bezala egiten, 8. artikuluan aurreikusten den zuzenketa izapidetzearen bitartez.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabiliko dituzte prozedura honen izapide guztiak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko. Izan ere, hala xedatu dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta E-Administraziorako -PLATEA- Plataforma Teknologikoa onartu zuen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.

2.– Eskabide-orriak eta erantzukizunpeko adierazpenak modu elektronikoan nola egin jakiteko argibideak eta ereduak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/alumngit-ijikas/y22-izapide/es.

3.– Eskabidea egin ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» izeneko atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

4.– Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoan: https://euskadi.eus/

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta epeak.

1.– Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Horrekin batera, 2018-2019 ikasturterako jarduera-proiektu bat aurkeztu beharko da.

2.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu ahalko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/alumngit-ijikas/y22-izapide/es.

3.– Eskabidearekin batera, 2018-2019 ikasturterako jardueren proiektua aurkeztu beharko da. Proiektu horretan, diru-sarreren eta gastuen aurrekontua jaso beharko da, jarduera bakoitzak izango dituen langile-gastuak eta bestelako funtzionamendu-gastuak zehaztuta.

4.– Jardueren proiektuak gehienez hamabost orri izango ditu eta honako atal hauek jaso beharko ditu:

a) Esku-hartzearen lurralde-eremua: jarduera egingo den lurralde historikoa eta udalerriak.

b) Ikastetxe hartzaileak: jardueretan parte hartuko duten ikastetxeak; jarduerak zer ikas-mailatan egingo diren adierazi behar da.

c) Ikasleak: ikasle hartzaileen kopurua: ijito-etniako ikasleen ehunekoa adierazi behar da, bai eta 2017-2018 ikasturtean zuzeneko arreta eman zaien ikasleen kopurua ere.

d) Jarduerak: jardueren deskribapena, mota (Ikasle ijitoen eskola-arrakasta handitzera zuzendutakoa edo kultur arteko bizikidetza hobetzera zuzendutakoa), helburuak, ekintza zehatzak, arduradunak, gauzatze-egutegia, jardueren ordutegia eta lorpen-adierazleak.

e) Baliabideak: erakundeak jarduera gauzatzeko jarritako baliabide ekonomikoak eta materialak. Proiektua gauzatzeko baliabide pertsonalak, tituluak, jarduerarako aurreikusitako ordu kopurua eta langile horiek ijito-komunitatearekin duten lotura.

5.– Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan eskuratu ahal izango da eskabide-eredua, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/alumngit-ijikas/y22-izapide/es.

6.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta horri erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

7.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako dokumentazioa osorik beteta ez dagoela edo nahitaezko agiri guztiekin batera aurkezten ez bada, honako hau eskatuko zaio erakunde interesdunari: hamar egun balioduneko epean, akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Baldin eta epe horretan ez badute zuzentzen, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, dagokion ebazpena eman ondoren, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezartzen duenaren arabera.

2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

3.– Jakinarazpena burututzat joko da interesdunak jakinarazpena jaso izana elektronikoki sinatzen duenean.

4.– Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

5.– Aurrekoa hala izanik ere, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

9. artikulua.– Datuak Babesteko Legea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira, hain zuzen ere «Ikasleen Elkarteetarako Diru-laguntza» deritzona. Fitxategi horren helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea izango da, bai eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

10. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

11. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

1.– Ebaluazio-batzordeak eskaera bakoitza ebaluatuko du deialdi honetako 12. artikuluko lehen atalean jasotako baremoa kontuan hartuta. Horretarako, behar diren txosten teknikoak eskatu ahal izango dizkio ikasle ijitoen eskolaratzearen arduradunari.

2.– Ebaluazio-batzordeko kideak:

a) Batzordeburua: Pedagogia Berriztatzeko Zerbitzuaren zuzendaria edo hark izendatzen duena.

b) Bokalak:

I.– Hezkuntzako hiru lurralde-ordezkaritzetako Pedagogia Berriztatzeko lurralde-burutzetako arduradunak.

II.– Pedagogia Berriztatzeko zuzendariak izendatutako bi teknikari, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzakoak; horietako batek idazkari-lanak egingo ditu.

III.– Berritzegune Nagusiaren arduraduna edo hark izendatzen duena.

3.– Emandako txostenak eta eskabideen balorazioa kontuan izanik, ebaluazio-batzordeak ebazpen-proposamen bat prestatu, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari igorriko dio. Proposamen horrek jasoko du zer ekintza hautatu diren, eta zer diru-hornidura proposatzen den ekintza bakoitzerako. Gainera, baztertutako eskabideen zerrenda sartuko da, haiek baztertzeko arrazoiak aipatuta.

4.– Deialdiaren xede diren prozeduretako bakoitzean aurkeztutako eskaerak baloratu ostean, batzordeak Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko dio ebazpen-proposamena. Proposamen horretan, emango edo ukatuko dituen diru-laguntzak adieraziko ditu batzordeak, eta, emango dituen diru-laguntzen kasuan, datu hauek zehaztuko ditu: erakunde onuradunen izen soziala, proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa eta diru-laguntza horren banaketa, urteka. Ukatu nahi dituen eskabideei dagokienez, eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu edo baztertu den adieraziko du.

12. artikulua.– Esleitzeko eta baloratzeko irizpideak.

1.– Aurkeztutako hezkuntza-jardueren proiektuak balioesteko, ebaluazio-batzordeak honako irizpide objektibo hauek hartuko ditu aintzat:

a) Proiektua zein mailatan egokitzen den agindu honen 3. artikuluan adierazitako helburuetara. Proiektuan genero-ikuspegia integratzea. Proiektuak barne hartzen dituen ikastetxeen zerrenda eta haien esku-hartze ereduak. 0tik 12 puntura.

b) Ijito-komunitateko pertsonen zer ehunekok parte hartzen duen proiektua eta jarduerak kudeatzen, zuzentzen eta gauzatzen. Erakundearen langileek proiektuan eman duten denbora (antolaketa-, prestaketa- eta koordinazio-orduak, eta zuzeneko arretako orduak). 0tik 4 puntura.

c) Ikastetxe kopurua eta haien banaketa geografikoa, arreta eman zaion ikasle kopurua, jardueretan parte hartzen duten ijito-komunitateko ikasleen ehunekoa. 0 eta 4 puntu.

d) Erakundeak edo laguntzaileek agindu honen eremuan duten esperientzia. Esperientzia hori baloratzeko, honako hauek erabiliko dira: erakunde onuradunek aurreko ikasturtean egindako memoria, proiektuko jarduerak gauzatu diren ikastetxeetan egindako balorazioak eta dagokien erreferentziazko Berritzeguneen txostenak. 0 puntutik 5era.

2.– Deialditik at utziko dira a) atalean 6tik beherako puntuazioa edo guztien batuketan 15etik beherakoa duten eskaerak.

3.– Diruz lagunduko dira 12.2 artikuluan zehaztutako gutxieneko puntuazioa lortzen duten proiektuak. Puntuazio hori gainditzen duten proiektuek jaso daitekeen zenbatekoaren % 100era arteko diru-laguntza jaso ahal izango dute (gastuak ken diru-sarrerak).

4.– Lurralde bakoitzean, aitortu beharreko diru-laguntzen guztizkoa 2. artikuluan jasotako zenbatekoak baino handiagoa izanez gero, proiektu bakoitzaren aurrekontuari bakoitzak lortzen duen puntuazioaren araberako ehunekoa aplikatuko zaio.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, ebaluazio-batzordearen proposamenez, ebatzi beharko ditu agindu honen 2.2 artikuluak aipatzen dituen deialdiaren prozedurak. Dagokion ebazpenak zehaztuko du eskatutako diru-laguntzak emango diren edo, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengo egoeran, erakunde onuradunen nortasuna, finantzatutako jarduera-programak, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta diru-laguntza horren urtekako banaketa adierazi beharko dira. Ukatutako eskabideei dagokienez, erakunde eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

2.– Ebazpena modu elektronikoan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen eta emandako diru-laguntzen zerrenda, denek horren berri izan dezaten. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

3.– Jakinarazpena burututzat joko da interesdunak jakinarazpena jaso izana elektronikoki sinatzen duenean. Jakinarazi denetik edukira jo gabe hamar egun naturaleko epea igarotzen bada, jakinarazpena baztertutzat joko da eta prozedurari jarraiki izapidea egintzat joko da, betiere, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horretara jotzea tekniko edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen ez bada.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

5.– Ebazpen horien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Era berean, ezingo da diru-laguntzarik ez esleitu, ez ordaindu itzulketa-prozeduraren batetik eratorritako diru-laguntzaren bat itzuli ez dutenei.

14. artikulua.– Jarraipen-batzordea.

1.– Erakunde onuradunentzat, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak jarraipen-batzorde bana eratuko du. Kide hauek izango ditu: Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo beronen ordez dagoena, zuzendari horrek izendatutako funtzionario bat eta erakunde onuradunaren ordezkari bat.

2.– Hona hemen batzordearen eginkizunak:

Sailak aintzat hartzen dituen beharrizanen arabera, erakunde onuradunen jarduerak zein ikastetxetan egingo diren erabakitzea. Lehentasuna izango dute Hamaika Esku jarduera-planean parte hartzen duten ikastetxeek.

a) Ikastetxe bakoitzean zer jarduera, ordutegi eta abar izango diren zehaztea.

b) Jardueren jarraipena egitea eta, hala badagokio, baliabideak berriro antolatzea.

c) Proiektuaren barruko jarduera guztiak ebaluatzea.

15. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honen bidez ematen diren diru-laguntzak bateragarriak dira erakunde onuradunak Hezkuntza Sailaren edo beste erakunde publiko edo pribatu baten aldetik jaso dezakeen beste edozein diru-laguntzarekin, onartzen diren hezkuntza-jardueretarako, betiere jasotako guztiak benetan jasandako kostuaren guztizkoa gainditzen ez badu. Gainditzen badu, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen diru-laguntzari.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta 46. artikuluan jasotakoak (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz).

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) ezarritakoak.

a) Jarduera gauzatzea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

b) Laguntza eman dien erakundeari justifikatzea baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

c) Laguntza eman dien erakundearen egiaztatze-jarduketei men egitea. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako laguntzak eta diru-laguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arautegi espezifikoan ezarritako jarduerei men egitea.

d) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea diru-laguntza eman duen erakundeari.

e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman dien erakundeari.

3.– Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, jakinarazpenaren osteko hamabost eguneko epean ez bada berariaz eta idatziz uko egiten, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.

4.– Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.

5.– Hezkuntza-jarduerak ikastetxeetan garatzea.

6.– Diruz lagundutako jardueren ondorioz sor daitezkeen arriskuak bere gain hartzea eta, behar izanez gero, aseguru egokia egitea.

7.– Diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, jasotako funts publikoak itzultzea.

17. artikulua.– Ordaintzeko modua.

1.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da, eta honela egingo dira ordainketak:

a) Lehenengo ordainketa, diru-laguntzaren % 20, emandako laguntza onartu eta berehala egingo da, baldin eta erakunde onuradunak lehenengo ordainketari dagokion zenbatekoaren % 50 justifikatu badu.

b) Gainerakoa, diru-laguntza osoaren % 80, bitarteko txostena aurkeztu ondoren ordainduko da. Hartan, proiektuaren ordura arteko garapena zein izan den jasoko da eta ikastetxeetan garatzen ari diren lan-plangintza aipatuko da. Memoria hori 2019ko urtarrilaren 7tik 31ra bitartean entregatuko da, bi egun horiek barne, eta ezingo ditu hamar orri baino gehiago izan.

2.– Administrazioak laguntzak eta diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroaren datu-basean egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren zure datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora zuzendu beharko duzu bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Sailak ematen du, helbide honetan: http://www.euskadi.eus/web01-s2oga/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/index.shtml

18. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– 2019ko ekainaren 30ean hasi eta 2019ko abuztuaren 31ra arte, egun hori barnean dela, erakunde onuradunek «Gastuaren justifikazioa» (eranskina) izeneko formulario normalizatua aurkeztu beharko dute, eta, horri erantsita, hezitzaileen nominak eta TC2 agiriak eta gainerako gastuen faktura eta ordainagiriak aurkeztu beharko dituzte.

2.– Agiri horiekin batera, programaren emaitzak ebaluatzeko azken txostena aurkeztu beharko dute, honako hauek bilduko dituena:

a) Ikastetxe bakoitzeko esku-hartzearen fitxa, ikastetxearekin adostutako lan-plangintzaren garapen-maila eta horren balorazioa jasotzen dituena.

b) Emaitzen analisia, proiektuaren egokitasuna eta egin beharreko aldaketak zehaztu ahal izateko.

3.– Justifikazioak eta memoria bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2017/alumngit-ijikas/y22-izapide/es.

19. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira –diru-laguntzaren helburua betetzeari utzi gabe, betiere–, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du, eta, horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berriz doituko dira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira. Baldintzak aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 20. artikuluan araututako itzultzeko prozedura hasiko da.

20 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Diru-laguntzen erakunde onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta –Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):

a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluko 1. zenbakian adierazitako egoera batean egotea, edo Diru-laguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura bitartean jasotakoren batean.

b) Erakunde onuradunak diru-laguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen xede bererako.

c) Ez gauzatzea diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera.

d) Ez justifikatzea interesa erakutsi zuen xede jakinetarako aplikatu izana.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako beste edozein betebehar. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen aipatutako legea.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/91 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Deialdi hau xedapen hauen arabera arautuko da: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta oinarrizko araudia, hau da, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra eta horren araudia onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 30a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala