Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2018ko ekainaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
HEZKUNTZA SAILA
3031

AGINDUA, 2018ko ekainaren 5ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena eta Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez Eskolako Agenda 21 programa garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei eman beharreko diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta deialdia egiten baita (2018-2019 ikasturtea).

Lurrari buruzko Gailurra egin zenetik (Rio de Janeiro-1992), garapen jasangarria ingurumenaren aldetik lurraren etorkizunaren giltzatzat jotzen da. Heziketa ere funtsezko eragiletzat hartzen da, jendearen jarrera aldarazteko, ingurumenaren arazoei eraginkortasunez heltzeko eta, aldi berean, oraingo eta geroko belaunaldien beharrak egoki asetzeko.

Gailur horretan sinatu zen agiri nagusienetako bat Agenda 21 da. Horrela deritzo Nazio Batuek garapen jasangarriaren bidean aurrera egiteko gomendatzen duten ekintza-planari. Bada, 1994an, eta Agenda 21 horrek toki-erakundeentzat ezarritako ildoei jarraituz, Aalborgeko Karta sinatu zen, eta horrela hasi zen Europan kanpaina berezi bat, hain zuzen ere, euren lurraldeen garapen jasangarriaren alde egin nahi duten hiriena.

1998an promulgatutako Ingurumena Babesteari buruzko Lege Orokorra izan zen jasangarritasunaren helburuei erreferentzia zehatza egiten dien EAEko lehen dokumentu ofizialetako bat. «EAEn garapen-eredu jasangarria ezartzeko konpromiso sendoa hartu zuen, hain zuzen ere, gaur egungo beharrak asetzeko gai den garapena eta, aldi berean, etorkizuneko belaunaldien beharrak asetzeko gaitasuna arriskuan jarriko ez duena».

Bestalde, EAEko Garapen Jasangarrirako Ingurumen Estrategiak 2002-2020 (2002ko ekaina) garapen jasangarriaren bidean aurrera egiteko beharrezko baldintzatzat jotzen ditu, besteak beste, hezkuntza, prestakuntza eta sentsibilizazioa.

Garapen Jasangarriari buruzko Munduko Goi Bileran (Johannesburg-2002), errealitate lokal eta globalaren transformazio prozesuan heziketak duen lehentasunezko rol zentrala onartuz, 2005-2014 bitarteko urteak «Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Hezkuntzaren Hamarkada» izendatzea onetsi zen.

Hamarkada hori amaitu ostean, Garapen Jasangarriari buruzko Munduko Goi Bilera egin zen (New York-2015), eta, hor, herrialde parte-hartzaileek garapen jasangarrirako asmo handiko agenda berri bat onartu zuten (Garapen Jasangarrirako Agenda 2030), zeinak helburuen artean garapen jasangarritako heziketa jasotzen baitu.

Eskolako Agenda 21 programa ikastetxearen kalitaterako eta jasangarritasunerako hezkuntza-programa bat da. Hezkuntza-komunitatearen partaidetzan dago oinarrituta, ikasleriari aparteko protagonismoa emanaz eta udalerriaren garapen jasangarrian lagunduz. Gainera, Eskolako Agenda 21ek proposatzen duen hezkuntza-praktikak ikasleari lagunduko dio, batetik, inguruan dituen ingurumen-arazoak ezagutzen eta horietaz jabetzen, eta, bestetik, modu arduratsuan gizarte justuago eta jasangarriago baten alde egiten.

2010. urtean, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Hezkuntzaren Hamarkadak jardunbide egokitzat hartu zuen «Euskal Autonomia Erkidegoko Eskolako 21 Agenda» programa, jasangarritasuna euskal hezkuntza-sistema formalaren ardatzetako bat izatea lortzeagatik. Aitorpen horrek asko lagundu zion ordura arte egindako bideari, eta egiteko dagoen biderako eragingarria izan zen.

Garapen Jasangarriari buruzko Nazio Batuen Konferentzian (Rio de Janeiro, 2012), garapen jasangarrirako hezkuntza sustatzea eta garapen jasangarria modu aktiboagoan hezkuntzan sartzea ebatzi zen, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Hezkuntzaren Hamarkadatik haratago. Konferentzia horretan, presatu egin ziren hezkuntza-instituzioak, batetik, aintzat har zezaten jasangarritasuna kudeatzeko jardunbide egokia aurrera eraman zitekeela euren ikastetxe eta komunitateetan, betiere, ikasle, irakasle, tokiko kolaboratzaile eta abarren partaidetza aktiboarekin, eta, bestetik, garapen jasangarriari buruzko hezkuntza eman zezaten, irakasgaien barruko osagai gisa.

Eskolako Agenda 21 programa «Gaur ikasi, etorkizun jasangarria lortzeko» goiburua izan duen Garapen Jasangarrirako Hezkuntzari buruzko Munduko Biltzarrean (Aichi-Nagoya 2014) izan da. Bertan, «Garapen Jasangarrirako Hezkuntzaren Hamarkada» izenekoaren 25 esperientzia onenetarikoen artean dagoela adierazi da. Hamarkadaren amaierako mugarri gisa egin den biltzarrak berretsi egin du garapen jasangarria gauzatu ahal izateko funtsezko baliabidea dela hezkuntza.

Gaur egun, EAEko IV. Ingurumeneko Esparru Programa 2020 izenekoak (2014ko abendua) zehazten ditu ingurumenaren arloko EAEko politika eta jarduera. Era berean, 2030erako EAEko Jasangarritasunerako Hezkuntzako Estrategia berria garatzen ari da. Horren jatorria aipatutako laugarren Ingurumeneko Esparru Programaren 5.4 jarduera-ildoa da; horren helburua da jasangarritasunerako hezkuntza eta kontzientziazioa sustatzea EAEko gizarte osoan.

Azaltzen diren erronketako bat da hezkuntza etorkizuneko belaunaldientzako konpromisoa izatea. Hezkuntza honela aurkezten da: «ingurumenerako beharrezkoak diren transformazio-aldaketak bideratzeko tresna boteretsuenetako bat da; horrela, oraingo belaunaldien konpromiso etikorako oinarriak ezarriko ditugu, etorkizuneko belaunaldientzat. Erronka hori gure gazteak ingurumenaren arloko erabakiak hartzerakoan benetan kontuan hartzean aurrera egitean datza; horri esker, belaunaldien arteko parte-hartze eta erantzunkidetasunaren maila altua ahalbidetzen da.»

Horregatik guztiagatik, hezkuntza, prestakuntza eta sentsibilizazio eremuan lehentasuneko helburua da eskola-esparruko esku-hartzea bultzatzea, ingurumen-gaiei buruzko informazioa eta gaikuntza emateko eta, horrela, garapen jasangarriraino heltzeko beharrezkoa den aldaketa eragiteko balioetan, jarreretan eta jokabideetan.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, hezkuntza-sistema formalaren Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren Planean oinarrituta, ezinbesteko jotzen du erakundeei diru-laguntzak ematea, ikastetxeetan jasangarritasunerako hezkuntzako berariazko proiektuei ekiteko; izan ere, proiektu horiek, batetik, ikastetxeko hezkuntza- eta curriculum-proiektuetan nahiz geletako programazioan ingurumen-ikuspegi hori sendotuko dute, eta, bestetik, ikasleak edo hezkuntza-komunitateak garapen jasangarrian konprometitzeko gaituko dituzten kontzientzia, gaitasuna, ezagupena eta balioak garatzen lagunduko dute. Horrez gain, laguntza hau Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko martxoaren 14ko Aginduaren bidez onartu zen 2018-2020 ekitaldietarako Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barruan jasota dago, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan eskatzen den bezala, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera.

Bestalde, Hezkuntza Sailak, jasangarritasunerako hezkuntza eskola-egitarauetan sartu beharra dagoela iritzita, egoki deritzo ikastetxeek eta irakasleek ingurumen-arloan garatzen duten lana bultzatu eta aintzat hartzeari.

Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak, eta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuak ematen diguten eskumena baliatuz, eta bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin, Diru-laguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau

EBAZTEN DUGU:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da, norgehiagokako prozeduraren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei –2018-2019 ikasturtean Eskolako Agenda 21 programa garatzeko– eman beharreko diru-laguntzak arautzea.

2.– Ingurumen-hezkuntzako eskolaz kanpoko ikastegiak eta ingurumen-ondarea ezagutaraztera zuzendutako ibilbideak edo bisitak Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan egin beharko dira beti, diru-laguntza jaso ahal izateko.

3.– Diru-laguntza honen xede diren ekintzak 2018-2019 ikasturtean garatuko dira.

2. artikulua.– Hezkuntza-proiektua.

1.– Deialdi honi dagokionez, jasangarritasunerako hezkuntza-proiektu bakar bat prestatuko da. Ikastetxeetan egiten diren jarduera guztiak bilduko ditu proiektu horrek.

2.– Proiektuak ikastetxeko hezkuntza- eta curriculum-proiektuetan eta ikastetxeko urteko planaren barruan txertatua egon behar du.

3.– Oinarrizko Hezkuntza irakasten den ikastetxeetan (Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza), proiektuan, gutxienez, etapetako batek parte hartuko du, eta etapa horretako ikasle guztiek inplikatuta egon beharko dute.

4.– Gutxienez irakasle bat izendatuko da proiektuaren koordinatzaile. Koordinatzaile horrek ikastetxeko beste irakasle batzuk izango ditu laguntzaile (laguntza-taldea). Ikastetxeak, halaber, beharrezko baliabideak bermatuko dizkio koordinatzaileari, a) EA21 proiektuen koordinatzaileei berariaz zuzendutako prestakuntza-ikastaroetan parte hartzeko. b) Proiektua koordinatzeko denbora eta bitarteko informatikoak eskura izateko. c) Beste ikastetxe batzuekin batera, Ingurugelak bidezko jotzen dituen koordinazio-bileretan parte hartzeko.

5.– Ingurumen Batzordea eratuko da, eta horretan emakumeen eta gizonen kopurua orekatua izango da. Estamentu guztiek osatuko dute (irakasle, ikasle, guraso, irakaskuntzaz kanpoko pertsonal eta abarrek). Batzorde horren eginkizun nagusia izango da proiektuaren jarraibideak zehatzea, eta horien jarraipena eta ebaluazioa egitea, hartutako konpromisoei eta egindako hobekuntza-proposamenei dagokienez.

Orekatutzat jotzen da sexuetariko bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza izatea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluari jarraikiz.

6.– Proiektuak gutxienez fase hauek izango ditu:

a) Ikastetxearen inguruan hautatutako gaiaren inguruko diagnostikoa, curriculumaren berrikuntza-proiektuetarako, kudeaketarako eta partaidetzarako, baita udalerrirako ere.

b) Ekintza-plana.

c) Aukeratutako adierazleen araberako ebaluazioa.

7.– Era berean, proiektua garatu bitartean antolatzen diren udal-foroetan parte hartuko du ikastetxeak.

8.– Proiektuak garatzeko, ikastetxeek Ingurugelaren lankidetza, prestakuntza, aholkularitza eta laguntza teknikoa izango dute. Deialdi honen ondorioetarako, proiektu bakoitzari esleituko zaio, gutxienez, dagokion Ingurugelako aholkulari bat.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Xede horretarako, gehienez ere, zazpiehun eta berrogeita hamar mila (750.000) euro bideratuko dira, aurrekontu-aplikazio honen kargura: 18.0.1.05.12.0100.4.454.99.44210.007/M.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoek zein itunpeko pribatuek jaso ahal izango dituzte agindu honetan jasotzen diren laguntzak.

5. artikulua.– Baldintzak.

1.– Erakunde onuradunak egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek antzeko beste diru-laguntza batzuk eman ondoren, haiek itzultzeko edo zehatzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da, erakunde onuradunei diru-laguntza eman eta ordaindu ahal izateko.

3.– Erakunde eskatzaileak ezin du egon diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren batean edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen batean, ezta Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoetan ere.

4.– Halaber, ezin izango dira diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. apartatuan jasotako gorabeheraren batean dauden entitateak. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. zenbakitik 6.era bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako muga izango dute.

6. artikulua.– Erakunde eskatzailearen zenbait betekizun egiaztatzea.

1.– Parte hartzeko eskaerak berekin dakar baimena, organo kudeatzaileak ofizioz eta behar bestetan egiaztatu dezan diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela.

Erakunde eskatzaileak eskabidean berariaz adierazten badu ez duela ematen baimenik ofizioz egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen, organo eskudunek jaulkitako ziurtagiri administratibo positiboen bidez egiaztatu beharko du.

Eskatzaileek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

2.– Eskabideetan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren testu bateginaren aldaketa aplikatuz, honako betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean txertatuko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

a) Jakinaraztea ea eskatu den helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk emandako diru-laguntzarik, laguntzarik, sarrerarik edo baliabiderik eta, kasua bada, ea eskuratu den.

b) Entitate eskatzailea ez egotea laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez izatea horretarako legezko debekurik.

c) Erakunde eskatzaileak adierazten du ikastetxeko klaustroa eta ordezkatze-organo gorena, biak ala biak jakinaren gainean daudela, ados daudela eta Eskolako Agenda 21 proiektuak zentroaren barne-antolamenduari eragin diezaioketen ondorioak onartzen dituztela.

d) Era berean, adieraztea eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak egiazkoak direla, eta diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako eskakizunak betetzen dituela.

7. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

Diruz lagun daitezkeen gastutzat hartzen dira Eskolako Agenda 21 proiektuaren garapenarekin zuzenean lotutakoak.

8. artikulua.– Diruz lagundu ezin diren gastuak.

Honako gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Eskolako Agenda 21 proiektuarekin zuzenean lotuta ez daudenak.

b) Irakasleek proiektuaren plangintzan eta garapenean erabiltzen dituzten orduen kostua, itunpeko ikastetxe pribatuetan.

c) Erosi behar izan diren material, lanabes edo altzariak, nahiz eta proiektua azkenean ez den garatu.

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira euskadi.eus-en egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/y22-izapide/es/x43ktoolkitwar/form/fdp-procedureid-0038405-tipopresentacion-1-language-es/y22-izapide/es helbidean itunpeko ikastetxe pribatuen kasuan, eta https://www.educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/agenda21-2018 helbidean, berriz, ikastetxe publikoen kasuan.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilera Normalizatzekoak, 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

4.– Agindu honek aipatzen dituen diru-laguntzak jasotzeko aukera izan nahi duten erakunde eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

– Eskabide-orria (online formularioa).

– «Proiektuaren edukia» formularioa (online formularioa).

Era berean, beste administrazio publiko eta erakunde pribatu batzuetatik xede bererako laguntzak jasotzen badituzte, eskabidean adierazi beharko dute, diruz laguntzeko proiektuaren betekizunak egiaztatzeko, aipatutako dokumentazioarekin batera.

5.– Eskabide bat baino ez da onartuko ikastetxe bakoitzeko.

6.– Datu pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoaren arabera, erakunde eskatzaileei jakinarazten zaie ematen dituzten datuak fitxategi batean bilduko direla. Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta gaiarekin lotutako beste edozein administrazio-espediente ere kudeatzea. Fitxategi honen arduraduna Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza da. Datuak eskuratu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko eskubideaz sail bereko Zerbitzuen Zuzendaritzan baliatu ahal izango da. Horretarako, helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz (Araba).

7.– Eskabidearekin batera, diruz laguntzea nahi duten proiektuaren aurrekontu osoa aurkeztu beharko dute ikastetxeek. Aurkezten den aurrekontua proposatzen diren jardueren eta jasangarritasunarekiko konpromisoaren neurrikoa izango da.

10. artikulua.– Aurkeztutako eskabidearen akatsak konpontzea.

Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak eskabidean akatsen edo zehaztugabetasunen bat aurkitzen badu, erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio, eta akatsa edo zehaztugabetasuna zuzentzeko hamar eguneko epea emango dio. Jakinarazpenean, adierazi egingo da erakundeak zuzenketa egin ezean eskabideari uko egin diola ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan jasotakoari jarraituz.

11. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan jasotako laguntzak kudeatzeko eginkizunak betetzea.

12. artikulua.– Balorazio-epaimahaia.

1.– Eskabideak balorazio-epaimahaiak aztertuko ditu. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

– Ingurumen Hezkuntza, Informazio eta Partaidetzaren arduradunak edo haren ordezkoak egingo ditu presidente-lanak.

– Natura Ondare eta Klima Aldaketaren zuzendariak Ingurumen Sailburuordetzako bi teknikari izendatuko ditu eta sailburuordetza horretan antzinatasun handiena duenak egingo ditu idazkari-lanak.

2.– Balorazio-epaimahai horrek egingo duen balorazio-aktan, hau jasoko du: onartutako eskabideak, ukatutako eskabideak eta horren justifikazioa, eman beharreko gehieneko kopurua eta eskabide bakoitzarentzat proposatutako kopurua. Horrez gain, horren proposamena helaraziko dio Natura Ondare eta Klima Aldaketaren zuzendariari.

13. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko irizpideak.

1.– Programa garatzeko diru-laguntza eskatzen duten ikastetxe publiko eta itunpeko pribatu guztiek jasoko dute diru-laguntza, baldin eta agindu honetan jarritako baldintza guztiak betetzen badituzte.

2.– Diru-laguntza bakoitzaren gehieneko zenbatekoak ezingo du erakundeak eskatutakoa gainditu, ezta ondorengo gehieneko kopuruak ere:

– 5.000 euro, Eskola Jasangarriaren Ziurtagiria indarrean duten ikastetxeentzat.

– 3.000 euro, gainerako ikastetxeentzat.

3.– Ezarritako gehiengoak kontuan harturik, irizpide hauekin egingo da diru-laguntzaren kalkulua:

a) Ikastetxe bakoitzak Eskolako Agenda 21 proiektua garatzeko bostehun (500) euroko gutxieneko kopurua jasoko du.

b) Horretaz gain, Eskola Jasangarriaren Ziurtagiria indarrean duten ikastetxeei mila (1.000) euro gehiago esleituko zaie. Puntu hori ofizioz egiaztatuko da.

c) Aurreko bi apartatuetan adierazitako zenbatekoak deialdiaren guztizko zenbatekoari kendu ondoren lortzen den zenbatekoa proportzionalki banatuko da, jarraian adierazten den formulari jarraikiz lortutako puntuazioaren arabera:

– Ikastetxe bakoitzari 2018-2019 ikasturtean Eskolako Agenda 21 proiektuan parte hartuko duten 2 urtetik gorako ikasleen kopurua bezainbeste puntu emango zaizkio. Adierazten den zenbatekoa eskaera epea amaitzen den uneko estatistika-dokumentazio ofizialaren arabera zuzenduko da.

– Aurreko puntuazio horri batu egingo zaio ikastetxeak duen bekadun kopurua bi aldiz biderkatu ondoren lortzen den zenbatekoa, estatistika-dokumentu ofizialaren arabera, eskabide-epea amaitzen den unean.

– Ikastetxe bakoitzari emandako puntuazioa faktore konstante batez biderkatuko da, eta, faktore hori lortzeko, banatzeko gelditzen den guztizkoa zatituko da ikastetxe guztiei emandako puntuen baturarekin.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen xede diren diru-laguntzak beste diru-laguntza batzuekin bateragarriak izango dira, betiere jasotako kopuru osoak jarduerarako finkatutako aurrekontuaren % 100 gainditzen ez badu. Bestela, gehieneko mugaraino gutxituko litzateke diru-laguntza.

15. artikulua.– Laguntzak emateko ebazpena.

1.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketaren zuzendariak, horretarako bildutako balorazio-epaimahaiak egindako proposamena kontuan izanik, eta epaimahaiaren balorazio-aktaren bidez, gehienez ere sei hilabeteko epean ebatziko du diru-laguntza ematea ala ez, agindu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera. Ebazpen hau jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoaren arabera. Ebazpen horretan zehaztuko dira diru-laguntza lor dezaketen proiektuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa. Gainera, baztertu beharreko proiektuak proposatuko dira, eta horren arrazoia adieraziko da. Epea amaitu eta gero, aipatutako jakinarazpena egin ez bada, eskatutako diru-laguntza ezetsi egin dela uler daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, lege horrek Administrazioari espresuki ebazteko ezartzen dion betebeharra alde batera utzi gabe.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaierarik ematen; izan ere, ebazpen horren aurka, interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote Ingurumeneko sailburuordeari; hilabeteko epea izango dute horretarako, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122.artikuluetan ezarritakoaren arabera.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2. artikulua, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza eman dela jakinarazteko argitalpen-dataren (14. artikulua) osteko hamar eguneko epean, ikastetxe esleipendunek diru-laguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, hura onartu dutela ulertuko da.

b) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –laguntzen xedearen fiskalizazio funtzioak betez– eskatutako informazio guztia ematea.

c) Zabalkunde-karteletan eta -materialetan, eta egiten den publizitate orotan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren eta Hezkuntza Sailaren logotipoak jartzea.

d) Genero-ikuspegia sartzea egiten diren dokumentu eta ekintzetan, eta hizkuntzaren eta irudiaren erabileran egon daitezkeen diskriminazio-elementuak ekiditea.

e) Hezkuntza Sailari eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari lagatzea –doan eta ez modu esklusiboan– aurkeztutako dokumentazioan jasotako informazio teknikoa eta pedagogikoa erabiltzeko eskubidea, dokumentazio hori Hezkuntza Sailaren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren informazio-sistemetan erabili eta txertatzeko, eta edozein baliabide eta formatu bibliografiko, ikus-entzunezko eta informatikotan, nahiz teknikaren erabilerak ahalbidetzen dituen bestelakoetan hedatzeko eta/edo argitaratzeko. Edonola ere, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira.

f) Diru-laguntza justifikatzea, 17. artikuluan araututakoaren arabera.

g) Ikastetxeak, bere antolamendu-autonomiaren barruan, bermatu egingo du proiektuaren koordinatzailearen eta proiektuaren laguntza-taldearen ordutegiak egokituko direla, proiektuan dituzten egitekoekin bateratu ahal izateko. Ikastetxe publikoetan, beti beteko dira Hezkuntza Sailak irakaskuntzako etapa eta modalitate guztietarako ikasturte-hasieran ematen dituen zirkularretan jasotako arauak.

17. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– Ikastetxe onuradunek 2019ko ekainaren 17a baino lehenago justifikatu beharko dute jasotako diru-laguntza, https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak web-helbidearen bitartez itunpeko ikastetxe pribatuen kasuan eta https://www.educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/agenda21-2018 web-helbidearen bitartez ikastetxe publikoen kasuan.

Justifikazioko kontu sinplifikatuaren administrazio-prozeduraren bidez egingo da justifikazioa. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Diru-laguntza eman zenean ezarritako baldintzak bete direla erakusten duen memoria. Ingurugelak memoria-eredua emango du. Ingurugelak proposatutako ereduaren arabera egingo da memoria, eta hauek hartuko ditu kontuan:

– Eskolako Agenda 21 ikastetxeko hezkuntza- eta curriculum-proiektuetan eta ikastetxeko urteko planaren barruan txertatzea.

– Ingurumen-batzordearen osaera eta proiektua aurrera eramateko bestelako antolamendu-neurriak.

– Diagnostikoaren ondorioak, proiektuaren funtsezko hiru ardatzetan oinarrituta: partaidetza, kudeaketa eta curriculum-berrikuntza.

– Hobetzeko helburuak, ebaluazio-adierazleak eta ekintza-planaren deskribapena.

– Ekintza-plana abian jartzea.

– Udal-foroetan parte hartzea.

– Proiektua hautatutako adierazleen bitartez ebaluatzea.

b) «Proiektuaren justifikazioa» formularioak ikastetxearen parte-hartzeari buruzko honako datu hauek jasotzen ditu: ikasleak, irakasleak eta proiektuaren gastu eta inbertsioei buruzko zerrenda banakatua.

c) «Justifikazio-kontua» formularioa, non hauek jasoko baitira: hartzekoduna eta dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen-data, ordaintze-eguna (halakorik bada), eta, bestalde, jarduera finantzatzen lagundu duten bestelako diru-sarrerei nahiz diru-laguntzei buruzko xehetasunak, horien zenbatekoa eta jatorria aipatuta betiere. Diru-laguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri ere eman beharko da.

Formulario hori bera erabilita, halaber jakinaraziko dira zer aldaketa egin zaizkion proiektuari, aipatuz aurrekontuan jasotako jarduera, horrek izandako aldaketak eta horien arrazoiak.

2.– Diru-laguntza ematen duen organoak, % 10eko ausazko laginketaren bidez, egokitzat jotako egiaztagiri oro egiaztatuko du, diru-laguntza egoki erabili dela ondorioztatzeko adinako ebidentzia bildu arte. Horretarako, hautatutako gastuen egiaztagiriak bidaltzeko eskatu ahal izango dio erakunde onuradunari.

3.– Memoriaren eta sortutako materialen kopia bana bidaliko zaio, halaber, kasuan kasuko Ingurugelari.

4.– Justifikaziorako epea amaitu bada, eta erakundeak ez baditu aurkeztu kasuan kasuko agiriak, hogei eguneko epea du agiriok aurkezteko, eta jakinaraziko zaio ezen, epe hori amaituta aurkezten ez baditu, justifikatzeko beharra ez duela bete ulertuko dela, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan ezarritako ondorioak izango dituela, eta oinarri arautzaile hauetako 21. artikuluko baldintzetan.

18. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Emandako diru-laguntzaren ordainketa bi fase hauetan egingo da:

– Agindu honen 15. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, diru-laguntza onartu ostean, emandako kopuruaren % 80 ordainduko da.

– Gainerako % 20a, berriz, justifikazio-izapidea behar den bezala bete ondoren ordainduko da.

19. artikulua.– Hezkuntza berriztatzeko proiektuan irakasleek izandako partaidetzaren ziurtagiria.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ofizioz ziurtatuko du irakasle koordinatzaileek eta laguntza-taldeak Eskolako Agenda 21 proiektuetan izandako partaidetza. Proiektu horiek balorazio positiboa jaso behar dute, eta haietan gutxienez 30 ordu eman direla ziurtatu beharko da.

2.– Ziurtapena ikastetxeko zuzendaritzak bermatutako datuetan oinarrituko da. Datu horiek agindu honen 17.artikuluan aipatzen den justifikazio-izapideko inprimakian jasoko dira. Inprimaki horretan, proiektuaren irakasle koordinatzailea eta laguntza-taldeko kideak jasoko dira («Proiektuaren justifikazioa» formularioan).

3.– Pertsona bati, ikasturte berean, ezin izango zaio 90 ordu baino gehiago egiaztatu, honako kontzeptu hauetan: prestakuntza-proiektuak eta hezkuntza-berrikuntzako proiektu edo ekintzak, EA21eko programak edo osasunerako sustapen- eta hezkuntza-programak.

20. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu ziren baldintzak aldatu egiten badira ezertan, baina, hori bai, laguntzen xedea bete egin bada hala ere, edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutik bestelako diru-laguntza edo laguntzarik jaso bada, baliteke diru-laguntzak emateko ebazpena aldaraztea horrek. Ondorio horietarako, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-laguntzaren kopurua doitzeko, eta, hala dagokionean, lortutako gehiegizko zenbatekoa itzultzeko.

21. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

Onuradunak jasotako diru-laguntza eskatu eta eman zeneko xederako erabiltzen ez badu, diru-laguntza eskatu zeneko jarduera egiten ez badu, eskatu zeneko helburu zehatzetarako izan dela justifikatzen ez badu edo, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, agindu honetan edo emakida-erabakian ezarritako betekizunak betetzen ez baditu, arau horretan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta haiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako xedapenak ezarriko dira, eta, ondorioz, itzuli egin beharko ditu bai emandako eta jasotako diru-kopuruak, edota haien zati bati, bai kopuruoi legez ezar dakizkiekeen interesak.

22. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari eta/edo Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epearen barruan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, honako hauetan jasotako xedapenak izango dira aplikagarriak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 5a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala