Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2018ko ekainaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
3008

EBAZPENA, 2018ko ekainaren 1ekoa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, zeinaren bidez elkarbizitzaren eta giza eskubideen arloan proiektuak burutzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udal eta gainerako toki-entitateentzako diru-laguntzak ebazten baitira.

Elkarbizitzaren eta giza eskubideen arloan proiektuak bultzatzeko laguntzak arautzen dituen apirilaren 24ko 57/2018 Dekretuak, 5. artikuluan, hau adierazten du: Biktimen eta Giza Eskubideen arloko titularraren urteko ebazpenaren bidez, laguntza horien deialdia egingo da. Deialdi hori bi ebazpenen bidez egingo da: bat, erakunde pribatuen proiektuei zuzendua, eta, bestea, udalen eta gainerako toki-entitateen proiektuei zuzendua.

Deialdiaren urteroko ebazpenak, hau guztia ezarriko du: deialdiaren helburua, diru-laguntzen diru-hornidura, Balorazio Batzordeko kideen izendapena, eskabideak aurkezteko era eta epea, eta, hala badagokio, diruz lagun daitezkeen programa edo jarduera bakoitzaren gehienezko zenbatekoa.

Halaber, apirilaren 11ko 70/2017 Dekretuaren 20.3 artikuluari jarraikiz (Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du), Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak egin behar du bere eskumen-arloko diru-laguntzen deialdia.

Deialdi hau Lehendakaritzaren 2018rako Diru-laguntzen Plan Estrategikoan dago jasota eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da.

Ondorioz, Lehendakaritzaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 11ko 70/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko udal eta gainerako toki-entitateen proiektuak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia egitea. Proiektu horiek gure gizartean bizikidetzaren kultura, giza eskubideen errespetua, eta enpatia eta elkartasuna bultzatu behar dituzte. Proiektuak 2018ko urtarrilaren 1etik 2019ko irailaren 15era egin ahalko dira.

Laguntzok ondoren azaltzen diren jarduera-eremuetan sartzen diren programa eta jardueretarikoren bat egitera zuzendu beharko dira:

a) Bizikidetza eta giza eskubideak:

1.– Partaidetzako, zabalkundeko edo heziketa sozialeko jarduerak, giza duintasunaren, giza eskubideen eta bizikidetza adiskidetuaren aldeko konpromisoa sustatzera zuzenduak.

2.– Edozein biolentzia-mota, terrorismoa edo giza eskubideen urraketarekiko kritiko agertzen den eta horiek guztiak deslegitimizatzen duen kontzientzia kritikoa sustatzera zuzendutako ekimenak.

3.– Iraganean izandako edozein biolentzia-formaren aurrean gogoeta kritiko egiteko prozesuak babesten dituzten programak, bai eta gizarteratzeari buruzkoak ere, Europan dagoen justizia leheneratzailearen aldeko korrontearen ildoan.

4.– Partaidetza sozialeko eta desberdinen arteko dialogoa sustatzeko esperientziak, pluralismoa eta topaketa soziala sustatzen duen bizikidetza normalizatuak dakartzan erronkei erantzunez.

b) Biktimak eta gizartea:

1.– Terrorismoaren biktimei laguntzeko ekintzak.

2.– Giza eskubideen urraketen biktimei laguntzeko jarduerak, motibazio politikoko biolentziaren testuinguruan.

3.– Biktimen eta gizartearen arteko batasuna sustatzen duten programak, bai eta biktimek bizikidetzaren aldeko ekarpena laguntzen ere, haien aurrerapenen partaide bezala.

c) Dibertsitatea eta elkartasuna:

1.– Dibertsitatearen, arrazakeriaren prebentzioa, xenofobiaren edo gorroto-delituen kudeaketa positiboaren balioak sustatzen dituzten proiektuak.

2.– Desberdintasunaren, diskriminazioaren, injustiziaren edo bazterketaren forma kritikoen aurrean elkartasunaren eta inplikazio sozialaren balioak sustatzen dituzten esperientziak.

3.– Biolentziaren adierazpen berrien, gerraren eta nazioarteko terrorismoaren aurrean, elkartasun, inplikazio eta mobilizazio sozialeko ekintzak.

2. artikulua.– Erakunde eskatzailea.

Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta gainerako toki-erakundeek eskatu ahal izango dituzte laguntza hauek.

3. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, bide elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan eskuratu daitezke:

https://www.euskadi.eus/diru-laguntza/2018/udalak-giza-eskubideak/y22-izapide/eu

3.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus.nirekudeaketak

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasita.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan sartuta.

5. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barnean dituela, inprimaki arautuan egin beharko da, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan baitago eskuragarri.

2.– Eskabide horrekin batera, proiektuaren memoria ere aurkeztuko da, honako informazio honekin:

a) Proiektuaren edo programaren datuak, non hauek zehaztuko baitira: xedea, metodologia, lan-plana, balizko hartzaileak (sexuaren arabera bereiziak), lurralde-eremua, egingo diren jardueren egutegia eta genero-ikuspegiari nola helduko zaion. Helburuak lortuko direla eta gastua eraginkorra izango dela bermatzeko ezarriko diren kontrol-bideak ere aipatuko dira.

b) Erakunde eskatzaileak proiektua gauzatzeko eskura dituen giza baliabideak eta baliabide materialak; adierazi beharko da, gainera, erakundeak ba al duen berdintasunaren arloan ibilbidea edo prestakuntza duen pertsonarik.

c) Programa edo proiektua gauzatzeak eragingo duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatua. Bertan, proiektua finantzatzeko gainerako bideak zehaztuko dira, egotekotan.

d) Diru-laguntzaren helburu den programa edo proiekturako eskatutako gainerako laguntzen zerrenda; bertan, zein administrazio publikori edo erakunde publiko edo pribaturi eskatu zaion laguntza zehaztu beharko da, bai eta laguntza horiek ukatu edo eman diren edota oraindik ebatzi gabe dauden eta horien zenbatekoak ere. Horrelakorik ez badago, diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako programa edo proiektuetarako ez dela beste inongo laguntzarik eskatu adierazten duen erantzunkizunpeko deklarazioa aurkeztu beharko da.

3.– Nolanahi ere, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak erakunde eskatzaileari eskatu ahal izango dio nahi beste dokumentazio eta informazio, eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko.

6. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Diru-laguntzen programa honetara berrehun eta berrogeita hamar mila (250.000) euro bideratuko dira.

2.– Laguntzek bete beharko dute Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua, minimis laguntzei Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBEO, L 352. zk., 2013-12-24koa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Muga horretatik beherako diru laguntzek ez diotela eragiten merkataritzari edo ez dutela lehiakortasuna faltsutzen ulertzen da, eta, horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

3.– Entitate onuradun bakoitzak, gehienez, hamabost mila euro (15.000) jaso ahal izango ditu, eta deialdi honetan jaso ditzakeen laguntzen gehienezko zenbateko osoa ezingo da inolaz ere izan berrogeita hamar mila euro (50.000) baino handiagoa.

7. artikulua.– Balorazio Batzordea.

Aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioa aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Kide hauek izango ditu:

Batzordeburua:

Laura Sagastizabal Errazu andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako arduraduna.

Kideak:

Iosu Amenabar Sancho jauna, Lehendakaritzako Araubide Juridikoko Zuzendaritzako teknikaria.

Alaitz Vives Urbieta andrea, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko (Gogora) teknikaria.

Marian Sánchez Amado andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, aldi berean Batzordearen idazkari-lanak egingo dituena.

8. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Deialdi honen babesean ematen den diru-laguntza honela ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketan, emandako diru-laguntzaren % 50 ordainduko da, diru-laguntza berariaz onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamar eguneko epean, berariazko uko-egiterik ez bada aurkezten.

b) Bigarren ordainketa 2019an egingo da. Bertan, emandako diru-laguntzaren erabilera (hurrengo artikuluan zehazten den bezala) Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzarren aurrean justifikatu eta gero egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa ordainduko da.

9. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– Justifikazioa Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzara bidali beharko da, gehienez hilabeteko epean, jarduera egindako datatik kontatzen hasita, eta betiere 2019ko urriaren 1a baino lehenago, eta, justifikazio-memoriarekin batera, datu eta agiri hauek jaso beharko ditu:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzean egindako gastuak justifikatzeko jatorrizko fakturak eta ordainagiriak. Bai fakturak (indarrean dagoen araudian ezarritako baldintza formalak bete behar dituzte) bai ordainagiriak diruz lagundutako proiektu bakoitzaren arabera bereizita aurkeztu behar dira, eta behar bezala ordenatuta eta zenbakituta, eta, horrez gain, ordainagirien eta fakturen izen-zerrenda bidali behar da, aipatutako gastua zertarako erabili den azalduta.

b) Eredu ofizialaren araberako soldata-ordainagirien originalak eta Gizarte Segurantzako kotizazio-agiri ofizialak, kontratatutako lan-kontratuko langileei dagozkien gastuak justifikatzeko.

c) Aldi baterako kolaborazio-gastuen ordainagiri originalak. Besteak beste, datu hauek adierazi behar dituzte: jasotzailearen datuak, Nortasun Agiri Nazionala, ordainketaren kontzeptua eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokion atxikipena.

d) Sarreren eta gastuen balantzea.

e) Proiektuaren onuradunak zeintzuk izan diren eta proiektua egiten zeintzuek parte hartu duten adierazteko datuak, sexuaren arabera bereizita.

f) Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak.

2.– Justifikazioak nola izapidetu jakiteko xehetasunak hemen daude eskura: http://www.euskadi.eus.nirekudeaketak

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honetan berariaz arautzen ez den guztirako, prozedura-arloan, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, zeinaren bidez onartzen baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 1a.

Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,

MÓNICA HERNANDO PORRES.


Azterketa dokumentala