Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2018ko ekainaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2988

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 29koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako Alde Zaharraren Plan Bereziaren Aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa, Donostiako Udalak sustatua.

AURREKARIAK

2017ko abenduaren 26an, Donostiako Udalak eskaera egin zuen Donostiako Alde Zaharraren Plan Bereziaren Aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko (aurrerantzean, aldaketa), hain zuzen, Lasala Plazan lurpeko aparkalekuak eraikitzeko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerari atxiki zitzaizkion aldaketaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa betetzeko, 2018ko otsailaren 7an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ohar horiek oinarritzat hartuta. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari –biak Eusko Jaurlaritzarenak–, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egin zitzan.

Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, hiru erakundeen txostena jaso da, espedientean bertan islatutako emaitzarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean eragin garrantzitsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintzaren lehen faseetan, eta alternatiba egokienak aukeratzeko xedearekin, ingurumenean izango diren eraginen analisia sartzen dela, eta, horretarako, jarduera desberdinen eragin metagarri eta sinergikoak kontuan hartuko dira.

Donostiako Alde Zaharraren Plan Bereziaren aldaketa (aurrerantzean, aldaketa), Lasala Plazan lurpeko aparkalekuak eraikitzeko, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; hor ezartzen da zer plan edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako. 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedientean jasotako txostenak aztertuta, eta ikusirik dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera); txosten horrek aldaketaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta hura aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako Udalak sustatutako Donostiako Alde Zaharraren Plan Bereziaren Aldaketari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea (aurrerantzean, Plana), Lasala Plazan lurpeko aparkalekuak eraikitzeko, jarraian zehazten den moduan:

A) Aldaketaren deskripzioa: Helburuak eta jarduerak.

Esku-hartzea Lasala plazaren mugetan egingo da, gehi aparkalekuari irteera bat emateko behar diren jabego pribatuko lurretan. Plaza hori hiriaren Alde Zaharrean dago, eta horregatik abiarazi zuen Eusko Jaurlaritzak gune horrentzat multzo historiko hori kultur-intereseko ondasun gisa deklaratzeko espedientea. Nahiz eta plazaren eremuan ez den aurkitu katalogatutako ondareko elementurik, «Gune Arkeologikoa» delakoan sartu du espazio hori Donostiako Alde Zaharraren Plan Bereziaren aldaketak.

Indarreko Donostiako Alde Zaharra Birgaitzeko Plan Bereziak ez du aurreikusten Lasala Plazaren zorupea erabiltzea aparkalekua egiteko, baina bai lurrazaleko haren urbanizazioan erreforma egitea. Bi helburuok bildu nahi dira ordenamendu berriarekin:

– Horrela, Lasala Plazaren zorupean aparkaleku bat eraikitzea ahalbidetuko da, bertan bizi direnek edo Alde Zaharreko hotelek erabiltzeko, plazan bertan dagoen hotel berriak batez ere. Aparkalekuaren azalera 1.908, 50 m2-koa da, lau solairu-erditan banatuko da, eta 58 plaza izango ditu gutxi gorabehera.

– Gainera, hobekuntza urbanistiko gisa, Lasala Plazaren azaleko berrurbanizazioa ahalbidetuko du aparkalekuaren eraikuntzak: egungo aldapa kenduko da, eta oinezkoentzako plataforma bat sortuko egoteko.

B) Behin aldaketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, plan edo programa bati ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaion zehazteko, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira.

1) Aldaketaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Aldaketak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua. Aldaketak lurpeko garajeak eraikitzeko proiektua ekarriko du, eta, gero, ondoriozko plazaren urbanizazioa. Proiektuaren etorkizuneko baimenak ez dauka baldintzatzailerik (besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez) proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Aldaketak zer neurritan eragiten dien beste plan eta programei, hierarkizatuak barne: ingurumen-ikuspegitik, aldaketak ez du aintzat hartzeko moduko eraginik beste plan edo programetan.

c) Aldaketa egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: aldaketa oso egokia da ingurumen-oharpenak integratzeko.

d) Aldaketarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman aldaketari lotutako proiektuak gauzatzearen ondoriozko ingurumen-eragin adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari buruzko indarreko araudia betez gauzatzen badira eragindako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak. Azken alderdi horri dagokionez, gogoratu behar da, adierazi bezala, Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean Donostiako Alde Zaharreko «Gune Arkeologikoa» delako gisa mugatutakoaren barnean dagoela aldaketaren eremua, hori barne. Ondorioz, aitortutako gune arkeologikoak babesteko araudia aplikatu beharko da, eta dagokion proiektu arkeologikoa aurkeztu beharko du sustatzaileak Gipuzkoako Foru Aldundian, hark onar dezan, inbentariatutako ondasunei eragin diezaiekeen lan-mota oro hasi aurreko pausu gisa.

e) Aldaketa egokia den edo ez Europako edo Espainiako ingurumenaren arloko legedia ezartzeko, hala nola besteak beste, hondakinak kudeatzearekin edo baliabide hidrikoak babestearekin zerikusia duten planak edo programak: uste de aldaketa erabat egokia dela Europako edo Espainiako ingurumenaren arloko legedia ezartzeko.

2) Eraginen ezaugarriei eta ziurrenik ukituko den eremuari dagokienez, eraginpeko lekuan ez da hauteman ez naturagune adierazgarririk, ez ingurumen-balio altuko eremurik, ez ingurumen kalteberatasun aipagarriko gunerik.

3) Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta aldaketan berean jasotakoaren arabera ezarriko dira. Honako hauek dira hartu beharreko neurri nagusiak:

– Proiektua gauzatzerako orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

– Hondakinen sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan (eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruak kontrolatzea: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 10.2 artikulua betez.

- Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiak obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Eraikigintza eta eraikuntza jasangarria:

IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikigintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere.

Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

(Ikus .PDF)

– Kultura Ondarea babestea:

Euskal Kultura Ondarearen Zentroak emandako txostenean jasotako oharrekin bat, kalifikatutako eta inbentariatutako gune edo ondasun arkeologikoei eragin diezaiekeen lan-mota oro egiten hasi baino lehen, dagokion proiektu arkeologikoa aurkeztu beharko dio sustatzaileak Gipuzkoako Foru Aldundiari, hark aurretik onar dezan.

Bigarrena.– Adieraztea Lasala Plazan lurpeko aparkalekuak eraikitzeko Donostiako Alde Zaharraren Plan Bereziaren aldaketak ez duela aurreikusten ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsurik, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, eta, horrenbestez, ez dela beharrezkoa ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri Donostiako Udalari ematea.

Laugarrena.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen eraginak sortzeari utziko dio, baldin eta, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, onartuko ez balitz Lasala Plazan lurpeko aparkalekuak eraikitzeko Donostiako Alde Zaharraren Plan Bereziaren aldaketa. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 29a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala