Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

107. zk., 2018ko ekainaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2931

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 4koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Gorlizko Kipulene auzoko HLHI Kipulene ikastetxearen zuzkidura-ekipamenduaren eraikigarritasun fisikoa definitzen duen Hiri Eraberritzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egiten duena.

AURREKARIAK

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzak egindako eskaerari erantzuteko, 2018ko urtarrilaren 31n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan aurreikusita dagoen kontsulta-izapidea abian jarri zuen, eta hainbat organismori eskatu zien egoki zeritzen oharrak egiteko, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan.

Zehazki, honako interesdun hauei eta ukitutako administrazio publiko hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari; Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; Gorlizko Udalari, eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari. Izan ere, horiek denak interesduntzat jo ziren.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egin zitzan.

Indarreko araudian erantzunak jasotzeko ezarrita dagoen epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena jaso dira.

Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidearen emaitza ebazpen honetan jasota dago.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean efektu garrantzitsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz eta aintzat hartuta gauzatuko diren jardueren metatze-efektuak eta efektu sinergikoak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan xedatuta dago zer planek eta programak jaso behar duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua.

Aipatutako 6.2 artikuluan zehazten da, besteak beste, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin behar dutela (eta, horretarako, 29.etik 32.erako artikuluetan arautzen den prozedura erabili) etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten planek eta programek, baldin eta 6.1 artikuluan aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (bera da organo eskuduna, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinaren bidez Gorlizko Kipulene auzoko HLHI Kipulene ikastetxearen zuzkidura-ekipamenduaren eraikigarritasun fisikoa definitzen duen Hiri Eraberritzeko Plan Bereziaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baita, eta hura aplikatzearen ondorioen aipamena jasotzen, sartu behar diren azken zehaztapenak barne, ingurumen-efektu hutsetarako.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baititu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen hirugarren xedapen iragankorra; Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Gorlizko Kipulene auzoko HLHI Kipulene ikastetxearen zuzkidura-ekipamenduaren eraikigarritasun fisikoa definitzen duen Hiri Eraberritzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea –aurrerantzean, Plana esango diogu–. Horretarako, baldintza hauek ezartzen dira:

A) Planaren deskribapena. Helburuak eta jarduketak.

Planaren eremu geografikoa Gorlizko (Bizkaia) HLHI Kipulene ikastetxea da. Eremu hori Gorlizko Kipulene auzoko HLHI Kipulene ikastetxearen zuzkidura-ekipamenduaren eraikigarritasun fisikoa definitzeko egin den Hiri Eraberritzeko Plan Bereziaren ingurumen-dokumentu estrategikoaren 001 planoan –«Egoera eta kokapena»– jasota dago, 1:1.500 eskalan, A-3 orrian.

Kontuan hartuta hezkuntza-ekipamenduaren arloko behar berriak daudela, nahitaezkoa da barrutiaren garapen xehatua egitea HLHI Kipulene ikastetxea dagoen lekuan, eta, hartara, bost ikasgela berri egikaritzea.

Horretarako, hezkuntza-ekipamendua hartuko duen lurzatiak biltzen duen barrutiari ikasgelak handitu ahal izateko behar den eraikigarritasun fisikoa esleitu behar dio Hiri Eraberritzeko Plan Bereziak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren proposamenari jarraituz, eta ziurtatu behar du aukera ematen duela planeamendua berriro aztertu bitartean egon litezkeen eraikingintzako beharrei erantzuteko. Horregatik, azalera eraiki osoa handitzea proposatzen da. Aurrerantzean, 352,39 m2 itxi gehiago izango ditu, eta 121,02 m2 gehiago ataripe estalian; hau da, 473,41 m2 eraiki gehiago. Dena den, okupazioa ez da handituko, lehendik dagoen eraikinetako baten estalkiaren gainean kokatuko baitira.

Ondorioz, hauek izango dira garapeneko hirigintza-parametroak:

– Erabilera: kulturala eta irakaskuntzakoa, Gorlizko arau subsidiarioen 82. artikuluaren definizioaren arabera.

– Gehieneko okupazioa: % 20. Egungo okupazioarekin alderatuta, 427 m2 gehiago izango ditu.

– Gehieneko eraikigarritasuna: 0,50 m2/m2. Horrek 1.586 m2c-ko handitzea dakar berekin, baina, aurreikusita dagoen eraikin berriak 352,39 m2 hartuko dituenez, 1.233,61 m2c geratuko dira libre etorkizuneko jarduketetarako.

– Solairu kopurua: sotoa, beheko solairua eta lehenengo solairua.

– Gainerako parametroak: indarrean diren Gorlizko arau subsidiarioen Eraikingintza Erregelamenduaren V. kapituluan definituta daudenak.

Hortaz, Planaren ingurumen-ebaluazioaren helburuak hauek dira: ikastetxearen eraikinetako baten estalkian ikasgela gehiago jartzeko egin behar diren jarduketen ondorioz ingurumenean izango diren efektuak kalkulatzea, eta efektu horiek ekidin, zuzendu eta konpentsatzeko beharrezkoak diren zehaztapenak sartzea.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaion zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Gorlizko HLHI Kipulene ikastetxearen eraikinetako baten estalkian ikasgela gehiago jartzeko irizpideak eta baldintzak ezartzeak ez du esan nahi Planak esparru bat ezarriko duenik legez ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar duten proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Ez da bateraezintasunik aurkitu Planaren eta beste lurralde-plan edo plan sektorial konkurrente batzuen artean.

c) Planaren helburua egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko; bereziki, eraikingintzan eta eraikuntzan efizientzia handiagoz jokatzeari dagokionez, bai baliabideen erabileran, bai gero, amaieran, hondakinak aprobetxatzean.

d) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko; hain zuzen ere, hondakinen, airearen kalitatearen eta zaraten arlokoa.

2) Efektuen ezaugarriak, eta efektua jasan dezakeen eremuarenak:

eremua Gorlizko herrigunearen ekialdeko muturrean kokatua dago, HLHI Kipulene ikastetxearen ekipamendu-lurzatian; 12.200 m2-ko azalera du guztira, 2.016,53 m2-ko guztizko okupazioa (guztizkoaren % 16,50) eta 4.551,48 m2-ko azalera eraiki osoa (sabai-koefizientea: 0,37 m2/m2).

Lurzatian dagoen eraikuntzak lau eraikin ditu: haur hezkuntzako pabilioia, lehen hezkuntzakoa, jangela eta kirol-pista estalia.

Eremuak hiri-izaera duenez, ez dago ingurumen-babeseko araudirik –esaterako, Natura 2000 Sarea– duen espaziorik, ezta balio natural edo kulturalengatik nabarmen daitekeen elementurik ere.

Ez da identifikatu Planean eragin dezakeen ingurumen-arazo garrantzitsurik, hala nola uholde-arriskuak, higadura edo lurzoru kutsatuak. Horrez gain, gaur egun kalitate akustikoaren helburuak betetzen direla justifikatu da, eta Gorlizko zarataren mapa aurkeztu da.

Gainera, ez da espero aldaketak esparru bat ezartzea legez ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar duten proiektuak etorkizunean baimentzeko. Aurreikusten diren ingurumen-efektuak eraikin berriaren obra-fasean sortuko dira nagusiki, eta, gehien bat, hauek izango dira: hondakinen sorrera, eta airearen kalitatearen eta lasaitasun publikoaren gaineko efektuak –batez ere, lurrak mugitzeagatik eta kamioien joan-etorriengatik sortzen diren partikulak eta hautsa, isuri akustikoak eta zirkulazioko baldintzen aldaketak–.

Beraz, kontuan hartuta ez dela inpakturik egongo naturaren edo kulturaren aldetik garrantzitsuak diren eremuetan eta ez dagoela ingurumen-arriskurik, obraren handitasuna aintzat hartuta, Planaren ingurumen-inpaktua bateragarria dela adierazten da.

Horregatik guztiagatik, aurreikusten diren efektuak eta hartu diren neurri babesle eta zuzentzaileak aztertuta –hautsaren edo partikulen atmosferarako isuriak, isurketak eta zarata sortzen duten eragiketak mugatzera zuzenduak eta hondakinak edo obrako soberakinak behar bezala kudeatzera zuzenduak–, ez da espero ingurumen-efektu garrantzitsurik.

3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:

– Lurren eta soberakinen kudeaketa: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Hondakin arriskutsuen ontziei dagokienez, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dira (Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen du dekretu horrek); ontziak itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Sestaoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 1/2015 Legearen 10.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Bigarrena.– Horregatik guztiagatik, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, egindako kontsulten emaitza ikusita eta V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, zera ondorioztatu da: Gorlizko Kipulene auzoko HLHI Kipulene ikastetxearen zuzkidura-ekipamenduaren eraikigarritasun fisikoa definitzen duen Hiri Eraberritzeko Plan Bereziak ez du efektu kaltegarri garrantzitsurik izango ingurumenean, ebazpen honetan jasotako baldintzetan, eta, ondorioz, ez du ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikorik behar.

Azkenik, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen xedearen eta helburuaren eta IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren arabera, Planak ingurumen-kontsiderazioen integrazioa sustatu beharko du, batik bat garapen jasangarria sustatzeko, hauen bidez:

– Obrako hondakinen birziklatzea, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko, bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzeari dagokionez. Beraz, helburua honako hauek sustatzea izango da, hurrenkera honetan: eraikingintzako eta eraispenetako hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu beharko da eraikingintzako eta eraispenetako hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

– Arkitektura jasangarria, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Horretarako, eraikingintza-proiektuan, Ingurumen Jasangarritasuneko Eraikingintza Gidan (Ihobe.eus) jasotako gomendioak kontuan hartu beharko dira.

Hirugarrena.- Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzari.

Laugarrena.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epea igarotakoan ez bada onartu Gorlizko Kipulene auzoko HLHI Kipulene ikastetxearen zuzkidura-ekipamenduaren eraikigarritasun fisikoa definitzen duen Hiri Eraberritzeko Plan Berezia. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 4a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVÁN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala