Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

107. zk., 2018ko ekainaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2930

104/2018 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola Eibar atalak, Eibarko hezkuntza esparruaren barruan funtziona dezan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola Eibar atalak, Eibarko hezkuntza esparruaren barruan funtziona dezan. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 29a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 29KO 104/2018 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO NAGUSIAREN ETA EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKOA, GIPUZKOAKO INGENIARITZA ESKOLAKO EIBAR ATALAK EIBARKO HEZKUNTZA ESPARRUAREN BARRUAN FUNTZIONA DEZAN

Donostian, 2018 urtarrilaren 15ean.

BILDURIK:

Alde batetik, Cristina Uriarte Toledo andrea, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntzako sailburua.

Bestetik, Agustin Erkizia Olaizola jauna, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea.

PARTE HARTU DUTE:

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean eta hura ordezkatuz, Hezkuntzako sailburuak, 79/2017 Dekretuak (apirilaren 11koa, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) ematen dion ahalmena baliatuta.

Eta, Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean eta hura ordezkatuz, EHU Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak. Horretarako ahalmena Euskal Herriko Unibertsitateko urtarrilaren 25eko Ebazpenak ematen dio. Ebazpen horretan gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazten dira.

Hitzarmen hau izenpetzeko gaitasun aski dute biek.

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.– Urriaren 4ko 379/1994 Dekretuaren bidez, Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola, gaur egun Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibar atala deitua, Euskal Herriko Unibertsitatean sartu zen. Dekretu horren laugarren xedapen gehigarriko 3. puntuak ezarri zuenez, 1998-19999ko ikasturtetik aurrera, Unibertsitateak bere gain hartu behar zuen Irakaskuntza Eraikinaren titulartasuna.

Bigarrena.– Eibarko Hezkuntza Esparruak bere eremuaren barruan hartzen du Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibar atala, eta osotasun banaezina egiten dute, nahiz eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibar atala EHUren mendekoa izan, eta gainerakoa, Hezkuntza Sailaren mendekoa.

Hirugarrena.– Hori dela eta, lankidetza-hitzarmen bat egin zen, beren-beregi finkatzeko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibar atala (lehen, Eibarko IITUE) dagoen eraikinaren kudeaketan zerikusia duten erakundeetako bakoitzaren eskudantziak edo atribuzioak. Lankidetza-hitzarmenak hamar urteko iraupena zuenez, eta epea bete denez, helburu bera betetzeko sinatuko da oraingoa ere.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea hau da: alderdi izenpetzaileen partaidetza eta kostu-banaketa finkatzea, Eibarko Hezkuntza Esparruan elkarrekin erabiltzen dituzten instalazio eta zerbitzuei dagokienez.

Bigarrena.– Finantzaketa.

Hitzarmen hau izenpetzearekin hartzen diren konpromisoak hitzarmena izenpetu duen alderdi bakoitzaren aurrekontuen kargura finantzatuko dira.

Hirugarrena.– EHUren eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren konpromisoak.

A) EHUk hitzematen du bere gain hartuko dituela ondoko zeregina eta horrek dakarren kostu ekonomikoa: berokuntzaz hornitzea Hezkuntza Esparruko eraikin hexagonala. Era berean, bere gain hartuko ditu galdara-gelako mantentze- eta kontserbazio-lanak eta transformadoreen mantentze-lana.

B) Hezkuntza Sailak hitzematen du bere gain hartuko dituela ondoko eginkizunak eta horiek dakartzaten kostu ekonomikoak:

1) Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibar ataleko kontsumo elektrikoaz arduratzea.

2) Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren eraikineko ur-zerbitzuen hornikuntzaz arduratzea. Eguneko zaintza, berriz, haren langileek berek egiten dute.

3) Ingeniaritza Eskolaren eraikineko zarama-zerbitzuaren ondoriozko kostuez arduratzea.

4) Gaueko zaintzako zerbitzuak Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren Eibar eraikinean ere ematea.

C) EHUko erabiltzaileek ere Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titulartasuneko bideak eta aparkalekuak baliatzen dituztenez, EHUk bere gain hartuko du bide-aparkaleku horien mantentze-, kontserbazio- eta konponketa-gastuen % 50 ordaintzea.

D) Konponketa-gastuak ordaindu ahal izateko baldintza kreditua izatea izango da.

E) Akordio honen bitartez, gastuek gora ez egitea lortu nahi da, eta berdinak izatea bai Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibar atalekoak zein Eibarko Hezkuntza esparrukoak.

Laugarrena.– Jarraipen-batzordea.

Alderdi izenpetzaileek hitzarmen honen jarraipen-batzordea eratzea erabaki dute, hitzarmenaren xedea betetzeko orduan kooperazio eta koordinazio egokiak lortzearren.

Jarraipen-batzordeak kide hauek izango ditu:

Hezkuntza Esparruaren aldetik: Administrazio eta Zerbitzuetako teknikaria eta Zuzendaritza Kontseiluko kide bat.

EHUren aldetik: Irakasleen eta Ikertzaileen koordinatzailea eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen koordinatzailea.

Jarraipen-batzordeko lau kideak ordezka daitezke, eta titularrek erabakiko dute ordezkariak nortzuk izango diren.

Edozein batzordekide aritu daiteke idazkari, baldin eta alderdiek horretarako izendatzen badute.

Batzordearen funtzionamenduak honako hau izango du arau: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren azaroaren 1eko 40/2015 Legeak II. kapituluaren 3. atalean ezarritakoa.

Bosgarrena.– Indarraldia eta iraungitzea.

Izenpetzen den egunean hartuko du indarra hitzarmen honek, eta lau urtez egongo da indarrean. Hitzarmenaren sinatzaileek, epea bete aurretik, edozein unetan, hitzarmena luzatzea adostu ahal dute aho batez, lau urte gehienez, edo hitzarmena bertan behera uztea.

Seigarrena.– Hitzarmenaren izaera eta interpretazioa.

Hitzarmen honek administrazio-izaera du, eta aplika daitekeen ordenamendu juridiko eta administratiboa izango du arau, interpretazioari eta garapenari dagokienez.

Hitzarmen hau gauzatzerakoan sor daitezkeen interpretazio-arazoak jarraipen-batzordeak ebatziko ditu hasiera batean. Bestela, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legeak dioenari jarraituko zaio.

Adostasunaren erakusgarri, eta hitzartutakoa behar bezala jasota gera dadin, aldeek izenpetu egin dute dokumentu hau, behin Gobernu kontseiluak onartuz gero, idazpuruan adierazitako toki-egunetan.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

UPV/EHU Gipuzkoako Campuseko errektoreordea,

AGUSTIN ERKIZIA OLAIZOLA.


Azterketa dokumentala