Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2018ko maiatzaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2868

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 23koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, Merkataritza-saltokiak modernizatzeko laguntza-programarako arauak ezarri eta 2018ko ekitaldirako deialdia egiten duena.

2017-2020ko aldirako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Plan Estrategikoan, sail horretako politika publikoen plangintza egiteko lan-tresna eta administrazio honi arlo horretan dagozkion jarduerak antolatzeko eta koordinatzeko bitarteko egokia den aldetik, Jaurlaritzak turismoan, merkataritzan eta kontsumoan sustatu beharreko jarduera publikoko arlo lehenetsiak zehazten dira, XI. legegintzaldirako gobernu-programan oinarrituta.

Barneko merkataritzaren arloari dagokionez, Merkataritzaren Gida Planean jaso bezala, hainbat lan-ardatz zehazten dira, zeinek horietako bakoitzarekin nahi diren helburuen araberako jardunildo batzuk dituzten. I. eremu edo ardatzean (Sektorea modernizatzea eta gazteagotzea) sartzen da Merkataritza Banaketaren sektoreari laguntzeko agindu honen garapena, 1.3 ekintza-lerroaren barruan (Instalazio berrituak); izan ere, lerro horren helburua, besterik gabe, honako hau da: gizartearen merkataritzari buruzko irudia eta pertzepzioa eraldatzea, prestigio profesionala ematea, eta haren modernizazioa bultzatu eta laguntzea merkataritza-saltokiak berritu eta modernizatzeko inbertsioa sustatzen duten programen bitartez, bideragarritasun ekonomikoko irizpideekin eta aipatutako planarekiko koherentzia estrategikoa edukita.

Aurretik azaldutakoaren ondorioz, komenigarria da jada ezarrita dauden merkataritza-saltokien modernizazioa laguntzea, agindu honen barruan sartzen den programaren bitartez.

Era berean, aldaketa batzuk egin ditugu aurreko ekitaldietan garatutako merkataritza-saltokiak modernizatzeko laguntza-programan. Hala, efizientzia-irizpideak gehitu ditugu baliabideen xedeari dagokionez; gure auzo, herri eta hirietako hurbileko saltokiak lehenetsi ditugu, baita herritar guztien ahaleginaren emaitza den arlo publikoaren babesa gehien behar duten sektoreak ere, eta ekipamendu berritzaileak sustatu ditugu. Halaber, gure merkataritza-enpresak berdintasunaren, enpleguaren edo kontsumoaren ikuspegitik eskatutako eskakizun sozial berrietara egokitzeak ere izango du lehentasuna.

Agindu hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2018rako Diru-laguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago (Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2018ko otsailaren 12ko Aginduaren bidez onartu zen plan hori).

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Eranskinetan jasotzen den legez, 2018ko ekitaldiari dagokionez, honako deialdi honen oinarri arautzaileak onartzea: merkataritza-saltokiak modernizatzeko laguntza programarena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA

Agindu honek ondoreak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Oinarri hauetan jasota ez dagoen guztirako, honako arau hauek aplikatuko dira: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; Diru laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena, bai eta 39/2015 Legea ere, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dionez administrazio-bideari, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dakioke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak zenbatzen.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 23a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JOSÉ ALFREDO RETORTILLO PANIAGUA.

I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– EAEko merkataritza-establezimenduak, berrikuntzaren eta kudeaketa-tresnak eta azpiegiturak hobetzearen bidez, modernizatzea bultzatzea da Agindu honen xedea.

2.– Helburu horrekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako establezimenduen merkataritza-arloko saltokiak modernizatzeko helburua duten inbertsio-proiektuei bultza egin nahi zaie, horiek berrantolatzeko behar diren ekipamenduak, obra zibila eta altzariak finantzatuz.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Aurreko artikuluan adierazitako helburura zuzendutako ekonomia-baliabideak 2.038.000,00 eurorenak dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik hartuko dira.

2.– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du diru kopuru horien zenbatekoa edo hori eguneratzetik ateratzen dena gainditzerik izango, indarreko legerian aurreikusitako kredituak lotzeko edo aurrekontuak aldatzeko erregimenari jarraikiz. Hori gertatzen bada, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpen baten bitartez emango da horren berri.

3.– Aipatu laguntzei aurre egin behar dien aurrekontuak ez badu kreditu egoki eta nahikorik lortu nahi den helbururako, laguntzak ukatu egingo dira administrazio-ebazpenaren bitartez.

4.– Laguntzen eskaera-espedienteak era ordenatuan ebatziko dira agindu honetan galdatutako dokumentazio guztia espedientean osatuta geratzen den momentutik aurrera.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Jarduera nagusia, negozio-bolumenari dagokionez, merkataritza duten enpresa ertain eta txikiek –Ondasun Erkidegoak eta Sozietate Zibilak barne– jaso ahal izango dituzte Agindu honetan araututako laguntzak.

Ondasun-erkidegoei eta sozietate zibilei dagokienez, eskaeran berariaz jaso behar dituzte taldeko kide bakoitzak hartutako gauzatze-konpromisoak, eta taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko aski ahal duena. Taldea ezingo da desegin, harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 44. artikuluak aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

Deialdi honetan xedatutakoari dagokionez, merkataritza-jardueratzat hartuko da, xede horretarako eskuratutako salgaiak edo produktuak, bere horretan, eraldaketa-prozesu handirik gabe, merkatuaren esku jartzea, baita ekoizleek, artisauek edo industrialek berek zuzenean, kontsumorako ondasunak saltzea ere, baldin eta ondasun horiek ekoizteko, merkaturatzeko edo hirugarrenei zerbitzuak eskaintzeko prozesuetan sartuko ez diren ondasunak badira.

Enpresa horiek, enpresa ertain eta txikien definizioari buruz Batzordeak emandako 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan xedatutako betekizunak errespetatu beharko dituzte, edo, bestela, gomendio hura ordeztu edo aldatzen duten xedapenak.

Laguntza jaso ahal izateko baldintza izango da, halaber, delako saltokia edo haren jabea den enpresa azken hiru urteetan jarduera komertzial bera egiten aritua izatea. Saltokia jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egon beharko da eskaera aurkezten duen eguna baino lehen.

Agindu honetan arautzen den diru-laguntzarik ez da emango honako talde hauetan aipatzen diren enpresentzat:

– 6521 JEZ epigrafea, Farmaziak: sendagaien eta osasun eta higiene pertsonalerako gaien txikizkako merkataritza.

– 6141 JEZ epigrafea: produktu farmazeutikoen eta sendagaien handizkako merkataritza.

– 6541, 6543 eta 6544 JEZ epigrafeak: lur, aire, ibai eta itsasoko ibilgailuen txikizkako merkataritza.

– 6151 JEZ epigrafea: ibilgailuen, motozikleten, bizikleten eta haien osagarrien handizkako merkataritza.

– 655 JEZ epigrafea: erregaien eta lubrikatzaileen txikizkako merkataritza.

– Lurzoruaren hirigintzako kalifikazioaren arabera bizitegitik kanpoko eremuan kokatuta dauden saltokiak.

Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dituzten enpresen proiektuak ez dira diruz lagunduko. Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak bete diren automatikoki egiaztatuko da, laguntza eman aurretik eta ordainketa-proposamena egin aurretik. Diru laguntzaren eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio diru-laguntza emango duen organoari zuzenean egiazta ditzan Diru-laguntzen Erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan (887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa) aurreikusita dauden egoerak, ziurtagiri telematikoen bidez; kasu horretan, eskatzaileak ez ditu ziurtagiri horiek aurkeztu beharko.

Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake horretarako adostasuna, eta, hori egiten baldin badu, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

Ogasunarekiko betebeharrak automatikoki egiaztatzeko lana egingo da tributuak EAEtik kanpo ordaintzen badituzte ere Zerga Agentzian kudeatzen dituzten enpresekin ere. Laguntzaren enpresa eskatzaileek tributuak Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte, tributu-betebeharrak betetzearen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

Ezingo dira erakunde onuradun izan laguntza edo diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat jaso dutenak, ez eta horretarako gaitasuna eragozten dien legezko debekuren batean daudenak ere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 eta 3 artikuluan aurreikusitako kasuetako batean jausten badira eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluak ezarritakoaren arabera laguntza jasotzea galarazten duten beste edozein egoeratan daudenak.

Ezin izango dira laguntzen onuradun, halaber, armak ekoiztera, merkaturatzera eta finantzatzera dedikatzen direnak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasun Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoa betez.

4. artikulua.– Erakunde baztertuak.

Agindu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira erakunde publikoak, elkarte publikoak eta zuzenbide publikoaren pean sortutako nahiz araututako beste enpresa oro.

5. artikulua.– Zer inbertsio lagun daitezkeen diruz.

Agindu honi dagokionez, honako baldintza hauek betetzen dituztenak joko dira laguntza jasotzeko moduko inbertsiotzat:

1.– Enpresaren aktiboari gehitzea, fisikoki lagundutako saltokian bertan egotea eta kategoria hauetako bati egokitzea:

a) Lokala, altzariak eta merkataritza-jarduera gauzatzeko behar diren ekipamenduak berrantolatzeko eta modernizatzeko inbertsioak, gehi kanpoko zein barneko elementuak, hala nola errotuluak. Diru-laguntza jaso ahal izango dute merkataritza-jarduerari osagai berritzailea, balio erantsia edo Merkataritzako Gida Planarekin bat datorren berezitasuna ematen dioten aktiboetako inbertsioek.

Merkataritza-alorreko enpresa txiki eta ertainek, besteak beste hiriguneetako Merkataritza zentroetan kokatutakoek, merkataritza-gune itxi batean partekatutako espazio eta elementu komunak berrantolatzeko eta modernizatzeko inbertsioak, hala nola korridoreak, instalazio teknikoak, estalkiak, kanpoko etxaurreak, zerbitzuak eta sarbideak berrantolatzeko eta modernizatzekoak, beti ere espazio eta elementu horiek saltokien titularrek berek jabekide-erkidegoko erregimenean kudeatuak badira.

Zentroan bildutako saltokien jabe bakoitzak, jabekide-erkidegoaren partaide, esandako espazio edo elementu komunetan egiten diren inbertsioetatik, bere partaidetzari dagokion gastuen zatiagatik eskatu ahal izango du laguntza.

b) Baskula elektronikoak, ekipo informatikoak, horietarako aplikazioak eta osagarriak, betiere baldin eta merkaturatze-prozesuetan txertatuta badaude edota enpresaren kudeaketarako badira. Ekipo informatikoetako inbertsioa mugatuko da, eta, gehienez ere, ekipo informatiko oso batek jasoko du diru-laguntza merkataritza-saltoki bakoitzeko, baita periferiko mota bakoitzeko banak ere. Ez dute diru-laguntzarik inola ere jasoko telefono mugikorrek, ezta webguneak sortu, garatu edo ezartzeko lanek ere. Diruz laguntzekoa izango da, ordea, merkataritza-saltokiaren webgunea gailu mugikorretara egokitzea.

Nolanahi ere, erosten lagundu beharreko aktibo horiek zuzenean egon behar dute merkataritza jarduerarekin lotuta eta enpresa berritzera eta modernizatzera, merkaturatze teknikak hobetzera edo banaketa-kostua murriztera bideratuak behar dute izan. Aktiboen preziotzat haien balio «garbia» hartuko da, hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga ken- duta ateratzen den balioa.

Inola ere ez zaio diruz lagunduko merkataritza-lokalak zein garraio-elementuak erosteari, ez eta ekipamendua leasing edo renting bidez erosteari ere.

2.– Proiektuak diruz lagundu ahal izateko, gutxienez 5.000 euroko inbertsioa egin beharko dute saltoki bakoitzean, aurreko puntuko a) atalean jasotakoen artetik.

Baldin eta inbertsioa aurreko puntuko b) atalean aipatutako aktiboetan baizik egiten ez bada, gutxieneko zenbateko hori 1.500 eurokoa izango da.

Bi kategorietan inbertsioak egiten diren kasuetan, onartutako gutxieneko inbertsioa egiten den kategoriako inbertsioa bakarrik lagundu ahalko da diruz.

3.– Diruz lagundu ahal izateko, aktiboak.

a) lehenengo aldiz erabili edo abian jarri beharko dira.

b) gutxienez hiru urtez iraun beharko dute enpresaren balantzean, fakturaren datatik aurrera kontatuta.

c) ezin izango zaizkie hirugarren pertsona fisiko nahiz juridikoei laga.

d) ez dira enpresa eskatzaileak berak fabrikatuak, eginak edo garatuak izango.

4.– Laguntza jasotzen duten inbertsio-proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldearen barruan kokatzea.

5.– Laguntzen zenbatekoa kalkulatzean, laguntzak eskatzen diren urtean aktiboak eskuratzeko egindako inbertsioa hartzea kontuan. Aurreko ekitaldian egindako inbertsioak onartu ahal izango dira, baldin eta eskabideak aurkezteko orduko deialdian aurreikusitako epea amaitu ondoren gauzatu badira eta ez bada eskatu.

6. artikulua.– Laguntzak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bidez gauzatuko dira.

2.– Agindu honetan zehaztutako inbertsioek inbertsio onargarriaren gaineko % 16ko diru-laguntza jasoko dute, diruz lagundu ahal izateko gutxieneko zenbatekoak beteta betiere.

Diru-laguntza, gehienez ere, 9.000 eurokoa izango da saltokiko eta urteko.

3.– Aurreko inbertsio-ehunekoak handitu egingo dira, honela, saltokiak hauetako baldintzaren bat egiaztatzen badu:

a) 2 puntu gehiago, 175001 UNE ziurtagiria, bitarteko bikaintasun-ziurtagiriak edo Saltokitik Enpresara programan parte hartzearen ziurtagiria badituzte.

b) Puntu bat (1) gehiago, baldin eta eskaera-egunean merkataritzako eskualde zein lanbide elkarteren batekiko lotura duela egiaztatzen badu, lotura hori saltokian egiten den inbertsioak han irauten duen denbora bestekoa izanik, 5.3.b) artikuluan xedatu bezala.

Horri dagokionez, saltokia Euskal Herriko Merkataritza Ganberetan berariaz sortutako Erregistroan inskribatutako erakunderen bateko kide baldin bada ulertuko da merkatarien elkarte bateko kide dela (erregistro hori ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuari zor zaio, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Errolda sortu baitzuen).

c) Puntu bat (1) gehiago inbertsioa kudeaketa-softwarean egiten bada.

d) 2 puntu gehiago, laguntza eskatzen duen saltokiaren nagusiak edo gutxienez hango langile batek hezkuntza arautuko tituluren bat –Lanbide Heziketako erdi mailako zein goimailako titulua– edo Lanbidek emandako profesionaltasun-ziurtagiriren bat baduela egiaztatuz gero, tituluak merkataritzarekin zuzeneko loturaren bat badu betiere.

Tituluek eta ziurtagiriek merkataritzarekin zuzeneko lotura dutela ulertuko da baldin eta haien helburua merkataritzako saltokiaren enpresa-kudeaketa bada –erosketak, salmentak, bezeroaren arreta, biltegi-kudeaketa, marketina...–edota lanpostua hobeto garatzea, betiere laguntza eskatzen duen saltokiaren jarduera komertzialaren arabera.

Merkataritza-saltokiaren titularrak edo langileek merkataritza-jarduera gauzatzeko ezinbesteko diren tituluak edo ziurtagiriak ez dira aintzat hartuko.

e) 2 puntu gehiago, laguntza eskatu duten merkataritza-saltokiko langileen erdiek gutxienez kontratu mugagabea dutela egiaztatzen bada.

f) 3 puntu gehiago, Berdintasun Plana edo lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko plana badauka, edo Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuneko Laguntza Erakunde izendatuta badago; izendapen hori Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak edo beste edozein administrazio publikok eginda.

g) 2 puntu gehiago, enpresa Kontsumobideko Arbitraje-Sistemari atxikita badago.

h) 2 puntu gehiago, saltokiaren enpresaburuak Berriz Enpresa enpresa-transmisioa bermatzeko programan edo erakunde publikoek zein pribatuek enpresa-transmisioa bermatzeko garatutako beste programaren batean parte hartu izanaren egiaztagiria izanez gero. Eusko Jaurlaritzan merkataritza-arloan eskumena duen sailak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganberek elkarlanean garatutako programa da Berriz Enpresa.

Azken kasu horretan, merkataritza-saltokia kokatuta dagoen lurraldeko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberaren egiaztagiri bat beharko da, non egiaztatuko baita saltokia jabez aldatzeko prozesuak enpresa-transmisiotzat hartzeko baldintzak eta helburuak betetzen dituela.

Laguntza horren ehunekoa enpresa eskualdatzeko proiekturako eskaera aurkezten den lehenengo aldian baino ezin izango da handitu.

i) 2 puntu gehiago, balio erantsia dakarren edo berezitasuna ematen duen inbertsioa eginez gero, edota saltokiaren merkataritza-jarduera garatzeko ekimen berritzaile bat badakar.

Diru-laguntzaren zenbatekoa ezin izango da inola ere izan inbertsio onartu totalaren % 30 baino handiagoa.

7. artikulua.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan xedatutako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 zk.ko Erregelamenduan –de minimis laguntzei buruz Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoan– ezarritako de minimis arauak errespetatuko dituzte; halaber Europar Batasunean gai horri buruz ezarritako bestelako xedapenak edo jarraibideak ere bai.

2.– Agindu honetan araututako laguntzen babesa hartzen duten enpresen inbertsio-proiektuek ez dute beste laguntzarik jaso ahal izango, beste laguntza horiek eta hauek eman dituen organoa edo administrazioa edozein gisatakoak izanik ere, baldin eta agindu honetan laguntzak metatzeari buruz ezarritako mugak gainditzen badira. Gainera, ezingo dute inolaz ere gainditu agindu honen bidez diruz lagundutako inbertsio-proiektuaren kostua.»

3.– Agindu honetan xedatutakoan oinarriturik emandako laguntzetatik zuzenean kentzekoak izango dira beste organo edo Administrazioek emandakoak, baldin diruz laguntzeko aktiboei dagokienez helburu bera badute, aurreko paragrafoan adierazitako gehieneko mugetara iritsiz gero.

II. KAPITULUA
PROZEDURA

8. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Agindu honetatik eratorritako eskabide, eskaera, jakinarazpen eta gainerako izapide guztiak elektronikoki gauzatuko dira, eta honako hauekin bat: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikulua, Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretua eta Informatika eta Telekomunikazioetako Zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– ezartzen duen dokumentua onartzen duena.

Eskabidea eskatu eta betetzea egoitza elektronikoaren bidez soilik egin daiteke, https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/mec-2018/y22-izapide/eu helbidean, webgune horretan kokatutako funtzionalitateen bitartez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik. Bide elektronikotik izapideak egiteari buruzko zehaztapenak, eta eskabide eredua bera, eskura daude aipatutako egoitza elektronikoan. Era berean, eredu horien edukiak II. eranskinean daude jasota.

Espedientera sartzea eta gainerako izapideak beste helbide honetan egin ahal izango dira: https://www.euskadi.eus/nire-kudeaketak/y22-izapide2/eu

Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailearen izenean jarduteko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen sinadura elektronikoa ez ezik, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak eskatzen dituenak aurkeztu behar dira, urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta otsailaren 21eko Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuak xedatu bezala.

Baldin eta enpresa titularrak ordezkari bidez jardun nahi badu, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango dio, haren izenean bide elektronikoz jardun dezan agindu honi dagozkion prozedura guztietan, dela Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan dagoen Ordezkarien Erregistro Elektronikoaren bitartez (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/y22-izapide2/eu/), dela eskabidera lege-ordezkaritza emateko inprimaki arautua behar bezala beteta erantsiz. Azken hori hemen dago eskuragarri: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/

Ordezkariak (fisikoa edo juridikoa) identifikatzeko bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du.

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoaren arabera (abenduaren 13ko 15/1999) eta otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera (Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa), deialdiak izapidetzean jasotzen diren datu pertsonalak fitxategi batzuetan sartuko dira (parte-hartzaileek berek horien tratamendua eta argitalpena baimenduta). Diru-laguntzen deialdiak kudeatzea eta deialdietan parte hartzen duten pertsonei horien garapenaren berri ematea izango da fitxategien helburua. Fitxategi horien arduraduna merkataritzaren gaineko eskumena duen zuzendaritza izango da. Datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta horien aurka egiteko eskubideak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Zerbitzu Zuzendaritzan erabili ahal izango dira. Horretarako, Donostia kaleko 1. zenbakira jo beharko da (01010, Vitoria-Gasteiz).

2.– Eskatzaileek laguntza jasotzeko eskabidea aukeratzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute, eskatutako dokumentazioarekin batera. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

3.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasi eta 2018ko uztailaren 2an amaituko da.

4.– Enpresa eskatzaileek berariaz horretarako prestatu diren eskabide-eredu eta inprimakiak bete beharko dituzte. Horiekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, alderdi hauek zehaztuta:

a) Betetzen dituela deialdia arautzen duten oinarrietan ezarritako betekizunak.

b) Pertsona edo erakundea ez dagoela Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan diru-laguntzak eskuratzeari dagokionez aurreikusitako ezein debeku egoeratan (onuradun izatea eragozten dute horiek).

c) Kontsumobideko Arbitraje-Sistemari atxikita dagoela.

d) Enpresa txiki eta ertaintzat (ETE) jotzeko behar diren baldintzak betetzen dituela:

– 250 pertsonari baino gutxiagori lana ematea eta aurreko ekitaldiko abenduaren 31n gehienez ere 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena edukitzea, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra edukitzea.

– 250 langile edo gehiago, 50 milioi eurotik gorako negozio-bolumena eta 43 milioi euro baino gehiagoko balantze orokorra duen enpresa batek haren kapitalaren % 25 edo gehiagoko partaidetza ez izatea.

e) Ez dela dedikatzen armak ekoiztera, merkaturatzera eta finantzatzera, eta hartara Euskal Autonomia Erkidegoaren Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasun Gutunari buruzko aben- duaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoa betetzen duela.

f) Titulazioa, ziurtapena edo kontratazioa –laguntza-ehunekoa handitzeko– egiaztatu duten langile horiei dagokienez, horiek lan-lotura dutela laguntza eskatzen den saltokiarekin.

g) Ez daukala diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratibo irmorik eta ez daukala horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

h) Ez daukala inolako itzultze- edo zehatze-prozedurarik abian, ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ez haren erakunde autonomoek emandakorik, izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasitakorik.

i) Inbertsio hori bera egiteko beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik jasotako edo haiei eskatutako laguntzak.

j) Azken hiru urteetan enpresak jaso dituen «minimis» laguntzak.

k) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluak ezarritakoa betez diru-laguntza eta laguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea.

l) Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako Lege Organikoan (martxoaren 22ko 3/2007) xedatutakoa betetzen duela.

m) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 2.3 artikuluan ezarritako betebeharrak onartzeko konpromisoa hartzen duela.

n) Emakunden Emakumezkoen eta Gizonezkoen Aukera Berdintasunerako Lankidetza Erakundea dela.

Eskabidean jasotako datuak egiazkoak diren espedientearen tramitazioaren edozein unetan egiaztatu ahal izango da.

Goian aipatutako zinpeko aitormenean agertzen den daturen bat faltsua izanez gero, administrazio- zein zigor-erregimenaren arabera dagokion zehapena jasoko du.

Eskabide bakarra aurkeztuko da merkataritza-saltoki bakoitzeko.

Enpresa batek hainbat merkataritza-saltokitan egiten baditu inbertsioak, eskabidea egiteko aurkeztu behar den dokumentazio komuna lehenengo eskabidean bakarrik aurkeztu beharko da, ez eskabide guztietan.

5.– Enpresa eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

a) Enpresaren titularraren NANaren fotokopia (pertsona fisikoa bada).

b) Enpresaren IFKren fotokopia (pertsona juridikoa bada).

c) Enpresaren eratze-eskriturak eta horretan egindako aldaketak.

d) Ordezkaritza emanez gero, pertsona edo erakunde eskatzailearen lege-ordezkaritzaren ahalordea.

e) Baldin eta ez badute ordezkaritzarik eman eta ez badute Ordezkarien Erregistro Elektronikoa erabili nahi, ordezkaritza emateko inprimaki arautua erantsi beharra egongo da (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), eta, horrekin batera, ordezkatuaren egiaztagiriak (NANa, pertsona fisikoei dagokienez, eta ahalorde-eskriturak, pertsona fisikoen kasuan).

f) Jarduera ekonomikoen gaineko zergan izandako altak eta bajak egiaztatzeko agiri historikoa.

g) Behar izanez gero, merkatari-elkarteren bateko kide izatearen jatorrizko ziurtagiria.

h) Enpresak kalitate- edo bikaintasun-ziurtagiririk izanez gero, horien kopia.

i) Merkataritza-sektorearekin zuzeneko zerikusia duten unibertsitateko edo lanbide heziketako tituluen edo profesionaltasun-ziurtagirien kopia erkatua.

j) Alta emanda dauden langileen txostena, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana, laguntza eskatu duten merkataritza-saltokiarekin lan-lotura dutela egiaztatzeko.

k) Berdintasun Plana edo lan-bizitza edo familia bateragarri egiteko plana duela egiaztatzen duen agiria.

l) Eskabideari zegokion inbertsio-proiektuan jasotako aktiboen fakturak. Inbertsioak faktura elektroniko bidez ere frogatu ahalko dira, baldin eta zerga-alorrean onartuak izateko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Diruz lagun daitezkeen aktiboak ondo identifikatuak dituzten fakturak bakarrik onartuko dira –ez dira onartuko kontzeptu kodetuak–. Gainera, faktura horiek, BEZik gabe, 50 euro edo gehiagokoak izan beharko dira.

m) Aurkeztutako fakturak ordaindu izanaren egiaztagiria. 2.500 eurotik gorako ordainketak banku transferentzia, banku-ziurtagiri nahiz ordain-estraktuen bidez justifikatuko dira. Ordaintzailea eta ordainketa jaso duena argi eta garbi identifikatuta azaldu beharko dira dokumentu horietan.

n) Merkataritza-saltokia kokatuta dagoen lurralde historikoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberaren egiaztagiria, baldin eta 6.3.h) artikuluan aipatzen den enpresa-transmisioko programara atxiki bada.

Dirulaguntza kobratzeko, eta pertsona edo erakunde onuradunaren bankuko datuak aurretik emanez badira edo aldatu nahi izanez gero, informazio hori jakinarazi beharko da «Hirugarren Erregistro Telematikoa» izeneko kanalaren bitartez aurkeztuz, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako ereduaren eta prozeduraren arabera http://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-s2oga/eu/

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari laguntzak eskatu dizkioten enpresen indarreko agiriak aurkeztu beharrik ez da egongo. Eskatzaileak dokumentazio hori dagoeneko aurkeztu baldin badu, eskabidean adierazi beharko du zer espediente-zenbakirekin, zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu zuen, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28. artikuluko 3. apartatuan ezarritako betekizunekin eta zehaztapenekin bat etorriz.

9. artikulua.– Zuzenketak.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lurralde-ordezkaritzak aurkeztutako eskabidean akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat ikusten badu, enpresa eskatzaileei jakinaraziko die, eta hamar (10) eguneko epea emango die, akatsa zuzentzeko; halaber jaki- naraziko die agindutakoa ez betetzeak eskabidea bertan behera utzi dutela esan nahiko duela, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluek ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.– Eskabideak aztertu eta balioztatzea.

1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lurralde-ordezkaritzari (inbertsioa egingo edo jarduera gauzatuko deneko lurraldearen arabera) dagokio aurkezten diren eskabideak aztertzea eta ebaluatzea. Eskabide horiek egoki ulertu eta ebaluatzeko, beharrezko irizten zaien argibide eta agiri osagarri guztiak eskatu ahal izango dizkiote eskatzaileari.

2.– Eskabide guztiak aztertu eta ebaluatu ondoren, ebazpen-proposamena aurkeztuko diote Merkataritza Zuzendariari, berariaz adieraz dezan eskatutako diru-laguntza ematea onartzen den ala ukatzen den. Onartzearen alde eginez gero, onartutako inbertsioaren eta laguntzaren zenbatekoak adieraziko ditu.

11. artikulua.– Diru-laguntza ebaztea eta ordaintzea.

1.– Merkataritza Zuzendariak, aurreko artikuluan esandako proposamena ikusita, ordenari jarraituz ebatziko ditu eskabideak, espedientea osatuta dagoen unean.

Ebazpena emateko eta interesdunari jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, eskabidea aurkeztu eta biharamunetik kontatzen hasita, Agindu honen 2. artikuluaren 4. zenbakian xedatutakoaren arabera.

2.– Eskatzaileei diru-laguntzak emateko ebazpenak banan-banan jakinarazteaz gain, enpresa onuradunen zerrenda eta emandako diru-laguntzen zenbatekoa argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen idazkera eraberritua onartzen duen dekretua) 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

3.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo eta Merkataritza Sailburuordeari, urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutako epean eta moduan.

4.– Ebazpena emateko epea amaitu eta interesdunari ezer jakinarazi ez bazaio, eskatutako laguntza onetsi egin dela esan nahiko du, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015) 24. artikuluan agindutakoarekin bat etorrita.

5.– Betiere, onartutako diru-laguntza zehaztuko du ematen den ebazpenak, eta Agindu honetako 13.1 artikuluan jarritako epea igarotakoan, ordaindu egingo da.

6.– Agindu honek arautzen dituen laguntzak erakunde onuradunei eman eta, hala dagokionean, ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.

12. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Merkataritzaren gaineko eskumena duen Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikustako laguntzak kudeatzeko lanak egitea, agindu honetan bertan beste organo batzuei berariaz izendatzen zaizkien gaietan izan ezik.

13. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak eta 38/2003 Legeak, azaroaren 17koak, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrak, 14. artikuluan ezarritakoak ez ezik, honako hauek ere bete beharko dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzen enpresa onuradunek:

1.– Emandako dirulaguntza onartu. Hartara, enpresa onuradunak beka eman zaiola jakinarazteko agiria jasotzen duenetik hamabost egun igarotakoan, enpresak berariaz eta idatziz bekari uko egin ez badio, beka onartu duela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, xede horretarakoxe erabiltzea.

3.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia beren eginkizunen barruan deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen duten informazio guztia ematea.

4.– Helburu berdinarekin edo antzekoarekin beste edozein Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik laguntza, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, horren berri ematea.

5.– Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, Merkataritza Zuzendaritzari horren berri ematea.

6.– Era berean, pertsona fisiko eta juridikoak diru-laguntzaren erakunde onuradunarekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko duten eskubidea bermatuko da.

7.– Diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioaren egunaren biharamunetik hasi eta lau urtez gordetzea jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten dokumentu eta faktura guztiak, dokumentu elektronikoak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak hien egiaztapen- eta kontrol-lana egin ahal izan dezan.

8.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa betetzea, eta esandako 4/2005 Legeak Administrazioarekin kontratuak egiten dituzten enpresei ezartzen dizkien betebeharrak beren gain hartzea.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzen aldaketa orok ahal izango du hura emateko ebazpena aldatu, betiere onuraduna izateko deialdi honetan zehazten diren gutxieneko betekizunak errespetatzen badira.

Horrelakoetan, Merkataritza Zuzendaritzak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako diru-laguntzen kopuruak egoera berriari egokitzeko.

15. artikulua.– Ikuskapena.

Diruz lagundutako proiektuak aurrera nola doazen eta nola ari diren garatzen ikusteko egoki deritzen ikuskatze eta egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak. Hartara, eskatzen dizkien argibide osagarri guztiak eman beharko dizkiote enpresa onuradunek. Fakturetan jasotako inbertsioak saltokian egindakoei dagozkiela egiaztatu beharko du funtsean ikuskapenak.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuraduna Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeak testu bateginaren 53. artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko Legeak (azaroaren 17ko 38/2003) 37. artikuluan zehaztutako kasuetako batean dagoenean, Merkataritza Zuzendariak ez-betetze horri buruzko txostena egingo du, eta, ondoren, interesdunari entzungo dio. Hari entzun ondoren, ebazpen bidez adieraziko du diru-laguntza eskuratzeko eskubidea iraungi zaiola, eta, hala badagokio, jasotako laguntzak eta berandutze-interesak Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, aintzat hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzultzeei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak arautzen dutena. Horrez gain, egoki diren gainerako ekintzak abiaraziko dira. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorioei dagokienez.

2.– Ez-betetzearen espediente hori egoitza elektroniko honen bidez bakarrik izapidetuko da: https://www.euskadi.eus/nire-kudeaketak/y22-izapide2/eu/

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala