Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2018ko maiatzaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
2670

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 3koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, euskal kultura sustatzeko eta hedatzeko jarduerak 2018. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) letrak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Ildo horretatik, eta Etxepare Euskal Institutuaren ardurapekoak diren arloak kontuan hartuta, berariazko diru-laguntza deialdi publikoak egiten dira kultur arlo bakoitzaren baitan lehenetsitako jarduerak garatu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, jasotzen diren hainbat eskariren bitartez gauzatu nahi diren jarduerak, Etxepare Euskal Institutuaren eskumen-eremuetan sar daitezkeen arren, diru-laguntza deialdi hauetatik kanpo geratu ohi dira, hala nola, euskal kultura tradizionalaren adierazpide diren hainbat jarduera, eta baita diziplina baten baitan sailkatzeko zailak diren beste kultur adierazpide berezi batzuk ere.

EEIren euskal kultura kanpoan sustatu eta zabaltzeko xedeekin bat etorri arren, Institutuaren gainontzeko diru-laguntza deialdietatik at geratzen diren beste kultur adierazpide berezi batzuei erantzuna emateko, beharrezkoa ikusten da diru-laguntza deialdi hau argitaratzea.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Etxepare Euskal Institutuaren legezko jarduera-eremuarekin bat etorrita ere, haren ohiko deialdien babesean diru-laguntzarik jaso ezin duten euskal kultura sustatzeko eta hedatzeko jarduerak eta proiektuak 2018. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo burutzeko diru-laguntzak emateko modua finkatzea.

2. artikulua.– Denbora-esparrua.

Ebazpen honen babesean aurkeztuko diren jarduerak 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean garatu beharko dira.

3. artikulua.– Diru-baliabideak.

– Deialdi honetarako gehienezko zenbateko orokorra hogeita hamar mila (30.000) eurokoa izango da.

– Kultur programa, jarduera edo emankizun baterako jaso ahal izango den gehienezko zenbatekoa honakoa izango da:

– 1.200 km arteko tokietan burutzen diren ekintzetarako: bi mila (2.000) euro.

– 1.201 eta 5.000 km arteko tokietan burutzen diren ekintzetarako: hiru mila eta bostehun (3.500) euro.

– 5.000 km-tik haragoko tokietan burutzen diren ekintzetarako: bost mila (5.000) euro.

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Honako ebazpen honek finkatzen dituen diru-laguntzak bertan aipatzen diren programa edo jarduera bereziak burutzeko asmoa duten pertsona fisiko eta juridiko pribatuek jaso ahal izango dituzte, baldin eta eskabidea aurkezten den egunerako errolda edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan badute. Zabaldu nahi den obraren edo lanaren komunikazio-hitza euskara denean, sozietate-egoitza edo errolda euskararen eremu geografikoan duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira.

Ondokoa joko da euskararen eremu geografikotzat: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea eta Euskal Hirigune Elkargoa.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozedura hori amaitu egin beharko da pertsona edo erakunde onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

3.– Ezingo dute ebazpen honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona edo erakunde eskatzaileek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenek ere, sexu-bereizkeria dela-eta gertatu direnak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoaren indarrez.

4.– Halaber, aplikagarria izango da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11 eta 13.2 artikuluetan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

5. artikulua.– Bazterketak.

Honako ebazpen honetatik kanpo geratuko dira ondoko programak edo jarduerak:

1.– Xedeari begira.

a) Etxepare Euskal Institutuak ezarritako beste ebazpen berariazkoago baten bidez bideratu behar direnak:

1) Eskaerak aurkezteko epea itxita duen beste deialdiren batera biltzeko modua izango zuten programak edo jarduerak, baina eskatzaileak dagokion epean berariazko deialdi horien bitartez bideratu ez dituenak.

2) Euren izaeragatik edo xedeagatik Etxepare Euskal Institutuaren berariazko beste deialdi batera oker bildutako programak edo jarduerak deialdi honen barne hartu ahal izango dira, baldin eta deialdi honetan eskabideak aurkezteko epea irekita badago eta ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Horrelako kasuetan, Etxepare Euskal Institutuak hartuko du bere gain eskabideak ebazpen honetara bideratzeko ardura, baita interesdunari jakinaraztekoa ere.

b) Politika, erlijio, giza zein kultura mailako efemerideak gogorarazteko egin ohi diren antzezpenak edo errepresentazio bizidunak, hala nola, Erdi Aroko azokak eta antzekoak berregitea xede dutenak.

c) Ikasketa-bidaiak, ibilaldiak, txangoak, elkartrukeak, aisialdia edo antzekoak egitea xede dutenak.

d) Xedea hezkuntza arautuarekin, gizarte ekintzarekin, ingurumenarekin, nekazaritzarekin eta, azkenik, bitxigintza, urregintza zein artisautzarekin zerikusia dutenak.

e) Gastronomia, kirola eta turismoarekin zerikusia duten jarduerak.

f) Etxepare Euskal Institutuaren berariazko beste edozein deialditara biltzeko aukera egonda ere, horietatik kanpo geratu direnak.

2.– Aurrekontuari begira.

Aurkeztutako aurrekontuaren edozein zati inbertsioak egitera edo ibilgetu-elementuak finantzatzera bideratzen dutenak.

3.– Pertsona edo entitate eskatzaileari begira.

Honako entitate mota hauek aurkeztutakoak:

1) Merkataritza entitateek, baldin eta euren kapitalaren gehiengoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarena bada.

2) Alderdi politikoek, hauteskunde-koalizioek, sindikatuek edo elkargo profesionalek, baita horiekiko lotura organikoa duten fundazioek eta elkarteek ere.

6. artikulua.– Diru-laguntzak emateko modua, zenbatekoa eta mugak.

Ebazpen honen bidez emango diren diru-laguntzak lehiaketa bitartez esleituko dira. Diru-laguntzak horrela emateko, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, 11. artikuluan finkatutako aukeraketa eta balorazio-irizpideen arabera hurrenkera jakin batean jartzeko.

Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskabideetatik hasita esleituko dira diru-laguntzak, proportzionalki lortutako puntuazioaren arabera, harik eta horretarako diru-baliabideak amaitu arte, betiere gutxieneko 50eko puntuazioa lortuta.

– EEIk diruz laguntzen dituen gastuak:

Dagokion jaialdi edo jardueran parte hartzekoak: joan-etorria eta ikuskizuna jendaurreko egingo den tokiko ostatua. Artisten katxetak eta nominak ez dira diruz lagunduko. Ez da gastu amortizagarririk diruz lagunduko.

Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean.

– Laguntzen zenbatekoak:

a) Ostatuetarako gehienezko gastuak, pertsonako eta eguneko: Espainian, hirurogeita hamabost (75) euro, Espainiatik kanpora, ehun eta hogei (120) euro.

b) Automobila erabiliz gero, zero koma hogeita bost (0,25) euro km-ko gehi autopista eta parkinga. Furgoneta erabiliz gero, zero koma hogeita hamabost (0,35) euro km-ko. Kilometro kopurua kalkulatzeko, diru-laguntza eskaera egin duen pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren errolda edo sozietate egoitza hartuko da abiapuntutzat.

c) Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostua, erregaia, autopistako gastuak eta parkinga.

d) Hegazkina, trena edo bestelako garraio publikoren bat erabiliz gero, soilik maila arrunteko txartela onartuko da.

– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publikoek helburu berbererako emandakoekin, betiere gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Gain-finantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

– Hori guztia, 38/2003 Diru-laguntzen Lege Orokorrak, azaroaren 17koak, 31. artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin jasotakoaren kalterik gabe.

7. artikulua.– Eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 8.2 artikuluarekin bat etorriz, eskatutako agiriak Administrazio batek egindakoak direnean, haien kontsulta eta ateratzea interesdunen aldetik baimendutzat edukiko da, prozeduran ez badute kontrakotasunik adierazten. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

Eskatzaileek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

Errolda edo egoitza soziala Euskal Hirigune Elkargoan dutenek dagokion Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute, baita eskatutako beste edozein agiri ere.

2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren baitan, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:

– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Egungo zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan eskatutako eta, hala badagokio, jasotako beste «de minimis» laguntza batzuk jakinaraztea.

– Eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

Eskatzaileak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.

3.– Eskaera beste pertsona baten izenean egiten denean, legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritza ahalmenaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

8. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Etxepare Euskal Institutuaren Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzea.

EEIk proiektuen garapenaren jarraipena egingo du, eta onuraduna behartuta egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerei erantzutera.

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epeak eta modua.

1.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak plaza, 1, Tabakalera eraikina 3. solairua, 20012 Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahalko dira, euskadi.eus gunean artikulu honetako 3. atalean adierazitako helbidean.

Bide bat edo bestea erabili, eskatzaileak prozedurako edozein unetan aldatu ahal izango du ordura arte hautatutako bidea.

2.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, artikulu honetako 3. atalean adierazitako helbidean. Euskal Hirigune Elkargoko pertsona juridikoen kasuan, eskatzaileek, aurrez aurre aurkeztu ahalko dituzte.

3.– Eskaerak nola tramitatu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak euskadi.eus-en honako helbide honetan daude ikusgai:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/sustatzeko_ekintzak/y22-izapide/eu

Eskaeraren ondoko izapideak gune honetan egingo dira bide elektronikoa erabiliz gero:

https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak

4.– Eskatzaileak euskara edo gaztelania erabili ahal izango du eskabidean eta gainerako agirietan. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Identifikazio elektronikorako onartutako eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratutako bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak.

6.– Eskabideak aurkezteak esan nahiko du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

7.– Eskabideak ebazpen hau EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira, eta diru-laguntzak eskatzeko epea ekainaren 30ean amaituko da.

8.– Jarduera guztietarako eskabide bakarra aurkeztuko du eskatzaile bakoitzak.

9.– Eskaera onartua izateko, dagokion proiektua burutuko dela egiaztatu ahal izateko, jarduera kulturala burutuko den lekuko erakunde ala aretoaren ziurtagiri sinatuak ala kontratuak aurkeztu beharko dira.

10. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentuaren bat falta dela edo forma akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.

Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko duela, aurretiazko ebazpen bidez.

11. artikulua.– Balorazio-batzordeak.

1.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzordeak osatuko dira. Batzordeak honela osatuko dira:

a) Lehendakaria: EEIko Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria, edo haren ordezkoa.

b) Bokalak: EEIko zuzendariak izendaturiko 3-5 kide, kultur adituak diren gizon-emakumeak eta administrazioko teknikarien artetik.

c) Idazkaria: Batzordearen idazkari-lanak EEIko teknikari batek egingo ditu, zuzendariak izendatua izango da, eta bileretan hitzez bai, baina botorik gabe jardungo du.

2.– Balorazio-batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 zenbakian xedatutakoa beteko da.

3.– Balorazio-batzordeen osaera EEIko zuzendariak ebatziko du eta EHAAn argitaratuko da. Nolanahi ere, errespetatu egingo dira parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz legez ezarritako zehaztapen eta baldintzak.

12. artikulua.– Eskaerak aztertzeko irizpideak eta ebazpen-proposamena.

1.– Balorazio-batzordearen zeregina izango da aurkeztutako eskaerak ebaluatzea eta ebazpen-proposamena egitea Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari.

2.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide-ardatz nagusiak honako hauek izango dira:

a) Eskatzailearen kultur ibilbidea: puntuazioaren % 20ra arte (20 puntu).

b) Jardueraren ezaugarriak (15 puntu), espazioaren ezaugarriak (10 puntu), espazioaren nazioarteko oihartzuna (15 puntu), proiektuaren autofinantziazio maila (10 puntu): puntuazioaren % 50era arte.

c) Proiektuak Etxepare Euskal Institutuaren helburuekin duen lerratze maila: euskal kulturaren nazioarteko zabalkundeari egiten dion ekarpena (20 puntu), euskararen presentzia proiektuan (10 puntu): puntuazioaren % 30era arte.

3.– Balorazioan lor daitezkeen puntuen % 50 lortzen ez duten proiektuek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

13. artikulua.– Ebazpenak.

1.– EEIko zuzendariari dagokio balorazio-batzordeek aurkeztutako ebazpen-proposamenak aztertu eta ebazpenak ematea.

2.– Ebazpena Etxepare Euskal Institutuaren Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita, gehienez lau hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira modalitateetako ebazpenak. Epe hori jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaerak ez direla onartu ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren onarpena.

Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratzen den egunetik kontatzen hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Diru-laguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2018. urtean burutzea.

2.– Esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, diru-laguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren eta gastuen gauzatzea justifikatu behar du. Justifikazioari ekiteko, diru-laguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.

3.– Ebazpena eman aurretik eskabidean aurkeztutako proiektuan edo aurrekontuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz jakinarazi beharko dio EEIri edo «nirekudeaketak» helbidearen bitartez, izapide elektronikoaren kasuan. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.

4.– Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.

5.– Esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen diren gainerako material grafiko zein soinudunetan, Etxepare Institutuaren logoaren bitartez babesa jaso dutela adieraztea.

6.– Onuradunak, diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.

7.– Halaber, aplikagarria izango da, diru-laguntzei buruzko azaroak 11ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. Artikuluan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

16. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Ebazpen honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek 2018ko abenduaren 31ra arteko epean aurkeztu beharko dituzte jarraian zerrendatzen diren agiriak. Salbuespenez, abenduan egindako jardueren kasuan, 2019ko urtarrilaren 31ra arte luzatu ahal izango da epea.

2.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte:

– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte hurrengo helbidean: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak plaza 1, Tabakalera eraikina 3, Donostia (20012), goizeko 08:30etik 14:00etara, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahal izango dituzte honako gunean: https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak

3.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan. Euskal Hirigune Elkargoko pertsona juridikoek aurrez aurre ere aurkeztu ahal izango dituzte justifikazioak.

4.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, agindu honetako 9.3 artikuluan adierazitako helbideetan.

5.– Aurkeztu beharreko dokumentuak:

a) Burututako jarduera osoaren memoria-balorazioa.

b) Gastuen justifikaziorako, aurrekontuan EEIk diruz laguntzen dituen kontzeptuetako gastu guztiak egiaztatu beharko dira. Horrekin batera gastu eta diru-sarreren balantzeari buruzko zinpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

EEIk ausaz eta zozketaz, onuradunetako batzuei aurkeztutako aurrekontua bere osotasunean justifikatzeko agiriak eskatuko dizkie.

c) Diruz lagundutako gastuen zerrenda ordenatua jasotzen duen taula sinatua. Fakturen kopiak eskatzailearen izenean egon beharko dute, eta indarrean dagoen araudi fiskalaren arabera baliozkoak izan beharko dute. Bestelako monetatan egindako fakturen kasuan, gastua eurotan zenbatekoa izan den adierazi beharko da, horretarako erabilitako kanbio-tasa adieraziz.

d) Etxepare Euskal Institutuak edozein momentutan eskatu ahal izango ditu goian aipaturiko gastuak justifikatzeko jatorrizko fakturak.

e) Norberaren ibilgailuan egindako bidaietarako, nahikoa izango da onuradunak dagokion eranskineko kilometraje taula bete eta sinatzearekin. Honela kalkulatuko da kilometro kopurua: jarduera egiten deneko herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen sozietate egoitzara edo establezimendura dagoen joan-etorriko distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da.

f) Diruz lagundutako jarduera dela eta sortutako katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinudunen ale bana, hala badagokio.

g) Helburu berbererako jasotako bestelako diru-laguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela dioen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

h) Halaber, aplikagarria izango da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. Artikuluan izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

17. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

1.– Diru-laguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada edo dena delako zioarengatik laguntzaren zenbatekoa gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazio-ebazpena emango du, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean. Ebazpen honetan diru-laguntzaren itzulpena aginduko balitz, hau jasotzen denetik bi hilabeteko epea egongo da itzulketa egiteko.

2.– Ez betetze partzialaren kasuetan, itzuli beharreko diru-kopurua finkatzeko proportzionaltasun-printzipioa hartuko da kontuan.

3.– Salbuespen gisa, esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa ez da gutxituko baldin eta jarraian azaltzen diren hiru baldintzak aldi berean gertatzen badira:

a) Aurreikusitako gastu-aurrekontuaren eta behin betikoz exekutatutakoaren arteko aldea % 15etik beherakoa izatea.

b) Esleitutako diru-laguntzak behin betikoz exekutatutako gastuaren % 60 ez gainditzea.

c) Gain-finantzaketarik ez gertatzea.

18. artikulua.– Ordainketa.

Ebazpen honetan oinarrituz emandako diru-laguntzen ordainketa bi zatitan egingo da honako prozedurari jarraituz:

% 75 diru-laguntza onartzen den egunetik kontatzen hasi eta hilabeteko epean.

% 25 jarduera amaitu, justifikazioa egin eta gehienez ere sei hilabeteko epean.

19. artikulua.– Ez betetzeak.

1.– Ebazpen honetan edo maila orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.

3.– Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.

4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.

5.– Halaber, aplikagarria izango da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37 eta 40.1 artikuluetan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 3. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta EEIren beste diru-laguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideen gaineko ebazpena eman aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da, EHAAn argitaratuko dena.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen honetan araututako diru-laguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EBAO, L 352 zenb. 2013-12-24) adierazitakoaren arabera arautuko dira – erregelamendu hori Europako Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Diru-laguntza hauek minimis izaera dute; hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen diru-laguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru zerga ekitalditan zehar. Diru-kopuru hori baino gutxiagoko diru-laguntzek ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 zenbakiaren aplikazio eremuan sartzen.

Diru-laguntzaren onuradunak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako minimis izaerako diru-laguntzen berri eman beharko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpena betez, betiere jasotako diru-laguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategi eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen babesean, ebazpen honen izapidetzea dela-eta EEIk eskuratuko dituen datuak fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Fitxategiak «Laguntza eta diru-laguntzak» du izena. Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren 2011ko martxoaren 31ko Ebazpenaren bidez araututa dago eta fitxategiko datuak ez zaizkio beste inori lagako; EEIk soilik erabiliko ditu, berak sustatutako laguntzak kudeatzeko. Aipatutako lege horietan jasotzen den moduan, datuok ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko edo kontra egiteko eskubideak erabili ahal izango dira. Horretarako, idazki bat bidali beharko zaio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari helbide honetara: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak plaza, 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesatuek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzierrekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2018ko maiatzaren 3a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.


Azterketa dokumentala