Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2018ko maiatzaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2657

ERABAKIA, 2017ko irailaren 28koa, UPV/EHUren Gobernu Kontseiluarena, non berretsi egiten baita lan kontratupeko AZPren Plangintza Batzordearen erabakia, 2017ko uztailaren 18koa, lan kontratupeko AZPri funtzioak esleitzeko prozedura barematua ezartzeari buruzkoa.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudun langileen III. Hitzarmen Kolektiboko 20. artikuluan eginkizunak aldi baterako esleitzeari buruzko arau orokorrak ematen dira, esleipen mota desberdinetarako. Artikulu horretako 4. atalean zehaztutakoaren arabera, eginkizun horiek gauzatzeko prozedura espezifiko bat ezarriko da.

2017ko uztailaren 18an, negoziazio kolektiboaren eskubidea gauzatuz, unibertsitateko administrazioaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek akordio bat sinatu zuten Administrazio eta Zerbitzuetako Lan Kontratudunen Plangintza Batzordean, administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudunei eginkizunak esleitzeko prozedura barematua ezartzeari buruz.

Akordio horrek jasotzen duenez, Gobernu Kontseiluak berretsi behar du berori; horrela, bada, testuari oinarria ematen dioten postulatuak beteko direla zaintzeko konpromisoa hartuta, Gerentziaren proposamenari jarraituz, Gobernu Kontseiluak

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Berrestea lan kontratupeko AZPren Plangintza Batzordearen erabakia, 2017ko uztailaren 18koa, lan kontratupeko AZPri funtzioak esleitzeko prozedura barematua ezartzeari buruzkoa.

Bigarrena.– 2017ko uztailaren 18ko erabakia UPV/EHUren iragarki tauletan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Leioa, 2017ko irailaren 28a.

Errektorea,

NEKANE BALLUERKA LASA.

Idazkari nagusia,

PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.

AKORDIOA, 2017ko UZTAILAREN 18koa, ADMINISTRAZIO ETA ZERBITZUETAKO LAN KONTRATUDUNEN PLANGINTZA BATZORDEARENA, AZPko LAN KONTRATUDUNEI EGINKIZUNAK ESLEITZEKO PROZEDURA BAREMATUA EZARTZEARI BURUZKOA

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudun langileen III. Hitzarmen Kolektiboko 20. artikuluan eginkizunak aldi baterako esleitzeari buruzko arau orokorrak ematen dira, esleipen mota desberdinetarako.

Artikulu horretako 4. atalak adierazitakoaren arabera, prozedura espezifiko bat ezarriko da eginkizunen esleipenerako eta prozedura hori funtzionarioen kasuan zerbitzu betekizunetarako ezarritakoaren antzekoa izango da.

Sindikatuek eta administrazioak AZPko lan kontratudunei eginkizunak eta lanpostuak aldi baterako esleitzeko prozedura hori adostu zuten Plangintza Batzordean 2013ko uztailaren 4an, eta gero UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak berretsi zuen akordio hori 2013ko uztailaren 18an.

Beharrezkoa da UPV/EHUko langileen mugikortasuna arautzen duten tresnak egokitzea, alde batetik zerbitzu betekizun barematuen prozedura karrerako funtzionarioentzat utziz, eta, bestetik, lan poltsen arautegi berri bat eginez behin-behineko langileekin betetzekoak diren lanpostuetarako, arautegi berrian langile horien mugikortasuna erraztuko duten mekanismoak jasorik. Horiek horrela, sinatzaileek honako hau akordio hau egin dute:

AKORDIOA

Lehenengoa.– Helburua, arautzea eta izaera.

1.1.– Akordio honen helburua da prozedura arautzea UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudun langileei eginkizunak aldi baterako esleitzeko.

1.2.– Akordio hau erabiliko da eginkizunen esleipena egiteko, betiere men eginez unean-unean indarrean dagoen UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudun langileen Hitzarmen Kolektiboari eta gainerako arau orokorrei, eta prozeduraren objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatuz.

1.3.– Eginkizunen esleipena aldi baterakoa izango da beti, eta akordio honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan zehazten diren iraupen eta ondorioak izango ditu.

Bigarrena.– Eginkizunen esleipen motak.

UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudun langileen III. Hitzarmen Kolektiboak 20. artikuluan ezarritakoaren arabera, eginkizunen esleipen hauek bereizi behar dira:

2.1.– Lanpostuko langile titularrak edo lanpostua legez betetzen duenak momentuko gorabeherengatik bete ezin dituen eginkizunak betetzeko esleipena.

Esleipen mota hau lanpostu bateko langile titularra edo lanposturako kontratatu den pertsona ez dagoenean erabiliko da. Esleipenak lanpostuko eginkizun guztiak barne har ditzake (kasu horretan eginkizunak esleituta hartzen dituen pertsona aldi baterako kontratu batekin ordezkatu ahal izango da, edo prozedura honi beroni jarraituta), edo, bestela, soilik beharrezko eta premiazkotzat jotzen direnak (kasu horretan eginkizunak esleituta hartzen dituen pertsonak bere lanpostuko eginkizunak ere bete beharko ditu).

2.2.– Eginkizunak aldi baterako esleitzea premia larriko arrazoiengatik eta zerbitzuko beharrengatik.

Esleipen mota hau erabiliko da espezifikoki lanpostu bati esleitu ez zaizkion eginkizunak betetzeko edo une jakin batean lan handiagoa egoteagatik edo egoeraren araberako beste arrazoi batzuengatik lanpostuei atxikitako langileek behar bezala bete ezin dituzten eginkizunak betetzeko.

Atal hau salbuespen gisa aplikatuko da, eginkizunak esleitzeko beharra arrazoitua denean, eta esleipen hori gerentearen erabakiaren bidez gauzatuko da.

2.3.– Eginkizunak esleitzea lanpostu hutsa araudiaren arabera bete arte.

Esleipen mota hau erabiliko da lanpostu bat titularrik gabe hutsik badago edo sortu berria bada, berori behin betiko betetzeko Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudun langileen III. Hitzarmen Kolektiboko 15. eta 16. artikuluetan ezarritakoa betetzeari utzi gabe.

2.4.– Beheragoko talde eta kategoria bateko eginkizunak esleitzea premiazko edo ustekabeko beharrak direla-eta.

Esleipen mota hau erabiliko da premiazko edo ustekabeko beharrak direla-eta unibertsitateak langile bati eman behar badizkio langile horrena baino beheragoko talde profesional bati dagozkion eginkizunak, eta Enpresa Batzordearen aldeko txostena izan beharko du.

Hirugarrena.– Eremu objektiboa.

3.1.– Irizpide orokorra.

Akordio honetan araututako prozedura nahitaez erabili beharko da, eginkizunen esleipena eskatu eta baldintza hauek betetzen direnean:

1.– Lanpostua gutxien dela urtebetean hutsik egongo dela aurreikusten denean titularra egoera hauetako batean dagoelako: bere ardurapeko seme-alabak zaintzeko baimenarekin, nahitaezko eszedentzian, sindikatuko ordezkari lanak betetzen edo lanpostua gordeta izatea dakarren beste edozein egoeratan. Horrez gain, lanpostua maila hauetako batekoa izan behar da:

– I. taldea: 24. maila edo goragokoa.

– II. taldea: 21. maila edo goragokoa.

– III. taldea: 18. maila edo goragokoa.

– IV. taldea: 14. maila edo goragokoa.

2.– Lanpostuei atxikitako langileek eginkizunak behar bezala bete ezin izateko arrazoiek gutxienez urtebete iraungo dutela aurreikusten denean, betiere, aurreko paragrafoan adierazitako mailen barruan badaude. Baita espezifikoki lanpostu bati esleitu ez zaizkion eginkizunak gutxienez urtebetez mantenduko direla aurreikusten denean ere, maila horiek berberak izanez gero.

3.– Lanpostuak berriak direnean, edo hutsik geratu direnean, edo aurreikusten denean hutsik geratuko direla titularrak borondatezko erretiroaren aurreko baimena hartuko duelako, aurreko paragrafoan zehaztutako mailetakoak izanik. Era berean, titulazio talde bati baino gehiagori irekitako lanpostuak direnean, betiere Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudun langileen III. Hitzarmen Kolektiboan (15. eta 16. artikuluak) lanpostuak behin betiko betetzeko ezarritakoa betetzeari utzi gabe.

3.2.– Irizpide espezifikoa.

Nahi izanez gero, akordio honetan araututako prozedura erabili ahal izango da 3.1 atalean zehazten ez diren kasuetan, baina betiere, lanpostua gutxienez sei hilabetez hutsik egongo dela edo lanpostuko titularra gutxieneko aldi horretan egongo ez dela aurreikusten bada eta lanpostuak ardura berezikoak badira, 26. mailatik gorakoak izateagatik.

3.3.– Salbuespenak.

Salbuespen batzuetan ez da beharrezkoa izango akordio honetan araututako prozedura erabiltzea. Horretarako, beharrezkoa izango da interesa duen zerbitzuak proposamena egitea, eragindako pertsonak hura onartzea eta Pertsonaleko Gerenteordetzak baimena ematea. Kasu hauetan egin ahalko dira salbuespenok:

1.– Lan kontratudun langile bati aldi baterako beste lanpostu bat esleitzen zaionean, osasun arrazoiak direla eta. Halakoetan lanpostua aldi baterako betetzeko erabiliko da indarrean dagoen hitzarmen kolektiboan jasotako prozedura.

2.– Eginkizunak esleituta hartu dituen pertsonak esleipenari uko egiten dionean, aipatutako prozesuan hurrengo puntuaziorik onena lortu duen izangaiari esleitu ahalko zaio zuzenean, baldin eta esleipen erabakia eman zenetik 3 hilabete baino gehiago igaro ez badira.

3.– Eginkizunak esleituta dituen langileak lanpostua utzi badu titularra itzuli delako edo izangaien artean eskubide handiagoa daukan norbaitek hartuko duelako, eta hura lanean hasten denetik 3 hilabete iragan gabe berriro ere lanpostua bete gabe geratzen denean, aukera egongo da eginkizunak berriz ere esleitzeko lehen utzi behar izan zituen langileari.

Laugarrena.– Eremu subjektiboa.

4.1.– Eginkizunak esleitzeko deialdietan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek:

a) UPV/EHUko lan kontratudun langile finkoa izatea eta jarduneko zerbitzuan egotea edo nahitaezko eszedentzian, bere ardurapeko seme-alabak zaintzeko eszedentzian, edo beste administrazio publiko batean aritzeko eszedentzian egonik edo borondatezko eszedentzia hartuta egonik lanera itzultzea eskatu izana (eszedentzian eman beharreko gutxieneko denbora behin igarota azken kasuan).

b) Multzo hauetako batekoa izatea, hurrenkera honetan:

b.1.– Esleitu nahi diren eginkizunak dituen lanpostuko talde, kategoria eta espezialitate berekoa izatea, lanpostua talde bitara irekita dagoenean izan ezik; kasu horretan bi taldeetako lan kontratudun langileek parte hartu ahal izango dute.

b.2.– Esleituko diren eginkizunak dituen lanpostuko talde, kategoria eta espezialitate berean egon izana lan kontratudun langile gisa.

Balizko parte hartzaileen zerrenda egitean langileak bi multzo hauetan banatuko dira, eta horren arabera erabakiko da hurrenkera, 7. artikuluari jarraituz.

4.2.– Eginkizunen esleipen bat hartzen dutenak ezin izango dira prozedura beraren bidez beste lanpostu batera joan harik eta gutxienez hamabi hilabete igaro arte lehen esleipena hartu zutenetik, salbuespenezko kasuetan izan ezik eta Plangintza Batzordeak hala onartuz gero. Denbora hori zenbatzen hasiko da erreklamaziorako edo uko egiteko epea –7. artikuluan ezartzen dena, behin-behineko zerrendaren argitalpenaz aritzean– amaitzen denetik hasita.

4.3.– Izangaiek eskaerak aurkezteko epea amaitzen denerako bete beharko dituzte lanpostuen zerrendan lanpostu horretarako zehaztutako betekizunak, hala titulazioari, nola euskarari eta, hala dagokionean, beste hizkuntza batzuei dagokienez.

Bosgarrena.– Ekimena, publizitatea eta eskaerak.

5.1.– Kasuan kasuko lanpostua atxikita dagoen unitate edo zerbitzuko titularrak egingo du eskaera eginkizunen esleipenerako deialdia ateratzeko.

Eskaera campuseko gerenteordeari igorri beharko zaio esleitu nahi diren eginkizunak dituen lanpostua campuseko ikastegi edo zerbitzu bati atxikita dagoenean; ordea, zerbitzu nagusietako lanpostua bada, Pertsonaleko gerenteordeari egin beharko zaio eskaera.

Dena dela, Gerentziak bere kabuz ekin ahal izango dio prozedurari, horretarako arrazoiak daudenean.

5.2.– Deialdiak UPV/EHUko gerentearen erabaki baten bidez argitaratuko dira eta UPV/EHUko intranetaren bidez iragarriko dira. Horrez gain, EHUtaulan ere iragarki bat jarriko da haien berri emateko.

5.3.– Deialdian honako hauek jasoko dira, nahitaez: lanpostuaren izena, lanpostuen zerrendan lanpostu hori betetzeko eskatzen diren baldintzak, lanpostuak titularrik duen ala ez, eta baiezko kasuan, titularrak lanpostua zergatik ez duen beteko.

Espezifikoki lanpostu bati esleitu ez zaizkion eginkizunak bete behar badira edo lanpostu bati dagozkion eginkizunen zati bat baino bete behar ez bada, eginkizun horiek zeintzuk diren eta zein ezaugarri duten adierazi beharko da.

5.4.– Deialdietan parte hartzeko eskaerak Pertsonaleko gerenteordeari zuzenduko zaizkio, eta eskaerak aurkezteko bost egun balioduneko epea egongo da, deialdia argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Parte hartzeko eskaerarekin batera, interesdunek merezimendu hauek egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte: beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuak, titulazio akademikoak eta Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak. Agiriok lehenago ere beste prozesuren baterako aurkeztuta izanez gero, aski izango da merezimendua alegatzea eta agiria zein prozesutarako aurkeztu zen zehaztea.

UPV/EHUko antzinatasunaren eta bertan emandako zerbitzuen agiririk ez da aurkeztu beharko, unibertsitateak berak balioetsiko baititu merezimenduak ofizioz.

Iragarritako lanpostuak edo eginkizunek ezagutzako baldintza espezifikorik badaukate, eskaerarekin batera baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko agiria aurkeztu beharko da.

5.5.– Eskaerak behin jasota, AZPko Langileak Hautatu eta Lanpostuak Betetzeko Atalak argitara emango du onartutako eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda web orrian eta EHUtaulan, eta bi egun balioduneko epea zabalduko du erreklamazioak aurkezteko.

5.6.– Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta erreklamazioak aztertu ondoren, onartuen behin betiko zerrenda argitaratuko da gerentearen erabaki baten bidez lehen aipatutako hedabideetan, eta, bazterturik balego, horretarako arrazoiak adieraziko dira bertan.

Seigarrena.– Merezimenduen baremazioa.

6.1.– Honako merezimendu hauek baloratuko dira:

6.1.1.– Antzinatasuna.

Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak, funtzionario legez zein lan kontratudun legez: 0,50 puntu urte bakoitzeko; gehienez, 15 puntu.

6.1.2.– Emandako zerbitzuak.

Emandako zerbitzuengatik 18 puntu lortuko dira gehienera, honen arabera:

1.– UPV/EHUn emandako zerbitzuak.

– Esleituko diren eginkizunak dituen lanpostuaren talde, kategoria eta espezialitate bereko lanposturen batean aritzeagatik lan kontratudun langile finko edo behin-behineko legez: 0,1 puntu hilabeteko edo 15 egunetik gorako aldi bakoitzeko; gehien dela, 18 puntu.

– Esleituko diren eginkizunak dituen lanpostuaren talde eta kategoria bereko baina beste espezialitate bateko lanposturen batean aritzeagatik lan kontratudun langile finko edo behin-behineko legez: 0,1 puntu hilabeteko edo 15 egunetik gorako aldi bakoitzeko; gehien dela, 15 puntu.

– Esleituko diren eginkizunak dituen lanpostuaren espezialitate bereko baina beste talde bateko lanposturen batean aritzeagatik lan kontratudun langile finko edo behin-behineko legez: 0,1 puntu hilabeteko edo 15 egunetik gorako aldi bakoitzeko; gehien dela, 12 puntu.

– Esleituko diren eginkizunak dituen lanpostuaren talde baliokideko lanposturen batean aritzeagatik bitarteko edo karrerako funtzionario legez: 0,1 puntu hilabeteko edo 15 egunetik gorako aldi bakoitzeko; gehien dela, 10 puntu.

– Esleituko diren eginkizunak dituen lanpostuaren talde berekoa ez den beste lanposturen batean aritzeagatik bitarteko edo karrerako funtzionario legez edo lan kontratudun langile finko edo behin-behineko legez: 0,1 puntu hilabeteko edo 15 egunetik gorako aldi bakoitzeko; gehien dela, 5 puntu.

UPV/EHUn egindako zerbitzuei dagokien baremoa hurrenkeran aplikatuko da; hortaz, ezin izango da aldi bat bera baloratu atal batean baino gehiagotan.

2.– Beste administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: zerbitzu horiengatik, gehienez ere, 7 puntu lortuko dira, honela banatuta:

– Esleituko diren eginkizunak dituen lanpostuaren talde bereko lanposturen batean aritzeagatik lan kontratudun langile finko edo behin-behineko legez: 0,1 puntu hilabeteko; gehien dela, 7 puntu.

– Esleituko diren eginkizunak dituen lanpostuaren talde baliokideko lanposturen batean aritzeagatik bitarteko edo karrerako funtzionario legez: 0,1 puntu hilabeteko; gehien dela, 4 puntu.

– Esleituko diren eginkizunak dituen lanpostuaren talde berekoa ez den beste lanposturen batean aritzeagatik bitarteko edo karrerako funtzionario legez nahiz lan kontratudun langile finko edo behin-behineko legez: 0,1 puntu hilabeteko; gehien dela, 2 puntu.

6.1.2 atal honetan aipatzen diren zerbitzuen balorazioa egiteko kalkulatuko da aldi bakoitzean zenbat hilabete lan egin diren eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunera arte; hilabetetik beherako zatiak batu egingo dira, eta 30 egun naturaleko multzo bakoitza hilabetetzat joko da. Hala ere, azpiatal bakoitzeko zatiak baino ez dira batuko.

Honako hauek jarduneko zerbitzutzat joko dira: prestakuntza edo hobekuntza ikastaroak, euskara ikastaroak, norberaren kontuetarako baimena, lanerako ezintasun iragankorra eta pareko egoerak.

6.1.3.– Titulazio akademikoak.

Eskainitako lanpostuaren titulazio taldearen arabera, titulazio akademiko ofizialengatik gehienez ere 3 puntu lortu ahal izango dira. Ez da merezimendutzat hartuko norberaren jatorrizko talde eta eskalan sartzeko eduki behar den titulazioa.

Beraz, titulazio hauek baino ez dira aintzat hartuko:

– I., I./II. eta II. taldeak: a), b), c), d) eta e) ataletakoak.

– II./III., III., III./IV. taldeetakoak: c), d), f) eta g) ataletakoak.

– IV. taldekoak: f), g) eta h) ataletakoak.

Titulazio talde desberdinetara irekita dauden lanpostuen kasuan, beheragoko taldeko izangaiari ez zaio merezimendutzat hartuko besteei jatorrizko taldera sartzeko eskatu zaien titulu ofiziala. Bai baloratuko dira titulaziook beheragoko taldeko langileak baino aurkezten ez badira.

Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, ez dira baloratuko merezimendu moduan aurkeztutako tituluak lortzeko beharrezkoak diren beheragoko mailako beste titulu batzuk, beheko zerrendako b) eta e) ataletako tituluak izan ezik.

Merezimendu hau baremo honen arabera baloratuko da:

a) Doktore titulua: 2,5 puntu.

b) Unibertsitate, Ikastegi eta Tituluen Erregistroan (RUCT) erregistratutako unibertsitate masterra, edo ikasketa aurreratuen diploma, edo ikertzeko gaitasun titulua: 0,50 puntu tituluko.

c) Lizentziatu, graduatu, arkitekto edo ingeniari titulua, edo baliokidea: 2 puntu tituluko.

d) Diplomatu, arkitekto tekniko edo ingeniari teknikoaren titulua, edo baliokidea: 1,5 puntu tituluko.

e) Unibertsitate bateko graduondoko berezko titulua, gutxienez 450 ordukoa edo gutxieneko iraupen hori bermatzen duen kreditu kopurua duena: 0,25 tituluko.

f) Lanbide Heziketako goi mailako teknikari titulua edo LH II-ko titulua: puntu 1 tituluko.

g) Batxilergoko titulua (LOE edo LOGSE planekoa), Batxilergo Bateratu Balioaniztuneko titulua, Lanbide Heziketako teknikari titulua edo baliokidea: 0,75 puntu tituluko.

h) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua, Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua, eskola graduatua, Oinarrizko Batxilergoko titulua, edo baliokidea: 0,5 puntu tituluko.

Tituluak baliokidetzat hartuko dira baliokidetasuna arlo profesionaleko ondorioetarako denean, baliokidetasunei buruz unean-unean aplikatu beharreko araudiari jarraituz.

6.1.4.– Hizkuntzak.

Atal honetan ingeleseko, frantseseko eta alemaneko tituluak/ziurtagiriak baloratuko dira, betiere, hizkuntza horiek ez badira ezinbestekoak lanpostua betetzeko.

Atal honetan gehienez ere 2 puntu lortu ahal izango da, baremo honi jarraituz (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua oinarri hartuta):

– B1 maila: 0,25 puntu.

– B2 maila: 0,5 puntu.

– C1 maila: puntu 1.

– C2 maila: 2 puntu.

6.1.5.– Elkarrizketa.

I. taldeko lanpostuetarako, 26, 27 edo 28. lanpostu mailako osagarria dutenean, elkarrizketa egingo zaio izangaiari, eta hori deialdian jasota ageri beharko da. Elkarrizketaren helburua izango da izangaiak lanpostua betetzeko dituen gaitasunak baloratzea, betiere, lanpostuaren monografian jasotako gaitasunak oinarri hartuta, eta esleitu nahi diren eginkizunei buruzkoa izango da.

Proba honekin gehienez ere 5 puntu lortu ahal izango dira eta ez da baztergarria izango. Beraz, ez da nahitaezkoa izango izangai bakarra dagoenean edo lehen izangaiaren eta gainerakoen artean 5 puntutik gorako aldea dagoenean.

Elkarrizketa prozedura honi jarraituz egingo da:

– Epaimahaia.

Elkarrizketarako epaimahaia gerenteak izendatuko du.

Izendapenak egiterakoan epaimahaiko kideak egokiak eta kualifikatuak direla bermatuko da.

Epaimahaiak osakide hauek izango ditu:

– Epaimahaiburua: Pertsonaleko gerenteordea edo hark aukeratutako pertsona.

– Bi epaimahaikide: bata, zerbitzuaren eta lanpostuaren atxikipenaren araberako errektoreordea edo gerenteordea; bestea, Pertsonaleko gerenteordeak izendatutako pertsona bat. Azken hori idazkaria izango da, eta ahotsa eta botoa izango ditu.

Epaimahaiburuak eta Pertsonaleko gerenteordeak aukeratutako epaimahaikideak gaindituta izan beharko dute IVAPek antolatu edo homologatutako elkarrizketatzaile ikastaroa.

– Elkarrizketa egiteko deia.

Deialdiko oinarrietan jasota egongo da elkarrizketa egingo dela, eta horrez gain, honako hauek ere zehaztuko dira: epaimahaiko kideak, izen-abizenekin, eta eginkizunen esleipena jasotzen duen pertsonak izango dituen eginkizunik garrantzitsuenak.

– Elkarrizketa.

Deialdia behin argitaratuta, epaimahaiburuak epaimahaia biltzeko deia egingo du. Epaimahaikideek, esleitzekoak diren eginkizunak aztertu ondoren, bilera egin eta elkarrizketaren nondik norakoak eta irizpideen baremazioa zehaztuko dituzte, bai eta elkarrizketa non, noiz eta zein ordutan egingo den ere.

Hori guztia adostu ondoren, izangaiei horren berri emango diete elkarrizketa baino gutxien dela 48 ordu lehenago.

Elkarrizketa grabatu ahal izango da, baldin eta elkarrizketatuak horretarako baimena ematen badu. Grabazioak Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Legearen menpe egongo dira (15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa), eta deialdiaren epeak bukatutakoan, suntsitu egingo dira.

– Elkarrizketatzaileak.

Elkarrizketatzaileak A taldeko funtzionarioak izango dira, ahal dela Pertsonaleko Gerenteordetzakoak, eta deialdian bertan ageriko da jasota nortzuk izango diren. Zeregin horretan aritu ahal izateko, IVAPek antolatu edo homologatutako elkarrizketatzaile ikastaroa izan beharko dute gaindituta.

Elkarrizketatzaileek Pertsonaleko gerenteordearen menpetasun funtzionalean jardungo dute, kontuan izan gabe zein zerbitzuri dauden atxikita.

– Elkarrizketatzaileen eginkizunak.

1.– Iragarritako lanpostua betetzeko behar diren ezagutza eta trebetasun garrantzitsuenei buruzko informazioa biltzea.

2.– Elkarrizketaren nondik norakoak eta ebaluazio irizpideak zehaztea.

3.– Elkarrizketa egin eta ebaluatzea.

4.– Aktan jasotzea elkarrizketaren nondik norakoak zehazteko erabili diren datuak eta elkarrizketaren emaitzak.

– Elkarrizketaren balorazioa.

Elkarrizketa eta bere balorazioa behin eginda, epaimahaiburuak puntuazioa gehituko dio prozesuko dokumentazioari.

Epaimahaiko kideen balorazioen artean % 30etik gorako aldea baldin badago, epaimahaiak berrikusi egin beharko ditu balorazioak.

6.1.6.– Euskera.

Hizkuntza eskakizunik ez duten lanpostuak eskatzen direnean, euskara merezimendutzat hartu eta irizpide hauen arabera baloratuko da:

a) Derrigorrezko elkarrizketarik gabeko lanpostuetarako.

(Ikus .PDF)

b) Derrigorrezko elkarrizketa duten lanpostuetarako.

(Ikus .PDF)

6.2.– Merezimenduak alegatzeko eta egiaztatzeko baldintzak honako hauek dira:

Deialdian eskatutako baldintzak eta merezimenduak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen bete beharko dira. Eskatzaileek alegatu eta egiaztatutako merezimenduak besterik ez dira baloratuko; salbuespena dira unibertsitateak berak, ofizioz, baloratuko dituen merezimenduak eta eskatzaileak alegatu bai baina egiaztatzen ez dituenak, egiaztagiriak unibertsitatearen esku daudela adierazi baldin badu.

6.1.2 atalean adierazitako zerbitzuak baloratzerakoan, eskaerak aurkezteko epea bukatu arteko aldia hartuko da kontuan.

Zazpigarrena.– Deialdiaren ebazpena eta langileen hautaketa.

Merezimenduak baloratu ondoren, prozesuan parte hartu duten lan kontratudun langile finkoen zerrenda argitaratuko da, ordenatuta akordio honetako 4. artikuluan zehaztutako hurrenkeraren arabera eta, multzo bakoitzaren barruan, bakoitzak lortu duen puntuazio orokorraren arabera. Halaber, zerrendan adieraziko da pertsona bakoitzak baremazioaren atal bakoitzean lortutako puntuazioa. Puntuazio orokorrean berdinketarik egonez gero, kontuan hartuko da baremazioko atal bakoitzean lortutako puntuazioa, 6.1 artikuluan adierazitako hurrenkerari jarraituz.

AZPko Langileak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko atalak argitara emango du zerrenda eta bi egun balioduneko epea irekiko du erreklamazioak egiteko. Epe horretan, halaber, zerrendakoek uko egin ahal izango diote prozesuan parte hartzeari. Epea amaitzen denetik aurrera, uko egitearen inguruan 4.2 atalean adierazitakoa hasiko da aplikatzen.

Erreklamazioak behin ebatzita, esleipenaren erabakia argitaratuko da, behin betiko zerrendarekin.

Hautatua izango da aurreko paragrafoaren arabera toki gorenean geratu den eta prozesuan parte hartzeari uko egin ez dion pertsona.

Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuko 43.2 artikuluan adierazitakoari jarraituz, lanpostu batean aritzeko 4. hizkuntza eskakizuna derrigorrezkoa izan arren izangai batek ere ez badu egiaztatzen hizkuntza eskakizun hori, 3. hizkuntza eskakizuna egiaztatuta duten izangaiek bete ahal izango dute lanpostua.

Akordio honetan zehaztutako prozedura amaitu ondoren ezin izango balitz eginkizunen esleipena egin, kasuan kasuko lan poltsara joko da.

Sindikatuei hamabost eguneko gehienezko epean eman beharko zaie esleipenaren berri.

Hautatutako langilea lanpostu berrira joan beharko da edo esleitu zaizkion eginkizunak hartu beharko ditu horretarako ezartzen den epean, eta gehienez ere esleipenaren erabakia argitaratzen denetik hilabetera, epe hori luzatzeko arrazoi objektiborik egon ezean. Esleipena eskuratu duen pertsona lanean hasten ez bada eginkizun horietan, administrazioak puntuazio handiena duen hurrengo pertsona hautatu ahal izango du.

Zortzigarrena.– Eginkizunen esleipenen iraupena.

Iraupenari dagokionez, eginkizunen esleipena egongo da UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudun langileen Hitzarmen Kolektiboaren menpe, esleipena egiten denean indarrean dagoen idazkeraren arabera.

Betiere, eginkizunen esleipenak honako zio hauetakoren batengatik bukatuko dira:

a) Lanpostuko titularra itzuli edo berriro lanera bueltatu delako.

b) Lanpostua behin betiko bete delako.

c) Izendatutako pertsonak uko egin diolako esleipenari, hamargarren puntuan adierazitakoaren arabera.

d) Eginkizunen esleipenerako zehaztutako aldia iragan delako.

e) Eginkizunen esleipenerako izendapena bertan behera geratu delako, egoera hori beren-beregi adierazita.

f) Esleipena eragin duen premiazko arrazoia edo egoera desagertu delako.

Bederatzigarrena.– Esleipenen baldintzak.

9.1.– Eginkizunen esleipenak ondorio ekonomiko eta administratiboak izango ditu aukeratutako pertsona lanpostuan lanean hasten den egunetik aurrera.

9.2.– Eginkizunak esleituta hartzeagatik jasoko diren ordainsariak honako hauek izango dira:

– Lanpostuko langile titularrak edo lanpostua legez betetzen duenak momentuko gorabeherengatik bete ezin dituen eginkizunak betetzeko esleipena.

Lanpostuko eginkizun guztiak esleitu badira, esleitutako eginkizunak dituen lanpostuari dagozkion ordainsariak jasoko dira.

Beharrezko eta premiazkotzat jotzen diren eginkizunak esleitzen direnean eta eginkizun horiek esleituta hartzen dituen pertsonak bere lanpostuko eginkizunak ere bete behar dituenean, honela jokatuko da: esleitutako eginkizunak interesdunaren lanpostuak baino maila handiagoa duen lanpostu bati badagozkio, hark eskubidea izango du bi lanpostuen arteko aldeari dagokion osagarria eskuratzeko; aldiz, esleitutako eginkizunak maila bereko lanpostu bati badagozkio, maila horretatik hurrengo mailara dagoen aldearen pareko osagarria jasoko du.

– Eginkizunen aldi baterako esleipena premiazko arrazoiengatik eta zerbitzuko beharrengatik.

Ordainsariak kasuan kasuko lanpostuari dagozkionak izango dira, eta halako lanposturik ez badago, parekotzat hartu den lanpostuari dagozkionak.

– Lanpostu hutsa araudiaren arabera bete arteko eginkizunen esleipena.

Kasu honetan iragarritako lanpostuari dagozkion ordainsariak jasoko dira.

– Beheragoko talde eta kategoria bateko eginkizunen esleipena premiazko edo ustekabeko beharrak direla-eta.

Egoera honetan daudenek mantendu egingo dituzte beren ordainsariak eta lortutako bestelako eskubideak, taldea, kategoria profesionala eta ordainketa maila.

Hamargarrena.– Uko egitea.

Eginkizunak esleituta hartzen dituzten pertsonek edozein unetan egin ahal izango diote uko esleipenari, premiazko edo ustekabeko beharrak direla-eta beheragoko talde eta kategoria bateko eginkizunak esleituta dituztenek izan ezik.

Hala ere, uko egiteak eragina izan baino gutxienez 10 egun lehenago aurkeztu beharko dute horretarako eskaera. Hamar egun horiek betetzean beren jatorrizko lanpostura itzuliko dira.

Uko egitea Gerentearen erabaki baten bidez berretsi beharko da.

Hamaikagarrena.– Esleipenak bertan behera uztea.

1.– Eginkizunen esleipenak edozein unetan utz daitezke bertan behera, lanpostua atxikita duen administrazio unitateak berariaz horretarako eskaera arrazoitua eginda.

2.– Esleitutako eginkizunak bertan behera uzteko eskaeran jasota ageri beharko dira horretarako arrazoiak, hartara eginkizunok esleituta dituen langileak aukera izan dezan eskaera horren kontra egiteko.

Eginkizunak esleitzearen arrazoia premiazko eta aldi baterako zereginei aurre egitea izan bada, egoera hori desagertu egin dela adierazi ahal izango da eginkizunok bertan behera uzteko eskaeran, baina horrelakoetan, ezin izango da berriro deialdirik egin lanpostu hori edo antzeko eginkizunak betetzeko.

3.– Eginkizunen esleipenak bertan behera uzteko eskaera hartzen denean, horren berri emango zaio langileari eta hamar eguneko epea emango zaio alegazioak egiteko. Ondoren, gerenteak emango du horri buruzko erabakia.

4.– Esleipena bertan behera uzteko eskaera gerentearen erabakiaren bidez ebatziko da.

5.– Sindikatuei bertan behera uzten diren eginkizunen esleipenen berri eman beharko zaie hamabost eguneko gehienezko epean.

Hamabigarrena.– Lanpostu hutsak betetzeko deialdiak.

Plangintza Batzordearekin adostu eta gero, Administrazioak urtero egingo ditu lanpostu hutsak betetzeko deialdiak (AZPko Lan Kontratudunen III. Hitzarmen Kolektiboko 15. artikulukoak), urte bakoitzeko lehen hiruhilekoaren barruan.

Hamahirugarrena.– Akordio honen indarraldia eta aurreko akordioaren indargabetzea.

Akordio hau 2018ko ekainaren 1ean sartuko da indarrean.

Akordio honek indargabetzen du 2013ko uztailaren 4ko Akordioa, AZPko lan kontratudunei eginkizunak esleitzeko prozedura barematua ezartzeari buruzkoa.

Hamalaugarrena.– Akordioa berrestea.

Akordio hau Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaio, berrets dezan. Behin testu osoa berretsita, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Leioa, 2017ko uztailaren 18a.


Azterketa dokumentala